95. ALDIZKARIA - 2007ko abuztuaren 3a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

OLTZA ZENDEA

0-3 urtekoendako haur eskola arautzen duen udal ordenantza. Behin betiko onespena

Oltza Zendeako Udalak, 2007ko martxoaren 29an egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Oltza Zendeako Udalaren 0-3 urtekoendako haur eskola arautzen duen ordenantza.

Onespenaren erabakia 2007ko 59. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, maiatzaren 11n, eta jendaurreko epean ez da alegaziorik aurkeztu; hortaz, ordenantza hori behin betiko onetsi eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

Oltza Zendean, 2007ko ekainaren 18an._Alkatea, Jose María Cuende Vallejo.

ERANSKINA

OLTZA ZENDEAKO UDALAREN 0-3 URTEKOENDAKO HAUR ESKOLA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA

Oinarria

1. artikulua. Ordenantza hau Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 324. artikuluan xedatutakoari jarraikiz egin da. Oltza Zendeako Udalaren 0-3 urtekoendako haur eskolan haurrak inskribatu eta onartzeko araubidea ezartzea du xede, baita ikastetxearen funtzionamenduaren zenbait alderdi arautzea ere.

Hartzaileak eta plazak

2. artikulua. Oltza Zendeako Udalaren 0-3 urtekoendako haur eskolan plaza eska dezakete haur hezkuntzako lehen ziklorako adina (0-3 urte) duten haurren guraso edo tutoreek. Haurrek ikasturtea hasi baino gutxienez 16 aste lehenago jaioak edo jaiotzekoak izan behar dute.

Onartutako haurrak ez dira haur hezkuntzako ikastetxeetan sartuko 16 aste eginak izan arte.

Eskabideak, epeak eta agiriak

3. artikulua. a) Tokia gordetzeko eskabideak.

Aurreko ikasturtean Oltza Zendeako Udalaren 0-3 urtekoendako haur eskolan ibili diren haurren guraso edo tutoreek hurrengo ikasturterako plaza gordetzeko eskabidea aurkeztuko dute ikastetxean. Ereduaren arabera beteko dute, eta urte bakoitzerako ezarritako epean aurkeztu.

b) Bete beharreko plazen berri ematea.

Behin plazen erreserba eginik, Hautapen Batzordeak, kontuan izanik 3086/2001 Ebazpenean ezarritako ratioak, aditzera emanen du Udalaren iragarki oholean zenbat plaza dauden betetzeko eta zer baremo erabiliko den onartzeko.

c) Lehen aldiz sartzeko eskabideak.

Lehen aldiz sartzeko eskabideak Oltza Zendeako Udaletxean jasoko dira, eta bertan aurkeztuko dira hartarako jarritako epean.

d) Agiriak.

Lehen aldiz sartzeko eskabideak eredu ofizialaren arabera beteko dira eta haiekin batera agiri hauek aurkeztuko dira, onarpen prozesuan balora daitezen.

d.1) Lan egoera eta/edo ikasketak frogatzeko agiriak.

_Urteko eskaera epearen aitzineko hileko nomina, aitarena eta amarena, edo lan egoera erakusten duen ziurtagiria edo Gizarte Segurantzan _dela araubide orokorrean dela berezian_ kideturik daudela frogatzen duena. Lanaldi partzialean jardunez gero (lanaldi erdia bitarte), haren ziurtagiria.

_Ikasten arituz gero, matrikularen frogagiria, ikasturteko egutegia eta ordutegia.

_Arduradunetako bat eszedentzian egonez gero, lanaldiaren eta lanpostura itzuliko den egunaren ziurtagiria aurkeztu beharko du Lanaldia kontatuko da, baldin eta eszedentzia ikasturtea hasi aurretik bukatzen bada. (Ikasturtea hasi baino hilabete lehenago lanera itzultzen den hartuko da kontuan).

d.2) Familiaren osaera frogatzeko agiriak:

_Familia liburuaren fotokopia (gurasoak eta seme-alabak).

