144. ALDIZKARIA - 2008ko azaroaren 26a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

401/2008 FORU AGINDUA, azaroaren 4koa, Gizarte Ongizate, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariak emana, Nafarroako Adinekoen Kontseilua berritzeko prozedura garatzen duena.

Azaroaren 24ko 344/1997 Foru Dekretuaren bidez Nafarroako Adinekoen Kontseilua sortu zen, 65 urtetik gorako pertsonen eta adinekoekin diharduten entitate eta elkarteen partaidetzarako eta haien eskubideak defendatzeko gunea izan zedin, sektore horretako herritarren ongizatea xede duten politika eta jarduketak planifikatu, gauzatu eta haien jarraipena egiten laguntzeko.

Aipatu foru dekretuaren 1.2 puntuaren arabera Nafarroako Adinekoen Kontseilua Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren organo kolegiatu aholku-emailea da eta gizarte zerbitzuen arloan eskumena duen departamentuari atxikita dago.

Gizarte Ongizate, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariak abuztuaren 16an emandako 104/2004 Foru Aginduaren bidez Nafarroako Adinekoen Kontseilua berritzeko prozedura garatu zen.

Maiatzaren 7ko 39/2007 Foru Dekretuaren bidez Nafarroako Adinekoen Kontseilua sortzeko azaroaren 24ko 344/1997 Foru Dekretua aldatu zen. Aipatu foru dekretuaren xedapen indargabetzaileak abuztuaren 16ko 104/2004 Foru Dekretua indargabetu zuen bertan ezarritakoari aurka egiten dion guztian.

Aldaketa hori adineko pertsonek kontseilu horretan parte-hartze handiagoa izateko gogotik sortu zen, organo horrek esparru horretako entitate eta elkarteetako ordezkarien heterogeneotasun handiagoa lortzeko. Halaber, egoki jo zen kontseilu horren antolaketaren alderdi zehatz batzuk ezarri edo/eta aldatzea, kide anitzeko organoak hobeki funtzionatze aldera. Beharrezkotzat ere jo zen kontseiluaren funtzioak berriz zehaztea, departamentuari atxikitako organo kolegiatuen egungo errealitatetik hurbilago egon zitezen.

Aipatu foru dekretuak bere 1., hiru eta lau artikuluetan azaroaren 24ko 344/1997 Foru Dekretuaren 4. eta 5. artikuluak aldatzen ditu, kontseiluko kide diren pertsonen osaera, izendapena eta berritzeari buruzkoak.

Maiatzaren 7ko 39/2007 Foru Dekretuaren lehenengo azken xedapenak Gizarte Ongizate, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariari ahalmena ematen dio foru dekretu hau garatzeko behar diren xedapenak eman ditzan.

Agintaldiaren iraupenerako ezarritako epea bukaturik, bidezko da kontseilukide berriak izendatzeko prozeduraren alderdi batzuk zehaztea.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen bidez eta Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 3ko 125/2007 Foru Dekretuaren bidez eskuratu ditudan eskurantzen arabera,

AGINDU DUT:

1. Azaroaren 24ko 344/1997 Foru Dekretuaren 4. eta 5. artikuluetan araututako Nafarroako Adinekoen Kontseilua berritzeko prozedura garatzen dutek arauak onestea, foru agindu honen eranskinarekin bat.

2. Nafarroako Adinekoen Kontseilua berritzeko prozedura garatzen duen Gizarte Ongizate, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariak abuztuaren 16an emandako 104/2004 Foru Agindua indargabetzea.

3. Foru agindu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara eman eta biharamunean hartuko du indarra.

4. Ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzeko agintzea, eta hurrengo hauei igortzea: Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuko Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusiari eta Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiko Administrazio Aferetarako Bulegoari eta Nafarroako Mendekotasun Agentziari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2008ko azaroaren 4an.-Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilaria, María Isabel García Malo.

ERANSKINA

Nafarroako Adinekoen Kontseilua berritzeko prozedura arauak

1. artikulua.

Gehienez zazpi ordezkari egonen dira, adinekoen elkarteek edo elkarte taldeek proposatuak, eta honela hautatuko dira:

1. Elkarte edo elkarte talde bakoitzak gehienez hautagai bat aurkeztuko du. Horretarako frogatu beharko du, hautagaia aurkezteko egunean, gutxienez, 65 urtetik gorako bi mila kide dituela, helburu horretarako entitateko idazkariak luzatuko duen egiaztagiri baten bidez. Elkarte taldeen kasuan, horretaz gain, elkarte bakoitzeko zuzendaritza batzordeak horren gainean lortutako erabakiaren egiaztagiria aurkeztuko da.

2. Hautagaitzak idatziz aurkeztu beharko dira 5. artikuluan ezarritako epean, Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusiaren bulego nagusietan, (González Tablas 7), kasuan kasu behar diren agiriekin batera.

3. Hautagaiek baldintza guztiak betetzen dituztela, zerrenda epe eta modu egokian aurkeztu dela eta ordezkatzen duten elkarteak Departamentuaren Gizarte Zerbitzuen Erregistroan inskribaturik daudela egiaztatu ondoren, Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusiko iragarki oholean jarriko da ordezkari izateko aurkeztu diren hautagaien zerrenda.

4. Baztertutako hautagaiek alegazioak aurkezten ahalko dituzte 10 egun balioduneko epean, iragarki oholean argitara ematen denetik aitzina. Alegazioak aurkezteko epea bukatu eta hiru egun balioduneko epean ebatziko dira, eta aurreko lerroaldeko arauei jarraikiz onartu edo ezetsiko dira.

