143. ALDIZKARIA - 2008ko azaroaren 24a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

576/2008 FORU AGINDUA, azaroaren 4koa, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak emana, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak azaroaren 13an emandako 489/2007 Foru Aginduan ezarritako laguntzak osatzeko laguntzak ezartzen dituena. Foru agindu horren bidez Nafarroako Foru Komunitateko abeltzaintzako ustiategiei "de minimis" araubideko laguntzak emateko 2007. urteko aparteko deialdia onetsi eta haren oinarri arautzaileak ezarri ziren.

Nafarroako Foru Komunitateko abeltzaintzako ustiategientzako "de minimis" araubideko larrialdiko laguntzak, 2007. urterakoak, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak azaroaren 13an emandako 489/2007 Foru Aginduaren bidez arautu ziren. Foru agindu hori 2007ko 146. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, azaroaren 23an.

1.163 eskaera aurkeztu ziren, eta horietatik 40 ezetsi ziren, baldintzak ez betetzeagatik. Horrenbestez, 1.123 laguntza eskaera onartu eta ordaindu ziren Nekazaritza eta Abeltzaintza zuzendari nagusiaren abenduaren 13ko 1063/2007 Foru Aginduaren bidez (927 onuradun eta 1.521.714 euro) eta Nekazaritza eta Abeltzaintza zuzendari nagusiaren abenduaren 20ko 1075/2007 Ebazpenaren bidez (196 onuradun eta 333.111 euro).

Batzordeak 2007ko abenduaren 20an emandako 1535/2007 EE Erregelamenduak, EB Itunaren 87. eta 88. artikuluak nekazaritza produktuen ekoizpenaren sektorearentzako "de minimis" laguntzei aplikatzeari buruzkoak, 3.2 artikuluan ezartzen du enpresa bati ematen ahal zaizkion "de minimis" laguntzen diru-zenbatekoa ezin izanen dela 7.500 eurotik gorakoa izan 3 zergalditan (lehengo diru-muga 3.000 eurokoa zen). 6. artikuluan, hots, xedapen iragankorrean, ezartzen du erregelamendu hori 2008ko urtarrilaren 1a baino lehen emandako laguntzei aplikatuko zaiela.

Erregelamendu berri hori aplikatuz, beste deialdi bat egitea proposatua da 489/2007 Foru Aginduaren bitartez "de minimis" muga berria aplikatuz gero egokituko zitzaien laguntza guztia jaso ez zuten onuradunek eta diru-muga horretara iristeagatik eskaera ez aurkeztea erabaki zutenek laguntza osagarri hauek eskatzerik izan dezaten. Dena dela, bi deialdietako zenbatekoak baturik, gehienez 3.000 euroko muga ezartzen da laguntza bakoitzerako, aurrekontuetako arrazoiengatik.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 3ko 124/2007 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskumenak erabiliz.

Foru agindu honi Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea aplikatuko zaio.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren 489/2007 Foru Aginduaren bidez onetsitako laguntzen deialdia osatuko duten laguntzen deialdia onestea. Foru agindu horren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko abeltzaintzako ustiategiei "de minimis" araubideko laguntzak emateko 2007ko deialdia onetsi zen.

2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea. Oinarri horiek foru agindu honen eranskinean daude.

3. 184.500 euroko gastua baimentzea foru agindu honetatik sortutako gastu konpromisoetarako, 2008ko Gastuen Aurrekontuko "Abeltzaintza sektorearentzako larrialdiko diru-laguntzak" izeneko 711001-71310-4700-412210 kontu-sailaren kargura.

4. Foru agindu hau eta bere eranskina Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

Iruñean, 2008ko azaroaren 4an.-Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilaria, Begoña Sanzberro Iturriria.

ERANSKINA

2007. urtean Nafarroako Foru Komunitateko abeltzaintzako ustiategiei "minimis" araubideko laguntzak emateko aparteko deialdiko laguntzak osatzeko laguntzen deialdiaren oinarri arautzaileak

Lehenbizikoa.-Xedea.

1. Laguntza hauen helburua abeltzaintzako ustiategiei emandako aparteko laguntzak osatzea da, aurrekontuetako mugen barrenean betiere, garai hartan indarra zuten "minimis" mugak zirela kausa orain egokituko litzatekeen diru-zenbatekoa jaso ez zuten onduradunek osagarri bat jaso ahal izateko.

2. Laguntza hauek "de minimis" araubidearen mendean daude (Batzordeak abenduaren 20an emandako 1535/2007 EE Erregelamendua, Europar Batasunaren Itunaren 87. eta 88. artikuluak nekazaritza produktuen ekoizpenaren sektorearentzako "de minimis" laguntzei aplikatzeari buruzkoa).

Bigarrena.-Onuradunak.

