121. ALDIZKARIA - 2008ko urriaren 3a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

340/2008 FORU AGINDUA, abuztuaren 28koa, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariak emana, sahararrei laguntza humanitarioa emateko proiektuetarako 2008ko diru-laguntzen deialdia egiten duena.

Nafarroako Foru Komunitateak, 2002. urtetik hasita, laguntza humanitarioa ematen die saharar errefuxiatuen Tindoufeko (Aljeria) kanpamentuei, giza talde horrek oinarrizko elikagaien horniduran duen defizita arintzen laguntzeko.

Nafarroako instituzioek, bereziki, Nafarroako Parlamentuak eta Nafarroako Gobernuak, Foru Komunitatearen gizarte kontzientziaz jabeturik, funtsak ematen dituzte, Garapenerako Laguntza Ofizial gisa (GLO), herrialde eta herri pobretuen giza garapen iraunkorrerako elkartasunezko ekarpena egiteko. Zehazki, 2005etik hona "Sahararrentzako laguntza humanitarioa" izeneko kontu-saila onetsi izan du, intsumo, produktu, material edo ekipo behar-beharrezkoen hornidurako defizita arintzea helburu.

Garapenaren aldeko Lankidetzari buruzko martxoaren 9ko 5/2001 Foru Legeak nazioarteko lankidetzaren oinarriak, helburuak eta bitartekoak finkatzen ditu, besteak beste. Bereziki 13. artikuluan, beste ekintza arlo batzuen artean, laguntza humanitariorako programa eta proiektuak aipatzen ditu, larrialdian edo berehalako arriskuan dauden gizataldeei lagun egitekoak eta horiek berregokitzekoak. Halaber, laguntza humanitarioaren berezko helburuak aipatzen ditu: laguntza bera, babesa eta prebentzioa. Era berean, foru lege horren 14. artikuluak xedatzen du funts publikoak erabiliko direla besteak beste garapenerako lankidetzarako ekintzak sustatzeko. Horrekin bat, Nafarroako Lankidetzarako I. Plan Zuzentzaileak bere jarduketa modalitateen artean (5. atala) laguntza humanitarioa ezartzen du; horretaz gaiz, plan zuzentzaile horrentzako ardura bereziko edo lehentasunezkoak izanen diren herrialdeetan gertatutako gatazka, krisi edo ezbeharrei arreta berezia eskaini behar zaiela ezartzen du, eta horien artean Saharar herriaren aldeko lehentasunezko jarduketak daude (Plan Zuzentzailearen 3. atala).

Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak laguntza publiko guztiak gobernatzen ditu, eta bertan ezartzen dira printzipio orokorrak, kontzeptuak, irizpideak, eskumenak, eginbeharrak eta erantzukizunak, eta diru-laguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko prozedura.

Ondorioz, beharrezkoa da Saharar herriari laguntza humanitarioa emateko proiektuak egiteko diru-laguntzei buruzko oinarriak ezarri eta urtean urteko deialdi baten bidez argitaratzea, diru-laguntza horietan publizitate, gardentasun, konkurrentzia, objektibotasun, berdintasun, bereizkeriarik ez eta kontrol printzipioak bermatzeko, baita administrazio emaileak finkaturiko helburuak lortzeko eragimena eta baliabide publikoak esleitu eta erabiltzeko eraginkortasuna ere.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen bidez eta Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuaren egitura organikoa onesten duen irailaren 3ko 125/2007 Foru Dekretuaren bidez esleitu dizkidaten eskumenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Saharar herriari laguntza humanitarioa emateko proiektuak gauzatzeko 2008ko diru-laguntzen deialdiko oinarriak onestea. Oinarriok foru agindu honen eranskinean ageri dira.

2. Helburu horretarako 350.000 euro erabiliko dira, 2008rako Nafarroako aurrekontu orokorreko "Sahararrentzako laguntza humanitarioa" izeneko kontu-sailetik.

3. Foru agindu hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

4. Foru agindu hau igortzea Garapenerako Nazioarteko Lankidetzaren Zerbitzuari, Idazkaritza Tekniko Nagusiko Koordinazio eta Kudeaketa Administratiboaren Ataleko Administrazio Aferetarako Bulegoari eta Kontabilitate Zentroari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2008ko abuztuaren 28an.-Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilaria, María Isabel García Malo.

ERANSKINA

Sahararrei laguntza humanitarioa emateko proiektuetarako diru-laguntzen deialdiaren oinarriak

Lehenbizikoa.-Helburua eta xedea.

Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuak diru-laguntzen deialdia egin du, Tindoufeko (Aljeria) kanpamentuetan errefuxiaturik bizi diren sahararrei oinarrizko elikagaien hornidurako defizita arintzen laguntzeko ekintza humanitarioak finantzatzea helburu.

Diru-laguntzen xedea izanen da elikagai behar-beharrezkoak erosi eta errefuxiatuen kanpamenduetaraino garraiatzea.

Bigarrena.-Aurrekontuko dirua.

Helburu horretarako 350.000 euro erabiliko dira, 2008rako Nafarroako aurrekontu orokorreko "Sahararrentzako laguntza humanitarioa" izeneko kontu-sailetik.

Hirugarrena.-Garapenerako gobernuz kanpoko erakundeen betekizunak.

Deialdiaren xede diren diru-laguntzak hartu ahal izateko garapenerako gobernuz kanpoko erakundeek (GGKE) beharkizun hauek bete beharko dituzte:

a) Pertsona juridiko pribatuak eta legez eratuak izatea.

b) Nazioarteko Lankidetzarako Espainiako Agentziako (Kanpo Arazoetarako eta Lankidetzarako Ministerioa) Garapenerako Gobernuz kanpoko Erakundeen Erregistroan inskribaturik egotea.

c) Egoitza edo bulego iraunkorra Nafarroako Foru Komunitatean izatea. Aurreko beharkizunak aipatzen duen erregistroko inskripzioaren bidez frogatu beharko da hori.

d) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluan aipatzen diren gorabeheretariko batean dauden entitateak ezin izanen dira deialdiaren xede diren laguntzen onuradun izan.

Laugarrena.-Laguntza humanitarioko proiektuen betekizunak.

Proiektuek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Deialdiaren 1. oinarriko xedeari eta helburuari eta Garapenaren aldeko Lankidetzari buruzko martxoaren 9ko 5/2001 Foru Legearen 2. eta 3. artikuluei lotzea.

b) Nazioarteko Lankidetzarako Espainiako Agentziak Aljerian duen Lankidetzarako Bulego Teknikoaren oniritzia izatea.

c) Tindoufen (Aljeria) bizi diren saharar errefuxiatuen ordezkarien oniritzia izatea.

Bosgarrena.-Eskaerak aurkezteko tokia eta epea.

1.-GGKEek 30 egun naturaleko epea izanen dute eskaerak aurkezteko, deialdia Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

2.-Eskaerak Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrean aurkeztuko dira, edo Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusian (González Tablas kalea, zk.g., 31002, Iruña) edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean ezarritako tokietan. Eskaerak posta bulegoen bidez aurkezten badira, gutun-azala zabalik aurkeztu beharko da, postako funtzionarioak, ziurtatu baino lehen, eguna eta zigilua jar ditzan.

Seigarrena.-Aurkeztu beharreko agiriak.

Diru-laguntza eskatu nahi duten GGKEek Nafarroako Gobernuko eskabide orokorra aurkeztu beharko dute, honako agiri hauekin batera (agiri horiek jatorrizkoak edo fotokopia konpultsatuak izan beharko dute):

a) Nazioarteko Lankidetzarako Agentzia Espainiarraren GGKEen Erregistroan egin den inskripzioaren frogagiria, eta bereziki adierazirik Nafarroako Foru Komunitatearen lurraldean ordezkaritza ireki dela; salbu eta hura Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak badu.

b) NLAEren Lankidetzarako Aljeriako Bulego Teknikoak proiektuari oniritzia eman diola frogatzeko agiria.

c) Tindoufen (Aljeria) bizi diren saharar errefuxiatuen ordezkariek oniritzia eman dutela frogatzeko agiria.

d) Hirugarren oinarriko d) atalaren arabera onuradun izateko egoeretan ez dagoela dioen erantzukizuneko aitorpena.

e) Memoria: proiektua gauzatuko den tokiko egungo egoera soziala, politikoa eta ekonomikoa, lortu nahi diren helburuak, garatuko diren jarduerak, eman beharreko intsumoen zerrenda eta aurrekontu zehatza.

Zazpigarrena.-Instrukzioa.

Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusiak tramitatuko ditu eskaerak. Garapenerako Nazioarteko Lankidetza Zerbitzua izendatuko da organo instruktore. Horrexek egiaztatuko du diru-laguntzak hartzeko betebeharrak betetzen direla, eta eskaerak ofizioz baloratuko ditu, oinarri hauen arabera.

