144. ALDIZKARIA - 2008ko azaroaren 26a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

399/2008 FORU AGINDUA, azaroaren 4koa, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariak emana, 2009. urtean garapenerako lankidetzako mikroekintzak egiteko diru-laguntzetarako deialdia egiten duena.

Nafarroako erakunde publikoek, Foru Komunitatearen gizarte kontzientziaz jabeturik, funtsak ematen dituzte, garapenerako laguntza ofizial gisa, herrialde eta herri pobretuen giza garapen iraunkorrerako elkartasunezko ekarpena egiteko, milurte honetako garapenerako helburuak lortzeko asmoz.

Garapenaren aldeko Lankidetzari buruzko martxoaren 9ko 5/2001 Foru Legeak nazioarteko lankidetzaren oinarriak, helburuak eta bitartekoak finkatzen ditu, besteak beste. Bereziki, 14. artikuluak xedatzen du besteak beste funts publikoak erabiliko direla garapenerako lankidetzarako ekintzak sustatzeko.

Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak diru-laguntza publiko guztiak arautzen ditu eta bertan ezartzen dira printzipio orokorrak, kontzeptuak, irizpideak, eskumenak, eginbeharrak eta erantzukizunak, eta diru-laguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko bidea.

Horrenbestez, beharrezkoa da garapenerako lankidetza sustatzeko urteko proiektuetarako diru-laguntzei buruzko arauak ezarri eta urtean urteko deialdi baten bidez argitaratzea, diru-laguntza horietan publizitatearen, gardentasunaren, konkurrentziaren, objektibotasunaren, berdintasunaren, bereizkeriarik ezaren eta kontrolaren printzipioak bermatzeko, baita Administrazio emaileak finkatutako helburuak lortzeko efikazia eta baliabide publikoak esleitu eta erabiltzeko eraginkortasuna ere.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen bidez eta Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuaren egitura organikoa onesten duen irailaren 3ko 125/2007 Foru Dekretuaren bidez esleitu dizkidaten eskumenak erabiliz,

AGINDU DUT:

Lehena.-2009. urtean garapenerako lankidetzaren barrenean mikroekintzak egiteko diru-laguntzetarako deialdiko oinarriak onestea. Foru agindu honen eranskinean ageri dira.

Bigarrena.-900.000 euroko gastua baimentzea, 2009ko gastuen aurrekontuko "Garapenerako Nazioarteko Lankidetza" izeneko 900001 91200 4819 143102 kontu-sailaren kargura, horretarako baldintza izanik bertan dirua izatea.

Hirugarrena.-Foru agindu hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Laugarrena.-Foru agindu hau igortzea Garapenerako Nazioarteko Lankidetzaren Zerbitzuari, Idazkaritza Tekniko Nagusiko Koordinazio eta Kudeaketa Administratiboaren Ataleko Administrazio Aferetarako Bulegoari eta Kontabilitate Zentroari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2008ko azaroaren 4an.-Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilaria, María Isabel García Malo.

ERANSKINA

2009. urtean garapenerako lankidetzaren barrenean mikroekintzak egiteko diru-laguntzetarako deialdiaren oinarriak

Lehenengoa.-Xedea eta helburua.

1. Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuak diru-laguntzetarako dei egin du 2009rako, Nafarroako garapenerako gobernuz kanpoko erakundeekin batera zenbait mikroekintza finantzatzeko, horrela garatzen ari diren herrialdeetako herritarren oinarrizko beharrei zuzenean erantzun ahal izateko. Nafarroako entitateek proposatzen dituzten mikroekintza horiek herrialde horietako bazkideekin batera burutuko dira eta haien helburua pobreziaren kontra borrokatzea eta bertako herritarren bizimodua eta barrutiko garapenerako gaitasuna hobetzea izanen da. Mikroekintzak zenbait esku-hartze dira eta horien helburua da garapenerako proiektu baterako erabiliko diren ekipamendu ondasunetan edo beste gauza batzuetan inbertsioak egitea, edo denboraren eta diruaren aldetik proiektu horiek bezain garrantzitsuak ez diren jarduketak egitea.

