121. ALDIZKARIA - 2008ko urriaren 3a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

BERRIOZAR

Eraikinak zaharberriko ordenantzako aldaketa. Behin betiko onespena

Berriozarko Udalak, 2008ko ekainaren 25ean egin osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batean onestea Eraikinak zaharberriko ordenantzako aldaketa. Hura 2008ko 91. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, uztailaren 25ean.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, ordenantza hori behin betikoz onetsi eta osorik argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Berriozarren, 2008ko irailaren 4an.-Alkatea, Xabier Lasa Gorraiz.

BERRIOZARKO UDALAREN ERAIKINAK ZAHARBERRITZEKO LAGUNTZETARAKO ORDENANTZA

1. artikulua. Xedea.

Ondotik aipatzen diren obrak sustatzeko Udal honek ematen dituen diru-laguntzak arautzea da ordenantza honen xedea, etxebizitzen zaharberritzea bultzatzeko asmoz:

a) Fatxadak konpontzeko lanak: balkoiak, leihoak, isolamendu termikoak, teilatu-hegalak, teilatu-hodiak, zorrotenak, kanpoko zurgin-lanak, pintura eta eraikinak apaintzeko lanak, oro har.

b) Estalkiak konpontzeko lanak: teilatuak, tximiniak, lukanak, isolamenduak.

c) Etxebizitzen zaharberritzeko lanak, bertako bizigarritasuna egokitzera jotzen duten obretan, indarra duten foru dekretuetan definitzen den bezala, fatxadez, estalkiez, isolamenduez, egituraz eta eraikinen elementu komunei dagozkien muntadura orokorrez den bezainbatean (igogailuak, terraza komunak, ...), baita etxebizitzak bertako bizilagun elbarriendako moldatzeko obrak ere.

2. artikulua. Aplikazio esparrua.

Halako obretarako laguntzak emateko, Udaleko teknikari eskudunek edo haiekin parekatutakoen aldeko txostena beharko da aldez aurretik, eta eraikinak Berriozarko egungo hirigintza planeamenduaren arabera hiri lurzoru finkatu gisa mugatu den aldearen barnean egon beharko dira, non ez den, halako kasu berezietan, beste eremuren bat ere aurreikusten, antolamendu barnean dauden erakinak zaharberritzeko betiere.

3. artikulua. Baldintza orokorrak.

Eraikinek Udalaren laguntza biltzeko baldintza hauek bete behar dituzte: erabilera aldetik bizitokia izatea eta babes mailaren bat duela katalogaturik egotea, edo hogei urte baino gehiago izatea; (1) lanen helburua eraikinak mugikortasuna mugatua duten ezinduendako egokitzea denean izan ezik. Hortaz gain, egin beharreko obrek ondoko baldintzak ere bete beharko dituzte:

-Multzokako etxebitzetarako, obren kostua, etxebizitza bakoitzeko, 2.500 eurotakoa baino handiagoa izatea.

-Estalkietako obrak direnean, kostua, etxebizitza bakoitzeko, 1.000 eurokoa izanen da gutxienez ere.

-(1) Fatxadetako obretan, isolamendu termikoko lanak edo pintura eta apainketa lanak baizik ez badira, kostua, etxebizitza bakoitzeko, 500 eurokoa izatea gutxienez ere.

-(1) Oztopo arkitektonikoak kentzeko lanak direnean, ez dago gutxieneko inbertsio ekonomikoaren mugarik.

Jarduketa eta obra guztiek bermatu beharko dute bat heldu direla teknika eta eraikuntza aldetik eraikinaren kontserbazioarekin, araudiak, planeamenduak eta ordenantza aplikagarriek xedatzen dutenari egokituko zaizkio, eta Udaleko departamentu eskudunak edo harekin parekatutakoak beharrezkotzat jotzen dituen obrak eginen dira. Bestetik, eraikinaren erabilera, segurtasuna edo kanpoko estetika hobetuko dituzte.

