97. ALDIZKARIA - 2007ko abuztuaren 8a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

ERABAKIA, 2007ko abuztuaren 6koa, Nafarroako Gobernuak hartua, "Abiadura Handiko Trenaren Geltoki Berriaren Eremua eta Iruñeko Trenaren Antzinako Geltokiaren Eremua Garatzeko plana" Udalez gaindiko Plan Sektoriala jendaurrean jartzeko epe berri bat irekitzeari buruzkoa, Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak sustatua.

Nafarroako Gobernuaren 2007ko maiatzaren 21eko Erabakiaren bidez, 2007ko 73. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratua, Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak sustatutako "Abiadura Handiko Trenaren Geltoki Berriaren Eremua eta Iruñeko Trenaren Antzinako Geltokiaren Eremua Garatzeko plana" Udalez gaindiko Plan Sektoriala izendatu zen.

Aipatu planaren xedea Iruñeko Abiadura Handiko Trenaren Geltoki Berria ezarriko den eremuaren hirigintza antolamendua egitea da. Hurrengo hauek dira eremu horren mugak: Barañaingo udal mugapea/Elortz ibaia, Donejakue bidea eta A-15a. Horrez gainera hiria zeharkatzen duen trenbidearen kiribilgunea kendu eta egungo tren geltokia lekualdatzearen ondorio den esparrua ere antolatu nahi da.

Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 eta Ingurumena babesteko esku hartzeari buruzko 4/2005 Foru Legeetan ezarritakoarekin bat, espedientea, Ingurumen ondorioen azterlanarekin batera, jendaurrean jarri da eta jarduketa horiek ukituko dituzten eremuetako udalei entzunaldia egin zitzaien. Bi tramite horiek batera egin dira. Epe horretan egokitzat jo diren alegazioak aurkeztu dira, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 45.2.d) artikuluan ezarritakoarekin bat.

Izan ere, kontuan harturik entitate eta partikular zenbaitek plana xehekiago aztertzeko alegatutako interesa, bai eta planaren beraren garrantzia ere, komenigarritzat jo da, parte-hartze eta informazio aukera oro bermatzeko, jendaurreko epe berri bat irekitzea. Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 45.2.d) artikuluak Udalez gaindiko Plan edo Proiektuak jendaurrean jarri eta eta jarduketa horiek ukituko dituzten eremuetako udalei entzunaldia emateko hilabete bateko epea ezartzen duenez, posible eta, kasu honetan egokia ere bada jendaurreko epe berri bat irekitzea.

Horrenbestez, Herri Lan zuzendari nagusiak eta Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuko zuzendariak 2007ko uztailaren 30an emandako txostena aintzat harturik, Nafarroako Gobernuak, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak proposaturik,

ERABAKI DU:

1. "Abiadura Handiko Trenaren Geltoki Berriaren Eremua eta Iruñeko Trenaren Antzinako Geltokiaren Eremua Garatzeko plana" Udalez gaindiko Plan Sektorialaren jendaurrean jartzeko epe berri bat irekitzea, 2007ko irailaren 15a arte.

Horretarako, espedientea ikusgai egonen da interesatuen eskura Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuan (Armada Etorbidea, 2, 2. solairua, Iruña), eta epe horretan zilegi izanen da egokiak diren alegazioak aurkeztea, idatziz.

2. Erabaki hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea eta jakinaraztea Herri Lan Zuzendaritza Nagusiari, Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari eta Barañaingo, Zizur Zendeako, Iruñeko eta Zizur Nagusiko Udalei, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2007ko abuztuaren 6an._Nafarroako Gobernuko kontseilari eta idazkaria, Javier Caballero Martínez.

Iragarkiaren kodea: F0712253