Zortzigarrena.-Diru-laguntzaren zenbatekoa baloratu eta zehaztea.

1.-Diru-laguntzaren eskaera onartua izateko, irizpide hauei jarraikiz, gutxienez 70 puntu lortu behar ditu:

a) Barne koherentzia (40 puntu bitarte): eskualdearen ezaugarriak, oinarriak, helburuak, jarduerak eta baliabideak elkarrekin bat etortzea. Halaber, aurkezpena, idazkera eta aurrekontuen xehetasunak ere baloratuko dira.

b) Laguntza humanitarioaren arloko ekintzetan esperientzia izatea (30 puntu bitarte).

c) Tindoufeko (Aljeria) saharar errefuxiatuentzako garapenerako laguntzako eta laguntza humanitarioko proiektuetan lankidetzan aritu izanaren esperientzia (30 puntu arte).

2.-Eskatzen den adinako diru-laguntza emanen da, betiere 350.000 eurokoa gehienez ere; alabaina, zilegi izanen da aurrekontuko atal batzuk baztertzea, instrukzio organoak deialdiaren helburu eta xedeekin bat ez datozela irizten badio.

3.-Balorazio positiboa lortzen duten eskaerek, guztira, bigarren oinarrian adierazitako aurrekontu-muga gainditzen badute, diru-laguntzak puntuazioaren araberako ordenan esleituko dira muga horretaraino iritsi arte.

4.-Laguntzak bateraezinak izanen dira helburu berberekin Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko edo bere erakunde autonomoetako beste edozein organok ematen dituen beste batzuekin; ez, ordea, beste administrazio publikoren batek ematen dituenekin.

Bederatzigarrena.-Ebazpena emateko epea.

1.-Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren zuzendari nagusiari dagokio aurkezten diren eskaeren gainean ebaztea, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen bidez eta Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 3ko 125/2007 Foru Dekretuari jarraikiz emandako ahalmenez baliatuz.

2.-Deialdiaren gaineko ebazpenean diru-laguntzak hartzen dituzten entitate eskatzaileak, diru-laguntzen helburua, zenbatekoa, ordaintzeko modua eta justifikatzeko modua eta epea agertuko dira eta beste eskaerak ezesteko zergatikoak ere bai, Diru-laguntzei buruzko arazoaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 21. artikuluan xedatu bezala.

3.-Eskaerak ukatutzat joko dira eskaerak aurkezteko epea bukatu eta handik sei hilabetera ebazpen espresurik eman ez bada.

Hamargarrena.-Jakinarazpena.

Deialdiaren gaineko ebazpena banan-banan eta Nafarroako Atarian argitaratuz jakinaraziko zaie entitate interesdunei.

Hamaikagarrena.-Diru-laguntzaren ordainketa eta horren aurrerakinak.

1. Onartzen den diru-laguntza 60.000 eurokoa edo hortik beherakoa bada, laguntza emateko ebazpenean diru-laguntza aurretik ordaintzea aginduko da, Ekonomia eta Ogasun Departamentuak berariazko baimena emanez gero.

2. Onartutako diru-laguntza 60.000 eurotik gorakoa bada, diru-laguntzaren aurrerakinak egiten ahalko dira, banku-abal bat edo antolamendu juridikoan onartzen den beste berme bat aurkeztuz gero, betiere Ekonomia eta Ogasun Departamentuak horretarako berariazko baimena ematen badu. Berme horrek aurreratu beharreko zenbatekoaren adinakoa behar du izan.

Organo emaileak aukera izanen du 60.000 euroko edo hortik goitiko aurrerakinen bidez pagatzeko. Horrela, diru-laguntzen onuradunek ez dute behin ere 60.000 eurotik goitiko aurrerakinik izanen bermerik gabe. Bigarren eta hurrengo aurrerakinak ez dira ordainduko harik eta aurreko ordainaldian bestelako ekarpenekin egindako gastu guztien %75 justifikatu arte. Horretarako, proiektuaren exekuzio partzialaren gaineko txosten teknikoa eta ekonomikoa aurkeztuko da.

Hamabigarrena.-Diru-laguntzaren xede izan daitezkeen gastuak.

1.-Diru-laguntza hartzeko moduko gastutzat hartuko dira deialdiko lehen oinarriko ekintza humanitarioak betetzeko egin beharrekoak.