Laguntza hauek biltzeko, jatorrizko diseinu edo tratamenduak berreskuratu beharko dira fatxadetan edo txostenetan desegokitzat jotzen diren elementuak kendu edo egokitu (pertsianetako kaxak, kontraleihoak, fatxadetako kableak, kartelak, idazkunak, markesinak, (1) antena parabolikoak, klimatizazio sistemak kondensatzeko unitateak, kaleko leiho nahiz ateak, etab.).

Eraikineko elementu komunen bati (leihoak, balkoietako itxiturak, ...) dagozkion obrek bizilagunen elkartearen baimena beharko dute.

Ez dute Udalaren laguntzarik hartuko honelako jarduketek:

-Indarra duen planeamenduan antolamendutik kanpo deklaratu diren eraikinetan egindako obrak, edo legeriaren arabera (dela hirigintzakoa dela ekonomikoa) aurri egoeran daudenetan egindakoak (1).

-Barne lokaletako egokitze edo apainketa pribatibo eta bakarrari dagozkion obrak, horiekin batera jarduera babesgarriak egiteko beharrezkoak direnean salbu. Udaleko departamentu eskudunak edo harekin parekatutakoak nahitaezkotzat jotzen dituenak egiten ez badira, orduan ere ez dira obrak babestuko.

-Fatxada eraistea eta haren funtsezko aldaketa edo eraikina osotara hustea (1). Salbuespenez, hirigintzako egokitzapenak egiteko (derrigorrezko lerrokadurak) onartzen da fatxadak hein batean eraistea edo osotara hustea, betiere eraikinak 100 urte baino gehiago badu, andegatze egoerak komenigarri egiten badu, ezaugarri tipologikoei eusten bazaie eta kontserbatzeko katalogaturik ez badago, edozein izanik katalogazio maila.

-Eraikinaren bolumena eta/edo azalera eraikia handitzea.

4. artikulua. Udalaren laguntza motak.

Ordenantza honetako baldintza orokor nahiz partikularrak betetzen dituzten obretarako jaso ahalko dira udal laguntzak (1). Laguntza horiek eta Nafarroako Gobernuak edo haren departamentuek, besteak beste, ezartzen dituzten laguntzak independenteak eta osagarriak dira (beste erakunde horiek ezarritako baldintzetan espresuki kontrakoa ezartzen denean izan ezik).

Udalaren laguntzak izaten ahal dira:

a) Obra gauzatzeko aurrekontuaren %6,5 diru-laguntza.

b) Laguntza bereziak hitzarmen bidez.

c) Aholkularitza.

d) Igogailuak jartzeko diru-laguntza bereziak.

e) Etxebizitzak bizilagunen minusbaliotasunetara egokitzea.

(1) f) Diru-laguntza, aldamioak edo toki garaietan egin beharreko lanetarako bitarteko lagungarriak ezartzeko, zoru publikoa okupatuz.

(1) g) Baliabide ekonomiko urriko jendearendako laguntzak.

4. artikulua. 1. Obra gauzatzeko aurrekontuaren %6,5 diru-laguntza.

1. artikuluak aipatzen dituen lanek (1), 2 eta 3. artikuluetako baldintzak betetzen dituzten horiek alegia, obra gauzatzeko aurrekontuaren %6,5eko diru-laguntza jasoko dute, betiere urteko ekitaldian etxe berean bertzelako zaharberritze lanik egin ez bada.

Diru-laguntzak aurrekontu arruntean horretarako bereizten den kontusailaren kargura ordainduko dira, nahiz eta, orobat, bertzelako baliabide bereziak ere bideratzen ahal diren, hala komeni dela jotzen bada.

4. artikulua. 2. Laguntza bereziak hitzarmen bidez.

Zaharberritzeko jarduera berezietarako hitzarmenak sina daitezke, erabilera publikoko ekipamenduetara ere zabaltzen ahal direnak, ordenantza honetan aurreikusitako laguntzak konbinatuz eta are jarduketa horietan diru baliabide bereziekin parte hartuz, edo eskura diren baliabide material nahiz teknikoekin eta giza baliabideekin.

4. artikulua. 3. Aholkularitza.

