121. ALDIZKARIA - 2008ko urriaren 3a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

VILLAFRANCA

Udal ordenantza, Villafrancan enplegua sustatzeko. Behin betiko onespena

Villafrancako Udalak, 2008ko apirilaren 17an egin osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batean onestea Enplegua sustatzeko udal ordenantza (2008ko 89. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean eman zen argitara, uztailaren 21ean).

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, ordenantza hori behin betikoz onetsi eta osorik argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Villafrancan, 2008ko abuztuaren 29an.-Alkatea, María Carmen Segura Moreno.

VILLAFRANCAN ENPLEGUA SUSTATZEKO UDAL ORDENANTZA

Ordenantza honen xedea da enpresa proiektuak sustatu eta bultzatzea, jarduera ekonomikoak eta lanpostuak sortzeko Villafrancako Udalaren mugapean.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 220. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, Udalak enpresa inbertitzaileen etorrera sustatu, bultzatu eta indartzeko nahiz herri honetako ekimenak garatzeko asmoa du, eta horretarako, bere finantza-baliabideak erabiliko ditu enpresei diru laguntzak emateko, herriko bizilagunei kontratu mugagabeak egin diezazkieten.

1. artikulua. Villafrancako Udalak diru laguntzak emanen dizkie bertzeren kontuko langileak kontratatzen dituzten enpresei, ordenantza honetan ezartzen diren zenbateko eta baldintzetan bada.

2. artikulua. Enpresa mota hauek guztiek hartzen ahalko dituzte finantza-laguntzak: industriakoak, merkataritzakoak, zerbitzuetakoak, nekazaritzakoak eta abeltzaintzakoak, bai eta profesionalak nahiz artistak ere. Horretarako, ondoko baldintzak bete beharko dituzte:

-Epe mugarik gabeko eta lanaldi osoko lanpostuak sortzea, Villafrancan bizi eta erroldatuta daudenendako.

-Diruz lagunduko den kontratazio horren bidez epe mugarik gabeko kontratuen kopurua handitzea.

-Helbide fiskala Villafrancan izatea.

3. artikulua. Industria, merkataritza, zerbitzu, nekazaritza edo abeltzaintzako jardueraren bat nahiz jarduera profesional edo artistikoren bat 2008ko urtarrilaren 1etik aitzina abiarazten duten lagunek hartzen ahalko dituzte laguntzak, betiere Gizarte Segurantzako araubide berezi egokian izena eman eta baldintza hauek betetzen badituzte:

-Helbide fiskala Villafrancan izatea.

-Azken hamabi hilabetetan araubide berezi berean egon ez izana.

-Villafrancan bizi eta erroldatuta egotea.

-Gizarte Segurantzako bertzelako araubideetan ez kotizatzea.

-Ustiapenaren titularrak izatea.

4. artikulua. 400 euroko diru laguntza emanen da herrian bizi eta erroldatuta dauden bizilagunei egindako kontratu bakoitzeko, epe mugarik gabea eta lanaldi osorako bada, edo Gizarte Segurantzako araubide berezietan egindako izen emate bakoitzeko.

4. artikulua. 1. 600 euroko diru laguntza emanen da epe mugarik gabeko eta lanaldi osoko kontratua honelako baldintzak betetzen dituen biztanleren bati egiten bazaio:

-Emakumea izatea.

-25 urtetik beheitikoa edo 50 urtetik goitikoa izatea.

-Minusbaliotasunen bat izatea.

-Oinarrizko Errentako edo Enplegu Babestuko programaren baten bidez kontratatua izana.

4. artikulua. 2. Kontratudun edo autoenplegatu bakoitzak bi urtez hartzen ahalko du finantza-laguntza kontzeptu honengatik, enpresa irekitzeko lizentzia eskuratzen duenetik.

5. artikulua. Inbertsiorako laguntzak.

Enpresa mota hauek guztiek biltzen ahalko dituzte finantza-laguntzak: industriakoak, merkataritzakoak, zerbitzuetakoak, nekazaritzakoak eta abeltzaintzakoak, bai eta profesionalak nahiz artistak ere. Horretarako, ondoko baldintzak bete beharko dituzte:

-Industria, merkataritza, zerbitzu, nekazaritza edo abeltzaintzako eraikinak egin, handitu edo zaharberritzeko inbertsioak egitea.

-Helbide fiskala Villafrancan izatea.

-Kanpoan geldituko dira energia alternatiboa biltzeko instalazioak (aereosorgailu eolikoak, eguzkikoak, etab.), haien jarduera nagusia hori bada.

5. artikulua. 1. Laguntza hauek hartu nahi dituzten enpresek Herriko Etxean ondoko agiriak aurkeztu beharko dituzte, urtebeteko epean irekitzeko lizentzia eskuratzen dutenetik.

-Eskaera idatzia.

-Enpresaren nortasunaren egiaztagiria.

-Inbertsio proiektua arrazoitzeko txostena.

-Eginen den jardueraren gaineko txostena.

-Gizarte Segurantzako eta udal nahiz foru zergen ordainketak eguneratuak daudela egiaztatzeko agiria.

5. artikulua. 2. 120.202,42 eurotik goitiko inbertsio guztiek jasoko dituzte finantza-laguntzak.

Eskatzaileak alde zaharreko saltokiak badira, 60.101,21 eurotik goitiko inbertsio guztiek jasoko dute finantza-laguntza.

