90. ALDIZKARIA - 2007ko uztailaren 23a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

130/2007 FORU AGINDUA, ekainaren 20koa, Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria kontseilariak emana, urritasunen bat duten pertsonen arloan ari diren irabazi asmorik gabeko entitateendako opor programetarako 2007ko dirulaguntzen deialdia onesten duena.

Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legeko 3. artikuluan xedatzen denez, Nafarroako Foru Komunitateko agintariek urritasunen bat duten pertsonen arloko jarduketak sustatu edo bultzatuko dituzte. Agindu hori Foru Komunitateak gizarte laguntzaren arloan duen eskumenaren arabera eman zen. Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoan xedaturikoarekin bat, Espainiako Konstituzioko 49. artikuluan xedaturikoarekin harremanetan jarri behar da. Horren arabera, agintariek urritu fisiko, zentzumenezko eta psikikoak tratatu, bizkortu, integratu eta haien arazoei aurrea hartzeko politika eginen dute.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura onura publikoko edo gizarte intereseko jarduerak sustatzeko ematen diren dirulaguntzei aplikatu beharreko araubide juridiko orokorra ezartzen du. Dirulaguntzak eman baino lehen, organo eskudunak haien arauak ezarri eta argitaratu beharko ditu. Horrela eskuratzen ahalko dituzte laguntza horiek bai jarduerak egiten dituztenek eta bai deialdiaren xede den egoeran daudenek.

Maiatzaren 22ko 31/2006 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuko estatutuak onetsi ziren. Erakunde harixe eman zitzaizkion deialdi honen xede den arloari buruzko eginkizunak.

Espedienteko txosten tekniko eta juridikoek dirulaguntza hauen egokitasuna eta onura publikoa eta deialdiaren eta haren arauen legezkotasuna adierazten dute, hurrenez hurren.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeak eta Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen otsailaren 24ko 46/2005 Foru Dekretuak emandako eskurantzak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Urritasunen bat duten pertsonen arloan ari diren irabazi asmorik gabeko entitateei 2007an opor programetarako dirulaguntzak emateko deialdiaren arauak onestea. Arauok foru agindu honen I. eranskinean ageri dira.

2. 221.699,00 euroko gastua baimentzea, "Ezintasunak dituzten pertsonek turismo programetan parte hartzeko laguntzak " izeneko 923001-93530-4809-231302 kontusailaren kargura, 2007ko gastuen aurrekontuan.

3. Foru agindu hau Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuko Boluntario, Elkarte eta Programa Atalari eta Ekonomia eta Administrazio Atalari jakinaraztea eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2007ko ekainaren 20an._Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria kontseilaria, María Isabel García Malo.

I. ERANSKINA

Urritasunen bat duten pertsonen arloan ari diren irabazi asmorik gabeko entitateei 2007an opor programetarako dirulaguntzak emateko deialdiaren arauak

1._Xedea, aplikazio eremua eta modalitateak.

1.1. Xedea.

Deialdi honen xedea da urritasunen bat duten pertsonentzako oporretarako programak 2007an kofinantzatzeko dirulaguntzak emateko araubidea ezartzea da, pertsona horiei laguntzen dieten entitateek aisialdirako, kulturarako eta osasunaren sustapenerako jarduerak egin ahal ditzaten, oporretarako eta bainuetxeko tratamenduetarako bidaien bidez.

Programa horien helburuak dira urritasun fisiko, intelektual edo zentzumenezkoak dituzten pertsonek aisialdia eta osasuna ingurune egokitu eta normalizatu batean gozatzea eta ahaideei eta zaindariei atsedenaldiak ematea.

Horrekin batera, programen bidez taldeak sortu nahi dira eta talde horien kideek parte-hartu eta elkarlanean aritzea, partaideen gaitasun sozialak garatzen eta haiek integratzen.Hori dena Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria Departamentuak kudeatzen dituen prestazio, programa eta zerbitzuen osagarri.

1.2. Aplikazio eremua.

Deialdi honetan aurreikusten diren dirulaguntzak urritasunen bat duten pertsonen arloan ari diren irabazi asmorik gabeko Nafarroako entitateentzat dira.

1.3. Aurkeztu beharreko programen tipologia.

a) Oporretarako eta turismorako programa. Horren xedea da urritasunen bat duten pertsonak ahalik eta gehien integratu eta gizarteratzea, txanda normalizatuen bidez aisialdia, kultura eta natura gozatu ahal dezaten, eta urritasunak dituzten pertsonez arduratzen diren familiei atsedena ematea.

b) Bainuetxeetarako programa. Horren xedea urritasunak dituzten pertsonen bizi kalitatea eta autonomia sustatzea da, bainuetxeko tratamenduetarako txanden bidez osasuna gozatu ahal dezaten.

2._Entitate eskatzaileek bete beharreko baldintzak.

Urritasunen bat duten pertsonen arloan ari diren irabazi asmorik gabeko Nafarroako entitateak izaten ahalko dira arau hauetan aurreikusten diren dirulaguntzen onuradun.