2. Garapen bideko edo trantsizioko herrialde edo lurraldetzat hartuko dira ELGA-Ekonomiako Lankidetza eta Garapenerako Antolakundearen menpeko Garapenerako Laguntza Batzordearen (GLP) onuradunen egungo zerrendan daudenak.

Bigarrena.-Aurrekontua.

Deialdi honetarako zenbatekoa 900.000 eurokoa da, Nafarroako 2009ko aurrekontu orokorreko "Garapenerako nazioarteko lankidetza" izeneko kontu-sailaren kargura, baldintza izanik bertan dirua izatea.

Hirugarrena.-Garapenerako gobernuz kanpoko erakundeen betekizunak.

Deialdi honen xede diren diru-laguntzen onuradunak izaten ahalko dira Garapenerako Lankidetzari buruzko martxoaren 9ko 5/2001 Foru Legearen 20. artikuluan aipatutako baldintzak eta beste baldintza hauek ere betetzen dituzten garapenerako gobernuz kanpoko erakundeak (GGKE):

a) Pertsona juridiko pribatuak eta legez eratuak izatea.

b) Eskaerak aurkezteko epea bukatzen denean, Nazioarteko Lankidetzarako Agentzia Espainiarraren Garapenerako Gobernuz Kanpoko Erregistroan inskribatuak izatea.

c) Irabazi-asmorik ez edukitzea.

d) Estatutuetan erakundearen xede gisa agertzea garapenerako lankidetzaren inguruko jarduerak eta herrien arteko elkartasuna bultzatzekoak egitea.

e) Entitatearen helbidea edo haren ordezkaritza iraunkorraren helbidea Nafarroako Foru Komunitateko lurraldean izatea.

f) Helburu sozialak bete ahal izateko egitura egokia izatea eta proposaturiko helburuak lortzeko behar den esperientzia eta gaitasun operatiboa badutela frogatzea.

g) Mikroekintza beraren faseren baterako diru-laguntzak jaso badituzte lehenago, haiek emateko ezarritako baldintzak betetzen dituztela frogatu beharko dute.

h) Mikroekintza egin behar den herrialdean tokian tokiko bazkide edo erakunde bat izatea, mikroekintza gauzatzeko. Bazkideak pertsona juridikoa izan beharko du, herri onuraduneko legediaren arabera.

i) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. idatz-zatian aipatutako egoeraren batean dauden entitateak ezin izanen dira deialdiaren xede diren laguntzen onuradun izan.

Laugarrena.-Garapenerako lankidetzaren barreneko mikroekintzen betebeharrak.

Diru-laguntzak hartu ahal izateko, GGKEek aurkezten dituzten mikroekintzek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Deialdi honetako 1. oinarriko xede eta helburuei eta Garapenaren aldeko Lankidetzari buruzko martxoaren 9ko 5/2001 Foru Legearen 2. eta 3. artikuluei lotzea.

b) Finantzaketaren %20, gutxienez, erakundeen funtsetatik aterako da, beste administrazio publikoetatik -Nafarroako Gobernuaren beste departamentuak eta erakunde autonomoak kenduta- edo beste entitate batzuetatik.

c) Emandako diru-laguntzen zenbatekoak ez du sekula gaindituko, bakarrik edo beste erakunde edo entitate pribatu zein publikoen laguntzekin batuta, egin beharreko mikroekintzaren kostua.

d) Gehienez ere 25.000 eskatzen ahalko dira.

e) Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuak garapenerako lankidetzan edo garapenerako hezkuntzan aritzeko ematen dituen diru-laguntzak inoiz jaso ez dituzten entitateek mikroekintza bakarrerako jasotzen ahalko dute diru-laguntza.

Aurreko lerroaldean ezarritakoari begira, GGKEek frogatu beharreko antzinatasuna errespetatuko da elkarte edo fundazio gisa duten formula juridikoan aldaketa bat izan badute, baldin eta horren berri ematen bada entitate juridiko berriaren estatutuetan; edo GGKEen batasun bateko kide izan badira eta horrek lehenago Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuaren diru-laguntzarik jaso badu garapenerako lankidetzaren arloan.

f) Mikroekintzak 2009. urtean gauzatu beharko dira.

