74. ALDIZKARIA - 2007ko ekainaren 15a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.1. Lurraldearen antolamendua eta hirigintza

ERABAKIA, 2007ko maiatzaren 14koa, Nafarroako Gobernuak hartua. Honen bidez Udalez gaindiko Plan Sektorial deklaratzen da "Los Arcoseko abiadura zirkuitua", Construcciones Samaniego S.L.k sustatua, jendaurrean jartzen da eta entzunaldia ematen zaio ukitutako udalari, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legeak agintzen duena betetzeko eta Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioa egiteko.

I. Xedea eta udalez gaindiko eraginaren justifikazioa.

2007ko apirilaren 13an "Los Arcoseko abiadura zirkuitua" izeneko proiektua aurkeztu zen Udalez gaindiko Plan Sektorial gisa tramitatzeko. Proiektu horren bidez abiadura zirkuitu iraunkor bat eta hirugarren sektoreko askotariko erabilera osagarriak ezarri nahi dira.

Hona hemen planak udalez gaindiko eragina duela deklaratzeko arrazoi nagusiak:

_Instalazioa, bere ezaugarriengatik, kirolaren, ekonomiaren eta turismoaren aldetik interes handiko gunea izanen da Los Arcoseko udalerritik kanpo ere.

_Espainiako iparraldeko abiadura zirkuitu iraunkor bakarra izanen da. Gainera, zerbitzu garrantzitsua emanen du heziketa eta prestakuntza zentro gisa eta inguruko automobil industriari lagunduko dio.

_Eragin garrantzitsua izanen du gizartean, ekonomian eta lan arloan.

II. Proposamenaren deskripzio laburra.

Jarduketa Los Arcoseko udalerrian eginen da osorik, Barbajosa alderdian, udal mugapearen eta Donejakue Bideko autobiaren hego- ekialdean eta Nasuinsak behinola sustaturiko Lizarrerriko Jarduera Ekonomikoen Eremuaren ipar-ekialdean. Jarduketaren eremuak gutxi gorabehera 160 hektarea hartuko lituzke: "Los Arcoseko abiadura zirkuitua" egiteko lurrak, hirugarren sektoreko askotariko erabilera osagarrietarako eta etorkizunean kirol ekipamendua handitzeko eremua, eta alboetako lur urbanizaezinak.

Proposamenean eremu eta azpiegitura hauek identifikatzen dira:

A. Abiadura zirkuitua eta bertako instalazioak. Motor-kirolaren modalitate anitzetan aritzeko eta goi mailako txapelketak egiteko tokia izanen da. Abiadura handiko zirkuituaz gainera, eskaintza osatzeko beste instalazio batzuk izanen ditu: kart pista, eremu irristakorra, quad eremua, bide hezkuntzaren eremua eta aparkalekuak; horien barnean honako hauek egonen dira:

A.1._Motordunen eremua: kirol eremua eta antolaketa eremua.

Kirol eremuan, besteak beste, 3.972 metroko abiadura zirkuitua eginen da. Antolaketa eremuan, berriz, saioak egiteko eta zirkuituaren funtzionamendu orokorrerako behar diren instalazioak jarriko dira, tartean antolaketa zerbitzuak eta parte-hartzaile, kazetari eta gonbidatuentzako zerbitzuak.

A.2._Aisia eremua: kart pista, bide hezkuntzaren eremua, ikusleen eremua eta eraikin soziala - kafetegia.

B. Hirugarren sektoreko askotariko erabilerak, berdegunea eta handitze gunea. Zirkuituaren iparraldean lurzati bat hartuko da hirugarren sektoreko askotariko erabilera eta jardueretarako (ostalaritzako erabilerak, merkataritzakoak, zirkuituko jarduerarekin zerikusia dutenak eta, oro har, hirugarren sektorekoak, baita aisiakoak ere). Beste lurzati bat hartuko da kirol ekipamenduak etorkizunean handitu ahal izateko, eta azkenik zerrenda paralelo bat berdegunerako, Donejakue Bideko autobiaren ondoan.

C. Lurzoru urbanizaezina. Jarduketa eremuaren hego-mendebaldeko ertzean lurzoru urbanizaezineko perimetroa gordeko da etorkizunari begira.

D. Ibilgailuentzako sarbideak eta kanpoko azpiegiturak.

Ibilgailuentzako bideei dagokienez, honakoak aipatu behar dira:

_Hegoaldeko sarbidea edo sarbide nagusia: egungo "Senda de guiadores" izeneko bide publikoa bera izanen da, NA-129 Acedo-Lodosa errepideko lotunetik hasita, non biribilgunea egitea proiektatu den, egungo "Carralerín" bideko gurutzaguneraino.

