121. ALDIZKARIA - 2008ko urriaren 3a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

253/2008 FORU AGINDUA, irailaren 1ekoa, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak emana, mandatuak kudeatzeko araubidea ezartzen duena Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari atxikitako VINSA entitate instrumentalaren alde.

Martxoaren 26ko 27/2007 Foru Dekretuak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak eta haren erakunde autonomoek beren entitate instrumentalei egiten dizkieten mandatuak arautzen ditu, Kontratu publikoei buruzko ekainaren 9ko 6/2006 Foru Legearen 8. artikuluan adierazitakoari jarraikiz.

Foru dekretuaren 5. artikuluak mandatuaren araubide administratiboa ezartzen du, eta entitate instrumentala atxikia duen departamentuaren baimena espedienteari erantsi beharreko agiria dela azaltzen du, salbu eta departamentu horrek mandatuak egiteko baimen orokorra emana badie Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko gainerako departamentuei eta haien erakunde autonomoei. Baimen orokor hori Nafarroako Kontratazio Atarian argitaratu behar da.

Kudeaketa administratiboan eragingarritasuna lortze aldera, komenigarria da baimen orokor bat ematea Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak atxikiak dituen entitate instrumentalei mandatuak egiteko, beharrezkoa izan ez dadin entitate horiek jasotzen duten mandatu bakoitzerako baimen berariazko bat ematea.

Bestetik, entitate instrumentalak departamentuei atxikita egoteak berarekin dakar departamentuek haien jarduketaren kontrola ezarri beharra. Horregatik, beharrezkoa da entitate instrumentalei egiten zaizkien mandatuak haiei dagozkien departamentuei jakinaraztea.

Nafarroako Gobernuak, 2007ko abenduaren 27ko bilkuran hartutako erabakiaren bidez, entitate instrumentaltzat jo zuen Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari atxikitako sozietate publiko hau: Viviendas de Navarra, S.A. (VINSA).

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen departamentuei baimena ematea mandatuak egiteko Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari atxikitako Viviendas de Navarra, S.A. (VINSA) entitate instrumentalaren alde.

2. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen departamentuek Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari atxikitako entitate instrumentalari mandatuak egiteko edozein egintza edo ebazpen departamentu horri jakinarazi beharko zaio.

3. Foru agindu hau Nafarroako Kontratazio Atarian argitaratzea.

Iruñean, 2008ko irailaren 1ean.-Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilaria, José Carlos Esparza Sáez.

Iragarkiaren kodea: F0813438