139. ALDIZKARIA - 2008ko azaroaren 14a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

2.2.2. Plantilla Organikoa, Lan Publikoaren Eskaintza, oposizioak eta lehiaketak

ATARRABIA

Deialdia, Atarrabiako Udaltzaingoko kabo izateko lanpostu bat mailaz igotzeko lehiaketa bidez betetzeko

OINARRIAK

1. oinarria.-Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea da Atarrabiako Udaltzaingoko kabo izateko lanpostu bat mailaz igotzeko lehiaketaren bidez betetzea. Hura gauzatuko da Nafarroako Poliziei buruzko martxoaren 23ko 8/2007 Foru Legearen 33. artikuluari jarraikiz, Nafarroako Polizia Kidegoetako kabo izatera iristeko sarbidea arautzen baitu, eta prozedura gisa kategoria igotzeko lehiaketa ezartzen.

a) Lanpostu hau barne igoerakoa da Atarrabiako Udaltzaingoko kideendako, baldin eta jardunean badira.

1.2. Deialdi hau dela medio izendatzen den izangaia Atarrabiako Udaleko funtzionario publiko eta udaltzain izanen da; Gizarte Segurantzako Araubide Orokorrean izena eman eta bertan kidetzeaz gain, sistema horren babespean geldituko da. Baldin eta deialdi honetako xede den lanposturako izendatzen den funtzionarioa eskubide pasiboen eta osasun eta gizarte laguntzaren araubidean, alegia, Nafarroako Foru Komunitateko administrazioen zerbitzuko langileen Estatutuak eta gainerako xedapen osagarriek aipatzen duten hartan, afiliaturik badago, aukeran izanen du bertan segitzeko edo Gizarte Segurantzan afiliatzeko.

1.3. Atarrabiako Udaleko langile finkoek, oinarrizko prestakuntza ikastarora sartzen badira, kontuko diote gizarte aurreikuspenerako duten araubideari eta beren jatorrizko lanpostuko lansariak jasoko dituzte, horiek praktiketako funtzionarioari dagozkionak baino handiagoak direnean.

1.4. Izendatzen den izangaiak martxoaren 23ko 8/2007 Foru Legean eta hori garatzen duten arauetan ezarritako eginkizunak, eskubideak eta betebeharrak izanen ditu, eta Foru Lege horretan ezartzen diren mailetako C mailaren barnean geldituko da sailkaturik.

1.5. Lanaldiaren araubidea zerbitzuaren beharretara egokituko da.

1.6. Izendatuek beren destinoan beharko dute bizi, eta horretarako, Atarrabiako udalerrian finkatuko dute bizilekua.

2. oinarria.-Izangaiek bete beharreko baldintzak.

2.1. Mailaz igotzeko lehiaketa honetan onartuak izateko, izangaiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

2.1.1. Barne igoerako txanda:

a) Gutxienez ere hiru urteko antzinatasuna izatea Atarrabiako udaltzainaren enpleguan.

b) Borondatezko edo nahitaezko eszedentzian ez egotea, barne igoera honetara aurkeztu baino lehenagoko lanpostuan.

3. oinarria.-Eskabideak.

3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak Atarrabiako Udalaren Erregistroan aurkeztu beharko dira, edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 20ko 30/1992 Legeko 38.4 artikuluan aurreikusitako bideetako edozein baliatuz, hogeita hamar egun naturaleko epean, deialdia Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hasita. Aipatu eskabideak deialdi honetan argitaratutako ereduari lotuko zaizkio, eta haietan izangaiek adierazi beharko dute eskatzen diren baldintza guzti-guztiak betetzen dituztela, eskabideak aurkezteko ezarritako epea burutu baino lehenago eta harik eta lanpostuaz jabetzen diren arte. Eredua Atarrabiako Udaleko Herritarrendako Laguntza Zerbitzuan eskura daiteke.

3.2. Eskabidearekin batera dokumentazio hau aurkeztuko dute:

a) Nortasun agiri nazionalararen aurreko eta atzeko aldeen fotokopia egiaztatua.

b) Atarrabiako Udaltzaingoaren kidegoko udaltzain izendatu izana frogatzen duen egiaztagiria.

c) Deialdiaren II. eranskineko baremoaren arabera alegatzen diren merezimenduen egiaztagiriak.

3.3. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da.

4. oinarria.-Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskaerak aurkezteko epea buruturik, alkate udalburuak onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesten duen ebazpena emanen du, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzeko aginduko.

