97. ALDIZKARIA - 2007ko abuztuaren 8a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.4. Ebazpenak

695/2007 EBAZPENA, ekainaren 29koa, Eskola eta Lanbide Irakaskuntzaren zuzendari nagusiak emana, Haur Hezkuntzako bigarren zikloa, Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza, Batxilergoa, Lanbide Heziketa eta Lanbide Hastapeneko Programak ematen dituzten ikastetxe publikoen antolaketa eta jarduna 2007-2008 ikasturtean arautzeko jarraibideak onesten dituena.

Eskola Antolamendu eta Berriztapenerako Zerbitzuko zuzendariak adostasun txostena aurkeztu du ebazpen hau onesteko; ebazpen honen xedea jarraibide batzuk onestea da, zenbait alderdi zehatzen gainean xehetasunak eman eta garatzeko balio dutenak, ikastetxeen antolaketa egokia eta funtzionamendu ona lortzeko beren autonomiaren esparruan, 2007-2008 ikasturtean.

Hori horrela, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1. artikuluko d) idatz-zatiak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ebazpen honen eranskinean ageri diren jarraibideak onestea. Jarraibide horiek Nafarroako Foru Komunitatean Haur Hezkuntzako bigarren zikloa, Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza, Batxilergoa, Lanbide Heziketa eta Lanbide Hastapeneko Programak ematen dituzten ikastetxe publikoen antolaketa eta jarduna arautuko dituzte 2007-2008 ikasturtean.

2. Ebazpen honetan aipatutako jarraibideak ikastetxe pribatu itunduei edo diruz lagunduei aplikatuko zaizkie, indarra duten arauei jarraikiz, dagozkien afera orotan.

3. Ebazpen honen kontra gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahal da, Hezkuntza Departamentuko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik aitzina.

4. Ebazpen hau eta bere eranskina Eskola Antolamendu eta Berriztapenerako Zerbitzura, Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzura eta Ikasketak Antolatzeko Atalera igortzea, behar diren ondorioak izan ditzaten.

5. Ebazpen hau eta bere eranskina Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

Iruñean, 2007ko ekainaren 29an._Eskola eta Lanbide Irakaskuntzaren zuzendari nagusia, Fermín Villanueva Ferreras.

ERANSKINA

Sarrera

Ikasturte hasierako jarraibideek Hezkuntza Departamentuak prestatzen duen dokumentu bat osatzen dute eta horren bidez ildo batzuk ezartzen dira, horrela ikastetxeek, beren autonomiaren esparruan, indarra duen araudia antolaketa eta jarduneko beharrei egokitzeko, hasten den ikasturtean.

LOE garatzearekin batera lege berrikuntzak ezarri dira Nafarroako hezkuntza sisteman. Hezkuntza sistemaren antolamendu berria aplikatzeko egutegiaren arabera, 2007-2008 ikasturtean Lehen Hezkuntzako lehen eta bigarren kurtsoetako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehen eta hirugarren kurtsoetako ikasketak ezarriko dira. Jarraibide hauen helburua da ikastetxeei orientazioa ematea aldaketa horiek aplikatzeko.

Hezkuntza Departamentuak, bere eginkizunak erabiliz, hezkuntza etapa desberdinen legeria garatu du:

_Haur Hezkuntza. Bigarren zikloa.

.23/2007 Foru Dekretua, martxoaren 19koa, Nafarroako Foru Komunitateko Haur Hezkuntzako bigarren zikloko irakaskuntzetarako curriculuma ezartzen duena. (2007ko apirilaren 25eko Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALa).

.51/2007 Foru Agindua, maiatzaren 23koa, Hezkuntza kontseilariak emana, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan ezarritako Haur Hezkuntzako bigarren zikloko eta Lehen Hezkuntzako ikasketen ezarpena arautzen duena, eta Foru Komunitateko ikastetxe publikoetan eta ikastetexe pribatu itunduetan ikasketa horiek izanen dituzten ordutegiak antolatzeko jarraibideak ematen dituena. (2007ko ekainaren 15eko Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALa).

_Lehen Hezkuntza:

.24/2007 Foru Dekretua, martxoaren 19koa, Nafarroako Foru Komunitateko Lehen Hezkuntzako irakaskuntzarako curriculuma ezartzen duena. (2007ko maiatzaren 23ko Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALa).

.172/2007 Ebazpena, otsailaren 27koa, Eskola eta Lanbide Irakaskuntzaren zuzendari nagusiak emana, Lehen Hezkuntzako etaparen amaierako ikasketa txostena egiteko eredua ezartzen duena 2006-2007, 2007-2008 eta 2008-2009 ikasturteetarako. (2007ko apirilaren 20ko Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALa).

.51/2007 Foru Agindua, maiatzaren 23koa, Hezkuntza kontseilariak emana, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan ezarritako Haur Hezkuntzako bigarren zikloko eta Lehen Hezkuntzako ikasketen ezarpena arautzen duena, eta Foru Komunitateko ikastetxe publikoetan eta ikastetexe pribatu itunduetan ikasketa horiek izanen dituzten ordutegiak antolatzeko jarraibideak ematen dituena. (2007ko ekainaren 15eko Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALa).

.Hezkuntzari aplikatutako Teknologia Berriei buruzko Ebazpena.

_Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza:

.25/2007 Foru Dekretua, martxoaren 19koa, Nafarroako Foru Komunitateko Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako irakaskuntzarako curriculuma ezartzen duena. (2007ko maiatzaren 25eko Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALa).

