86. ALDIZKARIA - 2007ko uztailaren 13a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

EGUESIBAR

Eguesibarko Udalaren Musika Eskolaren Erregelamendu Organikoa

Eguesibarko Udalak, 2007ko otsailaren 20an egin osoko bilkura arruntean, legezko quorum-a zuela, erabaki zuen hasiera batean onestea Eguesibarko Udalaren Musika Eskolaren Erregelamendu Organikoa.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1.b) artikuluan xedatutakoari jarraikiz, erabaki hori 2007ko 45. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, apirilaren 11n, eta gisa horretara espedientea jendaurrean egonen da hogeita hamar egunean.

Jendaurrean egoteko legezko aldia iraganik inork inolako alegaziorik, kexarik edo oharrik aurkeztu gabe, eta aipatu Foru Legearen 325.1.c) artikuluaren bukaerako aginduen ondorioz, delako erregelamendu organikoa behin betikoz onetsitzat jotzen da, eta haren testu osoa argitaratuko da, behar diren ondorioak izan ditzan, Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 326. artikuluari jarraikiz.

Argitara ematen da aipatu agindua betetzeko, eta ohartarazten ezen honako ordenantza honen kontra _xedapen administratiboa baita_ ezin dela administrazio bidean errekurtsorik paratu, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 107.3 artikuluari jarraikiz; hortaz, behin betiko onespen honen kontra jotzen ahalko da administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu, zuzenean Nafarroako Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzien epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita, Administrazioarekiko Auzietako Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10.1.b) artikuluari jarraikiz.

Eguesen, 2007ko maiatzaren 5ean._Alkatea, José Anastasio Andía García de Olalla.

EGUESIBARKO UDALAREN MUSIKA ESKOLAREN ERREGELAMENDU ORGANIKOA

ZIOEN AZALPENA

Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorrari buruzko urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoak osotara sartzen zituen arte irakaskuntzak hezkuntza sisteman. Lege horrek, bere 38. artikuluan, honela zioen irakaskuntza hauen xedearen gainean: "haien bidez ikasleei kalitateko arte prestakuntza eman nahi zaie eta musikaren, dantzaren, arte dramatikoaren, arte plastikoen eta diseinuaren arloko etorkizuneko profesionalen kualifikazioa bermatu nahi da".

Musika irakaskuntzei dagokienez, aipatu legeak haien arauketa luzea ezarri zuen, eta hartatik gradu profesional ezberdinak heldu ziren, kontserbatorioetan ikasi beharrekoak eta unibertsitatekoen balio bereko titulazioak eskuratzeko bidea ematen zutenak.

Orobat, bere 39.5 artikuluan, legeak aukera ematen zuen musika ikasketak egiteko eskola berariazkoetan. Ikastetxe hauetan egiten diren irakaskuntzek ez dute inola ere eman behar balio akademiko eta profesionala duten titulazioak eskuratzeko biderik, baina bai ematen ahalko diete ikasleei kontserbatorioetan sartu ahal izateko moduko prestakuntza. Dena dela, alderdi hori LOGSEtik abiatuta sortutako musika eskola berariazkoek beren gain hartzen zuten xedearen zati bat baizik ez zen, izan ere Europako ereduan oinarrituriko ikastetxe eredu berri honek oroz gain leku egin nahi zion biztanleriaren zati zabal bati; horrek, musika heziketa praktikoa hartu nahi zuen, etorkizunerako inolako asmo profesionalik gabe noski, bere garapen pertsonalari funtsezko ekarpena eman ziezaion. Gainera, eta aitzinekoari loturik, ikastetxe hauek eginkizun garrantzitsua hartzen zuten beren gain, alegia, musikaren bidez beren inguruko gizarte eta kultur jarduera bulkatzea, gizartetik hurbil dauden eta haren eskakizunetara egokitzen diren enteak izanik.

Nolanahi ere, LOGSEz geroztik bi ikastetxe ereduak aldi berean izatea, kontserbatorioak batetik, eta musika eta/edo dantza eskola berariazkoak, bertzetik, hezkuntza sistemaren premia bat zen, kontuan harturik, lehen-lehenik, hastapeneko bokazio profesionalik gabe hasi ohi dela jendea musikan, bokazio hori, izatekotan, gero garatzen baita, eta bigarrenik, musika heziketa oinarrizkoa nahi izate hutsak ez duela zertan ekarri profesionalizaziora daraman ikasketa programarik. Alde horretatik, bi ikastexe ereduak aldi berean izateak ez du ekarri behar eredu bat bertzea baino garrantzitsuagoa izaterik, ezta alderik batere batean eta bertzean ematen den prestakuntzaren artean.

Bertzalde ere, LOGSEk 39.5. artikuluan dioenez, musika eta/edo dantza eskola berariazkoen arauketa guztia hezkuntza administrazioen eskumena izanen da. Aitzinekoaren ondorioz, abenduaren 21eko 421/1992 Foru Dekretuak ezarri zituen Nafarroako Foru Komunitatean ikastetxe hauen sorreraren eta funtzionamenduaren gaineko oinarrizko arauak, eta behar bezainbateko malgutasuna eskaintzen zuen beren barne inguruabarretara egokitzeko gizarte, ekonomia eta kultura aldetik. Gisa horretara, dekretu horrek, bere 11. artikuluan ezarri zuen Nafarroako Foru Komunitatean musika eta/edo dantza eskolek "erabateko autonomia izanen dute antolaketaren eta pedagogiaren aldetik". Orobat, haren 6. artikuluan hau ezarri zuen: "musika eta/edo dantza eskolek, ikastetxe diren aldetik, ikastetxeko plan pedagogikoa prestatu beharko dute". Hartan beharko dute "modu koherentean agertu eskolaren ildo pedagogikoa, beren barne errealitatea eta testuinguru sozioekonomiko eta kulturala aztertu ondoan". Plan pedagogikoan, berriz, hauek zehaztu beharko dira: "ikastetxearen beraren xedeak, eskainitako espezialitateak, irakaskuntzen alderdi pedagogikoak, haien antolaketa, onarpen irizpideak, ikasleen maila igoerak eta plaza galerak eta, hondarreko, ikastetxearen administrazioaren antolaketa".

Eguesibarko Udalaren Musika Eskolako egungo plan pedagogikoa Udalak onetsi zuen, 2002ko maiatzaren 30eko osoko bilkuran, eta Nafarroako Gobernuko Hezkuntzako kontseilariak urriaren 10ean eman 443/2003 Foru Aginduaren bidez irekitzeko eta funtzionatzeko baimena eman zitzaion musika eskolari, orduan indarrean zegoen 1/1990 Lege Organikoaren 39.5 artikuluaren eta 421/1992 Foru Dekretuaren babespean. Plan pedagogikoaren idazketan, indar berezia egin zen hezkuntzaren kalitatean, ulerturik-eta musika eskolen egitekoa hain dela garrantzitsua eta muntakoa musika eta kultura gizartean modu osasungarrian garatzeko, ezen botere publikoek izan behar baitute ikastetxe hauen funtzionamendu egokiaren bermatzaile.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak indarrik gabe utzi zuen Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorrari buruzko 1/1990 Lege Organikoa. Hala ere, lege berriaren 48.3 artikuluak hitzez hitz dakar ia-ia 1/1990 Lege Organikoaren 39.5 artikulua, musika eskola berariazkoa ari zena. Beraz, ikastetxe hauei dagokienez ez da inolako aldaketarik araudiaren aldetik.

