26. ALDIZKARIA - 2008ko otsailaren 27a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

12/2008 EBAZPENA, urtarrilaren 31koa, Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen zuzendari nagusiak emana. Haren bidez Nafarroako Unibertsitate Publikoaren eta Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza Departamentuaren arteko lankidetza-hitzarmenaren testua onesten da Nafarroako Foru Komunitatean ikasketa plan berrietarako proposamenak prestatzera bideraturiko jarduerak finantzatzeko 2007-2008 ikasturtean, unibertsitate ikasketen antolamendu berriaren eremuan.

Unibertsitateko Irakaskuntza, Hedapen eta Ikerketa Zerbitzuak txosten bat aurkeztu du, non irailaren 12ko ECI/3008/2007 Agindua aztertzen baita. Agindu horrek ikasketa plan berrietarako proposamenak prestatzeko diru-laguntzak arautzen ditu, unibertsitate ikasketa ofizialen antolamendu berriaren eremuan. Agindu horretan xedatzen da Nafarroako Foru Komunitateari 84.404 euro dagozkiola. Deialdi honen xedea da Espainiako unibertsitateak diruz laguntzea aipatu proiektuak egiteko jarduketetan eta proiektuok behar bezala diseinatzeko behar diren jardueretan.

Autonomia erkidegoek parte hartzen dute ikasketa plan berrietarako proposamenak prestatzeko proiektuan. Haiek, gainera, beren lurraldeko unibertsitateei dei egin eta laguntzak horien artean banatu behar dituzte. Nafarroaren kasuan, erkidegoa bakarrik unibertsitate publiko bakar baten titularra denez, Nafarroako Unibertsitate Publikoarekin lankidetza hitzarmen bat izenpetu eta haren aldeko funtsen banaketa kudeatu behar du.

Nafarroako Foru Komunitatean, Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen Zuzendaritza Nagusiak hartu du Nafarroako Unibertsitate Publikoaren irakaskuntza eta ikerketa proiektuak kudeatzeko ardura, eta Hezkuntza eta Zientzia Ministerioaren solaskidea izanen da gai horietarako.

Horrenbestez, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren eta Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza Departamentuaren arteko lankidetza-hitzarmenaren testua onesten da Nafarroako Foru Komunitatean ikasketa plan berrietarako proposamenak prestatzera bideraturiko jarduerak finantzatzeko 2007-2008 ikasturtean, unibertsitate ikasketen antolamendu berriaren eremuan.

Hori horrela, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1 artikuluko d) letrak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Nafarroako Unibertsitate Publikoaren eta Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza Departamentuaren arteko lankidetza-hitzarmenaren testua onestea Nafarroako Foru Komunitatean ikasketa plan berrietarako proposamenak prestatzera bideraturiko jarduerak finantzatzeko 2007-2008 ikasturtean, unibertsitate ikasketa ofizialen antolamendu berriaren eremuan. Eranskinean azaltzen da.

2. Ebazpena eta eranskina jakinaraztea Hezkuntza eta Zientzia Ministerioko Unibertsitateetarako eta Ikerketarako Idazkaritza Nagusiari, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Irakaskuntzen Errektoreordetzari, Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen Zuzendaritza Nagusiari, Unibertsitateko Irakaskuntza, Hedapen eta Ikerketa Zerbitzuko Zuzendaritzari, Goi Mailako Irakaskuntzaren Atalari, Goi Mailako Irakaskuntzaren Bulegoari eta Hezkuntza Departamentuko Administrazio Orokorreko Bulegoari, behar diren ondorioak izan ditzan.

3. Lankidetza-hitzarmen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

Iruñean, 2008ko urtarrilaren 31n.-Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen zuzendari nagusia, Pedro González Felipe.

ERANSKINA

Nafarroako Unibertsitate Publikoaren eta Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza Departamentuaren arteko lankidetza-hitzarmena Nafarroako Foru Komunitatean ikasketa plan berrietarako proposamenak prestatzera bideraturiko jarduerak finantzatzeko 2007-2008 ikasturtean, unibertsitate ikasketa ofizialen antolamendu berriaren eremuan

Iruñean, 2008ko .........aren ...........(e)an.

ESKU HARTZEN DUTE:

Alde batetik: Pedro González Felipe, Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen zuzendari nagusia.

Bestetik: Julio Lafuente López, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren errektorea.