Aurkezten diren entitateek betebehar hauek izanen dituzte:

a) Legez eratutako pertsona juridikoa izatea eta dagokion erregistroan inskribatua egotea:

_Nafarroako Gobernuko Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuko Elkarteen Erregistroan.

_Nafarroako Gobernuko Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria Departamentuaren Entitateen, Zerbitzuen eta Zentroen Erregistroan.

_Entitatearen izaera juridikoagatik bidezko izan daitezkeen horietan.

b) Egoitza Nafarroako Foru Komunitatean edukitzea. Hori a) letran aipatzen den erregistroko inskripzioaren bidez frogatuko da.

c) Irabazi asmorik ez edukitzea.

d) Erakundearen xedea urritasunen bat duten pertsonentzako jarduerak prestatzea dela espresuki agertzea estatutuetan.

e) Helburuak bete ahal izateko egitura egokia eta langile eta baliabide nahikoak izatea eta proposaturiko helburuak lortzeko behar den esperientzia eta gaitasun operatiboa frogatzea.

f) Zergei buruzko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneraturik izatea eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekiko eta haren erakunde autonomoekiko zorrak kitatuak izatea, edo, bestela, entitate horiekin ordainketa geroratu edo zatikatzeko itun bat lortu dela frogatzea.

g) Dirulaguntzen onuraduna izateko Dirulaguntzei buruzko Foru Legeko 13. artikuluaren 2. eta 3. idatz-zatietan ezarritako gainerako debeku egoeretan ez egotea.

Aipatutako baldintza horiek guztiak eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean eta lagundutako jarduerak irauten duen denbora osoan bete beharko dira.

3._Dirulaguntzen xede diren proiektuek bete beharreko baldintzak.

3.1. Dirulaguntza jasotzeko, proiektuek baldintza hauek bete behar dituzte:

a) Dirulaguntzen printzipio, helburu eta xedeekin bat etortzea, deialdia onesten duen foru aginduan eta arau hauetariko lehenbizikoan xedaturikoaren arabera.

b) Beste finantzabide bat edukitzea, berezko funtsetatik eta/edo bestelako dirulaguntza publiko edo pribatuetatik.

c) Entitateek definizio hauek hartuko dituzte kontuan, aurkezten den proiektuan adierazi beharko direnak:

_Proiektua: entitate berak aurkeztutako programa guztien multzoa.

_Programa: mota bereko txanda guztien multzoa. (Oporrak eta turismoa edo termalismoa).

_Txanda: talde homogeneo batek toki eta egun jakinetan egiten duen oinarrizko unitatea da. Horrek esan nahi du taldeko kide guztiendako postuaren kostua bera dela. Txanda bakoitzean sartu eta itzultzeko egunak sarturik egonen dira. Gauak egunak baino bat gutxiago izanen dira.

_Koordinatzailea: dirulaguntza hartzen duen entitateak izendaturik, txandaren orotariko arduradun lanetan diharduena. Txanda bakoitzean nahitaez koordinatzaile arduradun batek agertu beharko du.

_Begiraleak eta laguntzaileak: koordinatzaile arduradunarekin batera taldea koordinatzen eta txanda antolatzen dihardutenak, programaren helburuak lortu ahal izateko. Onuradunei lagundu behar diete eguneroko bizitzan, hala eskatzen badute.

d) Entitate eskatzaileek proiektu bana aurkeztuko dute, programa bana edo bina biltzen ahalko dituztenak, lehen aipatu diren moten arabera. Proiektu hori estatutuetan beretan zehazten den urritasuna duten pertsonendako izanen da.

3.2. Programen baldintzak:

a) Programan Nafarroako Foru Komunitatetik heldu diren urritasunen bat duten pertsonek parte hartzea.

b) Programa urritasunen bat duten pertsona guztiei irekirik egotea, betebeharrak betetzen badituzte, programa kudeatzen duen entitatean sarturik ez egonik ere.

c) Alde onuradunaren arabera txandetan egituraturik egotea, gutxienez ere zazpi egunetakoak eta gehienez hamabost egunetakoak.

d) Txanda laburragoak aurreikusten ahalko dira, helburua kultur jardueretan edo aparteko ekitaldietan parte hartzea denean edo taldearen inguruabar bereziengatik hala komeni denean.

e) Txandak gehienbat hoteletan edo antzekoetan egitea, non sartzea erraza baita eta zeinak taldearendako egokiak baitira.

f) Txanda bakoitzak koordinatzaile arduradun bat, dirulaguntzaren xede den entitatearen izenean arituko dena, begirale eta, hala bada, laguntzaile lanetan aritzeko gai diren pertsonak izatea, parte hartzen duten pertsonek behar adina eta pertsona horien urritasun eta menpekotasun motarako egoki direnak. Gutxienez ere bat izanen da urritasun larriak dituzten lau pertsonako.

g) Txanda bakoitzak urritasuna duten hamabost eta hogeita hamar pertsona bitarte izanen ditu. Salbuespenez, behar diren arrazoiak emanda, pertsona gehiago edo gutxiagoko txandak antolatzen ahalko dira.

h) Onuradunek parte hartzeagatik pagatu beharreko kuota ezartzea, ez koordinatzaileengatik edo begirale eta laguntzaileengatik.

