9. ALDIZKARIA - 2007ko urtarrilaren 19a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

ERABAKIA, Nafarroako Ubidetik herriak eta industriak hornitzeko Partzuergoaren Estatutuak onesten dituena.

Nafarroako Gobernuak, 2006ko maiatzaren 29an egindako bilkuran, erabaki zuen Nafarroako Ubidetik herriak eta industriak hornitzeko Partzuergoaren Estatutuen proiektua jendaurrean jartzea hamabost egunez, erabaki hori Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Erabakia 2006ko 66. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, ekainaren 2an.

Espedientean dauden ziurtagirietan adierazten da estatutuen proiektua jendaurrean jarri dela Toki Administrazioko Departamentuaren bulegoetan eta Iruñerriko Mankomunitatearen iragarki-oholean.

Jendaurreko aldian zortzi alegazio-idazki aurkeztu dira: Larragako Udalarenak (2), Agoizko Udalarenak (2), Urraulbeitiko Udalarena, Obanosko Udalarena, Moncayoko Ur Mankomunitatearena eta Izarbeibarko Mankomunitatearena, baina bakar batek ere ez du aztergai estatutuen proiektuaren testua. Alegazio horien edukia eta eman zaien erantzuna ondotik azaltzen dira. Edukiari erreparatuta, bost multzotan banatu dira, idazki batzuetan alegazio bat baino gehiago aurkezten badira ere.

A) Agoizko eta Larragako udalek aprobetxamendu hidroelektrikoaren partaidetzari buruz egindako alegazioak.

Erantzuna: Itoizko urtegiaren aprobetxamendu hidroelektrikoa propio egindako kontzesio baten bidez esleitu da. Aprobetxamendu horren titularra Nafarroako Ubidea, S.A. da Nafarroako Gobernuak 2003ko martxoaren 10ean hartutako Erabakiaren arabera. Hortaz, aprobetxamendu horiek Partzuergoaren xede ez direnez, bidezkoa da alegazioak ezestea.

B) Agoizko eta Urraulbeitiko udalek egindako alegazioak, haiek Partzuergoan ez sartzearen gainekoa, ez baitira Nafarroako Ubidearen erabiltzaile izanen, kontzesio independente bat izanen dutelako, Partzuergoaren eraketa ekarri duen kontzesio bateratutik aparte.

Erantzuna: Alegazioak ezetsi behar dira, Itoizko Urtegiaren eta Nafarroako Ubidearen uren aprobetxamendua esleitzeko 2004ko apirilaren 14ko Ebazpenean udalerri horiek agertzen direlako. Hortaz, udalerri horiek ebazpen horretan adierazitakoaren adinako emariaren kontzesio baten titularrak direla egiaztatu arte, ez da bidezkoa Partzuergoa eratzeko prozeduratik kanpo uztea.

C) Urraulbeitiko Udalaren alegazioa, Irunberriko Udala kanpo uzteagatik, izan ere, udal horrek Agoizko eta Urraulbeitiko udalekin batera Uraren goi-hornidurarako borondatezko elkarte bat osatzen baitu eta, horrenbestez, haien izaera juridiko bera izan beharko luke.

Erantzuna: 2004ko apirilaren 14ko Ebazpenean, hasiera batean, ez zen Irunberriko Udala sartu eta, horrenbestez, akats hori dela medio, ez da 2006ko maiatzaren 29ko Erabakian sartu. Ebroko Ur Konfederazioko presidentearen 2005eko otsailaren 25eko Ebazpenaren bidez, 2004ko apirilaren 14ko Ebazpena zuzendu zenez (horniduraren xede diren udalerrien zerrendan Irunberriko udalerria sartu zen), bidezkoa da egindako akatsa zuzentzea eta alegazioa baiestea.

D) Moncayoko Ur Mankomunitatearen alegazioa, Obra Hidraulikoen zuzendari nagusiak 1941eko irailaren 25ean emandako Ebazpenaren arabera, toki entitate horri dagokion kontzesioaren titulartasunaren gainekoa.

Erantzuna: bidezkoa da alegazioa baiestea eta edateko uraren etxez etxeko hornidura zerbitzua kontzesioaren eremuan ematen duten toki entitateen zerrendan mankomunitate hori sartzea, kasuko udalen partez.