1. Honako hauek izan daitezke laguntzen onuradunak: Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren azaroaren 13ko 489/2007 Foru Agindua argitaratu zen egunean, nekazaritzako ustiategi baten titularrak izanik, ogibide nagusia nekazaritza zutenak, pertsona fisikoen kasuan, edo lehentasunezko ustiategi bat zutenak, pertsona juridikoen kasuan. Foru agindu horren bidez Nafarroako Foru Komunitateko abeltzaintzako ustiategiei "de minimis" araubideko laguntzak emateko 2007. urteko aparteko deialdia onetsi zen eta haren oinarri arautzaileak ezarri ziren.

2. Diru-laguntzarako eskubidea duten ustiategien ekoizpenaren orientazioak ondokoak izan daitezke:

a) Ardi-aziendaren eta ahuntz-aziendaren ustiategiak.

b) Umetarako untxien ustiategiak.

c) Umetarako zerramen ustiategiak.

Hirugarrena.-Diru-laguntzaren zenbatekoa.

1. Ondoko baremoak erabiliko dira laguntzen zenbatekoa kalkulatzeko:

a) Ardi-aziendaren eta ahuntz-aziendaren ustiategiak: 7 euro umetarako ardi edo ahuntz heldu bakoitzeko.

b) Umetarako untxien ustiategiak: 4 euro umetarako untxien plaza bakoitzeko.

c) Umetarako zerramen ustiategiak: 12 euro umetarako zerrama bakoitzeko.

2. Umetarako aziendari buruzko datuak Abeltzaintzako Ustiategien Erregistroaren datu-basean erregistratutako errolda ofizialetatik lortuko dira, 2007ko urriaren 10eko datuei erreparatuta.

3. Onuradun bakoitzarentzako gehieneko laguntza ezin da 3.000 eurotik gorakoa izan, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren 489/2007 Foru Aginduaren arabera jasotako laguntzak eta foru agindu honetako laguntza osagarriak baturik.

4. "De minimis" araubidean edozein onuraduni ematen zaizkion laguntzak ezin dira 7.500 eurotik gorakoak izan hiru urteko epean, Batzordeak 2007ko abenduaren 20an emandako 1535/2007 EE Erregelamenduaren arabera (Europar Batasunaren Itunaren 87. eta 88. artikuluak nekazaritza produktuen ekoizpenaren sektorearentzako "de minimis" laguntzei aplikatzeari buruzko Erregelamendua).

Laugarrena.-Eskaerak aurkezteko epea.

1. Eskaerak Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Erregistroan aurkeztuko dira. Halaber, Nafarroako Gobernuko gainerako erregistroetan aurkezten ahalko dira, edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan biltzen diren tokietako edozeinetan.

2. Eskaerak aurkezteko epea hamabost egun naturaleko izanen da, foru agindu hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara eman eta hurrengo egunetik kontatzen hasita.

3. Nafarroako Foru Komunitateko abeltzaintzako ustiategiei "de minimis" araubideko diru-laguntzak emateko 2007. urteko aparteko deialdia onetsi eta haren oinarri arautzaileak ezarri zituen Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren azaroaren 13ko 489/2007 Foru Aginduaren deialdiko laguntzak eskatu zituztenek ez dute foru agindu honetarako beste eskaerarik egin beharrik. Izan ere, ordainketa osagarria egiteari begira, haien eskaerak aurkeztutzat hartuko dira.

Bosgarrena.-Laguntza emateko prozedura.

Diru-laguntzak banakako ebaluazioaren bidez emanen dira.

Seigarrena.-Ebaluazio organoa.

Eskaerak Abeltzaintza Zerbitzuak ebaluatuko ditu.

Zazpigarrena.-Deialdia antolatu, tramitatu eta ebaztea.

1. Eskaera jasotzen denean egiaztatuko da eskatzailea onuradun izan daitekeen, 2. oinarrian ezarritakoari jarraikiz.

2. Eskaera ebaluatu ondoren, Abeltzaintza Zerbitzuak ebazpen proposamena eginen du.

3. Nekazaritza eta Abeltzaintza zuzendari nagusiak diru-laguntzak eman eta ordaindu edo ukatzearen gainean ebatziko du, arrazoiak emanda.

4. Prozeduraren gainean ebazteko epea 2 hilabetekoa izanen da. Epea espresuki ebazpenik gabe bukatzen bada, eskaera ezetsitzat joko da.

Zortzigarrena.-Onuradunen betebeharrak.

Onuradunak Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebeharrak izanen ditu. Gainera, abeltzaintzako ustiategia funtzionamenduan izan beharko dute gutxienez 2008. urtean zehar.

Bederatzigarrena.-Diru-laguntzen bateragarritasuna.

Foru agindu honen bitartez ematen diren laguntzak helburu bererako ematen diren gainerako laguntzekin bateragarriak izanen dira.

Hamargarrena.-Deialdiaren aurkako errekurtso administratiboak.

Deialdi honen eta oinarri arautzaileen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

Hamaikagarrena.-Emandako diru-laguntzen publizitatea.

Deialdi honetako laguntzak hartzen dituztenen zerrenda Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko iragarki oholean argitaratuko da, Iruñeko Tutera kaleko 20an.

Iragarkiaren kodea: F0816935