139. ALDIZKARIA - 2008ko azaroaren 14a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

DONEZTEBE

Udal ordenantza, Donezteben gizalegezko jokaerak bultzatu eta espazio publikoak babesteko. Behin betiko onespena

2008ko 66. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, maiatzaren 28an, Donezteben gizalegezko jokaerak bultzatu eta espazio publikoak babesteko udal ordenantzaren hasierako onespena. Jendaurreko epea iraganik inork erreklamaziorik aurkeztu gabe, behin betikoz onetsirik gelditu da. Ondotik, testu osoa argitaratzen da, orok jakin dezan eta gainerako ondorioak izan ditzan, Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea betez.

Donezteben, 2008ko urriaren 20an.-Alkatea, Miguel San Miguel Azpíroz.

GIZALEGEZKO JOKAERAK BULTZATZEKO ETA ESPAZIO PUBLIKOAK BABESTEKO UDAL ORDENANTZA

Zioen azalpena

Doneztebe karrika, eraikin, parke eta plazek osatua dago. Horiek guztiak herritarrek gozatzeko maneran daude antolaturik. Haiexek dira herriari kontzen diotenak eta hura moldatzen dutenak, bai aipatu elementuak erabilita, bai beren artean etengabe ezartzen diren bizikidetzako harremanak garatuta.

Doneztebeko herria, beraz, hobetzen da bai etortzen diren gizarte premiak betetzeko bere elementu fisikoak eguneratuz eta bertze berri batzuk gehituz, bai gizalegezko portaera arauak hobetuz, herritarrek beren bizikidetza hobetzeko eta bertan bizi direnek eta bisitan etortzen direnek Doneztebe hobea eraikitzen joateko bidea izan dezaten.

Beharrezko egiten da herritarren gizalezko portaera arautzea, eta herritar bakoitzari bere askatasuna aitortzea, bertzeenganako errespetua funtsezko muga izanik; orobat, nork bere gain hartu behar du hiri eta natura ondarearen zein gainerako ondasunen babesa, eta bermatu behar da, azkenik, herritarren arteko bizikidetza harmoniatsua.

Portaera eredu horretan, herritarrek eskubidea dute Doneztebeko espazio publikoak erabiltzeko, eta haien askatasunean errespetatu behar dira. Eskubide hau gizalegez erabiliko da, ondasun publikoen erabilerari buruzko xedapenek eta pertsonak eta ondasunak errespetatu beharrak ezarritako mugen barrenean.

Inork ezin ditu, bere portaerarekin, gainerako pertsonen eskubideak gutxietsi edo kaltetu, ezta haien ekiteko askatasuna ere; ez zaie haien balioei erasoko eta ez dira sinesmenak eta bizikidetzaren arauak laidoztatuko.

Gizalegezkoak ez diren portaerak gutxiengo batenak dira, baina guztien ondare diren ondasunak eta espazioak kaltetzeaz gain, bizikidetzarako eraso dira, eta elkartasun eta errespetu eza adierazten dute herritar gehienenganako, hain juxtu ere herritar izatearen ondoriozko eskubideak eta eginbeharrak gizalegez onartzen dituzten horienganako.

Bertze alde batetik, gizalegearen kontrako portaerek behartzen dute dirua erabiltzera garbitze, mantentze eta konpontze lanetan edo ondasunak berrezartzen, diru hori bertze zerbaitetarako baliatu beharrean. Beraz, erabilera publikoko instalazioetarako eta gure udalerriko ondarerako eskatzen den errespetuak diru publikoaren kudeaketa hobetzen du; gainera, aukera ematen du baliabide gehiago lehentasunezko gaietan arrazionaltasunez erabiltzeko.

Fenomeno honen jatorria konplexua da, zalantzarik gabe, eta nabarmen gainditzen du toki erakundearen eremua; izan ere, badu zerikusia gizarte, familia eta hezkuntza arazoekin, eta horiei ezin diete toki administrazioek, legea eskuan eta bakarka, aurre egin. Hala ere, ondorioak haien eskumenen eremuan nabaritzen dira gehien.

Hain zuzen ere, gizalegearen kontrako jarreretatik datozen ondorio horiek zuzentzera bideratu dira, historikoki, udalen eskumenak; horregatik eman zaie arau-hausleen egintzak zehatzeko ahalmena.

Doneztebeko Udalak ez du arlo hori arautu, zenbait arlotan legeak ahalmenik eman ez diolako.

Toki gobernua modernizatzeko neurriei buruzko 57/2003 Legeak lege batera ekarri du Auzitegi Konstituzionalaren 132/2001 Epaiak ezarri doktrina, 139. artikuluan ahalmena ematen baitie udalerriei toki intereseko bizikidetza harremanak eta haien zerbitzu, hornidura, azpiegitura, instalazio eta espazio publikoen erabilera antolatzeko.

Beraz, lege aurreikuspen horrek Udalak arlo hori modu zabalagoan arautzeko bidea ematen du, ordenantza hau, gainera, aipatu alderdiak jorratzen dituen araua izateko maneran.

Orobat, 57/2003 Legeak ezari du zein diren udal araudiak izan behar dituen mugak. Hortaz, ahalmen hori eraginkorra da "sektoreko araudi berariazkorik ez dagoenean" (139. artikulua). Halaber, lege mailako antolamendua errespetatu beharko da, eta ordenantzak ezin du lege formal batean ezarritakoan sartu edo hura hautsi. Eta, jakina, are gutxiago jasotzen ahalko ditu pertsonaren oinarrizko eskubideen urraketak, Konstituzioan jasota baitaude.

Gainera, legeak udalei toki intereseko bizikidetza harremanak arautzeko ahalmena ematearekin bidea irekitzen da arlo horri batera, hau da, ikuspegi orokorraz heltzeko. Legearen aipatu erreformaren aitzinetik, modu barreiatuan arautzen ziren bizikidetzan eragiten duten herritarren ekintzak, eta horren ondorioz, txikia zen haien arteko lotura. Hartara, ordenantza berri honek arautzen dituen alderdi batzuk Doneztebeko Udalak jadanik bilduak bazituen ere osasunaren arloko ordenantzetan edo hirigintzakoetan, haien xedea bere helburu publikoak asetzea zen osasunaren edo hirigintzaren arloan, eta ez zeuden, beraz, bideratuak gizalegezko harremanen arautzera.

Aipatu bi inguruabar horien ondorioz -legeak ahalmen berria ematea eta zenbait alderditan jadanik indarra duen araudia izatea- ordenantza berriak dagoena bilduko du, baina arauketa gizalegezko harremanetara bideratuta eta lehenago jaso ez diren arlo berriak bereganatuta.

Hain zuzen ere, ordenantza berri honek gizalegezko harremanak arautzeko helburua duenez, funtsezko hiru printzipio elkartu behar ditu: aurreneurria, gizalegerik gabeko jokaeren zehapena eta arau-hausleen errehabilitazioa. Elementu horiek batera erabiltzeak gizartearen bizikidetzaren kontrako jokaeren tratamendu egokia du xede.

Lehen-lehenik, ordenantzaren bidez balioak eta gizalegezko jokaerak bultzatu nahi dira, udal helburu gisa eta herritarren bizikidetza hausten duten jarrerei aitzintzeko baliabide gisa. Horretarako, hainbat neurri bildu dira, hezkuntza nahiz zabalkuntza arlokoak edo bertzelakoak, edozein gizarte demokratikotan bizikidetzari oinarri ematen dioten balioak sustatzeko asmoz. Horri dagokionez, funtsezkoa da, ordenantza hau horren atal baita, "Doneztebe gizalegearen alde" gizalegezko planaren garapena. Dudarik ez da gizalegezko kontzientziaren sustapen positiboa gizartearen kontrako jarduerak saihesteko erabili beharreko lehen baliabidea dela.

