26. ALDIZKARIA - 2008ko otsailaren 27a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.5. Estatutuak eta lan hitzarmen kolektiboak

90/2008 EBAZPENA, urtarrilaren 24koa, Arriskuen Prebentziorako eta Lanaren zuzendari nagusiak emana, "Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren barnean herrien esparrukoak diren osasun eskualde oinarrizkoetan langileen kontratazio berriak egiteari buruzko" itun kolektiboa erregistratu, gorde eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea erabakitzen duena (espediente zenbakia: 1/2008 (F).

Departamentu honetan 2008ko urtarrilaren 22an sartu da "Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren barnean herrien esparrukoak diren osasun eskualde oinarrizkoetan langileen kontratazio berriak egiteari buruzko" itun kolektiboa, 2007ko abenduaren 13koa, negoziazio batzordearen zati batek izenpetu eta onetsia (espediente zenbakia: 1/2008-F).

Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuak bere esku ditu lan hitzarmen kolektiboak erregistratu, gorde eta argitaratzeko eginkizunak, martxoaren 24ko 1/1995 Legegintzako Errege Dekretuaren 90. artikuluan aipatzen direnak, eta hori Lan zerbitzuak Estatuko Administraziotik Nafarroako Foru Komunitatera eskualdatzen dituen apirilaren 11ko 937/1986 Errege Dekretuan ezarritakoaz baliatuz, eta kontuan izanik Lan hitzarmen kolektiboak erregistratu eta gordetzeari buruzko maiatzaren 22ko 1040/1981 Errege Dekretuan eta azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 59.4 artikuluan xedatutakoa.

Horrenbestez, Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu kontseilariak irailaren 27an emandako 285/2007 Foru Aginduarekin bat, horren bidez izendatu baitziren Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuko zuzendari nagusien eta idazkari nagusi teknikoaren aldi baterako ordezkoak, organo horretako titularra kanpoan dagoenez,

EBATZI DUT:

1. "Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren barnean herrien esparrukoak diren osasun eskualde oinarrizkoetan langileen kontratazio berriak egiteari buruzko" itun kolektiboa erregistratzea Lan Hitzarmen eta Akordio Kolektiboak Erregistratu eta Gordetzeko Bulegoan horretarako bereziki prestaturik dagoen liburuan, eta bertako administrazio unitatean testua eta dokumentazioa gordetzea.

2. Ebazpen honen berri ematea negoziazio batzordeari eta adieraztea ebazpenak ez duela administrazio bidea agortzen eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal duela Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuko kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

3. Ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea, orok jakin dezan.

Iruñean, 2008ko urtarrilaren 24an.-Lan Zerbitzuko zuzendaria, Arriskuen Prebentziorako eta Lanaren zuzendari nagusiaren ordezkoa, José María Andueza Azcona.

HERRIEN ESPARRUKO OSASUN ESKUALDE OINARRIZKOETAN LANGILEEN KONTRATAZIO BERRIAK EGITEARI BURUZKO AKORDIOA

Lehena.-Oinarrizko Osasun Laguntza Taldeetako laguntzako sendagileen eta Oinarrizko Osasun Laguntza Taldeetako laguntzako OLT-EDUen lanpostuak sortzea.

Honako lanpostu hauek sortu dira, akordio honetan ezarritako ezaugarriekin:

a) Oinarrizko Osasun Laguntza Taldeetako laguntzako sendagileak.

b) Oinarrizko Osasun Laguntza Taldeetako laguntzako OLT-EDUak.

Bigarrena.-OOLTetako laguntzako sendagileen eta OLT-EDUen jardute eta lurralde eremua.

OOLTetako laguntzako sendagileak eta OLT-EDUak Osasun Eskualde Oinarrizko bati atxikiko zaizkio, alde batera utzi gabe Osasun Barrutiak osasun jardueren eta zerbitzuen lurralde mugape operatiboak direla, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zentro eta establezimenduen kudeaketa deszentralizatuen arduradunak beren lurralde mugapean, bai eta berek garatzen dituzten osasun prestazio eta programenak arduradunak ere.

Langile horiek Osasun Eskualde Oinarrizkoaren Zuzendaritzaren mende egonen dira zuzenean, eta Oinarrizko Osasun Laguntzako Taldeak egiten dituen jardueretan parte hartuko dute, talde horretako kide gisa.

Hirugarrena.-OOLTetako laguntzako sendagileen eta OLT-EDUen lanaldiak eta atsedenaldien araubidea.

1. Oinarrizko Osasun Laguntza Taldeetako laguntzako sendagileen eta OLT-EDUen lanaldia modu honetan egituratuko da:

a) Oinarrizko Osasun Laguntza Taldeetako laguntzako sendagileek eta OLT-EDUek 1592 orduko lanaldia izanen dute urtean, orokorrean, non ez dituzten betetzen 624/1999 Foru Dekretuan ezarritako baldintzak, urteko beste konputu mota bat aplikatzeko.

b) Aurreko atalean zehaztutako lanaldiaz gainera, Oinarrizko Osasun Laguntza Taldeetako laguntzako sendagileek eta OLT-EDUek bidezkoak diren guardiak eginen dituzte lantokian bertan edo lokalizaturik, Osasun Eskualde Oinarrizkoan izaten diren antolaketa eta asistentzia beharrei erantzuteko.