i) Entitateak aurkezturiko administrazio eta kudeaketa gastuek proiektuaren kostu osoaren %10 ez gainditzea.

j) Hautatzeko irizpide edo baremo hauek erabiltzea: urritasun handiena, behar sozioekonomiko handiena, familia ugariko kide (kategoriaren arabera), aurreko deialdietan parte hartu ez izana eta ahaideen atseden beharra.

k) Salbuespen gisa, onuradunen lehen mailako ahaideek parte hartzen ahalko dute, familiaren batasuna indartzeko. Pertsona horiek oso-osorik pagatu beharko dute postua.

l) Onuradun adingabeen edo babespean edo egitezko zaintzan daudenen kasuan, bidaia egin ahal izateko gurasoen, tutoreen edo zaintzaileen baimena aurkeztea.

m) Aseguru poliza edukitzea, gutxienez zauritu edo gaixoen osasun garraioa, joan-etorrien gastua edo ospitaleraturik dagoen asegurudunaren laguntzaile edo ahaide baten egonaldia eta asegurudun zenduaren garraioa, garraiobideen istripu asegurua eta asegurudunaren erantzukizun zibil pribatua estaltzen dituena.

n) Erabiltzaileek txanda bakar baterako dirulaguntza edukitzea. Beste txanda batzuetako inskripzioa ez da finantzatuko, beste elkarte baten bidez parte harturik ere. Salbuespen gisa, postuak eskaerak baino gehiago direnean, Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuak baloratuko du pertsona bera txanda bat baino gehiagotara joateko aukera.

ñ) Entitate batzuen aldi baterako batasunak aurkezturiko proiektuak onartuko dira.

3.3 Entitateen erantzukizuna:

_Garraio enpresak kontratatzea, postuak erreserbatzea, ostatu eta zerbitzua ematea.

_Dagokion egutegia antolatzea.

_Dagokien aseguruen kontratatzea.

_Oporretan egin beharreko jardueretarako programa ezartzea.

_Programa burutzeko behar diren langileak kontratatzea.

_Behar diren boluntarioen parte-hartzea eta prestakuntza erraztea.

_Programa zabaldu eta argitaratzea, bertan parte hartzeko erraztasunak emateko.

_Onuradunak Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuak aldez aurretik ezarri eta ezaguturiko irizpide eta prozeduren arabera hautatzea.

_Aurrekontua zuzentasunez administratzea.

_Programa baloratu eta ebaluatzeko behar diren agiriak prestatzea.

_Dirulaguntzaren zenbatekoaz burutu beharreko behin betiko txandak Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuari jakinaraztea.

_Programa burutzeko harturiko dirulaguntzen gastua Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuaren aurrean justifikatzea.

4._Eskaerak aurkeztea.

4.1. Eskaera non eta noiz aurkeztu.

Entitate interesdunek eskaera bat aurkeztu beharko dute, horretarako prestatu den ereduaren arabera. Eredua Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuko bulego nagusietan (González Tablas kalean, zk.g.) eta erakunde beraren www.cfnavarra.es/inbs webgunean eskuratzen ahalko da.

20 egun naturaleko epea izanen da eskabideak, entitate interesdunaren legezko ordezkariak izenpetuak, aurkezteko, deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

Eskaerak Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuko erregistroan (González Tablas, zk.g., 31005 Iruña), Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokorrean edo Herri Administrazioen Araubide Jurudikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legeko 38. artikuluko 4. idatz-zatian ezarritako tokietan aurkezten ahalko dira.

Postetxeetean aurkezten diren eskaerak gutun-azal irekietan sartuko dira, lehenbiziko orrialdeko goiko aldean onartu zeneko eguna eta abenduaren 3ko 1829/1999 Errege Dekretuan, posta zerbitzuak arautzen dituen horretan, aipatzen diren gainerako zehaztapenak adieraz daitezen. Gainera, entitate interesdunak, egun berean, fax baten bidez, jakinarazi beharko dio Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuari eskaera igorri duela.

4.2. Aurkeztu beharreko agiriak.

Eskaerak horretarako ereduaren arabera prestatuko dira eta entitatearen ordezkariak behar bezala izenpetuko ditu. Haiekin batera agiri hauek aurkeztu beharko dira:

4.2.1. Entitate eskatzaileari buruzko agiriak. Agiri horiek ez dira aurkeztu behar Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuak baldin badauzka, entitate interesdunak urritasunak dituzten pertsonen arloko irabazki asmorik gabeko entitateendako dirulaguntzen beste deialdi batean aurkeztu izanagatik.

a) Elkarte edo entitatearen estatutuak.

b) Kasuan kasuko inskripzioa bidezko diren erregistroetan egin dela frogatzen duten agiriak:

_Nafarroako Gobernuko Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuko Elkarteen Erregistroa.

_Nafarroako Gobernuko Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria Departamentuko Entitateen, Zerbitzuen eta Zentroen Erregistroan.