Bigarrenik, testu arauemaile honen bertze helburu bat da ondasun publikoak nahiz eremu publikotik ikusten diren espazioak babestea, titulartasun pribatukoak izan arren apaindura publikoan ondorioak badituzte. Lehen kasua herritar guztiek erabiltzekoak diren ondasunak administrazio guztiek duten babestu beharraren ondorio logikoa da, herritarrek zergen bidez ordaintzen dituztela kontuan hartuta, haiek erabiltzeko aukera izan dezaten. Espazio publiko guztien zainketa egokia lortu nahi da, bizilagun guztien eskubidea baita hiria behar bezalako apaindura eta osasungarritasun egoeran izatea. Era berean, gizalegerik gabeko portaeren gaitzespena arautu da, herritarren arteko bizikidetza egokia bultzatzeko asmoz. Helburu horiek betetzeko, arau-hauste eta zehapenen araubidea ezarri beharra dago. Gizalegezko kontzientzia sustatzeko lanarekin batera, Udalak kontzientzia hori bultzatzen duten balioak urratzen dituztenei zehapena ezarri behar die, zalantzarik gabe.

Hirugarrenik, ordenantzak arau-hausleen erantzukizun eta errehabilitazio printzipioa bultzatzen du: gisa hartara, diru zehapenaren ordez, batzuetan komunitatearen onurarako zereginak eta lanak egin beharko dituzte arau-hausleek, haren bizikidetzako printzipioak urratu baitituzte. Errehabilitazio neurria den aldetik, arau-haustea ekarri duen jokaera gizalegezko balioez bereziki bete behar denean erabiltzen da. Alde horretatik, arau-hausleak ohartarazi nahi dira bai egindako arau-hausteaz bai egindako kalteaz, gizalegezko balioak sendotzeko baliabide izan dadin. Bestalde, neurri hori zuzenean lotuta dago prebentzio lanari.

Ordenantza hau Udalak 2008ko apirilaren 25ean egin osoko bilkuran onetsitako "Doneztebe gizalegearen alde" planaren esparruaren barnean dago.

Udalak lan horretan ari diren elkarte eta erakunde, pertsona fisiko edo juridikoen atxikipena bultzatuko du "Doneztebe gizalegearen alde" planari, guztiek planaren eta ordenantza honen helburuekin konpromisoa har dezaten.

Xedapenaren testuak bortz titulu ditu. Lehenbizikoak ordenantzaren xedeari heltzen dio eta haren aplikazio eremua mugatzen. II. tituluak, berriz, Udalak ezartzen du zer esparru orokorri lotuko zaizkion gizalegea bultzatzeko egin behar dituen jarduerak. III. tituluak gizalegezko portaeraren gaineko arauen multzoa biltzen du, bakoitza nolakoa den bortz kapitulutan banatuta: xedapen orokorrak, kalteak ondasunei, publizitatea, herritarren jarduerak, betebehar bereziak eta apaindura publikoa. Ordenantzaren IV. titulua zehapen araubideari buruzkoa da, arau-hausteak sailkatuta eta bidezko zehapenak ezarrita. V. tituluan, azkenik, arau-hausleen errehabilitazioa jorratzen da. Artikulu horiei xedapen indargabetzailea erantsi zaie, ordenantza honek gizalegezko kontzientziaren sustapenaren irizpide orokorraren azpian arautzen dituen arloetako batzuen gaineko arauetarako.

Lehenbiziko tituluari dagokionez, azpimarkatzekoa da ordenantzaren xedearen barnean espazio publikoetan kokatu ondasunen babesa sartzen dela, jabetza pribatukoak ala publikoak diren kontuan hartu gabe. Dena den, hala sartzea helburu bakarrari lotzen zaio zuzenean: apaindura publikoaren babesa, apaindura publikoa ere kaltetzen denean baizik ez baita zehatzen ahalko ondasun pribatuen andeatzea.

Bigarren tituluak Udalak gizalegezko jokaerak sustatzeko garatu nahi dituen neurrien multzoaren berri ematen du, barnean direla hezkuntza eta komunikazio publikoko jarduerak eta ordenantzaren helburuekin bat egiten duten erakunde publiko eta pribatuekiko hitzarmenak.

Hirugarren tituluaren bigarren kapitulua herritarren portaeraren printzipioei buruzkoa da, eta ondasun publikoen edo espazio publikoetan kokatuta daudenen babesa, pintadak egiteko debekua, zuhaitz, landare eta parkeen babesa eta paperontzien zein iturrien erabilera zuzena biltzen ditu bere baitan.

Bereziki aipatu behar da pintada eta grafismoen kontua. Arestian erranari jarraikiz, ordenantzak ezin izanen du Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko 35/2002 Foru Legean jada ezarri dena arautu, haren 189.1.c) artikuluak lizentziapean jartzen baitu "eraikin edo bertze mota batzuetako instalazioetako egiturari edo kanpoko itxurari eragiten dioten aldatze edo zaharberritze obrak". Hori dela eta, ordenantzak aurretiazko lizentziapean ezartzen duena ez da eraikinen kanpoko itxurari eragiten dioten obrak egitea, baizik eta horma berezietan -hala nola, orubeetako hesietan, obretako itxituretan edo meelinetan- horma-irudi artistikoak egitea.

Era berean, zehaztu behar da ezen, 57/2003 Legeak emandako ahalmenaren arabera, ordenantzak ondasunen erabilera egokia babesten duela eta haien andeatzea saihesten. Horrela adierazten da aipatu lege xedapenaren 139. eta 140. artikuluetan. Horren ondorioz, testu arau-emaile honek Zigor Kodean bildu arauketa errespetatzen du; izan ere, haren 263. eta 323. artikuluek ondasunak kaltetzea delitu edo hutsegite gisa sailkatzen dute, hurrenez hurren. Hortaz, Kodearen helburua kalteak dira; ordenantzarena, aldiz, ondasunen erabilera desegokia eta andeatzea. Kontuan hartu behar da erabilera desegokiak edo andeatzeak ez duela zertan kalterik sortu behar.

Hirugarren tituluaren hirugarren kapituluak publizitatea, kartelak edo pankartak paratzea jorratzen du, baita eskuorriak banatzea ere. Modu korrelatiboan, xedapen indargabetzaileak antolamendu juridikotik ezabatzen ditu Publizitatearen ordenantzan agerturik, Gizalegea bultzatzeko ordenantzaren xedapenen kontrakoak diren arauketa guztiak, ordenantza honek ukitzen ez dituen gainerako arauen indarra deusetan ukatu gabe.

Hirugarren tituluaren laugarren kapituluak ondasunen edo zerbitzuen helburuaren kontrako edozein erabilera debekatzen du, oro har, baita zenbait jarduera zehatz ere. Jarduera horiei dagokienez, ordenantzak araudi berria ezartzen du, bertze ordenantza batzuek araututako arloetako alde berezi batzuei ere helduta. Horixe da, hain zuzen ere, zarata, ke eta usainen kasua.

Hartara, Hots mailei buruzko ordenantzak indarrean du herritarrak asotsetatik babesteko araubide orokorra, ordenantza honek bizikidetzari eragin eta lehen aipatu ordenantzak arautu ez zituen alde berri batzuk jasotzen dituela. Horixe da ibilgailuetako musika-ekipoek, petardoek eta eremu publikoko bozgorailuek ateratzen duten asotsekin gertatzen dena.

Eta halaber, ke eta usainei dagokienez, ordenantza hau Jarduera gogaikarri, osasungaitz, kaltegarri eta arriskutsuei buruzkoaren osagarria da. Hartara, 57/2003 Legeak emandako ahalmenaren arabera, lasaitasuna trabatzen duten edo osasungarritasun edo apaindura publikoaren kontrakoak diren keak eta usainak debekatzen dituen baldintza orokor bat sartu da, aipatu ordenantzaren jarduera ekonomiko eta etxez kanpokoei buruzko araudia alde batera utzita. Eta gainera, bi jokaera sailkatu dira: motorrak martxan dituzten ibilgailuak aparkatzea eta sorgailuak erabiltzea, biak eraikinen ondoan.

Era berean, debeku da 226/1993 Foru Dekretuan aurreikusi gabeko lurretan kanpatzea: dekretua lurzoru urbanizaezinei buruzkoa denez, ordenantzak hiri lurzoruetan kanpatzeari heltzen dio. Esparru horretan kanpatzeko baimena emateko aukera aztertzen da; horrek zerikusirik ez du Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen 189.1 e) artikuluan jasotzen denarekin, kanpaldia ez baita sailkatzen ahal "aldi baterako obra edo erabilera" gisa.

Erabilera publikoko espazioetan nudismoa egiteari dagokionez -horretarako gaitutako lekuetan izan ezik- zehaztu behar da arau hori ez dela lege mailako inolako arauaren kontrakoa. Ahalmen hori gizalegezko jokaerak arautzeko ahalmenaren esleipenean oinarritzen da, ez du zerikusirik zigor motako inolako sailkapenarekin, eta bakarrik zehatuko da bizilagunen lasaitasuna edo haien eskubideak gauzatzea trabatzen denean.