Ezarritako epean eskaerarik aurkezten ez bada, alkate udalburuak mailaz igotzeko lehiaketa bete gabe gelditu dela deklaratzeko ebazpena emanen du.

4.2. Izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen denetik, erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik bada, haiek zuzentzeko.

4.3. Erreklamazioetarako epea burututakoan eta horiek ebatzi ondoan, alkate udalburuak ebazpena emanen du onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzeko aginduko du.

4.4. Aurreko idatz-zatietan aipatzen diren behin-behineko eta behin betiko zerrendetan udaltzainaren zenbakia agertuko da soilik.

5. oinarria.-Mailaz igotzeko lehiaketa nola eginen.

5.1. Mailaz igotzeko lehiaketak hiru urrats izanen ditu, lehenbizi lehiaketaldia, gero proba praktikoaren urratsa eta hondarrean trebakuntza ikastaroa, oinarri hauetan adierazten den bezala.

Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpen berean zehaztuko da mailaz igotzeko lehiaketa osatzen duten probak non, noiz eta zer ordutan hasiko diren. Gainerako proben hurrenez hurreneko iragarkiak Herriko Etxeko iragarki oholetan, Atarrabiako Udaltzaingoaren lokaletakoan emanen dira argitara, 48 ordu lehenago.

5.2. Lehiaketaldia.

5.2.1. Lehiaketaldian baloratuko dira izangaiek alegatu eta behar bezala frogaturiko merezimenduak eta gehienez ere 80,25 puntu emanen dira.

a) Administrazio publikoetan egindako zerbitzuak: 35 puntu bitarte.

b) Prestakuntza, irakaskuntza, ikerketa eta bertze merezimendu batzuk: 25 puntu bitarte.

c) Hizkuntzak: euskara, frantsesa, ingelesa eta alemana: 20,25 puntu bitarte.

Aurreko ataletan alegatu eta egiaztaturiko merezimenduak epaimahaiak kalifikatu eta puntuatuko ditu, deialdiko II. eranskineko baremoaren arabera. Izangaiek beren merezimenduak azaldu behar dituzte lehiaketan parte hartzeko eskabidea aurkezten duten unean, eta frogatu ere une horretan frogatu behar dituzte, agirien bidez. Epaimahaiak ez du inolaz ere kontuan hartuko alegatu ez den eta agiri bidez egiaztatu ez den merezimendurik, eta ez du adierazitako puntuazioa baino altuagorik emanen merezimenduen atal bakoitzean.

Epaimahaiak azalpenak eta datu osagarriak eskatzen ahalko ditu, lehiatzaileek alegatutako merezimenduen gainean.

5.3. Proba praktikoaren urratsa.

5.3.1. Proba praktikoaren aldian honako hauek sartuko dira:

a) Proba praktikoak.

b) Proba psikoteknikoak.

Proba guztiak deialdi bakarrean eginen dira. Bazterturik geldituko dira haietako edozeinetara agertzen ez diren izangaiak.

5.3.2. Proba praktikoek 50 puntu izanen dituzte gehienez, eta haietan ariketa bat edo gehiago egin beharko dira kabo lanaren edukiaz eta egitekoez. Proba guztiek gehieneko puntuazio bera izanen dute. Baztergarriak izanen dira, eta kanpoan geldituko dira proba bakoitzean puntuen erdiak baino gehiago ateratzen ez dituztenak.

5.3.3. Izangaiak lanpostuaren eskakizunei noraino egokitzen zaizkien zehaztea dute helburu proba psikoteknikoek. Proba hori Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Psikologia Aplikatuaren Zerbitzuak eginen du eta gehienez ere 15 puntu lortzen ahal dira.

Proba psikoteknikoak hasi aitzin, Prestakuntza eta Psikologia Zerbitzuak, Alkatetzarekin kontsulta egin ondotik, lanpostuan behar diren ezaugarrien gaineko proposamena igorriko dio Alkatetzari berari. Alkatetzak onetsi eginen du delako soslai hori eta deialdiko epaimahaiari igorriko dio.

Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Psikologia Aplikatuaren Zerbitzuak, probak egin ondoren, txosten psikotekniko bat emanen du lehiatzaile bakoitzari buruz. Hartan, norbera deialdiaren xedeko lanpostuaren izaera eta ezaugarriei nola egokitzen zaien baloratuko da. Zerbitzu horrek txosten psikoteknikoan izangai bakoitzari ematen dion puntuazioa loteslea izanen da epaimahaiarentzat.

Bazterturik geldituko dira gutienez ere 7,5 puntu eskuratzen ez dituzten izangaiak.

