26. ALDIZKARIA - 2008ko otsailaren 27a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.1. Kargu-uzteak, izendapenak eta bestelako egoerak

6/2008 FORU DEKRETUA, otsailaren 11koa, José María Lora Rodríguez jauna Agoizko Lehenengo Jabetza Erregistroko erregistratzaile izendatzen duena.

Otsailaren 9ko 172/2007 Errege Dekretuaren bidez, Jabetza Erregistroen, Ondasun Higigarrien Erregistroen eta Merkataritzako Erregistroen mugaketa aldatu zen, trafiko zibila eta merkataritza arlokoa nabarmen ugaldu baitziren. Nafarroako Foru Komunitateari dagokionez, haren bidez Agoizko 2. Jabetza Erregistroa sortu zen, Agoizko Jabetza Erregistrotik bereizita.

Bestalde, errege dekretu horren bigarren xedapen gehigarriak ezarri zuen erregistro berriak eta jatorrizko erregistroak lehiaketa berezi baten bidez beteko zirela eta jatorrizko erregistroetako erregistratzaile titularrek aukera izanen zutela haien menpean sortutako erregistroetan aritzeko.

Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 52. artikuluko 1. idatz-zatian xedaturikoaren arabera, Nafarroako Gobernuari dagokio Nafarroan aritu behar duten jabetza erregistratzaileak izendatzeko eskumena.

Agindu horretan xedaturikoa betetzeko, Erregistroen eta Notariotzaren Zuzendaritza Nagusiak lehiaketa horren espedientea igorri du Nafarroako Gobernura. Hortaz, orain jatorrizko erregistroetako erregistratzaile titularren izendapenak egin behar dira, Justizia Ministerioak egindako proposamenari jarraikiz.

Horiek horrela, Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2008ko otsailaren 11ko bilkuran harturiko erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

1. José María Lora Rodríguez jauna Agoizko Lehenengo Jabetza Erregistroko erregistratzaile izendatzea.

2. Foru dekretu hau interesdunei, Erregistroen eta Notariotzaren Zuzendaritza Nagusiari eta Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko buruari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2008ko otsailaren 11n.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.-Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilaria, Javier Caballero Martínez.

Iragarkiaren kodea: F0802354