_Familia ugariaren dokumentu ofizialaren fotokopia.

_Haurra kenduta, familia-unitateko beste edozein kideren minusbaliotasunaren ziurtagiria.

_Banantze edo dibortzioko akordioa.

d.3) Errenta mailak frogatzeko agiriak.

_Aitaren eta amaren azken errenta aitorpenaren fotokopia. Aitorpena egitera beharturik ez izatera, horren frogagiria aurkeztu beharko da eta azken urte fiskaleko dirusarreren zinpeko aitorpena.

_Oinarrizko Errenta hartuz gero, horren frogagiria.

d.4) Etxea edo aitaren nahiz amaren lantokia hurbil izatearen frogagiriak.

_Aitaren edo amaren erroldatze agiria, baita haurrarena ere, Udalak emana.

_Aitaren edo amaren lantokia zein den frogatzen duen dokumentazioa.

d.5) Zuzenean sartzeko baldintza bereziak betetzen direla frogatzen duen dokumentazioa.

_Hezkuntzako behar bereziak: haurraren minusbaliotasuna kalifikatzeko ziurtagiria eta/edo profesional batek egindako txostena, dituen ezaugarriengatik hezkuntza berezia behar duela dioena.

d.6) Jaio gabeko haurrak: gutxi gorabehera noiz jaiotzekoa den zehazten duen ziurtagiria (gehienez ere: 16 aste, ikasturtea hasi baino lehen).

d.7) Beste edozein inguruabar berezi baloratzeko, medikuaren, psikologoaren, gizarte-langilearen edo zerbitzu espezializatu ofizialen txostena aurkeztu beharko da, inguruabar hori frogatzeko.

Alegatzen den egoerari buruzko ziurtagiriak aurkezten ez badira, 0 bat jarriko da onarpen baremoan dagokion atalean.

Aurkeztutako agirien kopiak aztertuko dira, eta hartzeko ardura duenak egiaztatuko du benetakoak diren.

Eskabidean edo gainerako dokumentazioan jarritako datuak faltsuak badira, emandako plaza kendu ahalko da.

Izen emateko epea amaiturik agiriren bat falta bada, hura eskatu eginen da eta 10 egun egonen dira aurkezteko, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 71. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Hautapen Batzordeak zilegi izanen du edozein mementotan ziurtagiri gehiago eskatzea hautapen baremoan puntuazioa duten egoerei buruz.

Hautatzeko irizpide eta baremoak

4. artikulua. Lehen aldiz sartzeko eskabidearen epea amaiturik, Hautapen Batzordeak, haurren guraso edo tutoreek aurkeztutako dokumentazioarekin bat, eskabideak baloratuko ditu baremo hau aplikatuz:

1) Gurasoen lan egoera (15 puntu gehienez):

1.1. Haurren gurasoak edo tutoreak ondoko egoeretako batean daudenean, 15 puntu.

_Gurasoek edo tutoreek, biek lanaldi osoan lan egiten dutenean (lanaldi osotzat hartuko da lanaldi erdia baino gehiago bada).

_Guraso edo tutoreetako bat lanaldi osoan, eta bestea dedikazio handia behar duten ikasketa arautuak egunez egiten ari denean, behar bezala frogaturik (ikasketa araututzat hartzen dira titulu akademiko ofizialak eskuratzeari begira egiten direnak, hala nola DBH, Batxilergoa, Lanbide Heziketa, unibertsitateetako titulazioak eta abar).

_Aita eta ama dedikazio handia behar duten ikasketa arautuak egunez egiten ari direnean, behar bezala frogaturik.

_Guraso bakarreko familietan, adin txikikoaren hezkuntzaz eta mantentzeaz arduratzen dena lanaldi osoan lanean ari denean.