Bosgarrena.-Eskaerak aurkezteko tokia eta epea.

1. GGKEek 30 egun naturaleko epea izanen dute eskaerak aurkezteko, deialdia Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

2. Eskabideak Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrean aurkeztuko dira, edo Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusian (González Tablas kalea zk.g., 31002, Iruña) edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean ezarritako tokietan, eta, azken kasu horretan, Garapenerako Nazioarteko Lankidetzaren Zerbitzuari egun berean jakinaraziko zaio, faxez (848 423818), eskabidea igorri dela. Dena dela, eskabideak aurkezteko epea amaitu eta 10 egun natural iraganik dokumentazioa jaso gabe, ez da inola ere onartuko. Eskabideak posta bulegoen bidez aurkezten badira, gutun-azala zabalik aurkeztu beharko da, postako funtzionarioak, ziurtatu baino lehen, eguna eta zigilua jar ditzan.

Seigarrena.-Aurkeztu beharreko agiriak.

Deialdian parte hartu nahi duten GGKEek Nafarroako Gobernuaren eskabide orokorraren bidez eskatuko dute parte-hartzea eta, eskabidearekin batera, dokumentazio hau aurkeztu beharko dute (agiri motak bereizteko egindako 3 multzoetatik bakoitzari dagokion karpetan edo gutun-azalean):

a) Diru-laguntza eskatzen duen GGKEaren gaineko dokumentazioa, jatorrizkoa edo fotokopia konpultsatuak (dagoeneko Foru Komunitatearen eskuetan ez badago edo dokumentazioaren edukia aldatu bada):

a.1.-Nazioarteko Lankidetzarako Agentzia Espainiarraren GGKEen Erregistroan egin den inskripzioaren frogagiria, eta bereziki adierazirik Nafarroako Foru Komunitatearen lurraldean ordezkaritza ireki dela; aipamen horren ordez beste erregistro administratibo batek emandako ziurtagiri osagarria aurkezten ahal da, ordezkaritza hori badela egiaztatzen duena. Ziurtagiri horrek edo horiek gehienez urtebeteko antzinatasuna izan beharko du edo dute, deialdi hau argitara ematen den egunetik kontatua.

a.2.-Identifikazio Fiskaleko Txartela.

a.3.-Transferentzia bidez ordaintzeko eskaera, aurreko diru-laguntzak sartzeko bankuko kontua aldatu bada.

a.4.-Hirugarren oinarriko i) atalaren arabera onuradun izateko egoeretan ez dagoela dioen erantzukizuneko aitorpena.

Bi mikroekintza edo gehiagotarako diru-laguntza eskatuz gero, eskatzen duen GGKEari buruzko agiri guztiak eskabide batean bakarrik aurkeztuko dira, espresuki adierazita zeinetan dauden atxikirik.

b) Tokian tokiko bazkidearen edo erakundearen gaineko dokumentazioa:

b.1.-Estatutuak.

b.2.-Legezko eraketaren kreditazioa, proiektua egin behar den herrialdeko legeen araberakoa.

b.3-Legezko helbide osoa.

b.4.-Legezko ordezkariaren kredentzialak.

c) Mikroekintzari buruzko agiriak:

c.1.-Mikroekintzaren memoria, inprimaki ofizialean eta euskarri informatikoan.

c.2.-Mikroekintza burutzen deneko toki zehatzeko mapak (herrialdea, erregioa, departamentua, probintzia eta udalerria).

c.3.-Agiri grafiko, tekniko eta ekonomikoak (proforma fakturak, aurrekontu profesionalak, lurren peritazioa eta abar), eta mikroekintzaren ezaugarriez ongi jabetzeko eskaini nahi diren bestelako agiriak.

c.4.-Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako langileek mikroekintzako zikloaren edozein fasetan zuzenean edo zeharka parte hartuz gero, langile horien izen-deituren zerrenda, denboraldia eta mikroekintzan egin beharreko eginkizunak aurkeztu beharko dira; horrekin batera, pertsona horietako bakoitzaren erantzukizuneko aitorpena, beren lana mikroekintzaren esparruko zereginekin bateraezina ez dela dioena.