_Entitatearen izaera juridikoagatik, dagokion beste edozein inskripzioren egiaztagiria.

c) Dirulaguntza eskatzen duen pertsonaren ordezkaritza frogatzen duen agiria eta pertsona horren nortasun agiri nazionala.

d) Identifikazio fiskaleko txartela.

e) Transferentzia bidez jasotzeko eskaera.

f) Erantzukizunpeko aitorpena, entitatearen ordezkariak emana, entitatea, administratzaileak eta ordezkariak dirulaguntzen onuradun izateko debekuetan ez daudela dioena. Debeku horiek Dirulaguntzei buruzko Foru Legeko 13. artikuluko 2. eta 3. idatz-zatietan ageri dira.

g) Hala behar izanez gero, eta araubide honetako 11.1 atalean xedatutakoari dagokionez, dirulaguntzaren helburuak betetzeko diru-funtsak aurretiaz behar direla justifikatzeko txostena.

Dirulaguntzei buruzko Foru Legeko 13.8. artikuluan eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko Foru Legeko 9.4. artikuluan xedaturikoarekin bat, Foru Komunitateko Administrazioko organoek ziurtatu behar baditu edo honek badauzkan datuak badira, a), b), c), d) eta g) letretan eskatzen diren agiriak aurkeztu beharrik ez dago. Kasu horietan, agirietan aldaketarik izan ez bada, berriz aurkeztu beharrean, entitatearen ordezkariaren adierazpen bat egiten ahalko da, inguruabar hori azaltzeko.

4.2.2. Proiektuei dagokien dokumentazioa:

A) Entitate eskatzaileari buruzko agiriak. Agiri horiek ez dira aurkeztu behar Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuak baldin badauzka, entitate interesatua urritasunak dituzten pertsonen arloko irabazki asmorik gabeko entitateendako dirulaguntzen beste deialdi bateaan aurkeztu iznagatik.

a) Entitatearen memoria tekniko laburra, hark 2006an egin baina Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuaren dirulaguntzarik hartu ez zuten programak laburki azalduz eta erakunde horrek urte berean finantzaturiko programen zerrenda aurkeztuz.

b) Entitateak 2006an izaniko dirusarrera eta gastuen zerrenda.

c) Entitatearen proiektuaren azalpen laburra. 2007an egin asmo diren baina Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuaren dirulaguntzaren xede izanen ez diren programak laburki eta zehatz azalduko dira eta urte berean dirulaguntzaren xede izan daitezkeen programen zerrenda aurkeztu.

d) 2007rako entitateak duen dirusarrera eta gastuen aurrekontu orokorra.

B) Aurkeztutako proiektuari buruzko berariazko agiriak:

a) 2006ko memoria tekniko eta ekonomikoa, 2007an dirulaguntza eskatu den opor programa bakoitzaren gainekoa. Memoria hori deialdi honetako hamaikagarren arauan xedaturikoarekin bat prestatuko da.

b) 2006ko memoria tekniko eta ekonomikoa, urte horretan finantzatu baina 2007an dirulaguntza eskatzen ez duen opor programa bakoitzaren gainekoa. Memoria hori deialdi honetako hamaikagarren arauan xedaturikoarekin bat prestatuko da.

c) Dirulaguntza jaso nahi duten programen proiektu teknikoa, ondokoa zehazturik:

_Izena.

_Helburuak.

_Epeak.

_Postu kopurua, txanden eta destinoen arabera banaturik.

_Txanden iraupena.

_Eginen diren jarduerak.

_Giza baliabideak (zehaztu langile kontratatuak diren, boluntarioak...).

_Erabiltzaile mota eta behar duten sostengua.

_Onuradunak hautatzeko irizpideak.

_Koordinatzaile eta begiraleak hautatzeko irizpideak.

_Jarduera zabaltzeko sistemak.

_Boluntarioak erakartzeko sistemak.

_Ebaluazioaren aurreikuspena (adierazleak ...).

Proiektua eskabide ofizialaren eranskina izanen da eta formatu librean aurkeztuko da.

d) Proiektu ekonomikoa, dirusarrera eta gastuen aurrekontua, finantzazio iturrien aurreikuspena eta Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuari eskaturiko dirua adierazten dituena.

Txanda bakoitzaren gastuak honelaxe sailkaturik aurkeztuko dira:

_Ostatu hartzea eta mantenua.

_Garraioa.

_Jarduerak.

_Zuzeneko langileria.

_Administrazioaren eta kudeaketaren gastuak.

4.3. Eskaerako akatsak zuzentzea.

Eskaerarekin batera behar diren agiriak aurkezten ez badira, organo instruktoreak entitate eskatzaileari eskatuko dio gehienez ere 10 egun balioduneko epean akatsak zuzen ditzala eta adieraziko, horrela egin ezik, haren eskaera ezetsitzat joko dela. Kasu horretan espedientea artxibatzeko aginduko da eta dagokionari jakinaraziko zaio, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 42. artikuluan xedatu bezala.

5._Prozedura antolatu, instruitu eta ebazteko eskumena duten organoak.

Deialdi honen ondorioetarako, dirulaguntzak emateko prozedura antolatu eta instruitzeko eginkizunak Boluntario, Elkarte eta Programa Atalari esleitu zaizkio. Arau hauetan "organo instruktorea" aipatzen delarik, ulertzen da atal horretaz ari dela.

