151. ALDIZKARIA - 2008ko abenduaren 12a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

44/2008 EBAZPENA, abenduaren 1ekoa, Euskarabideko zuzendari kudeatzaileak emana. Ebazpen horren bidez onetsi da Nafarroako Foru Komunitateko entitate juridikoetan helduak euskalduntzeko ematen diren laguntzen deialdia, 2008ko urrritik abendura bitartekoa.

Ikusirik Euskararen gaineko Aholkularitza eta Prestakuntzarako Zerbitzuak aurkeztutako txostena, non adierazten baita deialdia onetsi eta haren berri eman behar dela, helduei euskara irakastea sustatzen duten entitateei diru-laguntzak emateko 2008ko urritik abendura bitartean.

Hori horrela, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1 artikuluko d) letrak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Nafarroako Foru Komunitateko entitate juridikoetan helduak euskalduntzeko ematen diren laguntzen deialdia, 2008ko urritik abendura bitartekoa, eta haren eranskinak onestea.

2. Guztira, 111.154,49 euroko gastua baimentzea, deialdi honetatik heldu direnak ordaintzeko. Gastuak 2008ko gastuen aurrekontuko "Gau-eskolendako diru-laguntzak" izeneko 440001 44100 4819 322900 kontu-sailaren kargura pagatuko dira.

3. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara daitezela agintzea.

4. Ebazpen hau eta eranskinak igortzea Ekonomia eta Ogasun Departamentuak Hezkuntza Departamentuan duen kontu-hartzaile delegatuari, Aurrekontu eta Kudeaketa Ekonomikoaren Atalera, Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegora, Euskarabideko zuzendaritzara eta erakunde horretako Euskararen gaineko Aholkularitza eta Prestakuntzarako Zerbitzura, Euskarazko Prestakuntza Atalera eta Programen Bulegora, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2008ko abenduaren 1ean.-Euskarabideko zuzendari kudeatzailea, Xabier Azanza Arbizu.

I. ERANSKINA

Nafarroako Foru Komunitateko entitate juridikoetan helduak euskalduntzeko ematen diren laguntzen deialdia, 2008ko urritik abendura bitartekoa

Deialdiaren xedea

Deialdi honen xedea da Nafarroako Foru Komunitateko entitate juridikoetan helduak euskalduntzeko ematen diren laguntzak arautzea.

Lehen araua.-Diruz lagundutako aldia.

Diruz lagunduko dira, 2008/2009 ikasturteko lehen hiruhilekoan, 2008ko urriaren 1etik abenduaren 31 bitartean egiten diren euskarazko ikastaroak.

Bigarren araua.-Diruz lagundutako ikastaroak.

Diru-laguntza modalitate honen xede diren ikastaroak honako hauek dira:

a) Arruntak, aurrez aurrekoak edo presentzialak: astean 3 eskola-ordukoak, gutxienez eta guztira 120 ordukoak, gutxienez.

b) Barnetegiak: ikastaroak 60 eskola-ordu izanen ditu, gutxienez eta lau astekoa izanen da, gehienez.

c) Baliabide telematikoen bidez emandako ikastaroak. Ikastaro horiek gutxienez 120 ordukoak izanen dira eta denbora horretan sartuko dira mintza-praktikarako orduak (gutxienez, bat astean) eta tutoretzako hamabost eguneko beste ordu bat.

d) Bestelako kurtsoak, hots, Balioespenerako Batzorde Teknikoak onetsi beharrekoak.

Hirugarren araua.-Laguntzen zenbatekoa eta diru-laguntzen moduluak.

3.1. Modalitate honi dagozkion laguntzek 111.154,49 euro egiten dute, gehienez.

3.2. 2008ko urriaren 1etik abenduaren 31 bitarteko aldiari dagozkion laguntzen erreferentzia-modulua honako hau da:

-Aurrez aurreko araubidea eta autoikaskuntzarako araubidea: 1,19 euro ikasle eta orduko.

-Barnetegi araubidea: 8 euro ikasle eta eguneko.

Laugarren araua.-Egiaztagiriak.

4.1. Atal honetako agiriak Euskarabideko Euskararen gaineko Aholkularitza eta Prestakuntzarako Zerbitzura igorri behar dira eta Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrean edo Hezkuntza Departamentuko Erregistroan, edo azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 38. artikuluko 4. idatz-zatian xedaturikoaren arabera aurkeztuko dira modalitate honetako bosgarren arauko 5.1 puntuan ezarritako epeetan.

Honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Euskaltegiaren eta/edo gau-eskolaren edo entitatearen fitxa (ebazpen honen II. eranskinaren araberakoa), ikastegiko arduradunaren zigilua eta sinadura barne (hiruhilekoko dokumentazioarekin batera aurkeztu beharrekoa).

b) Irakasle kontratatu berrien euskara tituluen fotokopia konpul- tsatuak.

c) Eskola egutegia: ikasturtea noiz hasi eta bukatuko den, eta irakastegunak eta jaiegunak zein izanen diren. Era berean, eskola egutegian zehaztuko dira Laneko Zuzendaritza Nagusiak emandako ebazpenean Nafarroako jaieguntzat hartutakoak.

d) Ikastegi sortu berrietan edo deialdian lehen aldiz parte hartzen dutenetan, aurrekoez gainera, transferentzia bidez ordaintzeko eskaera ere aurkeztu beharko da, Ekonomia eta Ogasun Departamentuak eman beharko duena.