5.4. Igoerarako trebakuntza ikastaroa.

Proba psikoteknikoak egindakoan, epaimahaiak jendaurrean jarriko du, Atarrabiako Udalaren iragarki oholean eta azken probaren tokian, probak gainditu dituzten izangaien behin-behineko zerrenda, lortutako puntuazioaren hurrenkeran, eta gaikuntza ikastaroa egiteko onartu diren izangaien zerrenda. Horien kopurua deialdiko lanpostuena izanen da gehienez. Gaikuntza ikastaroa egiteko onartu diren izangaien zerrenda osatzeko, deialdiaren 1.1 oinarrian ezarritako irizpideak izanen dira kontuan.

Nafarroako Segurtasun Eskolak emanen du gaikuntza ikastaroa, gutxienez 214 eskola ordukoa; hautatzekoa izanen da eta 200 puntuko balorazioa izanen du.

Epaimahaiak gaikuntza ikastaroa egiteko onartutakoaren behin-behineko zerrendarekin batera adieraziko du ikastaroa zein toki, egun eta ordutan hasiko den.

Gaikuntza ikastaroa egin bitartean izangaiak zerbitzu berezien egoeran deklaratuko dituzte administrazio deiegileak edo haien jatorrizko administrazioak, Nafarroako Polizia Kidegoetako Langileen Erregelamenduaren 23. artikuluan eta Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren 24.2 artikuluan ezarritakoaren arabera.

Ikastaroa bukatutakoan, langilea jarduneko egoerara itzuliko da berehala, zerbitzu berezien egoeran deklaratu zenean zuen lanpostura.

Zerbitzu berezietan deklaratzeak ez du aldaketarik sortuko izangaiaren gizarte aurreikuspeneko sisteman, jatorrizko lanpostuan zuenarekin segituko baitu.

Zerbitzu berezien egoeran deklaratutako izangaiek, gaikuntza ikastaroan onartuak badaude, Atarrabiako udaltzainaren lanpostuko lansariak hartuko dituzte Atarrabiako Udaletik, baita beren jatorrizko lanpostuan onarturik dituzten gradua, antzinatasuna eta familia laguntza.

Izangaiek bere etorkiko administrazioaren ziurtagiria aurkeztu beharko dute, aitzineko lerroaldean adierazten diren alderdien gainekoa, eta hartan zehaztuko da gaikuntza ikastaroa hasteko dataren aitzin-aitzineko hilean kontzeptu horiengatik jasotakoa.

Izangaiak ikastaroa uzten badu, uzten duen egun horretara arte izanen du eskubidea aurreko idatz-zatian aipatu lansariak jasotzeko.

Zerbitzu berezien egoera bukatzen denean, aurreko atalean aipatutako lansarien sistema izateari utziko zaio, eta ez du eskubiderik ekarriko, ez eskubide pasiborik sortuko, ezta deialdiko lanpostuaren ondoriozko inolako eskubiderik ere.

Izangaiak Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Segurtasun Eskolari atxikiko zaizkio.

Izangaiek hamabortz egun naturaleko epea dute, trebakuntza ikastaroan onartu eta baztertu direnen behin-behineko zerrenda argitaratzen denetik hasita, ikastaroak dirauen bitartean zerbitzu berezietan daudela frogatzeko.

Baztertu eginen dira ikastaroa osatzen duten arloetakoren bat gainditzen ez duten izangaiak.

6. oinarria.-Epaimahaiaren osaera, eraketa eta jarduketa.

6.1. Epaimahaiak kide hauek izanen ditu, edo berek izendatzen dituztenak:

Mahaiburua: Atarrabiako Udaleko alkatea.

Mahaikidea: Atarrabiako Udaltzaingoko burua.

Mahaikidea: Atarrabiako Udaleko Giza Baliabideen zuzendaria.

Mahaikidea: langileen ordezkaria.

Mahaikide idazkaria: Atarrabiako Udaleko idazkaria.

6.2. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, kideen gehiengoa, gutxienez, bertan izan gabe. Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdiaren oinarriak ulertu eta aplikatzeko moduaz sortzen diren arazo guztiak. Epaimahaiak modu baliozkoan eratzeko, bertan mahaiburuak eta idazkariak egon behar dute edo, hala ez bada, haien ordezkoek.

6.3. Epaimahaiak aholkulari adituak hartzen ahalko ditu proba guztietarako edo batzuetarako. Beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko eta haietan soilik emanen diote laguntza epaimahaiari.

