9. ALDIZKARIA - 2007ko urtarrilaren 19a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

87/2006 FORU DEKRETUA, abenduaren 18koa. Honen bidez aldatzen da 348/2000 Foru Dekretua, urriaren 30ekoa, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako funtzionarioen opor, lizentzia eta baimenen araubideari buruzkoa.

ZIOEN AZALPENA

Nafarroako Administrazio Publikoetako Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 36.1. artikuluko f) atalean xedatzen denez, zerbitzu aktiboan dauden funtzionarioek eskubidea izanen dute, besteak beste, amatasunagatiko baimen ordainduak izateko. 38. artikuluan baimen haien arauak ezarri ziren. Halaber, Langileen Estatutuaren lehenbiziko xedapen gehigarriak ahalmena ematen dio Nafarroako Gobernuari aipatu estatutua garatu eta betearazteko behar diren xedapenak emateko.

Ahalmen hori baliatuz onetsi zen Nafarroako Foru Komunitateko eta haren erakunde autonomoetako funtzionarioen opor, lizentzia eta baimenen araubideari buruzko urriaren 30eko 348/2000 Foru Dekretua.

Indarrean dagoenetik, urriaren 30eko 348/2000 Foru Dekretuari aldaketak egin zaizkio, besteak beste, uztailaren 2ko 144/2002 Foru Dekretuak eta urriaren 3ko 119/2005 Foru Dekretuak eragindakoak.

Bestalde, AFAPNA eta CC.OO sindikatuek Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen baldintzei buruz 2006 eta2007rako sinatu zuten akordioan, laneko eta familiako eginkizunak batera eraman ahal izateko neurrien artean, indarrean den opor, lizentzia eta baimenen araubidea aldatzeari buruz honako konpromiso hauek daude jasota: haur baten jaiotza, abegi edo adopzioagatik aitak gozatzen duen baimen ordaindua bost egunekoa izatetik hamar egun arte luzatzekoa; ernalketa lagunduaren tekniketarako lanetik ateratzeko eskubidea ezartzekoa, betiere behar den denborarako eta lan orduetan egin beharrekoa dela aldez aurretik justifikatzen bada, eta, ezgaitasun fisiko, psikiko edo zentzumenetakoa duten seme-alabak dituzten langileen kasuan, tratamentua ematen zaien hezkuntza bereziko ikastetxeetako koordinazio bileretan parte hartzeko edo osasun esparruan laguntza gehigarria jaso behar badu, hara laguntzekoa; bi hilabete bitarteko baimena ezartzekoa, epe horretan oinarrizko lansariak bakarrik jasoz, nazioarteko adopzioaren kasuetarako, gurasoek adoptatua jaio den herrialdera aldez aurretik joatea beharrezkoa baldin bada; eta senideak ospitaleratzen diren kasuetan, indarrean den legeriaren arabera, langileari dagozkion baimen ordainduko egunak kontatzen hasteko lehenbiziko eguna aldatzekoa. Administrazioak, bestalde, bere burua behartzen zuen akordio horren atalak kasu bakoitzean bidezkoa den mailako araua emateko.

Akordio hori betetzeko, foru dekretu hau onetsi behar da eta, Akordioan harturiko konpromisoak sartzeko xedez, Urriaren 30eko 348/2000 Foru Dekretuaren artikulu batzuk aldatzen dira.

Horiek horrela, Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariak proposaturik, Nafarroako Kontseiluaren adostasunarekin eta Nafarroako Gobernuak 2006ko abenduaren 18an egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

1. artikulua. Nafarroako Foru Komunitateko eta haren erakunde autonomoetako funtzionarioen opor, lizentzia eta baimenen araubideari buruzko urriaren 30eko 348/2000 Foru Dekretuaren 7., 10. eta 12. artikuluak aldatzen dira.

1._Urriaren 30eko 348/2000 Foru Dekretuaren 7. artikuluko 4. idatz-zatiko bigarren lerroaldea aldatu da, honela gelditu baita haren testua:

"Nazioarteko adopzio kasuetan, gurasoek adopzioan hartuko duten haurraren jatorrizko herrialdera joan beharra dutenean, aurreko lerrokadako kasu bakoitzerako aurreikusitako lizentzia adopzioari buruzko ebazpena eman baino lau aste lehenagotik ere hasi ahal izanen da. Halaber, kasu horietan bi hilabete bitarteko baimenaz gozatzeko eskubidea izanen da, epe horretan oinarrizko lansariak bakarrik jasoz, betiere."

2._Urriaren 30eko 348/2000 Foru Dekretuaren 10. artikuluko 1. eta 2. idatz-zatiak aldatzen dira, honela gelditu baitira haien testuak:

"1. Haur baten jaiotza, abegi edo adopzioagatik hamar eguneko baimen ordaindua emanen zaio aitari. Erditze anitzeko kasuetan, bi egun gehiago bigarren seme-alabatik aurrera.

2. Haurraren jaiotzaren egun beretik edo osasun zentroan amari alta ematen zaion egunetik hasita goza daiteke aurreko lerroaldean ezarritako baimenaz, edo abegiaz Administrazioak edo Auzitegiak erabakitzen duen datatik edo adopzioa gauzatzen duen auzitegi ebazpena ematen denetik hasita".

3._Urriaren 30eko 348/2000 Foru Dekretuaren 12. artikuluko 4. idatz-zatia aldatu da, honela gelditu baita haren testua:

"4. Aurreko idatz-zatietan aurreikusitako gaixotasun edo ospitaleratzeen kasuan, ordaindutako baimeneko kasuan kasuko lan egunak, ospitaleratzea edo eritasuna gertatu zen eguna kontuan hartuta edo, langilearentzat laneguna ez bada, haren ondoko egun naturaletik hasita, gertakariak irauten duen denbora guztian erabili ahal izanen dira, baldin eta hori zerbitzuaren betebeharrekin bateragarria bada."

2. artikulua. Nafarroako Foru Komunitateko eta haren erakunde autonomoetako funtzionarioen opor, lizentzia eta baimenen araubideari buruzko urriaren 30eko 348/2000 Foru Dekretuan 18. bis eta 19. bis artikuluak sartu dira.

1._Urriaren 30eko 348/2000 Foru Dekretuan 18. bis artikulu berri bat sartu da, honela izanen baita haren testua:

"18. artikulua. bis. Funtzionarioek (emakumezkoak) eskubidea izanen dute ernalketa lagunduko tekniketarako behar den denboraz lanetik ateratzeko, betiere aldez aurretik lanaldian egin beharra justifikatuz gero."

2._Urriaren 30eko 348/2000 Foru Dekretuan 19. bis artikulu berri bat sartu da, honela izanen baita haren testua:

"19. artikulua. bis. Legez onartutako ezgaitasun fisiko, psikiko edo zentzumenetakoa duten seme-alabak dituzten langileek zilegi dute lanetik ateratzea, tratamendua ematen zaien hezkuntza bereziko ikastetxeetako koordinazio bileretan parte hartzeko edo osasun esparruan laguntza gehigarria jaso behar badu, hara laguntzeko."

AZKEN XEDAPENAK

Lehena._Foru dekretu hau garatu eta betearazteko ahalmena.

Ahalmena ematen zaio Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariari foru dekretu hau garatu eta betearazteko behar diren xedapenak eman ditzan.

Bigarrena._Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2006ko abenduaren 18an._Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma._Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilaria, Javier Caballero Martínez.

Iragarkiaren kodea: F0620095