E) Larragako Udalaren, Obanosko Udalaren eta Izarbeibarko Mankomunitatearen alegazioak, Partzuergoaren partaide izateko eskatzeko.

Erantzuna: Partzuergoaren jarduketa eremua 2004ko apirilaren 14ko Ebazpenean agertzen diren udalerriek osatzen dute. Dena dela, etorkizunean Ur Horniduraren Plan Zuzentzailean jasoko balitz udalerri horien ur hornidura Itoizko Urtegitik-Nafarroako Ubidetik egitea, kontzesioaren eremua aldatzeko eskatuko litzateke, eta hortik aurrera toki entitate horiek Partzuergoan sartzeko tramiteak egiten has litezke.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 95.1 artikuluak ezartzen duenez, Nafarroako Gobernuak partzuergoak sortzea edo Foru Komunitateko Administrazioa beste administrazio publiko batzuen partzuergoen sartzea erabaki dezake, betiere interes publikoko helburuak erdiesteko interes komunak baldin badaude.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 212.1 artikuluak xedatzen duenez, Nafarroako toki entitateak izaera desberdineko administrazio publikoekin elkartzen ahal dira partzuergoak eratuz interes komuneko helburuak betetzeko. Foru lege haren 213.3 artikuluak, berriz, zehazten du ezen partzuergoaren estatutuak onetsiko direla hamabost eguneko epean jendaurrean jarri ondoren, eta estatutu horietan ezarriko dela araubide organikoa, funtzionala eta finantzarioa, bai eta partzuergoa eratzearen arrazoi izan ziren helburuak ere.

Agindu horietan jasotako tramiteak egin direnez, bidezkoa da Partzuergoaren Estatutuak onestea.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuak, Toki Administrazioko kontseilariak proposaturik,

ERABAKI DU:

1. Nafarroako Ubidetik herriak eta industriak hornitzeko Partzuergoaren Estatutuak onestea. Estatutuen testua erabaki honen eranskin gisa agertzen da.

2. Toki Administrazioko kontseilariari ahalmena ematea Nafarroako Foru Komunitate Administrazioari Partzuergoko kide izatetik dagozkion jarduketak bere gain hartzeko.

3. Erabaki hau Iruñerriko Mankomunitateari eta bertan aipatu diren gainerako toki entitateei jakinaraztea eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadila xedatzea.

Iruñean, 2006ko abenduaren 18an._Nafarroako Gobernuko kontseilari eta idazkaria, Javier Caballero Martínez.

NAFARROAKO UBIDETIK HERRIAK ETA INDUSTRIAK HORNITZEKO PARTZUERGOAREN ESTATUTUAK

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Eraketa.

1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 95. artikuluan, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 212. artikuluan eta Urei buruzko Legearen Testu Bateginaren 89. artikuluan xedatutakoaren babesean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak eta Iruñerriko Mankomunitateak partzuergo bat osatu dute, Nafarroako Ubideak hornitzen dituen herrietako Erabiltzaileen Elkartea eratzeko, Urei buruzko Legearen Testu Bateginean eta Jabari Publiko Hidraulikoaren Erregelamenduan adierazitako legezko ondorioetarako. Elkarte horren jardunbidea estatutu hauetan bildutako arauek gobernatuko dute, deusetan galarazi gabe Partzuergoak ordenantzetan finkatzen duena.

2. Entitate horiez gainera, beste hauek ere eskatzen ahalko dute Partzuergoan sartzea, estatutu hauetan ezarritako prozedurari jarraikiz: Ebroko Ur Konfederazioaren 2004ko apirilaren 14ko Ebazpenaren bidez ebatzi zen espedientean, hots, Herriak eta Industriak hornitzeko aprobetxamenduaren kontzesioari buruzkoan, adierazitako udalerrietan ur horniduraren gaineko eskumena duten Nafarroako gainerako toki entitateek.

2. artikulua. Izena.

Partzuergo gisa eratzen den entitate publikoaren izena hauxe da: "Nafarroako Ubidetik herrietara egiten den horniduraren erabiltzaileen Partzuergoa".