Zazpigarrena.-Instrukzioa.

a) Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusiak tramitatuko ditu eskaerak. Garapenerako Nazioarteko Lankidetza Zerbitzua izendatuko da organo instruktore. Horrexek egiaztatuko du diru-laguntzak hartzeko baldintzak betetzen direla, eta eskaerak ofizioz baloratuko ditu, oinarri hauen arabera.

b) Eskaerak identifikazio datuak biltzen ez baditu, eskaturiko diru-laguntzarenak, entitate eskatzailearenak eta/edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legeko 70. artikuluan aipatzen direnak, interesdunari eskatuko zaio, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeko 19.3 artikuluarekin bat, hamar egun balioduneko epean, hutsegiteak zuzendu edo aginduzko agiriak aurkeztu ditzala. Aditzera emanen zaio horrela egin ezik eskaera bertan behera utzi duela ulertuko dela, espedientea artxibatzeko ebazpena eman ondoren.

Zortzigarrena.-Diru-laguntzaren zenbatekoa baloratu eta zehaztea.

1. Eskaerak 0 puntutik 100 puntura bitarte baloratuko dira, irizpide objektibo hauek eta horien ponderazioa kontuan hartuz:

a) Gaitasun instituzionala (%20): kasuan kasuko herrialdeko bazkide edo erakundearen gaitasun operatiboa eta horren eta entitate eskatzailearen arteko harremanak baloratu nahi dira. Hona hemen baremoa:

a.1.-Tokian tokiko bazkidearen gaitasun operatiboa (12 puntu bitarte).

a.2.-Bi entitateen arteko harremana (8 puntu bitarte).

b) Ekintzaren kalitate teknikoa (%40): mikroekintzaren osagai teknikoak baloratuko dira. Hona hemen baremoa:

b.1.-Ekintzaren barne koherentzia (30 puntu bitarte).

b.2.-Gastuaren eragingarritasuna eta beharra (10 puntu bitarte).

c) I. Plan Zuzentzaileko zeharkako ildo sektorial, geografiko eta zeharkakoekiko egokitasuna (%40): Mikroekintza ildo estrategiko horiekin bat datorren baloratuko da. Hona hemen baremoa:

c.1.-Zeharkako ildoekin bat etortzea (30 puntu bitarte); mikroekintzak ildo hauetako behar beste elementu duen begiratuko da: pobrezia errotik erauztea (6 puntu bitarte), sexuen arteko berdintasuna bultzatzea (6 puntu bitarte), ingurumenaren iraunkortasuna bermatzea (6 puntu bitarte), giza eskubideak babestea, demokratizazioa eta kultura nortasuna errespetatzea (6 puntu bitarte) eta gizartea antolatzeko gaitasuna sortzea (6 puntu bitarte).

c.2.-Ildo sektorialekin bat etortzea. Egiaztatuko da mikroekintza bat datorren berari dagokion ildo sektorialerako Plan Zuzentzailean zehaztu diren helburu estrategikoetakoren batekin. (5 puntu bitarte).

c.3.-Giza Garapenaren Indizearen arabera lehentasunezkoak diren eremu geografikoekin bat etortzea. (5 puntu bitarte).

2. Diru-laguntzarako eskaera onartzeko, mikroekintzak gutxienez ere 50 puntu lortu beharko ditu guztira, eta horietatik 10 gutxienez Plan Zuzentzaileko zeharkako ildoekiko egokitasun irizpideei lotutakoak izanen dira.

3. Diru-laguntzaren zenbatekoa eskatutakoa adinakoa izanen da.

4. Positiboki baloraturiko eskaera guztiei dagokien zenbatekoak aurrekontuetan horretarako dagoen dirua gainditzen badu, lehentasun hurrenkera bat ezarriko da, balorazioan lorturiko puntuazioaren arabera, eta diru-laguntzak muga horretaraino banatuko dira.

Bederatzigarrena.-Entzunaldiaren tramitea.

Organo instruktoreak proposamen-txostena eman aurretik, interesdunei entzuteko tramitea egin daiteke, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 84. artikuluari jarraikiz.

Hamargarrena.-Ebazteko epea.

1. Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren zuzendari nagusiari dagokio aurkezten diren eskaeren gainean ebaztea, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen bidez eta Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 3ko 125/2007 Foru Dekretuari jarraikiz emandako ahalmenez baliatuz.

2. Deialdiaren gaineko ebazpenean diru-laguntzak hartzen dituzten eskatzaileak, diru-laguntzen helburua, zenbatekoa, pagatzeko modua eta justifikatzeko modua eta epea agertuko dira, eta beste eskaeren ezestea ere bai, Diru-laguntzei buruzko arazoaren 9ko 11/2005 Foru Legeko 21. artikuluan xedatu bezala.

3. Eskaerak ukatutzat joko dira, aurkezteko epea bete eta handik sei hilabetera ebazpen espresurik eman ez bada.

Hamaikagarrena.-Jakinarazpena.

Deialdiaren gaineko ebazpena banan-banan eta Nafarroako Atarian argitaratuz jakinaraziko zaie interesdunei.

Hamabigarrena.-Diru-laguntzaren aurrerakinak.

Ekonomia eta Ogasun Departamentuak berariaz baimenduz gero, diru-laguntzak emateko ebazpenean dirua aurretik ordaintzeko agintzen ahalko da.

Hamahirugarrena.-Diru-laguntzen justifikazioa.

1. 2010eko martxoaren 31 baino lehen, onuradunek azken txosten tekniko eta ekonomikoa aurkeztuko dute mikroekintzaren betetze mailaz, inprimaki ofizialean eta euskarri informatikoan. Garapenerako Nazioarteko Lankidetza Zerbitzuan eskuratzen ahalko da, edo Nafarroako ataritik jaitsi (www.cooperacion.navarra.es). Diru-laguntzak ematen dituen administrazioak betetzeko epea handiagoa izateko baimena emanez gero, kasuan kasuko baimenean xedatutakoak aginduko du.

2. Azken txostena justifikazio kontu baten gisakoa izanen da, eta osagai hauek izanen ditu:

a) Kontuan ageri diren datu guztiak egiazkoak direla dioen erantzukizuneko aitorpena, entitate onuradunaren legezko ordezkariak sinatua.

b) Jatorrizko agiria edo fotokopia konpultsatua, tokian tokiko bazkideari funtsak igorri zaizkiola frogatzeko, bai eta igortzea bankuko transferentzia bidez egiten bada aplikatutako truke tasak frogatzeko ere; bestelako kasuetan erantzukizuneko aitorpena, diru-laguntzaren onuraduna den GGKEaren legezko ordezkariak sinatua.

c) Erantzukizuneko aitorpena, tokian tokiko bazkidearen legezko ordezkariak sinatua, diru-laguntza herrialde onuradunean jaso dela ziurtatzen duena.

d) Mikroekintza gauzatzeari buruzko txosten teknikoa, eredu ofizialaren araberakoa.

e) Mikroekintzako dirusarreren eta gastuen balantzea.

f) Gastu guztien zerrendak, jardueren, gastu motaren eta finantzazio iturriaren arabera sailkatuak. Gastu bakoitzean honako kontu hauek agertuko dira: zerrendako agiri zenbakia, frogagiri zenbakia, eman zeneko eguna, igorlearen izena eta helbidea, eta haren identifikazio fiskalerako zenbakia edo antzekoa, kontzeptua, frogagiriaren testua (luzea izanez gero, laburtzen ahalko dena), pagatzeko modua, pagatu deneko diru mota eta zenbatekoa eurotan.

g) Beste edozein dokumentazio grafiko edo idatzi, borondatez eman nahi dena, diruz lagundutako mikroekintzaren exekuzioaren edo bilakaera onaren berri emateko.

3. Aurkezten diren gastu guztien frogagiriak entitate onuradunaren egoitzan edo bulegoan gorderik egonen dira, kasuan kasuko kontrol organoak egiaztatu ahal ditzan. Organo horrek laginen bidez aztertzen ahalko ditu.

Egiaztagiriak fakturak izanen dira, eta halakorik ezean, banku-laburpenak, hartu-agiriak, kaxako erregistroak, gastuen oharrak edo bestelako agiriak. Egiaztagiri horiek, betiere, zerrendan aipatzen diren datuak adierazi beharko dituzte eta ordainketa egin izana frogatu beharko dute.