1.2. Haurren gurasoak edo tutoreak ondoko egoeretako batean daudenean: 11 puntu.

_1.1 atalean zehaztutako egoeretan, baina dedikazio partziala izanik.

_Aita edo ama lanean edo ikasten, bata jardunaldi osoan eta, bestea, partzialean.

1.3. Aita edo ama edo tutoreetako bat lanaldi osoan lanean eta bestea lana bilatzen: 7,5 puntu.

a) Lan egoeraren kontzeptuari buruzko zehaztapenak:

a-1) Gizarte Segurantzan edo jarduera ekonomikoetan kidetu gabe egindako lana ez da kontatuko.

a-2) Nominarik edo Gizarte Segurantzarik ez duten lanbide liberalen kasuan, lanbidean aritzeari buruzko frogagiria edo jarduera ekonomikoak izatearena aurkeztuko da.

a-3) Eskatzen den hilean nominarik edo lanaren ziurtagiririk izan ezean, eskari epea zer hiletan den, harexeko lan jardueraren ziurtagiria onartuko da: lan-kontratua, Gizarte Segurantza, etab. edo bestela, lan-bizitzaren agiria.

a-4) Eszedentzian baldin badago, haren jakinarazpena aurkeztuko da eta idatziz azalduko da lanera itzuliko dela ikasturtea hasi ondoko hilabetea baino lehen. Seme-alaba baten jaiotzagatik lanera ez itzultzea, lanpostu finkorik ez dela, hau da, ordezkoen zerrenden eta antzekoen kasuetan, ez da eszedentziatzat hartuko.

2) Familiaren osaera (8 puntu, gehienez)

Familia-unitateko kideen kopurua kontatzeko, Familia Liburuko guraso eta seme-alaben orria aurkeztuko da. Familia gunean elkarrekin izandakoak ez diren seme-alabak baldin badaude, edo Familia Liburuan agertzen ez direnak, bestelako Familia Liburuen bidez egiaztatu beharko dira, edo jaiotza agirien edo banantze edo dibortzioko epai eta abarren bidez.

_Bikiak, hirukiak, laukiak...., edo 6 urtez beherako hiru seme-alaba edo gehiago: 6 puntu. 6 urtez beherako 3 seme-alaba edo gehiago kontatzeko, eskabidea noiz egiten den, hura baino lehenagoko seigarren urteko urtarrilaren 1etik aitzina sortuak hartuko dira kontuan.

_Guraso bakarreko familia, 6 puntu.

_Adin desberdineko bi anai-arrebarentzat edo gehiagorentzat tokia eskatzea deialdi berean (tokiaren erreserba sartzen da): 4 puntu.

_Familia ugaria izatea: puntu bat.

_Haurraz aparte, famila-unitateko edozein kideren minusbaliotasun onartua izatea: puntu bat.

3) Errenta maila (12 puntu, gehienez): urteko per capita errentaren arabera baloratuko da (aitaren eta amaren zerga-oinarriak familia-unitateko kideen kopuruaren artean zatitzetik ateratzen denari esaten zaio urteko per capita errenta).

_2.699,99tik beherako per capita errenta: 12 puntu.

_2.700 eta 3.199,99 euro arteko per capita errenta: 11 puntu.

_3.200 eta 3.799,99 euro arteko per capita errenta: 10 puntu.

_3.800 eta 4.499,99 euro arteko per capita errenta: 9 puntu.

_4.500 eta 6.199,99 euro arteko per capita errenta: 8 puntu.

_6.200 eta 6.999,99 euro arteko per capita errenta: 7 puntu.

_7.0000 eta 7.999,99 euro arteko per capita errenta: 6 puntu.

_8.000 eta 9.399,99 euro arteko per capita errenta: 5 puntu.

_9.400 eta 10.899,99 euro arteko per capita errenta: 4 puntu.

_10.900 eta 12.899,99 euro arteko per capita errenta: 3 puntu.

_12.900 eta 14.999,99 euro arteko per capita errenta: 2 puntu.