2. Langile horiei ondoko atsedenaldiak eta gehieneko lanaldiak bermatuko zaizkie:

a) Etenik gabeko 12 orduko atsedenaldia egunean, lanaldi baten amaieraren eta hurrengoaren hasieraren artean.

b) Astean 36 orduko atsedenaldia.

c) Lanaldi arruntari eta lantokian egin beharreko guardiei dagozkien lan denboren gehieneko iraupena, batuta, benetako laneko 48 ordukoa izanen da astean, sehileko konputuan, itun edo akordio bidez beste konputu bat ezartzen ez bada behintzat.

3. Guardiako txandan, lantokian egin beharrekoan, gaueko orduak sartzen badira, ezin izanen dira hurrengo egunean lanaldi arruntekin edo guardiako beste txanda batzuekin luzatu, gutxienez ere 12 ordu pasatu ez badira tartean. Guardia lokalizatuak izanez gero, lanaldi arruntekin eta guardiako beste txanda batzuekin luzatzen ahalko dira, baldin eta ordu guztiak, batuta, jarraian egindako 31 ordu baino gehiago ez badira. Antolaketako edo asistentziako arrazoiengatik beharrezkoa bada eta osasun zentroak berariazko eskaintza egiten badu, zilegi izanen da aurreko lerroaldean azaltzen den gehieneko iraupena gainditzea, langileek horrekin ados daudela adierazten badute.

4. Langileek lan egutegiaren %70 gutxienez finkatua izanen dute, hiruhilekoaren barnean. Portzentaje hori pixkanaka handituko da.

Laugarrena.-OOLTetako laguntzako sendagileen eta OLT-EDUen ordainsarien egitura.

OOLTetako laguntzako sendagileen eta OLT-EDUen ordainsaria Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari atxikitako langileen berariazko erregimenari buruzko urriaren 20ko 11/1992 Foru Legean eta hori garatzen duen araudian OOLTetako sendagileentzat eta OLT-EDUentzat aurreikusitakoaren araberakoa izanen da.

Langile horiek 44/2003 Foru Dekretuan ezarritako ordainsari osagarriak jasoko dituzte.

Bosgarrena.-OOLTetako laguntzako sendagileen eta OLT-EDUen oporrak, lizentziak eta baimenak.

Oinarrizko Osasun Laguntza Taldeetako laguntzako sendagileen eta OLT-EDUen opor, lizentzia eta baimenen araubidea urriaren 30eko 348/2000 Foru Dekretuan orokorrean ezarritakoa eta arlo horretan indarra duten akordio sindikaletan ezarritakoa izanen da. Foru dekretu horrek Nafarroako Foru Komunitateko eta haren erakunde autonomoetako funtzionarioen opor, lizentzia eta baimenetarako araubidea arautzen du.

Seigarrena.-OOLTetako laguntzako sendagileen eta OLT-EDUen sarrera eta lanpostuak betetzea.

2008ko lehen seihilekoan, Administrazioak konpromisoa hartu du langile mota horiei dagokien LPEa onetsiko duen foru dekretu bat onetsi eta argitaratzeko, eta lanpostuak betetzeko tramiteei hasiera emateko.

Zazpigarrena.-Herrietarako errefortzu gisa gaur egun sinatuta dauden aldi baterako kontratuak.

Kontratu hauekin errefortzuko sendagileak eta OLT-EDUak gaur egun betetzen ari diren behar berberei erantzun nahi zaienez, errefortzuko langile horiei lanean ari direneko Osasun Eskualde Oinarrizko berean kontratua izateko aukera eskainiko zaie, urtarrilaren 7ko 1/2002 Foru Dekretuko 7.3.b) artikuluari jarraikiz. Betetzen ez diren lanpostuak 2001eko urtarrilaren 9ko Akordioaren babesean prestatutako kontratazio zerrendetan dauden langileei eskainiko zaizkie, kontuan hartuta OOLTetako laguntzako sendagileen lanpostuak betetzeko erreferentziako zerrendak akordio horretan OOLTetako sendagile eta OLT-EDUentzat ageri direnak izanen direla.

Zortzigarrena.-Jarraipena.

Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak konpromisoa hartu du 2008ko urtarrilean mahai sektorial honetan berariazko bilerak egiteko, aurrera egin dadin herrietako oinarrizko eskualdeetan etengabeko arretak beharrezko dituen berrantolaketaren eta baldintzen azterketan eta, egokia denean, proposamenetan, Oinarrizko Osasun Laguntzan pixkanaka larrialdi zerbitzuak ezartzeko helburuari lotuta.

Iruñean, 2007ko abenduaren 13an.

Iragarkiaren kodea: F0801728