2.-Proiektuaren zeharkako kostuengatik diru-laguntzari %10eko edo hortik beherako zenbatekoa gehitzen ahalko zaio. Zeharkako gastuak GGKE eskatzaileak Nafarroan dituen gastu administratiboak dira, alegia: langileen, lokalaren eta bulegoko materialen gastuak eta bestelako ohiko gastuak, baita zuzen-zuzenean proiektuaren identifikazioaren, formulazioaren, jarraipenaren eta ebaluazioaren eta ez beste ezeren ondoriozkoak direnak ere. Identifikazioaren kasuan 2007ko azken lau hilabeteetan egindako gastuak aplikatzen ahalko dira.

3.-Gastu finantzarioak, notarioenak eta erregistrokoak eta bankuaren bermearenak diru-laguntzaren xede izaten ahalko dira, jarduerari zuzenean lotuak badaude eta hura prestatu edo burutzeko ezinbestekoak badira.

4.-Nafarroako Gobernuaren diru-laguntzaren etekin finantzarioak diru-laguntzaren zenbatekoari gehitu eta diru-laguntzaren xede den jarduerari ere aplikatuko zaizkio.

Hamahirugarrena.-Diru-laguntzen justifikazioa.

1.-Entitate onuradunaren proiektua amaiturik, hilabeteko epean proiektuaren burutzapenari buruzko txosten tekniko eta ekonomikoa aurkeztuko dute, hauek biltzen dituena:

a) Kontuan ageri diren datu guztiak egiazkoak direla dioen erantzukizuneko aitorpena, entitate onuradunaren legezko ordezkariak sinatua.

b) Proiektuaren betetze mailari buruzko txosten teknikoa, gutxienez helburuak, lorturiko emaitzak eta eginiko jarduerak zehaztuko dituena.

c) Proiektuko diru-sarreren eta gastuen balantzea.

d) Gastu guztien zerrendak, jardueren, gastu motaren eta finantzazio iturriaren arabera sailkatuak. Gastu bakoitzean honako kontu hauek agertuko dira: zerrendako agiri zenbakia, frogagiri zenbakia, eman zeneko eguna, igorlearen izena eta helbidea, eta haren identifikazio fiskalerako zenbakia edo antzekoa, kontzeptua, frogagiriaren testua (luzea izanez gero, laburtzen ahalko dena), pagatzeko modua, pagatu deneko diru mota eta zenbatekoa eurotan. Zerrendarekin batera, aurrekontuaren betetze mailari buruzko laburpen zehatza aurkeztuko da.

e) Egindako gastu guztien frogagiriak. Frogagiriak fakturak izanen dira, eta, halakorik ezean, banku laburpenak, gordekinak, kaxako erregistroak, gastuen oharrak edo bestelako agiriak. Betiere, zerrendan aipatzen diren datuak adierazi beharko dituzte. Gastuak Espainian gertatuz gero, frogagiriak jatorrizko agiriak izanen dira; gainerakoan, fotokopiak, tokian tokiko bazkideak edo kontraparteak behar bezala kreditatuak. Frogagiriak gaztelaniaz, euskaraz, ingelesez edo frantsesez ez badaude, gaztelaniara itzuli beharko dira.

f) Beste edozein dokumentazio grafiko edo idatzi, borondatez eman nahi dena, diruz lagundutako proiektuaren gauzatzearen edo martxa onaren berri emateko.

2.-Aurreko oinarrian aipatutako zeharkako gastuak prozedura berari jarraituz frogatuko dira, salbu eta frogatzen zailak diren gastuak; horiek diru-laguntzaren onuraduna den GGKEaren legezko ordezkariak emandako frogagiriaren bidez frogatuko dira. Frogagirian zenbatekoa, gastu motaren erreferentzia, diru-laguntzaren xede den proiektuarekiko lotura eta orotariko arauen arabera ezin justifikatu izateko zergatikoak agertuko dira. Frogagiriarekin batera gastua justifikatzeko agiriak aurkeztuko dira: fakturak, kontabilitate orri ikuskatuak, edo gastua egin dela frogatzeko balio duen beste edozein agiri. Frogagiri horren bitartez justifikatuko den diru kopuruak ez du zeharkako gastuen %30 edo diru-laguntzaren %3 gaindituko.

Hamalaugarrena.-Azpikontratazioa.