Aldeek hitzarmen hau izenpetzeko gaitasuna onartzen diote elkarri. Hori horrela,

AZALDU DUTE:

Lehenbizikoa.-Hezkuntza eta Zientzia Ministerioak, irailaren 12ko ECI/3008/2007 Aginduari jarraizkiz, Nafarroako Foru Komunitateari 84.404 euro esleitzea erabaki zuen, ikasketa plan berrietarako proposamenak prestatzen laguntzeko Nafarroako Unibertsitate Publikoan 2007-2008 ikasturtean, unibertsitate ikasketa ofizialen antolamendu berriaren eremuan.

Bigarrena.-Hezkuntza eta Zientzia Ministerioak berak, aipatu irailaren 12ko ECI/3008/2007 Aginduaren bidez, jarduera horiek finantzatzeko diru-laguntzei buruzko arauak eman zituen. Autonomia erkidegoak arau horiei lotu behar zaizkie laguntza horiek kudeatzeko. Nafarroaren kasuan, Nafarroako Unibertsitate Publikoarekin hitzarmen bat sinatzea izanen da aplikatzeko prozedura.

Hirugarrena.-Nafarroako Gobernua eta Nafarroako Unibertsitatea gogaideak dira, biek uste baitute Europa osoan unibertsitate sistema bat emeki-emeki eraiki eta sendotuko bada, eta Espainiari dagokionez, prozesua garatzen ari den une honetan, gobernuak, autonomia erkidegoek eta unibertsitateek kemenez hartu beharko dutela parte, prozesu horrek aurrera egin dezan beharrezkotzat jotzen diren jarduerak planifikatu, diseinatu eta zehazteko proiektuak burutzeko elkarrekiko jardueretan.

Laugarrena.-Unibertsitate Publikoak adierazi du deialdi honetan parte hartu nahi duela, deialdiaren helburuak elkarrekin bat baitatoz unibertsitateak 2005-2008 Plan Estrategikoan finkatu zituenekin, Europarekiko konbergentziari dagokionez.

Bosgarrena.-Hezkuntza Departamentuko Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen Zuzendaritza Nagusiak unibertsitate politikarako helburuen artean espresuki dauka Hezkuntza eta Zientzia Ministerioarekin parte hartzea unibertsitate-erakundeak bultzatzeko laguntzak finantzatzeko deialdietan.

Hezkuntza eta Zientzia Ministerioaren deialdiaren eremuan elkarrekiko ildo nagusiak ezarri eta garatzeko, ikasketa plan berrietarako proposamenak finantzatzeko unibertsitate ikasketa ofizialen antolamendu berriaren eremuan, behean sinatzen dutenek klausula hauek adostu dituzte:

KLAUSUKAK

Lehenbizikoa.-Xedea.

Lankidetza hitzarmen honen xedea da 2007-2008 ikasturtean unibertsitate ikasketa ofizialen antolamendu berriaren eremuan proposamenak prestatzeko laguntzei buruzko arauak ematen dituen deialdi nazionalean xedaturikoa garatzeko eta burutzeko baldintzak ezartzea.

Laguntza horiek emateko baldintzak Hezkuntza eta Zientzia Ministerioak irailaren 12an eman ECI/3008/2007 Aginduan eta lankidetza hitzarmen honetako baldintzei lotuko zaizkie.

Bigarrena.-Helburua.

Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza Departamentuak eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak konpromisoa hartzen dute ikasketa plan berrietarako proposamenak prestatzen laguntzeko baldintzak sortu eta baliabideak errazteko, unibertsitate ikasketa ofizialen antolamendu berriaren eremuan, horretarako proiektu eta ekimenak sortuz.

Hirugarrena.-Dirulaguntzen xede izan daitezkeen proiektuak.

1. Nafarroako Unibertsitate Publikoko Irakaskuntzako errektoreordeak izanen du ardura proiektuak proposatzeko eta burutzeko.

2. Proiektuon xedea da ikasketa plan berriak prestatzen laguntzen duten jarduerak egiten laguntzea.

3. Ondorioz, proiektuek, ikasketa plan berrietarako proposamenak prestatzera bideraturiko jarduerak eta estrategiak planteatuko dituzte, unibertsitate ikasketen antolamendu berriaren eremuan.

Laugarrena.-Nafarroako Unibertsitate Publikoak garatu beharreko proiektuak.

Aurreko baldintzarekin bat, Nafarroako Unibertsitate Publikoa beharturik dago ondoren aipatzen diren proiektuak burutzera. Horietarako, kasuan-kasuan aipatzen den dirua esleituko zaio:

A) Egin beharreko proiektuak eta diru-laguntzak.