Gauza bera erran daiteke eskean ibiltzeaz, debekaturik egonen baita bizilagunen lasaitasuna edo eremu publikoetatik pasatzeko eskubidea trabatzen denean.

Ordenantza honi dagokion bezala, eskaletzari heltzen zaio herritarren arteko bizikidetza egokiaren ikuspegitik. Beraz, larderiaz, minez edo bortxaz egitea debekatzen da, oro har, eta, berariaz, nahi ez diren zerbitzuak edo jarduerak ezartzea. Espazio publikoetan garatzen diren eta limosna bortxaz eskatzen ez duten jarduera artistiko guztiak esparru horretatik kanpo daude, bistan da.

V. tituluak zehapen araubideari heltzen dio, arau-hauslearen errehabilitazioaren ikuspegitik, arestian adierazi den bezala. Merezi du gauzak andeatu aurreko egoerara lehengoratu beharra azpimarratzea, eta hori Udalak eskatuko du antolamendu juridikoak kasu bakoitzean ezartzen duen bidearen bitartez.

Arau hau antolamendu juridikoan txertatzea bere xedeari lotzen zaio zuzenean, hau da, gizarteko bizikidetza harremanen antolamendu egokiari. Horixe da haren xedea, eta hirigintzari, herritarren segurtasunari, ingurumenari eta osasunari buruzko araudiekin bateratu beharko da. Horregatik, arauak ez ditu biltzen arlokako aipatu legerietatik ondorioztatzen diren betebehar edo eskubideak, herritarren bizikidetzaren antolamenduari eragin ezean. Hartara, aipatu arloetan aplika daitekeen araudira jotzeko baizik ez du adierazten ordenantzak, gure arau zibilek ezarritako antolamenduaren baterako interpretazioa errazteko baliabide gisa.

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honek xede hauek ditu:

-Gizalegezko kontzientzia eta jokaerak bultzatzea, herritarren bizikidetza trabatzen duten jarduerak saihestuta.

-Ondasun eta espazio publikoak eta hiriko arkitektura eta hirigintza ondarea osatzen duten instalazio eta elementu guztiak babestea gerta daitezkeen eraso, bertzelakotze eta legez kontrako erabileretatik.

Ordenantza honetan arautzen diren babes neurriak udal titulartasuneko zerbitzu edo erabilera publikoko ondasunei buruzkoak dira, hala nola, karrikak, plazak, pasealekuak, parkeak eta lorategiak, zubiak eta zaldainak, tunelak eta lurpeko pasabideak, aparkalekuak, iturriak eta urmaelak, eraikinak, merkatuak, museoak eta kultur etxeak, ikastetxeak, hilerriak, igerilekuak, kirol guneak eta haien instalazioak, estatuak eta eskulturak, bankuak, kale-argiak, elementu apaingarriak, bide seinaleak, zuhaitzak eta landareak, edukiontziak eta paperontziak, hesiak, Udalaren garraio elementu eta ibilgailuak, eta gisa bereko edo berdintsuko gainerako ondasunak.

Halaber, eta apaindura publikoari dagokionez, ordenantza honen babes neurrien barrenean daude bertze administrazio publiko batzuen eta erakunde publiko edo pribatuen ondasunak eta instalazioak, Doneztebeko hiri altzarien atal badira, herritarrendako badira edo herri zerbitzu bateko ekipamendu, instalazio edo elementuak badira, hala nola, markesinak, garraioko elementuak, kale-argiak, estatuak, hesiak, kartelak, iragarkiak eta bertzelako publizitate elementuak, trafikoko seinaleak, kioskoak, edukiontziak, terrazak eta mahaitxoak, olanak, landareontziak, objektuak ematen dituzten makinak eta gisa bereko edo berdintsuko gainerako ondasunak.

Apaindura publikoko egoera egokian egon behar diren hiriko ondare eta paisaiaren zati diren aldetik, ordenantza honetan bildutako babes neurriek eraikinetako fatxadak eta bertze hirigintza eta arkitektura elementu batzuk, azpiegiturak, eta titulartasun publiko edo pribatuko tresna edo instalazioak ere barne hartzen dituzte, hala nola atariak, merkataritzako galeriak, patioak, orubeak, igarobideak, lorategiak, heskaiak, landareontziak, kale-argiak, elementu apaingarriak, edukiontziak eta jatorri bereko edo berdintsuko gainerako ondasunak, betiere eremu publikoan kokatuta badaude edo horretatik ikus badaitezke.

-Gizalegezko balioen kontrako jarduerak zuzentzea, zehatzeko ahalmenaren bidez.

-Bizikidetzako arauak hausten dituztenen errehabilitazioa sustatzea.

2. artikulua. Udal eskumena eta aplikazio eremua.

1. Ordenantza honetan aurreikusten diren udal eskumeneko babes neurriek ez dituzte deusetan ukatzen ukitutako ondasunen jabeen eskubide, ahalmen eta eginbeharrak, ezta bertze administrazio publiko batzuen eskumenak ere.

2. Ordenantza honek herritarren gizalegezko balioei buruzko jarduerak eta hutsegiteak arautzen ditu; ez die, beraz, eragiten egungo antolamendu juridikoak ezarritakoa betetzeko egiten diren zerbitzu publikoen jarduerei.

3. Ordenantza hau Doneztebeko udal mugape osoan aplikatuko da.

II. TITULUA

Gizalegearen sustapena

3. artikulua. Xedapen orokorra.

1. Doneztebeko Udalak gizalegezko balioak sustatuko ditu; gizalegezko baliotzat joko dira gizarte demokratiko bateko herritarren bizikidetza egokia ahalbidetzen dutenak. Gizarte horren ezaugarri nagusia eskubide pertsonalak izatea da; eskubide horien errespetuak dakar eginbeharrak izatea eta herritar bakoitzak bete behar izatea.

Era berean eta berariaz, Doneztebeko Udalak legez dituen eskumenak erabiliko ditu herritarren kontzientzia guztiz pizteko hiriko espazio komunak zuzen erabiltzeaz eta hiri ingurunea zaintzeaz den bezainbatean.

4. artikulua. Hezkuntza jarduerak.

Udalak gizalegezko balio eta jokaeren transmisioa eta sendotzea bultzatuko du, hezkuntza eta prestakuntza arloan bere eskumenekoak diren jardueren bitartez.

Era berean, eta bere eskumen guztiak erabiliz, portaera sozialaren oinarrian dauden balioak hedatzen eta sustatzen saiatuko da Udala, herritar bakoitzak bere askatasun konstituzionala erabil dezan, muga izanik bertzeen eskubide eta balioen errespetua eta ondasun publikoak guztiek erabiltzeko maneran zaintzea.

5. artikulua. Hitzarmenak.

Udalak hitzarmenak eginen ditu bai bertze administrazio edo erakunde publikoekin, bai entitate pribatuekin, gizalegezko kontzientziazioa nahiz prestakuntza, hezkuntza eta jarduera pribatuak planaren xedeei egokitzea bultzatzen badituzte.

Aipatu hitzarmenen bitartez, espazio publikoetan kultur, kirol eta aisia arloko gizalegezko jarduerak bultzatzen dituzten herritarren ekimenak sustatuko dira.

Halaber, espazio publikoak apaintzea eta hiri ingurumena hobetzea sustatuko da.

6. artikulua. Jakinarazpen publikoa.

Udalak balioak eta gizalegezko jokaerak hedatuko ditu herritar guztiei edo biztanle talde zehatz batzuei zuzendutako zabalkunde kanpainen bidez.

III. TITULUA

Herritarren portaera

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

7. artikulua. 1. Bizikidetzarako printzipioak.

1.1. Herritarrek bizikidetza errespetatu eta ondasun eta zerbitzu publikoak haien helburuaren arabera erabili behar dituzte, gainerako herritarrek haiek erabiltzeko duten eskubidea errespetatuta. Horren ondorioz, debeku dira herritarren bizikidetza hautsi, eragozpenak sortu eta pertsonei lotsa galtzen dieten portaerak, ordenantza honetan ezarritako ildoetatik.

