142. ALDIZKARIA - 2008ko azaroaren 21a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.1. Lurraldearen antolamendua eta hirigintza

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2008ko azaroaren 3an hartua, Erripagaineko Udalez gaindiko Plan Sektorialeko hirigintza arautegia aldatzeko espedientea, Francisco Javier Lizarraga Berazadi jaunak I. banaketa eremuko konpentsazio batzordearen izenean sustatua, tramitatzeari ekiten diona.

Francisco Javier Lizarraga Berazadi jaunak, 2008ko abuztuaren 6an, Erripagaineko Udalez gaindiko Plan Sektorialeko I. banaketa eremuko konpentsazio batzordearen izenean, Erripagaineko Udalez gaindiko Plan Sektorialeko hirigintza arautegia puntualki aldatzeko proposamena aurkeztu zuen eta eskatu, behin betikoz onesteko, tramitatu zedila.

I.-Aldaketaren justifikazioa eta xedea.

Plan Sektorialeko hirigintza arautegiaren artikulu batzuen aldaketa proposatuaren zergatikoa haren edukia udalez gaindiko plan sektorialaren aldaketa onestearekin bateratsu aldarrikatu ziren arau eta agindu batzuetara egokitzea da. Hona hemen: Eraikuntzari buruzko Kode Tekniko (EKT), martxoaren 17ko 314/2006 Errege Dekretuaren bidez onetsia (2006ko martxoaren 28ko Estatuko Aldizkari Ofiziala) eta urriaren 19ko 1371/2007 Errege Dekretuaren bidez aldatua (2007ko urriaren 23ko Estatuko Aldizkari Ofiziala); 314/2006 Errege Dekretuan atzeman ziren akatsen zuzenketa, 2008ko urtarrilaren 25eko Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratua; eta urtarrilaren 16ko 5/2006 Foru Dekretua, Nafarroako Foru Komunitateko etxebizitzetan bizi ahal izateko gutxieneko baldintzak arautzen dituen martxoaren 22ko 142/2004 Foru Dekretua aldatzen duena.

Memorian adierazten denez, EKTk instalazio batzuk (eguzki plakak, eguzki energiaren bidez ur beroa biltzea eta abar) indarra duen hirigintza arautegiak ukitzen ahal ditu. Bestaldetik, 5/2006 Foru Dekretuak, besteak beste, eraikinetako lur azpiko garaje eta aparkalekuak diseinatzeko baldintzak ezarri ditu, aldatu nahi den arautegiak ezarri dituenak bezalakoak ez direnak. Beraz, proposatu da arautegiaren artikulu batzuk aldatzea, eraikuntzaren kontuak ukitzen dituztenak, bereziki, garajeen eta aparkalekuen eginkizunen ezaugarri eta baldintzei buruzkoak.

Bestaldetik, udalez gaindiko plan sektorialeko arautegiak, 103. artikuluan, xedatzen duenez, baldintza batzuetan, sotoko garaje eta aparkalekuetan sartzeko arrapalak kokatzeko eremu publikoa erabiltzeko bidea ematen da baldintza batzuekin. Arrapala horien diseinuak bat etorri beharko du hirigintza proiektuaren diseinuarekin. Gainera, kasuan-kasuan komeni diren konponbide formal eta materialak egokitzea aurreikusi da. Horri dagokionez, hirigintza proiektuak, prestatzen edo burutzen ari dela, ezin du zehaztu arrapalen kokagunea, berariazko arazoak baitituzte, eraikuntza proiektuak prestatzean sortuko baita. Bidezkoa da, beraz, kasu horri buruz arautegi zehatzago bat ezartzea. Proposatzen den arautegi horretatik, lau puntu hauek dira nabarmentzekoak: a) A, B, F, G eta H unitate morfologikoetan arrapalak erabilera publikoko eremuan kokatzea baimentzen da; b) arrapalak kokatzeko lehentasun hurrenkera bat ezartzen da (lehenago, proposamenak adierazten duen bezala, eraikinean berean beheko solairuan etxebizitzarik ez badago; eta azkenik, eremu publikoan, bakar-bakarrik behar bezala justifikaturiko salbuespenezko kasuetan); c) arrapalak eraikinetik kanpoko eremuan kokatzeko behar diren jarraibideak ematen dira, eta adibide gisa, dena azaltzen duen krokis bat aurkezten da; d) xedatzen da erabilera publikoko zortasuna duten eremuetan dauden arrapalen egoera garajeak mankomunatzeko tramitatzen diren espedienteetan burutuko dela, izapide hori beharrezkoa denean, eta eraikuntza proiektuetan, beraz, urbanizazio proiektuaren aldaketarik tramitatu beharrik gabe.