Hala ere, Eguesibarko Udalaren Musika Eskola abiatu zenetik hainbat ikasturte iragan direla, nabarmen gelditu da indarra duen plan pedagogikoan jasotzen diren zenbait alderdi biltzeko beharra eta haiei araudi izaera osoa ematea, hala nola irakaskuntzaren antolaketa eta ikasleak mailaz igotzeko eta plaza galtzeko irizpideak, baita funtsezko bertze alderdi batzuk arautzeko premia ere, hala nola hauei dagozkienak: ikastetxearen gobernua, zuzendariaren hautapena publikotasun, berdintasun, gaitasun eta merezimendu printzipioei heldurik, hezkuntza komunitateko kide guztien eskubide eta betebeharrak, eta hutsegiteak eta aplikatzen ahal diren zehapenak horiek oker jokatuz gero.

Horrenbertzez, eta Eguesibarko Udalaren Musika Eskolaren xedeen lorpenari lagun egin nahirik, herritarrei kultur eta hezkuntza zerbitzu kalitatezkoa emanez, ondotik heldu da erregelamendu organiko honen garapena.

ERREGELAMENDU ORGANIKOA

I. KAPITULUA

Sarrera

1. artikulua. Eguesibarko Udalaren Musika Eskola "musika eskola berariazkoa" da, aplikatzekoak izanik indarra duten xedapenei jarraikiz.

2. artikulua. Eguesibarko Udalaren Musika Eskolak xede nagusi hauek ditu:

_Musika hezkuntza egokia ematea ikasleen gehiengoari, etorkizunerako asmo profesionalik gabe, musika heziketa praktikoa eta kalitatezkoa eskuratu nahi baitu, bere garapen pertsonalari funtsezko ekarpena eman diezaion.

_Musikaren etorkizuneko profesionalei bere musika heziketaren oinarria ematea.

_Eguesibarko gizarte eta kultur jarduera bulkatzea musika hezkuntzaren bitartez.

II. KAPITULUA

Irakaskuntzen antolaketa

3. artikulua. Eguesibarko Udalaren Musika Eskolan ematen diren ikasgaiak, eta haien antolaketa mailaka, maila eta ikasgai bakoitzaren xede pedagogikoak, irakastorduak, metodologia, etab., ikastetxean indarra duen plan pedagogikora biltzen dira, deusetan ukatu gabe erregelamendu honetan Udalaren eskolako irakaskuntzen antolaketaz eta garapenaz ezartzen dena.

4. artikulua. Prestakuntza mailak.

4.1. Eguesibarko Udalaren Musika Eskolan ematen diren irakaskuntzak prestakuntza mailen ariora antolatuko dira. Prestakuntza maila bakoitzaren barnean ikasgai ezberdinak sartuko dira, eta ikasgai bakoitza kurtso ezberdinetan antolatuko da.

4.2. Hona prestakuntza maila nagusien izena: I. maila, II. maila eta III, maila. Ikasle gehienek horiexek ikasiko ditu, eta halako parekotasun bat izanen dute, hurrenez hurren, araubide orokorreko irakaskuntzen etapekin: Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza eta Bigarren Hezkuntza.

4.3. Aitzineko prestakuntza mailez gain, honako hauek ere izanen dira: sarbideko kurtsoak, mantentzeko aukera bereziak, helduendako ikastaldi monografikoak, bakarrik haurren abesbatza eta gitarrako zubi ikastaroa.

4.4. I. maila delako prestakuntza maila 3tik 6/7 urte bitarteko haurrendako izanen da. Lau kurtso iraunen du eta haietan ikasgai bakarra emanen da, Musika Hastapena (Musika eta mugimendua).

4.5. II. maila delako prestakuntza maila 7/8tik 11/12 urte bitarteko haurrendako izanen da. Bortz kurtso iraunen du eta haietan Musika Tresna eta Musika Hizkuntza ikasgaiak ikasiko beharko dira nahitaez. Gainera, Abesbatza ikasgaia ikasten ahalko da, hautara, II. mailako 2. kurtsotik aitzina, maila bukatzean ikasgai honetan bi kurtso burutuak izan behar badira ere gutienez, sarbideko kurtsoetatik heldun diren ikasleez 4.14 artikuluan jasotzen dena aparte utzita. Bertzalde, II. maila ikasi bitartean musika tresnen talde batean parte hartzen duten ikasleek Abezbatzako bi kurtsoetako baten baliokidetza erdiesten ahalko dute.

4.6. III. maila delako prestakuntza maila 12/13tik 17/18 urte bitarteko ikasleendako izanen da, baita irakasle helduendako ere, adin mugarik gabe. Sei kurtso iraunen du eta haietan nahitaezko ikasgai bakarra Musika Tresna izanen da, eta hautara ikasten ahalko dira Abesbatza eta/edo Musika Tresnen Taldea/Ganbera Musika. Horrez gain, osaera libreko ikasgai bat izanen da ikastetxeak eskaintzen dituenen artean (Harmonia, Musika Estiloak, Inprobisazioa, Musika Informatika, ...). Hala ere, maila bukatzean gutienez hiru kurtso burutuak izan beharko dira Abesbatzakoak edo Musika Tresnen Taldekoak edo Ganbera Musikakoak, eta sei kurtso osaera libreko ikasgaiei dagozkienak.

4.7. I. mailako edozein kurtsotan sartzeko, plaza erdietsi beharko da Musika Eskolan, matrikulazio epe baten ondoan. Adina irizpide bakarra izanen da (ezinbertzeko bertze batzuk salbu, hala nola ezgaitasuna, etab.) 1. kurtsoan (3 urteko adina), 2.ean (4 urte), 3.ean (5 urte) edo 4.ean (6 urte) sartzeko, izan ere, adin haietan haurraren garapen ebolutiboari eman behar zaio lehentasuna, bertze faktore batzuen gainean.

4.8. II. mailako lehen kurtsoan sartzeko, 7 edo 8 urte beterik izan behar da ikasturte bakoitza hasten den urteko abenduaren 31n eta Musika Eskolan plaza erdietsi matrikulazio epe baten ondoan. Ez da beharrezkoa izanen I. maila egina izatea II. mailako lehen kurtsoan hasteko.

4.9. II. mailako bigarren kurtsoa eta hurrengoak ikasteko, gainditurik izan behar da maila honetako aitzineko kurtsoa edo, bertzenaz, dagokion sarbideko kurtsoa.

4.10. III. mailako sarrera lehen kurtsotik eginen da beti. Horretarako, II. maila osatzen duten ikasgai eta kurtso guztiak gainditu beharko dira, 4.5. artikuluan ezartzen den bezala, edo bertzenaz horien baliokidetza eginik izatea dagokien sarbideko kurtsotik abiatuta. Salbuespenez, III. mailako lehen kurtsoan hasten ahalko dira II. mailako 5. kurtsoan nahitaezko ikasgaietariko batean matrikulatu diren ikasleak, baldin eta bertzean burutua badute II. mailako 5. kurtsoa.

4.11. Aipatu hiru prestakuntza mailetako bakoitza buruturik, ikastetxeak behar diren egiaztagiriak banatuko ditu, baina horiek ez dira nahasiko balio akademiko edo profesionala duten tituluekin.

