121. ALDIZKARIA - 2008ko urriaren 3a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

GALOZE

Hirigintzako ordenantzak. Behin betiko onespena

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan ezarritakoari jarraituz, argitara ematen da Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean Galozeko Udalaren hirigintzako ordenantzen testu osoa, 2008ko otsailaren 27an hasieran batean onetsi zena (2008ko 42. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratua, apirilaren 2an), eta 2008ko ekainaren 9an behin betikoz. Jakinarazten da ez dela erreklamazio, kexa edo oharrik egin jendaurreko epean.

Aditzera ematen da, orok jakin dezan.

Galozen, 2008ko ekainaren 12an.-Alkate udalburua, Francisco Sarriés Martínez.

GALOZEKO UDALAREN HIRIGINTZAKO ORDENANTZAK

Gaur egun, baditu Galozek hirigintzako hainbat ordenantza, zein bere kontzejuko (Galoze, Itzalle, Izize eta Uskartze) herriguneari aplikagarria, 1979ko urtarrilaren 15ean onetsiak hiri lurzorua mugatzeko proiektuekin batean. Une horretan indarra zuen legeriari jarraituz, baita hirigintzako ohiko praktikari ere, ordenantzek aldi berean hartzen dituzte hirigintzako planeamenduari dagozkion alderdiak (esate baterako, eraikuntzan baimendutako altuera, herriguneko hainbat eremutan baimendutako erabilerak) eta estetika, eraikuntza, bizigarritasun, lizentziaren tramitazio eta abarri buruzko ordenantzak.

Onetsi zirenetik iragandako denborak indarrik gabe utzi ditu haien zenbait determinazio; esate baterako, gaur egun, Foru Gobernuko xedapenek arautzen dute bizigarritasunari dagokion guztia. Hortaz, hirigintzako determinazio soilak ez dira nahikoa herriko eraikuntza antolatzeko eta beharrezkoa da, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko 35/2002 Foru Legeak ezartzen duen moduan, udalerriak bere plan orokorra izatea.

Bestetik, planeamenduaren tresna hori eskuratu bitartean, 35/2002 Foru Legeak berak eskaintzen dio lege esparrua Udalari, hirigintzako ordenantzak eman ditzan. Izan ere, Foru Lege horretako 64. artikuluak honela dio:

1. Udalek hirigintzako ordenantzak onesten ahal dituzte, eraikinen alderdi morfologikoak eta apainduraren ingurukoak eta eraikuntza lanen baldintzak arautzeko, baita higiezin bakoitzean baimendu daitezkeen jardueretarako baldintzak ere; hori guztia, Udalaren Plan Orokorreko determinazioen aurka egin gabe.

2. Orobat, planeamendua gauzatzeko behar diren alderdi orokor guztiak arautzeko ere, hirigintzako ordenantzak onesten ahal dituzte.

3. Ordenantzak onesteko, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legean ezarritako arauei jarraituko zaie.

Horrenbestez, orain onetsitako hirigintzako ordenantzek Galozeko udalerrian egiten edo berritzen diren eraikinen alderdi formal eta estetikoak arautzen dituzte; gainera, 35/2002 Foru Legearen 189. artikuluaren arabera Udalari eskatu beharreko lizentzia eta baimenen tramitazioa arautzen dute.

Hori guztia, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuaren baimen administratiboa ukatu gabe, aipatu 35/2002 Foru Legearen bosgarren xedapen iragankorrean aipatu obra eta jarduketetarako Udalak lizentzia eman aurretik.

HIRIGINTZAKO ORDENANTZAK

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Ordenantzen aplikazio eremua.

1. Ordenantza hauek obra, instalazio eta erabileretarako lizentzia eskaeren tramitazioa arautzen dute Galozeko udal mugapean, indarra duen legeriaren arabera Udalaren lizentzia behar denean.

2. Beraz, herrigunean eta landalurrean; hau da, udal mugape osoan, zein den ere lurzoruaren hirigintzako sailkapena.

2. artikulua. Ordenantza hauek araututako gaiak.

1. Ordenantza hauek lizentzia eskaeren tramitazioa arautzen dute, baita lizentziaren mendeko obrek bete beharreko baldintza morfologiko, estetiko eta eraikuntzakoak ere.

2. Ezarritako baldintzak interpretatzean, kontuan hartu beharko da ordenantzek ezin dutela inoiz planeamenduaren bitartez ezarritako hirigintza antolamendua aldatu, ezta legeriak debekatutako egintzak baimendu ere.

3. artikulua. Lizentzia eskaeraren sustatzailea.

Ordenantza hauetan, Udalaren lizentzia eskatzen duen pertsona fisikoari edo juridikoari deitzen zaio sustatzailea; besterik frogatu bitartean, zein finkatan esku hartu nahi duen, haren jabea dela edo hartarako behar diren eskubideak dituela ulertuko da.

4. artikulua. Lizentzia izatera behartutako egintzak.

Lizentzia eskaerei zer dokumentazio eskatu eta haiek ebazteko zer tramitaziori jarraitu behar zaion erabakitzeko, honela sailkatzen dira lizentzia izatera behartutako egintzak.

1. Obra handia; honako hauek:

-Mota guztietako eraikin eta instalazio berrien eraikuntza.

-Eraikitako bolumena aldatzen duen eraikuntza.

-Eraikinaren fatxadetako bat aldatzen duten obrak

-Eraikinari eusten dion egituran eragina duena, baoak nahiz kanpoko itxura aldatuz.

2. Obra txikia; honako hauek:

-Eraikinaren barreneko banaketa aldatzen duten berrikuntzako obrak, elementu sendoetan eragin gabe.

-Fatxada edo estalkia berritu edo konpontzen dutenak, euskarriak ukitu gabe, ezta fatxadaren konposizioa ere.

-Kanpoko zurajea aldatzea.

-Kartelak jartzea.

