121. ALDIZKARIA - 2008ko urriaren 3a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

420/2008 EBAZPENA, irailaren 1ekoa, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena erdi tentsioko lur azpiko linea elektriko bat, 860 m inguruko luzera izanen duena, Elgorriagako bide batean instalatzeko, bainuetxe bat energia elektrikoz hornitze aldera. Sustatzailea Sociedad Balneario de Elgorriaga, S.L. da.

2008ko uztailaren 23an Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuan sartu zen goian aipatutako espedienteari dagokion Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera.

13,2 kV-ko erdi tentsioko lur azpiko linea elektriko bat instalatuko da, Elgorriagan egiten ari diren bainuetxea energia elektrikoz hornitzeko. Horretarako, zanga bat eginen da, Errotarako Bidetik, Landabera Bidetik eta San Pedro kaleko tarte batetik igaroko dena. Hortaz, bai hiri-lurzoruak, bai herriaren ingurua, bai lur urbanizaezinen 300 metro inguru ukituko ditu.

Proiektua abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2.C eranskineko I) atalean sartuta dago. Beraz, Ingurumen ukipenetarako baimena behar du. Foru dekretu horrek Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

Aipatutako foru dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak Ingurumen ukipenetarako baimena eman ala ukatzeko ebazpen arrazoitua emanen duela, eskaera aurkeztu eta lau hilabeteko epean.

Espedientean dauden txostenak ikusirik, eta aipatutako 4/2005 Foru Legearen 28.1 artikuluan agertzen diren eskumenak erabiliz, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak urriaren 10ean emandako 426/2007 Foru Aginduan ezarritakoaren arabera nire esku baitaude,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea erdi tentsioko lur azpiko linea elektriko bat, 860 m inguruko luzera izanen duena, Elgorriagako bide batean instalatzeko, bainuetxe bat energia elektrikoz hornitze aldera. Sustatzailea Sociedad Balneario de Elgorriaga, S.L. da.

2. Baimena baldintza hauek betetzearen menpe emanen da:

-Ez dira ukituko Ezkurra ibaiaren bazterreko landareak.

-Obrek ukitutako eremu guztiak behar bezala lehengoratuko dira.

-Egin nahi den jarduerak uki ditzakeen edo obren trabagarri izan daitezkeen azpiegitura eta zortasunari dagokienez, enpresa sustatzaileak, obrak gauzatzen hasi baino lehen, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu, kasuan kasuko gaian eskudun diren organoei eskatu eta gero.

3. Obrak hasi baino lehen, ezinbestekoa izanen da 3.000 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu horiek konpondu edo gutxituko direla bermatzeko, abenduaren 28ko 93/2006 Foru Legearen 109. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Fidantza jarri izanaren frogagiria eduki beharko da, lanak iraun bitartean ikuskatzaileei aurkeztu ahal izateko.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, horren kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunean hasiko dira kontatzen.

5. Ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea Ingurumen ukipenetarako baimenaren ondorioetarako.

6. Ebazpen hau igortzea Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuko Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, Basozaintzari, Elgorriagako Udalari eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2008ko irailaren 1ean.-Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Iragarkiaren kodea: F0813447