9. ALDIZKARIA - 2007ko urtarrilaren 19a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

3595/2006 EBAZPENA, abenduaren 11koa, Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, Nafarroako Enplegu Zerbitzuak zenbait talderen prestakuntza ekintzetarako ematen dituen laguntzetarako dei egin eta laguntzak arautzen dituena.

Industria eta Teknologia, Merkataritza, Turismo eta Lan kontseilariaren urtarrilaren 10eko 8/2002 Foru Agindua, langabeak lanerako prestatzeko ekintzetarako laguntzen prozedura arautzen duena, tresna ona bihurtu da lanerako prestatzeko, bai tituludunentzat bai lan munduan sartzeko arazoak dituzten taldeentzat.

Hala ere, iragan den denborak, programaren kudeaketan lortutako esperientziak eta gizarte eta lan ingurune berriak erakusten dute beharrezkoa dela araua eguneratzea eta, hala, foru aginduak arautzen zituen egoera pertsonal desberdinak deialdi desberdinetan bereiztea eta lanean ari diren pertsonei ere ikasle izateko aukera ematea, ez baita zentzuzkoa lanerako prestakuntzaren arloan lana dutenak eta langabeak bereiztea.

Bestaldetik, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak indarra hartzean, dirulaguntzari buruzko arautegia hartan ezartzen den araubide juridikora egokitu behar da.

Azaldutakoarekin bat, Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren estatutuek, apirilaren 29ko 148/1998 Foru Dekretuaren bidez onetsitakoek, beren 10. artikuluan emandako eskurantzez baliatuz,

EBATZI DUT:

1. Graduatu-ondokoentzat eta talde berezientzat prestakuntza ekintzak egiteko dirulaguntzen deialdia onestea.

2. Deialdiko oinarriak onestea. Oinarri horiek ebazpen honen I. eranskinean ageri dira.

3. Gastua 2007rako gastuen aurrekontuko "Kofinantzaziorik ez duten lanerako prestatzeko programak" izeneko kontusailaren bidez edo hori ordezten duenaren bidez finantzatuko da, ekitaldiko aurrekontuan behar beste diru baldin badago.

4. Ebazpen hau Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Kontabilitate Zentrora eta Lanerako Prestakuntza Atalera igortzea.

5. Ebazpen hau eta bere eranskina Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

Iruñean, 2006ko abenduaren 11n._Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Susana Labiano Bastero.

I. ERANSKINA

Nafarroako Enplegu Zerbitzuak zenbait talde lanerako prestatzeko ekintzetarako ematen dituen laguntzen deialdiaren oinarriak

1. oinarria._Xedea.

Deialdi honen xedea lanerako prestatzeko ekintzetarako laguntzak emateko prozedura arautzea da, ondoko taldeetako pertsonen gaitasun eta kualifikazio profesionala hobetzeko:

1. Unibertsitateko graduatu-ondokoak eta LH2-ko eta erdi eta goi mailako heziketa zikloetako tituludunak.

2. Talde bereziak:

_Ezgaituak.

_Errehabilitazioan dauden drogazaleak.

_Espetxeratuak.

2. oinarria._Dirulaguntzen zenbatekoa eta dirulaguntzaren xede izan daitezkeen gastuak.

Deialdi honetako dirulaguntzaren zenbateko osoa "Prestakuntza programa konfinantziatu gabeak" izeneko kontusailaren bidez edo hori ordezten duenaren bidez finantzatuko da, ekitaldiko aurrekontuan behar beste diru baldin badago.

Bi talde horien ekintzetarako laguntzak emanen direla bermatzeko, kontusailaren zenbateko osoaren %50a deialdi honetan aipatzen diren ekintzetarako gordeko da. Ateratzen den zenbatekotik, %70a tituludunen ekintzetarako izanen da.

Talde bateko eskaera guztiei erantzun ondoren dirua gelditzen bada aurrekontuan, beste taldeko eskaerei erantzuteko erabiltzen ahalko da, eskaerarik bada.

Aplikatu beharreko moduluak, finantzatzen ahal diren kostu eta kontzeptuak eta ikastaro edo prestakuntza ekintza bakoitzaren espedientearen edukia ebazpen honen II. eranskinean ageri dira.

3. oinarria._Onuradunek bete beharreko baldintzak.