Gastuak Espainian gertatuz gero, frogagiriak jatorrizko agiriak izanen dira; gainerakoan, fotokopiak, tokian tokiko bazkideak edo kontraparteak behar bezala kreditatuak.

Frogagiriak gaztelaniaz, euskaraz, ingelesez edo frantsesez ez badaude, gaztelaniara itzuli beharko dira.

4. Tokiko ekarpen gisa onartutako balioztatzeen kasuan, hamalaugarren oinarriko 3. puntuan xedatutakoari jarraituko zaio.

5. Diru-laguntzaren entitate onuradunaren tokian tokiko bazkidea nazioarteko erakunde bat baldin bada, proiektuko gastuen egiaztagiriak nazioarteko erakundeek ezartzen duten araudiarekin bat egindako kanpo auditoria bat aurkeztuz ordeztuko dira.

Hamalaugarrena.-Diruz laguntzen ahal diren gastuak.

a) Zuzeneko gastuak:

a.1.-Higiezinen alokairuak.

a.2.-Ondasun higiezinak eraiki edo berritzea, laneskua, obraren zuzendaritza, obretako lizentzia eta eraikuntzako tasa eta materialak barne.

a.3.-Ekipo materialak eta hornidurak, ibilgetuaren osagaiak erostea barne, lurrak eta eraikinak izan ezik, diru-laguntzaren xede den jarduerari atxikiak, hala nola, makinak, altzariak, ekipo informatikoak, garraiobideak eta bestelako ekipamendua; funtzionamenduan ongi hasteko beharrezkoak diren gastu osagarriak eta ekipoak igortzeko sortzen ahal direnak.

a.4.-Langileen gastuak, honako hauek barne: lansariak, gizarte aseguruak, ekintzari atxikiriko langileen entitatearen kontu, eta beste edozein aseguru, langileen izenean izenpetua.

Bi kategoria bereiziko dira:

a.4.1.-Herrialdeko langileak. Diru-laguntzaren xede den ekintza burutzen den eta haiek lanean ari diren herrialdeko lan arloko legeen mende daudenak, haien eginkizunei dagokien lan araubidearekin bat. Haien eginkizunak zuzenean ekintzari lotuak egonen dira.

a.4.2.-Langile erbesteratuak. Entitate onuradunekoak, Espainiako legeen mende daudenak eta ekintza burutzen deneko herrialdean lanean ari direnak. Haien eginkizunak zuzenean ekintzari lotuak egonen dira. Kontratu bidezko harremana izanen da eta Kooperantearen Estatutua errespetatu behar da.

a.5.-Bidaiak, ostatu-hartzea eta dietak. Langileen eta mikroekintzaren onuradun diren herritarren joan-etorrien gastuak dira, ekintza burutzeko behar direnak, hala nola: erregaiak, aseguruak, ekintza zehaztean berariaz identifikaturik eta haiei loturik dauden ibilgailuen mantentzea, bidaien gastuak, dietak eta, hala bada, ostatua hartzea.

a.6.-Jarduna. Ekintzaren eremuko ohiko gastuak (argindarra, ura, komunikazioak, mantentze-lanak eta segurtasuna, besteak beste).

b) Zeharkako gastuak.

Mikroekintzaren zeharkako kostuengatik diru-laguntzari %10eko edo hortik beherako zenbatekoa aplikatzen ahalko zaio. Zeharkako gastuak GGKE eskatzaileak dituen gastu administratiboak dira, alegia: langile, lokal eta bulegoko materialen gastuak eta bestelako gastu arruntak.

Gastuak frogatzeko, hamahirugarren oinarrian ezarritakoari jarraikiko zaio, frogatzeko zail diren gastuak izan ezik. Hala gertatuz gero, GGKE onuradunaren legezko ordezkariak gastu horien gaineko ziurtagiria egin beharko du. Ziurtagirian zenbatekoa, gastu motaren erreferentzia, diruz lagundutako mikroekintzarekiko lotura eta oinarri orokorren arabera ezin justifikatu izateko zergatikoak agertuko dira. Gainera, gastuaren frogagiriak aurkeztuko dira: fakturak, kontabilitatearen egoera-orri auditatuak edo gastua egiazki burutu dela frogatzen duten bestelako agiriak. Ziurtagiri horren bitartez justifikatuko den diru kopuruak ez du zeharkako gastuen %30 edo diru-laguntzaren %3 gaindituko.