-Finkak ixtea.

3. Eraispen lanak. Eraikin bat edo haren zati bat kentzen denean.

4. Ordezte lanak; hau da, zegoena bota ondoren eraikin berria egiten denean. Tramitazioan, kontuan hartu beharko dira eraikina botatzeko eta obra handia egiteko ezarri diren baldintzak.

5. Zaharberritze edo egokitze obrak. Horrela deitzen zaie, lehendik legearen araberako bizigarritasun baldintzak ez izanik, etxebizitza gisa erabiltzeko aukera ematen dutenak, obra handiaren edo txikiaren kalifikazioa izan. Orobat, obra mota hauetan sartzen dira eraikina egokitzen dutenak, lehendik zeukanaz bestelako erabilera bat emateko.

6. Eraikinen lehen erabilera, etxebizitzak edo produkzio jarduerak izan. Obra berria denean, beti eskatu beharko da lizentzia; orobat, zaharberritze edo egokitze lanak bukatu ondoren.

7. Lur mugimenduak, lurraren topografia aldatzen duten egintza guztiak barne; hala nola, pista eta zangak irekitzea, zapaldak egitea, agregakinak, harria edo lurra ateratzea.

8. Lurzatiketa eta lurzatien mugetan egindako edozein aldaketa.

9. Behin-behineko obrak eta aldamioak jartzea, eremu publikoa okupatuz.

5. artikulua. Eraispenak.

1. Oro har, eraikinak bota aurretik lizentzia eskatuko da, erortzear daudenean izan ezik; orduan, lizentziarik gabe eginen dira behar diren obrak, erortzeko zorian dauden elementuei eusteko; gainera, istripua galarazteko ezinbestekoa den eraispen partziala egiten ahal da.

2. Eusteko edo hein batean eraisteko eragiketa agindu edo egin behar izan duen jabeak lehenbailehen jakinaraziko dio Udalari, eta lizentzia eskatuko du eraispena bukatzeko.

3. Ez da inoiz 1. zenbakian aipatu baimen orokorra erabiliko eraikinak edo elementuak eraisteko, Ondare Historiko Nazionalari buruzko 16/1985 Legeak, Nafarroako Kultura Ondareari buruzko 14/2005 Foru Legeak edo horiek ordeztu, osatu edo garatzen dituen Estatuko nahiz Nafarroako legeriak aginduta babestuta daudenean.

II. KAPITULUA

Eraikinaren baldintza estetikoak eta eraikuntzakoak

I. ATALA

Inguruneari egokitzea

6. artikulua. Inguruneari egokitzeko betebeharra.

1. Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko 35/2002 Foru Legearen 88. artikuluan aurreikusitakoa aplikatuz, eraikin berriek nahiz handitu, berritu edo zaharberritutakoek Galozeko ingurune arkitektonikoaren arabera moldatuko dute kanpoko itxura.

2. Uste da egokitze hori ordenantzen kapitulu honetan ezarritako xedapenak betez gero gauzatzen dela; hala ere, Udalak arrazoiak emanda ukatzen ahal du eraikitzeko lizentzia edo zenbait baldintza jarri, baldin ezarritako determinazioak beteta ere emaitza inguruneari egokituko ez zaiola aurreikusten bada.

3. Erabaki horrek arkitekto batek emandako txostena izanen du oinarri. Hura igorri beharko dio Udalak sustatzaileari edozein erabaki hartu baino lehen, hark egokiak iruditzen zaizkion iritziak eman ditzan, edo txostenekoaz bestelako konponbideak proposa ditzan.

7. artikulua. Eraiki gabeko hirilurreko lurzatiak.

1. Aipatu 35/2002 Foru Legearen 87.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz, eraiki gabe utzitako hirilurreko lurzatien eremua segurtasun, osasungarritasun eta txukuntasun publikoaren araberako baldintza egokiek eskatu bezala erabili eta zaindu beharko dira.

2. Bizitegirako hiri lurzoruan eraikitzen ez den eremua, agerian gelditzen dena, egoera onean zaindu beharko da; materialak edo produktuak kontserbatzeko erabiliz gero, nahiz aldi baterako izan, hirilurraren paisaiak txarrerako eraginik izan ez dezan ahalegindu beharko da.

3. Egurra euritik babestuta eduki nahi bada, hobe da teilape bat egitea akabera egokiekin.

4. Eraikin horretarako eta lurzati librean egin nahi den beste edozeinetarako, Udalaren lizentzia beharko da, baita lurzatiaren barreneko urbanizazioa egin behar denean ere.

5. Behar den kasuetan, lurzatia hesitzeko eskatzen ahal dio Udalak jabeari, aipatu legearen 87.2 artikuluan aurreikusitakoaren arabera, eta ordenantza hauetako 18.7 artikuluan adierazitako moduko itxitura jartzeko.

8. artikulua. Ondare historiko eta kulturalaren kontserbazioa.

1. 6.3 artikuluan adierazitako prozedura bera erabiliko da Galozeko Udalak ondare historikoa eta kulturala hondatzea galarazi behar duenean, Ondare Historiko Nazionalari buruzko 16/1985 Legearen 7. artikuluan eta Nafarroako Kultur Ondareari buruzko 14/2005 Foru Legearen 5. artikuluan aurreikusitakoaren arabera.

2. Alde horretatik, herriko eraikinek dituzten balio historikoko elementuak nahiz inguruneari lotuak mantendu beharko dira berrikuntza obretan: armarriak, ojiba-arkuak ate eta leihoen baoetan, atalburuak, ajimezak, teilatu-hegalak, harrizko zokaloak, arkuak eta abar.

3. Bereziki babestuko dira armarriak, inskripzioak eta beste elementu batzuk, aipatu legearen bigarren xedapen gehigarriaren arabera kultur intereseko ondasuntzat jo beharrekoak badira.

9. artikulua. Baldintza orokorrak eta partikularrak.

