95. ALDIZKARIA - 2007ko abuztuaren 3a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

196/2007 EBAZPENA, ekainaren 12koa, Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena Galar Zendeako udal mugapeko Arrobiko gatz hondakindegian solidoak dekantatu eta euri urak erregulatzeko putzu bat egiteko obretarako, Potasas de Subiza, S.A. enpresak aurkeztutako proiektuari eta Ingurumen ukipenetarako azterlanari jarraikiz.

Jarduera hori Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legeko 2.C eranskinean sarturik dago. Beraz, Ingurumen ukipenetarako baimena behar du.

2006ko azaroaren 30ean, goian aipatutako espedienteari dagokion Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera sartu zen Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuan, eta, Ingurumenaren gaineko Eragina Aztertu eta Lehengoratzeko Atalak eskatuta, osatu egin zen 2007ko urtarrilaren 31n.

Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen 28. artikuluan ezarririk dago Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela Ingurumen ukipenetarako baimena eman ala ukatzeari buruz, eskaera aurkezten denetik lau hilabeteko epean.

Aurretik aipatutako martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legeak, Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzkoak, 25.2 artikuluan ezarri du Ingurumen ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarako baimena ere jasoko duela, hirigintzako legediaren arabera hori ere eskatu behar den kasuetan.

Urtarrilaren 31ko 36/2007 Ebazpenaren bidez, espedientea jendaurrean jarri zen, eta 2007ko 36. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu, martxoaren 23an. Epe horretan ez da alegazio-idazkirik aurkeztu.

Espedientean dauden txostenak ikusirik, eta Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak irailaren 27ko 537/2005 Foru Aginduaren bidez eman dizkidan eskurantzak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea Galar Zendeako udal mugapeko Arrobiko gatz hondakindegian solidoak dekantatu eta ekaitzak erregulatzeko putzu bat egiteko obretarako, Potasas de Subiza, S.A. enpresak aurkeztutako proiektuari eta Ingurumen ukipenetarako azterlanari jarraikiz.

2. Baimena ematearekin ingurumenari buruzko baldintza hauek bete beharko dira:

Ontizitik ateratako soberakinak gatz hondakindegian bertan ezarriko dira.

T-8 abelbidearen trazadura aldatzeko proiektua egin beharko da, eta Nafarroako Abelbideei buruzko Foru Legearen arabera tramitatu.

3. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu (lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura).

4. Proiektuaren Ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko ezinbestekoa da 80.000 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu horiek konpondu edo murriztuko direla bermatzeko, Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko Foru Legearen 69. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea agortzen eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, horren kontra gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunean hasiko dira kontatzen.

6. Ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

7. Ebazpen hau Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuari, Ingurumen Zaintzari, Arlegi eta Espartza Galarko udalei eta interesdunari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2007ko ekainaren 12an._Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Iragarkiaren kodea: F0709798