1.2. Herritarrek eskubidea dute hiriko bide eta eremu publikoak libreki erabiltzeko, eta askatasun hori errespetatu behar zaie. Eskubide hau gizalegez erabiliko da, ondasun publikoen erabilerari buruzko xedapenek eta gainerako pertsonak eta ondasun pribatuak errespetatu beharrak ezarritako mugen barrenean.

1.3. Ezin da bizilagunen atsedena hausten duen asotsik egin, ezta gaueko iskanbiletan parte hartu edo gaueko lokaletatik zalapartaka atera ere.

1.4. Herritarrek ez dute eremu publikoan eginen abusuzko, bereizkeriazko edo larderiazko ekintzarik, ezta indarkeria fisikoa edo morala dakarrenik ere.

2. Elkartasuna eremu publikoan.

2.1. Udalak herritarren elkartasuna bultzatuko du, laguntza eman diezaieten haren beharra dutenei eremu publikoetan edo bertze leku batzuetan ibiltzeko edo orientatzeko, istripuak izan dituztenei edo arrisku egoeran daudenei. Ohitura bultzatuko da gehien behar dutenei bide emateko edo hiri altzariak uzteko, baita elkartasuneko eta jendetasuneko bertze jokabide batzuk bultzatuko ere.

2.2. Galdutako ume edo minusbaliatuak zein anomalia fisiko edo psikiko nabariko pertsonak aurkitzen dituzten pertsona guztiek agintaritzako agenteei jakinarazi behar diete, eta horiek galdutako pertsonak babestu eta haien tutoretzaren erantzuleei emateaz arduratuko dira.

II. KAPITULUA

Ondasunen andeatzea

8. artikulua. Andeatzea eta kalteak.

Ezin izanen da jarduketarik egin ordenantza honek babesten dituen ondasunen gainean, haien erabilera edo helburuaren kontrakoa bada, haiek andeatzea badakar edo haien estetika hondatzen badu 1. artikuluan ezarri moduan.

9. artikulua. Pintadak eta grafismoak.

1. Debeku da ordenantza honek babesten dituen ondasun publiko edo pribatuetako edozeinetan pintadak, idazkiak, inskripzioak eta grafismoak egitea.

2. Aurreko atalean agertu debekutik kanpo geratuko dira Udalaren baimena izanda, orubeetako hesi, obretako itxitura, mehelin edo antzekoetan egiten diren horma-irudi artistikoak.

Udal baimena ematea nahi badakoa da; hura ematen denean erantsiko da zer baldintza eta beharkizun beteko dituen jarduerak.

3. Erabilitako materialak edo tresnak kendu edo altxatu ahal izanen dituzte agintaritzako agenteek, jarduerak Udalaren derrigorrezko baimenik gabe egiten direnean.

4. Eraikin publiko edo hiri altzarietako elementu batean pintadak egin, paperak ezarri, kristaletan arrastoa egin edo apurtu, kartelak itsatsi edo hondatzen duen bertze edozein ekintza gauzatzen denean, bidezko kalte-ordaina eta garbitu, berria jarri edo lehengoratzeko lanen fakturen kostua egozten ahalko dizkio Udalak enpresa, erakunde edo pertsona erantzuleari. Horrez gain, bidezko zehapena ezarriko dio.

10. artikulua. Zuhaitzak.

Zuhaitzak babesteko neurri gisa, ondokoak debeku dira:

a) Kaltetu edo tratu txarrak ematea.

b) Edozein elementu itsatsi edo haiei lotzea, Udalaren baimenik gabe.

c) Inguruan zaborrak eta hondakinak botatzea.

11. artikulua. Parkeak eta lorategiak.

1. Herritarrek hiriko parkeak eta lorategiak errespetatu behar dituzte.

2. Parke, lorategi, landareontzi eta eremu edo leku publikoetan landatutako arboletako landare-espezieak ongi zaindu eta mantentzeko, debeku dira ondoko ekintzak:

-Loreak edo landareak ebatsi, errotik atera edo kaltetzea, eta oro har, parkeak edo lorategiak, belaiak edo laborantzak behar ez bezala erabiltzea.

-Soropila kaltetzea eta haren gainean kanpatzea, berariaz baimentzen diren parkeetako lekuetan izan ezik.

-Arbolak moztu, kimatu edo apurtzea, baita plaza, parke eta lorategietan ibilgailu motordunak eta ziklomotorrak erabiltzea ere.

-Azalak grabatu edo pintatzea, puntapaxak sartzea, haiei eskailerak, tresnak, aldamio euskarriak eta abar lotzea, eta kartelak jartzea.

-Zuhaitzen ondoan obra-materialak metatzea, aldi baterako bada ere, edo horien gainean edozein motatako produktu toxikoak botatzea.

-Berdeguneetan zaborrak, hondakinak, harriak, legarra edo haiek kaltetu edo haien estetikari eta gustu onari eraso diezaiekeen bertze edozein produktu botatzea.

-Soropil eta lorategien gainean gorotzak uztea.

-Parke eta lorategietan sua edo sutzarrak egitea.

3. Era berean, debeku da parkeen barnean egotea sartu eta ixteko ordutegi araututik kanpo, dauden seinaleek adierazitakoari kasurik ez egitea edo gune zehatz batzuetara sartzeko aldi baterako edo behin betiko murrizketei desobeditzea.

12. artikulua. Paperontziak eta edukiontziak.

Debeku da eremu publiko edo espazioetan dauden paperontziak edo edukiontziak nolanahi erabiltzea, kalteak eragin, haien estetika andeatu edo erabilera oztopatzen bada. Bereziki debeku dira mugitu, erauzi, erre, irauli edo haien edukia lurrera botatzea, inskripzioak egitea eta paperak edo eranskailuak itsastea.

1. Hondakin solido txikiak, hala nola, zigarrokin itzaliak, azalak, txikleak, paperak, poltsak, bilgarriak eta gisakoak, paperontzietara bota behar dira, eta birtziklagaiak izanez gero, bilketa sailkaturako eremu publikoan paraturik dauden edukiontziak erabiliko dira.

2. Debeku da paperontzietara material, tresna edo objektu arriskutsuak botatzea, hala nola animaliak eta animalien hondakinak, xiringak eta sorgorkarien kontsumorako tresnak, eritasunak kutsatu edo barreia ditzaketen osasun laguntzako materialak, mota guztietako droga toxikoak, sorgorkariak eta gai kimikoak, erradiaktiboak, piroteknikoak edo leherkorrak, eta hondakin solido txikiak eta bertze edozein gai, sutan badaude.

13. artikulua. Urmaelak eta iturriak.

Debeku da urmael eta iturrietako instalazio edo elementuetan baimenik gabeko edozein erabilera egitea. Bereziki, debeku da barrenean sartzea edo edozein gauza garbitzea, arrantzan egitea, animaliei edaten ematea eta gaiak, gauzak edo animaliak haietara botatzea.

III. KAPITULUA

Kartelak, pankartak eta gisakoak

14. artikulua. Publizitatea.

1. Edozein euskarritan egonda eta edozein ezaugarri eta helburu izanda ere, kanpoko publizitatea xede horretarako bereziki prestatutako lekuetan baizik ezin izanen da jarri. Hartara, Udalak helburu horretarako berariazko euskarriak emanen ditu hiriko auzo guztietan, behar bezainbat lekutan, Gizalegezko Planaren esparruaren barnean. Establezimenduen titularrek ezin izanen dute eremu publikoan publizitatea edo propaganda duen inolako instalaziorik ezarri, ez finkorik ez mugigarririk, baimenik izan ezean.

2. Alde horretatik, debeku da eraikin publiko edo pribatuko fatxadan, karrerapeetan, markesinetan, hiriko altzarietan, arboletan, harresietan, tuneletan, lurpeko pasabideetan eta oro har, berariaz prestatutako lekuetatik kanpo edozein iragarki mota paratzea, udal baimenik izan ezean. Era berean, debeku da aipatu lekuetan edozein eranskailu, kartel, paskin, pankarta edo banderaxka ezartzea.

15. artikulua. Kartel, pankarta eta banderaxkak.

1. Udalak eremu publikoan kartelak eta banderatxoak paratzea espresuki baimentzen ahalko du hurrengo kasuetan:

a) Hirian kultur, arte edo kirol gertaera garrantzitsuak egiten direnean.

b) Hirirako interesgarriak diren kontzertuak, ekitaldiak edo erakusketak egitea nabarmentzen laguntzen dutenean.

c) Hauteskunde kanpainetan, behar bezala baimendu lekuetan.

d) Publizitate helburua dagoenean.