.52/2007 Foru Agindua, maiatzaren 23koa, Hezkuntza kontseilariak emana, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan ezarritako Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasketen ezarpena arautzen duena, eta Foru Komunitateko ikastetxe publikoetan eta ikastetexe pribatu itunduetan ikasketa horiek izanen duten ordutegia finkatzen duena. (2007ko maiatzaren 23ko Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALa).

.53/2007 Foru Agindua, maiatzaren 23koa, Hezkuntza kontseilariak emana, Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe publikoetan eta pribatu itunduetan Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako etapari dagozkion aukerako irakasgaien curriculuma onetsi eta irakasgai horiek nola eman arautzen duena, eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako laugarren kurtsoko aukerak ere onesten dituena. (2007ko ekainaren 13ko Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALa).

.Curriculum aniztasunari buruzko Foru Agindua.

Hezkuntza Departamentuak, berrikuntza hauek guztiak abian jartzea zaila dela jakinik, prestakuntza plan bat jarri du irakasleen eta zuzendaritza taldeen eskura. Bilduma didaktiko berri batzuk ere argitaratu ditu, irakasleei laguntza emateko curriculum berrien garapenean eta printzipio pedagogiko berriak abian jartzeko lanean (oinarrizko gaitasunak, hizkuntzen tratamendu integratua, curriculum aniztasuna...).

Aurreko ikasturtearen ildo berean, zuzendaritza taldeen lana errazteko, proposatu da ikastetxeko hezkuntza planetako jarduketak dokumentu bakar batean bil daitezela (Urteko Programazio Orokorra), modu erraz eta zehatzean, jarraibide hauetan adierazitako bideari segituz.

Ikasle guztiek (hezkuntza premia bereziak dituztenak barne) eskolako gune nagusia osatzen dute, eta antolaketako erabakiak eta erabaki pedagogikoak haien mesedetan hartu behar dira; hezkuntzako eta psikopedagogiako laguntza eta orientazioa jasotzeko eskubidea dute, LOEn ageri den barne hartze printzipioa gauzatuz.

Jarraibide orokorrak

1. Urteko programazio orokorra.

Urteko programazio orokorra oinarrizko tresna bat da eta ikastetxeko plangintza, antolaketa, funtzionamendua eta hobekuntza plana biltzen ditu. Autonomiaren eta eraginkortasunaren printzipioei jarraikiz eginen da, hala prozesuak nola dokumentazioa ahalik eta gehien sinplifikatuz.

Zuzendaritza taldeak bere baliabideak kudeatzen ahalko ditu, eta planifikatu eginen ditu (antolaketa, ordutegia, barne eta kanpo koordinazioko egutegia, etab.) eskola orduetan eta horietatik kanpo egiten diren jarduerak, bai autonomia bai indarreko araudia errespetatuz: hobekuntza plana, aniztasunari erantzutea, ikastetxean ezarrita dauden eta garatzen diren berariazko programak (gutxiengoei laguntzea, PROA plana, eskolako laguntza, errefortzua eta laguntza ematea, hizkuntzan murgiltzea, etab.), tutoretza, eskolako liburutegia, kalitatearen kudeaketa, irakasleen prestakuntza, teknologia berriak, laneko arriskuei aurrea hartzea... eta beharrezkoak diren guztiak, 2007-2008 ikasturtean.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren aplikazio esparruan, ikastetxeek, beren autonomiaz baliaturik, plangintza instituzionaleko dokumentuak berrikusi egin beharko dituzte eta lege horren V. tituluko II. kapituluan ezarritakora egokitu, bai eta etapa bakoitzeko curriculumetan ezarritakora ere (martxoaren 19ko 24/2007 eta 25/2007 Foru Dekretuetan arautuak).

2007-2008 ikasturterako, ikastetxeek prestatua izan behar dute ezartzen diren ikasketen curriculumen zehaztapena: Lehen Hezkuntzako lehen eta bigarren kurtsoa eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehen eta hirugarren kurtsoa.

Gainera, ikastetxeetan ezarritako planak aztertu eta programatu eginen dira, hala nola Aniztasunari Erantzuteko Plana (AEP), Tutoretza Plana (TP), Ikastetxeko Bizikidetza Plana (IBP) eta Oinarrizko Gaitasunak Hobetzeko Plana, hala urteko programazio orokorrean sartzeko.

Era berean, 2008-2009 ikasturtean ezarriko diren ikasketen curriculumaren zehaztapena prestatzen joan beharko dute: Lehen Hezkuntzako hirugarren eta laugarren kurtsoa, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako bigarren eta laugarren kurtsoa, bai eta Batxilergoko lehen kurtsoa ere.

2. Programazio didaktikoak.

Curriculumeko egokitzapen esanguratsuak eta ez-esanguratsuak egitea kurtsoetan irakasgaiak ematen dituzten irakasleen ardura izanen da. Betiere kasuan kasuko zikloko koordinatzaileek edo departamentu didaktikoetako buruek gainbegiratuko dute lan hori. Barne hartzearen printzipioa aplikatuz, curriculumeko egokitzapen oso esanguratsuak Pedagogia Terapeutikoko espezialistak baizik ez ditu eginen. Nolanahi ere, egokitzapen horien koordinazioa eta jarraipena egitea ikaslearen tutoreari dagokio. Orientazio arloko langileen aholkuak jasoko ditu horretarako.

3. Irakasleek ordutegia betetzea eta asistentzia partea.

Zuzendaritza Taldeak Giza Baliabideen Zerbitzuari jakinaraziko dio lan edo administrazio araubideko aldi baterako lan-kontratudunak zein egunetan hasi diren ikastetxean.