3. artikulua. Helbidea.

Partzuergoaren egoitza Zuzendaritza Kontseiluak finkatzen duen lokalean egonen da, eta horixe izanen da haren helbidea ondorio guztietarako, deusetan galarazi gabe bilkurak partzuergoko kide den edozein administrazio publikoren lokaletan egitea.

4. artikulua. Izaera eta gaitasun juridikoa.

1. Partzuergoak berezko izaera juridikoa du, osatzen duten entitateetatik aparte, baita estatutuetan esleitzen zaizkion helburuak betetzeko eta jarduteko erabateko gaitasun juridikoa ere.

2. Horretarako, Partzuergoko entitateek Partzuergoaren esku uzten dituzte hari agintzen zaizkion jardueretan aritzeko beharrezkoak diren eskurantza guztiak.

5. artikulua. Ahalmen administratiboak.

Bere helburuak betetzeko, Nafarroako Ubidetik herrietara egiten den horniduraren Partzuergoak ondoko ahalmen administratibo hauek izanen ditu.

a) Erregelamendu-ahalmena eta bere burua antolatzeko ahalmena.

b) Finantza-ahalmena eta zergapetzeko ahalmena.

c) Programatu edo planifikatzeko ahalmena.

d) Bere egintzen legitimotasunaren eta bete beharraren ustea.

e) Bere egintza eta akordioak ofizioz berrikusteko ahalmena.

f) Nahitaezko betearazpenari ekiteko eta zehapenak jartzeko ahalmenak.

g) Bere ondasunak ikertzeko, mugatzeko, haien jabetza berreskuratzeko eta maizter-iraizpen administratiboari ekiteko ahalmenak.

h) Bere ondasun eta eskubideak enbargatzeko ezintasunaz baliatzeko ahalmena eta, orobat, Toki Ogasunei beren kredituentzat aitortzen zaizkien prelazio, lehentasun eta prerrogatibak, deusetan galarazi gabe Nafarroako Foru Komunitateko Ogasunari dagozkionak.

6. artikulua. Helburuak.

Hona Partzuergoaren helburu berariazkoak:

a) Nafarroako Ubidetik herrietara egiten den horniduraren Erabiltzaileen Elkartea osatzea, Urei buruzko Legearen Testu Bategineko 89. eta 81. artikuluetan aurreikusitako ordenantzak onetsi ondoren.

b) Horniduraren Erabiltzaileen Elkartea ordezkatzea eta Nafarroako Ubidearen Elkarte Orokorrean parte hartzea, urei buruzko legediarekin bat.

c) Partzuergoko kide diren toki entitateentzako horniduraren kontzesioaren esleipen partziala ezartzea, Nafarroako Gobernuaren aldeko kontzesio orokorrean ezarritakoaren arabera eta Nafarroako Horniduraren Plan Zuzentzailearen aurreikuspenekin bat. Partzuergoko toki entitate baten aldeko kontzesio partziala herrietarako horniduraren arabera eginen da eta, dagokion zatian, industrietako horniduraren arabera.

d) Bakar-bakarrik industrietarako izanen den horniduraren kontzesio partziala ezartzea (ur-ahoetako hornidura erabili gabe) partzuergoko kide den toki entitate baten mugapean dauden industri instalazioetarako edo industrialdeetarako, Nafarroako Gobernuaren aldeko kontzesio orokorrean ezarritakoaren arabera eta Nafarroako Gobernuko Industria Departamentuak, Toki Administrazioko Departamentuak eta "Nafarroako Ubidea, S.A." sozietate publiko estatalak txostenak eginda.

e) Etxeak eta industriak hornitzeko kontzesio partzial horiek Ebroko Ur Konfederazioan tramitatzea, haren berrespena eta dagokion erregistroa lortzeko.

f) Nafarroako Ubidetik herri horiek hornitzeko kontzesioen gainean sortzen diren auzi administratibo, erregistral eta bestelakoak kudeatzea Ebroko Ur Konfederazioan.

g) Estatutu hauetan finkatutakoaren arabera, Partzuergoko entitateek Partzuergoari esleitzen dizkioten gainerako helburuak, bere eginkizun nagusien esparruan badaude.