_15.000 euroko errentak edo gehiagokoak: puntu bat.

b) Errenta mailen kontzeptuari buruzko zehaztapenak:

b-1) Kasu guztietan, aitaren eta amaren aitorpenak hartuko dira aintzat, bereizi nahiz dibortziatzeko epaia edo ezkontzaz kanpoko seme-alabarentzako legezko neurriak daudenean izan ezik. Kasu horietan haurraren zaintza eta ardura duen gurasoaren aitorpena hartuko da aintzat, eta haren zerga-oinarriari epaian ezarritako urteko diru kopurua erantsiko zaio.

b-2) Aitorpenik ez bada, Ogasuneko bulegoaren agiria aurkeztuko da, aitorpena aurkeztera beharturik ez dagoela egiaztatzeko eta, gainera, aitzineko urtean izandako dirusarreren frogagiria (nominak, oinarrizko errenta, zinpeko aitorpena eta abar).

b-3) Urteko per capita errentatzat hartuko da familia-unitatearen (aitaren eta amaren) dirusarrera garbi guztiak familiako kide kopuruaren artean zatitzetik ateratzen dena. Dirusarrera garbitzat hartzen da P.F.E.Z.aren aitorpeneko zerga-oinarria (zerga-oinarriaren oinarri orokorra gehi oinarri likidagarri berezia, horrelakorik bada).

4) Aitaren edo amaren etxearen edo lantokiaren hurbiltasuna (gehienez ere 50 puntu).

_Familia-unitatea eskatzen den eskolaren udalerrian bizitzea, gutxienez 6 hilabeteko antzinatasunarekin, 45 puntu.

_Aitak edo amak eskatzen den eskolaren udalerrian lan egitea, 5 puntu.

_Aitak edo amak eskatzen den eskolaren udalerrian lan egitea, 45 puntu.

_Oltza Zendeako osasun eskualde oinarrizkoan sartzen diren herrietan bizitzeagatik, gutxienez 6 hilabeteko antzinatasunarekin, baldin eta udal horrek hitzarmena sinatu badu Oltza Zendeako Udalarekin 0-3 urteko haurrendako eskolarako, 15 puntu.

_Oltza Zendeako Udalarekin 0-3 urteko haurrendako eskolarako hitzarmena sinatu duen udalerriren batean bizitzeagatik, gutxienez 6 hilabeteko antzinatasunarekin, 7 puntu.

c) Hurbiltasun geografikoaren kontzeptuari buruzko zehaztapenak:

c-1) Familia-unitate osoa herrian bizi ez bada, puntuak familia-unitateko kideen artean zatituko dira eta erroldatuta daudenenak batuko dira.

5) Bestelako irizpideak. Hautapen Batzordeak beste behar larri batzuk, pertsonalak, familiakoak edo sozialak, behar bezala frogatuak eta aurreko ataletan bildu gabeak, hartzen ahal ditu kontuan; 10 puntu, gehienez ere.

Baremoa aplikatuta, adin talde bakoitzeko azken tokia eskaintzean berdinketa gertatuz gero, irizpide hauek aplikatuko dira, bata bestearen ondoren:

_Per capita errenta txikiena.

_Adin handiena.

Ebazpenaren faseak

5. artikulua. a) Behin-behineko zerrendak.

Udalaren iragarki oholean argitaratuko dira onartuen behin-behineko zerrenda eta behin-behineko itxaron zerrenda, betiere baremoa aplikatu ondoren lortutako puntuazioaren ordenaren arabera.

b) Erreklamazioak egiteko epea.

Erreklamazioak egiteko epea 10 egunekoa izanen da, behin-behineko zerrendak argitaratzen diren egunetik hasita.

Erreklamazioak idatziz aurkeztuko dira Udalean, behar bezala arrazoituak eta justifikatuak, Hautapen Batzordeari zuzenduta, behin-behineko zerrendetan agertutako puntuazioa berrikusteko zergatik eskatzen den azalduz.

c) Behin betiko zerrendak.