Nafarroako Enplegu Zerbitzuarekin elkarlanean ari diren entitateek eskatzen ahalko dituzte deialdi honetan aipatzen diren prestakuntza ekintzak, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeko 13. artikuluan onuradun izateko ezartzen diren betebehar orokorrak betetzen badituzte.

4. oinarria._Eskabideen aurkezpena eta eskaturiko agiriak.

A._2007rako eskabideak aurkezteko epea 20 egun naturalekoa izanen da, ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Hurrengo urteetarako, dirulaguntzen eskabideak aurkezteko epea kasuan kasuko ekitaldi ekonomikoaren aurreko azaroa izanen da.

Eskabidea eredu ofizial batean aurkeztuko da. Eredu hori Nafarroako Enplegu Zerbitzuak emanen du, bere zerbitzu nagusietan, bere enplegu agentzietan edo azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 38. artikuluko 4. idatz-zatietan aipatzen diren tokietan. Eskaera posta bulego batean aurkezten bada, gutun-azal ireki batean egin beharko da, lehenengo orriko goiko aldean bulegoaren izena, eguna, tokia eta ordua (minutu eta guzti) adierazi ahal izateko. Datu horiek guztiak gordekinean ere azaldu beharko dira (posta zerbitzuak arautzen dituen abenduaren 3ko 1829/1999 Errege Dekretuaren 31. artikulua).

Eskabidearekin batera agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a._Dokumentazio orokorra:

1. Enpresa eskatzailearen nortasuna frogatzen duten agiriak, osaera eskrituraren, estatutuen eta erregistroko inskripzioaren kopien bidez, salbu eta lehenagotik Nafarroako Enplegu Zerbitzuan badago.

2. Entitate eskatzailearen legezko ordezkarien datu pertsonalak eta, hala behar denean, horien ahaldunenak, bai eta jakinarazpenak igortzeko helbidea eta eskaturiko ekintzen arduraduna ere.

3. Identifikazio Fiskaleko Txartelaren fotokopia.

4. Transferentzia bidezko ordainketa eskabidea, behar bezala betea, dirulaguntza, ematen baldin bada, ordaindu ahal izateko.

5. Gizarte Segurantzako nahiz Foru Ogasuneko tributu arloko betebeharrak eguneratuta dituela frogatzen duten ziurtagiri gaurkotuak.

6. Hala denean, prestakuntza arloko kalitate ziurtagiriak.

b._Ekintza bakoitzerako berariazko agiriak, Nafarroako Enplegu Zerbitzuak banatuko dituen inprimakietan behar bezala beteak. Dirulaguntzaren xede diren prestakuntza ekintza guztien zerrenda-laburpena, gainera, euskarri informatikoan aurkeztuko da.

B._Nafarroako Enplegu Zerbitzuak aurkezten diren eskabideen gainean ebazteko behar dituen argibide eta agiri osagarri guztiak eskatzen ahalko dizkie eskatzaileei.

5. oinarria._Dirulaguntzak emateko irizpide objektiboak

Deialdi honetan aurreikusten diren laguntzak lehiaketa bidez emanen dira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Legearen 17.1 artikuluan azaltzen den moduan.

Eskatzaileei esleitu beharreko dirulaguntzak emateko oinarria lanerako prestakuntza Nafarroako lan merkatuaren beharrei egokitzeko azterlanean finkatu diren lehentasunen Katalogoa izanen da, Nafarroako Enplegu Planeko ikastaroen katalogoari egokitu eta gero. Ikastaroak 1etik 5era sailkatuko dira, 1. mailari lehentasunik handiena dagokiola.

Ikastaroen katalogoan finkatutakoaren arabera ezarriko da lehentasuna laguntzak ematerakoan. Lehentasun maila beraren barnean diru baino eskaera gehiago baldin badago, prestakuntza arloan kalitate ziurtagiriak dituzten entitateek izanen dute lehentasuna.

Nafarroako Enplegu Zerbitzuak ikastaroen katalogo bat emanen die entitate interesatuei, non lehentasuna eta esleituriko modulu ekonomikoa agertuko baitira.

Ikastaroak onarturik, bidezko arrazoirik baldin bada eskatzen ahalko da aldaketaren bat, eta horien ordez lehentasun maila bereko beste batzuk proposatu beharko dira. Nafarroako Enplegu Zerbitzuak onartu beharko du ordezkapen hori.