7. artikulua. Indarraldia.

Partzuergoaren eraketa ekarri duten helburuak iraunkorrak direnez, Partzuergoak ez du iraupen muga zehatzik, deusetan galarazi gabe inoiz desegitea, estatutu hauetan ezarritako arrazoiengatik eta bertan finkatuta dagoen prozedurari jarraikiz.

II. KAPITULUA

Araubide organikoa

8. artikulua. Gobernu organoak.

Hauek dira Partzuergoaren gobernu organoak:

_Partzuergoburua.

_Partzuergoburuordea.

_Zuzendaritza Kontseilua.

_Kudeatzailea. (aukeran; horrelakorik ez badago, bere eginkizunak partzuergoburuak hartuko ditu)

9. artikulua. Partzuergoburua.

Partzuergoko burua Nafarroako Gobernuko Toki Administrazioko kontseilaria izanen da.

10. artikulua. Partzuergoburuaren eskumenak.

Partzuergoburuari eskurantza hauek dagozkio:

a) Partzuergoa ordezkatzea eta ordezkaritza hori erabiltzeko aginduak ematea.

b) Zuzendaritza Kontseiluaren bilkurei dagokienez, deialdiak egin, buru izan, bertan behera utzi eta bukatutzat ematea, hala nola kalitatezko botoa erabiltzea berdinketak hausteko.

c) Kontseiluaren erabakien aktak eta ziurtagiriak ikus-onestea.

d) Langileen buru nagusia izatea, langileak izendatu eta zehapenak jartzea eta lan eskaintza eta langileak hautatzeko deialdien arauak onestea.

e) Ondasunak erosi eta besterentzea, Zuzendaritza Kontseiluak ezartzen duen edo aurrrekontuetan finkatzen den muga gainditu gabe.

f) Larrialdietan neurriak hartzea. Halakoetan, Zuzendaritza Kontseiluak egiten duen lehenbiziko bilkuran, hartutako neurrien berri eman beharko dio.

11. artikulua. Partzuergoburuordea.

1. Partzuergoburua kanpoan bada, eri edo bere eskurantzak erabiltzeko ezindurik, baita kargua hutsik dagoenean ere, haren eginkizunak partzuergoburuorde batek hartuko ditu, Zuzendaritza Kontseiluko kideen artetik hautatuko denak, botoen gehiengo soilaren bidez.

2. Ezinezkoa da partzuergoburua eta partzuergoburuordea partzuergoko entitate berekoak izatea.

12. artikulua. Zuzendaritza Kontseilua.

1. Zuzendaritza Kontseilua Partzuergoko organo kolegiatu gorena da. Bertan, Partzuergoko entitate guztiak izanen dira ordezkaturik, arau hauen arabera:

a) Entitate bakoitzak ordezkari bat izanen du.

b) Ordezkari bakoitzaren boto-ahalmena ordezkatzen duen entitateari Partzuergoak kontzesio orokorretik esleitu dion zatiaren araberakoa izanen da, unean unekoa.

2. Partzuergoko entitateei dagokie Kontseiluko kideak izendatzea. Noiznahi alda ditzakete, baina, eginez gero, Partzuergoko organoei ahalik eta lasterren jakinarazi beharko diete.

3. Kontseiluko kideek honakoetan galduko dute kargua:

a) Hiltzeagatik.

b) Dimisioagatik.

c) Izendatu zituzten entitateek kargutik kentzeagatik.

d) Hautetsi izaera galtzeagatik, toki korporazio berriak eratzen direnean izan ezik, horrelakoetan jardunean segituko dute harik eta Kontseilua berritu arte.

e) Zuzendaritza Kontseilu berria eratzeagatik. Kontseilu berria toki hauteskundeak egin eta hiru hilabeteko epean eratu beharko da.

13. artikulua. Zuzendaritza Kontseiluaren eskumenak.