Onartuen eta itxaron zerrendan daudenen behin betiko zerrendak Udalaren iragarki oholean argitaratuko dira, erreklamazioak egiteko epea bukatu eta ondoko 7 egunetan. Zerrenda horiek ere, izan daitezkeen erreklamazioak ebatzi ondotik lortutako puntuazioaren arabera eginen dira.

Matrikula gauzatzea. Bajak

6. artikulua. a) Matrikulak Oltza Zendeako Udalaren 0-3 urtekoendako haur eskolan gauzatuko dira, horretarako ezarriko den epean gauzatu ere. Matrikula egiteko honako hauek aurkeztu beharko dira:

_Gizarte Segurantzako kartillaren edo txartelaren fotokopia, haurra inskribatua dela frogatzeko.

_Aitaren eta amaren N.A.N.aren edo I.F.Z.aren fotokopia.

_Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren azken urte fiskaleko aitorpenaren fotokopia, aitarena eta amarena.

_Ordainagiriak helbideratuko dituen banku entitateko kartilla orriaren fotokopia, titularra eta zenbakia agertuz.

_Jateko edo osasuneko behar bereziak izanez gero, haiek biltzen dituen txosten medikoa.

_Ikasturtearen azken hilabeteko kuota ordaindu izanaren frogagiria.

Zuzendaritzaren bitartez, ikastetxeak bere funtzionamenduaren gaineko argibideak eta Udalak ikasturte horretarako onetsitako eskola egutegia emanen dizkie haur onartuen familiei.

b) Ezarritako epean egiten ez diren matrikulen ondorioz, beste esleipen bat eginen da itxaron zerrendako ordenari jarraituz.

c) Kuotak igortzeari utziko zaio haurren guraso edo tutoreek ikasturtean gertatzen diren borondatezko bajen berri ematen diotenean ikastetxeko zuzendaritzari; idatziz, betiere.

d) Ikasturtea hasi eta hamabost egun natural iraganik, ikastetxera azaltzen ez den haurrari baja emanen zaio; orobat, ikastetxean hasi eta, jakinarazpen edo frogagiririk gabe, hamabost egun naturalean jarraian agertzen ez denari.

Aurreko egoera horietan, Zuzendaritzak idatziz jakinaraziko dio familiari ikastetxean baja eman zaiola haurrari. Hamar egun iragan eta ez badago familiaren jakinarazpenik, hutsik gelditu den tokia beteko da, itxaron zerrendako ordenari jarraikiz. Kasu horietan ez da matrikulagatik ordaindutako kuota itzuliko.

e) Matrikula gauzatzearen ondorioz haurrak ikastetxera etorri behar du eta ikasturteko hamaika hilabetekoak ordaindu behar dira matrikulan hautatutako modalitatean, non ez den borondatezko bajarik tartean. Ikasturtea hasia dela egiten bada matrikula, haurra ikastetxean sartzen den unetik aitzinera hasiko da kuotak ordaintzen, eta ikasturtearen azken hilabeteari dagokion matrikularen kuota ordaindu beharko da.

Epez kanpoko eskabideak

7. artikulua. Ezarritako epetik kanpo ere aurkezten ahal dira eskabideak hurrengo ikasturteko eskabideen epea hasi aurretik, baldin eta haurrek 16 aste egin badituzte eskabidea aurkezteko egunean. Eskabide horiek kontuan hartuko dira tokiren bat hutsik gelditzen bada, onarpen prozesu arruntean sortutako itxaron zerrenda agortu ondoren; zein egunetan eskatu diren plazak, haren arabera esleituko dira plazak.

Egutegia eta ordutegia

8. artikulua. a) Udalak ikasturte bakoitzerako onetsitako eskola egutegiaren arabera arautuko da 0-3 urtekoendako haur eskola.

b) Eskola zabalik egonen da astelehenetik ostiralera arte.