Finantza-laguntzaren zenbatekoa EIOZaren %40 izanen da, eta muga, berriz, 6.1 artikuluan xedaturikoa.

EIOZean kontuan hartutako zerga oinarria izanen da finantza-laguntza kalkulatzeko oinarria.

5. artikulua. 3. Inbertsioak burutu ondotik emanen dira laguntzak. Inbertsioak burututzat hartuko dira udal arkitektoak obrak ikusi eta haien gaineko balorazio txostena ematen duenean.

Enpresek konpromisoa hartuko dute inbertsioa eta jarduera gutxienez bortz urtean mantentzeko.

6. artikulua. Udal aurrekontuan urtero finkatuko da, xedapen baten bidez, zer muga izanen duten 4.1 eta 5.2 artikuluetako laguntzek. Laguntzak emateko, eskaeren sarrera egunari jarraituko zaio hertsiki.

6. artikulua. 1. Laguntza guztiak bateragarriak izateaz gain, administrazio publikoek emandako bertze edozein diru laguntzarekin batera hartzen ahalko dira.

Alde zaharreko (BBPB) eraikinak zaharberritzeko EIOZari dagokion laguntza izateko aukera dagoenean, partikularrendako zenbatekorik handiena aplikatuko da.

7. artikulua. 4 eta 5. puntuetan zehaztu laguntzetarako eskaerak Herriko Etxean aurkeztu beharko dira, horretarako banatuko den eredu ofizialaren bidez, eta kontratua sinatzen den egunetik hasita 90 egun balioduneko epean. Langilearen kontratu jatorrizkoaren kopia eta inbertsioaren edo jardueraren gaineko txostena ere aurkeztuko dira.

8. artikulua. Udalak espedienteak aztertuko ditu eta ebazpena emateko behar dituen agiriak eskatzen ahalko ditu. Agiriok 30 egun balioduneko epean aurkeztu beharko dira, eskaeraren jakinarazpenaren biharamunetik hasita. Horrela egiten ez bada, tramitazioak eten eta espedientea artxibatuko da.

9. artikulua. Eskabide espedienteari dagozkion datuak faltsutu, ezkutatu edo aldrebesten badira, deuseztatu edo ukatu eginen da, eta hortik aitzina eta hamar urtetan laguntzak eskuratzeko eskubidea galduko du enpresa horrek.

10. artikulua. 4 eta 4.1 puntuetako diru laguntzak bi alditan ordainduko dira, betiere ondoko agiriak aurkeztu ondotik: lan kontratuak, Gizarte Segurantzako kotizazioaren orri ofizialak, TC1 eta TC2 ereduak, kontratuaren aurrekoak nahiz ondokoak, eta udal nahiz foru ogasunekiko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak eguneraturik daudela egiaztatzeko agiriak.

5. puntuko diru laguntzak, berriz, enpresa eskatzailearen jarduerari buruzko espedientea ebatzi eta beranduenez ere urtebeteko epean ordainduko dira.

11. artikulua. Aurreko artikuluetan xedatutakoaren babesean diruz lagundutako kontratua duen langileren batek, kontratua sinatu eta 24 hilabete gabe eten egiten baditu zerbitzuak, enpresa onuradunak baja hori gertatu eta hogeita hamar egun balioduneko epean ordezko langilea hartu beharko du, kontratu mota berdina erabiliz. Langile horrek diru laguntzak eskuratzeko beharkizunak beteko ditu, bertzenaz emandako laguntza kendu, deuseztu edo itzularaziko da.

12. artikulua. Enpresa onuradunak, 24 hilabetez, sei hiletik behin honakoak eraman beharko ditu Herriko Etxera: Gizarte Segurantzako kotizazioaren orri ofizialak, TC1 eta TC2 ereduak. Kuotak zein entitateri ordaindu zaizkion, harexen zigilua beharko dute izan kotizazio orriek.

13. artikulua. Villafrancako Udalak bidezko juzgatzen dituen kontrol eta frogapen guztiak egiten ahal ditu aldian-aldian, laguntzak eskuratzeko ezarritako baldintzak eta betebeharrak betetzen ote diren egiaztatu beharrez.

14. artikulua. Ordenantza honen ondorioz onuradunek bete behar dituztenak betetzen ez badira, diru laguntzak kendu edo deuseztatuko dira eta, hala behar denean, ordura arte emandakoak Udalari itzularaziko zaizkio, deuseztapenaren jakinarazpenetik hilabeteko epean.

15. artikulua. Ordenantza honetan jaso gaberik ere enpresen eta Udalaren artean izan litezkeen akordio, hitzarmen edo itunek lehentasuna izanen dute ordenantzaren gainetik, halakoetan ez baita aplikatuko.

16. artikulua. Ordenantza honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean osorik argitaratzen denean hartuko du indarra.

Villafrancan, 2008ko apirilaren 16an.-Alkatea, María Carmen Moreno Segura.

LAGUNTZAK ESKURATZEKO ESKABIDEAK

Eskabideetan honako datuak agertuko dira:

a) Interesdunaren izen-abizenak, edo haren ordezkariarenak, baita jakinarazpenak egiteko modurik egokiena eta horretarako helbidea ere.

b) Egitateak, arrazoiak eta eskaera, zer eskatzen den zehatz-mehatz azalduz.

c) Tokia eta eguna.

d) Eskatzailearen sinadura edo bere borondatearen benetakotasunaren egiaztapena.

Iragarkiaren kodea: L0813236