Laguntzak emateko prozeduraz ebazteko eskumena Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuko zuzendari kudeatzaileak du.

6_Dirulaguntzak emateko prozedura eta baloratzeko arau orokorrak.

Deialdi honetan aipatzen diren laguntzak emateko prozedura lehia bidez tramitatuko da, aurkezten diren eskaerak konparatuz, Dirulaguntzei buruzko Foru Legeko 17. artikuluko 1. idatz-zatian xedaturikoarekin bat.

Balorazioa bi fasetan eginen da. Lehenbizikoan entitate eskatzailea dirulaguntzaren xede den proiektuaren egilea den aldetik baloratuko da, alegia, hura garatzeko duen gaitasuna; bigarrenean, aurkezten den proiektua baloratuko da.

Bi faseak bereizirik baloratuko dira. Horretarako, hurrengo arauan aipatzen diren irizpide eta puntuazioak erabiliko dira. Fase bakoitzean gehienez ere 100 puntu lortzen ahalko dira.

Lehenbiziko fasea baztertzailea da. Beraz, bigarren fasera pasatzeko, entitateek 40 puntu lortu beharko dituzte gutxienez.

Proiektua entitate batzuen aldi baterako batasunak aurkezten badu, aski izanen da haietariko batek 40 puntu lortzea.

Eskaerak diruz lagunduak izateko, bi faseen artean gutxienez 100 puntu lortu beharko dituzte.

7._Balorazio irizpideak.

7.1. Lehen fasea: entitatea proiektuaren egile gisa.

a) Azpiegitura (25 puntu):

_Proposatzen diren helburuak beteko direla bermatzeko azpiegitura aski izatea.

_Elkartearen egitura, curriculuma, gaitasun tekniko eta ekonomikoa, lokaletan sartzeko erraztasunak eta abar aztertuko dira.

b) Entitateen koordinazioa (10 puntu):

_Aretoak konpartitzea eta entitateen batasuna izatea.

c) Barne koherentzia (25 puntu):

_Baliabide tekniko eta ekonomikoetara egokitzeko gaitasuna, ukituriko pertsonen beharren, bazkide kopuruaren eta horiek asetzeko entitateak duen gaitasunaren arteko erlazioa eta, egiazko gaitasuna kontuan hartuz, entitatea proiektuak aldatzeko prest egotea baloratuko dira.

_Halaber, hasierako aurrekontua eta 2006ko azken balantzea elkarrekin bat etortzea ere baloratuko da.

d) Kofinantzaketa (25 puntu):

_Kofinantzaketa hauxe da: entitatearen, bazkideen eta/edo erabiltzaileen eta beste entitate batzuen dirusarrerak izatea.

e) Boluntarioak (15 puntu):

_Entitatean boluntarioak izatea, eta haien inplikazio maila.

7.2. Bigarren fasea: Programetan egituraturiko proiektuak.

Programaren alderdi teknikoak baloratuko dira, hots, oinarriak, helburuak, jarduerak, epeak, espero diren emaitzak, ebaluzioaren adierazleak, egiaztapenetarako iturriak, baliabide tekniko eta ekonomikoak eta abarrak bat etortzea eta koherenteak izatea. Puntuak honelaxe banatuko dira:

a) Aurkezpena (10 puntu).

Aurkezpena, idazketa, datu ekonomikoen azalpena, kalitatearen adierazleak eta egiaztatzeko aldagaiak hartuko dira kontuan.

b) Helburuak eta esperientzia operatiboa (25 puntu).

Kontuan hartuko da proposaturiko programak bat etortzea entitateen estatutuen helburuekin eta entitateak haiek burutzeko duen esperientzia operatiboarekin bat etortzea.

d) Programetako partaideak (15 puntu).

Programen interesa hartzaileei dagokienez baloratuko da.

e) Kofinantzaketa (15 puntu).

Kofinantzaketa hauxe da: entitatearen, bazkideen eta/edo erabiltzaileen eta beste entitate batzuen dirusarrerak izatea.

f) Eskatzailearen eskarmentua dirulaguntza jaso nahi duten programetan (30 puntu).

Proiektu berak edo antzeko proiektuek aurreko urtean izan duten eraginkortasuna baloratuko da. Proiektuan jarritako helburuen eta lortutako emaitzen arteko konparazioa eginen da, eta egindakoaren eta pentsatutakoaren arteko aldea neurtuko.

Halaber, aurten proposaturiko helburuak eta aurreko urtean lorturiko emaitzak eta 2006ko programaren benetako gastua eta 2007rako aurrekontua elkarrekin bat etortzea baloratuko da.

g) Programaren esparrua (5 puntu).

Kontuan hartuko da programaren eragina zein den eta partaideak Foru Komunitate osotik etortzea, entitatearen egoitza non dagoen aitzakotzat hartu gabe.

8._Dirulaguntzaren zenbatekoaren esleipena.

100 puntuak gainditzen dituzten programa guztiei dirulaguntza emanen zaie oinarrizko txanda bakoitzeko modulu hauen arabera ("oinarrizko txanda" zortzi egunekoa edo zazpi gauekoa eta urritasuna duten 15 pertsona ezgaitu biltzen dituena).