Salbuespen gisa, eremu publikoan kartelak eta banderatxoak paratzea baimentzen ahalko da, adierazitakoen artean ez dauden bertze kasu batzuetan.

2. Artikulu honek aipatu baimenaren eskaerak hurrengo zehaztapenak bildu beharko ditu, gutxienez:

-Kartel edo banderaxken edukia eta neurriak.

-Haiek jartzeko lekuak.

-Zenbat denboran eta zein egunetan egonen diren jarrita.

-Haiek kentzeko eta sor litzaketen kalteak konpontzeko konpromisoa.

-Banderaxkak kale-argi edo argiei lotzeko modua islatzen duen krokisa, euskarriak bere pinturan edo galbanizatuan kalterik jasoko ez duela bermatuta.

3. Kale-argi edo argietan paratu baino 24 ordu lehenago jakinaraziko da, gutxienez, argiteriaren ikuskapen teknikoko udal zerbitzuak instalazioa berrikus eta kontrola dezan.

4. Kartelek eta banderatxoak baimendu diren zehaztapenetara mugatuko dira.

5. Kartel eta banderatxoek baimenaren baldintzak beteko dituzte, eta baimenaren eskatzaileak kenduko ditu epea bukatu bezain laster. Bertzelakoan, Udalak ordezko betearazpena eginen du, ordenantza honetako 40. artikuluan ezarritakoari jarraituz.

16. artikulua. Liburuxkak eta eskuorriak.

1. Debeku da eremu publikoan edo espazio publikoetan mota guztietako liburuxkak, eskuorriak, propaganda edo publizitate paperak eta gisako materialak barreiatu eta botatzea.

Udal zerbitzuek eskuorri, liburuxka edo gisakoen banaketak zikindutako hiri espazioa garbituko dute eta aparteko zerbitzuen kostua erantzuleei egotziko zaie, dagozkien zehapenak deusetan ukatu gabe.

2. Etxez etxeko publizitatearen banatzaileek ezin izanen dute propaganda jarri eraikinetako atariaren eremutik kanpo.

3. Propaganda banatu, informazioa eman edo sinadurak biltzeko mahaiek Udalaren baimena izan beharko dute, aldez aurretik.

IV. KAPITULUA

Herritarren jarduketak

1. ATALA

Ondasun edo zerbitzuen erabilera arruntaren kontrako jarduerak

17. artikulua. Eremu edo espazio publikoen erabilera arruntaren kontrako jarduerak.

1. Eremu edo espazio publikoek zer xede duten, haren arabera erabiliko dituzte herritarrek, eta ezin izanen dute eragotzi horretarako prestatutako lekuetan oinezkoen edo ibilgailuen ohiko joan-etorria, legez aurreikusitako tokietan eta halabereko baldintzetan izan ezik.

Debeku da eremu publikoan edo espazio publikoetan kasu zehatz bakoitza eta inguruabarrak kontuan hartuta pertsona edo ondasunei kalteak edo herritarrei eragozpen nabariak eragin diezazkieketen jarduerak egitea, zein diren ere.

Debeku hori ez da aplikatuko aitzinetik baimena lortu denean edo aipatu jarduerak egiteko berariaz prestatu lekuetan eta horrexetarako direnetan egiten denean, ezarritako baldintzetan.

2. Espazio publikoetan ezin da inolako elementurik paratu edo jarri, Udalaren baimenik izan ezean.

18. artikulua. Zerbitzu publikoen erabilera egokiaren kontrako jarduerak.

Debeku da zerbitzu publikoen erabilera desegokia dakarren edozein portaera, eta bereziki, larrialdiko zerbitzuak maltzurkeriaz mugiaraztea.

2. ATALA

Jarduera berariazkoak

19. artikulua. Sua eta festak.

1. Debeku da erabilera publikoko espazioetan sua piztu edo izatea, baita piztutako metxak eraman edo petardoak, suziriak eta bengalak edo bertzelako artikulu piroteknikoak erabiltzea ere.

2. Festa edo gertaera jakin batzuk direla eta, Udalak baimen orokorra ematen ahalko du, eta hartan finkatuko ditu baimentzen diren su edo jarduerek errespetatu beharreko baldintzak.

20. artikulua. Asotsak.

1. Herritar guztiek bizilagunen lasaitasuna eta atsedena errespetatu behar dituzte. Halaber, bai Hots mailei buruzko ordenantzan ezarri bezala, bai gizalegezko jokaeren sustapenari buruzko ordenantza honek arautzen dituen hurrengo baldintzen arabera, bizikidetza arrunta trabatzen duten asotsak egitea saihestuko dute.

-Gidariek ez dituzte ibilgailuetako musika-ekipoak ozen jarriko.

Ozen dagoela ulertuko da, agintaritzako agenteek kanpotik modu gogaikarrian entzuten ahal dutenean.

-Debeku da asotsak edo suteak sor ditzaketen petardoak, suziriak, bengalak eta mota guztietako artikulu piroteknikoak botatzea, Udalaren baimenik gabe.

-Obrak egunez eginen dira, arrazoi justifikatuak direla-eta Udalak ordutegi berezia baimendu ezean.

-Eremu publikoan nahiz hari begira, eraikinetan nahiz ibilgailuetan, ezin izanen da bozgorailurik erabili edo jarri, baimenik lortu ezean.

-Oro har, ez dira baimenduko bizilagunak gogaitzen dituzten jarduerak, batez ere gauaz.

21. artikulua. Kea eta usainak.

1. Herritarrek uko eginen diote lasaitasuna galarazten duten edo osasungarritasunaren eta apaindura publikoaren kontrakoak diren keak, usainak edo hautsa sortzen dituen jarduerarik egiteari espazio publikoetan edo baimendu gabeko berze batzuetan, haiei eragiten badiete, indarra duen legedian eta jarduera gogaikarri, osasungaitz, kaltegarri eta arriskutsue ordenantzan ezarri mugak edozein direla ere.

Debeku horretatik salbu dira Udalaren aldez aurreko baimenik gabe etxeetan egiten ahal diren lan batzuk, hala nola zola bernizatzea, hormak pintatzea eta abar. Hala ere, lan horiek eginen dira karrikara ahalik eta gehien aireztatuz eta ahaleginak eginez usainak gune komunetara ez joateko, hala nola eskailerak, eskailera-buruak eta patio txikiak.

2. Ibilgailuek ezin izanen dute bortz minutu baino gehiago aparkatuta egin motorrak piztuta izanda, bizitegien eraikinetatik 10 metrora baino gutxiagora badaude.

3. Errekuntzako motor gisa funtzionatzen duten sorgailu elektrikoak, pneumatikoak edo gisakoak eraikinetako fatxadetatik 10 metrora jarri beharko dira, gutxienez, eta haien keak 2,5 metroko altueratik gora bideratu beharko dira, jendea distantzia hori baino hurbilago badago, Udalaren baimenik izan ezean.

22. artikulua. Hondakinak eta zaborrak.

1. Debeku dira erabilera publikoko eremu eta espazioak -orubeak, itxi gabeko finkak, ibaiertzak eta ibaien ibilguak barne- zikin ditzaketen jarduera edo eragiketa baimen gabe guztiak. Batzuk aipatzearren, debeku dira aipatu espazio edo eremuetan automobilak garbitu, konpondu edo olioztatzea ezinbertzeko kasua izan ezean, zigarrokinak, bilgarriak, txikleak eta hondakin solidoak edo likidoak botatzea, hautsontziak eta ontziak hustea, botilak haustea, zaborrak edukiontzi edo paperontzi hutsen ondoan uztea, eta gisako bertze ekintza batzuk.

2. Herritarrak behartuta daude hiri hondakinak paperontzi eta edukiontzietan botatzera.

Hondakin solido txikiak, hala nola, zigarrokin itzaliak, azalak, txikleak (paper batean bilduak), paperak, poltsak, bilgarriak eta gisakoak paperontzietara bota behar dira, birtziklagaiak izan ezean: kasu horretan, eremu publikoan diren bilketa sailkaturako edukiontziak erabiliko dira.