4.12. II. mailan posible izanen da ikasgai batean kurtsoa errepikatzea eta bertzeetan aitzina egitea, nahiz eta maila burutzeko eta behar den egiaztagiria eskuratzeko beharrezkoa izanen den ikasgai eta kurtso guztiak buruturik izatea, 4.5. artikuluan jasotakoarekin bat.

4.13. Musikarako gaitasun nabarmenak dituzten ikasleek, ahalegina eta etekina erakutsiz gero, II. mailako 4. eta 5. kurtsoa ikasten ahalko dute, baita III. mailako sei kurtsoetako bakoitza ere, irakaskuntza indartuko aukera berezi batean. Horrek irakaskuntzako denbora gehiago ekarriko du, eta horren xedea izanen da kontserbatorioan sartzeko probak prestatzea erdi mailan egokien ikusten den kurtsorako, edo bertzenaz goi mailako lehen kurtsoan zuzenean sartzeko.

4.14. Sarbideko kurtsoak II. mailan edo III. mailan sartu nahi duten ikasle guztiendako izanen dira, 9 urtetik goiti izanez gero, aldez aurreko ezagupenak izan ala ez. II. mailan bezala, ikasgai hauek izanen dituzte: Musika Tresna, Musika Hizkuntza eta, hautara, Abesbatza. Musika Hizkuntzako taldeak adinen eta aldez aurreko ezagupenen ariora antolatuko dira. Sarbideko kurtso bat, bi edo are hiru ere ikasiko dira, ikasleek eskuratzen duten gaitasun maila II. mailako kurtsoen artean adinez dagokienekoa izan dadin edo, helduen kasuan, II. mailako borzgarren kurtsokoa, azken hauek jarraian III. mailara sartu ahal izateko. Hamar urte edo gehiago izanik Musika Eskolan sarbideko kurtso batean ikasten hasten den ikasleak Abesbatzako bi kurtsoetako baten baliokidetza egiten ahalko du, II. maila bukatzeko.

4.15. Mantentzeko Aukera Bereziak III. maila burutu eta Musika Eskolarekiko loturari kontu nahi dioten ikasleendako izanen dira. Sarbideko hiru kurtso buruturik III. mailan sartu nahi ez duten helduek ere ikasten ahalko dute prestakuntza maila hau. Aukerak izan daitezke Musika Tresnako banakako eskolak, edo musika tresnen taldeetan parte hartzea.

4.16. Helduendako Ikastaldi Monografikoak ikasturtea baino iraupen laburragokoak izanen dira, eta musikako oinarrizko nozioak eskaintzeko xedea izanen dute, ikasketen antolaketa tiki batekin eta helduek ordutegiaren aldetik maizen izaten dituzten aukerekin bat.

4.17. Bakarrik Haurren Abesbatza delako aukera 8tik 14 urte bitarte ikasleendako da, II. mailan matrikulaturik egon gabe ere Musika Eskolako Haurren Abesbatzan parte hartu nahi badute. Boz proba bat gainditu beharko dute. Aukera honen bitartez Haurren Abesbatzan parte hartzeak ez du inor lehengo ikasle bilakatuko II. mailan edo sarbideko kurtsoetan hurrengo ikasturteetan plaza bat eskuratzeko tenorean.

4.18. Gitarrako zubi kurtsoa III. mailan musika tresnatako gitarra elektrikoa hautatu nahi duten ikasleendako da, baldin eta II. maila burutu badute gitarra ez bertzeko edozein musika tresnako espezialitatean.

5. artikulua. Irakasle-ikasle ratioa eta irakas denbora.

5.1. Musika tresnen irakaskuntzan, ikasle guztiek irakaslearen arreta jasoko dute, bai banakako eskoletan bai taldeendako eskoletan. Aitzineko ezagupenek, adinak edo bertzelako inguruabar pedagogikoek komenigarri egiten dutenean, ikasleak banakako eskoletan baizik ez du jasoko irakaslearen arreta, nahiz eta ahaleginak eginen diren ikasleak musika tresnen edo ganbera taldeetan parte hartzeko, bere tresnarekiko praktika ez dadin muga tresna bakarrik jotzera.

5.2. Musika Hastapena ikasgaian, ikasleen gehieneko kopurua talde bakoitzetik 10 izanen da kasu guztietan. Talde bakoitzeko gutieneko ikasle kopurua 3 izanen da 1 eta 2. kurtsoetarako eta 4, berriz, 3 eta 4. kurtsoetarako.

5.3. Musika Hizkuntza ikasgaian eta III. mailako osaera libreko ikasgaietan, ikasleen gehieneko kopurua talde bakoitzetik 12 izanen da eta gutienekoa 6.

5.4. II eta III. mailetan, musika tresnako eskoletarako ikasle bakoitzari irakaslearekin atxiki zaion denbora astean 35 minutu izanen da II. mailan, eta astean 40 minutu, III. mailan. Denbora hori nahasten ahalko da ezagupen maila bereko bertze ikaskideen denborarekin, banakako eta taldeendako eskolak antolatzeko. II. mailako 4. kurtsotik aitzina, aukera berezi indartuan dauden ikasleei 45 minutu astean atxiki zaizkie musika tresnako eskoletan irakaslearekin egoteko.

5.5. Musika Hizkuntza ikasgaiak astean bi saio izanen ditu, ordubetekoak.

6. artikulua. Ikasgai bakoitzaren curriculuma eta ebaluazioa.

6.1. Ikastetxean ematen den ikasgai bakoitzerako curriculuma izanen da, baita ikasle bakoitzak ikasgai horretan kurtsoa gainditzeko eta hurrengo kurtsora igo ahal izateko bete behar dituen eskakizunen zerrenda ere.

6.2. Aitzineko puntuan erranagatik ere, hezkuntza behar bereziak dituzten ikasleendako egokitzapenak eginen dira curriculumean.

6.3. Irakasleek ebaluazio jarraitua erabiliko dute ikasle bakoitzarekin, eta gainera ikasturte bakoitzean hiru ebaluazio saio eginen dira, eta haien bidez hiruhileko bakoitzean hiru kalifikazio emanen zaizkie ikasleei eta bertze bat gehiago, azkenekoa, ikasgai eta kurtso bakoitzeko. Kalifikazioetan, errendimendu akademikoak, jarrerak, ahaleginak eta ikasteak izanen dute eragina. Gainera, kalifikatua izan ahal izateko, ikasle batek edozein mailatako irakas saioen %80ra joan beharko du, I. mailan izan ezik, hartan saioen %75era joan beharko baitu. Bertzalde, puntualtasun faltek ere asistentziakoak metatzea ekarriko dute, halako moldez non eskoletara berandu iritsiz gero atzerapena izanik haren iraupenaren %25 baino gehiago, hiru puntualtasun falta kontatuko dira asistentziako bat izan balitz bezala.

6.4. Musika tresnaren praktikari dagokionez, espezialitate bakoitzaren curriculumaren atal izanen da, baita ikaskuntzaren lehen uneetan ere, eta bi alderdien balorazioak eragin handia izanen du ikasle bakoitzak lortzen duen kalifikazioan.

7. artikulua. Eskola egutegia.