5. Zazpi hautagai edo gutxiago proposatuz gero, denak izendatuko dira kontseiluko kide.

Proposatutako hautagaiak zazpi baino gehiago izanez gero, deituko zaie haietatik zazpi aukeratzeko. Kontuan hartuta ordezkatzen duten boto kopurua, aukeratuko dira boto gehien eskuratzen dituztenak. Hautagairik zaharrenak bozketaren akta prestatuko du.

2. artikulua.

Adinekoen arloan diharduten zentroek eta zerbitzuek proposatuta bi kideren postua beteko duten pertsonak hautatzeko honako hau eginen da:

1. Adinekoen arloan diharduen zentro eta zerbitzu bakoitzak hautagai bat aurkeztu ahalko du, gehienez. Horretarako, adinekoen arloan diharduten zentro eta zerbitzutzat hartuko dira ondokoak: zahar etxeak (psikogeriatrikoak, laguntza behar dutenendakoak, berez baliatzen direnendakoak, mistoak), jantokiak, talde-etxebizitzak, babespeko apartamentuak, eta erretiratuen elkarte eta etxeak.

2. Hautagai zerrendak idatziz aurkeztu dira, 5. artikuluan ezarritako epean, Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusiaren bulego nagusietan, (González Tablas 7).

3. Zerrendak epe eta modu egokian aurkeztu direla eta ordezkatzen dituzten zentro eta zerbitzuak Departamentuaren Gizarte Zerbitzuen Erregistroan inskribatuta daudela egiaztatu ondoren, Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusiko iragarki oholean jarriko da ordezkari izateko aurkeztu diren hautagaien zerrenda.

4. Baztertutako hautagaiek alegazioak aurkeztu ahalko dituzte 10 egun balioduneko epean, iragarki oholean argitaratzen denetik aurrera. Alegazioak aurkezteko epea bukatu eta hiru egun balioduneko epean ebatziko dira, eta aurreko lerroaldeko arauei jarraiki onartu edo ezetsiko dira.

5. Bi hautagai edo gutxiago proposatuz gero, kontseiluko kide izendatuko dira.

Proposatutako hautagaiak bi baino gehiago izanez gero, deituko zaie haietatik zazpi aukeratzeko eta boto gehien eskuratzen dituztenak aukeratuko dira. Hautagairik zaharrenak bozketaren akta prestatuko du.

3. artikulua.

Adinekoen arloarekin harreman zuzena duten zientzia elkarteek proposatuta, kide izenan den pertsona honela hautatuko da:

1. Zientzia elkarte bakoitzak gehienez hautagai bat aurkeztuko du. Helburu hori dela eta, zientzia elkartetzat hartuko dira adinekoen esparruarekin harreman zuzena dutenak. Egiaztagiri modura estatutuen kopia gaurkotua aurkeztu beharko dute, baldin eta gizarte zerbitzuen arloko eskumena duen departamentun ez badaude jada.

2. Hautagaien zerrendak idatziz aurkeztuko dira, 5. artikuluan ezarritako epean, Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusiaren bulego nagusietan (González Tablas 7).

3. Zerrendak epe eta modu egokian aurkeztu direla eta ordezkatzen dituzten zientzia elkarteek aurreko lerroaldean ezarritako baldintzak betetzen dituztela egiaztatu ondoren, Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusiko iragarki oholean jarriko da ordezkari izateko aurkeztu diren hautagaien zerrenda.

4. Baztertutako hautagaiek alegazioak aurkeztu ahalko dituzte 5 egun balioduneko epean, iragarki oholean argitara ematen denetik aitzina. Alegazioak aurkezteko epea bukatu eta hiru egun balioduneko epean ebatziko dira, eta aurreko lerroaldeko arauei jarraikiz onartu edo ezetsiko dira.

5. Hautagai bakarra proposatzen bada, kontseiluko kide izendatuko da.

Hautagai gehiago proposatuz gero, deituko zaie haietatik boto gehien eskuratzen dituena aukeratzeko. Hautagairik zaharrenak bozketaren akta prestatuko du.

4. artikulua.

Aurreko kasuetako edozeinetan, elkarteek, elkarteen batasunek, zentroek edo interesa duten zerbitzuek hautagairik aurkezten ez badute, edo izendatutako pertsonak kide kopurua baino gutxiago badira, gizarte zerbitzuen arloko departamentuko kontseilariak proposatuta, izendatzen ahalko ditu bete gabeko postu horietan aritzeko, Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren zuzendari nagusiak proposatuta, aipatutako arloekin zuzenean lotutako pertsonen artetik.

5. artikulua.

1. Aurreko artikuluetan aipatzen diren hautagaien zerrendak foru agindu hau argitaratu eta biharamunetik 15 egun naturaleko epean aurkeztu beharko dira.

2. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren zerbitzuko langileei dagozkien hiru kideek, eta adinekoen elkarte edo elkarte taldeen artean gizarte zerbitzuen arloko eskumena duen departamentuko kontseilariaren izendapen libreaz izendatutako 5 pertsonek kargua utzi beharko dute aipatu kontseilariak hala agintzen duenean.

3. Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak Toki Korporazioetako kideen artean izendatutako pertsonak eta ordezkaritza handiena duten sindikatuek haien kideen artean izendatutako erretiratuek kargua utzi beharko dute izendatu dituzten erakundeek hala agintzen dutenean.

6. artikulua.

Hautagai guztiak izendatu ondoren, gizarte zerbitzuen arloko eskumena duen departamentuko kontseilariak postu bana esleituko die.

Kontseilu berriaren lehen bileran ondokoei dagozkien kideetatik pertsona bat hautatuko da bigarren lehendakariorde aritzeko:

-Adinekoen elkarte edo elkarte taldeak.

-Adinekoen arloan diharduten zerbitzuetako entitate titularrak.

-Ordezkaritza handiena duten sindikatuak.

Iragarkiaren kodea: F0817269