1. Galozeko udalerriko herri bakoitzeko eraikinak ingurunera egokitzearren eta herriko balio urbanoak, kulturalak eta ingurunekoak babestearren, baldintza orokor batzuk ezarri dira lau herriguneentzat, gainerako udal mugapeko eraikuntzan ere aplikatuko direnak, egokiak diren bitartean.

2. Izizeko industrialdeak bere ordenantzak ditu, Udalez Gaindiko Plan Sektorialaren barrenean. Eremu horretan atal honetako aurreikuspenak baino ez dira aplikatuko; II. atalean ezarritako baldintzak UPSko ordenantzetan arautu gabeko alderdietan baino ez dira aplikatuko, ordezko aukera bezala.

II. ATALA

Baldintza orokorrak

10. artikulua. Eraikinen bolumenak eta kokalekua.

1. Obra berria edo ordezkoa denean, egin gogo diren eraikinek konposizio bolumetriko soilak izanen dituzte, udalerriko herrietan ohikoak diren modukoak.

2. Eraikin berrien fatxadetako batek, gutxienez, lerrokadura ofizialari jarraituko dio, edo hurbil egonen da; kasu horretan, lurzatia kaletik bereizten duten itxiturak ez dira 80 cm baino gehiago izanen, itxitura opakua edo zeharrargia izan.

3. Ordezte obretan, jatorrizko eraikinaren fatxada nagusia lerrokadura ofizialetik atzerago bazegoen lerrokadura horren eta fatxadaren arteko itxiturarik gabe, eraikin berriak kokaleku bera izanen du, hau da, fatxada nagusiak ez du fatxada haren lerrokadura gaindituko eta ez da itxitura berririk izanen. Kasu horietan, eraispenaren proiektuan grafikoki adieraziko da fatxadaren kokalekua, eta kotak ezarriko dira, jatorrian zuen kokalekua agertzeko.

4. Obra berria edo ordeztekoa denean, lurzatiaren lerrokaduretako batek 500 zentimetroz azpiko zabalera duen kale batera ematen badu, eraikina eta eraikuntzako edozein elementu atzera eraman beharko dira ibilgailuen joan-etorria errazteko.

5. Formula honen bidez finkatzen da gutxieneko atzeraemangunea:

Atzeraemangunea = (500 cm - kalearen egungo zabalera puntu bakoitzean)/2.

6. Gutxieneko atzeraemangunearen lerrotik lurzatiaren lerrokadurarainoko tarteak kalearen maila berean egon beharko du.

11. artikulua. Fatxadak.

1. Fatxadak bertako harriz egiten ahal dira, kanpotik: harlanduak, harlanduxkoak, edo harlangaitz-horma ilaratua. Harrizko plakak erabiliz gero, behar bezain lodiak izan beharko dute eta harlanduzko aparailuari dagokion moduan kokatuko dira.

2. Adreiluzko fabrikaz, hormigoi-blokez edo beste edozein materialez ere egiten ahal dira; betiere, mortero zuriz edo kolore argitan zarpiatuta.

3. Fatxadetan ez da zilegi bistako adreilua. Fatxada osoa zurez estaltzea ere ez da zilegi, baina bai zurezko elementuak erabiltzea fatxadaren zati batean edo beste material batzuekin konbinatuta.

4. Bertako harriarekin egindako zokaloak, ertzetako kateadurak eta janbak jarri ahalko dira, baina debeku da osagai horiek hormak pintatuz imitatzea. Aldiz, zilegi da bistako hormigoia erabiltzea zokalo gisa.

5. Forjatuak ez dira kanpora agertuko; hortaz, baoek eta balkoiek bakarrik hautsiko dute fatxada.

6. Baoen konposizioak eta proportzioak udalerriko eraikuntzan ohikoa denari jarraituko diote. Bao etzanak saihestuko dira, baita elkarren ondoko leihoak ere, arotzeriako mainel batek edo obrazko matxoi estu batek soilik banatuak badaude.

7. Solairu bateko baino gehiagoko eraikinetan, beheko solairua ez da 4,50 m baino altuago izanen. Gainerakoan, solairu bakoitzeko altuerak Galozeko arkitekturan ohikoa den proportzioari eutsiko dio.

12. artikulua. Estalkiak.

1. Estalkiak beti maldadunak izanen dira: %20ko malda gutxienez eta %35 gehienez. Biko edo lauko teilatu-isurkitan kokatuko dira; betiere, soluzio korapilatsuak saihestuta. Estalkiak horma pikorik sortuz gero, haietako batek eremu publikora emanen du.

2. Zilegi dira txapitulak (usategiak ere deituak ibarrean) eta argi-zuloak, baldintza hauek betez gero:

a) Argi-zuloak (velux motako leihoak) ez dira 20 cm-tik gora aterako estalkiaren planotik; betiere, haren neurriak eta kokalekuak bistarako eragina ahalik eta txikiena izatea eskatuko da.

b) Txapitulek bi edo hiru isurkiko estalkia izanen dute, gailurra perperdikularrean duela estalkiaren isurki orokorrarekin; bestetik, bere gailurraren punturik altuena ez da estalki-isurkiaren altueraren 2/3 baino gorago egonen.

c) Gainera, estalkiko isurki nagusietako bakoitzean kokatzen diren argi-zuloek eta txapitulek okupaturiko frontea ez da izanen teilatu-isurki horretako fronte osoaren erdia baino handiagoa.

3. Hala ere, ez dira baimenduko mantsarda itxurako estalkiak; hau da, ez da zilegi teilatuaren malda okertzea kanpora ematen duen zatiak malda handiagoa izateko.

4. Estalkietan zeramikazko teila kurboa erabiliko da, siena koloreakoa edo gorrixka (baina inoiz ez gorri bizia). Udalak hormigoizko teilak erabiltzen ahal ditu; kasu horretan, haiek jarri aurretik, Udalaren zerbitzu teknikoek adostasuna erakutsi beharko dute, laginak aurrean dituztela.