Asistentzia parteen eredu ofizialak betetzean, honakoak hartu behar dira aintzat parte horietan:

a) Inoiz ez da hutsik utziko "Hutsegitearen arrazoia" laukia, eta hala egiten bada, justifikatu gabeko hutsegitetzat hartuko da.

b) Hutsegite guztiek agertu behar dute, bat ere utzi gabe.

c) "Hutsegitearen arrazoia" laukian "ordainsaririk gabeko norberaren eginkizunetarako baimena" jartzeko, nahitaezkoa izanen da Giza Baliabideen Zerbitzuak hartarako lizentzia eman izana.

Zuzendaritzak, justifikazioa aurkezteko epea amaitu eta biharamunean aditzera emanen dio Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuari irakasle baten edozein hutsegite nahiz atzerapen, ikasketaburuari justifikatu gabekoa iruditzen zaiona, bere lansaritik tokatzen den kenketa egiteko eta, hala behartzen bada, espedientea hasteko. Kasuko irakasleari ere emanen zaio, idatziz, horren berri.

Aurreko paragrafoan aipatutako epea Nafarroako Gobernuko langileentzat orokorrean ezartzen dena izanen da.

Irakasleek hutsegitearen frogagiriak aurkeztu behar dizkiote zuzendariari, horrek eskatu gabe.

Asistentzia partearen kopia bat irakasle gelan paratuko da, ikusgai, hilabete bakoitzeko 5a baino lehen.

Irakasleen hutsegiteen frogagiriak (baja agiriaren kasuan, haren kopia edo fotokopia) ikastetxeko zuzendaritzan geldituko dira Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuaren eskura.

Eskola emate normalaren gorabehera guztiak berehala jakinaraziko zaizkio telefonoz Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuari, eta bai ondoren asistentzia partean jasoko ere.

4. Hizkuntza Eskola Ofizialetan ingelesa edo frantsesa bertaratze modalitatean ikasteko ikaspostuen erreserba.

Iruñeko eta Tuterako Hizkuntza Eskola Ofizialek, ohiko eskaintzaren barruan, araubide ofizialeko ikaspostu kopuru bat gordeko dute Nafarroako ikastetxe publikoetako irakasle funtzionarioek ingelesa edo frantsesa ikas dezaten. Horretarako izena eman eta ikaspostuak esleitzeko prozedura Eskolek ezarriko dute.

5. Ikasleek kalifikazioei buruz erreklamazioak egiteko prozesua.

Ikasleei beren errendimendu akademikoaren balorazio objektiboa bermatzeko, beharrezkoa da ikasleek aurretik izatea helburuen, edukien eta ebaluazio irizpideen berri, hala nola balorazio positiboa izateko eskatutako gutxieneko emaitzena, kalifikazio irizpideena eta ikasketak ebaluatzeko ikasturtean erabiliko diren prozedurena.

Irakasle titularrak ikasleek, haien gurasoek edo legezko ordezkariek programazio didaktikoei buruz eskatzen dituzten argibideak emanen dizkie. Ebaluazioa egiteko tresnei buruzko informazioa ere emanen die eta ikasleek zilegi izanen dute egin dituzten idatzizko proba, ariketa eta lanak ikusi eta irakaslearekin batera aztertzea.

Ebaluazioa egiteko tresnak ikasturte amaierako kalifikazioak eman edo azken erabakiak hartu ondoko hiru hilabeteetan gordeko dira gutxienez.

Ikasle guztiek eskubidea dute beren kalifikazioan eragina izanen duen edozein azterketa edo proba idatzi zuzendua eta kalifikatua ikusteko.

Ikasleek, haien gurasoek edo legezko ordezkariek zilegi izanen dute balorazio eta kalifikazioei buruzko argibideak eskatzea irakasle titularrari. Argibideak eman ondoren ados ez badaude izandako azken kalifikazioarekin, hura berriz aztertzeko eskatzen ahalko diote idatziz ikasketaburuari, jakinarazpena egin eta bi egun balioduneko epean.

Azken kalifikazioa eta/edo agiria eskuratzekoa berraztertzen baldin bada, zikloko ekipoek, departamentu didaktikoek edo, kasua bada, epaimahaiek, hurrengo egun baliodunean, berraztertzeko eskakizunak ikusi eta dagozkien txostenak eginen dituzte. Txostena ikasketaburuari igorriko zaio eta horrek kopia bat bidaliko die ikasleei edo, hala behar denean, haien gurasoei edo legezko ordezkariei.

Berraztertzeko eskaera irakasle taldeak Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasle baten mailaz igotzeari edo titulazioari buruz hartutako erabakiari dagokionean, berraztertzeko eskaera aurkezteko epea bukatu eta gehienez bi eskola eguneko epean, irakasle taldeak aparteko bilera eginen du, eta bertan aztertuko du hartutako erabakia, aurkeztutako alegazioak kontuan hartuz.

Irakasle tutoreak aparteko bilkura horretako aktan honakoa jasoko du: aurretiazko gorabeheren azalpena, egitateak eta jarduketak, ebaluazio batzordearen edo irakasle taldearen deliberoen alderdi nagusiak eta berraztertu den erabakiaren aldaketa edo berrespena.

Ikasketaburuak idatziz jakinaraziko die ikasleari eta haien gurasoei edo legezko ordezkariei hartutako erabakia berretsi edo aldatu den, horretarako arrazoiak emanda. Horrek amaiera emanen dio erreklamazio bideari.