Entitate onuradunak edo hango bazkideak ekintzaren zati baten gauzatzea hirugarrenekin azpikontratatzen ahalko du, diruz lagundutako aurrekontuaren %15ari dagokiona, gehienez, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 26. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Hamabosgarrena.-Betebeharrak.

Diru-laguntzen entitate onuradunek betebehar hauek izanen dituzte:

a) Proiektua diru-laguntza emateko beharkizunetan azaldu bezala egitea. Proiektua diru-laguntza edo, hala bada, horren lehenbiziko puska jaso eta handik hiru hilabetera hasiko da beranduenez. Entitatea beharkizun horretatik libre geldituko da baldin eta ezinbesteko arrazoiengatik ezinezkoa bada hastea. Arrazoi horiek justifikatu beharko ditu eta Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusiak onartu.

b) Nafarroako Gobernuaren kontu erosten diren material, ekipo eta hornidura guztiak proiektua egiten deneko herrialdean egitea, bertako produktuekin. Betebehar hori betetzerik ez bada, idazki baten bidez, arrazoiak azaldurik, Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusiaren baimena eskatu beharko da.

c) Diru-laguntza emateko kontuan harturiko gorabehera, betebehar eta baldintzen edozein aldaketa egin aitzin, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuari baimen administratiboa eskatzea.

d) Nafarroako Gobernuaren diru-laguntza esleitu ondoren, helburu bererako edozein erakunde publiko edo pribaturi eskatu eta horrek emandako diru-laguntzen zenbatekoa jakinaraztea.

e) Organo emailearen aurrean betebeharrak eta baldintzak bete direla, diru-laguntzaren xede den jarduera egin dela eta diru-laguntza hartzeko helburua lortu dela justifikatzea, deialdiko hamahirugarren oinarrian aipatzen den azkeneko txostenaren bidez.

f) Diru-laguntzak ematen dituen ebazpenaren proposamena egin orduko, Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak eta zergen gainekoak eguneratuak edukitzea.

g) Nafarroako Gobernuari laguntza ematea proiektuaren garapenaren berri ematen, Nafarroako herritarrak garapenerako lankidetzaren arloan sentsibilizatzearren.

h) Proiektuaren publizitate eta hedatze guztietan diru-laguntza norena den adieraztea. Hedakuntza lana idatzia edo grafikoa baldin bada, Nafarroako Gobernuaren logotipoa erabiliko da, Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera arautzen duen maiatzaren 3ko 189/2004 Foru Dekretuak xedatzen duen moduan. Diru-laguntzaren onuradunen logotipoaren tamaina berean eta berdin ikusteko moduan agertu beharko du.

i) Organo emaileak eginen dituen egiaztapenak eta kontrol organo eskudunek egin ditzaketen egiaztapen eta kontrol finantzarioak onartzea eta jarduketa horietan eskatzen zaizkien argibide guztiak ematea.

j) Jasotako diruaren erabilpenari buruzko frogagiriak gordetzea, egiaztatze eta kontrol lanak egin ahal izateko.

k) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan eta deialdiko hamaseigarren oinarrian aipatzen diren kasuetan, hartutako funtsak itzultzea, berandutzagatik dagozkion legezko interesak barne.

Hamaseigarrena.-Ez-betetzeak.

1.-Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. eta 37. artikuluetan aipatzen diren kasuetan, diru-laguntzen onuradun diren entitateek harturiko dirua itzuli beharko dute bertan ezartzen diren baldintzetan.

2.-Diru-laguntza emateko kontuan harturiko gorabehera, betebehar eta baldintzen edozein aldaketa aurreko oinarrian aipatzen den baimen administratiboa eduki gabe eginez gero, ez-betetzat hartuko da eta dirua itzuli beharko da.

3.-Ez-betetzeak mailakatzeko honako hauek hartuko dira kontuan:

-Proiektuaren arlo teknikoari eta aurrekontuei buruzko betetze maila.

-Aldez aurretik baimen administratiboa eduki gabe egindako aldaketen zenbatekoa eta nolakoa.

4.-Aurreko atalean ezarritakoa ezertan galarazi gabe, arau-hausteei eta zehapenei dagokien guztian azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluak eta hurrengoek eta Garapenaren aldeko Lankidetzari buruzko martxoaren 9ko 5/2001 Foru Legearen VII. kapituluak xedatzen dutena hartuko da aintzat.

Hamazazpigarrena.-Errekurtsoak.

Deialdiaren oinarrien kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, baita deialdia aplikatzeko egintzen kontra ere, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Iragarkiaren kodea: F0813221