121. ALDIZKARIA - 2008ko urriaren 3a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

1639/2008 EBAZPENA, irailaren 2koa, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak emana, Ingurumen eraginaren adierazpena egin eta udalaren ebazpenaren aurreko txostena ematen duena "La Pedriza" izeneko legar-hobia ustiatzeko proiektuari buruz, Ablitasako udal mugapean. Sustatzailea Merindades Corner S.L. da.

Proiektatu den legar-hobia bi urtetik gorako ustiapen aldia izanen luke eta 2,5 Ha baino gehiago ukituko; hortaz, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onesten duen abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretua betez, Ingurumen eraginaren adierazpena egin behar da, obra, instalazio edo jarduerak egin edo baimentzeko administrazio ebazpena eman aurretik, zehazki udalaren jarduera sailkatuko lizentzia eman edo ukatu baino lehen, arau horretako 4B eranskinean sartuta baitago.

Espedientea 2007ko maiatzaren 16an sartu zen departamentuan, tramitazioa egiteko. Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuko zuzendariaren 2007ko ekainaren 28ko idatziaren bidez agiri osagarriak eskatu ziren. Agiri hauek 2007ko irailaren 26an aurkeztu ziren. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratutako iragarki baten bidez (2008ko 432. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALa, ekainaren 23koa) proiektua jendaurrean jarri zen, jarduera sailkatuaren udal lizentzia lortu eta ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioa egiteko. Epe honetan zenbait alegazio jaso dira eta Ebazpen honen III. eranskinean laburtu eta erantzuna eman zaie.

Txosten honen I. eranskinean jaso dira proiektuaren laburpena eta ingurumenean eragina izanen duten ekintzak. Ingurumen eraginaren azterlanean (II. eranskinean laburturik ageri da) proiektuak ingurumenaren gainean izanen dituen eraginik nabarienak egokiro aztertzen dira eta neurri zuzentzaile batzuk ezartzen, ingurumenean kalte nabarmenik ez eragiteko.

Tramitatu den dokumentazioan jarduketak ongi zehaztuta daudenez, Ablitasko udal mugapean "La Pedriza'" izeneko legar-hobia hustiatzeko proiektuari buruz Ingurumen eraginaren adierazpena egitea proposatu da (sustatzailea Merindades Corner, S.L. da), aurkeztutako proposamena ingurumenaren aldetik bideragarria baita, ebazpen honetan biltzen diren baldintzak betez.

Horrenbestez, espedientean dauden txostenak ikusirik, kontuan izanik Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluaziorako prozedura osaturik dagoela, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioari dagozkion eginkizunak esleitzeari buruz urriaren 10ean emandako 426/2007 Foru Aginduarekin bat, eta Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko 4/2005 Foru Legearen 28.1 artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen eraginaren adierazpena egitea, aldekoa, "La Pedriza" izeneko legar-hobia ustiatzeko proiektuari buruz, Ablitasako udal mugapean. Sustatzailea Merindades Corner S.L. da.

2. Jarduera izenburuan azaldutako espedienteari atxikitako dokumentazio teknikoko baldintzei jarraikiz egin dadila ezartzea, eta baldintza hauek betetzea:

-Gehienez ere 980.000 m³ legar aterako dira, Ablitasko 3. poligonoko 214. lurzatian, gehienez ere 25 urtez, proiektuan zehaztutako 4 faseko planari jarraikiz. Kota-beherapena 5 m.-koa izanen da gehienez, kenduko den landare-lura barne.

-Lehengoratzea ustiapenaren aldiberekoa izanen da, proiektuan zehaztutako fase planarekin bat. Aurreko fasea lehengoratu arte ez da hurrengo fasea ustiatzen hasiko.

-Lehengoratzeak lurzatiaren hasierako topografia berreskuratzea hartuko du bere baitan, eta hondeaketatik datozen lurrak eta harriak besterik ez dira onartuko. Eraikuntza eta eraispenetako hondakin inerteak ere erabili ahalko dira, betiere aldez aurretik hondakinen tratamendu planta batean tratatu badira.