Motak:

a) Txosten teknikoak eraikuntzaren egoeraren gainean.

b) Aholkularitza lizentzia eta laguntzen tramitazioaren gainean.

c) Aholkularitza obrak egitearen gainean.

d) Eta, oro har, aholkularitza zaharberritze arloko afera guztien gainean, eskatzen bazaio eta eskumena eta behar adinako baliabideak izanez gero.

4. artikulua. 4. Igogailuak jartzeko diru-laguntza bereziak.

Jarriko diren igogailuak homologatuak izanen dira eta igotzeko gailuen gaineko erregelamendu aplikagarriak eta bat datozen xedapenek ezarritako zehaztapenak beteko dituzte. Obretan Etxegintzaren Kode Teknikoak ezarritako determinazioak (1) bete beharko dira, aplikagarriak diren alderdi guztietan bete ere; eta obrak bukatutakoan, 5/2006 Foru Dekretuak aldatu zuen 142/2004 Foru Dekretuan edo haren ordezko araudian zehazturiko bizigarritasun baldintzak bete beharko dira.

Igogailuak paratzeko lanek %5eko diru-laguntza jasoko dute, obra gauzatzeko aurrekontuaren gainean, eta betiere aurrekontu babesgarriaren mugara bitarte. Aurrekontu babesgarria gainditzen bada definituriko mugara bitarte baino ez da diruz lagunduko. Udalak urtero egokituko du muga hori, udal aurrekontuak betearazteko oinarrietan egokitu ere.

Aurrekontu arruntean kontusail berezia egonen da eta laguntzak kontusail horren kontura izanen dira, harik eta kreditua agortu arte.

Atal honetako laguntza artikuluko bertze laguntzekin batera jaso ahalko da, baita bertze erakunderen batek oztopoak kentzeko edo zaharberritze obretarako ematen ahal dituen laguntzekin ere.

4. artikulua. 5. Etxebizitzak bizilagunen minusbaliotasunetara egokitzea.

4.1. artikuluko zehaztapenak aplikatuko zaizkie (gutxieneko aurrekontuak mugarik ez duela) etxebizitza partikularretako sarbideak bizilagunen beharretara egokitzeko behar diren obra guztiei.

Orobat, eraikinen espazio komunetako jarduketetarako ere jaso ahalko dira laguntza horiek, betiere sarbideei buruzko egungo legeko zehaztapenak betetzen badira edo jarduketek lege hori hein batean behintzat betetzen badute, oztopo arkitektonikoak kenduz bestelako oztoporik jarri gabe.

Laguntza horietarako agiri osagarriak: osasun egiaztagiria, etxeko bizilagunaren minusbaliotasun mota eta gradua zehazteko, eta hartutako neurriak minusbaliotasun horri egokiturik daudela ziurtatzen duen agiria.

Diruz lagunduko dira jarduketen oinarrizko akaberak, eta ez da diruz lagunduko akabera horien eta aukeratutako akaberen arteko aldea.

4. artikulua. 6. Diru-laguntza, aldamioak edo toki garaietan egin beharreko lanetarako bitarteko lagungarriak ezartzeko, zoru publikoa okupatuz.

Laguntzak jaso ahal izateko, honako lanetarako erabili beharko dira sistema horiek:

-Teilatuetako edo fatxadetako obretarako, bai barnekoak bai kanpokoak, betiere obrak egin beharreko tokira sartzeko bide zuzenik badago eta halako sistemak paratzea zailtasun handikoa ez bada.

-Igogailuak eta/edo jendearendako sarbideak ezartzeko obrek iraun bitartean.

Laguntza behar den denborarako ezarriko da, udal teknikariek lizentzia ematearekin bat zehaztuko dutelarik denbora hori. Aldamioak finkaturiko epea baino luzeago gelditzen badira eremu publikoan, gehiegizko okupazio hori ez da diruz lagunduko.

Ordenantza honetako laugarren xedapen iragankorrean finkatu da zer diru-laguntza emanen den 2008an eremu publikoa aldamiokein okupatzeko.

4. artikulua. 7. Baliabide ekonomiko urriko jendearendako laguntzak.