7.1. Ikasturte bakoitzeko eskola egutegia finkatzeko, Hezkuntza Departamentuak bere ikastetxeetarako emandako jarraibideei jarraituko zaie. Nolanahi ere, eskola egunen kopuru osoa ez da ez gehiago ez gutxiago izanen foru administrazioaren menpeko ikastetxeena baino.

7.2. Entsegu eta kontzertuetarako edo ikasleekin egiten den edozein hezkuntza jarduerarako erabiltzen diren egunak eskola eguntzat hartuko dira, Musika Eskolako zuzendaritzaren gainbegairatzea eta baimena badute.

III. KAPITULUA

Gobernu organoak

8. artikulua. Eguesibarko Udalaren Musika Eskolako gobernu organoak izanen dira: Eguesibarko Udaleko Osoko Bilkura, alkatea edo zinegotzi eskuordea, Zuzendaritza Taldea eta Irakasleen Klaustroa. Horiez landa, bertze organo batzuk sortzen ahalko dira partaidetza, koordinazio, lan eta abarretarako, antolaketa beharren ariora eta eskola komunitatearen sektore ezberdinen eskakizunen ariora.

9. artikulua. Musika Eskolaren titularra Udala denez, Eguesibarko Udaleko Osoko Bilkura izanen da erabakiak hartzeko organo gorena, deusetan ukatu gabe alkateak edo zinegotzi eskuordeak Udalaren antolaketaren barnean dituzten eskumenak, ezta Zuzendaritza Taldeari eta Irakasleen Klaustroari edo sortzen ahal diren bertze organoei esleitu zaizkien eskumenak ere.

10. artikulua. Zuzendaritza taldea.

10.1. Zuzendaritza Taldea ikastetxeko gobernu organo betearazlea da eta hauek osatzen dute: zuzendaria, ikasketa burua eta Eguesibarko Udalak Musika Eskolaren handiaren ariora zehazten dituen kide guztiak, foru administrazioaren menpeko ikastetxeetan aplikatzen diren proportzioei jarraikiz.

10.2. Zuzendaritza Taldeak koordinazioan lan eginen du bere eginkizunak betetzerakoan, zuzendariaren jarraibideekin eta legez ezarritako eginkizun berariazkoekin bat.

10.3. Zuzendaritza Taldeak begiratu beharko du ikastetxeak ongi funtzionatzen duen, eta bideak emanen ditu eskola komunitate guztiak Musika Eskolako bizitzan modu koordinatuan parte hartzeko.

10.4. Horren gaineko araudi berariazkorik ez dagoen bitartean, Zuzendaritza Taldeak Musika Eskolaren barne antolaketarako sistema ezarriko du, irakaskuntzaren koordinazioari, bilkura sistemari, bilkuretako lan planari eta abarrei dagozkienetan.

10.5. Zuzendaritza Taldeko kide guztiek irakastorduen murrizpena izanen dute, foru administrazioaren menpeko ikastetxeetan aplikatzen diren proportzioei jarraikiz.

11. artikulua. Zuzendariaren eskumenak.

Ondokoak dira zuzendariaren eskumenak:

a) Musika Eskolaren ordezkaritza eramatea, Udala Eskolan ordezkatzea eta hari ailegaraztea hezkuntza komunitatearen ikusmoldeak, xedeak eta premiak.

b) Ikastetxearen jarduera guztiak zuzendu eta koordinatzea, ikastetxeko gainerako gobernu organoei esleitutako eskumenak ukatu gabe.

c) Zuzendaritza pedagogikoa eramatea, hezkuntzaren berrikuntza bulkatzea eta plan pedagogikoan biltzen diren helburuak erdiesteko planak sustatzea.

d) Legeak eta indarra duten gainerako xedapenak betetzen direla bermatzea.

e) Ikastetxeari atxikitako langile guztien zuzendaritza eramatea.

f) Ikastetxean bizikidetzaren alde egitea, gatazken konponketan bitartekotza bermatzea eta behar diren diziplina neurriak ezartzea indarra duen araudia betetzeko, bertze organo batzuen eskuetan uzten diren eskumenak deusetan ukatu gabe.

g) Familia, erakunde eta organismoekiko lankidetza bulkatzea, ikastetxeak bere inguruarekin dituen harremanak erraztearren, eta eskolan halako giro bat sustatzea, ikasteko eta ikasleen ezagupen eta balioetan prestakuntza osoa lortzeko jarduketa guztiak egiteko ona.

h) Ikastetxearen barne ebaluazioak bulkatzea eta kanpo ebaluazioei eta irakasleen ebaluazioei lankidetza ematea.

i) Egintza akademikoen eta Irakasleen Klaustroaren bilkuren deialdiak egitea, horietan buru egitea eta bertan hartutako erabakiak betearaztea bere eskumenen esparruan.

j) Obra, zerbitzu eta horniduren kontratazioak aitzina eramatea, Udalak bere aurrekontuan Musika Eskolari atxikitzen dizkion aurrekontuekin bat, eta ordainketak agintzea.

k) Ikastetxearen ziurtagiri eta agiri ofizialak ikus-onestea, Udalak eta Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak ezartzen duenari jarraikiz.

l) Udalari Zuzendaritza Taldeko eta gainerako gobernu organoetako kideen izendapena eta kargu uztea proposatzea, Irakasleen Klaustroari aitzinetik horren berri emanda.

m) Zuzendaritza Taldeko gainerako kideekin, bakoitzaren eskumenak adostea.

n) Udalak manatzen dizkion gaianerako guztiak.

12. artikulua. Zuzendariaren hautapena eta izendapena.

12.1. Zuzendariaren hautapena berdintasun, publikotasun, merezimendu eta gaitasun printzipioei jarraikiz eginen da.

12.2. Eguesibarko Udalaren Musikako Eskolako jarduneko irakasle guztiak hautatzen ahalko dira zuzendari, hartan eskolak eman baditu gutienez ere hiru ikasturte osoetan.

12.3. Zuzendaria hautatzeko batzorde bat sortuko da, eta hura bortz kide hauek osatuko dute:

Batzordeburua: Eguesibarko Udaleko alkatea edo berak eskuordetzen duen zinegotzia.

1. kidea: Musika eskolaren bateko jarduneko irakasle bat, Zuzendaritza Taldean eskarmentua duena, Eguesibarko Udaleko organo eskudunak izendatzekoa.

2. kidea: Musikakeskolaren bateko jarduneko irakasle bat, Zuzendaritza Taldean eskarmenturik izan beharrik ez duena, Eguesibarko Udaleko organo eskudunak izendatzekoa.

3. kidea: Musika eskolaren bateko jarduneko irakasle bat, Zuzendaritza Taldean eskarmenturik izan beharrik ez duena, Eguesibarko Udalaren Musika Eskolako Irakasleen Klaustroak proposaturik.

4. kidea: Musika eskolaren bateko jarduneko irakasle bat, Zuzendaritza Taldean eskarmenturik izan beharrik ez duena, Eguesibarko Udaleko langileen ordezkariek proposaturik.

12.4. Zuzendaria hautatzeko, Udalak hautapen prozesua jendaurrean emanen du eta 12.2 artikuluko baldintza betetzen duten irakasle interesdunek beren hautagaitza aurkeztuko dute eta zuzendaritza proiektu bat prestatuko dute, honako hauek eskainiko dituena: ikastetxearen egoeraren azterketa, etorkizunerako xedeak eta ikuspegiak, jardun ildoak eta ebaluaziorako irizpide orokorrak. Hautagaitzarekin eta zuzendaritza proiektuarekin batera curriculuma aurkeztu beharko da, hautagaiaren merezimendu akademiko eta profesionalekin.