-Azkenik gutxienez 40 cm-ko landare-lur geruza bat botako da. Landare-lur hau aldez aurretik kendu eta egoera onean gorde beharko da. Lurzatiaren azkeneko baldintzek ekoizpen ahalmena lehengoratzea eta Saso de Pedriz-eko eremu ureztagarrian sartzeko berriro sail ureztatu gisa erabili ahal izatea ziurtatu beharko dute.

-Legar-hobiaren ustialdian biltzen diren legarrak, landare-lurrak edo lur elkorrak baimendutako lurzatian jarriko dira.

-NA-3010 errepidearekin muga egiten duen lurzatiaren eremuan kendutako landare-lurra egoera onean metatuko da errepidearen eta legar-hobiaren arteko 30 m-ko zerrendan, errepidearen eta lur-hobiaren artean begi inpaktuen kontrako pantaila moduko ildo-bizkar bat erakikiz. Sortzen diren bestelako ere lur elkorrak ildo-bizkar honetan bildu ahalko dira, elkarrengandik berezita.

-Legar-hobirako sarrerak Herri Lan Zuzendaritza Nagusiak 2008ko ekainaren 4an emandako txostenean jasotzen diren baldintzak bete beharko ditu.

-Ondare Arkeologikoaren prebentzio eta babes neurri hauek beteko dira, Vianako Printzea Erakundeko Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalak 2007ko irailaren 19an emandako txostenean eskatuak baitira:

.-Legarren maila geologikoetara heldu arte landare-lurra, laborantza lurra edo azalekoa kentzeko fasean jarraipen arkeologikoa egonen da. Horretarako, lanak behar bezala kontrolatzeko behar diren arkeologiako teknikariak egonen dira obran berean, landare-lurren mugimenduak egiten diren bitartean. Azaleko lurra, betiere, aztarna edo maila arkeologikoak agertu arte kenduko da.

.Lanaren hasierako fase horretan zehar azalean identifikatu ez diren egitura edo aztarna arkeologikoak agerian geratuz gero, mugatu eta balizatu eginen dira kontrolik gabeko kalterik jasan ez dezaten. Eremu osoan belar-sastrakak kendu eta gero aztarnak garbitu eta definituko dira, modu honetan agertu diren egituren erreferentzia geografikoak eman ahal izateko. Makina astunen joan-etorria eremu zedarrituetan eta aztarna arkeologikorik gabekoetan eginen da, eta debekatu eginen da aztarna horiek azaleratzen diren sasiz garbitutako lurretatik igarotzea. Aurkikuntza arkeologikoen berri emanen zaio berehala Arkeologia Atalari, behar diren neurri zuzentzaileak hartu ahal izateko, alegia, ukitutako eremuetan lanak geldiarazi eta indusketa sistematikoa egiteko. Aurkikuntza horien azken xedea Kultura Zuzendaritza Nagusiaren baimen berariazkoaren menpe egonen da; horrexek finkatuko ditu lanak nola eta zer baldintzarekin eginen diren, Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 20ko 14/2005 Foru Legean ezarritakoari jarraikiz. Azaleratutako egitura arkeologikoek Interes kulturaleko ondasun edo Ondasun inbentariatu izatera iristen badira aurreikusitako ustiapena bertan behera utziko da eta aldatutako errealitate fisikoa hasierako egoerara itzuliko. Sustatzaileak ez du kalte-ordaina jasotzeko eskubiderik izanen.

-Neurri horiek guztiak arkeologo batek edo sektoreko enpresa espezializatu batek eginen ditu, proiektuko sustatzailearen kargura, legeak hala aginduta. Horien arduradunak Kultura Zuzendaritza Nagusiaren baimen administratiboa beharko du, urriaren 3ko 218/1996 Foru Dekretuan xedatutakoari jarraikiz, horren bidez arautu baitziren Nafarroako Foru Komunitatean egin beharreko prospekzio eta indusketa arkeologikoak. Ikuskapen lanak Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalari atxikitako Ondare Arkeologikoaren Bulegoari dagozkio, eta horretarako obraren sustatzaileak idatziz jakinarazi beharko du, nahitaez eta behar den denboraz, lanen hasiera.