Debeku da paperontzi edo edukiontzietara tresna edo objektu arriskutsuak, eta zigarrokin piztuak edo bertze edozein objektu botatzea. Horretarako, tresna edo gauzaki arriskutsutzat jotzen dira jendeari kalte egiten ahal dieten guztiak, hala nola xiringak eta gai sorgorkariak hartzeko lanabesak, eritasunak kutsatu eta zabaltzen ahal dituzten osasun laguntzako materialak, baita edozein droga toxiko, sorgorkari eta produktu kimiko, pirotekniko edo antzekorik ere.

Paperontzietara ezin bota diren hiri hondakinak horretarako jarritako edukiontzietan sartu beharko dira, Iruñerriko Mankomunitateko ordenantzen arabera.

3. Espresuki debeku da beirazko edozein objektu, osorik edo hautsirik, utzi edo lagatzea erabilera publikoko edozein lekutan.

4. Debeku da paperontzi edo edukiontzietara botatako hondakinak atera eta barreiatzea.

5. Debeku da landareak baimenik gabe ureztatzea, soberako ura nolabait kalte daitezkeen etxebizitzetako objektu edo elementuen gainean eror badaiteke edo eremu publikoan edo haren erabiltzaileengan kalteak egin baditzake.

Ez da libre izanen espazio publikora inolako alfonbra, arropa edo oihalik baimenik gabe inarrostea.

6. Debeku da ibilgailuetatik, abian nahiz geldirik egon, edozein hondakin botatzea.

23. artikulua. Hondakin organikoak.

Debeku da eremu publikoetan eta erabilera publikoko espazioetan kaka, pixa edo listu egitea.

24. artikulua. Animaliak.

1. Herritarrek behar bezala zaindu beharko dituzte etxeko animaliak, eta bereziki debeku da horiek abandonatzea.

2. Herritarrek lagun egiteko animaliak eramaten ahal dituzte beraiekin espazio publikoetan, betiere uhal edo kateaz edo legez ezarri bezala eramanez gero.

3. Jabearen erantzukizun subsidiarioa ukatu gabe, animaliak daramatzaten pertsonek ez diete utziko espaloi, karrika, pasealeku, lorategi eta oro har, oinezkoak iragateko edo aisia hartzeko edozein lekutan kaka egiten.

Animaliek kaka egin beharko dute horretarako prestatutako tokietan. Horretarako, Udalak leku egokiak emanen ditu, animaliek beren eginbehar fisilogikoak egoera higieniko egokian egin ditzaten.

Nolanahi ere, animalia daramanak gorozkiak bildu eta kendu beharko ditu, eta behar bezala bildu ondoan eremu publikoan dauden edukiontzietara bota eta zikindutako gunea garbitzeaz arduratu. Nolanahi ere, animalien jabeek edo arduradunek haiek eremu publikoan uzten dituzten gorozki solidoak bildu beharko dituzte.

4. Animaliek ezin izanen dute eremu publikoan dauden eta gizakiek edateko diren iturrietatik edan.

5. Ezin izanen zaie tratu txarrik edo eraso fisikorik egin animaliei.

6. Zezen festak (entzierroak, zezenketak) direla-eta, eta haiek egitean, aipatu jardueren gaineko arauak aplikatuko dira beti, baita agintaritza eskudunak eguneratzen dituenak ere.

7. Animaliek ezin izanen dira bazkatu lorategi eta parkeetan.

25. artikulua. Kanpaldiak eta aisia.

1. Ezin izanen da kanpatu edo kanpadenda edo horretarako prestatutako ibilgailurik paratu 226/1993 Foru Dekretuan aurreikusi gabeko lur publiko edo pribatuetan, horretarako baimenik izan ezean.

Agintaritzako agenteek amore emateko eskatuko diete kanpadenden, ibilgailuen edo eremu publikoa modu bidegabean okupatzen duen edozein materialen erabiltzaile eta jabeei, dagokien salaketa ukatu gabe. Ezezkoa emanez gero edo jabeak edo erabiltzaileak aurkitu ezin izanez gero, agintaritzako agenteek haiek berehala kentzeko beharrezko baliabideak antolatu ahal izanen dituzte. Halakoetan, arau-hausleek eta, haiekin batera, jabeek beren gain hartu beharko dute sortu den gastua.

2. Ezin izanen da eremu publikoan janaririk prestatu, berariazko baimenik izan ezean.

3. Ezin izanen da biluzik egon erabilera publikoko espazio eta eremuetan, administrazioak horretarako prestatzen ahal dituen lekuetan izan ezik, horrek herritarren lasaitasuna edo beren eskubide eta eginbeharrak modu baketsuan erabiltzea trabatzen duenean. Betiere, oro har, inork ezin du eremu edo espazio publikoetan duen portaerarekin gainerakoen eskubidea gutxietsi, ezta haien jarduteko askatasuna ere, ezta oro har onartuta dauden bizikidetzako sineste eta arauak laidoztatu ere; ez da zilegi genitalak erakustea, ezta ordenantza honetan edo bertze araudi aplikagarri batean debekatuta dauden jokabide edo jarduketak ere.

4. ATALA

Betebehar bereziak

26. artikulua. Merkataritzako jarduerak.

1. Merkataritza, industria edo zerbitzu jarduera batek maiz inguruetan edo baimendu lekuetan (terrazak eta gisakoak) zikinkeria sortzen duenean, establezimenduko titularrak eremu publikoan ukitutako zatia garbi utzi beharko du, neurri zuzentzaileen eta derrigorrezko lizentziei aplika dakiekeen araubidetik ondorioztatzen diren gainerako betebeharrak deusetan ukatu gabe.

2. Terrazak, mahaitxoak eta eremu publikoko bertze instalazio batzuk dituzten kiosko eta establezimenduetako titularrek garbi utzi behako dituzte okupatzen duten lekua zein ingurua, baita instalazioak berak ere.

Gainera, kioskoetako titularrek paperontzia jarriko dute inguruan, eta beren bizkar mantendu beharko dute.

Aipatu lekua eta inguruak etengabe garbituko dira, eta nolanahi ere, establezimendua ixten den unean.

Estetika, higiene eta segurtasun arrazoiak direla eta, debeku da produktuak, terrazetako altzariak edo materialak terrazetan eta haien ondoan bildu edo pilatzea. Ezin izanen da inola ere baimendu baino leku handiagoa okupatzea, ezta aldi baterako elementurik -ez finkorik, ez zoluan finkaturik- erabiltzea ere Udalaren baimenik gabe.

Udalak edozein elementu edo altzari kendu ahal izanen du, eremu publikoan baimenik gabe jarria bada edo baimendu baino leku handiagoa okupatzen badu; instalazioaren erantzuleari eskatuko zaio hura kentzeko gastua, eta dagokion zehapena izanen du.

27. artikulua. Eskean ibiltzea.

Ezin izanen da eskean ibili, horrek herritarren lasaitasuna trabatzen badu edo bertze pertsona batzuen legezko eskubideak erabiltzea eragozten badu.

Horri dagokionez, arau-hauste administratiboa izanen dira larderiaz egiten diren edo herritarrak askatasunean ibiltzea oztopatzen duten eskeak, bertzeak bertze.

28. artikulua. Establezimendu publikoak.

Edonor sartzeko establezimenduen jabeek edo titularrek bertze xedapen batzuk errespetatzeaz gain, bezeroen gizalegerik gabeko ekintzak edo ekintza gogaikarriak eragozten saiatuko dira lokaletan sartzean zein haietatik ateratzean.

Jokaera horiek eragozten ahal ez direnean, polizia deitu beharko dute ordena eta herritarren bizikidetza mantentzeko, eta laguntza emanen diete uneoro esku hartzen duten agenteei.

29. artikulua. Ekitaldi publikoak.

1. Ekitaldi publikoen ondorioz zikinkeria sorrarazten bada edo kalte egiten bazaie hiri edo arkitektura elementuei, erantzuleak antolatzaileak izanen dira, eta administrazioak behartzen ahalko ditu erabili edo hondatzen diren ondasunak lehengoratzera.

2. Udalak fidantza eratzeko eskatzen ahalko die antolatzaile horiei, garbiketa eta ingurumen lanetatik zein ekitaldia egitearen ondorioz sor daitezkeen bertzelako kalte-galeretatik ondorioztatzen den erantzukizuna bermatzeko. Ukitutako espazio publikoa ederki geldituz gero, fidantza itzuliko zaie. Hala ez bada, hartatik kenduko da aparteko lanen zenbatekoa.