Tokia eskatzeko epean galdetu dezakete gurasoek ikasturteko ordutegiak.

Familien eskaerak aztertuta eta kontuan izanik eskola antolatzeko behar diren gutxieneko ratioak, Udalak behin betiko ordutegiak ezarriko ditu, matrikula egiterakoan familiek haien artean hauta dezaten.

c) Umeak 7 orduz egonen dira ikastetxean, gehienez ere.

Tarifak

10. artikulua. Tarifa ezarriko da, familien tarifak arautzeko Nafarroako Gobernuko dagokion departamentuak argitaratzen duen araudiari eta Udalak behar den ordenantza fiskalean onesten dituen tarifei jarraikiz.

Oltza Zendeako Udalaren 0-3 urtekoendako haur eskolaren zerbitzuak erabiltzen dituzten familiek matrikula egiterakoan konpromisoa hartzen dute ikasturtearen kostu osoa, hamaika hilabetekotan banatua, ordaintzeko aukeratutako modalitatean.

Haur Hezkuntzako ikastetxean bi seme-alaba dituzten familiek %50eko deskontua izanen dute bigarren haurragatik dagokien tarifan. Ikastetxeko tarifa txikienaren parekoa izanen da, gutxienez, tarifa hori.

Haur Hezkuntzako ikastetxean 3 seme-alaba edo gehiago dituzten familiek %50eko beherapena izanen dute bigarren haurraren tarifan, eta ikastetxeari dagokion tarifarik txikiena hirugarren eta hurrengo seme-alabengatik.

Ikastetxean matrikulatutako haur guztiek dagokien kuota ordaindu beharko dute, jantokiari dagokiona barne, baldin eta zerbitzu hori kontratatua badute, baita justifikatutako arrazoiengatik ikastetxera joaten ez badira ere.

Behin hartarako onartua izanez gero, jantokiagatik ordaindu beharra zerbitzua egitetik beretik sortzen da, erabili ala ez.

Dirubilketaren arduradunak ordaindu gabeko kuoten berri eman beharko dio Hautapen Batzordeari, gehienez ere hilabeteko epean, eta horrek haurrari ikastetxean baja eman ahalko dio, bidezkoa irudituz gero.

Hiru ordainagiri ordaintzen ez badira, haurrari baja emanen zaio 0-3 urtekoendako haur eskolan.

Jantoki zerbitzua noizean behinka eskatzen dutenek 2 egun lehenago jakinaraziko diote zuzendaritzari. Tarifa bat aplikatuko da halakoetan, hurrengo hileko kuotarekin batera ordainduko dena.

Egokitzapen aldian jantokiko kuotaren %50 aplikatuko da. 8 hilabetetik beherako haurrek ez dute jantokiko kuota ordainduko epe horretan, baldin jantoki zerbitzuak otordurik ematen ez badie familiek emandako esnea baino hartzen ez dutelako.

Hautapen Batzordea

11. artikulua. Hautapen Batzordeak zein onartu eta zein ez erabakiko du, baremoan ezarrita dauden irizpideei jarraikiz.

Oltza Zendeako Udalaren 0-3 urtekoendako haur eskolako zuzendaritzak, Gizarte Gaien batzordeko buruak, administrari-ofizial batek eta Oltza Zendeako Udaleko idazkariak osatuko dute Hautapen Batzordea.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa._Ordenantza honetan aurreikusi ez den orotan honako hauek aplikatuko dira: Kudeaketaren, dirubilketaren eta ikuskatzailetzaren ordenantza orokorra, Oltza Zendeako Udalaren 0-3 urtekoendako haur eskolako zerbitzuaren tasak arautzen dituen ordenantza fiskala, Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuaren eta Udal honen arteko lankidetza hitzarmena, eta aplikatzekoak diren gainerako xedapenak.

Bigarrena._Ordenantza honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iragarkiaren kodea: L0710515