Ikastetxeetan berraztertzeko prozesua agortzen duten ikasleek zilegi izanen dute, dela nork bere kasa, dela guraso edo legezko ordezkarien bitartez, ikastetxeko zuzendariari eskatzea erreklamazioa Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzura igor dezala, azken jakinarazpena egin eta bi eguneko epean.

Ikastetxeko zuzendaritzak, gehienez ere hiru eguneko epean, erreklamazioaren espedientea Eskola eta Lanbide Irakaskuntzaren Zuzendaritza Nagusira bidaliko du. Zuzendari nagusiak ebazpena emanen du _eta horrek administrazio bideari amaiera emanen dio_ hamabost eguneko epean espedientea jasotzen denetik hasita, Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuaren txostenak kontuan izanik.

Ikaslearen erreklamazioaren aldeko ebazpena ematen baldin bada arestian aipatutako instantzietakoren batean, dagokion zuzenketa agerraraziko da ebaluazio agirietan, ikastetxeko idazkariak sinatutako eta zuzendariak ikus-onetsitako eginbidearen bitartez.

Kalifikazioen kontrako berraztertze eskaerak eta erreklamazioak jarraibide hauetan ezarritakoari lotuko zaizkio, eta, jarraibide hauetan arautu ez diren aferetarako, 1995eko abuztuaren 28ko Aginduari (1995eko irailaren 20ko "EAO").

6. Alkoholari eta tabakoari buruzko arauak.

Ikastetxeek giro higieniko eta osasuntsua bultzatu behar dute, hezkuntza komunitatean osasunerako on diren ohitura eta jarrerak sustatuz.

Hori helburu, eta 6/2003 Foru Legea, otsailaren 14koa, tabako kontsumoaren prebentzioari, arnasteko airea babesteari eta tabakoaren aurrean osasuna sustatzeari buruzkoa, bete dadin:

a) Ez da zilegi izanen ikastetxeetan tabakoa saltzea.

b) Ez da zilegi izanen ikastetxeetan erretzea.

Ikastetxeetako eskola kontseiluek behar diren neurriak hartuko dituzte ikastetxeetan edari alkoholdunak saltzea eta kontsumitzea galarazteko.

Baldintza horiek kontuan hartuko dira barne araubideko erregelamendua prestatzerakoan.

7. Ikastetxeko prestakuntza plana.

Ikastetxe bakoitzak Irakasleentzako Prestakuntza Plan bat eginen du, hauek kontuan hartuta: beharrak zein diren, ikastetxeak nolako ibilbidea egin duen prestakuntzaren arloan, eta Hezkuntza Departamentuak proposatutako lerro estrategikoak zein diren.

Irakasleentzako Laguntza Zentroetan (ILZ) irakasleentzako prestakuntza kontseiluak abian jartzearen ondorioz, beharrezkoa da ikastetxe bakoitzean prestakuntzako arduradun bat izatea. Bere eginkizunak izanen dira, besteak beste, ikastetxeko prestakuntza plana prestatzeko prozesua sustatzea, plan horren ondoriozko beharren berri ematea dagokion ILZko aholkulariei, dagokion ILZko prestakuntza kontseiluan parte hartzea eta ILZ horretan irakasleen ordezkari izatea, hala behar denean.

Plan horren zeregina izanen da, halaber, irakasleak Teknologia Berrietako jardueretan treba daitezen sustatzea, baliagarria izanen baita bai beren autonomia pertsonalean bai gelan erabili eta txertatzeko.

Haur Hezkuntzako 2. zikloa eta Lehen Hezkuntza ematen duten ikastetxeetarako jarraibideak

1. Ebaluazioa.

Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuak, ikastetxeetara egin ohi dituen ikustaldietan, barne ebaluazioari buruzko aholkuak emanen ditu, eta ezarritako hobekuntza arloen jarraipena egin eta gainbegiratu eginen ditu, 2006-2007 ikasturtearen bukaerako ebaluazioan lortutako emaitzetatik abiatuta.

2007-2008 ikasturtean, Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuak ebaluazioa eginen du Haur Hezkuntzako etaparen bukaeran, Foru Komunitateko ikastetxeetan.

2. Ordutegi malgutasuna.

Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeek, kudeaketarako duten autonomiaz baliaturik eta beren behar eta helburuekin bat, malgutasun handiagoa izanen dute ikastetxeko ordutegia prestatzeko. Litekeena da irakasleen ordutegia ikasleen ohiko eskola ordutegiarekin guztiz bat ez etortzea; hala gertatzen da PROA Planaren barruan Eskolako Laguntza Emateko Programa garatzen duten ikastetxeetan.

Ikastetxeen arteko koordinazioa handitzeko, zuzendariek, ikastetxeek dituzten aukeren arabera, astearte goizak eskola ordurik gabe izan ditzakete.

3. Irakaskuntza partekatua Lehen Hezkuntzan eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehen eta bigarren kurtsoan.

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehen eta bigarren kurtsoa behin-behinekoz ematen den Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoetan eta herri bereko ikastetxe publikoarekin batera aritzen diren Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako institutuetan, destinoa Lehen Hezkuntzan duten irakasleek, noizbait suertatuz gero, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehen eta bigarren kurtsoan eskola ematen ahalko dute, zenbait irakasgaitan.

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehen zikloari atxikitako maisu-maistren kidegoko irakasleek euren ordutegia Lehen Hezkuntzako jarduerekin osatzen ahalko dute.