Zuzendaritza Kontseiluari ondoko eskurantza hauek dagozkio:

a) Partzuergoburuordea eta idazkaria izendatzea.

b) Partzuergoan kideak sartu edo ateratzearen gaineko erabakiak hartzea.

c) Aurrekontuak onetsi, aldatu eta likidatzea.

d) Kontuak eta egin beharreko kreditu-eragiketak onestea.

e) Emandako zerbitzuak kudeatu eta finantzatzeko moduak eta horien tarifak onestea.

f) Estatutuak aldatzea.

g) Partzuergoa desegitea.

h) Ordenantzak eta erregelamenduak onestea. Erabiltzaileen Elkartearen ordenantzei dagokienez, Urei buruzko Legearen Testu Bateginean xedatutakoari segituko zaio.

i) Partzuergoaren inbertsio programak eta planak onetsi, aldatu edo berrikustea.

j) Beste administrazio publiko batzuek Partzuergoari uren gainean esleitu edo eskuordetzen dizkioten eskumenak onartzea.

k) Plantilla organikoa, plantillaren aldaketak eta lanpostuen zerrenda onestea eta lansariak finkatzea.

l) Partzuergoburuari bere kasa egin ditzakeen kontratazioetarako eta, orobat, ondasunak erosi eta besterentzeko onartzen zaion gehieneko muga ezartzea.

m) Partzuergoko entitate bakoitzak Partzuergoari egin beharreko diru-ekarpenak finkatzea.

n) Oro har, estatutuen arabera beste organo batzuei berariaz esleitu ez zaizkien gainerako eginkizunak.

14. artikulua. Kudeatzailea. (aukeran; horrelakorik ez badago, bere eginkizunak partzuergoburuak hartuko ditu)

Kudeatzailea pertsona bakarreko organoa da. Partzuergoburuak hautatuko du, prestakuntza egiaztatua duten profesionalen artetik. Kudeatzaileari Partzuergoko zerbitzuen zuzendaritza lana dagokio, Zuzendaritza Kontseiluaren eta partzuergoburuaren goi-agintaritzapean.

15. artikulua. Kudeatzailearen eskumenak.

Kudeatzaileak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Partzuergoko zerbitzuen ohiko zuzendaritza lanak.

b) Partzuergoaren jardunbidea hobetzeko eta bere helburuak egoki betetzeko beharrezkotzat jotzen dituen neurriak proposatzea Zuzendaritza Kontseiluari eta partzuergoburuari.

c) Partzuergoko organoen erabaki eta ebazpenak betearaztea.

d) Aurrekontuen aurreproiektua prestatzea.

e) Ordainketak agintzea eta aurrekontuen betetze-mailari buruzko kontuak aurkeztea.

f) Partzuergoko organoek aztertu, ezagutu, bideratu eta onetsi behar dituzten gaiak eta agiriak prestatzea.

g) Kontseiluaren bilkuretan parte hartzea, hizpidea duela baina botorik gabe.

h) Ekitaldi bakoitza bukatutakoan, Partzuergoaren kudeaketari buruzko memoria bidaltzea Zuzendaritza Kontseiluari.

i) Berariaz agintzen zaizkion gainerako eginkizunak.

16. artikulua. Idazkaria.

1. Partzuergoak idazkari bat izanen du, Zuzendaritza Kontseiluak hautatuko duena ondoko baldintza betetzen duten Partzuergoko entitateetako langileen artetik: kasuko entitatean lanean hasteko zuzenbideko edo zientzia politikoetako eta soziologiako lizentziatu titulua eskatu izana eta, kasua bada, Nafarrroako Foru Komunitateko Administrazioak ematen duen gaikuntza edukitzea.

2. Idazkari postua bete gabe badago edo titularra kanpoan edo eri badago, partzuergoburuak ordezkari bat izendatzen ahalko du aldi baterako, aipatutako baldintzak betetzen dituztenen artetik hautatua.

17. artikulua. Idazkariaren eginkizunak.

Hona idazkariari dagozkionak:

a) Kontseiluaren bilkuretan parte hartzea, hizpidea duela baina botorik gabe.

b) Kontseiluaren bilkuretarako deia egitea, partzuergoburuak hala aginduta, eta kideentzako zitazioak egitea.

c) Bilkuretako aktak idatzi eta baimentzea.

d) Onesten diren erabakien ziurtagiriak egitea.

e) Partzuergoko organoei legeen gaineko aholkuak ematea.

f) Kontu-hartzaile lanak egitea, Partzuergoan horrelako lanposturik ez badago.

g) Idazkari karguari dagozkion gainerako eginkizunak.

