139. ALDIZKARIA - 2008ko azaroaren 14a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Plantilla Organikoa, Lan Publikoaren Eskaintza, oposizioak eta lehiaketak

3439/2008 EBAZPENA, urriaren 27koa, Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiak emana, maiatzaren 19ko 1627/2008 Ebazpenaren bidez onetsi- riko deialdiko merezimendu baremoa (II. eranskina) osatu, deialdiko 8.1 oinarriko a) letraren idazketa egokitu eta eskabideak aurkezteko beste epe bat irekitzen duena. Ebazpen horren bidez Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko goi mailako tituludun izateko bi lanpostu huts lekualdatze lehiaketa bereziaren bidez betetzeko deialdia onetsi zen.

Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiak, maiatzaren 19ko 1627/2008 Ebazpenaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko goi mailako tituludun izateko bi lanpostu huts lekualdatze lehiaketa bereziaren bidez betetzeko deialdia onetsi zuen. Bi lanpostuak Nafarroako Enplegu Zerbitzuari atxikiak daude, bata, 7234 zenbakia duena, Altsasun aritzeko, eta bestea, 5600 zenbakia duena, Burlatan aritzeko.

Altsasu eremu euskaldunean dagoenez, bertako lanpostua betetzeko euskarak merezimendua izan behar du.

Hala ere, deialdiko merezimendu baremoan ez zen hizkuntza horren balorazioa aipatu, zuzendu beharrekoa dena, eta ebazpen honen bidez aldatzen dena.

Bestaldetik, aldaketa horrek 8.1 oinarria ukitzen du. Izan ere, horretan, besteak beste, hizkuntzak jakiteagatik lortzen ahal den gehieneko puntuazioa aipatzen da. Orain 20,50 puntukoa izanen da, 15 puntukoa izan beharrean.

Eta, hori dela-eta, eskabideak aurkezteko beste epe bat ireki behar da.

Horrenbestez, otsailaren 21eko 30/2005 Foru Dekretuaren bidez esleiturik ditudan eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko goi mailako tituludun izateko bi lanpostu huts lekualdatze lehiaketa bereziaren bidez betetzeko maiatzaren 19ko 1627/2008 Ebazpenaren bidez onetsiriko deialdiaren merezimenduen baremoan (II. eranskinean), hizkuntzak jakiteagatik erantsitako puntuazioari dagokion atalaren idazketa osatzea, honelaxe:

"Puntuazio erantsia hizkuntzak jakiteagatik.

-Frantsesa, ingelesa edo alemana jakiteagatik, Europar Batasuneko lan hizkuntzak diren aldetik, hizkuntza horietako bakoitzeko 5 puntu gehienez.

-Euskaraz jakiteagatik: destinoa eremu euskaldunean duten lanpostuetarako 5,50 puntu gehienez, plantilla organikoan euskara jakitea beharrezkotzat hartu ez bada, eta destinoa eremu mistoan dutenetarako 5,25 puntu gehienez, betiere, plantilla organikoaren arabera, lanpostu horretan aritzeko euskaraz jakitea merezimendu gisa baloratzen baldin bada.

Ondorio horietarako, Hizkuntza Eskola Ofizial batek emandako gaitasun agiria edo ofizialki baliokidea den titulua edukiz gero, aurreko ataletan adierazten den gehieneko puntuazioa emanen da.

Titulurik eduki ezik, Hizkuntza Eskola Ofizialean gainditutako maila bakoitzagatik gehieneko puntuazioaren bosten bat emanen da eta, euskararen kasuan, Nafarroako Gobernuak antolatutako ikastaroetan gainditutako urrats bakoitzeko 1/12 emanen da.

Izangai bakoitzak lau hizkuntza horietan zer dakien baloratzeko, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuak antolatutako azterketak egiten ahal dira; bost zailtasun maila izanen dira, eta hizkuntza bakoitzari ematen ahal zaion gehieneko balorazioaren bosten bat emanen zaio maila bakoitzari."

2. Deialdiko 8.1 oinarriko a) letraren idazketa aurreko aldaketara egokitzea. Hizkuntzak jakiteagatik gehienez lortzen ahal den puntuazioa 20,50 puntukoa izanen da, 15 puntukoa izan beharrean.

3. Eskabideak aurkezteko 15 egun naturaleko beste epe bat irekitzea, ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argiratu eta biharamunetik hasita. Edonola ere, ulertzen da deialdian parte hartzeko baldintzak eskabideak aurkezteko eta merezimenduak baloratzeko lehen epea bukatu zenean, hau da, 2008ko ekainaren 24an, bete behar direla.

Aurrekoarekin bat, epaimahaiak 2008ko ekainaren 24an bildutako merezimenduak baizik ezin izanen ditu baloratu eta, zerbitzuen kasuan, deialdia argitaratu arte, hau da, 2008ko ekainaren 9a arte, emandakoak.

4. Ebazpen hau mahaikideei jakinaraztea eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadila agintzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2008ko urriaren 27an.-Funtzio Publikoaren zuzendari nagusia, Gregorio Eguílaz Gogorza.

Iragarkiaren kodea: F0816953