4. Ordutegi osagarriaren inguruko azalpenak.

Plangintza instituzionaleko tresnak prestatzen edo espezialitatearekin zerikusia duten prestakuntza jardueretan nahitaez eman beharreko denboraren erdiak (horren edukia zuzendaritza taldeak ezarriko du) lehentasuna izanen du irakasleen beste edozein aukeraren aurretik.

Hurrengo ikasturtean ezarriko diren mailetarako curriculumaren zehaztapena landuko da denbora horretan: Haur Hezkuntzako bigarren zikloa, Lehen Hezkuntzako hirugarren eta laugarren kurtsoa.

5. Teknologia Berrien arduraduna.

Teknologia Berrien arduradunaren lana azaroaren 4ko 229/2002 Foru Dekretuan xedatutakoaren araberakoa izanen da.

Bigarren Hezkuntza ematen duten ikastetxeetarako jarraibideak

1. Ebaluazioa Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan.

Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuak barne ebaluazioari buruzko aholkuak emanen ditu, eta Hezkuntza Departamentuak ezarritako hobekuntza arloen jarraipena egin eta gainbegiratu eginen ditu. Barne eta kanpo ebaluazioen emaitzek hurrengo ikasturteetako hobekuntza arloetan aldaketak egiteko balioko dute.

2. Ordutegi malgutasuna.

Ikastetxeen arteko koordinazioa handitzeko, institutuetako zuzendariek astearte goizak eskola ordurik gabe izanen dituzte.

3. Departamentuko burutza.

Departamentu bakoitzeko buruak Erregelamendu Organikoan eta 258/1998 Foru Aginduan aipatzen diren eginkizunak bere gain hartuko ditu eta, horretaz gainera, 2007-2008 ikasturterako Urteko Lan Planaren garapenean buru izanen da; plan horretan, zuzeneko eta zeharkako eragina duten hobekuntza arloen inguruko jarduketak sartuko dira.

4. Ordutegi osagarriaren inguruko azalpenak.

Plangintza instituzionaleko tresnak prestatzen edo espezialitatearekin zerikusia duten prestakuntza jardueretan nahitaez eman beharreko denboraren erdiak (hilabeteko lehen eta hirugarren asteazkena) lehentasuna izanen du irakasleen beste edozein aukeraren aurretik; horren edukia zuzendaritza taldeak ezarriko du.

Hurrengo ikasturtean ezarriko diren mailetarako curriculumaren zehaztapena landuko da denbora horretan: Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako bigarren eta laugarren kurtsoa eta Batxilergoko lehen kurtsoa.

5. Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialarekin koordinazio bilerak egitea.

NUHEOrekin hitzartutako lankidetza programa ematen duten irakasleek nahitaez agertu beharko dute eskola horrek aipatu programarako ezartzen dituen koordinazio bileretara. Bilerak hilean behin izanen dira gutxienez. NUHEOren antolaketa eta jarduna arautzen dituzten jarraibideetan ageri dira irakasle lankideen eginkizunak.

6. Salbuespenak eta egokitzapenak Gorputz Hezkuntzan.

Salbuetsiak daude soilik hogeita bost urtetik goitikoak edo matrikulatutako ikasturtean adin hori betetzen dutenak. Hala ere, Batxilergoko Gorputz Hezkuntza egitetik salbuesteko eskaera egiten ahalko dute mugikortasun arazo larriak dituzten ikasleek, hala komeni denean ohiz kanpoko kasuetan eta behar bezala frogatuta. Curriculum egokitzapenak egiteko eskabideak ikasleek edo, adingabeak baldin badira, beren gurasoek edo legezko ordezkariek aurkeztuko dituzte ikastetxeko zuzendaritzan, eta medikuen ziurtagiriak erantsiko zaizkie.

7. Derrigorrezkoaren ondoko Bigarren Hezkuntzan matrikulari uko egitea.

Derrigorrezkoaren ondoko Bigarren Hezkuntzako edozein ikasketa, baita goi mailako heziketa zikloak ere, egiten ari diren ikasleek, ikasketak bukatzeko deialdiak mugatuak badira, zilegi izanen dute beren espediente akademikoak gordetzen dituen ikastetxeko zuzendariari eskatzea matrikula baliogabetzeko, baldin eta agiri bidez eta era frogagarrian egiaztatzen badute ondoko gorabehera hauetako bat:

_Eritasun fisiko nahiz psikiko luzea izatea.

_Lanpostu bat eskuratu izana.

_Familiako beharkizunak izatea.

Eskaerak apirilaren 30erako egin beharko dira eta, ikaslearen irakasle taldeari entzun ondoren, ikastetxeko zuzendariak eskaera ebatzi eta matrikula baliogabetzeko baimena emanen du, baldin eta aipatu arrazoi horietako bat frogatzen bada eta, hori dela medio, ezinezkoa izan bada eskatzailea eskolara normalki joatea eta etengabeko ebaluazioaren bidez haren kalifikazioa egitea.

Aipatu arrazoiak ez bezalako bestelako arrazoi berezi batzuk daudenean, matrikulari uko egiteko eskabideak epe berean aurkeztuko zaizkio ikasketa espedientea duen ikastetxeko zuzendariari. Kasu horretan, zuzendariak eskabidea, horrekin batera txosten bat eta, hala bada, egokia den dokumentazioa igorriko ditu Eskola eta Lanbide Irakaskuntzaren Zuzendaritza Nagusira, bidezkoa den ebazpena eman dadin.