3. Nolanahi ere, ekitaldi publikoen antolatzaileek balizko kalteak bermatzen dituen erantzukizun zibileko aseguru-kontratua gauzatu beharko dute, ekitaldiaren izaera kontuan hartuta.

30. artikulua. Eskaletza.

Ordenantza honi dagokionez, eskean ibiltzea da eremu publikoan edo erabilera publikoko espazioetan limosna eskatzea, baita bertzelako jarduera batzuk egitea ere, hala nola ibilgailuetako haizetakoak edo gainerako elementuak garbitzea edo baimenik gabe auto-aparkatzaile jardutea.

Debeku da dirua edo limosna larderiaz edo modu gogaikarrian -hitzez zein obraz- eskatzea. Orobat, debeku da larderiaz edo modu gogaikarrian gauzak edo zerbitzuak diru truke eskatzea.

Eskean dabiltzanak adingabeak izanez gero, adingabeen babesaren arloan indarrean dagoen legediak xedatutakoari helduko zaio.

Agintaritzaren agenteek eskaletza debekatua eragotziko dute, eta nolanahi ere, eskaleari gizarte zerbitzu publikoen berri emanen diote derrigorrean, beharrezko laguntza eskatu ahal izan dezan, larderiaz edo modu gogaikarrian eskatzen duen ala ez alde batera utzita.

Administrazioko gizarte zerbitzuek arreta eskainiko diete gaua iragateko aterperik ez duten pertsonei, bereziki neguan.

31. artikulua. Arropa esekitzea.

Balkoi, terraza edo teilatu-lauetan ez da arroparik hedatzen ahal, karrikatik ikusteko maneran bada. Halaber, balkoi edo galerietan ez da eraikinaren estetikari kalte egiten dion material, tresna edo altzaririk uzten ahal, kanpotik ikusten ahal badira.

Karrikatik nahitaez ikusten diren hedatokiak dituzten eraikinetarako, Udalak berariazko araubidea baimendu ahal izanen du.

IV. TITULUA

Zehapenen araubidea

32. artikulua. Xedapen orokorrak.

1. Zehatzeko ahalmena arlo honetan erabiltzeko, legez eta erregelamenduz ezarrita dagoen prozedurari jarraituko zaio, zehapenak ezartzeko.

2. Zehapen prozedura abiatzeko eskumena duen organoak dakienean gertaerak arau-hauste administratiboa ez ezik, zigor-zuzenbideko arau-haustea ere izan daitezkeela, organo judizial eskudunari jakinaraziko dio eta geldirik utziko dute zehapen prozedura -hasita badago-, harik eta agintari judizialak bere iritzia eman arte.

Zehapen prozedura geldirik dagoen bitartean, etentzat joko dira bai arau-haustearen preskripzio epea, bai prozeduraren beraren iraungipena.

33. artikulua. Arau-hausteen sailkapena.

Ordenantza honetan ezarritakoaren kontrako arau-hausteak, egintzak nahiz omisioak izan, oso larritzat, larritzat edo arintzat joko dira.

34. artikulua. Arau-hauste oso larriak.

Oso larriak dira ondokoa eragiten duten arau-hausteak:

a) Herritarren bizikidetza modu larrian trabatzea, bertze pertsona batzuen lasaitasunari edo legezko eskubideak erabiltzeari edo mota guztietako jarduerak araudi aplikagarriaren edo osasungarritasun eta apaindura publikoen arabera gauzatzeari eragiten dioten ekintzen bidez, betiere herritarren segurtasunaren babesari buruzko legerian aurreikusi gabeko jokaerak badira; betiere, Herritarren Segurtasunaren Babesari buruzko otsailaren 21eko 1/1992 Legearen IV. kapituluan aurreikusitako motetan sailkatu ezin diren jokaerak badira.

b) Zerbitzu publiko bat erabiltzeko eskubidea dutenei hartaz balia daitezen galaraztea.

c) Zerbitzu publiko baten funtzionamendu arrunta galaraztea edo horretarako oztopo larriak jartzea.

d) Zerbitzu publiko baten hornidura, azpiegiturak, instalazioak edo elementuak modu larrian hondatzea.

e) Eremu publiko bat erabiltzeko eskubidea dutenei hartaz balia daitezen galaraztea. Betiere, arau-haustea izanen da oinezkoei edo ibilgailuei haientzat prestatutako tokian iragan daitezen nahita eta modu larrian galaraztea, baimenik izan gabe.

f) Eremu publikoak edo haietako edozein instalazio eta elementu, higigarri izan zein higiezin, modu larrian hondatzen dituzten egintzak, herritarren segurtasunean eragindako nahasmenduetatik aparte. Betiere, arau-hausteak dira jokabide hauek:

-Seinale publikoak hautsi, erauzi edo pintatzea edo haietan kalteak sortzea, baldin eta horrela seinalea ikustea edo ulertzea eragozten edo zailtzen bada.

-Zerbitzu publikoaren elementuak, zaborrak edo hondakinak erretzea, nahita edo erru larria izanda.

-Eremu publikoan eta parke eta lorategietan dauden arbolak hautsi edo deusetarako ez direla uztea.

g) Ordenantza honetan aipatu diren animaliekin anker jokatu, tratu txarrak eman edo eraso fisikoak egitea, baita haiek abandonatzea ere.

h) Ordenantza honetan ezarritakoaren kontrako ekintzak edo hutse- giteak, pertsonen osasuna edo osotasun fisikoa edo morala arriskuan jartzen dutenak.

i) Larrialdiko zerbitzuak bidegabeki eta maltzurkeriaz mugiaraztea.

j) Herriko argien edozein sistema nahita itzaltzea.

k) Urtebetean hiru arau-hauste larri edo gehiago egitea.

35. artikulua. Arau-hauste larriak.

Arau-hauste larriak honako hauek dira:

a) Herritarren bizikidetza modu larrian trabatzea, bertze pertsona batzuen lasaitasunari edo legezko eskubideak erabiltzeari edo mota guztietako jarduerak araudi aplikagarriaren edo osasungarritasun eta apaindura publikoen arabera gauzatzeari eragiten dioten ekintzen bidez, betiere herritarren segurtasunaren babesari buruzko legerian aurreikusi gabeko jokaerak badira.

b) Zerbitzu edo espazio publiko bat erabiltzeko eskubidea modu larrian trabatzea bertze pertsona batzuei. Nolanahi ere, arau-haustea izanen da bidean edo espazio publikoetan terrazak edo mahaitxoak jartzea Udalaren baimenik gabe.

c) Zerbitzu publikoen funtzionamendu arrunta modu larrian trabatzea.

d) Zerbitzu edo espazio publiko bateko ondasunak modu larrian hondatzea.

e) Osasungarritasun edo apaindura publikoa modu larrian trabatzea. Nolanahi ere, ondokoak arau-hausteak izanen dira:

-Estolderia-sarera edo eremu edo espazio publikoetara zaborrak edo hondakinak botatzea, ibiltzea eragozten dutenak edo osasungaiztasun arriskua sortzen dutenak.

-Eremu publikoan janariak edo edariak saltzea Udalaren baimenik gabe.

f) Oinezko edo ibilgailuen ohiko joan-etorriak nahita eragoztea haientzat prestatutako lekuetan.

g) Urtebetean hiru arau-hauste arin edo gehiago egitea.

36. artikulua. Arau-hauste arinak.

Honakoak dira arau-hauste arinak:

a) Herritarren bizikidetza modu arinean trabatzea, bertze pertsona batzuen lasaitasunari edo legezko eskubideak erabiltzeari edo mota guztietako jarduerak araudi aplikagarriaren edo osasungarritasun eta apaindura publikoen arabera gauzatzeari eragiten dioten ekintzen bidez, betiere herritarren segurtasunaren babesari buruzko legerian aurreikusi gabeko jokaerak badira. Nolanahi ere, ondokoak arau-hausteak izanen dira:

-Espazio publikoetan lagun egiteko animaliak uhalez edo kateaz lotu gabe eramatea, horretarako baimenik izan ezean.