III. KAPITULUA

Funtzionamendu araubidea

18. artikulua. Bilkuren araubidea.

1. Zuzendaritza Kontseiluak bilkura arrunta urtean behin eginen du gutxienez; bilkura berezia, berriz, partzuergoburuak eskatzen duenean edo kideen heren batek edo gehiagok eskatzen dutenean.

2. Hala ere, Kontseiluaren bilkura berezia modu baliozkoan eratu dela ulertuko da deialdirik egin beharrik gabe, kide guztiak bertaratzen badira eta aho batez eztabaidatu eta erabakiak hartzea adosten badute.

19. artikulua. Deialdiak.

1. Deialdiak telematika bidez eginen dira, berrogeita zortzi ordu lehenago gutxienez, eta deialdiarekin batera eguneko gaien zerrenda bidaliko da.

Epe hori murrizten ahalko da, partzuergoburuak justitikatu beharreko premiazko kasuetan.

2. Osoko bilkura lehenbiziko deialdian modu baliozkoan eratuko da eta, hortaz, erabakiak hartzen ahalko ditu, partzuergoburua eta idazkaria edo, hala behar izanez gero, haien ordezkoak, eta gutxienez kideen erdia bertan badaude.

3. Bigarren deialdia lehenengotik ordu erdira eginen da besterik gabe, eta horretan erabakiak hartu ahal izateko beharrezkoa izanen da gutxienez partzuergoburua eta idazkaria edo, bidezko bada, haien ordezkoak, eta Kontseiluko kideen heren bat egotea.

20. artikulua. Erabakiak hartzea.

1. Oro har, erabakiak bertaratzen diren kideen gehiengo soilaz hartuko dira. Botoak ordezkari bakoitzaren boto-kopuruaren arabera kontatuko dira.

2. Partzuergoburuak kalitatezko botoa du berdinketak hausteko.

3. Ondoko gai hauen gaineko erabakiak hartzeko, bertaratzen diren kideen gehiengo osoa beharko da, botoak ordezkari bakoitzaren boto-kopuruaren arabera neurtuak betiere:

a) Estatutuak aldatzea, horren barne dela toki entitateak Partzuergoan sartu edo hortik ateratzeko erabakiak.

b) Diru-ekarpenak onestea.

c) Partzuergoa desegitea.

21. artikulua. Aktak.

1. Idazkariak Kontseiluaren bilkura guztien akta eginen du. Bertan, agertutako kideak, bilkura noiz eta non egin den, bilkura arrunta edo berezia izan den, eztabaidatu diren gai nagusiak, hartutako erabakien edukia eta bertaratutako kideek emandako botoak jasoko dira.

2. Aktak bilkura berean edo hurrengo bilkuran onetsiko dira, baina zilegi izanen da idazkariak ziurtagiria ematea hartutako erabakien gainean, akta ondoren onestea ezertan galarazi gabe. Horrelako ziurtagirietan egoera horren berri jaso beharko da.

IV. KAPITULUA

Araubide juridikoa

22. artikulua. Araubide juridikoa.

1. Partzuergoko gobernu organoak, beren erabakien eta egintzen araubideari dagokionez, jarduketa prozedurari dagokionez eta, oro har, funtzionamenduari buruz estatutu hauetan ezarrita ez dagoen guztiari dagokionez, Nafarroako toki entitateei aplikagarri zaien legediaren menpe egonen dira.

2. Partzuergoko organoen akten eta egintzen aurka errekurtsoa jartzen ahalko da, toki administrazioari buruzko foru legedian eta administrazioarekiko auzien jurisdikzioa arautzen duen legedian ezarritakoari jarraikiz.

3. Estatutuak aldatzeko Zuzendaritza Kontseiluaren aldeko erabakia beharko da, gehiengo osoak hartua. Erabaki hori partzuergoko entitateen gehiengo osoak berretsi beharko du (gehiengo hori entitate bakoitzak Partzuergoan duen ordezkaritza aintzat hartuz neurtuko da) eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu beharko da.