6. oinarria._Organo eskudunak eta ebazteko epea.

Lanerako Prestakuntza Atalak oinarri hauetan ezarritako balorazio irizpideei jarraituz instruituko ditu espedienteak eta ebaluatuko eskabideak eta, Enplegurako Prestakuntzaren Zerbitzuko zuzendariaren ikus-oniritziarekin, ebazpen proposamena organo eskudunera igorriko du.

Dirulaguntza emateari buruz ebazteko eskumena duen organoa Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Kudeaketako Zuzendaritza da. Ebazpena hiru hilabeteko epean emanen da, eskabideak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita, eta programazio urteko urtarrilaren 1etik abenduaren 15era bitarte egiten diren ekintzak ere sartzen ahalko dira.

Epe horretan ebazpen espresurik ematen ez bada, eskaera ezetsitzat jo beharko da.

Aurkeztutako eskaeraren berariazko edo ustezko ezespenaren aurka interesatuek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan kontseilariari zuzendua, administrazio prozedura erkideari buruzko legeriari jarraikiz. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, eskumena duen ordena jurisdikzionalari zuzendua. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epean.

7. oinarria._Onuradunen betebeharrak eta haiek ez betetzearen ondorioak.

1._Onuradunek Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako baldintza orokorrak bete beharko dituzte. Entitate onuradunek prestakuntza ekintza azpikontratatzen ahalko dute, lege bereko 26. artikuluan xedatzen denaren arabera. Betiere foru lege horretako 28. artikuluko 3. idatz-zatian xedaturikoa errespetatuko da.

2._Zerga eginbeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneraturik eduki beharra betetzen duela frogatzeko, entitate onuradunak, eskabidearekin batera, behar diren ziurtagiriak aurkeztuko ditu, eta Nafarroako Enplegu Zerbitzuari baimena emanen dio onuradunak dirulaguntzaren ebazpena ematen denean eginbehar horiek eguneraturik dauzkala frogatzen duten datuak kontsultatzeko.

3._Onuradunak beharturik daude ikastaroetara joatearen ondoriozko arriskua estaltzera, frankiziarik gabeko poliza bat kontratatuz edo, horrelakorik ezean, haren bermeen kartaren bidez. Gutxienez ere estaldura hau izanen du: medikuntza, botika eta ospitale laguntza, ikastaroaren ordutegi barruan gertatutako istripuen kasuan, eta hor sartzen dira baimendutako irteera-bisitak eta ikasleek beren ohiko bizilekutik ikastaroa ematen den lekuraino egin beharreko bidaia (edozein ibilgailuz egin daitekeena). Heriotza gertatuz gero, gutxienez 30.100 euroko kalte-ordaina, eta baliaezintasun iraunkorra gertatuz gero, gutxienez 60.200 eurokoa, baldin eta istripua ikastaroan, irteera-bisitetan edo ikastarora bidean gertatu bada.

Dagokion entitate laguntzaileak istripuen gaineko asegurua indarrean eduki behar du ikasle bakoitza ikastaroan altan den eskola epe osoan.

4._Dirulaguntza emateko ebazpenean, oinarri hauetan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharrak osorik bete ezik, onartutako dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko da edo diru hori itzuli egin beharko da, foru lege horretako 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Halaber, proportzionaltasun irizpideari jarraituz, eginbeharren bat hein batean bete ezik, emaniko dirulaguntza gutxitzen ahalko da eta, bidezko bada, kasuan kasuko dirua itzuli beharko da.

Kobratzeko eskubidea galtzeagatik edo dirulaguntzari espresuki uko egiteagatik sobratzen den dirua aurrekontuetan behar adina diru ez egoteagatik hasiera batean ezetsi ziren eskabideak aintzakotzat hartzeko erabiltzen ahalko da.

5._Deialdi hau Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen IV. tituluan ezarritako arau-hauste eta zehapenen araubidearen menpe dago.

8. oinarria._Dirulaguntza ordaintzeko modua eta epeak.

_Dirulaguntzen zenbatekoa ekintzen kostu finantzagarriaren %100ekoa izaten ahalko da, ebazpen honen II. eranskinean ezarritako modulu ekonomikoekin bat.