12.5. Zuzendariaren hautapen prozesuaren deialdia egitean, Udalak jendaurrean jarriko ditu hautagaien merezimenduak eta zuzendaritza proiektua baloratzeko prozedura eta irizpide objektiboak.

12.6. Aitzineko artikuluetan ezarritakoari jarraikiz horretarako sortu den batzordeak hautapena eginda, Eguesibarko Udalak hautagai hautatua zuzendari izendatuko du lau urterako.

13. artikulua. Izendapen berezia.

Hautagairik ez bada edo dagokion batzordeak hautapen prozesua eman gabe utzi badu, Udalak zuzendari bat izendatuko gehienez ere lau urterako.

14. artikulua. Zuzendariak ikastetxeari eskaini beharreko denbora.

Eguesibarko Udalaren Musika Eskolako zuzendariak lanaldi osoa eskainiko dio ikastetxeari, eta batera ariko da irakaskuntzan eta zuzendaritzan, nahiz eta zuzendaritza lanetan aritzeko irakastorduen murrizpena izanen duen. Murrizpen hori ikastetxeak hartzen duen tamainaren heinekoa izanen da, foru administrazioaren menpeko ikastetxeetan aplikatzen direnen ildotik.

15. artikulua. Zuzendariaren kargu uztea.

Zuzendariak honelakoetan utziko du kargua:

a) Zer epetarako izendatu duten, hura iragatean.

b) Modu arrazoituan uko egin eta Udalak onartzean.

c) Ezintasun psikiko edo fisikoa gerora sortzean.

d) Udalak, modu arrazoituan, kargutik kentzen duenean, dela bere ekimenez, dela Irakasleen Klaustroak edo bertzelako gobernu organoek modu arrazoituan proposaturik, zuzendari karguari berez dagozkion eginkizunak modu larrian ez betetzeagatik. Nolanahi ere, kargutik kentzeko ebazpena behar den instrukzioaren ondotik emanen da, interesdunari aitzinetik entzutea emanda eta Klaustroari eta gainerako gobernu organoei adituta.

16. artikulua. Zuzendaritza lanaren aitormena.

16.1. Zuzendaritza lanetan eta bereziki zuzendari lanean aritzeak, ordain bereizia izanen du, eskatzen zaion erantzukizun eta denboraren kariaz, zenbat eta Eguesibarko Udalak horretarako ezartzen dituen osagarrietarako finkatzen duen hainbat. Eredua, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak bere ikastetxeetarako aplikatzen duena izanen da.

16.2. Zuzendariari ebaluazioa eginen zaio bere agintaldiaren amaieran. Ebaluazioa aldekoa bada, aitormen pertsonal eta profesionala izanen du Udalak ezartzen duen heinean.

17. artikulua. Irakasleen Klaustroa.

17.1. Irakasleen Klaustroa irakasleek ikastetxeko gobernuan parte hartzeko duten organoa da. Irakaslanaren alderdi guztiak planifikatu eta koordinatzen ditu, horren gainean argibideak ematen eta, hala behar badu, baita erabakiak hartzen ere.

17.2. Klaustroan zuzendariak eginen du buru eta ikastetxean zerbitzu egiten duten irakasle guztiek osatuko dute. Horiek deitzen diren bilkuretara joan beharko dute.

18. artikulua. Irakasleen Klaustroaren eskumenak.

Irakasleen Klaustroak eskumen hauek ditu:

a) Zuzendaritza Taldeari proposamenak egitea urteko programazio orokorra prestatzeko eta plan pedagogikoa eguneratzeko.

b) Ikasgai bakoitzaren curriculumak onestea eta ebaluatzea, baita ikasgai bakoitzaren kurtso bakoitza gainditzeko ikasle guztiek konplitu behar dituzten gutieneko eskakizunak.

c) Irizpideak finkatzea ikasleen orientazioaz, tutoretzaz, ebaluazioaz eta errekuperazioaz.

d) Ekimenak sustatzea esperimentazio eta berrikuntza pedagogikoaren arloan eta ikastetxeko irakasleen prestakuntzarenean.

e) Zuzendariaren hautapenean parte hartzea, erregelamendu honetan ezarritako ildotik.

f) Izangaiek zuzendaritzarako aurkezten dituzten hautagaitzen eta zuendaritza proiektuen berri izatea.

g) Aztertu eta baloratzea ikastetxearen funtzionamendu orokorra, ikasleen errendimenduaren bilakaera eta barne nahiz kanpo ebaluazioen emaitzak, ikastetxeak haietan parte hartzen badu.

h) Ikastetxearen antolaketa eta funtzionamendu arauen gaineko txostenak egitea.

i) Diziplina gatazkak ebatzi badira edo zehapenik ezarri bada, horien berri izatea eta begiratzea horiek indarra duen araudiaren araberakoak izan daitezen.

j) Ikastetxean bizikidetzaren alde egiten duten neurriak eta ekimenak proposatzea.

k) Udalak edo kasuan kasuko antolaketa eta funtzionamendu arauek ematen dizkioten gainerako guztiak.

IV. KAPITULUA

Eskubideak eta eginbeharrak

19. artikulua. Irakasleen eskubideak.

Eguesibarko Udalaren Musika Eskolako irakasleei eskubide hauek aitortzen zaizkie:

a) Eguesibarko Udaleko langile guztiei onartzen zaizkien lan eskubideak eta Udalaren Musika Eskolako irakasleek dituzten eskubide berariazkoak lanaldiari eta eskola egutegiari dagokienez.

b) Irakasleen Klaustroan modu eraginkorrean parte hartzea eta haren deialdia eskatzea, betiere eskaera irakaslen herenek egiten badute.

c) Hezkuntza komunitateko kide guztien begirunea izatea, eta berdin begiratuak izatea haien kontzientzia askatasuna, haien sineste ideologiko, etiko, erlijioso eta moralak, Konstituzioarekin bat, eta begiratuak izatea haien intimitatea, duintasuna eta osotasun pertsonala.

d) Katedra askatasuna, berariazko curriculuma koordinaturik, zenbait irakasleren artean ematen diren ikasgaietan.

e) Ikastetxean eskolarik eman gabe lanean aritzeko astean zenbait denbora izatea, eskolak prestatzeko, material didaktikoak prestatzeko, bertze irakasleekin edo Zuzendaritza Taldearekin koordinatzeko bilerak izateko, Klaustroan parte hartzeko, ikasleen aita-amei harrera egiteko, ebaluazioak egiteko, etab.

f) Ikastetxean egon gabe eta eskolarik eman gabe lanean aritzeko astean zenbait denbora izatea, prestakuntza eta eguneratze jarraituan aritzeko, ikerketan eta hezkuntzaren berrikuntzan aritzeko, musika jotzeko eta bere kalitate profesionala hobetzea dakarten ekintza guztiak egiteko.

g) Gobernu organoei komenigarri iruditzen zaizkien iradokizun, ideia, kontu, goiti-beheiti edo arazoak adieraztea.

h) Ikastetxeko instalazio eta materialak erabiltzea, ezarritako ordutegiak eta arauak begiratuta.

i) Ikasleen aita-amekin harremanak izatea eta komenigarri iruditzen zaionean tutoretzetara deitzea, Zuzendaritza Taldeari horren berri emanda.

j) Nahi gabeko istripuen aitzinean erantzukizun zibil guztiengatik babesturik egotea.

k) Adierazpen ofizialen eta Udalaren Musika Eskolari dagozkion guztien berri izatea.

l) Legezko edo erregelamenduzko xedapenak ezartzen dituzten gainerako guztiak.

