142. ALDIZKARIA - 2008ko azaroaren 21a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

204/2008 EBAZPENA, urriaren 17koa, Garraio zuzendari nagusiak emana, Nafarroako Foru Komunitatean, errepide bidezko hiriarteko bidaiari garraioko zerbitzu erregularretan txartelaren prezioa %30 gutxitzen duena, Garraiorako Gazte Txartelaren titularrak diren 16 urtetik 25 urtera bitarteko gazteendako.

Lurreko Garraioen Antolamenduari buruzko uztailaren 30eko 16/1987 Legeak, 19. artikuluko orotariko arauaren lehen idatz-zatian, ezartzen du garraio publikoko tarifek egiazko kostu guztiak estali beharko dituztela eta laugarren idatz-zatian hauxe xedatzen du: "salbuespen gisa, horretarako zergatiko ekonomiko edo sozialik bada, erabiltzaileak pagatu beharreko tarifak merkeagoak izaten ahalko dira, puntu horretan xedaturikoaren aplikazioaren ondoriozkoak baino, eta diru-ordainerako araubide berezia ezarriko da, edo administrazio ukitu edo interesdunek enpresak sostengatzeko bestelako formulak".

Bestaldetik, lege horren 20. artikuluaren lehen idatz-zatiak xedatzen duenez, Administrazioak, horretarako zergatiko sozialak daudenean, zerbitzu publikoko eginbeharrak ezartzen ahalko dizkie bidaiari zerbitzu erregularren enpresa titularrei eta, bigarren idatz-zatian, Administrazioa behartzen du zerbitzu publikoaren eginbeharraren kostuagatik enpresei ordaintzera.

Gazteei Nafarroako Foru Komunitatean joan-etorriak erraztu eta giza talde horretan garraio publikoaren erabilera sustatzearren, ebazpen honen bidez, Nafarroako Foru Komunitatean, errepide bidezko hiriarteko bidaiari garraioko zerbitzu erregularretan txartelaren prezioa %30 gutxitzen da, Garraiorako Gazte Txartelaren titularrak diren 16 urtetik 25 urtera bitarteko gazteendako.

Horrenbestez, Herri Lan, Garraio eta Komunikazio kontseilariak martxoaren 1eko 230/2005 Foru Aginduak emandako ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Nafarroako Foru Komunitatean, errepide bidezko hiriarteko bidaiari garraioko zerbitzu erregularretan txartelaren prezioa %30 gutxitzea, Garraiorako Gazte Txartelaren titularrak diren 16 urtetik 25 urtera bitarteko gazteendako.

Gutxitze hori Nafarroatik abiatzen edo horra joaten diren errepide bidezko hiriarteko bidaiari garraioko zerbitzu erregularrei aplikatuko zaie, Nafarroako Foru Komunitatean barnako ibilbide tarterako.

Gutxitze hori bakarrik aplikatuko zaie errepide bidezko erabiltzaile guztiendako garraio publiko erregular iraunkorreko kontzesioei eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren titulartasuneko baimen administratibo bereziei.

Ebazpen honen bidez ezarririko gutxitzea ezin zaie batu bestelako gutxitzeei, familia ugarienari izan ezik. Kasu horretan, garraiorako gazte txartelaren ondoriozko gutxitzea familia larrien gutxitzearen ondoriozko txartelaren prezioari aplikatuko zaio.

2. Gutxitze horretarako eskubidea titularrak garraiorako gazte txartela erabiliz frogatuko du, Nafarroako Foru Komunitateko Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak luzatua, eranskin honen I. eranskinarekin bat.

3. Lurreko Garraioen Antolamenduari buruzko uztailaren 30eko 16/1987 Legearen 19. eta 20. artikuluekin bat, Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren titulartasuneko errepide bidezko hiriarteko bidaiari garraioko zerbitzu erregularren kontzesioen enpresa esleipen-hartzaileei ezarriko die garraiorako gazte txartelaren titularrei txartelaren prezioa %30 gutxitu beharra, 2008ko urriaren 20tik aurrera, eta departamentuari gutxitze horregatik esleipen-hartzaileei ordaindu beharra ezarriko die.

4. Ebazpen hau Garraioen Plangintza eta Araubide Juridikoaren Zerbitzuari eta Garraioen Antolamendu eta Kudeaketaren Zerbitzuari jakinaraztea.

5. Ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

6. Ebazpen honek ez du bide administratiboa agortzen eta honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute partikulurrek, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik aitzina.

Iruñean, 2008ko urriaren 17an.-Garraio zuzendari nagusia, Susana Labiano Bastero.