-Eremu publikoan su egitea.

b) Zerbitzu edo espazio publiko bat erabiltzeko eskubidea modu arinean trabatzea bertze pertsona batzuei. Nolanahi ere, ondokoak arau-hausteak izanen dira:

-Bide edo espazio publikoetan terrazak edo mahaitxoak paratzea, udal baimenik izan gabe.

-Metxa piztuak edo gailu piroteknikoak eramatea edo petardoak, suziriak edo gisakoak botatzea baimenik gabe.

-Eremu edo espazio publikoetan terrazak edo mahaitxoak jartzea, baimendu baino leku handiagoa hartuta.

-Baimenik gabe kanpatzea.

-Espazio publikoetan edozein elementu jartzea baimenik gabe.

-Espazio publikoetan autoak garbitu edo konpontzea.

c) Zerbitzu publikoen funtzionamendu arrunta modu arinean trabatzea. Nolanahi ere, ondokoa arau-haustea izanen da:

-Iturri edo urmael publikoetan bainatzea.

d) Zerbitzu edo espazio publiko bateko ondasunak modu arinean hondatzea. Nolanahi ere, ondokoak arau-hausteak izanen dira:

-Edozein ondasun edo espazio publikotan pintadak, grafismoak edo horma-irudiak egitea Udalaren baimenik gabe.

-Zuhaitz, landare eta lorategi publikoetan kalte egitea.

e) Osasungarritasun edo apaindura publikoak modu arinean trabatzea. Nolanahi ere, ondokoak arau-hausteak izanen dira:

-Lagun egiteko animalien gorozkiak bildu gabe uztea eremu publikoan.

-Propaganda edo publizitatea zabaltzea, ordenantza honetan ezarritakoa hautsirik.

-Eremu publikoan pixa, kaka edo listu egitea.

-Eremu publikoan zaborra edo bertze edozein elementu bota edo bertan uztea.

f) Ordenantza honetan ezarritakoaren kontrako eginak eta ez eginak, aitzineko artikuluetan aurreikusi ez direnak.

37. artikulua. Zehapenak.

Arau-hauste arinei 750 eurorainoko zehapena ezarriko zaie, 36. artikuluaren a) eta b) ataletan aipatutakoei izan ezik; izan ere, horiei 60.1 eurotik 150.25 eurorainoko isuna ezarriko zaie.

Arau-hauste larriei 750,01 eurotik 1.500 eurorainoko zehapena ezarriko zaie.

Arau-hauste oso larriei 1.500,01 eurotik 3.000 eurorainoko zehapena ezarriko zaie, 34. artikuluaren g) atalean sailkatutakoei izan ezik; horiei 601 eurotik 3.005 eurorainoko isuna ezarriko zaie.

38. artikulua. Kalteei ordaina ematea.

Nolanahi ere, ordenantza honetan adierazten diren bidezko zehapenak ezartzean, bertzelakotu den egoera lehengoratzeko eskatuko zaio arau-hausleari. Arau-hausleek eragindako kalte-galerak erantzuleek konpondu edo ordainduko dituzte beti.

Udalak lehengoratzeko zein kalteak ordaintzeko eskaera bideratuko du, antolamendu juridikoan ezarritakoaren arabera eta hondatutako ondasuna nolakoa den kontuan hartuta.

Udalak derrigortuaren kontura eginen ditu egin beharrekoak gauzak arau-haustearen aurreko egoerara lehengoratzeko, non ez dituen arau-hausleak ordurako egin. Derrigortuari kostua eskatzeko, antolamendu juridikoan ezarritakoari jarraituko zaio.

39. artikulua. Erantzuleak.

1. Ekitaldi publikoetan antolatzailea edo sustatzailea izanen dira erantzule solidario, baita baimena eskatzen duena ere.

2. Animaliak daramatzaten pertsonak eta modu subsidiarioan animalien jabeak erantzuleak dira animaliak gauza edo pertsonei sortu kalte edo eraginengatik eta zikinkeriarengatik.

3. Erantzulea eta zuzeneko egilea izanen dira, modu solidarioan, kanpoko publizitatearen inguruko arau-hausteen erantzuleak, eskuorriena barne.

4. Etxebizitzak edo lokalak erabiltzeko eskubidea dutenak 21.1, 22.5, 26 eta 31. artikuluetan bildu arau-hausteen erantzuleak izanen dira.

5. Gainerako kasuetan, ordenantza honen kontrako arau-hausteen erantzuleak izanen dira arau-hausteen zuzeneko egileak.

6. Oro har, pertsona fisiko edo juridiko pribatuak izanen dira kalteen erantzule solidario, baldin eta legezko betebeharra badute bertze batzuek egin ditzaketen administrazioko arau-hausteei aurrea hartzeko.

Erantzulea adingabea izanez gero, edo hari egotzi ahal ez izateko lege arrazoiren bat izanez gero, erantzuleak gurasoak, tutoreak edo legezko zaintza dutenak izanen dira.

7. Arau-haustea dakarten jarduerak hainbat pertsonaren artean gauzatzen direnean, guztiak izanen dira erantzule modu solidarioan.

40. artikulua. Zehapenen graduazioa.

Aurreko artikuluen arabera sailkatu ondoren, ezarri beharreko zehapena graduatzeko, hurrengo inguruabarrak hartuko dira kontuan:

a) Berrerortzea, urtebetean eite bereko arau-hauste bat baino gehiago egin bada, ebazpen irmo batek hala deklaratuta.

b) Urtebetean larritasun handiagoko arau-hauste bat edo larritasun bereko edo txikiagoko bi arau-hauste egitea, ebazpen irmoak horrela adierazten duenean.

c) Nahita egina den.

d) Gertaerek gizartean duten garrantzia edo oihartzuna.

e) Zer kalte egin den eta haien larritasuna.

f) Egindako kaltea prozedura ireki baino lehen konpontzea.

V. TITULUA

Errehabilitazioa

41. artikulua. Itundutako amaiera.

Bidezko zehapen ebazpena eman aurretik, komunitaterako zeregin edo lanak egiteko aukera eskaintzen ahal dio Udalak espedientatuari ezar litekeen isun osoaren nahiz zati baten ordez; zein den arau-haustearen larritasuna, haren araberako eta proportzioko zeregina izanen litzateke.

Aukera hori arau-hausleen errehabilitazio bide bezala eskainiko da, eta horregatik, beharrezkotzat jotzen denean baino ez da aplikatuko:

-Arau-hausteak oso zehapen larria ezartzea dakarrenean.

-Zehapen larria dakarren arau-haustea izanda, aurretik arau-hauste larriak edo oso larriak egin direnean.

-Neurri hori hartzearen alde egiten duten baldintza bereziak ikusita, modu arrazoituan horrela erabakitzen denean.

Espedientatuak zer lan egiteko prest dagoen eskainiko dio Udalari. Ahal dela, komunitatearen onerako lan borondatezkoak izanen dira, gizalegezko jokabideak sortu edo gisako ekintzen ondoriozko kalteen ordaina ematen dutenak. Udaleko enplegatuek kontrolatu eta bermatuko dute betetzen direla.

Espedientatuak eskaera egin ondoan, prozedura ebazteko epea eten eginen da, eta egin beharreko zerbitzuaren baldintzak jakinarazi beharko dizkio Udalak arau-hausleari.

Udalak prozedura amaitzeko, espedientatuak egin beharreko zerbitzua zehaztuko du ebazpenaren ekitaldian, baita isunaren zenbatekoa ere, zehapena zerbitzuarekin osorik ordezten ez denean.

Kasu bakoitzeko inguruabarrak ikusita, Udalak badaezpadako neurriak hartzen ahal ditu, zerbitzua behar den denboran eta moduan betetzen dela bermatzeko.

Espedientatuak zerbitzuaren baldintzak onartu ondotik, zehapen prozedura amaitutzat joko da, Herri Administrazioen Araubideari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 30/92 Legearen 88. artikuluan ezarritakoaren arabera.

Zerbitzua behar den denboran eta moduan betetzen ez bada, isuna ezarriko da, prozedura laburtuaren bidez erabakita. Hori zehazteko, hurrengo irizpideak hartuko dira kontuan:

-Hasierako arau-haustearen larritasun bera izanen du arau-hausteak.

-Zehapena graduatzeko, berariazko astungarria izanen da Udalaren eta arau-hauslearen artean itundutako zerbitzua ez betetzea.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza honek indarra hartuko du, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluan ezarri epea iragan ondoan.

Iragarkiaren kodea: L0816023