20. artikulua. Irakasleen betebeharrak.

Eguesibarko Udalaren Musika Eskolako irakasleek betebehar hauek izanen dituzte:

a) Eskola bakoitza prestatzea eta ahalegintzea ikasleek kalitatezko musika heziketa har dezaten.

b) Modu jarraituan heztea eta musika aldetik nork bere burua jardunean mantentzea.

c) Ikastetxera puntualsunez etortzea eta ikasturte bakoitzaren hasieran irakasle bakoitzarendako bertan egoteko ezarritako ordutegia betetzea, eta eskolak puntualtasunez hasi eta bukatzea.

d) Eskola egutegia betetzea.

e) Bertan egoteko ordutegiaren barnean ikastetxetik ez ateratzea Zuzendaritza Taldearen baimenik gabe.

f) Arrazoi justifikatu eta aitorturen bat izanik eskolara joan behar ez badute, Zuzendaritza Taldeari jakinaraztea, eta behar diren jarraibideak ematea beren ordez ariko den irakasleari.

g) Gobernu organoen erabakiak eta hauek beren eskumenak erabiltzean ematen dituzten aginduak begiratu eta betetzea.

h) Eguesibarko Udalaren Musika Eskolaren filosofia egituratzen duten xede, printzipio eta alderdi guztiak, ikastetxeko plan pedagogikoan biltzen direnak, begiratu eta betetzea.

i) Indarra duen legeria eta hura aplikatzeko arau guztiak begiratzea.

j) Ikasleak begiratzea, entzutea, haiekin hizketatzea eta haien iritzi eta proposamenak biltzea, eta gobernu organoetara helaraztea Musika Eskolaren funtzionamendu orokorrari eragiten dioten kontuak direnean.

k) Hezkuntza komunitatea osatzen duten guztiak begiratzea.

l) Irakasleen Klaustroan lehiaz parte hartzea.

m) Zuzendaritza Taldeari goiti-beheiti guztien berri ematea.

n) Gatazkak konpontzen laguntzea.

o) Legezko edo erregelamenduzko xedapenek ezartzen dituzten gainerako guztiak.

21. artikulua. Ikasleen eskubideak.

Eguesibarko Udalaren Musika Eskolako ikasleei eskubide hauek aitortzen zaizkie:

a) Bere nortasunaren garapen osoa indartuko duen kalitatezko musika heziketa jasotzea.

b) Begiratuak izatea beren kontzientzia askatasuna eta beren sineste ideologiko, etiko, erlijioso eta moralak, Konstituzioarekin bat.

c) Beren intimitatea, duintasuna eta osotasun pertsonala begiratuak izatea.

d) Musika Eskolaren funtzionamenduan parte hartzea.

e) Eskola orientazioa edo orientazio profesionala jasotzea.

f) Bere eskola errendimenduaren balorazio objektiboa izatea.

g) Legearekin bat elkarteetako kide egitea eta erakundeak sortzea.

h) Batzartzea, indarra duen legeriarekin bat eta eskola jardueren ohiko bilakaera trabatu gabe.

22. artikulua. Ikasleen betebeharrak.

Eguesibarko Udalaren Musika Eskolako ikasleek betebehar hauek izanen dituzte:

a) Hartutako irakaskuntzen eta beren musika heziketaren zerbitzuan jarritako baliabideen aprobetxamendu egokia erakustea eta, hartara, ikasgai eta kurtso bakoitzerako ezarritako gutieneko eskakizunak betiere betetzea.

b) Eskoletara eregulartasunez, puntualtasunez, garbi eta txukun joatea, eta hartara irakasleak adierazitako materiala (musika tresna, partiturak, liburua, koadernoa, arkatza eta borragoma, etab.), ekartzea.

c) Eskoletan erne egotea, horietan lehiaz parte hartzea eta ordena begiratzea.

d) Irakaslearen orientazio pedagogiko nahiz musika arlokoei segitzea eta hari begiramena eta errespetua izatea.

e) Etxean ikastea eta etxeko lanak egitea, eskolak behar bezain ongi prestatu eta probesteko.

f) Ikastetxeko arauak eta hezkuntza komunitatea osatzen duten guztien osotasuna, duintasuna, eginbeharrak eta ondasun pertsonalak begiratzea.

g) Musika Eskolako instalazioak, altzariak, ekipamenduak, musika tresnak, etab. begiratzea eta haietan kalte eginez gero hura ordaintzea.

h) Musika Eskolako barneetan garbitasuna eta ordena mantentzen laguntzea.

i) Gainerakoekin portaera zuzen eta duina izatea betiere.

j) Ordezkaritza karguetara hautatuak izan badira eta horien beren borondatez onartu, horietan aritzea.

k) Urteko programazio orokorrean jasotzen diren emanaldi eta heziketa jarduera osagarrietan parte hartzea.

l) Adinez nagusi izanik diruz beren gurasoen mende ez dauden ikasleei dagokienez, tasa ekonomikoen ordainketa eguneraturik izatea.

23. artikulua. Ikasleen aita-amen eskubideak.

Eguesibarko Udalaren Musika Eskolako aita-amei eskubide hauek aitortzen zaizkie:

a) Ikastetxearen funtzionamendua, plan pedagogikoa aplikatzeko modua eta beren seme-alalabak matrikulaturik dauden ikasgai eta kurtso bakoitzeko curricumu eta gutieneko eskakizunak jakitea.

b) Beren seme-alabei eskola ematen dieten irakasleekin eta ikastetxeko Zuzendaritza Taldearekin harremana izatea.

c) Beren seme-alabek musikan duten aurrerapenen berri aldian-aldian jakitea, baita haien integrazio sozial eta afektiboari eta abarrei buruzko kontuen berri ere.

d) Beren seme-alabekin ikusteko duten goiti-beheiti guztien berri jakitea.

e) Musika Eskolako bizitzan parte hartzea.

f) Begiratuak izatea beren kontzientzia askatasuna eta beren sineste ideologiko, etiko, erlijioso eta moralak, Konstituzioarekin bat.

g) Beren intimitatea, duintasuna eta osotasun pertsonala begiratuak izatea.

h) Legezko edo erregelamenduzko xedapenek ezartzen dituzten gainerako guztiak.

24. artikulua. Ikasleen aita-amen betebeharrak.