I. ERANSKINA

Garraiorako garraio txartela

1. Garraiorako gazte txartelaren titularrak.

16 urtetik 25 urtera bitarteko gazteak izaten ahalko dira txartel honen titularrak, Nafarroan erroldaturik badaude.

2. Eskabideak eta ebazpena.

1.-Garraiorako gazte txartela eskuratzeko eskabideak ereduaren araberako inprimakietan aurkezten ahalko dira, Garraioen Plangintza eta Araubide Juridikoaren Zerbitzuan, Iruñeko Yanguas y Miranda kaleko 5ean. Eredua II. eranskinean ageri da. Nafarroako Gobernuaren www.cfnavarra.es/ webgunean ere eskuratzen ahal da.

Eskabideak Garraioen Plangintza eta Araubide Juridikoaren Zerbitzura igorriko dira eta Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentu erregistroan (Iruñeko San Ignazio etorbidea, 3, behea, Iruña) edo ekainaren 24ko 137/2002 Foru Dekretuan aipaturiko Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorreko edozein bulegotan nahiz Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan adierazitako erregistro edo bulegoetan aurkezten ahalko dira.

3.-Eskabidearekin batera interesdunek agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

a) Nortasun txartelerako argazki bat, berriki egina.

b) Nortasun Agiri Nazionalaren edo baliokidearen fotokopia bat.

c) Erroldatze ziurtagiria, Nafarroako Foru Komunitateak luzatua, eskabidea aurkeztu baino hiru hilabete lehenagokoa, gehienez.

Eskabideak eskatzen diren betebeharrak betetzen ez baditu, eskatzaileari eskatuko zaio hamar egun balioduneko epean akatsak zuzendu edo behar diren agiriak aurkeztu ditzala. Aditzera emanen zaio, horrela egin ezik, bere eskaera bertan behera utzi duela ulertuko dela, Garraio zuzendari nagusiak ebazpena eman ondoren.

4.-Garraio zuzendari nagusiak bi hilabeteko epean ebatziko du eskabideen gainean. Epealdi horretan eskatzaileari garraiorako gazte txartela jakinarazi ezik, eskabideak administrazioaren isiltasunaren bidez ezetsi direla ulertuko da.

Txartela ukatzen duen ebazpenaren kontra interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko dute Herri Lan, Garraio eta Komunikazio kontseilariaren aurrean, ebazpen jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

3. Garraiorako gazte txartelaren iraupena.

Garraiorako gazte txartelak hiru urtez balioko du, luzatzen den egunetik hasita. Betiere titularrak 26 urte betetzean bukatuko da indarraldia.

4. Garraiorako gazte txartelean agertuko diren datuak.

Garriorako gazte txartelean datu hauek agertuko dira:

-Txartel zenbakia.

-Titularraren argazkia.

-Titularraren izen-deiturak.

-Titularraren nortasun agiri nazionalaren edo agiri baliokidearen zenbakia.

-Balio eguna.

5. Txartela berritzea.

1.-Balioaldia bukatzean edo ostu, apurtu edo galtzean eskatzen ahalko da garraiorako gazte txartela berritzea.

Berritu ahal izateko, interesdunak luzatzeko eskatu zitzaizkion agiriak aurkeztu beharko ditu.

Txartel berriak aurrekoaren zenbaki bera izanen du.

2.-Balioaldia bukatu delako berritu ahal izateko, interesdunak balioaldia bukatu baino hiru hilabete lehenago aurkeztu beharko du, txartela epea bukatu aitzin eduki ahal izateko.

6. Erabiltzeko baldintzak.

Txartelaren prezioa %30a gutxitu ahal izateko, errepide bidezko hiriarteko bidaiari garraioko zerbitzu erregularren enpresa kontzesiodunek saltokietan txartela banatzean eskatuko dute aurkez dadila garraiorako gazte txartela.

Garriorako gazte txartela banakako eta pertsonala da, ezin zaio inori utzi eta emaniko txartelaren prezioa gutxitzeko eskubidea titularrari bakarrik ematen dio.

Garraiorako gazte txartelen titularrak behartuak daude bidaian aurkeztera, garraio zerbitzuan diharduen enpresako langileek edo Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuko ikuskapen zerbitzuek eskaturik.

7. Gaizki erabiltzea.

Txartela gaizki erabiliz gero, bertan behera utziko da eta Lurreko Garraioen Antolamenduari buruzko uztailarean 30eko 16/1987 Legean ezarririko zehapenak ezarriko dira.

II. ERANSKINA

Eskabide eredua

Iragarkiaren kodea: F0816740