9. ALDIZKARIA - 2007ko urtarrilaren 19a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.4. Ebazpenak

350/2006 EBAZPENA, abenduaren 29koa, Garraio zuzendari nagusiak emana, taxien hiriarteko zerbitzuen tarifak onesten dituena.

Asociación Independiente de Taxistas Autopatronos de Navarra (AITAN) izeneko elkarteak taxien hiriarteko zerbitzuen tarifa berriak onesteko eskatu du.

Garraio zuzendari nagusiak, abenduaren 30eko 156/2005 Ebazpenaren bidez, tarifa horien azken igoera onartu zuen. Ebazpen hori 2005eko 156. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, abenduaren 30ean.

Taxiari buruzko uztailaren 6ko 9/2005 Foru Legearen 40. 2 artikuluan ezarritakoaren arabera, taxien hiriarteko zerbitzuei aplikatu beharreko tarifen araubidea onestea garraioen arloko eskumena duen departamentuari dagokio, taxien sektorea ordezkatzen duten lanbide-elkarteei eta erabiltzaile eta kontsumitzaileen elkarteei entzunaldia eman ondoren.

Garraioaren Antolamendu eta Kudeaketarako Zerbitzuak proposamena aurkeztu du taxien hiriarteko zerbitzuen tarifak %3 igotzeko. Kobratzeko gutxieneko zenbatekoari eta zain egondako ordu bakoitzari dagozkienak egungo prezioetan mantentzen dira.

Irache Nafarroako Kontsumitzaileen Elkarteak proposamen horrekin ados dagoela adierazi du.

Horrenbestez, Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1 d) artikuluak emandako ahalmenak erabiliz, eta Garraioaren Antolamendu eta Kudeaketarako Zerbitzuak adierazitakoarekin bat,

EBATZI DUT:

1. Taxien hiriarteko zerbitzuei ondoren azaltzen diren gehieneko tarifak aplikatzea. Tarifek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko dute indarra:

Prezioa, egindako kilometro bakoitzeko: 0,47 euro.

Prezioa, zain egondako ordu bakoitzeko: 13,35 euro.

Kobratzeko gutxieneko zenbatekoa: 3,00 euro.

Itxaronaldiko lehen orduan erabiltzaileak eskubidea izanen du dohainik hamabost minutu izateko. Horiek iraganik hamabost minutuko tarteetan kontatuko da, 3,3375 euro denbora-tarte bakoitzeko.

23:00etatik 6:00ak bitarteko gaueko zerbitzuetan eta, larunbat eta igandeetan, 0:00etatik 24:00ak bitartekoetan, zenbatekoa %25 garestituko da, goizeko tarifaren gainean.

Iruñerriko Mankomunitateak Taxiari buruzko uztailaren 6ko 9/2005 Foru Legean aipatutako baterako taxi zerbitzurako Iruñerriko eremuaren tarifen egitura onetsi bitartean, abiaburua edo helmuga Noain-Iruñeko aireportua duten zerbitzuetan agintaritza eskudunak onesten dituen hiribarneko tarifen zenbatekoa baino 1,96 euro gehiago kobratuko da.

2. Ebazpen honetan onesten diren tarifak taxien hiriarteko zerbitzuak emateko Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak emandako baimenen babesean egiten diren taxien hiriarteko zerbitzu guztiei aplikatuko zaizkie.

3. Ebazpen honek ukitzen dituen ibilgailuek tarifa-taula egokiak eraman beharko dituzte, Garraioaren Antolamendu eta Kudeaketarako Zerbitzuak ikuskatu beharko dituenak.

4. Ebazpen hau Garraioaren Antolamendu eta Kudeaketarako Zerbitzuari, Asociación Independiente de Taxistas Autopatronos de Navarra (AITAN) izeneko elkarteari eta Irache Nafarroako Kontsumitzaileen Elkarteari jakinaraztea.

5. Ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

6. Espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete ebazpen honen kontra _ebazpen honek ez dio administrazio bideari amaiera ematen_, Herri Lan, Garraio eta Komunikazio kontseilariari zuzenduta, argitara eman eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

Administrazio Publikoek, espedientean interesatuak direnean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epeetan.

Iruñean, 2006ko abenduaren 29an._Garraio zuzendari nagusia, Jesús María Odériz Echevarría.

Iragarkiaren kodea: F0700523