Matrikula baliogabetzeko baimena ematen den kasu guztietan, dagokion eginbidea agertaraziko da ikaslearen ikasketa espedientean eta kontuan hartuko da baliogabetze horrek baimendu den ikasturte horretaran bakarrik izanen duela eragina. Horrelako kasuetan, ikasturte hori ez da kontuan hartuko irakaskuntza horietan egoteko gehieneko epea kontatzean. Nolanahi ere, matrikula baliogabetze horren onuradun den Batxilergoko ikaslea behartuta egonen da baimena jaso ondoko ikasturtean matrikula egitera, aurreko ikasturtean matrikulatu zen kurtso berean, bestela, ikasle ofiziala izateko eskubide guztiak galduko ditu. Lanbide Heziketako eta Arte Plastikoetako eta Diseinuko ikasleek, matrikula baliogabetuz gero, hurrengo ikasturterako ikaspostuaren erreserba galduko dute.

8. Arteetako eta Teknologiako Batxilergoko titulua lortzea.

Batxilergoa gauez edo urrutiko modalitatean (tutoretzapeko modalitatean) ematen duten ikastetxeei baimena ematen zaie Batxilergoko titulua eskatzeko, Batxilergoko lehen eta bigarren kurtsoa Arteen edo Teknologiaren modalitatean egin eta errekuperatzeko hiru irakasgai komun edo gutxiago dituzten eta Batxilergoko ikasketak gaueko edo urrutiko Batxilergoa (tutoretzapeko modalitatea) ematen duen ikastetxe batean bukatu dituzten ikasleentzat.

9. Zaintza.

Zaintzako irakaslearen eginkizun nagusiak hauek dira:

a) Irakasleak huts egiteagatik edo beste edozein arrazoirengatik zaindaririk ez duten ikasleei kasu egitea.

Irakasleren batek aurrez baldin badaki huts eginen duela, antolaturik utziko du ikasleek zer lan egin behar duten gelan, eta ikasketaburuari emanen dio laneko plan hori.

Ikasleek ez badute inolako lan berezirik, edo hala hitzartzen badu hutsegiten duen irakasleak zaintzako irakaslearekin, zaintzako irakasleak zilegi izanen du ordu hori ikasleei bere gai propioa emateko erabiltzea, betiere ikasketaburuaren baimena baldin badu, eta gainerako ordutegia aldatzen ez bada.

b) Korridoreetan ordena zaintzea eta, oro har, ikasleek gelaz kanpo duten portaera. Horrek ez du esan nahi beste irakasleek eginkizun hori bete behar ez dutenik.

c) Bere zaintza aldian sortzen diren gorabehera guztiak konpontzea, baita ikastetxeko norbait mediku beharrean gertatuz gero hartarako dilijentziak egitea ere, eta ikasketaburua lehenbailehen jakinaren gainean jartzea.

d) Bere zaintza aldian irakasleek duten puntualitate eta asistentziaren berri ematea idatziz, klaseei, zaintzei, liburutegiari eta bestelako jarduerei dagokienez.

e) Ikasketaburuak zaintzei buruzko parte bat prestatuko du egunero, beti Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuaren eskura egonen dena. Gutxienez honako datuak izanen ditu:

_Irakasleen hutsegite eta atzerapenak.

_Ikastetxeko edozein egoitzatan izan diren gorabeherak.

_Gertatu diren istripuak.

_Zaintzako irakasleen sinadurak.

Zuzendaritzak baimena eman dezake irakasleren baten zaintza orduak berariazko beste jarduera batzuekin trukatzeko, baldin eta zaintza ordu guztiak beteta badaude eta jarduerak Klaustroak onetsi baditu.

10. Heziketa ziklo batean dauden irakasleen jarduna bigarren kurtsoan, irakastorduak gutxitzean.

Lantokietako Prestakuntza aldian (LP) irakastordu gutxiago dituzten irakasleek denbora hori erabiliko dute LPra pasatzen ez diren ikasleez arduratzeko eta LPko tutorearekin lankidetzan aritzeko.

Jarduera horiei guztiei erantzuna eman ondoren, beste hauei heltzen ahalko zaie:

a) Lanbide Heziketako berrikuntza proiektuak, Hezkuntza Departamentuak onetsiak, bukatzea.

b) Hobetze eta eguneratze teknologiko eta profesionala.

c) Beren konturako probak egitea Lanbide Heziketako eta Arte Plastikoetako eta Diseinuko tituluak lortzeko.

d) Heziketa zikloetan sartzeko probak garatzea.

e) Langileen prestakuntzan eta prozedura ez-formalen bidez lortutako gaitasun profesionalaren ebaluazioan laguntza ematea.

f) Atzerriko programen ondoriozko beharrei erantzutea.

Laneko plana ongi garatu ahal izateko, horretan ari diren irakasleen banakako ordutegiak aldatzen ahalko dira, ordutegiak prestatzeko irizpide orokorrak errespetatuz.

11. Prestakuntza kurtsoko irakasleen jarduera, irakastorduak gutxitzean.

Heziketa zikloetan sartzeko probak prestatzeko kurtsoan irakastordu murrizketa duten irakasleek eta batxilergoko irakasleek zeregin hau izanen dute:

a) Heziketa zikloetan sartzeko probak garatzea.

b) Hobetze eta eguneratze teknologiko eta profesionala.

c) Atzerriko programen ondoriozko beharrei erantzutea.

Hori guztia, ikasketaburuak egin eta Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuak ontzat eman beharreko lan plan baten bitartez.

