121. ALDIZKARIA - 2008ko urriaren 3a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

VIANAKO PRINTZEA ERAKUNDEA-KULTURA ETA TURISMO DEPARTAMENTUA. Oieregiko (Nafarroa) Erreparatzeko jauregia eta zubia izeneko monumentuak interes kulturaleko ondasun deklaratzea.

Kultura zuzendari nagusiak maiatzaren 16an emandako 269/2008 Ebazpenaren bidez, Oieregiko (Nafarroa) Erreparatzeko jauregia eta zubia izeneko monumentuak interes kulturaleko ondasun deklaratzeko espedientea ireki zen.

Espediente administratibo honen bidez ukitutakoei jakinarazpena egiten saiatuta, urriaren 3ko 217/1986 Foru Dekretuaren 6.2. artikuluarekin bat, eta ondoren azaltzen diren interesdunei jakinarazpena egitea ezinezkoa izan denez, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 59.5 artikulua betez, bidezko da ediktua Bertizaranako Udalaren iragarki oholean eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

Jakinarazpena jaso ez duten interesdunen zerrenda.

-Salvador Aguirre Arregui. Gorriti (Errotaldea), 10B - 31793 Narbarte.

-Narbarteko Kontzejua - 31793 Narbarte.

269/2008 EBAZPENA, maiatzaren 16koa, Kultura zuzendari nagusiak emana, Oieregiko (Nafarroa) Erreparatzeko jauregia eta zubia izeneko monumentuak interes kulturaleko ondasun deklaratzeko espedientea irekitzen duena.

Ondare Historikoaren Zerbitzuko Arkitektura Ondarearen Atalak honako txostena aurkeztu du:

Kultura Zuzendaritza Nagusiko Ondare Arkitektonikoaren Atalak proposatu du Erreparatzeko jauregia eta zubia izeneko monumentuak interes kulturaleko ondasun deklaratzeko espedientea ofizioz irekitzea. Monumentu horiek Oieregin daude (Nafarroa).

Nafarroako Monumentuen Katalogoan honela deskribatzen dira monumentu horiek:

"Aipamen berezia merezi du Erreparatzea etxeak. Jauregi hori XVIII. mendearen bukaeran eraiki zen eta etxaldearen mutur batean dago kokatua, barreneko aldean, Bidasoako zubiaren ondoan. Jauregi hori, duen itxura bereziari erreparatuta, Erratzukoarekin eta Iruritako Gastón de Iriarte familiarenarekin lotzen da. Muturretan bi dorre ditu, paramentu baxuago baten bidez lotuak -hiru maila ditu eta dorreek lau-. Baztango jauregien antzera, fatxada luzitua dago. Baoen markoetan harlandua ikusten da eta izkinetan ere, kate moduan. Erdiko paramentuaren azpiko aldean itxura neoklasikoko portalea du. Portaleak bi zutabe doriko ditu, taulamentu bati eusten diotenak, eta haien ondoan, kanpoko aldera, pilastra kajeatuak. Atearen ezker-eskuin, bi leiho daude eta horien karelean plaka musarratu batzuk nabarmentzen dira. Bigarren eta hirugarren oinen eskema bera da: dorretik dorrera bi balkoi harrizko mentsulen gainean eta arku beheratua duten bost bao -jauregi honetako fatxadan dauden guztiak bezalakoak-. Dekorazioari dagokionez, erdiko baoa nabarmentzen da. Bigarren oinekoa pilastra bikoitzez eta taulamendu altu batez inguratua dago. Taulamenduaren erdian armarri bat dago, arrokaia beranten gainean, burualdean koroa irekia duena eta hondoan ostargi-belarren loreontzi bat, erroseten artean. Bestalde, hirugarren oineko erdiko baoaren gainean frontoi triangeluar bat dago, bi pilastre kajeatuk eutsia. Paramentu hori babestua dago, etxeak erlaitz irtena baitu, goleta itxurakoa, eta handik hiru mantsarda ateratzen dira, eragin frantsesa dutenak inondik inora. Aldeetako bi dorreek balkoi txiki bana dute solairu bakoitzean.