6.4. Epaimahaiko kideek ez dute parte hartuko, eta organo dei egileari horren berri emanen diote, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean parte ez hartzeko aipatzen diren egoeretakoren batean baldin badaude.

Izangaiek, halaber, zilegi dute mahaikideak errefusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

7. oinarria.-Probak gainditzen dituztenen zerrenda eta agirien aurkezpena.

7.1. Trebakuntza ikastaroa burututakoan, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuak epaimahaiari igorriko dizkio ikastaroko puntuazioak, bai eta arlo bakoitzerako eta haren azken kalifikaziorako proposamena ere. Izangai bakoitzaren azken kalifikazioa ateratzeko lehiaketaldiko, proba praktikoko eta trebakuntza ikastaroko puntuazioak batuko dira. Epaimahaiak izendapen proposamena eginen du gainditu duten izangaien alde.

8. oinarria.-Izendapena eta jabetza hartzea.

8.1. Alkateak Atarrabiako Udaltzaingoko kabo izendatuko ditu aitzineko atalean aipatu proposamenean sartutako izangaiak, eta izendapena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzeko aginduko du.

8.2. Izendatutako izangaiek hilabeteko epean hartu beharko dute lanpostuaren jabetza, izendapena jakinarazten denetik aitzina. Aipatu epearen barrenean izangairen bat karguaz jabetzen ez bada, Atarrabiako Udaltzaingoko kabo izateko eskubide guztiak galduko ditu, behar adina frogaturiko ezinbertzekoetan salbu.

9. oinarria.-Errekurtsoak.

Deialdi honen, bere oinarrien eta aplikazio egintzen aurka, errekurtso hauetako bat aurkeztea aukeratzen ahal da:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintzaren organo egileari berari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Iruñeko Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik aitzina.

Epaimahaiaren egintzen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik aitzina.

Atarrabian, 2008ko irailaren 18an.-Alkatea, sinadura ulertezina.

I. ERANSKINA

Izena: ..................., adinez nagusia; NAN/nortasun agiria: ............., jaioteguna (urtea/hila/eguna): ............, jaiolekua (udalerria/probintzia) .............., nazionalitatea: ...................., egungo helbidea (karrika, zenbakia, eskailera, etxebizitza): ............, posta kodea: ........, herria: ..................., telefonoa: ............, laneko telefonoa: ...............

Honako hau azaltzen dut:

Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, behar diren baldintza guztiak betetzen ditudala.

Eskatzen dut:

Atarrabiako Udaleko Udaltzaingoko kabo izateko lanpostu bat lehiaketa bidez betetzeko deialdian parte hartzeko onar nazatela eskatzen dudala (deialdia ...... zenbakiko Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, .........(e)an).

Datuen babesa. Datu Pertsonalak Babesteari buruzko 1999ko abenduaren 13ko Lege Organikoan ezarritakoa betetzeko, aditzera ematen zaizu inprimaki honetan ematen diren datu pertsonalak hautapen prozeduran Udalak dituen eskumenak erabiltzeko baizik ez direla erabiliko eta Atarrabiako Udalaren datu basea osatzen duten fitxategiei batuko zaizkiela. Fitxategietan sartu, datuak zuzendu eta ezabatzeko eta horien aurka jotzeko eskubideak Atarrabiako Udalari zuzendurik erabiltzen ahalko dituzu, Erregistro Orokorrera joz (Karrika Nagusia, 22, Atarrabia).

Atarrabian, 20...(e)ko .............aren ............(e)an.

(Sinadura)

II. ERANSKINA

Merezimenduak baloratzeko baremoa

a) Administrazio publikoetan egindako zerbitzuak: gehienez ere, 35 puntu.

Nafarroako Polizia Kidego batean egiazki eta lanpostu finkoan egindako zerbitzu urte bakoitzeko: 1,50 puntu agente lanpostuan.

Nafarroako polizia kidego batean, bitarteko gisa eta deialdiko enpleguan egindako urte bakoitzeko: 1,65 puntu.

Administrazio publiko baten bertzelako segurtasun indar eta kidegoetan, lanpostu finkoan, egindako zerbitzuak: 1,50 puntu udaltzain lanpostuan.

Edozein administrazio publikotan, lanpostu finkoan, polizia kidego batekoak ez diren lanpostuetan egindako zerbitzuak: 0,25 puntu urte bakoitzeko.