V. KAPITULUA

Langileen araubidea

23. artikulua. Langileak.

Partzuergoko plantilla osatzen duten langileak, horrelakorik bada, lan araubidean arituko dira, salbu eta Partzuergoko toki entitateetako funtzionarioak izanik, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bateginaren hamabigarren xedapen gehigarrian ezarritakoari jarraikiz, Partzuergora transferitzen diren langileak.

Betiere, Partzuergoko idazkari eta kontu-hartzaile lanetan Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren menpeko langileak arituko dira, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak emandako gaikuntza eduki beharko dutenak, hala badagokie.

VI. KAPITULUA

Araubide ekonomikoa

24. artikulua. Baliabide ekonomikoak.

Bere helburuak betetzeko, Partzuergoak baliabide hauek erabil ditzake:

a) Zuzenbide pribatuko diru-sarrerak eta bere ondaretik datozenak.

b) Zerbitzuak ematetik edo bere eskumeneko jarduerak egitetik datozen diru-sarrerak.

c) Dirulaguntzak eta zuzenbide publikoko bestelako diru-sarrerak.

d) Partzuergoko entitateek aurrekontuari egiten dizkioten ekarpenak.

e) Kreditu eragiketetatik heldu diren diru-sarrerak.

f) Legeen arabera sortzen dituen bestelako diru-sarrerak.

25. artikulua. Diru-ekarpenen araubidea.

1. Partzuergoaren helburu nagusia kudeaketa administratiboa eta koordinazio lana direnez, ez da aurreikusi partzuergoko entitateek diru-ekarpenik egin beharrik.

2. Zuzendaritza Kontseiluak Partzuergoko entitateek diru-ekarpenak egin beharra onetsiz gero, bakoitzaren ekarpena Partzuergoak kontzesio orokorretik esleitu dion ur-emariaren araberakoa izanen da (kontzesio orokorra Nafarroko Gobernuari esleitu zitzaion 2004ko apirilaren 14ko Erabakiaren bidez).

3. Bakoitzak ordaindu beharrekoa ordaintzen ez den kasuetarako berme gisa, Partzuergoko kide diren entitateek Nafarroako Gobernuari baimena ematen diote ordaintzeko epea bukatutakoan Partzuergoari zor dizkioten diru-kopuru likidoak Toki Ogasunen Funtsetik hartzeko, edo Gobernutik jaso beharreko beste edozein diruren kontura, gero Partzuergoari ordaintzeko.

26. artikulua. Aurrekontu-kudeaketa, kontu-hartzailetza eta barne-kontrola.

Partzuergoaren kudeaketa ekonomiko-finantzarioaren aurrekontu-kudeaketa, kontu-hartzailetza eta barne-kontrola Nafarroko toki entitateei aplikagarri zaizkien arauei jarraikiz eginen dira.

27. artikulua. Ondare-kudeaketa.

1. Partzuergoak bere ondasunak erosi, eduki, administratu eta kargatzen ahalko ditu, Nafarroako toki entitateei aplikagarri zaizkien arauei jarraikiz.

2. Partzuergoko ondarea honako hauek osatuko dute: bere kudeaketaldian partzuergoak berak erosten dituen edonolako ondasunak eta, orobat, bere kideek edo edozein erakundek, entitatek, enpresak edo, oro har, edozein pertsona fisiko edo juridikok, publikoa zein pribatua izan, atxikitzen dizkiotenak ere.

3. Partzuergoa osatzen duten entitateek ekartzen dituzten ondasunak ez dira Partzuergoaren ondaretzat hartuko, salbu eta entitateek jabetza eskualdatzea espresuki onartu badute.

VII. KAPITULUA

Partzuergoan sartu eta ateratzeko eta Partzuergoa desegiteko araubidea

28. artikulua. Kide berrien onarpena.