Jauregiaren parean, Erdi Aroko zubia dago Bidasoako uren gainean, dromedarioaren bizkarraren itxurako gaina eta erdi-puntuko begi handi bat duena."

Jauregiaren ezaugarriak eta natur ingurua direla-eta, jauregi hori XVIII. mendeko jauregien arkitektura nafarraren adibiderik nabarmenetako bat da. Arkitektura mota hori Erdi Aroko leinu-etxeekin hasi zen.

Jauregiak kontserbaziorako laguntzak jaso ditu Vianako Printzea erakundetik 1981., 1984., 1988., 2001., 2002., 2005. eta 2006. urteetan.

Zubia 1991. urtetik 1992. urtera bitartean zaharberritu zen, Ondare Arkitektonikoaren Ataleko teknikariek prestatutako proiektuaren arabera eta haien zuzendaritzapean.

1972ko urriaren 13an, Foru Diputazioko Erabaki baten bidez, Arte Ederretako Zuzendaritza Nagusiari adierazi zitzaion erabateko adostasuna zegoela Baztango 11 jauregi Monumentu historiko-artistiko deklaratzeko, horien artean Oieregikoa.

1982ko irailaren 30ean Foru Diputazioak hartutako erabaki baten arabera, Erdi Aroko 12 zubiren interes historiko-artistikoa deklaratu zen. Horien artean Erreparatzekoa zegoen, Bidasoaren gainekoa, Oieregin.

Horregatik guztiagatik, Erreparatzeko jauregia eta zubia interes kulturaleko ondasun deklaratzeko espedientea irekitzea proposatzen da eta espedientea tramitatzen segitzea indarrean dauden xedapenek ezarritako moduan."

Horrenbestez, eta honako hauek ematen dizkidaten eskurantzak erabiliz: Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legea, urriaren 3ko 217/1986 Foru Dekretua, Interes Kulturaleko Ondasunen Deklarazioa arautzen duena (abenduaren 30eko 572/1991 Foru Dekretuaren bidez aldatua) eta Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen irailaren 3ko 126/2007 Foru Dekretua;

EBATZI DUT:

1. Oieregiko (Nafarroa) Erreparatzeko jauregia eta zubia izeneko monumentuak interes kulturaleko ondasun deklaratzeko espedientea irekitzea, ebazpen honen eranskineko agirietan adierazten diren mugekin.

2. Espedientea tramitatzen jarraitzea indarrean dauden xedapenek ezarritako moduan.

3. Ebazpen hau interesdunei, Oieregiko Kontzejuari, Narbarteko Kontzejuari eta Bertizarango Udalari jakinaraztea. Aditzera ematen zaie, azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen 19.1d artikuluan xedaturikoarekin bat, ukituriko eremuak zatikatu edo bertan eraiki edo eraisteko udal lizentzien banaketa eta emanak daudenen ondorioak bertan behera utzi behar direla. Nolanahi ere, toki horretan berehalaxe egin behar bada lanen bat ezinbestean, beharrezkoa izanen da kultura arloko departamentu eskudunaren baimena.

4. Ebazpen honen berri ematea Kultura Zuzendaritza Nagusiko Ondare Historikoaren Zerbitzuari eta Kultura Ministerioko Arte Ederren Zuzendaritza Nagusiari atxikitako Interes Kulturaleko Ondasunen Erregistroari, aurretiaz idatzia gera dadin.

5. Ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea, eta argitaratzen den egunaren biharamunetik 30 eguneko epea ematea jendaurrean egon dadin, interesdunek egoki iruditzen zaizkien alegazioak aurkeztu ahal izateko.

Iruñean, 2008ko maiatzaren 16an.-Kultura zuzendari nagusia, Pedro Luis Lozano Uriz.

Iragarkiaren kodea: F0813498