151. ALDIZKARIA - 2008ko abenduaren 12a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

522/2008 EBAZPENA, azaroaren 4koa, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena Iruñeko udal mugapeko 7. poligonoko 2301. lurzatian sakelako telefoniaren oinarrizko estazio bat jartzeko. Sustatzailea Telefónica Móviles España, S.A. da.

2008ko apirilaren 14an Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuan sartu zen goian aipatutako espedienteari dagokion Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera.

Proiektua abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2.C eranskineko M. atalean sartuta dago. Beraz, Ingurumen ukipenetarako baimena behar du. Foru dekretu horrek Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

Foru dekretu horren 36. artikuluan ezarririk dago Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela Ingurumen ukipenetarako baimena eman ala ukatzeari buruz, eskaera aurkezten denetik lau hilabeteko epean.

Espedientean, Iruñeko Udalaren aldeko txostena ageri da.

Espedientean dauden txostenak ikusirik, eta aipatu foru aginduaren 28.1 artikuluan agertzen diren eskumenak erabiliz, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak urriaren 10ean emandako 426/2007 Foru Aginduan ezarritakoaren arabera nire esku baitaude,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea Iruñeko udal mugapeko 7. poligonoko 2301. lurzatian sakelako telefoniaren oinarrizko estazio bat jartzeko. Sustatzailea Telefónica Móviles España, S.A. da.

2. Baimena baldintza hauek betetzearen menpe emanen da:

-Obrek ukitzen dituzten toki guztiak behar bezala lehengoratuko dira.

-Egin nahi den jarduerak azpiegiturak eta zortasunak ukitzen ahal baditu, edo horiek jarduera baldintzatzen ahal badute, enpresa sustatzaileak, obrak gauzatzen hasi baino lehen, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu, kasuan kasuko gaian eskudun diren organoei eskatu eta gero.

-Begi inpaktua muga onargarrien barruan egoteko eta udalaren hirigintza araudiaren 74. artikuluan xedatutakoa interpretatuz, ingurunera egokitutako koloreak erabili beharko dira, instalazioa lurzatiaren mugetatik behar adina bereiziko da eta instalazioaren perimetroa landarez landu beharko da.

3. Lanak hasi baino lehen, ezinbestekoa izanen da 1.000 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu, horiek konpondu edo txikiagotuko direla bermatzeko, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Fidantza jarri izanaren frogagiria eduki beharko da, lanak iraun bitartean ikuskatzaileei aurkeztu ahal izateko.

4. Ebazpen honek ez dio administrazio bideari bukaera ematen eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, horren kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunean hasiko dira kontatzen.

5. Ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea Ingurumen ukipenetarako baimenaren ondorioetarako.

6. Ebazpen hau igortzea Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuko Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, Basozaintzari, Iruñeko Udalari eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2008ko azaroaren 4an.-Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Iragarkiaren kodea: F0817459