1. Proposamena nazioko zein nazioarteko irizpideetara egokitzen dela frogatzen duten unibertsitatetik kanpoko erreferenteak aurkitzea eta aztertzea, antzeko ezaugarri akademikoak dituzten tituluetarako. 8.000,00 euro.

2. Kanpokoen kontsultak ikasketa-plana profesionalekin, elkarteekin edo lanbide elkargoekin, ikasleekin edo bestelako kolektiboekin batera prestatzeko. 5.000,00 euro.

3. Ikasleen eskumenak ebaluatzeko sistemak diseinatzea: 12.000,00 euro.

4. Diseinatzea matrikula egin aurreko informazio sistemak eta sartu berriak diren ikasleei harrera egiteko eta orientazioa emateko prozedurak unibertsitatean eta titulazioan hobeki sar daitezen. 6.000,00 euro.

5. Ikasleei laguntzeko eta orientazioa emateko sistemak diseinatzea: 6.000,00 euro.

6. Unibertsitateko bertako sistema diseinatzea kreditu transferentzia egiteko eta kredituak onartzeko: 6.000,00 euro.

7. Gaur egungo titulazioen mailakatzearen, uztearen eta eraginkortasunaren adierazleak prestatzea eta aztertzea, ikasketa plan berrietarako balio zenbatetsiak ezartzeko xedez: 6.000,00 euro.

8. Kanpoko praktikak eta horien ebaluazioa diseinatzea: 12.000,00 euro.

9. Graduaren bukaerako lanak edo masterrak eta horien ebaluazioa diseinatzea: 12.000,00 euro.

10. Titulazioari aplikatzen ahal zaion kalitatearen bermerako sistema diseinatzea: 11.404,00 euro.

B) Aldatu ezinak.

Nafarroako Unibertsitate Publikoak diru-laguntza emateko oinarritzat hartu diren jarduerak garatu behar ditu nahitaez eta helburua edo xedea inolaz ere ezin izanen da aldatu.

Bosgarrena.-Burutzeko epeak.

Diru-laguntzaren xede diren proiektuak 2007/2008 ikasturtean burutu beharko dira. Burutu ondoren, Nafarroako Unibertsitate Publikoak memoria bat prestatu beharko du eta 2008ko azaroaren 15a baino lehen Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuan aurkeztu beharko da.

2008ko abenduaren 15a baino lehen, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak Nafarroako Unibertsitate Publikoaren memoria igorriko du Hezkuntza eta Zientzia Ministeriora, eginiko jardueren ebaluazioarekin batera.

Seigarrena.-Egindako jardueren balorazioa.

Nafarroako Unibertsitate Publikoak eginiko jardueren mermoria diru-laguntzaren xede diren proiektuei dagokionez baloratzea Nafarroako Gobernuko Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen Zuzendaritza Nagusiari dagokio.

Zazpigarrena.-Lankidetza hitzarmenaren publizitatea.

Lankidetza hitzarmen honen edukia Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da.

Lankidetza hitzarmena sinatu eta hurrengo hamar egunetan, kopia bat igorriko da Hezkuntza eta Zientzia Ministeriora.

Zortzigarrena.-Finantzatzeko modua.

Irailaren 12ko ECI/3008/2007 Aginduan xedaturikoaren arabera, Hezkuntza eta Zientzia Ministerioak 84.404 euro transferituko dizkio Nafarroako Foru Komunitateari, lankidetza hitzarmen hau sinatu eta gero eta Foru Komunitateko Administrazioak, bere aldetik, hartu ondoren, Nafarroako Unibertsitate Publikoari transferituko dio, indarra duen arautegiarekin bat.

Bederatzigarrena.-Finantzatzetik eratorritako konpromisoak.

Hitzarmen hau sinatzeak ez dakarkio Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuari finantzatzeko inolako konpromisorik. Bakarrik Estatuak erabaki duen dirua banatu beharko du eta beraz 84.404 euroak Nafarroako Unibertsitate Publikoaren esku utzi beharko ditu.

Hamargarrena.-Hitzarmenaren izaera.

Lankidetza hitzarmen hau administratiboa da eta hari, eskuarki, irailaren 12ko ECI/3008/2007 Agindua eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea aplikatuko zaizkio.

Eta adostasunaren adierazgarri, lankidetza hitzarmen hau izenpetu dute lehentxeago esandako egunean eta tokian.

Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren aldetik, Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen zuzendari nagusia, Pedro González Felipe.

Nafarroako Unibertsitate Publikoaren aldetik, errektorea, Julio Lafuente López.

Iragarkiaren kodea: F0802005