151. ALDIZKARIA - 2008ko abenduaren 12a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

805/2008 EBAZPENA, urriaren 31koa, Kultura zuzendari nagusiak emana, Etxalarko usategiak kultur paisaiaren kategoriarekin interes kulturaleko ondasun deklaratzeko espedientea irekitzen duena.

Ondare Historikoaren Zerbitzuko Arkitektura Ondarearen Atalak honako txostena aurkeztu du:

"Kultura Zuzendaritza Nagusiko Ondare Arkitektonikoaren Atalak proposatu du Etxalarko usategiak kultur paisaiaren kategoriarekin interes kulturaleko ondasun deklaratzeko espedientea irekitzea, usategien jabe den Jaime Gaztelu Quijano jaunak eskaturik, Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legean ezarritakoarekin bat.

Etxalarren uso ehizaren lehenengo lekukotasun idatzia 1378koa da. Ondorengo dokumentu batzuk Etxalarren sare bidezko ehizak duen garrantzia ere erakusten dute, ehiza prozedura hori gaur arte iritsi zaigu eta etorkizunean mantentzea komenigarri izanen litzateke.

Usoen jatorriari buruzko teoria desberdinak egon arren, uso guztiak Frantziatik heldu dira, Pirinioak zeharkatu ondoren Extremadura aldera jotzen dute, Toledo, Salamanca, Ciudad Real, Cáceres, Badajoz eta Portugal aldean geratuz.

Usoek Pirinioetako alderdi hau mendi inguru batetik zeharkatzen dute, mendiaren sakonune batetik, Mendikarri, Txorilepo eta Lakainek osatutako mugan. Muga honek Gaztelepo eta "Cincuenta" delako inguruetatik jarraitzen du, Iarmendi alderdian, Usategietako lepoan. Lepoa zuhaitz bidez 5 kaletan banatu eta lauangeluko sei sare (15 x 18 metro) jartzen dira. Sareak aldeetako batetik lotzen dira lurrera eta polea batzuen bidez plano inklinatuen gisa, polea hauen sokak burdinezko bi uztaietara lotzen dira, eta hauek sarearen muturrrei lotzen; honek guztiak ongi ezkutuan behar du egon. Sarearen aldeetan, modu estrategikoan, "trepak" delakoak daude, 20 m-ko altuerako dorreak, bertatik usazainek usoak sareetara bideratzen dituzte, aspaldiko usadioari jarraipena emanez.

Arestian adierazitako guztiagatik, eta ia zazpi mendez iraun duen jarduera hau gordetzeko dagoen beharra dela eta, jarduera egiten den paisaia deklaratzeko espedientea irekitzea proposatzen da."

Horrenbestez, eta honako hauek ematen dizkidaten eskurantzak erabiliz: Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Legea, urriaren 3ko 217/1986 Foru Dekretua, Interes Kulturaleko Ondasunen Deklarazioa arautzen duena (abenduaren 30eko 572/1991 Foru Dekretuaren bidez aldatua) eta Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen irailaren 3ko 126/2007 Foru Dekretua.

EBATZI DUT:

1. Etxalarko usategiak kultur paisaiaren kategoriarekin interes kulturaleko ondasun deklaratzeko espedientea irekitzea, ebazpen honen eranskineko agirietan adierazten diren mugekin.

2. Espedientea tramitatzen jarraitzea indarrean dauden xedapenek ezarritako moduan.

3. Ebazpen hau interesdunei eta Etxalarko Udalari jakinaraztea. Aditzera ematen zaie, azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen 19.1.d artikuluan xedaturikoarekin bat, ukituriko eremuak zatikatu edo bertan eraiki edo eraisteko udal lizentziak eta emanak daudenen ondorioak bertan behera utzi behar direla. Nolanahi ere, toki horretan berehalaxe egin behar bada lanen bat ezinbestean, beharrezkoa izanen da kultur arloko departamentu eskudunaren baimena.

4. Ebazpen honen berri ematea Kultura Zuzendaritza Nagusiko Ondare Historikoaren Zerbitzuari eta Kultura Ministerioko Arte Ederren Zuzendaritza Nagusiari atxikitako Interes Kulturaleko Ondasunen Erregistroari, aurretiaz idatzia gera dadin.

5. Ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea, eta argitaratzen den egunaren biharamunetik 30 eguneko epea ematea jendaurrean egon dadin, interesdunek egoki iruditzen zaizkien alegazioak aurkeztu ahal izateko.

Iruñean, 2008ko urriaren 31n.-Kultura zuzendari nagusia, Pedro Luis Lozano Uriz.

Iragarkiaren kodea: F0817318