Eskaturiko agiriak aurretiko deialdietan jadanik aurkeztu badira eta handik hona aldaketarik gertatu ez bada, ez da berriz aurkeztu beharrik izanen. Nolanahi ere, espresuki horren berri eman beharko da eskarian.

4.2. Era berean, Euskararen gaineko Aholkularitza eta Prestakuntzarako Zerbitzuan aurkeztu beharko dira, ebazpen honetako II., III. eta IV. eranskinetako formularioak erabiliz, honako agiri hauek, atal guztiak behar bezala bete ondoren, euskarri informatikoan (CD-Romean edo DVDan).

Era berean, eranskin horiek posta elektronikoz ere bidal daitezke helbide honetara: heldueneusk@navarra.es.

4.2.1. Entitate eskatzaileari dagokion dokumentazioa (II. eranskina). Atal honetan argibide hauek emanen dira:

a) Ikastegiko datuak, izena, helbidea, herria eta IFZ.

b) Ikastegiko arduradunaren datuak.

c) Programatutako ikastaro bakoitzeko edo ematen ari den ikastaro bakoitzeko aurrekontua, 2008/2009 ikasturteari dagokiona, honako kontu-sail hauek zehaztuta: langileria, Gizarte Segurantza eta funtzionamendua.

Era berean, Hezkuntza Departamentuaren eta bestelako entitate publikoen diru-laguntzen jatorria adieraziko da, horrelakorik baldin bada. Euskaltegiak ikasle bakoitzari hilabetean, hiruhilekoan, lauhilekoan edo ikasturtean kobratzen dizkion kuotak ere zehaztuko dira. Emaniko diru-laguntzek ez dute, inola ere, jardueraren kostua baino gehiago eginen.

d) Irakasleen zerrenda:

-Irakasle bakoitzak astean ematen dituen klaseen ordutegia, ematen dituen ikastaroen eta mailen arabera antolaturik.

e) Ikastegiko zuzendariak edo arduradunak sinaturiko erantzukizuneko adierazpena, aurkeztu diren argibide eta agiriak egiazkoak direla dioena, II. eranskinean ezarritakoari jarraikiz. Paperean ere aurkeztu beharko da.

4.2.2. Ikasle taldeak (III. eranskina). Eranskin horretan ikasle taldeei buruzko datuak adieraziko dira.

a) Talde bakoitzaren datuak, identifikazio zenbakia, hasierako ikasketa maila, esleitutako irakaslea eta honen titulua eta ikasle kopurua adieraziz.

b) Eskola orduen aurreikuspena. Barnetegietan, ikastaldi bakoitzean zenbat eskola-ordu eta zenbat irakastegun izanen den adierazi beharko da.

c) Ikastaroa noiz hasi eta bukatuko den.

4.2.3. Ikasleak (IV. eranskina). Eranskin horretan ikasleei buruz behar diren datuak bilduko dira.

-Ikasleen zerrenda, alfabetoaren araberako hurrenkeran eta NANaren grafiekin, helbidea, NANa, taldea eta maila.

4.2.4. Eskabideak aurkezteko ezarritako epeetan (seigarren arauko 6.1. puntua) honako hauek ere ekarri beharko dira:

-Kotizazioaren egoeraren ziurtagiria, Gizarte Segurantzako Diruzaintzak emana, ordainketak eguneratuak dituela egiaztatzen duena (hiru hilero gaurkotua).

-Foru Ogasunak emandako agiria, zerga betebeharrak egunean daudela egiaztatzen duena (hiru hilero gaurkotua).

Bosgarren araua.-Egiaztagiriak.

Seigarren arauan ezarritako epeetan honako agiri hauek aurkeztuko dira:

a) Ikastegiko arduradunak edo horretarako lege-ahalmena duenak sinaturiko ziurtagiria, V. eranskinaren araberakoa eta honako kontzeptu hauek bilduko dituena:

a.-Ikasleen zerrenda, ikastaroz ikastaro antolatua, eta taldearen diru-sarrera osoak, matrikulari dagozkionak.

b.-Diruz lagundutako aldiari dagozkion gastuak, langileen kapituluari dagozkionak.

c.-Diruz lagundutako aldiari dagozkion gastuak, funtzionamenduari dagozkionak.

b) Gizarte Segurantzaren kotizazioko TC1 eta TC2 agirien kopiak, paperean edo euskarri informatikoan.

Seigarren araua.-Eskabideak eta egiaztagiriak aurkezteko epeak.