5. Zilegi dira kobrea edo beste edozein metal estalkiaren erremateetan eta elurra ez erortzeko babesetan. Beruna, zinka edo altzairu galbanizatua erabiliz gero, teilaren antzeko kolorean pintatu beharko da.

6. Teilatu-hegalak zilegi dira 4,5 m-koa altueran badaude eremu publikoko sestratik; baldintza hori betez gero, 50 cm gutxienez eta 100 cm gehienez aterako dira paramentuetatik. Ahal dela, zurezko habeen gainean egonen dira. Hala ere, hormigoizko lauzetarako baimena eman daiteke, gehienez ere 15 cm-ko ertza dutela. Nolanahi den ere, ez da zurezko imitaziorik onartuko, ezta taula konglomeraturik edo antzeko materialik ere.

7. Hegalkinaren neurri hori ez da nahitaezkoa izanen ura etxarteen gainean edo auzoko finka baten gainean isurtzen direnean.

8. Eremu publikora isurtzen duten estalkiek erretenak izan beharko dituzte ura biltzeko. Elementu horiek metalikoak izanen dira eta kolore batekoak, estalkiarekin bat egiteko moduko akabera, neurria eta kokalekua dituztela; zehazki, erretenak teilatu-hegalaren erremate gisa jarriko dira. Estalkia egitea edo berritzea kontuan hartzen duten proiektuek behar adina zehaztuko dituzte elementu horiek.

9. Estalkiaren planoaren gainetik, 3. zenbakian adierazitako argi-zuloak edo txapitulak baino ez dira zilegi, baita kerako eta aireberritzeko tximiniak ere; obrakoak izanen dira beti, herriko arkitekturarekin bat etortzeko moduko forma eta kokalekua dutela.

13. artikulua. Estalki lauetarako baimena.

1. Aurreko artikuluan ezarritako baldintza orokorrak ukatu gabe, estalki lauetarako baimena ematen ahal da, terraza gisa erabiltzeko.

2. Kasu horretan, estalki lauek baldintza hauek beharko dituzte bete:

a) Etxebizitzaren solairuetako batetik izanen dute sarrera, eta solairu horretako bizitzaren altueran berean kokakuto dira, gutxi gorabehera.

b) Haren azalera ez da aurreko artikuluko baldintzetan estalki maldaduna duen eraikinaren azaleraren %30 baino gehiago izanen.

14. artikulua. Hegalkinak.

1. Lerrokadura ofiziala gainditzen duten hegalkinek, eremu publikoaren gainean kokatzen baitira, baldintza hauek beharko dituzte bete:

a) Hegalkinaren azpiko gainazalak 300 cm-ra egon beharko du, gutxienez ere, eremu publikoaren sestratik, hegalkinak hartzen duen azalera guztian.

b) Hegalkinak eremu publikoaren 150 cm hartuko ditu, gehienez ere; ez du kalearen zabaleraren %10 gaindituko edo hurbilen duen eraikinerainoko tartearena, estaltzen duen fatxadarekiko perpendikularrean neurtuta. Betiere, ez da hegalkinik baimenduko tarte hori 3 metroz azpikoa denean.

2. Fatxada nagusiaren gaineko hegalkinak ez dira 150 cm baino gehiago aterako, eta mehelinetatik 50 cm-ra egonen dira, gutxienez ere; betiere, hegalkinaren sakonera adinako tartea utzita. Fatxada nagusiak etxarte batera ematen duenean, hegalkinak 50 cm gutxienez utzi beharko ditu fatxada nagusiak etxartearekin osatzen duen izkinetik.

3. Debeku dira irtengune itxiak eraikuntzaren fatxaden gainean. Debeku horren salbuespena dira begiratokiak; betiere, hurrengo artikuluan ezarritako baldintzak betez gero.

4. Balkoietako lauzen ertzak ez dira 15 cm baino lodiago izanen. Lauzaren gaineko akabera ez da kanpotik agerian geldituko; betiere, 15 cm-ko ertzean sartuko da. Kanpora ateratzen diren lauzak erregularrak eta simetrikoak izanen dira. Espres debekatzen dira forma zorrotzak edo kurboak, baita 90ºko angelua ez duten izkinak ere.

5. Lauzei eusteko, zurezko habeak gomendatzen dira, edo harrizko mentsulak; beste edozein soluziotarako, lauzaren kanpotik euskarriak jartzera beharturik, Udalaren baimen espresa beharko da.

15. artikulua. Begiratokiak.

1. Begiratokiak frontean itxi ahalko dira soilik, ondoko artikuluan oro har ezartzen diren material eta koloreak erabilita arotz-lanetan.

2. Teilazko estalkia badute, haiek kurboak izanen dira, siena kolorekoak edo gorri ilunak.

3. Betiere, fatxada gaineko hegalkinentzat oro har ezarritako baldintzak beteko dituzte.

16. artikulua. Kanpoko arotz-lana.

1. Ahal dela, kanpoko arotz-lana kolore iluneko zur bernizatua izanen da. Zilegi da beste material batzuk erabiltzea, hala nola aluminioa, P.V.C., eta abar, baldin kanpotik eskuairaldeen itxura zurlanen tankerakoa bada, eta zur ilunaren antzeko akabera ematen bazaie.

2. Kontraleihoak edo iluntzeko elementuak zurezkoak izanen dira; beste material bat erabiltzea ere onartzen da, baldin zurlanaren antzeko atalak, kolorea eta akabera baditu.

3. Hobe da kanpora irekitzen diren kanpoko kontraleihoen bidez iluntzea. Lurzorutik 300 cm baino hurbilago daudenean, ez dira fatxadatik 10 cm baino gehiago aterako.