_Dirulaguntza gehienez ere 12 ikaslerendako emanen da. Gutxienez ekintzaren %60ra joan diren ikasleen arabera pagatuko da.

_Entitate onuradunak funtsak behar dituela frogatu ondoren, onarturiko dirulaguntzaren %75 gehienez pagatzen ahalko da prestakuntza ekintza hastean. Edozein kasutan ere, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 33. artikuluan xedatutakoari jarraikiko zaio.

_Azken frogagiriak aztertu ondoren, Lanerako Prestakuntza Atalak pagatzeko azken ebazpenaren proposamena igorriko du Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Kudeaketako Zuzendaritzara.

9. oinarria._Onuradunek eginiko gastu eta ordainketak frogatu beharra.

A._Prestakuntza jarduerak egin ondoren, onuradunek dirulaguntzaren azken likidazioa eskatu beharko dute. Horretarako gehienez ere hiru hilabeteko epean, prestakuntza ekintza bukatzen denetik, agiri hauek aurkeztuko dituzte:

_Gastuen adierazpena, azken likidazioa eta gastuen eta ordainketen frogagirien zerrenda biltzen duen agiria, Nafarroako Enplegu Zerbitzuak emanen dituen ereduen arabera.

_Ikastaroko agiriak, honako hauek barne:

.Partaideen azken zerrenda.

.Parte hartu duten ikasleen eguneroko sinadurak biltzen dituzten agiriak.

.Entitate laguntzaileak frogagiriak luzatzeko, aprobetxamenduaz gain, gutxienez ere ikastorduen %75era joan beharko da.

.Ekintza bakoitzaren ebaluazio-memoria, egin zuen entitateak izenpetu eta zigilatua.

.Zerga guztiak eta Gizarte Segurantzarekiko zorrak pagatuak dauzkala frogatzen duten agiriak.

B._Azken frogagiriak aztertu ondoren, Lanerako Prestakuntza Atalak pagatzeko azken ebazpenaren proposamena igorriko du Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Kudeaketako Zuzendaritzara.

10. oinarria._Dirulaguntzak itzultzea.

Bat._Deialdi honetan eta/edo dirulaguntza emateko ebazpenean ezarririko eginbeharren balizko ez-betetzeak mailakatzeko eta onuradunak azkenean kobratu beharreko dirua edo, bidezko bada, itzuli beharrekoa, zehazteko, proportzionaltasunaren irizpideari jarraituko zaio.

Bi._Arau honen babesean ematen diren dirulaguntzak osorik edo hein batean itzuli beharko dira, haiek pagatu zirenetik itzuli beharra erabakitzen denera sorturiko berandutza korrituak barne, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarririko kasuetan eta deialdi honetan ezarririko betebeharrak bete ezik.

Hiru._Aurreko bat puntuan dirua itzultzeko aurreikusiriko kasuren bat gertatzean hasiko da dirua itzultzeko prozedura, ezarriko prozedurarekin bat eta, bidezko bada, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedaturikoarekin bat.

Lau._Atal honetan ezarririko itzuli beharrak ez du galarazten Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean dirulaguntzen arloan arau-hauste eta zehapen administratiboei buruz ezarririkoa.

11. oinarria._Laguntzaren bateraezintasuna.

_Deialdi honetako dirulaguntzak bateraezinak dira Foru Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek eta beste erakunde publiko nahiz pribatuek edo partikularrek helburu eta xede bererako ematen dituzten beste laguntza batzuekin.

12. oinarria._Dirulaguntzaren publizitatea, onuradunaren aldetik.

Entitate onuradunak ebazpen honen bidez babesturiko ekintzen publizitatean adieraziko du haiek finantzaketa publikoa izan dutela eta, horrekin batera, dirulaguntza zein administraziok eman duen.

13. oinarria._Oinarrien aurkako errekurtsoa.

A._Oinarri hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesatuek, Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

B._Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa paratzen ahal dute eskumena duen ordena jurisdikzionalari zuzendua, honako hau argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, alde batera utzi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/98 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epeetan.

14. oinarria._Emandako dirulaguntzen publizitatea.

Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, Nafarroako Enplegu Zerbitzuak webgunean jarriko ditu emandako dirulaguntzak, eta bertan azalduko dira deialdia, aurrekontuko zein programari eta kredituri egotzi zaizkien, onuraduna, zenbatekoa eta dirulaguntzaren xedea.

II. ERANSKINA

Kostuak, moduluak eta agiriak

Eranskin honek hiru atal dauzka:

Lehen atala._Finantzatzen ahal diren kostuak eta kostuen adierazpena.

Bigarren atala._Gehieneko modulu ekonomikoak.

Hirugarren atala._Agiriak eta aurkezteko epea.

Lehen atala._Finantzatzen ahal diren kostuak eta kostuen adierazpena:

1. Prestakuntza ekintzaren zuzeneko kostuak:

a) Barruko eta kanpoko hezitzaileen sariak, lansariak, gizarte aseguruak, dietak, joan-etorrietako gastuak eta, oro har, ikastaroak prestatu, eman eta ebaluatzen aritzen diren hezitzaileei dagozkien kostu guztiak barne.

Ikastaroak prestatu eta ebaluatzeagatik, baturik, ikastaroa emateko zenbatekoaren %20koa izanen da gehienez.

Gastu horiek irakasleen eta jardueran emaniko orduen arabera behar bezala sailkaturik aurkeztu beharko dira.

b) Erabiliriko ekipo didaktikoak amortizatzeko gastuak, kontabilitateari buruzko arauetan onetsiriko amortizazio irizpideen arabera kalkulatuak, eta burutzeko alokairu edo errentamendu finantzarioa, korrituak izan ezik.

Gastu horiek prestakuntza ekintzen arabera behar bezala sailkaturik aurkeztu beharko dira eta ekipoen banakako erabileraren kasuan bukatzen duten partaideen kopuruaren arabera egotziko dira. Bestela, erabili zireneko orduen arabera egotziko dira.

c) Baliabide didaktikoen gastuak eta/edo material didaktikoak erostekoak eta ikastaroa egiteko hezitzaileek eta partaideek erabiliriko ondasun suntsigarrien gastuak.

Gastu horiek prestakuntza ekintzen arabera behar bezala sailkaturik aurkeztu beharko dira eta ekipoen banakako erabileraren kasuan bukatzen duten partaideen kopuruaren arabera egotziko dira. Bestela, erabili zireneko orduen arabera egotziko dira.

d) Alokairu gastuak, errentamendu finantzariokoak _korrituak izan ezik_, eta ikastaroa egiteko erabilitako ikasgela, lantegi eta gainerako eremuen amortizazioarena.

Gastu horiek prestakuntza ekintzen arabera behar bezala sailkaturik aurkeztuko dira eta ekintzak dirauen aldirako egotziko dira.

e) Partaideen istripu asegurua.

Gastu horiek prestakuntza ekintzen arabera sailkaturik aurkeztu beharko dira eta partaideen kopuruaren arabera egotziko dira.

2. Prestakuntza ekintzari loturiko kostuak:

a) Barruko eta kanpoko langile osagarrien kostuak finantzatzen ahalko dira eta ikastaroa kudeatu eta burutzeko behar diren guztiak.

b) Ikastaroa antolatu eta zabaltzeko publizitate gastuak.

c) Beste kostu batzuk: argia, ura, berokuntza, mezuak, posta, garbiketa, zaintza eta lehen aipatu ez diren bestelako kostuak, prestakuntza ekintzari lotuak.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Legeko 28. artikuluko 9. idatz-zatiarekin bat, onuradunak zentzuz dagokion zatian egotzi beharko dizkio kostu horiek dirulaguntzaren xede den ekintzari, onartu ohi diren kontabilitateko irizpide eta arauei jarraituz eta, betiere, kostu horiek jarduera egiazki egiten den aldiari dagozkion heinean.

Betiere, kostu lotuak eta zuzeneko kostuak egiazkoak izanen dira, egiazki egin, pagatu eta fakturen edo frogatzeko balio bera duten kontabilitate agirien bidez frogatzen direnak.

Ikastaro bakoitzerako azkenean pagatu beharreko zenbatekoa kontrol finantzarioaren eta deialdiko baldintzen emaitzen ondoren finkatuko da. Kostu lotuak gehienez ere zenbatekoaren %30 izanen dira.