-Oharrak:

1. Zerbitzu urteak osoak ez badira, zerbitzuak zenbat iraun duen, horren arabera banatuko zaie puntuazioa izangaiei.

2. Lanaldi partzialean egindako zerbitzuen kasuan, behar den zatia kenduko da.

3. Deialdia argitaratu ondoan egindako zerbitzuak ez dira baloratuko.

4. Funtzionarioa zerbitzu berezietan edo eszedentzia berezian egon bada edo unitate organiko bateko buru edo zuzendari lanetan aritu, egoera horietan sartu aitzin zuen lanpostuan egindako zerbitzuak bezala kontatuko dira.

b) Prestakuntza, irakasle eta ikerketa lana eta bertze merezimendu batzuk: gehienez ere, 25 puntu.

1. Erakunde edo zentro publikoek eta unibertsitateek antolaturiko prestakuntza ekintzetan parte hartzea: 0,10 puntu, kreditu akademiko edo horren baliokide bakoitzeko (10 ikastordu), eta gehienez ere 10 puntu.

-Oharrak:

1. Baloratu beharreko ikastaroetan, irakastorduen zatikiak hainbanatuko dira.

2. Eskola orduen kopurua agertzen ez duten ziurtagiriei kreditu bateko balorazioa emanen zaie.

3. Ikasturte bateko iraupena agertzen duten ziurtagiriei 12 kredituko balorazioa emanen zaie.

4. Ikastaro bakoitzeko gehienez ere eman daitekeen balorazioa puntu bat da.

5. Erakunde antolatzaileari buruzko betebeharrak betetzen ez badituzte ere, Administrazioak agindurik edo oniritzirik eginak diren prestakuntza ekintzetan parte hartzea puntuazio berarekin baloratuko da. Horien artean, espresuki, sindikatuek Administrazio Publikoetako Etengabeko Prestakuntzarako Itunen barruan antolatuak sartuko dira.

2. Biltzar edo jardunaldietan txostenak edo komunikazioak aurkeztea, beka edo saria jaso duten zientzia edo ikerketa lanak egitea eta aldizkari espezializatuetan lanak argitaratzea: 3 puntu, gehienez ere, epaimahaiak baloratu beharrekoa, kontuan hartuz lana edo jarduera bakar batek edo taldean egina den eta biltzarra edo argitalpena zein mailatakoa den, tokikoa, eskualdekoa, naziokoa edo nazioartekoa.

3. Sektore publikoan prestakuntza saioak antolatu edo halakoetan irakasle jardutea: gehienez ere 2 puntu, epaimahaiak haien iraupenaren arabera baloratu beharrekoak.

4. Titulazio eta espezialitate akademikoak, deialdian eskatu ez direnak: gehienez ere, 4 puntu.

5. Doktore edo lizentziatu gradua, deialdian eskatutako titulazioari buruz: gehienez ere, 2 puntu.

6. Bertze merezimendu batzuk, epaimahaiak kontuan hartu beharrekoak: bertzeak bertze, hizkuntzak, sektore pribatuan egindako lanak, bekak edo prestakuntza egonaldiak, kontsulta egiteko, aholku emateko, parte hartzeko edo ordezkaritzako organoetan parte hartzea: gehienez ere, 4 puntu.

-Oharra b) atal osorako:

1. Atal honetan aipatutako merezimenduak deialdiko lanpostuarekin ikustekorik izanez gero soilik baloratuko dira. Kabo lanpostua eskuratzeko prestakuntza ikastaroak ez dira inondik ere baloratuko.

c) Hizkuntzak jakitea.

1. Frantsesez, ingelesez edo alemanez jakiteagatik, Europar Batasuneko hizkuntza ofizialak baitira, 5na puntu gehienez ere.

2. Euskaraz jakitea. 5,25 puntu.

3. Hizkuntza Eskola Ofizial batek emandako Gaitasun Agiria edo ofizialki baliokidetzat jotzen den titulua edukitzeagatik aurreko atalean hizkuntza bakoitzerako adierazten den gehieneko puntuazioa eskuratuko da.

Titulurik eduki ezik, Hizkuntza Eskola Ofizialean gainditutako maila bakoitzagatik gehieneko puntuazioaren bosten bat emanen da. Euskararen kasuan, Nafarroako Gobernuak antolatutako ikastaroetan gainditutako urrats bakoitzeko 1/12 emanen da.

Hizkuntza horietatik bakoitzak zer dakien baloratzeko, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuak espresuki antolatutako azterketak egiten ahal ditu; bost zailtasun maila izanen dira, eta hizkuntza bakoitzari gehienez ere ematen ahal zaion balorazioaren bostena emanen zaio maila bakoitzari.

Iragarkiaren kodea: L0816027