Eguesibarko Udalaren Musika Eskolako ikasleen aita-amek betebehar hauek izanen dituzte:

a) Beren seme-alabek jasotako irakaskuntzen aprobetxamendua zaintzea.

b) Beren seme-alabek ikasle diren aldetik dituzten betebeaharrak betetzen oro har laguntzea eta irakasleei sostengu ematea haien heziketa prozesuan.

c) Irakasleei eta/edo Zuzendaritza Taldeari beren seme-alabekin eta haien garapen pertsonal eta musikalarekin ikusteko duten muntako afera guztien berri ematea.

d) Ikastetxearen hezkuntza eredua, plan pedagogikoan dagoen hori, jakin eta begiratzea, baita funtzionamendu arau guztiak ere.

e) Hezkuntza komunitatea osatzen duten guztien osotasuna, duintasuna, eginbeharrak eta ondasun pertsonalak begiratzea.

f) Gainerakoekin portaera zuzen eta duina izatea betiere.

g) Ordezkaritza karguetara hautatuak izan badira eta horien beren borondatez onartu, horietan aritzea.

h) Tasa ekonomikoen ordainketa eguneraturik izatea.

i) Legezko edo erregelamenduzko xedapenek ezartzen dituzten gainerako guztiak.

25. artikulua. irakaskuntzaz kanpoko langileen eskubideak.

Eguesibarko Udalaren Musika Eskolako irakaskuntzaz kanpoko langileei eskubide hauek aitortzen zaizkie:

a) Eguesibarko Udaleko langile guztiei aitortzen zaizkien lan eskubideak.

b) Hezkuntza komunitateko kide guztien begirunea izatea, eta berdin begiratuak izatea haien kontzientzia askatasuna, haien sineste ideologiko, etiko, erlijioso eta moralak, Konstituzioarekin bat, eta begiratuak izatea haien intimitatea, duintasuna eta osotasun pertsonala.

c) Gobernu organoei komenigarri iruditzen zaizkien iradokizun, ideia, goiti-beheiti eta arazoak adieraztea.

d) Nahi gabeko istripuen aitzinean erantzukizun zibil guztiengatik babesturik egotea.

e) Adierazpen ofizialen eta Udalaren Musika Eskolari dagozkion guztien berri izatea.

f) Legezko edo erregelamenduzko xedapenek ezartzen dituzten gainerako guztiak.

26. artikulua. Irakaskuntzaz kanpoko langileen betebeharrak.

Eguesibarko Udalaren Musika Eskolako irakaskuntzaz kanpoko langileek betebehar hauek izanen dituzte:

a) Hezkuntza komunitateko kide guztiei zerbitzu eraginkorra egitera eta arreta egoki eta atsegina ematera ahalegintzea.

b) Ikastetxera puntualtasunez etortzea.

c) Ikastetxetik ez ateratzea Zuzendaritza Taldearen baimenik gabe.

d) Gobernu organoen erabakiak eta hauek beren eskumenak erabiltzean ematen dituzten aginduak begiratu eta betetzea.

e) Indarra duen legeria eta hura aplikatzeko arau guztiak begiratzea.

f) Hezkuntza komunitatea osatzen duten guztiak begiratzea.

g) Zuzendaritza Taldeari goiti-beheiti guztien berri ematea.

h) Gatazkak konpontzen laguntzea.

i) Legezko edo erregelamenduzko xedapenek ezartzen dituzten gainerako guztiak.

V. KAPITULUA

Hutsegiteak eta zehapenak

27. artikulua. Ikastetxeko ikasle eta aita-amek hutsegite arin, larri edo oso larriak egiten badituzte, zehapenak biltzen ahalko dituzte erregelamendu honetan ezartzen denari jarraikiz.

28. artikulua. Hutsegite oso larriak.

Ondokoak joko dira hutsegite oso larritzat:

a) Ikaslearen edo aita-amen betebeharrak oso modu larrian urratzen duten guztiak, arrisku berezia edo ikastetxearen funtzionamendua larriki nahastea eragiten badute, edo berebiziko ondorio moral edo materialak eta/edo hezkuntza komunitateko edozein kiderendako kalte fisiko edo psikikoak ekartzen badituzte. Hartara, oso hutsegite larritzat joko dira, bertzeak bertze, irakasle eta ikasleendako irain eta erasoak egitea edo, behin berriz, eskolak normaltasunez ematea trabatzen edo eragozten duten egintzak egitea edo halabereko portaerak agertzea.

b) Musika Eskolako instalazio eta elementuak, higigarri nahiz higiezin, modu larrian hondatzen dituzten egintzak, herritarren segurtasunean izaniko nahasmenduen ondoriozkoak ez direnean.

c) Hiru hutsegite larri egitea ikasturte berean.

d) Bertzeen ondasunak ebastea edo lapurtzea, edo haiei kalte egitea.

29. artikulua. Hutsegite larriak.

Ondokoak joko dira hutsegite larritzat:

a) Ikaslearen edo aita-amen betebeharrak urratzen dituzten guztiak. Hartara, hutsegite larritzat joko dira, bertzeak bertze, hezkuntza komunitateko edozein kideri begirunea eta/edo duintasuna galtzea, edo, noizbehinka, eskolak normaltasunez ematea trabatzen edo eragozten duten egintzak egitea edo halabereko portaerak agertzea.

b) Eskoletan eta heziketa jarduera osagarrietan behin eta berriz pasibitatea eta interesa falta agertzea.

c) Instalazio, altzari eta baliabide materialei kalte egitea, baina ez modu larrian. Halakotzat hartuko dira: nolanahiko pintadak egitea Musika Eskolako instalazio edo altzarietako edozeinetan behar den baimenik gabe egitea, horretarako dauden baliabideetan izan ezik (arbelak...); Musika Eskolako instalazioetan zaborrak botatzea horretarako dauden tokietatik kanpo (paperontziak...).

d) Noizbehinka nahasmenduak piztea.

e) Hutsegite arinak behin eta berriz eta modu sistematikoan egitea.

30. artikulua. Hutsegite arinak.

Ikasleen eta/edo aita-amen betebeharrak modu arinean urratzen dituzten guztiak hutsegite arintzat hartuko dira.

31. artikulua. Zehapenak arau-hauste oso larrietan:

31.1. Ikasle batek hutsegite oso larria egiten badu, organo eskudunak erabakitzen duen denboran ikastetxetik bidaltzen ahalko da, baita behin betikoz bidali ere hutsegite oso larrian berreroriz gero.

31.2. Ikasle baten aitak edo amak hutsegite oso larria eginez gero, organo eskudunak erabakitzen duen denboran sarrera debekatzen ahalko zaio Musika Eskolako instalazioetan eta instalazio horietan egiten diren egintzetan, baita behin betikoz debekatu ere hutsegite oso larrian berreroriz gero.

32. artikulua. Arau-hauste larrien zehapenak.

32.1. Ikasle batek hutsegite larria egiten badu, organo eskudunak erabakitzen duen denboran ikastetxetik bidaltzen ahalko da, eta gehienez ere bortz eskola egunean.

32.2. Ikasle baten aitak edo amak hutsegite larria eginez gero, organo eskudunak erabakitzen duen denboran sarrera debekatzen ahalko zaio Musika Eskolako instalazioetan eta instalazio horietan egiten diren egintzetan, eta gehienez ere bi hilabetez.

33. artikulua. Arau-hauste arinen zehapenak.

Hutsegite arin bat egiteak ondoko zehapenak ekarriko ditu:

a) Ohartarazpena.

b) Idatzizko kargu hartzea.

34. artikulua. Zehapen prozedura.