_Iparraldeko irteera edo ihesbidea: egungo "Carralerín" bidea bera izanen da, Donejakue Bideko autobidea zeharkatu ondoren N-111 errepidearekin bat egiten duen bidegurutzeraino. Zoladura egokitu eta 5 m-ko zabalera ematea planteatzen da. Bidearen ertzetan aparkaleku bana egitea planteatzen da.

Argindar hornidura, telefono zerbitzua, ur hornidura eta ur beltzen hustuketa NASUINSAren jarduera ekonomikoen eremuko sareen bidez jarri nahi dira.

II.1. Hirigintzako kudeaketa, epeak eta kostua.

Planak proposatzen du bere eremuko lurrei kalifikazio hauek ematea, aurreko koadroan azaldutakoarekin bat: lurzoru urbanizagarri sektorizatua, eta gorde beharreko lurzoru urbanizaezina - garapen eredua zaintzeko lurzorua.

Zirkuitua egungo azpiegiturekin lotuko duten azpiegiturak egiteko lurrak Planari atxikitako sistema orokortzat joko dira.

Planak sektore bakarra mugatzen du, 0,119 AU/m²-ko eredu-aprobetxamendua duena; halaber banaketa eremu bakarra eta exekuzio unitate bakarra mugatzen ditu; azken horretan, exekuzio sistema konpentsazioa edo borondatezko birzatiketa izanen da. Horrek ez du eragotziko sarrerako sistema orokorra (eremua NA-129 errepidearekin lotzeko biribilgunea) desjabetzearen edo zuzeneko okupazioaren bidez lortzea.

Planak sailkatzen duen lurzorua birzatiketa eta urbanizazio proiektuen bidez garatuko da.

Planak dio bi fase ezarri ahal izanen direla urbanizazioa egiteko: lehenbiziko fasean abiadura zirkuitua, berdeguneak eta aparkaleku osagarria sartuko dira, sarbide nagusiarekin eta bide pribatuekin batera, eta bigarren fasean eremuko gainerakoa sartuko da, urbanizazioari dagokionez.

1. fasea: urbanizazioaren aurrekontua, BEZa barne, eta lurren erosketa: 20.429.061 euro.

2. fasea: urbanizazioaren aurrekontua, BEZa barne, eta lurren erosketa: 7.675.460 euro.

III. Hirigintzako balorazioa.

III.1. Lagapenak eta erreserbak lurzoru urbanizagarrian.

Sektore edo eremuko aprobetxamenduaren %10 administrazio jarduleari laga behar zaio doan eta nahitaez. Horretarako, Planak aukera gisa aurreikusten du haren hirigintza-balioagatik diruzko konpentsazioa ematea hirigintzako hitzarmen baten bidez.

Hornidura eta zerbitzuetarako eremuen erreserba eta lagapenei dagokienez, araudi grafikoak eta idatzizkoak zehazgabetasunak eta koordinazio hutsuneak dituzte. Hala ere, araudi hori azterturik, uste dugu Planak honelako eremuei buruzko legezko zehaztapenak betetzen dituela, erabilera eta jabari publikoko berdeguneen gainekoak izan ezik; hor defizit txikia antzematen da.

Horregatik guztiagatik, sustatzaileak, espedientearen ebazpenaren aurretik, LAHFLaren 50. eta 53. artikuluen argitan atzemandako arazoak argitu eta zuzendu behar ditu.

III.2. Beste gogoeta batzuk.

_Planak proposatzen du, arestian esan denez, eremuaren zati bat honela sailkatu dadila: gorde beharreko lurzoru urbanizaezina - garapen eredua zaintzeko lurzorua. LAHFLaren 94. artikuluan ezarritakoaren arabera, Planeko araudiak lur urbanizaezin horiek jaso behar ditu "babestu beharrekoa" kategoriarekin.

Aurreko lerroaldean esandakoaren haritik, eta inoiz udalerriko planeamendua aldatzen bada aplikazioaren inguruko nahasterik izan ez dadin, Planak hitzez hitz jaso behar du lur horien babes araubidea, udal araudian begiratzeko agindu ordez.

_Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 43.3 artikuluan ezarritakoari jarraituz, Planari ondokoak erantsi behar zaizkio:

a) Jarduketaren ondoriozko beharkizunak betetzeko sustatzaileak dituen konpromisoak, nahitaez bermatu beharko dituenak.

b) Aurreko letran aipatzen diren beharkizunak betetzeko bermeak, zeinak ezin izanen baitira izan zerbitzuak ezartzeko eta urbanizazio lanak exekutatzeko ateratzen den kostuaren %6 baino gutxiagokoak, Plan Sektorialaren beraren ebaluazio ekonomikoaren arabera.

_Nafarroako Lurralde Estrategian azaldutako irizpideekin bat, gizabanakoen mugikortasuna guztien interesekin uztartzeko, eta ibilgailu motordunik gabe jarduketaren eremuaren eta Los Arcoseko herrigunearen arteko bidea egin ahal izan dadin, komenigarria litzateke Planean oinezkoentzako bidea eta bidegorria aurreikustea, iparraldeko bidea euskarri hartuta.

_Planeko araudiaren agirian zuzendu egin behar da eredu-aprobetxamendua, memoriaren agirian jasotakoa bera izan dadin.

_Gomendagarritzat jotzen da iparraldeko bidea edo "ihesbidea" Planean ezarritako lehenbiziko urbanizazio fasean sartzea.

_Plana osatu egin behar da, araudiaren agiriaren 33. artikuluan aipatzen den "antolamenduaren eta erabileren planoa" erantsiz.

_Planeko araudiaren 17. artikuluak lurzatiketa proiektuari ematen dizkion ahalmenak ez dira bateragarriak horren izaerarekin.

_Planak ez ditu osatzen hirigintzako antolamendu xehakatuko zehaztapenak, UPSari erantsi behar zaizkionak edo, horrelakorik ezean, geroko garapenerako hirigintza-tresna baterako utzi behar direnak.

IV. Ingurumenaren gaineko gogoetak.

Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuak maiatzaren 3ko txostenean hauxe adierazi du: "Zerbitzu honetan jasotako agiriak azterturik, besteak beste ingurumen ondorioen azterlana, uste dugu horien edukia aski dela eta bidezkoa dela jendaurrean azaltzea espedienteko gainerako agiriekin batera".

V. Emandako txostenak, eskatutakoak eta beste batzuk.

V.1. Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuaren txostena.

Herri Lan zuzendari nagusiari jarduketa honen inguruko txostena eskatu zaio. Txostenaren ondorioak kontuan izanen dira espedientearen ebazpenean.

V.2. Ondare historikoari buruzko txostena.

Sustatzaileak ondare arkeologikoaren gaineko eraginei buruzko txostena erantsi dio Planari, Kultur Ondarearen Zuzendaritza Nagusiko Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalak 2007ko apirilaren 3an emana.

Txosten horrek dioenez, zirkuitua egiteko hartu nahi diren lurretan aztarnategi arkeologiko bat dago, ondarearen ikuspegitik 2. mailan katalogaturik dagoena: "La Atalaya" izenekoa, Burdin Aroko herrixka. Ondorio gisa, txostenak dio aztarnategi horretan eta inguruko babes eremuan ez dela inolako eraikuntza jarduerarik baimendu behar, ezta erauzpen jarduerarik edo lur mugimenduak eragiten dituen jarduerarik ere, eta zehazten du okupatu gabe utzi behar direla 5. poligonoko 464., 904. eta 915. lurzatiak eta ez dituztela lurzati horiek ukitu behar ez proiektuak berak ez haren obra lagungarriek (sarbideak, hondakindegiak etab.), eta adierazten du gainerako jarduketak Arkeologia Atalak berak 2007ko otsailaren 15eko txostenean esandakoari jarraituz egin behar direla.

Planean lurzati horiek babestu beharreko lurzoru urbanizaezintzat jaso behar dira _txosten honetako "Hirigintzako balorazioa" atalean adierazi den bezala_; beren kultur balioagatik, eta babes araubideak Ondasun Higigarri eta Arkeologia Atalaren txostenean zehaztutakoa jaso behar du.

V.3. Abelbideei buruzko txostena.

Jarduketaren eremuko sarrerako biribilguneak "P-19 Iraganbidea" izeneko abelbidea okupatzen du. Planak konponbide hau proposatzen du: abelbidea desbideratzea, jarduketaren eremua NA-129 errepidearekin lotuko duen biribilgunearen kanpoaldetik.