4. Dena dela, baoak kanpotik babesteko pertsiana bilgarriak erabiltzen ahal dira; biltzeko danborra barrenetik eskuratzeko moduan jarriko da, kanpotik deus ageri ez dela.

5. Pertsianen xaflak zurezkoak, PVCkoak edo beste edozein materialetakoak izan daitezke, baldin kanpotik zurezkoen antza badute.

6. 1. zenbakian adierazitako baldintza berak aplikatzen zaizkie garaje edo biltegietako ateei, barreneko sortetan kokatuko baitira.

17. artikulua. Eskudelak eta babesak.

1. Balkoietako eskudela zurezkoa izaten ahal da edo burdina forjatuzkoa. Ez dira onartuko obrazko, hormigoizko edo harri artifizialezko karelak, ezta material horietako pilastra edo balaustradak ere.

2. Leihoetako babesak burdina forjatuzkoak izanen dira. Baldintza berak eskatuko dira edozein baotan egon daitezkeen babesentzat.

3. Burdina forjatuaren ordez metalezko profileria erabiltzeko baimena ematen ahal da; betiere, kanpotik burdina forjatuaren antzeko ezaugarriak baditu neurriari eta formari dagokienez.

18. artikulua. Itxiturak.

1. Lurzatien itxiturak trinkoak edo mistoak izaten ahal dira.

2. Itxitura trinkoak bertako harria erabilita osatuko dira, edo gutxienez ere material hori agertuko da kanpoko aldean, fatxada nagusiko beheko oinerako ezarri diren baldintza beretan agertu ere. Gehieneko garaiera 150 cm izanen da.

3. Itxitura mistoek beheko alde trinkoa izanen dute, gehienez ere 60 cm altu, fatxadetarako adierazitako ezaugarri berekoa. Oinarri horren gainean babes diafano bat jarri ahalko da, halako moldez non itxituraren altuera, guztira, 150 cm-koa izanen baita, gehienez ere.

4. Babes diafano hori landarez egina izan daiteke edo bestelakoa, eta eraikuntzako osagaiak izaten ahal ditu. Obrako ostikoak jartzen badira itxitura diafanoari eusteko, frontea gehienez ere 60 cm-koa izanen da. Nolanahi den ere, babesa diafanoa dela ulertuko da baldin eta azalera bertikaleko zati trinkoak gehienez ere babesaren azalera osoaren %30 hartzen badu.

5. Babes diafano horretan aurreikusitako materialak sarrailagintzakoak edo zurezkoak izan daitezke; landarezko babesa sendotzeko sarea jartzen bada, landareen armadura gisa jarriko da eta ez itxituraren kanpoko aldean. Babes diafanoak ezin dira inola ere estali, ez barrenetik ez kanpotik, material opakoez edo zeharrargitsuez, ez kanaberaz, ez plastikoz, ez landare bizidunez besteko inolako materialez.

6. Babes diafanoa landarez, zuhaixkaz edo heskaiz osatua bada, gehieneko altuera 150 cm-koa izanen da; hortaz, aldian behin kimatu beharko da altuera handiagoa har ez dezan.

7. Baratzeak ixteko, oro har ezartzen diren konponbideez gain, itxitura mistoak onartzen ahal dira baldintza hauek beteta:

a) Beheko aldean, ageriko hormigoia, adreiluzko fabrika edo hormigoizko bloke luzitua erabiliko da, fatxadetarako ezartzen diren baldintza beretan.

b) Zati diafanoa osatzeko, burdin harizko sarea erabili ahalko da, besterik gabe. Betiere, herriko itxura kaltetzen duten konponbideak saihestuko dira.

8. Adierazitako gehieneko altuerak irizpide hauen arabera neurtuko dira:

a) Eremu publikoko sestrak lurzatikoarekin bat egiten duenean, edo lurzatiaren gainetik badago, lerrokadura ofizialeko sestratik neurtuko da itxituraren altuera. Eremu publikoa aldapan dagoenean, itxiturak profil maldaduna izanen du, kalearen aldaparekiko paraleloa; bestela, mailakatua, halako moldez non tarte horizontal bakoitzaren erdigunea ez baita egonen gehieneko altueratik gora, eta tarte horizontalaren muturrak ez baitira egonen altuera hori baino 20 cm gorago.

b) Itxiko den lurzati librea eremu publikoaren mailatik gora dagoenean, lurzatiaren barrenetik neurtuko da itxituraren altuera.

19. artikulua. Errotuluak eta fatxadako beste elementu batzuk.

1. Eraikinean jartzen diren errotuluak eraikinaren fatxadetako batean kokatuko dira, inola ere ez estalkiaren gainean. Neurria, kokalekua eta materiala bat etorri beharko dira eraikinaren ezaugarriekin, hau da, ez dira eraikuntzako osagaiak estaliko, ezta fatxadako konposizioa kaltetuko ere.

2. Errotulua jartzeko lizentziaren eskabidean eraikinaren altxaeraren planoa edo argazkia aurkeztuko da, kokalekua adieraziko da eta errotulua zehatz-mehatz erakusten duten planoak erantsiko dira, erabiliko den materiala zehaztuta.

3. Udalak jarriko ditu kale eta plazen errotuluak, zein eraikinetan jarriko diren, haien jabeei aldez aurretik jakinarazita.

4. Debeku dira kalearekin perpendikularki diren farola eta errotuluak, salbu eta interes sozialeko elementuak edo herriko argiak seinalatzeko direnak. Kasu horretan, elementu horiek 60 zentimetro aterako dira gehienez ere; betiere, 3,00 metrora geldituko dira, gutxienez ere, eremu publikoko zoladuraren sestretatik.

20. artikulua. Tximiniak.

1. Ezin dira jarri metalezko hodiz edo zernahi pieza aurrefabrikatu zilindrikoz osaturiko tximiniak edo aireztatzeko hodiak. Arrazoi teknikoak direla-eta halako piezaren bat erabiltzea komeni denean, obrazko akaberaz estaliko da.