Azkenik, ondasun higiezinetako sektorearen oraingo abagunea kontuan hartuz, etxebizitza libreen sustapenari eta eraikuntzari dagokionez bereziki, proposatu da eraikinak fase txikiago edo eramangarriagoetan eraiki daitezela, oinarrizko proiektu oso bakar bat aurkezturik, non fase bakoitzeko exekuzio proiektuak azalduko baitira. Horrela, konponbide arkitektoniko bakar bat bermatuko da.

Sotoko garaje eta aparkalekuetan sartzeko arrapalak kokatzeko eremu publikoa erabiltzeko eta eraikinak faseka eraikitzeko determinazioak arautegiaren 103. artikuluari gehituko zaizkion bi atal berritan bilduko dira ("1. banaketa eremu osorako berariazko determinazioak. A, B, C, D, E, F, G eta H unitate morfologikoak").

II.-Gogoetak.

Etxebizitza Zerbitzuak txosten bat luzatu du, non, udalez gaindiko plan sektorialeko arautegia bizi izateko baldintzei dagokienez 142/2004 Foru Dekretua aldatu zuen 5/2006 Foru Dekretura eta Eraikuntzari buruzko Kode Teknikora egokitzeko ahaleginei on iritzi eta gero, iradokizun hauek aurkeztu ditu testuari buruz.

A.-13. artikulua. Definizioak, I) letra:

-Lehen lerroaldea idaztea: "Eremu eraiki osoa: 142/2004 Foru Dekretuaren arabera neurtuko da. Hala ere, hirigintza aprobetxamendua kalkulatzeko, eremu eraikia zenbatu eta neurtzerakoan, arau hauek hartuko dira kontuan:"

-1. puntuaren idazketa zuzendu behar da (dirudienez, hitzen bat falta da).

B.-26. artikulua. Azken lerroaldea:

-Hauxe gehitu behar da: "Baldin eta eremu hori kanpoko eremu segurutzat hartzen ahal baldin bada, Eraikuntzari buruzko Kode Teknikoko DB-SI delakoaren arabera".

C.-55, 56, 57, 59, 60 eta 61. artikuluak:

-Komeni da horiek baino lehentxago esaldi hau gehitzea: "kontuan hartuko da 5/2006 Foru Dekretuaren bidez aldaturiko 142/2004 Foru Dekretuaren 2. eranskinaren 8. artikuluan xedaturikoa."

Etxebizitza Zerbitzuaren azken ondorioa hauxe da: "aldeko txostena ematen zaio udalez gaindiko plan sektorialari, iradokizunak ez gehiturik ere, ulermena hobetzen dutenak eta zalantzak saihesten dituztenak".

Hirigintza antolamenduaren ikuspegitik, sotoko garaje eta aparkalekuetan sartzeko arrapalak kokatzeko eremu publikoa erabiltzeko proposamenaren baldintzak azterturik, ikusi da modu mankomunatuan proposatzen diren garajeei aplikatuko zaiela bakarrik eta, beraz, eraikinetatik kanpoko eremuan kokatu beharreko arrapala kopurua murriztua izanen dela.

Horrenbestez, Lurraldearen Antolamenduko Batzordearen txostenarekin bat, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legeari eta aplikatu beharreko gainerako arauei jarraikiz, Nafarroako Gobernuak, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak proposaturik,

ERABAKI DU:

1. Erripagaineko Udalez gaindiko Plan Sektorialeko hirigintza arautegia aldatzeko espedientea, Francisco Javier Lizarraga Berazadi jaunak I. banaketa eremuko konpentsazio batzordearen izenean sustatua, tramitatzeari ekitea, besteak beste, lur azpiko garajeetan sartzeko arrapalen kokaguneari dagokionez.

2. Sustatzaileari adieraztea Etxebizitza Zerbitzuak aurkezturiko jarraibideak espedienteari gehitu beharko dizkiola.

3. Espedientea jendaurrean jartzea eta ukitutako udalei entzunaldia ematea. Bi izapide horiek batera eginen dira, hilabetez.

Horretarako, espedientea ikusgai egonen da interesdunen eskura Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuaren bulegoetan (Armada Etorbidea, 2, 2. solairua, Iruña), eta epe horretan zilegi izanen da idatziz nahi adina alegazio aurkeztea.

4. Erabaki hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea eta Etxebizitza Zerbitzuari, Burlata, Iruña, Uharte eta Eguesibarko Udalei jakinaraztea, bai eta 1. Banaketa Eremuko Konpentsazio Batzordeari ere, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2008ko azaroaren 3an.-Nafarroako Gobernuko kontseilari eta idazkaria, Javier Caballero Martínez.

Iragarkiaren kodea: F0816739