Kontzeptu partzialen kostuaren batura kapitulu bakoitzaren kostu osoa da, eta bi kapituluen kostuaren baturak ikastaroaren gastu justifikatuak egiten ditu.

Prestakuntza ikastetxearen legezko arduradunak bere sinadura eta zigilua ezarriko ditu Nafarroako Enplegu Zerbitzuak ematen duen gastuen adierazpeneko eta ikastaroko azken likidazioko agirietan eta gastuen frogagirien zerrendan. Horrekin bere ardurapean egonen da emandako datuak egiazkoak direla frogatzea eta, gainera, hitz ematen du Administrazioari, hala eskatzen zaion momentuan, agiri horietan agertzen diren datuak abalatzeko kontabilitateko dokumentazioa eta hark bidezkotzat jotzen duen informazio osagarria ere emanen diola.

Bigarren atala._Gehieneko modulu ekonomikoak.

Deialdi honetako dirulaguntzen xede diren ikastaroak finantzatzeko ematen diren laguntzak likidatzeko aplikatzen ahal diren gehieneko modulu ekonomikoak (prestakuntza ordu bakoitzaren ordua) ikastaro motaren eta prestakuntza mailaren arabera ondoren ezartzen direnak izanen dira:

Aparteko kasuetan, entitate eskatzaileak arrazoiak emanda, hemen ezarri diren moduluak baino goragoko beste bat proposatzetzen ahalko du Nafarroako Enplegu Zerbitzuak oso goi mailako teknologiako hainbat ikastarotarako, betiere Nafarroako garapenerako interesgarriak badira eta prestakuntzako entitateaz besteko profesionalek eman beharrekoak, eta horien zerbitzu-sari handiagoak egiaztatzen badira.

Nafarroako Enplegu Zerbitzuak esleituko die maila prestakuntza espezialitateei. Esleipen horrek dirulaguntzaren gehieneko kostua ezarriko du, sailkapenaren eta ordu kopuruaren arabera.

Nafarroako Enplegu Zerbitzuak ikastaroen katalogo bat emanen die entitateei, non lehentasuna eta esleituriko maila ekonomikoa agertuko baitira.

Hirugarren atala._Agiriak eta aurkezteko epea:

a) Ikastaro bakoitza hasi baino gutxienez ere bi egun natural lehenago, honako argibide hauek eman beharko zaizkio Nafarroako Enplegu Zerbitzuari:

_Entitatearen zenbakia eta izena.

_Ikastaroaren zenbakia eta katalogokoa.

_Ekintzaren izena, hasi eta bukatzeko egunak, ikastaroko egunak, ordutegia, tokia eta gela.

Hastapenaren jakinarazpen hau eredu normalizatuan eginen da. Jakinarazpena egin ondotik, aldaketa edo bertan behera gelditzea Nafarroako Enplegu Zerbitzuari jakinarazi beharko zaio, ekintza hasteko data baino lehenago, salbu eta toki, egun nahiz ordutegi aldaketa edo etetea eta berriz hastea eragin duten arrazoiak justifikatuak eta garaiz aurreikusi ezinak badira, edo ekintza gauzatzen ari dela gertatzen bada.

b) 1. Betiere, ikastaroa hasten denetik hirugarren eskola eguna arte, hori barne, prestakuntza orduen %25 eman baino lehen, Nafarroako Enplegu Zerbitzura jakinarazpena igorri beharko da, agiri hauek bildu beharko dituena:

_Edukien programaren laburpena.

_Ikastaroa hasi duten partaide onartuen behin betiko zerrenda.

_Ikastaro bakoitzeko adituen fitxa, eredu normalizatuan.

Ikastaroa hasten duten partaide onartuen behin betiko zerrendaren kopia batek lehen aipatu den egunetik aurrera egon beharko du kontrol organoen eskura.

2. Onarturiko ikasle bakoitzaren fitxa, datatua, sinatua eta osorik betea, fitxarako behar diren agiriekin batera, Nafarroako Enplegu Zerbitzura ikastaroa hasten denetik 10 egun pasa baino lehen igorri beharko da.

c) Prestakuntza ekintza bakoitzaren ondoren, onuradunek Nafarroako Enplegu Zerbitzuari jakinarazi beharko diote ekintza bukatua dela eta dirulaguntzaren azken likidazioa eskatu. Horretarako, ikastaroa bukatzen denetik gehienez ere hiru hilabeteko epean, agiri hauek aurkeztu beharko ditu:

_Gastuen adierazpena, azken likidazioa eta gastuen frogagirien zerrenda biltzen duen agiria.