2. Gainera, ahal dela, estalkiaren gainean jarriko dira; bestela, eraikinaren alboetako paramenturen bati atxikiak eta ez fatxada nagusian.

21. artikulua. Beste instalazio batzuk: zorrotenak, antenak eta abar.

1. Euri urak biltzeko zorrotenak eraikinean sartuta jartzen ahal dira edo fatxadari atxikiak.

2. Azken kasu horretan, honako hau eskatuko da:

a) Zorrotenen kokalekuek ez dute fatxadaren konposizioa kaltetuko.

b) Zorrotenak metalikoak izanen dira: zinkezkoak, kobrezkoak, P.V.C.koak edo beste material zurrun batekoak. Zein fatxadatan dagoen zorrotena, haren kolorearen araberakoa izanen da, hau da, zuria, grisa edo harri kolorekoa.

c) Material bat edo bestea erabili, gutxienez behealdeko azken bi metroetan talken aurkako materialez estaliko dira, eta kolore egokiz pintatuko.

d) Zer konponbide proposatzen den, hura azaldu eta arrazoituko da proiektuaren txostenean.

3. Debeku da aire girotuko aparatuak jartzea eremu publikotik agerian gelditzen diren fatxadetan, baita eraikinaren edo eremu publikoaren estetika honda dezaketen elementuak ere.

4. Antenak jarri nahi direnean, eremu publikotik gutxien ageri diren tokian jartzen saiatuko da, teknikoki bideragarria bada. Betiere, eremu publikoaren gainean kokatuz gero, 4,50 m-ko altueran jarriko dira, gutxienez ere.

22. artikulua. Berariazko baldintzak berritze eta handitze obretarako.

1. Berritze eta handitze lanetan, atal honetako neurriak beteko dira aplikagarriak diren heinean.

2. Obra horiek jatorrizko eraikinaren ezaugarriak errespetatuko dituzte; hortaz, salbuespenak baimentzen ahal dira, baina lizentziarako aurkezten den proiektuan espresuki azaldu beharko dira salbuespenetarako arrazoiak.

3. Betiere, ez da pinturarik onartuko harrizko hormetan edo bistako adreilua dutenetan. Harrizko hormak edo adreilu zaharrekoak zarpiatu edo luzitzea ere ez da zilegi.

III. KAPITULUA

Lizentzien tramitazioa

I. ATALA

Obra lizentzien tramitazioa

23. artikulua. Lizentzia eskaerari erantsi beharreko dokumentazioa.

1. Lizentzia eskaerarekin batean datu hauek eman behar dira:

A) Lizentzia eskatzen duenaren izen-deiturak eta helbidea.

B) Zein lurzatitarako esku hartu nahi den; katastroak lurzatiari emandako zenbakia adieraziko da, baita zein poligonotan dagoen ere.

C) Egin gogo diren obrak argi eta zehatz deskribatzen dituen dokumentazioa.

D) Obren aurrekontua.

2. C eta D epigrafeetan adierazitako datuen ezaugarriak obraren araberakoak izanen dira, hurrengo artikuluetan aipatzen den moduan.

24. artikulua. Dokumentazioa obra handia denean.

1. Obra handia denean, teknikari eskudun batek prestatutako proiektua erantsiko zaio eskaerari, eta dagokion elkargo ofizialak ikus-onetsi beharko du.

2. Obrak hiri lurzoruan egiten direnean, edo etxebizitzarako badira, arkitekto batek prestatu beharko du proiektua, eta arkitektoen elkargo ofizialak ikus-onetsi.

3. Beste kasuetan, aparejadore batek, arkitekto tekniko batek edo goi nahiz erdi mailako beste teknikari batek prestatzen ahal du proiektua, zertarako den eraikuntza eta zein diren egin gogo diren obrak, haien arabera.

4. Proiektu horiek C eta D epigrafeetan aipatzen den informazioa ordezten dute.

25. artikulua. Dokumentazioa obra txikia denean.

1. Obra txikietan, aurreko artikuluan aipatu proiektu teknikoaren ordez memoria bat aurkezten ahal da, bertan adieraziz, argi eta osorik, lurzatiaren edo eraikinaren barrenean zer obra egin nahi den, forma, neurriak, materialak eta kokalekua zehaztuz betiere.

2. Eskabidearekin batera obren aurrekontua aurkeztuko da, obrak eginen dituen kontratistak edo ofizialak sinatua. Obrak egin behar diren moduagatik ezin bada dokumentazioa aurkeztu, zenbateko kostua aurreikusten duen azaldu beharko du sustatzaileak, materialen kostua zehaztuta eta eraikuntzan eman beharreko denbora zenbatetsita.

3. Jasotako informazioa eta zer-nolako obrak egin nahi diren ikusita, Udalak proiektu teknikoa aurkezteko eskatzen ahal du; hartan, beharrezkotzat jotzen diren ezaugarriak jasoko dira.

4. Nolanahi den ere, arkitekto batek prestaturiko proiektua beharko da fatxadaren konposizioa aldatuko duten obretarako, dela baoak aldatu nahi direlako, dela beste edozein osagai, baita estalkiaren kanpoko itxura aldatuko duten obretarako ere.

26. artikulua. Zaharberritze edo egokitzapen obretarako dokumentazioa.

1. Zaharberritze edo egokitzapen obretarako proiektu teknikoa aurkeztu beharko da beti; zaharberritze obretarako eta obra larritzat sailkatzen diren jarduketetarako, goi mailako arkitekto batek prestatu beharko du proiektu hori.

2. Obrek eraikinaren zati bat soilik ukitzen dutenean ere, egungo egoeraren planoetan egungo etxebizitzaren gela guztiak agertuko dira, baita etxebizitza moldatuaren parte izanen diren gelak ere; horrez gain, etxebizitzaren azken banaketa jasotzen duen planoa erantsiko da, ukituko ez diren gelak ere barne direla. Informazio hori bera azalduko da txostenean.