2. Diru-laguntzen xede diren gastuak ekipamendu ondasunak erosteko edo aholkularitza edo laguntzako enpresek zerbitzuak emateko erabiltzen direnean, 12.000 eurotik goitikoak izanez gero eta Europar Batasunaren barruan kontratatuz gero, txosten gehigarri bat aurkeztuko da, hornitzaileak hautatzeko prozedurari eta irizpideei buruzkoa, gutxienez haietako hiruri eskatutako aurrekontuekin batera.

3. Nafarroako Gobernuaren diru-laguntzatik kanpoko ekarpen gisa onartuko dira onuradunen lurren, lokalen, ekipamenduen, materialen eta laneskuaren gaineko balioztatzeak, baldin eta aurrekontuan ageri diren jarduerei zuzenean lotuta badaude. Egiaztatu egin behar dira beste alderdiaren, mikroekintzaren onuradunen edo ondasunak eta/edo zerbitzuak ematen dituen entitatearen ziurtagiriarekin. Ziurtagiri horretan edo horri erantsita, ekarpena deskribatu eta horren zenbatekoa zehaztuko da, unitate kopurua, lan orduak, unitateko prezioa (hala badagokio) eta balioztatze osoa adieraziz. Balioztatzeak tokiko merkatuko prezioen araberakoak izanen dira eta, ekipamendu edo ondasunen kasuan, antzinatasuna hartu beharko da kontuan. Nolanahi ere, gainerako ekarpenak bezala kontrolatu beharko dira.

4. Gastu finantzarioak, notarioenak eta erregistrokoak eta bankuaren bermearenak diru-laguntzaren xede izaten ahalko dira, jarduerari zuzenean lotuak badaude eta hura prestatu edo burutzeko ezinbestekoak badira.

5. Nafarroako Gobernuaren diru-laguntzaren etekin finantzarioak diru-laguntzaren zenbatekoari gehituko zaizkio eta diru-laguntzaren xede den jarduerari ere aplikatuko zaizkio.

Hamabosgarrena.-Azpikontratazioa.

Entitate onuradunak edo hango bazkideak ekintzaren zati baten gauzatzea hirugarrenekin azpikontratatzen ahalko du, diruz lagundutako aurrekontuaren %15ari dagokiona, gehienez, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 26. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Hamaseigarrena.-Betebeharrak.

Mikroekintza baterako diru-laguntza jasotzen duten entitateek betebehar hauek izanen dituzte:

a) Mikroekintza diru-laguntza emateko baldintzetan xedatu bezala burutzea. 2009ko urtarrilaren 1etik 2009ko abenduaren 31ra bitarte egiten ahalko da. Exekuzio epea betetzeko eragozpen larriak sortzen dituen egoeraren bat izanez gero, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 49. artikuluan ezarritako moduan jokatuko da.

b) Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuaren baimena eskatu eta lortzea diru-laguntzaren xede den ekintzan aldaketak egin ahal izateko, ekintza hori burutzen ari den bitartean entitate onuradunaren herrialdean edo egoitzan ekintza garatzea eragotzi edo zailtzen duten gorabeherak gertatzen direnean; funtsezko aldaketak helburuak, emaitzak, xede-populazioa, kokagunea eta herrialdeko bazkidea ukitzen dituztenak izanen dira bakarrik, bai eta kontu-sailen arteko aldaketak, orotara emandako diru-laguntzaren %20 baino gehiago egiten dutenak. Ekintza betetzen ari dela gertatzen diren gainerako gorabehera eta aldaketak azkeneko txostenean jakinaraziko dira, arrazoiturik.

c) Nafarroako Gobernuaren diru-laguntzaren bidez erosten diren material, ekipo eta hornidura guztiak ekintza burutzen den herrialdean eta bertako produktuen bidez erosiko dira. Betebehar hori betetzerik ez bada, idazki baten bidez, arrazoiak azaldurik, Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusiaren baimena eskatu beharko da.