URRITASUN FISIKOA DUTEN PERTSONAK HOTELETAN 4.900

URRITASUN FISIKOA DUTEN PERTSONAK BAINUETXEETAN 8.000

URRITASUN FISIKOA DUTEN PERTSONAK ATERPETXEETAN EDO ANTZEKOETAN 2.250

URRITASUN FISIKOA DUTEN PERTSONAK ATZERRIAN 14.700

GOGAMENEKO ERITASUNA DUTEN PERTSONAK HOTELETAN 4.900

GOGAMENEKO ERITASUNA DUTEN PERTSONAK BAINUETXEETAN 6.000

GOGAMENEKO ERITASUNA DUTEN PERTSONAK ATERPETXEETAN EDO

ANTZEKOETAN 2.250

GOGAMENEKO ERITASUNA DUTEN PERTSONAK ATZERRIAN 14.700

ADIMENEKO URRITASUNA DUTEN PERTSONAK HOTELETAN 4.900

ADIMENEKO URRITASUNA DUTEN PERTSONAK BAINUETXEETAN 6.000

ADIMENEKO URRITASUNA DUTEN PERTSONAK ATERPETXEETAN EDO

ANTZEKOETAN 2.250

ADIMENEKO URRITASUNA DUTEN PERTSONAK ATZERRIAN 14.700

ZENTZUMENETAN URRITASUNA DUTEN PERTSONAK HOTELETAN 4.000

ZENTZUMENETAN URRITASUNA DUTEN PERTSONAK BAINUETXEETAN 5.000

ZENTZUMENETAN URRITASUNA DUTEN PERTSONAK ATERPETXEETAN EDO

ANTZEKOETAN 2.100

ZENTZUMENETAN URRITASUNA DUTEN PERTSONAK ATZERRIAN 12.000

Dirulaguntzaren xede den txanda oinarrizkoa ez beste bat denean, dirulaguntzaren zenbatekoa pertsona eta egun kopuruarekiko proportzioan kalkulatuko da.

Balorazio ekonomikoaren ondoriozko zenbateko osoa aurrekontuetan dagoen dirua baino handiagoa bada, kasuan kasuko baremoen aplikazioaren ondoriozko zenbatekoak hainbanatuko dira.

9._Prozeduraren gaineko ebazpena, publizitatea eta errekurtsoak.

Organo instruktorearen txosten-proposamenaren aurretik interesdunei entzuteko tramitea egin daiteke, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 84. artikuluari jarraikiz.

Proposatzen den dirulaguntzaren zenbatekoa aurkezturiko eskearen ageri dena baino txikiagoa izanez gero, entitate eskatzaileak eskaera aldatzen ahalko du, gehienez ere hamar egun naturaleko epean, jakinarazten denetik hasita. Betiere, bermatu beharko da aldaturiko proiektuak jatorrizko proiektuaren xede eta ezaugarri berak izanen dituela.

Programaren aldaketa onartu ahal izateko, aldaturiko proiektua hasiera batean eginiko balorazioko tarte berean sartu beharko da. Bestela, entitateak hasierako proposamenari hertsiki lotuz burutu beharko du programa.

Halaber, aldaketaren aurrekontua ez da txikiagoa izanen proposaturiko dirulaguntzaren zenbatekoaren eta hasiera batean baldintza antzekoetan aurreikusiriko kofinantzaketaren batura baino.

Organo instruktoreak aurkezturiko ebazpen proposamena ikusirik, Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuko zuzendari kudeatzaileak ebazpena emanen du dirulaguntzen gainean.

Ebazpena entitate interesdunei jakinaraziko zaie eta hura emateko arrazoiak, dirulaguntza hartzen duten eskatzaileen zerrenda eta, halakorik bada, beste eskaerak ukatzeko arrazoiak adieraziko dira. Emanez gero, dirulaguntzaren helburua, zenbatekoa, pagatzeko modua eta gastuak justifikatzeko modua eta epea adieraziko dira.

Hori deusetan galarazi gabe, ematen diren dirulaguntzak Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuko iragarki oholean argitaratuko dira (González Tablas, zk.g., Iruña). Argitalpenean deialdia, programa, dirulaguntzak finantzatzeko aurrekontuko kreditua, onuradunak, onarturiko zenbatekoa eta dirulaguntzaren helburua adieraziko dira.

Ebatzi eta jakinarazteko epea sei hilabetekoa izanen da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita. Epe hori bukatuta, eskaera ezetsi dela ulertuko da. Hala ere, Administrazioa beharturik dago ebazpena ematera.

Ebazpen espresuaren edo isilbidezkoaren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da, Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria kontseilariari zuzendua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko Foru Legean eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean xedaturikoarekin bat.

10._Bateragarritasuna.

Deialdi honetan aipatzen diren dirulaguntzak Espainiako edo atzerriko beste administrazio publiko, norbanako edo erakunde publiko zein pribatu batzuek jarduera garatzeko ematen dituztenekin batzen ahal dira.

