74. ALDIZKARIA - 2007ko ekainaren 15a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

OLTZA ZENDEA

Ezinduendako aparkatze txartelak arautzen dituen udal ordenantza. Behin betiko onespena

Oltza Zendeako Udalak, 2007ko otsailaren 22an egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Ezinduendako aparkatze txartelak arautzen dituen udal ordenantza (2007ko 43. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean eman zen argitara, apirilaren 6an).

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurreko epean inork ez duenez alegaziorik aurkeztu, ordenantza hori behin betikoz onetsi da eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan.

Ororbian, 2007ko maiatzaren 16an._Alkatea, Jose María Cuende Vallejo.

EZINDUENDAKO APARKATZE TXARTELAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honek pertsona ezinduei aparkatzeko txartela ematea arautu gogo du, Europako Kontseiluaren 1998ko ekainaren 4ko 98/376/CE Gomendioarekin bat, pertsona ezinduek ibilgailua aparkatu ahal dezaten, ondoren joan-etorri handirik egin behar izan gabe.

2. artikulua. Betebeharrak.

Aparkatzeko txartela eskuratzeko, beharrezkoa da baldintza hauek betetzea:

_Baliaezintasun iraunkorra duten gidariak:

1. Elbarriak indarra duen gidabaimena izan beharko du.

2. Mugikortasuna urritzen dion elbarritasuna izatea; xehetasun hauek frogatu beharko ditu:

A) %33tik gorako elbarritasuna duela egiaztatzen duen ziurtagiria, garraio publiko kolektiboa erabiltzeko ezgaitasunen bat tarteko dela dioena.

B) Nafarroako Osasun Zerbitzuko behar den departamentuak emandako osasun agiria, elbarritasunak modu larrian eragiten diola frogatzen duena, honetarako:

Ibiltzeko, zangoetako edo gerri pelbikoko gaitz muskulu eskeletikoa dela-eta, makulua, eskumakilak, protesiak edo ortesiak erabiltzera behartuz.

Ehun metroko tartean gelditu gabe ibiltzeko, gaitz organiko edo funtzionalek eraginda.

Aulki gurpilduna behar izatea bere joan-etorrietarako.

Aparkatzeko maniobrak egiteko, zango-besoetako edo gerri pelbikoko eta/edo sorbalda-gerrikoko gaitz muskulu eskeletikoa dela-eta.

_Behin betiko ezgaitasuna dutenen familiako bizikideak edo zaindariak:

1. Zaintzaileak edo ahaide bizikideak indarra duen gidabaimenaren jabe izan beharko du.

2. Eskatzailearen dokumentazioa, elbarriarekin duen familia lotura frogatzen duena, edo hura zaintzen duela erakusten duena; baita harekin bizi dela ere, hala denean.

3. Zaindutako ahaideak mugikortasuna urritzen dion elbarritasuna izatea; hori dela eta, honako hauek egiaztatu beharko dira:

A) %33tik gorako elbarritasuna egiaztatzen duen ziurtagiria, garraio publiko edo kolektiboa erabiltzeko ezgaitasunen bat tarteko dela dioena.

B) Nafarroako Osasun Zerbitzuko behar den departamentuak emandako osasun agiria, elbarritasunak modu larrian eragiten diola frogatzen duena, honetarako:

Ibiltzeko, zangoetako edo gerri pelbikoko gaitz muskulu eskeletikoa dela-eta, makulua, eskumakilak, protesiak edo ortesiak erabiltzera behartuz.

Ehun metroko tartean gelditu gabe ibiltzeko, gaitz organiko edo funtzionalek eraginda.

Aulki gurpilduna behar izatea bere joan-etorrietarako.

Aparkatzeko maniobrak egiteko, zango-besoetako edo gerri pelbikoko eta/edo sorbalda-gerrikoko gaitz muskulu eskeletikoa dela-eta.

3. artikulua. Eskatzeko prozesua.

Txartelen eskariak udal bulegoetan eginen dira. Eskabideari bigarren oinarrian zehazten diren egiaztagiriak erantsiko zaizkio, indarra duen gidabaimena eta ibilgailuaren agiriak, baita bi argazki ere, kolorezkoak eta karnet tamainakoak.

4. artikulua. Funtzionamenduko arauak.

a) Txartela erabiltzen denean, ibilgailuaren aurreko aldean paratuko da, txartelaren aurrealdea aise ikusteko moduan dela, kanpotik kontrolatzeko.

b) Urte bateko indarraldia amaituta, ez du gehiago baliorik izanen, eta hartu zen tokian itzuli beharko da. Han, bidezko bada, berritu eginen da.

c) Txartela daraman ibilgailua elbarriendako erreserbatu eta seinalizatuta dauden tokietan aparkatzen ahalko da, ordu mugarik gabe.

d) Halaberean, zamalanetarako tokietan aparkatzen ahalko da, ordutegi mugatu baten barrenean. Aparkatzeko debekua seinale bidez adierazten den tokietan, eta berariazko baimena duten bestelakoetan.

e) Ondoko kasuetan, ezin izanen da inola ere ibilgailua aparkatu baimen honen babespean: Txartelaren titularra eramaten ez denean. Oinezkoendako pasabideetan. Espaloiaren gainean. Gelditzeko debekuaren seinalea duten tokietan. Garraio publikoarentzat erreserbatutako lerroetan eta, orokorrean, ibilgailuen nahiz oinezkoen joan-etorria larriki trabatzen den tokietan.

f) Txartela zein udalerritan eskuratu den, beste herri batean aparkatuz gero, erkidego horretan ezarrita dauden arauak eskatu beharko dira.

g) Edozein arrazoi dela medio, txartela erabiltzeari utzi behar bazaio, eskuratutako udalean itzuli beharko da, horretarako arrazoiak adierazita.

h) Txartela galdu edo norbaitek ebatsiz gero, hura eskuratu zen udalean eman beharko da gertaeraren berri.

5. artikulua. Arau-hausteak eta zehapenak.

Arau-hauste administratiboak dira:

_Txartela lortzeko aurkezten diren datu, ziurtagiri edo bestelakoak faltsutzea, eta txartela lortzea eragotziko luketenak gordetzea.

_Orobat, txartelak kontzesio administratiborik gabe erabiltzea edo beste baten txartela erabiltzea edo iruzur eginez haien kopiak ateratzea.

Faltsutu dutenak eta txartelaren eskatzaileak izanen dira arau-hausteen erantzuleak.

Arau-hausteak zehatzeko, aldez aurretik zehapen espedientea irekiko da; betiere, ebazpenaren aurretik, entzutea emanen zaie interesdunei. Zehapen ahalmenaren gaineko Erregelamenduan xedatzen denari jarraituz tramitatuko da.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Egun indarrean diren txartelak berritu ahal izateko, ordenantza honetako baldintzak egiaztatu beharko dira.

Iragarkiaren kodea: L0708266