Horretarako, sustatzaileak Ingurumen Zuzendaritza Nagusiko Plangintza eta Laguntza Atalaren adostasun txostena bidali du, 2007ko apirilaren 4an emana. Bertan oniritzia ematen zaio abelbidea desbideratzeko trazadurari eta zenbait baldintza ezartzen dira. Gainera, txostenak dioenez, abelbidearen trazaduraren aldaketa, Nafarroako abelbideei buruzko 19/1997 Foru Legean ezarritakoaren arabera, Europako Aferen eta Plangintzaren zuzendari nagusiak baimendu behar du ebazpen bidez, eta, azkenik, abelbidean diseinatzen den edozein instalazio aldi baterako okupaziotzat joko da eta Plangintza eta Laguntza Atalaren adostasunezko txostena jaso beharko du, baita Europako Aferen eta Plangintzaren zuzendari nagusiaren adostasunezko ebazpena ere, eta azken horrek zehaztuko du ezarri beharreko kanonaren zenbatekoa.

V.4. Beste batzuk.

Espedientearen azterketa osatzeko, sustatzaileak, espedientearen behin betiko onespenaren aurretik, txosten hauek aurkeztu beharko ditu:

_Udalerria sartuta dagoen mankomunitatearen txostena, ukitzen diren zerbitzu elkartuei dagokienez.

_Nilsarena.

_Nasuinsarena, Lizarrerriko jarduera ekonomikoen eremuan eta instalazioetan Planak izan ditzakeen eraginengatik.

Horrenbestez, Lurraldearen Antolamenduko Batzordeak 2007ko maiatzaren 4an emandako txostenarekin bat, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legean eta aplikatu beharreko gainerako arauetan xedatutakoari jarraituz, Nafarroako Gobernuak, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak proposaturik,

ERABAKI DU:

1. "Los Arcoseko abiadura zirkuitua" izeneko proiektua, Construcciones Samaniego S.L.k sustatua, Udalez gaindiko Plan Sektorial deklaratzea, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legean aurreikusitako ondorioetarako.

2. Espedientea behin betikoz onetsi baino lehen entitate sustatzaileari ondoko txostenak aurkezteko eskatzea:

_Udalerria sartuta dagoen mankomunitatearen txostena, ukitzen diren zerbitzu elkartuei dagokienez.

_Nilsarena.

_Nasuinsarena, Lizarrerriko jarduera ekonomikoen eremuan eta instalazioetan Planak izan ditzakeen eraginengatik.

3. Entitate sustatzaileari adieraztea Plan Sektorialean jaso behar direla txosten honetako "Hirigintzako balorazioa" eta "Emandako txostenak, eskatutakoak eta beste batzuk" ataletan azaldutakoak, oraindik egin gabe dauden txostenetan ematen diren oharrez gainera.

4. Ingurumen Zuzendaritza Nagusiko Plangintza eta Laguntza Atalak 2007ko apirilaren 4ko txostenean xedatutakoa beteko da.

5. Oro har, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen 100.c) artikuluan zehaztutakoarekin bat, jarduketa eremutik kanpoko sistema orokorrekin lotzeko azpiegituren kostua sustatzailearen kontura izanen da eta, behar izanez gero, berak egin beharko ditu azpiegitura horiek, eta, jarduketaren ondorioz beharrezkoa bada, aipatu sistemak handitzeko edo sendotzeko obrak ere egin beharko ditu, bai UPSaren barnekoak bai geroko azterlan edo beharren ondorioz egin litezkeenak.

6. Egin asmo diren instalazioek ukitu edo baldintzatu ditzaketen gainerako azpiegitura eta zortasunei dagokienez (ubide publikoetako polizia eremua eta abar), entitate sustatzaileak behar diren baimen guztiak eskuratu beharko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren erakundeengandik.

7. Hogeita hamar eguneko epean, espedientea jendaurrean jarriko da eta instalazioek ukitzen duten udalerriko udalari entzunaldia emanen zaio, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legeak agintzen duena betetzeko eta Ingurumenaren ebaluazio estrategikoa egiteko.

Hartarako, espedientea interesdunen eskura egonen da Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuan (Armadaren etorbidea, 2, 2. solairua, Iruña), eta epe horretan zilegi izanen da idatziz nahi adina alegazio aurkeztea.

8. Erabaki hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea eta Herri Lan Zuzendaritza Nagusiari, Ondare Historikoaren Zerbitzuari, Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuari, Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuari, Nasuinsari, Los Arcoseko Udalari eta Construcciones Samaniego enpresari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2007ko maiatzaren 14an._Nafarroako Gobernuko idazkari eta kontseilaria, Javier Caballero Martínez.

Iragarkiaren kodea: F0708106