121. ALDIZKARIA - 2008ko urriaren 3a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

484/2008 FORU AGINDUA, irailaren 18koa, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak emana, Nafarroako Foru Komunitatean mahats barietateen sailkapena ezartzen duena.

Mahastietako produkzio gaitasuna arautzen duen uztailaren 18ko 1244/2008 Errege Dekretuak, mahastietako gaitasuna arautzen zuen 1472/2000 Errege Dekretua indargabetu zuenak, 34. artikuluan xedatzen duenez, autonomia erkidegoek, bakoitzak bere lurraldean, mahatsa produzitzeko edo ugalketa begetatiborako diren "vitis" espezieko mahatsondo barietateen sailkapena eginen dute.

Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak azaroaren 20an emandako 355/2006 Foru Aginduaren bidez Nafarroako Foru Komunitatean ardogintzarako mahats barietateen sailkapena ezarri zen. Ekainaren 25eko 198/2007 Foru Aginduaren bidez sailkapena zabaldu zen, Maturana Zuria, Tempranillo Zuria eta Verdejo barietateak onartzeko.

Aipatu 1244/2008 Errege Dekretuaren 35.3 artikuluak dioenez, aldameneko autonomia erkidegoetan sailkaturik ez den barietate berri bat sartzeko, kalitatearen ebaluazioa egin beharko da 32. artikuluan ezarritakoari jarraikiz. Ebaluazioak gaitasuna egokia dela frogatuz gero, barietatea baimendutakoen artean sartuko da.

Maturana Beltza eta Turruntés Z barietateak Errioxako Jatorrizko deitura kalifikatuaren Kontseilu arauemaileak finantzatu eta Errioxako Unibertsitateak koordinatutako proiektu baten bidez aztertu dira, Errioxako Jatorrizko deitura kalifikatuko kide diren hiru autonomia erkidegoetako teknikarien partaidetzarekin. Proiektua Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioari aurkeztu zitzaion.

Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak, azterlan horretan oinarrituta, Maturana Beltza eta Turruntés barietateak Nafarroako Foru Komunitatean baimendutako barietateetan sartzeko eskatu zion Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioari. Mahastietako produkzio gaitasuna arautzen duen uztailaren 18ko 1244/2008 Errege Dekretuaren bidez sartu dira barietateak (XXI. eranskina, 14).

Mahastizaintza eta ardogintza arautzeari buruzko abenduaren 5eko 16/2005 Foru Legearen 7. artikuluak ezartzen du Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak "vitis" espezieko mahatsondo barietateen sailkapena onetsiko duela, mahatsa produzitzeko edo ugalketa begetatiborako landareak, Europar Batasuneko arauei eta gainerako arau aplikagarriei jarraikiz.

Amaitzeko, Maturana Beltza eta Turruntés Z barietateak sartu direnez, eta kontuan hartuta Nafarroako Foru Komunitatean ardogintzarako mahats barietateen sailkapenari buruzko arauan aldaketak gertatu direla, baimendutako barietateei beste bi horiek gehitzearen ondorioz, argitasunaren mesedetan proposatzen da xedapen horiek indargabetu eta arau berri batekin ordeztea, Nafarroako Foru Komunitateko ardogintzako mahats barietateen sailkapena bateratze aldera.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz,

AGINDU DUT:

Artikulu bakarra.-Ardogintzarako mahats barietateen sailkapena.

Nafarroako Foru Komunitatean sailkatu diren ardogintzarako mahatsen barietateak honako hauek dira:

Gomendatutako barietateak:

-Cabernet Sauvignon, B.

-Chardonnay, Z.

-Garnacha Beltza, B.

-Graciano, B.

-Merlot, B.

-Ale txikiko moskatela, Z.

-Tempranillo, B.

Baimendutako barietateak:

-Albillo Mayor, Turruntés, Z.

-Bobal, B.

-Garnacha Zuria, Z.

-Gewürztraminer, Z.

-Macabeo, Viura, Z.

-Malvasía, Z.

-Maturana Zuria, Z.

-Maturana Beltza, B.

-Mazuela, B.

-Monastrell, B.

-Parellada, Z.

-Pinot Noir, B.

-Riesling, Z.

-Sauvginon Blanc, Z.

-Syrah, B.

-Tempranillo Zuria, Z.

-Verdejo, Z.

-Xarello, Z.

Xedapen indargabetzaile bakarra.-Indargabetu beharreko arauak.

Indarrik gabe gelditu da Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak azaroaren 20an emandako 355/2006 Foru Agindua, ardogintzarako mahats barietateen sailkapena ezartzen duena.

Azken xedapenetan lehena.-Ingurumen, Landagune eta Itsas Inguruetako Ministerioari jakinaraztea.

Foru agindu hau Ingurumen, Landagune eta Itsas Inguruetako Ministerioari jakinaraziko zaio, Mahastietako produkzio gaitasuna arautzen duen uztailaren 18ko 1244/2008 Errege Dekretuaren 36. artikuluak agindutakoari jarraikiz.

Azken xedapenetan bigarrena.-Aplikazio osagarria.

Foru agindu honetan xedatutakoak ez ditu deusetan ukitzen tokian tokiko ardoak egiteko onartzen diren mahats barietateen gainean Nafarroako Foru Komunitatean ezarrita dauden babes mailei buruz dauzkaten arau murriztaileagoak.

Azken xedapenetako hirugarrena.-Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2008ko irailaren 18an.-Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilaria, Begoña Sanzberro Iturriria.

Iragarkiaren kodea: F0814440