27. artikulua. Lizentzia ematea.

1. Lizentzia hau emanen da jabetza eskubidea batere ukitu gabe eta hirugarrenei kalterik egin gabe; hortaz, ez du balioko lizentzien titularrek izaten ahal dituzten erantzukizun zibil edo penalak arintzeko. Orobat, sustatzailea izanen da obrek ekarritako kalte-galera eta ekintza juridiko guztien erantzulea.

2. Egin gogo diren obrek bete beharreko baldintzak eransten ahal dira lizentzia ematen denean.

3. Baldintza horiek betetzeko aldaketa handiak egin behar badira lizentzia lortzeko aurkeztu den proiektu teknikoan, Udalak, lizentzia eman aitzin, proiektua aldatu edo handitzeko eranskina aurkezteko eskatuko dio sustatzaileari.

4. Honelako epeak bete beharko dira, lizentzia ematen duen ebazpenean obrak egiteko bestelako epeak zehazten direnean izan ezik:

a) Obra handia: lizentzia ematen denetik, urtebeteko epean hasi beharko dira, eta hiru urteko epean amaitu.

b) Obra txikia: lizentzia ematen denetik, hiru hilabeteko epean hasi beharko dira, eta urtebeteko epean amaitu.

c) Obra handi edo txikien epeetan egin beharko dira zaharberritze obrak; zein diren ezaugarri materialak, haien arabera.

d) Obra handietarako ezarri epeetan egin beharko dira eraispenak; alabaina, arriskua dagoenean, berehala eraitsi beharko da.

e) Lehen okupazioko lizentziak ez daude epe bati loturik, beren izaerari dagokionez.

f) Ordenantza hauen I. kapituluko 4. artikuluaren arabera Udalaren lizentzia behar duten gainerako jarduketetarako, obra txikietarako ezarri diren epeak beteko dira.

5. Obrak edo jarduketak ezin badira ezarritako epean hasi edo bukatu, sustatzaileak Udalari jakinaraziko dio eta epea luzatzeko eskatu. Nolanahi den ere, atzerapenaren arrazoiak azaldu beharko ditu, eta Udalak luzapena ukatuko du aldaketak gertatu badira aplikatu beharreko araudian.

6. Dena den, emandako lizentzia erabiltzen ez bada, eskatzaileak ez du eskubiderik ordaindutako tasa edo zergak itzul dakizkion eskatzeko.

28. artikulua. Eraikuntza, obra eta instalazioen gaineko zergaren likidazioa.

1. Obra lizentzia emateko, eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zerga ordaindu beharko da aldez aurretik. Ordainketa hori behin-behineko likidazioa da, lizentzia eskabidearekin batera aurkeztutako aurrekontuaren gainean eginen baita.

2. Obra bukatu ondoren eginen da zergaren behin betiko likidazioa.

3. Lehen okupazioko lizentzia behar den kasuetan, lizentzia emateko prozeduran eginen da likidazioa.

4. Lizentzia hori behar ez duten obretarako, egindako obren fakturak aurkeztu beharko ditu sustatzaileak, obrak bukatzeko ezarri epearen barrenean aurkeztu ere.

II. ATALA

Obrak gauzatzea lizentziaren arabera

29. artikulua. Lizentziak ezarritako baldintzak.

1. Lizentziaren ebazpenean zehazturiko baldintza guztiak bete beharko dira obrak gauzatzerakoan.

2. Obraren bat egiteko, lerrokatu, sestrak finkatu edo hegalkinak egiaztatzeko lanak burutu behar direnean, Udalaren zerbitzu teknikoekin bat etorriz gauzatuko dira lan horiek.

30. artikulua. Eraikitzailearen betebeharrak.

1. Indarra duten legeekin bat, eraikitzaileak behar adina bitartekoak eduki beharko ditu pertsona nahiz gauzen segurtasuna bermatzeko, dela espazio publikoan dela finka mugakideetan.

2. Obrak egin ahal izateko, kable elektrikoak, telefonikoak, etab. tokiz aldatu behar badira, sustatzaileak berak eginen du lan hori eta hark jarriko ditu kableak atzera beren tokian, Udalaren zerbitzuek adierazitakoari jarraituz.

3. Hoditerien harguneak, loturak edo aldaketak egiteko zangak ireki behar direnean, sustatzaileak berak ireki eta itxiko ditu, eta eremu publikoan ukitzen den zoladura behar bezala utziko du. Betiere, lizentziari loturiko obrak direla eta, eremu publikoan zoladura puskarik hondatzen bada, sustatzaileak jarri beharko du zoladura berria.

4. Obra larriak egiterakoan, segurtasun neurrien artean eremu publikoan hesiak jarri behar direnean edo aldamioak eremu publikoaren gainean bermatu, sustatzaileak ez du lizentzia berariazkorik eskatu beharko horretarako. Alabaina, obra txikia denean, sustatzaileak lizentzia espres eskatu beharko du horrela jokatzeko.

5. Hala aurreko zenbakian aurreikusitako kasuan, nola, edozein arrazoi dela bide, eremu publikoaren zati bat behin-behinekoz hartu behar duenean, kaleetan sortutako eragozpena ahalik eta txikiena izan dadin jokatuko du. Gainera, Udaleko zerbitzu anitzetako enplegatuarekin erabaki beharko du noiz eta nola jardun. Alabaina, ez du inola ere, hartutako jarraibideen aurka jokatuko.

31. artikulua. Udalaren ikuskapena.

1. 35/2002 Foru Legearen 197. artikuluan aurreikusitakoari jarraikiz, obrak egin bitartean eta bukatu arte, Udalaren zerbitzuek ikuskapenak egin ahalko dituzte.