-Ustiategiak ukitutako azalera guztiaren ingurua hesitu beharko da, meatzaritza arloan indarrean den legeriak eskatzen duen moduan.

-Legar-hobirako sarrera, erabiltzen diren tarteetan, bide-zoruak pisu nahikoa jasateko moldatu beharko da. Bidearen 50 m asfaltatuko dira, gutxienez, Tutera-Ablitas NA-3010 errepidearekin bat egin baino lehen.

-Sarbidea kamioi-upel bidez ureztatuko da, sarbidearen trinkotasuna mantenduz, eta gehienez ere 40 km/h-ko abiaduran ibiliko da.

-Kamioia kargatu eta gero kargaren azalera zapalduko da eta bere gainean olana jarriko.

3. Legar-hobia lehengoratzeko plana gauzatuko dela bermatuko da honako arau hauek aplikatuz: urriaren 15eko 2994/1982 Errege Dekretua eta abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretua, Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onesten duena (109. artikulua). Sustatzaileak abal solidarioa aurkeztu beharko du, abal hori eskudiruzko fidantzari buruzko uztailaren 21eko 205/1988 Foru Dekretuari egokitu beharko zaio, edo bestela eskudiruzko fidantza aurkeztuko da Nafarroako Gobernuaren Ekonomia eta Ogasun Departamentuan, 186.262 euro guztira, alegia, eta hori egin izana Udalari adierazi beharko zaio, hark irekitzeko baimena eman baino lehen. Bermea bost urtean behin eguneratu beharko da, kontsumorako prezioen indizearen bilakaeraren arabera. Faseetako bakoitza lehengoratu eta gero, dagokion bermea hein batean itzultzea eskatu ahalko da.

Legar-hobia lehengoratzeko plana gauzatuko dela bermatuko da urriaren 15eko 2994/1982 Errege Dekretua aplikatuz, sustatzaileak abal solidarioa aurkeztuta. Abal hori eskudiruzko fidantzari buruzko uztailaren 21eko 205/1988 Foru Dekretuari egokitu beharko zaio eta Nafarroako Gobernuko Ekonomia eta Ogasun Departamentuan aurkeztu beharko da, aurrekontuak duen zenbateko berarekin.

4. Lurzoru urbanizaezinean jarduteko baimena ematea aipatu instalaziorako, 35/2002 Foru Legean, abenduaren 20koan, lurraldearen antolamenduari eta hirigintzari buruzkoan ezarritakoari jarraikiz.

5. Aditzera ematea Ingurumen eraginaren adierazpena toki entitateak jarduera sailkatuaren lizentzia eman aurreko txostena dela eta, beraz, adierazpenean ageri diren baldintzak lotesleak direla udal agintaritzarentzat.

6. Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legean aurreikusitakoari jarraikiz lurzoru urbanizaezinean jarduera baimentzeari dagokionez, administrazio publiko ez diren interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete ebazpen honen kontra, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean.

7. Ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea, Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onesten duen abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 64. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

8. Ebazpen hau igortzea Ingurumenaren Kalitatearen Zerbitzuari, Ingurumenaren gaineko Eragina Aztertzeko Atalari, Basozaintzari, Ablitasko Udalari eta sustatzaileari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2008ko irailaren 2an.-Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusia, Andrés Eciolaza Carballo.

I. ERANSKINA

Proiektuaren deskripzioa

Ablitasko 3. poligonoko 214. lurzatian legarrak ateratzea aurreikusten da. Sarrera lurzatiak mugakide duen NA-3010 errepidetik doan berrantolamenduko bidetik eginen da.

Lurzatiaren azalera, guztira, 256.030 m²-koa da. Ondoan diren bide eta nekazaritza finken babes zerrendak (2 m) alde batera utzita, arauzketaren azalera guztira 252.798 m²-koa izanen da. Kontuan izanda erauzketaren batez besteko sakonera 4 m-koa izanen dela, 980.000 m³ legar aterako dela kalkulatu da. Aldez aurretik landare-lurreko metro bat kenduko da eta aparte metatuko da ondoren lehengoratzean erabiltzeko.