12. Lanbide Hastapeneko Programetako esparru praktikoan irakasten duten irakasleak.

Ikastetxean behar adinako irakaslanik ez badago esparru praktikoan eta Lanbide Hastapeneko Programetan behin betiko destinoa duten irakasle guztiak programa horietan aritu ahal izateko, irakasleek _behar den titulu akademikoa ez dutenek izan ezik_ eskolak emanen dituzte CEUetan, Curriculum Aniztasuneko laugarrenean, Oinarrizko Heziketako Ziklo Egokituko laugarrenean (baldin eta Ziklo Egokitu hori gaika ematen bada eta ez esparruka, eta berariazko talde hauetako irakaslana Teknologiako Departamentu Didaktikoko kideei esleitu ondoren eskola ordurik geratzen bada), edo bestela Lanbide Heziketako Heziketa Zikloetan. Hautaketaren ordena 229/2002 Foru Dekretuaren 10. artikuluan ezarritakoa izanen da.

Lanbide Hastapeneko Programako, CEUko, Curriculum Aniztasuneko Programako eta, halakorik egonez gero, Oinarrizko Heziketako Ziklo Egokituetako irakasle taldeetan ari diren esparruko irakasleek koordinaziorako eta tutoretzarako dituzten hiru irakastorduetatik bat bederen gordeko dute programazio didaktikoaren garapen eta ebaluazioaren inguruko koordinazio lanetarako eta tutoretza lana koordinatzeko zereginetarako (uztailaren 6ko 225/1998 Foru Dekretuaren 22.3 artikulua).

13. Irakasgai berriak ematen dituzten irakasleak.

Irakasgai berriak (Herritartasunerako eta giza eskubideetarako hezkuntza, Erljioen historia eta kultura) departamentu didaktiko bati esleituta ez badaude edo esleipeneko lehentasuna ezarrita ez badago, zuzendariak, Koordinazio Pedagogikorako Batzordeak proposaturik, departamentu horietako bati esleituko dizkio, BHIen Erregelamendu Organikoaren 41. artikuluko 5. atalean ezarritakoari jarraikiz.

14. Arte Plastikoak eta Diseinua.

Jarraibide hauen prestaketa arautzen duen sinplifikazio printzipioari jarraikiz, Arte Plastikoak eta Diseinua ematen duten ikastetxeen antolaketa egitean kontuan hartu beharko da Berariazko Lanbide Heziketari buruzko araudia, ondoren zehazten diren alderdietan izan ezik.

14.1. Ikastaro monografikoak.

Jarduera osagarrien Urteko Programazio Orokorrean sartuko dira, hala denean, baimentzen diren ikastaro monografikoak. Ikastaro horiek indarra duten arauak betez baimenduko dira, eta baimena jaso ondoren iragarriko.

Arte Plastikoetako eta Diseinuko heziketa zikloetan ari diren irakasleek beren irakastorduak osatzen ahalko dituzte baimentzen diren ikastaro monografikoak emanez.

14.2. Departamentuko burua hautatzea.

Departamentu bakoitzean buru bat egonen da. Horrek departamentuaren ardura izanen du eta departamentuko kideen lana koordinatu eta zuzenduko du.

Izendapena zuzendariak eginen du irailean, ikasturte baterako.

Burutza hori Arte Plastikoetako eta Diseinuko Kidegoko katedradun batek beteko du, irakasgai komunetako eta Arte Plastikoetako departamentuetan izan ezik, horietan Bigarren Hezkuntzako Irakasleen Kidegoko irakasle katedradun batek beteko baitu. Katedradun bat baino gehiago egonez gero, katedradun izaera lehenik eskuratu zuenak beteko du burutza.

Katedradunik ez badago, zuzendariak departamentuko kideen artean izendatuko du burua, departamentuaren iritzia entzun ondoren; lehentasuna izanen dute ikastetxe horretan behin betiko destinoa duten espezialitateko irakasleek.

14.3. Taldeak aukeratzeko hurrenkera.

Ikastetxeko zuzendariak, klaustroko bilkuran, departamentu didaktikoei jakinaraziko die Batxilergoko irakasgaiei eta heziketa zikloetako moduluei dagokien ordu kopurua eta, oro har, curriculum ofizialen arabera bakoitzari dagozkion eskola orduak.

Irakasgai komunetako eta Arte Plastikoetako departamentuen kasuan, kontuan harturik Bigarren Hezkuntzako Kidegoko irakasleek Batxilergoko arlo edo irakasgaiak emateko duten lehentasuna eta betebeharra, honako hurrenkera hau segitu beharko da hautatzerakoan:

1. Bigarren Hezkuntzako Irakasleen Kidegoko irakasle katedradunak, ikastetxean behin betiko destinoa dutenak.

2. Bigarren Hezkuntzako Irakasleen Kidegoko irakasleak, beren departamentuko espezialitateko titularrak, behin betiko destinoa ikastetxean.

3. Bigarren Hezkuntzako Irakasleen Kidegoko irakasleak, behin betiko destinoa beste ikastetxe batean izan arren, irakaslanik ez izateagatik destinoko ikastetxetik aldarazi badituzte.

4. Zerbitzu eginkizunetan dauden Bigarren Hezkuntzako Irakasleen Kidegoko irakasleak.

5. Destinoaren zain dauden Bigarren Hezkuntzako Irakasleen Kidegoko irakasleak.

6. Bigarren Hezkuntzako Irakasleen Kidegoko azken oposizio-lehiaketa gainditu dutenak.

7. Zerbitzu berezietan diharduten Bigarren Hezkuntzako Irakasleen Kidegoko funtzionarioak eta mugagabeko lan kontratudunak.

