86. ALDIZKARIA - 2007ko uztailaren 13a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

OTSAGABIA

Ordenantza fiskala. Behin betiko onespena

Otsagabiko Udalak, 2006ko abenduaren 28an egin osoko bilkuran, hasiera batean onestea erabaki zuen ordenantza hau:

4_Ordenantza fiskala, estolderiaren eta hondakin uren arazketaren tasak arautzen dituena.

Behar den iragarkia 2007ko 39. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean, martxoaren 30ean, argitaratu eta jendaurreko epea erreklamazio, kexa edo oharrik aurkeztu gabe iraganik, behin betiko onetsitzat jotzen da ordenantza, eta argitara ematen da haren edukia, osorik; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 262.2 artikuluan xedatutakoari jarraituz.

4. ORDENANTZA

Estolderiaren tasa eta hondakin uren arazketarena arautzen dituena

Oinarria

1. artikulua. Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 100. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoaren babespean ezarri da ordenantza hau.

Zergapeko egintza

2. artikulua. Honako hau da tasaren zergapeko egintza:

a) Udalak egiten dituen jarduera tekniko eta administratiboak, toki entitatearen estolderiaren sarera lotzeko baimena eman ahal izateko behar diren baldintzak betetzen diren ala ez egiaztatzeko.

b) Toki entitatearen estolderiaren sarearen bitartez gorozkiak, euri-urak, ur beltzak eta hondakin urak husteko zerbitzuak.

3. artikulua. Ez daude tasa honi lotuak finka lurrera eroriak, aurri egoeran deklaratuak edo orube edo lurzati direnak.

Salbuespenak

4. artikulua. Ez dago salbuespenik tasa hau ordaintzeko.

Subjektu pasiboak

5. artikulua. Subjektu pasiboak dira, zergadun diren aldetik, Tributuei buruzko Lege Orokorraren 33. artikuluan aipatzen diren pertsona fisiko edo juridikoak nahiz entitateak, ondoko ezaugarriak dituztenak:

a) Finkaren jabea, usufruktuduna edo erabileraren titularra, sarera lotzeko lizentzia ematen denean.

b) Udal mugapeko finketan zerbitzu horietaz baliatzen diren bizilagun edo erabiltzaileak, beren titulua edozein delarik ere (jabeak, usufruktudunak, gela bat hartua dutenak edo maizterrak, baita jabetzarik gabe ere), ordenantza honetako 2.b) artikuluan sartutako zerbitzuen kasuan.

6. artikulua. Betiere, etxebizitzaren edo lokalaren okupatzaile edo erabiltzailearen ordezko subjektu pasibotzat hartuko da higiezinen jabea.

Tributu-kuota

7. artikulua. Behin bakarrik eskatuko da tributu-kuota estolderia eta arazketa zerbitzuen ordainetan. 9 euroko kopuru finkoa da urtean, gehi BEZa. Zergaldia urte naturalekoa izanen da.

Sorrarazpena

8. artikulua. Zergapeko egintza den Udalaren jarduera hastean sorrarazten da tasa eta sortzen da ordaintzeko betebeharra; jarduera hasitzat emanen da kasu hauetan:

a) Sarera lotzeko lizentziaren eskaera aurkezten den egunean, subjektu pasiboak espresuki egiten duenean.

b) Udalaren estolderiaren sarera lotzen den egunetik aitzina. Sarera lotzeko baimena lortu den ala ez kontuan hartu gabe sorraraziko da tasa hori, lotura baimentzeko ireki daitekeen espediente administratiboa abiatu dadin galarazi gabe.

9. artikulua. Gorozkiak, euri-urak, ur beltzak eta hondakin-urak bildu eta arazteko zerbitzuak nahitaezkoak dira toki entitateko finka guztietan, haien fatxadak estolderia duten kale, plaza edo bide publikoetara ematen badu eta sarearen eta finkaren artean ehun metrotik gorako tartea ez badago. Tasa beti kobratuko da, interesdunak sarera lotu ala ez.

Deklarazioa, likidazioa eta dirusarrera

10. artikulua. Subjektu pasiboek eta zergadunaren ordezkoek tasaren subjektu pasiboen zentsuan aurkeztuko dute zerbitzuan sartzeko edo hura uzteko deklarazioa, aldaketa fisikoa edo finkaren titulartasunarena gertatu eta hurrengo hilabete naturalaren azken eguna bitarte.

11. artikulua. Aurreko artikuluak aipatzen dituen deklarazioek eragina izanen dute egiten den lehen likidaziotik aurrera, zerbitzuan sartu edo hura uzteko deklarazioak aurkezteko epea bukatutakoan.

12. artikulua. Zentsuan hasiera batean sartzea ofizioz eginen da, sarera lotzeko lizentzia emandakoan.

13. artikulua. Tasa honengatik eskatzen ahal diren kuotak urtean likidatu eta bilduko dira.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa._Ordenantza honetan aurreikusi ez den orotan, Ordenantza fiskal orokorrean eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean xedatutakoa aplikatuko da.

Bigarrena._Ordenantza honek indarra hartuko du eta ondorio juridiko guztiak sortuko ditu testua osorik Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen denean.

Aditzera ematen da, orok jakin dezan.

Otsagabian, 2007ko ekainaren 15ean._Alkate udalburua, Juan Manuel Tohane Contín.

Iragarkiaren kodea: L0710020