Diru-laguntzen zenbatekoa kalkulatuko da kontuan hartuz familia diru-sarrera ponderatuak, zeinak zehazturik baitaude etxebizitza arloko jarduketa babesgarriak finantzatzeko neurriei buruz indarra duten xedapenetan, eta betiere honako portzentaje hauen arabera:

Diru-sarrera ponderatuen araberako diru-laguntza:

-LGSren 1,5 baino gutxiago: %4.

-LGSren 1,5 eta 2,5 artean: %3.

-LGSren 2,5 eta 3,5 artean: %2.

-LGSren 3,5 eta 5,5 artean: %1.

Portzentajea obren kontrata aurrekontuaren gainean aplikatuko da.

Familia unitateko kide guztiak 35 urtetik beheitikoak badira, obrarako diru-laguntza %4 izanen da.

Diru-laguntza hauek beste batzuekin metatzen ahal dira, hala nola ordenatza honetako laguntza orokorrarekin eta bestelako erakundeek laguntzekin (berariazko murrizketak daudenean izan ezik). Eskatzaileak behar diren agiriak aurkeztu beharko ditu (Berriozarko Udalak eskatutako horiexek, alegia), familia unitatea dagokion errenta mailan sailkatzearren. Diru-sarreren oinarria etxebizitza publikoari buruzko araudian ezarritako hori bera izanen da.

5. artikulua. Onuradunak.

Edozein obraren sustatzaile, ukituriko partikular, jabe elkarte edo entitate izaten ahal da laguntza hauen onuradun, Udaleko departamentu eskudunari edo harekin paretatutakoari behar diren agiriak aurkeztu eta laguntza eskatzen badiote.

Laguntza eskatzen duten pertsona edo entitateei izapidatu eta emanen zaizkie diru-laguntzak.

Laguntza talderen baten barnean eskatzen bada partikularrak ezin izanen du banakako beste laguntzarik eskatu obra bera egiteko.

Diru-laguntzak oro jaso ahal izateko, egin beharreko lanek obra lizentzia beharko dute izan, eta bertan udal departamentu eskudunak edo harekin paretatutakoak aurretik emandako adostasun txostena agertu beharko da.

Obra edo/eta jarduketak tramitatu eta egiteko behar diren zergak eta tasak ordaindu beharko dituzte onuradunek.

Laguntza ekonomikoak behin betikoak izanen dira eta obrak bukatutakoan jasoko dira, (1) eskatzaileak Udalarari espresuki aurkeztuko dion eskaeraren bidez, eskuratutako lizentzietan zehazturiko agiriak oro ekarrita betiere. Diru-laguntzak jaso ahal izateko, egindako lanak ikuskatuko dira aldez aurretik, lizentziako baldintzak bete ote diren egiaztatzearren, eta baldintza horiek behar bezala bete direla dioen txostena egin beharko da.

Ez zaie laguntzarik emanen Udalaren zordun izateagatik premiamendu bidez kobratzeko prozeduretan sarturik dauden partikular nahiz entitateei.

6. artikulua. Laguntzak galtzea.

Ordenantza honetako baldintzak eta betekizunak ez betetzeak, zehatz-mehatz, txosten teknikoan beharrezkotzat jotzen diren obrak ez egiteak, baita aurkeztutako dokumentazioan edozein datu faltsutzeak, udal laguntzak deuseztatu eta kentzea ekarriko du kasuan kasuko espedientean.

Laguntzen deuseztapena bat bakarrari egiten ahal zaio, jabe elkarteren batean bat bakarra baldin bada baldintzaren bat bete ez duena.

7. artikulua. Laguntzen tramitazioa.

Laguntzak Berriozarko Udalaren erregistro orokorrean izapidatuko dira, eta horretarako ondoko agiriak aurkeztu behar dira:

a) Obra lizentziaren eta laguntzen eskabidea, eta hartan adieraziko dira obra mota, banku entitatea eta, diru-laguntzak zer kontutan eskuratu nahi diren, haren zenbakia, baita obrak burutzeko epea ere.

b) Jabearen edo jabe elkarteko ordezkariaren nortasun agiri nazionalaren fotokopia.

c) Jabe elkartearen akordioa, non adieraziko baita obrak egitea erabaki dutela, laguntzen espedientea kudeatzeko ordezkari bat izendatu dutela eta jabe bakoitzak obran duen portzentajea.

d) Eskatzailea norbaiten ordezkari bada: ordezkaritzaren ziurtagiria.