25 urteko jarduketa egutegia aurreikusi da, gutxi gorabehera, urteko 35.000 m³ aterako direla aurreikusita. Legar-hobiaren azalera 4 fasetako plan batean banatu da. Fase bakoitzak 6ren bat urte iraunen duela aurreikusi da eta hurrengo fasearen erauzketa hasi baino lehen aurrekoa lehengoratzea aurreikusi da.

Jarduteko modua ustiapenerako eremua mugatzearekin hasten da, ondoko lurzati eta bideekiko 2 m-ko zerrenda utzita. Eremu osoa hesitu eta balizatuko da. Errepidetik ondoko 30 m.-ko zerrenda ustiatu gabe ere utziko da eta bertan begi inpaktuen kontrako pantaila moduko landare-lurreko ildo-bizkar bat erakiko da.

Ondoren landare-lurra erretiratu eta metatuko da eta atzerakako hondeamakina erabiliz materiala erauziko. Kentzen diren lurrak elkarrengandik berezita metatuko dira eta ondoren lurzatia lehengoratzeko erabiliko dira.

Lurra erauzteko erabiltzen den makineria bera materiala kamioietan kargatzeko ere erabiliko da. Ez da materialaren tratamendurik eginen, bertatik atera, kargatu eta materiala utziko den tokira eramanen da.

Lehengoratzeak finkaren jatorrizko profila berreskuratu arte zuloa betetzea eta kendutako landare-lurra berriro jartzea aurreikusten du, modu honetan nekazaritzako erabilera berreskuratuz. Aurkeztutako lehengoratze aurrekontua ez da aski aurreikusitako jarduerak gauzatzeko, ez baitu kontuan hartzen finkaren betetze bidezko lehengoratze topografikoa. Hau dela eta, lehengoratze-abalaren zenbatekoa berriro kalkulatu da, lehengoratzea aurreikusitako baldintzetan gauzatuko dela ziurtatzeko.

II. ERANSKINA

Ingurumen eraginaren azterlanaren laburpena

Proiektuari buruzko Ingurumen eraginaren azterlanean ondokoak bildu dira: ingurumen inbentarioa, alternatiben azterketa, eraginen identifikazioa, ezaugarriak eta balorazioa, aurreneurriak eta neurri zuzentzaileak, lehengoratze plana, aurrekontua eta ingurumena zaintzeko programa.

Ingurumen inbentarioa osoa eta nahikoa da. Proiektuak ez du naturgune babesturik ukitzen, eta ez da garatuko Natura 2000 Sareko Batasunaren intereseko lekuen proposamenean ageri diren lurretan. Habitatei buruzko 92/43/EE Zuzentarauaren I. eranskinean azaltzen diren habitatak ere ez dira ukituko. Ustiapenak ukitutako azalera alor landu bat da. Faunari dagokionez, balio handirik ez duela ondorioztatu da.

Erauzketa sarbide egokia duen alor batean eginen da. Ustiapenak lurzatiaren kota 5 m-tan murriztuko du (landare-lurra kentzea barne), eta bukaeran topografia eta nekazaritzako erabilera berreskuratuko dira.

2007ko iraliaren 19an, Vianako Printzea Erakundeko Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalak legarrak ateratzearen aldeko txostena eman zuen, baina ondare arkeologikoa babesteko neurriak eta zenbait aurreneurri hartzeko baldintza ezarrita, ebazpen honen baldintzen sailean ageri den moduan.

Eragina sortuko duten proiektutik eratorritako jarduketa nagusiak zuloa irekitzea (aldaketa fisiografikoa) eta materiala garraiatzea dira. Beraz, hurrengo hauek dira sortzen ahal diren eragin garrantzitsuenak: fisiografiaren, garraioaren, geologiaren eta airearen eta uraren kalitatearen gaineko eragina. Ingurumenaren gaineko Eraginaren Azterlanean jasotzen diren neurri zuzentzaileak, ebazpenean jasotzen direnekin bat, eragin hauek modu egokian arindu eta zuzentzea ahalbidetzen dute, proiektua ingurumen aldetik bideragarria dela ziurtatuz.