d) Nafarroako Gobernuaren diru-laguntza esleitu ondoren, helburu bererako edozein erakunde publiko edo pribaturi eskatu eta horrek emandako diru-laguntzen zenbatekoa jakinaraztea.

e) Bestetik herrialdeko bazkide edo erakundeari diru-laguntzaren iturriaren berri zehatza ematea.

f) Organo emailearen aurrean betebeharrak eta baldintzak bete direla, diru-laguntzaren xede den jarduera egin dela eta diru-laguntza hartzeko helburua lortu dela justifikatzea, deialdiko hamahirugarren oinarrian aipatzen den azkeneko txostenaren bidez.

g) Diru-laguntzak ematen dituen ebazpenaren proposamena egin orduko, Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak eta zergen gainekoak eguneratuak edukitzea.

h) Nafarroako Gobernuari laguntza ematea proiektuaren garapenaren berri ematen, Nafarroako herritarrak garapenerako lankidetzaren arloan sentsibilizatzearren.

i) Proiektuaren publizitate eta hedatze guztietan diru-laguntza norena den adieraztea. Hedakuntza lana idatzia edo grafikoa baldin bada, Nafarroako Gobernuaren logotipoa erabiliko da, Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera arautzen duen maiatzaren 3ko 189/2004 Foru Dekretuak xedatzen duen moduan. Diru-laguntzaren onuradunen logotipoaren tamaina berean eta berdin ikusteko moduan agertu beharko du.

j) Organo emaileak eginen dituen egiaztapenak eta kontrol organo eskudunek egin ditzaketen egiaztapen eta kontrol finantzarioak onartzea eta jarduketa horietan eskatzen zaizkien argibide guztiak ematea. Bereziki, hamahirugarren oinarriko 3. idatz-zatian aipatzen diren gastuen frogagiriak organo emailearen esku uztea, eskatuz gero. Horrela egin ezik, ulertuko da Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeko 42. artikuluko 1.1.f) idatz-zatia hautsi dela.

k) Jasotako diruaren erabilpenari buruzko frogagiriak gordetzea, egiaztatze eta kontrol lanak egin ahal izateko.

l) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeko 35. artikuluan eta deialdi honetako hamazazpigarren oinarrian aipatzen diren kasuetan, hartutako funtsak itzultzea, berandutzagatik dagozkion legezko interesak barne.

m) Ondasun inbentariagarriak erosi, eraiki, zaharberritu eta hobetuz gero, onuradunek ondasun horiek diru-laguntzaren xede den helbururako erabili beharko dituzte, gutxienez ere zazpi urtez erregistro publikoetan inskribatzen ahal diren ondasunak badira, eta bi urtez bestelakoak badira.

Hamazazpigarrena.-Ez-betetzeak.

1. Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. eta 37. artikuluetan aipatzen diren kasuetan eta bertan ezartzen diren baldintzetan, diru-laguntzen onuradunek hartutako dirua itzuli beharko dute.

2. Diru-laguntza emateko aintzat harturiko inguruabar, betebehar eta baldintzak aurreko oinarrian aipatzen den baimen administratiboa izan gabe aldatuz gero, ez-betetzat joko da.

3. Ez-betetzeak mailakatzeko honako hauek hartuko dira kontuan:

-Mikroekintzaren betetze maila, arlo teknikoari eta aurrekontuei dagokienez.

-Aldez aurretik baimen administratiboa eduki gabe egindako aldaketen zenbatekoa eta nolakoa.

-Frogatutako arrazoirik gabe egindako aldaketa ez-funtsezkoen kopurua eta munta.

4. Aurreko atalean ezartzen dena ezertan galarazi gabe, lege-hauste eta zehapenei dagokien guztian, azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluak eta hurrengoek eta Garapenaren aldeko lankidetzari buruzko martxoaren 9ko 5/2001 Foru Legearen VII. kapituluak xedatzen dutena hartuko da aintzat.

Hemezortzigarrena.-Errekurtsoak.

Deialdiaren oinarrien kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, baita deialdia aplikatzeko egintzen kontra ere, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Iragarkiaren kodea: F0817210