Hala ere, diru-zenbatekoak, bakarrik edo beste dirulaguntza, laguntza, dirusarrera edo norberaren baliabide batzuekin baturik, ez du behin ere gaindituko entitate onuradunak egin beharreko jardueraren kostua.

11._Dirulaguntzaren ordainketa eta dirulaguntzaren agiriak.

11.1. Emandako dirulaguntza ordainketa bakarrean eginen da, aurrerakin gisa, dirulaguntza esleitzeko ebazpenarekin batera.

Aurreko lerroaldean aipatzen diren aurrerakinek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Entitateak frogatu beharko du dirulaguntzaren xedeak betetzeko funtsak behar dituela. Horretarako, eskaerarekin aurkeztu beharreko beste agiriekin batera, entitateak txosten bat aurkeztuko du, behar hori frogatuko duena.

b) Aurrerakin hori emateko beharrezkoa izanen da Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren baimen berariazkoa, Foru Ogasunak aitortutako betebeharrei aurre egiteko funts likidoen egoeraren arabera emana.

Baldintza horiek bete ezik, dirulaguntza Dirulaguntzei buruzko Foru Legeko 32. artikuluan xedaturikoarekin bat pagatuko da, hiru hilabetetik hiru hilabetera zatitua, arau hauetako 11.2 atalean xedaturikoarekin bat jarduera egin dela frogatu ondoren.

11.2. Dirulaguntza eman eta hurrengo urteko urtarrilean, entitate onuradunak memoria bat aurkeztuko du jardueraren exekuzioaz. Honako hauek adierazi beharko dira:

a) Entitatearen jarduera osoaren memoria labur bat, 2007ko ekitaldiko dirusarrera eta gastuen orotariko balantzea barne. (Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuaren esku egonen ez balitz, urritasunak dituzten pertsonen arloko irabazki asmorik gabeko entitateendako dirulaguntzen deialdi batean aurkeztu izanagatik).

b) Programen exekuzioari buruzko txosten teknikoa, atal hauek aipatzen dituena:

_Izena.

_Epeak.

_Txanden iraupena eta destinoak.

_Txanda bakoitzera joandako pertsona ezgaituen zerrenda, urritasun mota eta aulki gurpildunik darabilten adierazirik.

_Txanda bakoitzerako itxaron zerrenda.

_Egindako jarduerak.

_Giza baliabideak (zehaztu langile kontratatuak diren, boluntarioak...).

_Langileen jarduera zabaltzeko sistemak.

_Aseguru poliza, behar diren estaldurekin.

_Erabilitako laguntza teknikoak.

_Onuradunen parte-hartzea eta asebetetzea. Foru Komunitateko ukituen, bazkide kopuruaren eta parte-hartzaileen arteko proportzioa ebaluatuko da.

c) Programaren balantze ekonomikoa, non dirusarrera guztiak, berezko funtsak eta Nafarroako Gobernuak eta beste entitate publiko edo pribatu batzuek emaniko baliabideak zehaztuko baitira. Balantzeak gastu guztiak ere bilduko ditu, honelaxe sailkaturik:

_Ostatu hartzea eta mantenua.

_Garraioa.

_Jarduerak.

_Zuzeneko langileria.

_Administrazioaren eta kudeaketaren gastuak.

d) Egindako programaren edo/eta jardueraren dirusarreren eta gastuen zerrenda, Nafarroako Gobernuaren dirulaguntzari aplikatuak, agiri zenbakia, emailea, kontzeptua, eguna eta diru zenbatekoa zehazturik. Zerrenda horrekin batera kasuan kasuko egiaztagiriak aurkeztuko dira, jatorrizkoak edo behar bezala konpultsaturiko fotokopiak izanen direnak. Banku-laburpenak, gordekinak eta fakturak, igorlearen eta hartzailearen datuak, data, kontzeptua eta prezioa adieraziko dituztenak, onartuko dira bakarrik egiaztagiri gisa, maiatzaren 17ko 205/2004 Foru Dekretuan xedaturikoarekin bat. Horren bidez fakturazio eginbeharrak arautzeko Erregelamendua onetsi ziren. Jatorrizko fakturak Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuan zigilatuko dira, harturiko dirulaguntza justifikatzearren.

Atal honetan aipatzen den betebeharra 2007an justifikatzen ez den dirulaguntzaren zatiari dagokio, 11.2 c) arauan xedaturikoarekin bat.

Jarduerak dirulaguntzaz gain berezko funtsekin edo bestelako dirulaguntza edo baliabideekin finantzatuak izan direnean, justifikazioan dirulaguntza horien zenbatekoa, jatorria eta aplikazioa egiaztatu beharko dira. Horretarako, diruz lagundutako entitateek fakturen zerrenda aurkeztuko dute, diruz lagundutako jarduerarekin bat datozenak, non zehaztuko baitira dokumentu zenbakia, kontzeptua, jaulkitzailea, jaulkipen-data eta zenbatekoa. Entitateak Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuaren esku utziko ditu fakturak, horrek egiaztatu ditzan.

e) Beste edozein dokumentazio grafiko edo idatzizko, borondatez eman nahi dena, diruz lagundutako programaren exekuzioa edo martxa onaren berri emateko.