Ingurumena Zaintzeko Programaren arabera, prebentzio eta zuzenketa neurriak bete behar dira, eraginak egiaztatu eta zenbaterainokoak izanen diren zehaztuko da, eta azterlanean kontuan hartu ez diren beste eragin batzuk detektatu beharko dira.

III. ERANSKINA

Jendaurrean jartzeko tramitearen emaitza

Jendaurreko aldian alegazio idazki hauek aurkeztu dira:

Emilio Martínez Fernández de Bobadilla jaunak eta Isabel Magaña Hernández andreak bi alegazio idazki aurkeztu dituzte, eduki berekoak, eta hurrengo hau eskatzen dute:

1. Hondeatu gabeko distantzia tartea uztea, legar-hobi gisa proiektaturiko finkaren mugan, babes-sarearekin. (3 eta 5 m arteko distantzia proposatu dute).

2. Jabeak, sortutako hautsa dela eta, legar-hobiak labore eta pertsonengan sortzen ahal dituen kalte guztien erantzukizuna bere gain hartu dezala (akaroak airean, etab.).

Erantzuna:

Legar-hobiaren erauzketaren gehieneko sakonera 5 m-koa denez, mugakide diren finketan ukipena saihesteko proiektuan ezartzen den 2 m perimetroko babes zerrenda aski dela ondorioztatzen da. Lanak egiterakoan sortutako ezpondan ondoko lurzatiak ukitzen ahal dituen ezegonkortasun arazoak ikusiz gero, segurtasun distantzia handitu beharko da eragin hori saihesteko beharrezkoa den distantzian.

Edozein modutan, finkaren lehengoratzeak aurreko egoera topografikora itzultzea ekarriko duela gogorarazten da, lurzatia ondoko lurzatien maila berean utziz.

Hautsak sortzen ahal duen ukipenari dagokionez, jarduera garatzeko Ingurumen eraginaren adierazpenaren 2. puntuan ezarritako baldintzak betez txikiagotuko da. Zehazki, sarbidearen asfaltatzeari, ureztatzeari, ibilgailuen gehieneko abiadurari eta ibilgailuak estaltzeko olanak erabiltzeari buruzko baldintzak.

María Asunción Irigoyen Morte andrea:

1. Erauzketa jarduerak sortzen dituen hautsa eta keak mugakide den lurzati batean dituen mahastietan kalte handiak sortzen ahal dituela alegatu du.

2. Erauzketa jarduerak sortzen dituen hotsa, hautsa eta keak mahatsaren kalitatea ez ezik orokorrean ingurumena kaltetzen ahal duela deritzo. Hau dela eta, jarduera debekatzea edo beharrezkoak diren neurri zuzentzaileak hartzea eskatzen du. Bestalde, jarduera mota honek industrialdean egon beharko lukeela uste du.

3. Martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduan ezarritakoarekin bat, Ablitasko udalari ingurumen babesean esku hartu dezala eskatzen dio.

Erantzuna:

Alor bat legar-hobia jartzeko toki egokia ez dela eta, aipatu behar da Ablitasko egungo udal planeamenduaren arabera jarduera hori baimendu daitekeela, 2008ko uztailaren 9ko udal txostenean eta Udalen Hirigintza Planeamendurako Atalak 2008ko ekainaren 11n emandako txostenean jasotzen den bezala.

Jarduerak eragiten ahal duen ingurumen eragina behar den moduan aztertu da eta ebazpen honen bidez beharrezkoak diren neurri zuzentzaileak ezarri dira, Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legean eta berau garatzen duen Erregelamenduarekin bat.

Hautsak sortzen ahal duen ukipenari dagokionez, jarduera garatzeko Ingurumen eraginaren adierazpenaren 2. puntuan ezarritako baldintzak betez txikiagotuko da. Zehazki, sarbidearen asfaltatzeari, ureztatzeari, ibilgailuen gehieneko abiadurari eta ibilgailuak estaltzeko olanak erabiltzeari buruzko baldintzak.

Iragarkiaren kodea: F0813601