(1) e) Obren proiektu teknikoa (3 kopia). Beharrezkoa ez balitz, ondokoak ekarri beharko lirateke:

(1) 1) Egin beharreko obren txostena, materialen kalitatea eta guzti.

2) Gaur egungo egoeraren krokisa eta proposatutakoa, ahal dela akotatua.

3) Obraren aurrekontu zehaztua, neurketak, kalitateak, prezio unitarioak eta guzti.

f) Udaleko zerbitzu tekniko eskudunek edo haiekin parekatutakoek inoiz eska ditzaketen agiri osagarriak.

Aldiz, proiektu teknikoa eta obra bukaerako egiaztagiria beharrezkoak dira obrek honelakoei eragiten dietenean:

-Eraikinaren egiturari: habeak, zutabeak, karga-hormak, harlauzak, zertxak, gapirioak, ...

-Eraikinaren fatxadei: bao berriak irekitzea, fatxadaren osaketan funtsezko aldaketak eragitea.

-Etxebizitzaren barneko banaketari: (1) tabikeetan funtsezko aldaketak eragitea, bizigarritasun baldintzak edo sukaldearen nahiz bainugelaren kokalekua aldatzen dituzten eraldaketak.

-Igogailuak paratzeari.

-(1) Eremu publikoan muntaturiko aldamioak, hodi modukoak, eraikinaren lehen solairuko zoruko forjatuaren altuera baino luzeagoak direnean.

8. artikulua. Laguntzak emateko lehentasun irizpideak.

Eskatutako laguntzen zenbatekoa aurrekontuko baliabideak baino gehiago denean, horiek onartzeko lehentasun ordena ezartzen ahal da irizpide hauen arabera:

1. Eraikinaren katalogazioa edo interes maila.

2. Aurreikusitako obren ezaugarriak eta haien aurrekontuak.

XEDAPEN IRAGANKORRAK

Lehenbizikoa.-Laguntza hauek atzerantz begira ere aplikatu ahalko dira, obra lizentziak 2008ko urtarrilaren 1a baino beranduago eskatu diren kasuetan.

(1) Bigarrena.-Ordenantza honetan fatxadak eta estalkiak zaharberritzeko finkatu diren laguntzak, atzerantz begira ere aplikatu ahalko dira, obra lizentzia 2007ko urtarrilaren 1a baino beranduago eskatu diren kasuetan.

(1) Hirugarrena.-4.4 artikulua aplikatzeko, aurrekontu babesgarriaren muga ondokoa izanen da 2008ko urtean: 90.000 euro, obra gauzatzeko kostuaren gainean.

(1) Laugarrena.-Eremu publikoa aldamiokin okupatzeko diru-laguntza honako taularen arabera finkatuko da 2008. urtean:

-Metro koadro edo zatiki bakoitzeko:

Egunean: 0,38 euro/m².

Hilabetean: 7,30 euro/m².

Urtean: 27,66 euro/m².

-Eguna, hilabetea edo urtea aplikatu behar den zehazteko, eremu publikoa okupatzeko tasa aplikatzeko egiten den bezala eginen da, eta tarte berberak erabiliko dira.

(1) Udalak urtero egokituko ditu balio horiek, udal aurrekontuak betearazteko oinarrietan egokitu ere.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa.-Ordenantza honen interpretazioa Berriozarko Udalarena da ez beste inorena.

Bigarrena.-Udalak obrak behar bezala egiten direla begiratzen ahal du noiznahi.

Hirugarrena.-Ordenantza honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen denean hartuko du indarra.

(1) Osoko Bilkurak 2008ko ekainaren 25ean hartu erabakiaren bidez onetsia.

Iragarkiaren kodea: L0813603