34.1. Hutsegite arinak kasuan kasuko irakasleak zehatuko ditu, eta zuzendariari emanen dio ezarpenaren berri.

34.2. Hutsegite larriak ikastetxeko Zuzendaritza Taldeak zehatuko ditu. Ikasleek egindako hutsegite larriak direnean, honela jokatuko da:

1. Irakasleak edo irakaskuntzaz kanpoko langileak hutsegitearen berri emanen dio Zuzendaritza Taldeari, eta honek, berriz, ikaslearen aita-ama edo legezko tutoreei emanen die horren berri.

2. Zuzendaritza Taldeak espedientearen instruktorea izendatuko du eta horrek gertatu direnen gaineko informazioa bilduko du.

3. Gehienez ere hamar eskola egunean, espedientea abiatuko da eta hura jakinaraziko zaie ikasleari eta haren aita-ama edo tutoreei, dagokion zehapena eta guzti.

4. Zuzendaritza Taldeak, tramitatutako espedientearen berri jakinda, aita-amak eta ikaslea entzunen ditu, eta ebazpena emanen du gehienez ere hamar eskola eguneko epean.

Aita-amek egindako hutsegite larriak direnean, honela jokatuko da:

1. Irakasleak edo irakaskuntzaz kanpoko langileak hutsegitearen berri emanen dio Zuzendaritza Taldeari.

2. Zuzendaritza Taldeak espedientearen instruktorea izendatuko du eta horrek gertatu direnen gaineko informazioa bilduko du eta arau-hausleari edo arau-hausleei espedientea abiatu dela jakinaraziko die.

3. Gehienez ere hamar eskola egunean, espedientea abiatuko da eta hura jakinaraziko zaie arau-hausleari edo arau-hausleei, dagokien zehapena eta guzti.

4. Zuzendaritza Taldeak, tramitatutako espedientearen berri jakinda, arau-hauslea edo arau-hausleak entzunen ditu, eta ebazpena emanen du gehienez ere hamar eskola eguneko epean.

34.3. Hutsegite oso larriak Eguesibarko Udaleko alkateak zehatuko ditu. Ikasleek egindako hutsegite oso larriak direnean, honela jokatuko da:

1. Irakasleak edo irakaskuntzaz kanpoko langileak hutsegitearen berri emanen dio Zuzendaritza Taldeari, eta honek, berriz, ikaslearen aita-ama edo legezko tutoreei, eta alkateari edo zinegotzi eskuordeari emanen die horren berri.

2. Alkateak edo zinegotzi eskuordeak espedientearen instruktorea izendatuko du eta horrek gertatu direnen gaineko informazioa bilduko du.

3. Gehienez ere hamar eskola egunean, espedientea abiatuko da eta hura jakinaraziko zaie ikasleari eta haren aita-ama edo legezko tutoreei, dagokion zehapena eta guzti.

4. Udalean, dagokion informazio batzordeak, tramitatutako espedientearen berri jakinda, aita-amak eta ikaslea entzunen ditu, eta ebazpen proposamena eginen dio Udaleko alkateari, eta horrek behar den zehapena emanen du.

Aita-amek egindako hutsegite larriak direnean, honela jokatuko da:

1. Irakasleak edo irakaskuntzaz kanpoko langileak hutsegitearen berri emanen dio Zuzendaritza Taldeari, eta honek, berriz, alkateari edo zinegotzi eskuordeari emanen die horren berri.

2. Alkateak edo zinegotzi eskuordeak espedientearen instruktorea izendatuko du eta horrek gertatu direnen gaineko informazioa bilduko du eta arau-hausleari edo arau-hausleei espedientea abiatu dela jakinaraziko die.

3. Gehienez ere hamar eskola egunean, espedientea abiatuko da eta hura jakinaraziko zaie arau-hausleari edo arau-hausleei, dagokien zehapena eta guzti.

4. Udalean, dagokion informazio batzordeak, tramitatutako espedientearen berri jakinda, arau-hauslea edo arau-hausleak entzunen ditu, eta ebazpen proposamena eginen dio Udaleko alkateari, eta horrek behar den zehapena emanen du.

35. artikulua. Ordaina ematea eta kalte ordainketa.

Aitzineko artikuluei jarraikiz ezartzen diren zehapenak goiti-beheiti, zehatutako jokamoldeek kalte egin badute Musika Eskolan edo haren instalazio eta/edo altzarietan, musika tresna eta/edo gainerako ekipamenduetan, edo hezkuntza komunitateko kideei, prozeduraren ebazpenak honako hauek ere deklaratzen ahalko ditu:

a) Arau-hausleari eskatzea arau-haustearen ondoriozko egoera bere lehengora itzultzeko eskakizuna.

b) Egindako kalte-galeren ordaina.

36. artikulua. Irakasleen edo irakaskuntzaz kanpoko langileen betebeharrak ez betetzeari dagokionez, aplikatzeko diren araudi ezberdinetan ezartzen duenari eta/edo Eguesibarko Udaleak osoko bilkuran eta/edo alkateak edo zinegotzi eskuordeak diotenari jarraituko zaio.

37. artikulua. Erregelamendu honetan zehapenaz den bezainbatean jasotzen ez den orotan, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezarritakoari jarraituko zaio.

VI. KAPITULUA

Ikaspostua galtzea

38. artikulua. Erregelamendu honen V. kapituluan ezarritakoa goiti-beheiti, ikasle batek bere ikaspostua galduko du Musika Eskolan, gutieneko eskola aprobetxamendua erakusten ez badu.

Alde horretatik, halako ikasgai batean kurtsoa errepikatu ondoan kurtso horretan edo maila bereko bertze kurtso batean ikasgai bera gainditzen ez duenak bere postua galduko Musika Eskolan.

Nolanahi ere, Zuzendaritza Taldeak horren berri emanen dio, Udalean, behar den informazio batzordeari, eta horrek berretsiko du delako ikaslearen ikaspostuaren galera.

Ikaspostuaren galerak ekarriko du delako ikasleak ezin izanen duela bere musika ikasketei ikastetxean segitu ikaspostua galdu ondoko ikasturtean, baina hurrengo ikasturteetan itzul liteke ikastetxera, ikasle berri gisa, matrikulazio prozesuaren ondotik ikaspostua lortuko balu.

39. artikulua. Errekurtsoak.

Erregelamendu honetan jasotzen denari jarraikiz aplikaturiko zehapen arin edo larrien kontra, edo irakasleen, Klaustroaren edo Zuzendaritza Taldearen egintza edo ebazpenen kontra, gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahalko da Eguesibarko Udaleko alkateari zuzendurik, hilabeteko epean jakinarazpena jaso edo kasuan kasuko egintzaren biharamunetik hasita.

Eguesibarko Udaleko alkatearen erabakien kontra, errekurtso hauetako bat aurkezten ahalko da:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, Eguesibarko Udalari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita.

b) Gora jotzeko errekurtsoa, zuzenean Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, erabaki hau jakinarazi eta biharamunetik hasita.

c) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Epaitegi edo Salari zuzendua, bi hilabetetako epean, erabakia jakinarazi eta biharamunetik hasita.

AZKEN XEDAPENAK

Bakarra._Erregelamendu honek behin betikoz onesten den egun berean hartuko du indarra.

Bigarrena._Erregelamendu honetan jasotzen ez den orotan Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren menpeko ikastetxeetan aplikatzen denak balioko du eredutako.

Iragarkiaren kodea: L0709381