8. Arte Plastikoetako eta Diseinuko Irakasleen Kidegoko irakasle katedradunak, ikastetxean behin betiko destinoa dutenak.

9. Arte Plastikoetako eta Diseinuko Irakasleen Kidegoko irakasleak, ikastetxean behin betiko destinoa dutenak.

10. Arte Plastikoetako eta Diseinuko Irakasleen Kidegoko irakasleak, behin betiko destinoa beste ikastetxe batean izan arren, irakaslanik ez izateagatik destinoko ikastetxetik aldarazi badituzte.

11. Zerbitzu eginkizunetan dauden Arte Plastikoetako eta Diseinuko Irakasleen Kidegoko irakasleak.

12. Destinoaren zain dauden Arte Plastikoetako eta Diseinuko Irakasleen Kidegoko irakasleak.

13. Arte Plastikoetako eta Diseinuko Irakasleen Kidegoko azken oposizio-lehiaketa gainditu dutenak.

14. Zerbitzu berezietan diharduten Arte Plastikoetako eta Diseinuko Irakasleen Kidegoko funtzionarioak eta mugagabeko lan kontratudunak.

15. Administrazio edo lan araubidean aldi baterako kontratatatuko irakasleak.

Arte Plastikoetako eta Diseinuko irakasleen eskumenpekoak diren Batxilergoko Arteen modalitateko irakasgaiak (abenduaren 5eko 1284/2002 Errege Dekretuko VI. eranskinaren arabera), ezin izanen dituzte hautatu Bigarren Hezkuntzako Irakasleen Kidegoko irakasleek, baldin eta, hautatze horren ondorioz, ordutegia osatzeko aukera kentzen badiete irakaslana Batxilergoari berari dagozkion orduekin osatuko luketen Arte Plastikoetako eta Diseinuko irakasleei.

8. puntutik 15.era bitarte aipatu den hautatzeko lehentasuna aplikatuko da heziketa zikloetako moduluen eskola orduak banatzeko txandetan.

Batxilergoko Arte modalitatearen curriculumeko arte lantegietako irakaslana Arte Plastikoetako eta Diseinuko Tailer Maisuen Kidegoko irakasleek egiten ahalko dute.

14.4. Artea Garatu eta Sustatzeko Departamentua.

Arte Eskola bakoitzean Artea Garatzeko eta Sustatzeko Departamentua eratzen ahal da; horren betebeharren artean ikastetxeko jarduera osagarriak eta eskolaz kanpokoak programatzea eta garatzea egonen da, jarraian ezarritakoarekin bat:

A._Eratzea.

Departamentu horren barruan bertako burua egonen da eta, eginen den jarduera zehatz bakoitzeko, horren ardura duten irakasle eta ikasleak.

B._Departamentuko burutza.

Artea Garatu eta Sustatzeko Departamentuko burua jarduneko irakasle bat izanen da, karrerako funtzionarioa edo mugagabeko lan kontratuduna, eta ikastetxe horretan beharko du izan behin betiko destinoa. Zuzendariak izendatuko du urtebeterako, gainerako departamentuetako buruek esandakoa entzun ondoren.

C._Departamentuko buruaren eginkizunak.

Departamentuko buruak, ikasketaburuaren menpean, ondoko eginkizun hauek izanen ditu:

a) Curriculum Proiektuen prestakuntzan parte hartzea.

b) Departamentuak ikasturte osoan eginen dituen jardueren Urteko Programa prestatzea. Programa horretan gainerako departamentuen, irakasleen, ikasleen eta gurasoen proposamenak bilduko dira.

c) Ikasleei departamentuaren jarduerei buruzko informazioa ematea; ikastetxean eginen diren erakusketa eta ekintza kulturalei buruzkoa bereziki.

d) Beste departamentu batzuen, klaustroaren, ikasleen ordezkarien batzordearen eta gurasoen elkarteen laguntzarekin erakusketak eta ekintza kulturalak sustatzea, koordinatzea eta antolatzea.

e) Ikasketa bidaiak, eskolen arteko trukaketak eta, oro har, ikastetxean ikasleentzat antolatzen den edozein txango edo bidaiaren antolamendua koordinatzea.

f) Eskola Kontseiluak jarduera osagarriak eta eskolaz kanpokoak egiteko ematen dituen baliabide ekonomikoak banatzea.

g) Arte Eskolako liburutegiaren erabilera antolatzea.

h) Egindako jardueren ebaluazioa jasoko duen memoria egin eta Urteko Programazio Orokorraren amaierako memorian sartzea. Uztailaren 10a baino lehen Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzura bidaliko da.

15. Teknologia Berrien arduraduna.

Teknologia Berrien arduradunaren lana azaroaren 4ko 229/2002 Foru Dekretuan xedatutakoaren araberakoa izanen da.

16. Ikastetxe integratuak.

Ikastetxe integratuak, Nafarroan 63/2006 Foru Dekretuak, 119/2006 Foru Aginduak eta 1173/2006 Ebazpenak arautzen baitituzte, saiakuntza prozesu batean daude, eta alderdi funtzionalak zein antolaketakoak pixkanaka zehaztuko dira proiektu pilotu hori garatu ahala. Hortaz, 2007-2008 ikasturterako jarraibide hauek aplika badaitezke ere, Hezkuntza Departamentuak jarraibide osagarri batzuk eman ditzake, ikastetxe integratuen elementu bereizgarrienak zehaztu eta garatzeko.

Iragarkiaren kodea: F0710936