Fakturak eta frogatako balio duten beste agiriak, ordainagiriekin batera, egiten dituen zentroak gordeko ditu, zigilatu ondoren, funtsak ongi erabili direla frogatzeko adinako zehaztasunez.

Erabili beharreko zigilatze ereduak argibide hauek bildu beharko ditu:

Nafarroako Gobernuak prestakuntzaren esparruan emaniko dirulaguntzaren kontu, ............ deialdiko ..... zenbakiko ikastarorako, ............. euro justifikatzen dira.

Eskuarki onartzen diren kontabilitate arauekin bat, kostuak kargu agirien bidez frogatzea ontzat emanez gero, agiri horiek gastuaren edo haren egozpenen frogagiriekin batera aurkeztu beharko dira.

Azpikontratazioen kasuan, azpikontratistek egiten dituzten fakturak gastuen adierazpena eta azken likidazioa izeneko agiriko atalen arabera sailkatu beharko dira, eta prestakuntza ekintza bakoitzari egotziriko kostuak identifikatu.

Dirulaguntzaren onuraduna beharturik dago dirulaguntzaren arrazoia izanen den jarduera egin dela eta harturiko funtsak erabili direla frogatzen duten agiriak lau urtez gordetzera, onuradunak frogagiriak aurkezteko ezarririko epea bukatzen denetik hasita, Foru Administrazioak edo horrek eskuordeturikoak ikuskatu ahal ditzan.

Epe hori bukatu gabe beren jarduera bertan behera uztea edo desegitea erabakitzen duten entitateek entitatean gorde diren agiri horien kopia igorri beharko diote organo eskudunari.

_Ikastaroa amaitu duten ikasleen zerrenda.

_Asistentzia kontrolaren jatorrizkoa, parte hartzen duten ikasleek sinaturiko prestakuntza saioen araberakoa, prestakuntza irakasle edo arduradunaren sinadurarekin, eredu normalizatuan.

_Ikastaroa eskatu bai baina onartu ez ziren ikasleen zerrenda eta eskabideen fitxak.

_Aurreinskribatuak hautatzeko irizpideak, metodoa eta kopurua (horrelakorik egin baldin bada).

_Eginiko ikastaro bakoitzeko ikaskuntza prozesuaren eraginkortasunaren ebaluazio-memoria, prestakuntza entitateak izenpetu eta zigilatua. Halaber, ikasleei eginiko inkestetako emaitzen taulak erantsiko dira.

_Asistentzia diploma eman zaien ikasleen zerrenda, non haien hartu izana edo aurkeztu dela frogatzen duen agiri fede-emailea agertuko baita.

Entitate laguntzaileak frogagiriak luzatzeko, aprobetxamenduaz gain, gutxienez ere ikastorduen %75era joan beharko da.

_Material dikaktikoa eman zaien ikasleen zerrenda, non banaturiko materiala eta haien hartu izanaren agiria edo aurkeztu dela frogatzen duen agiri fede-emailea agertuko baitira.

_Egindako publizitatea (egunkarietako iragarkiaren fotokopia edo beste sistema bat).

_Irakasleen zerrenda (izen-deiturak, NAN, Gizarte Segurantzako zenbakia), haietariko bakoitzak egiatan emaniko ordu kopurua adieraziz.

_Ikastaroa emateko erabili diren baliabide tekniko eta materialen zerrenda (ikasgelak, instalazio edo gela osagarriak, proiektorea, telebista, eta abar).

_Zerga guztiak eta Gizarte Segurantzarekiko zorrak pagatuak dauzkala frogatzen duten agiriak.

Hirugarren atal honetan ezarririko epeetan jakinarazi ezik, ulertuko da prestakuntza ekintza ez dela burutu, dirulaguntzaren likidazio ekonomikoari dagokionez, salbu eta jakinarazpena epean ez bada egin ezinbesteko arrazoiengatik, behar bezala frogaturik eta gorabehera horiek gertatzean jakinarazirik.

Iragarkiaren kodea: F0619790