Entitate berriak sartzeko, tramite hauek egin beharko dira:

a) Entitate interesatuak eskaera aurkeztea, horren gainean hartutako erabakiaren ziurtagiriarekin batera.

b) Atxikitzeko hitzarmena prestatzea, Partzuergoan sartzeko baldintzak finkatuko dituena.

c) Zuzendaritza Kontseiluak kide berriaren sarrera hasiera batez onartzea.

d) Hitzarmena eta estatutuak hamabost lanegunez jartzea jendaurrean Partzuergoaren eta entitate eskatzailearen bulegoetan. Horren aurretik, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean eta bi entitateen iragarki-oholetan iragarri beharko da.

e) Zuzendaritza Kontseiluak behin betikoz onestea. Alegaziorik aurkezten ez bada, hasierako onespena behin betiko bilakatuko da. Kasu horretan, ondorio juridikoak sortzeko, gertaera hori Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu beharko da.

29. artikulua. Partzuergotik ateratzeko araubidea.

1. Partzuergotik ateratzea borondatezkoa izan daiteke, alderdi interesatuak eskatuta, edo zehapen baten ondorioz, bere eginbeharrak ez betetzeagatik. Horrelakoetan, Partzuergoan lan egiteko utzitako funtzionarioak edo lan kontratatuak jatorrizko entitatera itzuliko dira.

2. Borondatez ateratzeko prozeduran tramite hauek egin beharko dira:

a) Entitateak Partzuergotik ateratzeko erabakia onestea, bere arauei jarraikiz beharrezkoa den quorumarekin.

b) Partzuergoko buruari jakinaraztea, Partzuergotik atera nahi duen eguna baino urtebete lehenago. Jakinarazpen horrekin batera, azterlan bat aurkeztu beharko da, non entitateak bermatu beharko baitu bideragarria dela zerbitzua bere baliabideekin ematea, bai ikuspuntu teknikotik, bai juridikotik, baita ekonomikotik ere, eta Partzuergotik ateratzeak ez diela galera edo kalte larririk ekarriko Partzuergoak ordezkatzen dituen interes publikoei edo ematen dituen zerbitzuei.

c) Entitateak alde egiten duen arte sortutako eskubideak eta betebeharrak likidatzea eta Partzuergoak alderdi interesatuarekin dituen konpromisoei eustea.

3. Partzuergotik ateratzea funtsezko betebeharrak ez betetzetik baldin badator, erabakia Zuzendaritza Kontseiluak onetsi beharko du, alderdi interesatuari entzunaldia eman ondoren. Horrek entitateak Partzuergoan dituen eskubide ekonomiko guztiak galtzea eta bidezko litekeen erantzukizunarengatik erantzun beharra ekarriko du. Gainera, ordaintzeko epea bukatutakoan Partzuergoari zor dizkioten diru-kopuru likidoak Toki Ogasunen Funtsetik hartzen ahalko ditu Nafarroako Gobernuak, edo Gobernutik jaso beharreko beste diru baten kontura, gero Partzuergoari ordaintzeko.

30. artikulua. Partzuergoa desegitea.

1. Partzuergoa honako kasuotan deseginen da:

a) Edozein arrazoi dela kausa, eratzeko zehaztu ziren helburuak betetzerik ez dagoenean.

b) Legezko xedapen baten ondorioz.

c) Beste entitate publiko edo pribatu batean integratu, xurgatu edo harekin bat egiten badu, betiere entitate haren eskumenak Partzuergoarenekin bateragarriak badira. Horrelakoetan, Zuzendaritza Kontseiluaren gehiengo osoak hartutako erabakia eskatuko da eta, orobat, Partzuergoko kide diren entitate gehienek hartutakoa, kasuan kasuko araudian finkatzen den quoruma izanda.

2. Partzuergora transferitutako funtzionario eta lan kontratatuak jatorrizko administraziora itzuliko dira, deusetan galarazi gabe artikulu honetako 1.c) atalean aurreikusitako entitate berrian sartzeko aukera.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehena._Estatutu hauek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko dute indarra, hasieratik Partzuergoko kide diren entitate guztiek onetsi eta gero.

Bigarrena._Zuzendaritza Kontseilua eratzeko bilkura estatutu hauek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean egin beharko da, Nafarroako Gobernuak izendatu beharreko ordezkari batek deialdia eginda.

Iragarkiaren kodea: F0620307