6.1. Diru-laguntzaren eskabidea, laugarren arauan eskatzen diren agiriekin batera, epe hauetan aurkeztuko dira:

-Ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita 10 egun naturaleko epean, 2008/2009 ikasturteko lehen hiruhilekoari dagozkion diru-laguntzetarako.

6.2. Emandako diru-laguntzaren egiaztagiriak 2008ko abenduaren 31ko 14:00ak baino lehenago aurkeztu beharko dira.

Osatu gabe aurkezten diren dokumentazioak zuzendu beharko dira, eskatzaileari jakinarazi eta gehienez ere 10 egun naturaleko epean.

Ezarritako epeetatik kanpo ez da eskabiderik onartuko.

Zazpigarren araua.-Ebazpena.

7.1. Balioespenerako Batzorde Tekniko bat osatuko da eta haren kideak Euskarabideko Euskararen gaineko Aholkularitza eta Prestakuntzarako Zerbitzuko zuzendaria, zerbitzu horretako atalburu bat eta laguntzen deialdiaz arduratzen den teknikaria izanen dira. Batzorde horrek eskaerak ebaluatuko ditu.

7.2. Euskararen gaineko Aholkularitza eta Prestakuntzarako Zerbitzuko zuzendariak bideratuko du prozedura. Hark, batzordearen ebaluazioa ikusirik, ebazpena proposatuko du. Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 20. artikuluaren arabera proposamen hori loteslea izanen da.

7.3. Deialdi honen xede diren diru-laguntzak Euskarabideko zuzendari kudeatzaileak ebatziko ditu.

Zortzigarren araua.-Diru-laguntzen jarraipena eta kontrola.

8.1. Ikastegiak ikaslearen ebaluazio erregistroaren fitxa izanen du eta horretan idatziko dira etengabeko ebaluazioaren edo eskola bertaratzearen datuak.

8.2. Ikasleak etengabe ebaluatuko dira eta ikastaroa hastean eta bukatzean azterketak eginen dira. Ebaluazio prozesuetan erabilitako probak ikasturtean zehar kontserbatuko dira eta azterketa horien emaitzak amaierako ebaluazioaren aktan bilduko dira.

8.3. Administrazioak noiznahi eska ditzake fitxa horiek eta kontabilitateko agiriak, pedagogiakoak edo bestelakoak.

8.4. Era berean, Administrazioak euskalduntzeko laguntzak eskatzen dituzten ikasleen bertaratze- eta aprobetxamendu-txostenak eska ditzake eta, hartara, ikastegiak txosten horiek egin beharko ditu; euskaltegiaren arduradunak edo zuzendariak sinatuko ditu. Txosten horietan honako hau agertuko da:

-Ikaslearen datuak: izen-abizenak eta IFZaren zenbakia.

-Ikastaroaren datuak: ikastaroaren hasiera- eta bukaera-egunak, maila, klaseko ordutegia, klaseko ordu kopurua (barnetegian, baita zenbat egun ere) eta matrikularen prezioa.

-Aprobetxamendu datuak: hasiera maila eta bukaeran lortutako maila, jasotako eskola-orduak. Era berean, ikaslearen aprobetxamenduaren gaineko balioespen laburra eginen da.

Bederatzigarren araua.-Datuen tratamendua.

Ikasleen eta irakasleen datuak babesteari buruzko abenduaren 23ko 15/1999 Lege Organikoan ezarritakoaren arabera tratatuko dira.

Hamargarren araua.-Ez-betetzeak eta arau-hausteak.

Arau-hauste eta zehapenei dagokienez, bai eta diru-laguntzak itzultzeari ere, azaroaren 9ko Diru-laguntzei buruzko 11/2005 Foru Legean adierazitakoari jarraituko zaio. Foru lege horren bidez Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta bere erakunde autonomoen diru-laguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorra ezarri zen.

Hamaikagarren araua.-Diru-laguntzen berri ematea.

11.1. Ematen diren diru-laguntzak eta onuradun eta baztertuen zerrendak Euskarabidearen web orrian jarriko dira jendaurrean.

http://www.euskarabidea.es

11.2. Entitate guztiek euren propagandan adierazi beharko dute euren ikastaroak diruz lagundu direla.

Hamabigarren araua.-Aplikatuko den araudia.

Modalitate hau honako hauetan xedatutakoaren arabera arautuko da: arau hauek eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen diru-laguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorra arautzen duen azaroaren 9ko Diru-laguntzei buruzko 11/2005 Foru Legea. Halaber, 161/1988 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Erregelamenduko 3. artikuluan xedatutakoa. Erregelamendu horren bidez arautzen da euskara helduei irakasten dieten entitate pribatuei laguntzak ematea.

Hamahirugarren araua.-Administrazio helegiteak.

Deialdi honen kontra, eta haren arauen eta hura aplikatzeko egintzen kontra zilegi izanen da gora jotzeko helegitea jartzea, Hezkuntza kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu edo hel egin nahi den egintza jakinarazi eta biharamunetik hasita.

II. ERANSKINA

III. ERANSKINA

IV. ERANSKINA

V. ERANSKINA

Iragarkiaren kodea: F0818633