2. Lehen aldiz erabiltzeko lizentzia edo irekitzeko lizentzia duten obretan, lizentzia eskuratzen denean bukatuko dira obrak Obra txikiak direnean, sustatzaileak obrak bukatu direla Udalari jakinarazi eta beste hamabost egun beharko dira obrak bukatutzat jotzeko.

III. ATALA

Behin-behineko obrak

32. artikulua. Lizentziaren beharra.

1. Lizentzia behar da behin-behineko obretarako. Eskabidean, obretarako oro har finkatu den informazioaz gain, obrak noiz hasiko diren eta zenbat iraunen duten zehaztu beharko da.

2. Lizentzia emateko, epe horiek bete beharko dira, edo lizentzia ematen duen ebazpenean ezartzen direnak.

33. artikulua. Aldamioak eta eremu publikoaren okupazioa.

1. Obra handia egiteko lizentzia eskaerak berekin dakar beharrezko aldamioak behar den denboran jartzeko lizentzia eskaera ere. Horrenbestez, obra mota horietarako lizentziaren barrenean aldamioak jartzeko lizentzia ere ematen da, lizentziaren ebazpenean aukera hori espres baztertzen denean izan ezik.

2. Obra txikien kasuan, sustatzaileak aldamioak jartzeko beharra ikusten badu, hala agertuko du lizentzia eskaeran, edo ondoren eskatzen ahal du -aldamioak jarri aitzin betiere- obrak egin bitartean suertatzen bada aldamioen beharra.

IV. ATALA

Lehen erabilerarako lizentziaren tramitazioa

34. artikulua. Lehen erabilerarako lizentziaren xedea.

1. Lehen erabilerarako lizentzia inoiz erabili ez diren eraikinetarako eskatu beharko da, edo haien erabilera aldatu nahi denean.

2. Lehen erabilerarako lizentzia beharko da, orobat, zaharberritze obrak egiten direnean, eraikineko etxebizitza kopurua handitzen ez bada ere.

3. Lizentziarik gabe egindako eraikinak direnean, aldi berean tramitatu beharko dira lehen erabilerarako lizentzia eta obren legeztapena; betiere, obra horiek legeztatzeko modukoak badira, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko 25/2002 Foru Legean ezarritakorei jarraikiz.

35. artikulua. Jarduera sailkatua irekitzeko lizentzia.

1. Jarduera sailkatua irekitzeko lizentziak lehen okupazioko udal lizentziaren ordezkoa da ondorio guztietarako.

2. Izapideak egiteko, arloko legerian eta arauetan ezarritakoari jarraituko zaio. Dena dela, atal honetan lehen okupazioko lizentziarako ezarritakoa aplikatuko da haren tramitazioan, ordezko gisa.

36. artikulua. Lizentzia eskaerari erantsi beharreko dokumentazioa.

1. Lizentzia eskaerarekin batean datu hauek eman behar dira:

A) Lizentzia eskatzen duenaren izen-deiturak eta helbidea.

B) Zein eraikinetarako eskatzen den lizentzia, hura zein lurzatitan den.

C) Eraikitzeko lizentzia eman zen eguna eta, kasua bada, zein egunetan onetsi ziren aldaketak obra lizentzia eskuratua zuen proiektuan.

D) Obra zuzendu duen teknikariaren ziurtagiria, dagokion lanbide elkargoak ikus-onetsia. Dokumentu horrek ziurtatu beharko du obra lizentziaren arabera egin dela; gainera, obraren guztirako kostua jasoko du.

2. Zernahi arrazoi dela bide, obran aldaketak egin direnean, behin betiko planoak aurkeztu beharko dira eta, hala behar denean, jatorrizko proiektuetan egindako aldaketak legeztatzeko eskatu beharko da, baita lizentziarik gabe egindako obrak legeztatzeko ere.

37. artikulua. Lehen okupazioko lizentzia emateko baldintzak.

1. Lehen okupazioko lizentzia emateko, lizentzia eskuratutako obra guztiak eginak izatea eskatuko da.

2. Bukatua egon beharko da, besteak beste, kanpoko itxitura, eta beteak egon beharko dira 30. artikuluko eginbeharrak, hau da, lehen bezala utzi beharko dira obrak egiteko lurzoru publikoan ukitu diren instalazio orokorrak eta haren urbanizazioa.

3. Salbuespen gisa, lehen erabilerarako lizentzia ematen ahal da 2. puntuan adierazitako obretako bat egin gabe izanda, baina, kasu horretan, Udalak finkatutako abala aurkeztu beharko du aldez aurretik sustatzaileak, obrak eginen direla bermatzearren.

4. Kasu horretan, sustatzaileak ez badu obrak bukatzeko Udalak eman dion epea betetzen, obrak egiteko agintzen ahal du Udalak zuzenean, eta abala betearaziko du edo obren kostua sustatzaileari eskatuko dio.

38. artikulua. Lehen xedapen iragankorra.

1. Galozeko herriak Plan Orokorra izan bitartean, eta ordenantza hauek arautzen ez dituzten alderdietan, indarrean jarraitzen dute Hiri Lurzorua Mugatzeko Proiektuaren 1978ko abenduaren 4ko ordenantzetan ezarritako baldintzek.

39. artikulua. Bigarren xedapen iragankorra.

1. Udalaren Plan Orokorra izan bitartean, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko 25/2002 Foru Legearen bosgarren xedapen iragankorrean ezarritakoari jarraituz, 4. artikuluan ezarritako baldintzetan obra handiak egiteko, eraisteko edo zaharberritzeko, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuaren baimen administratiboa behar da lizentzia eman aurretik.

2. Helburu horrekin, Udalak lizentzia eskaeraren espedientea igorriko du aipatu Departamentura, eta txosten bat erantsiko du, hirigintzako legeria, ordenantza hauek barne, nola betetzen diren aztertzen duena.

40. artikulua. Azken xedapen bakarra.

Ordenantza hauek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko dute indarra.

Iragarkiaren kodea: L0813066