12._Entitate onuradunen betebeharrak.

a) Proiektua entitateak eskaeran eta dirulaguntza emateko baldintzetan zehaztu bezala burutzea.

b) Deialdi honetako 11. arauan aipatzen diren frogagiriak, tartekoak eta bukaerakoak, aurkeztea. Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutak finantzaturiko zatia agiriak, hala nola, banku-laburpenak, gordekinak eta fakturak, aurkeztuz justifikatuko da, adierazi denarekin bat. Gastu kofinantzatua gastuen zerrenda bat aurkeztuz justifikatzen ahalko da.

c) Programaren zabalkundean eta publizitatean dirulaguntza nork eman duen adieraztea. Zabalkunde idatzia edo grafikoa egiten baldin bada administrazio emailearen logotipoa paratu behar da, dirulaguntza jaso duen entitatearen logotipoaren neurri berean eta ikusteko baldintza berdinetan.

d) Laguntza ematen duen organoak eta indarra duen legeriaren arabera eskudun diren bestelakoek egin beharreko egiaztapenak onartzea.

e) Lagundutako jarduera finantzatzeko eskatu edo lortutako beste laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuen berri ematea dirulaguntza eman duen organoari. Egoera hori jakin bezain laster emanen da haren berri eta, betiere, jasotako dirua zertan erabili den justifikatu baino lehen.

f) Entitatearen ezaugarriak direla-eta, eskatzen ahal zaizkion kontabilitate arloko betebeharrak betetzea.

g) Deialdi honetan eta aplikatzekoak diren legeetan ezarritako kasuetan, harturiko funtsak itzultzea.

h) Dirulaguntzei buruzko Foru Legeak onuradunei ezartzen dizkien gainerako eginbeharrak.

13._Baldintzak aldatzea.

Entitate onuradunek, jasotzen dituzten bestelako dirulaguntza, laguntza edo dirusarrerez gain, dirulaguntza emateko eta haren zenbatekoa zehazteko kontuan harturiko baldintzen aldaketa guztiak ere jakinarazi beharko dizkiote Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuari.

Salbuespen gisa, dirulaguntzak hartzen dituzten entitateek zilegi izanen dute diruz lagundutako programaren edukia aldatzeko eskatzea, bai eta hura egiteko modua eta epeak ere, programaren garapena eragotzi edo zailtzen duten gorabeherak azalduz gero.

Programa aldatzeko eskaeretan aldaketa edo zailtasun horren inguruko behar adina arrazoi eman beharko dira eta inguruabar horiek gertatu eta berehala jakinarazi beharko dira eta, betiere, dirulaguntzaren xede den programa burutzeko epea bukatu baino lehen.

Dirulaguntza emateko kontuan harturiko baldintzen aldaketa orok dirulaguntza emateko ebazpena aldarazten ahalko du, Administrazioak onarturik egonda ere, eta, hala badagokio, kasuan kasuko zenbatekoa itzultzeko eskatzen ahalko da.

14._Itzulketa.

Programa burutu ezik edo dirulaguntza emateko ezarririko baldintzak bete ezik, Dirulaguntzei buruzko Foru Legeko 35. artikuluan aipatzen diren zergatikoak gertatuz gero edo deialdi honetan berariaz aipatzen diren eginbeharrak egin ezik, harturiko zenbatekoa itzuli beharko da, osorik edo hein batean. Legeek aurreikusitako kasuetan, gainera, bidezko izanen da dirulaguntza pagatu zenetik itzuli beharraren gaineko ebazpena ematen den arte sorturiko berandutza interesak pagatzeko eskatzea.

Dirua itzultzeko prozedurak goian aipatutako artikuluan xedatutakoari jarraituko dio eta irekitzen denetik 12 hilabeteko epean ebatzi beharko da.

Entitate onuradunak ia baldintza guztiak betetzen dituenean eta konpromisoak betetzeko jarrera garbia erakusten duenean, itzuli beharreko zenbatekoa proportzionaltasun irizpideari jarraituz zehaztuko da, dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak zenbateraino eta noraino ez diren bete ikusita.

15._Erantzukizuna eta zehapen araubidea.

Deialdi honetan aipatzen diren dirulaguntzak Dirulaguntzei buruzko Foru Legeko 42. artikuluan eta hurrengoetan dirulaguntzen arloan ezarririko erantzukizunaren eta administrazio arau-hausteei buruzko zehapen araubidearen menpe egonen dira.

Zehapenak erregelamendu bidez finkatzen den prozeduraren arabera ezarriko dira edo, halakorik izan ezean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legeko V. tituluan xedaturikoari jarraikiz.

16._Deialdiaren eta arauen aurka bidezkoak diren errekurtso administratiboak.

Deialdi honen eta arauen kontra bidezko da gora jotzeko errekurtsoa aurkeztea, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko Foru Legean xedaturikoarekin bat.

17._Aplikatu beharreko arauak.

Arau hauetan aurreikusirik dagoenaz gain, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeko xedapenak dira aplikatzekoak.

Iragarkiaren kodea: F0710281