73. ALDIZKARIA - 2007ko ekainaren 13a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

226/2007 FORU AGINDUA, maiatzaren 9koa, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak emana, 2007. urtean zikoina zurien habiak egokitzeko jardueretarako dirulaguntzen deialdia onesten duena.

Zikoina zuria Nafarroako Espezie Mehatxatuen Katalogoan sartua dago (563/1995 Foru Dekretua, azaroaren 27koa, basa faunako ornodunen zenbait espezie eta azpiespezie Nafarroako Espezie Mehatxatuen Katalogoan sartzen dituena), eta hartan interes berezikotzat hartua dago.

Espezieak nabarmen egin du behera eta laurogeiko hamarkadan iritsi zen bere kopuru txikienera. Handik aurrera urtetik urtera gora egin du Nafarroan habia egin duten bikoteen kopuruak. 1984. urtean 37 bikote ziren eta seiehundik gora 2006an. Igoera horri esker, bada, bermatuta dago espeziearen kontserbazioa, baina, aldi berean, gehiago dira herrietako bizilagunek jasaten dituzten trabak eta eraikinetan gertatzen diren kalteak. Arrazoi nagusia zera da, habia gehienak herrietako eraikuntzetan daudela. Ez da horrela gertatzen toki guztietan, batzuetan herrietatik kanpo egiten baitituzte habiak, zuhaitzetan batik bat.

La conservación de la especie aconseja la disminución de los daños y el manejo de las poblaciones urbanas para intentar su desplazamiento fuera de los pueblos. Nafarroako udalei eta partikularrei helburu hori lortzeko ekimenetan laguntzeko asmotan, komenigarria da, beraz, laguntza sail bat jartzea.

Zikoina zuria Nafarroako Espezie Mehatxatuen Katalogoan sartua dago, interes berezikotzat sailkaturik.

Hori horrela, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen otsailaren 24ko 42/2005 Foru Dekretuarekin batean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorrari buruzko ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legeko 5. artikuluak esleitzen dizkidan eskumenez baliatuz,

Horrenbestez,

AGINDU DUT:

1. 2007. urtean zikoina zurien habiak egokitzeko jardueretarako dirulaguntzen deialdia onestea, hala nola deialdia arautzen duten arauak.

2. Gastua 2007ko gastuen aurrekontuko "Toki entitateendako kalte-ordainak eta laguntzak" izeneko 330002 - 31200 - 4609 - 456300 kontusailaren kargura finantzatuko da. Aurrekontuetako kontsignazioa 34.600 eurokoa da gehienez.

3. Foru agindu hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara ematea.

4. Foru agindu honen kontra, zeinak ez baitu administrazio bidea agortzen, Administrazio Publikoak ez diren interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epean.

Epeak foru agindu hau jakinarazi eta biharamunean hasiko dira.

5. Foru agindu honen berri ematea Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuari, Kontrol Administratiboaren Atalari eta Ekonomia eta Ogasun Departamentuak Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzakoan duen Kontu-hartzailetzari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2007ko maiatzaren 9an._Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilaria, José Andrés Burguete Torres.

ARAUAK

Lehenbizikoa._Xedea.

Deialdi honen xedea da ondoko jarduera hauek finantzatzeko dirulaguntzak ematea:

a) Zikoina zuriaren habiak egokitzeko jarduerak.

b) Habiak kentzea, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuaren aldez aurreko baimenarekin, eta zikoinek habia berriz egin dezaten galarazteko egiturak jartzea.

c) Arazorik gabeko tokietan, habiak egin ditzaten egiturak jartzea.

Espeziea kontserbatzeaz gain, zikoinen habiek ekar ditzaketen eragozpen eta kalte handiak gutxitzea da deialdiaren helburua.

Bigarrena._Beharkizunak.

Deialdi honetan biltzen diren laguntzak Nafarroako toki entitate guztiek eska ditzakete.

Hori dela medio, eta laguntza hauek aplikatzean kudeaketa zuzena izan dadin, zikoina zuriak eraikin publiko edo pribatuetan eragindako kalteak bertako toki entitateak egiaztatu behar ditu, hura baita laguntza horiek jasotzen ahal dituen erakunde bakarra.

Hirugarrena._Eskaerak aurkezteko epea.

Dirulaguntza hauek jaso nahi dituzten toki erakundeek eskaera aurkeztu beharko dute Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuaren erregistroan (Armada etorbidea, 2; Iruña), Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38. artikuluan xedatutakoa ukatu gabe. Eskaera aurkezteko epea 30 egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Eskaera posta bulego batean aurkezten bada, gutun-azal ireki batean egin beharko da, lehenengo orriko goiko aldean bulegoaren izena, eguna, tokia eta ordua (minutu eta guzti) adierazi ahal izateko. Datu horiek guztiak gordekinean ere azaldu beharko dira (posta zerbitzuak arautzen dituen abenduaren 3ko 1829/1999 Errege Dekretuaren 31. artikulua).

Laugarrena._Eskatutako betebeharrak frogatzeko modua.

Toki entitateak zikoinek eraikin horietan egindako kalteak aztertuko ditu, beren baliabideak erabiliz. Toki entitateak egin ezean, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak bere aholkua eskainiko du jarraitu beharreko irizpide teknikoei eta atzemandako arazoak konpontzeko egin beharreko jarduerei buruz.

Eskaera egiteko, agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Eskaera, eranskineko ereduaren araberakoa.

b) Laguntzaren eskaeraren xede diren lan edo proiektu guztiak azaltzen dituen memoria; memoria horretan berariaz adieraziko dira non eta noiz burutuko diren.

c) Lan edo proiektu bakoitzean zenbat gastatuko den azaltzeko aurrekontu zehatz bat ere aurkeztu beharko da, kontzeptuz kontzeptu eta kontusailetan zatitua, eta jarduera horretarako beste erakunde publiko edo pribatuek emandako gainerako laguntza edo dirulaguntzak aipatu beharko dira, horrelakorik baldin bada.

d) Ordainketa transferentzia bidez egiteko eskaera, eredu ofizialaren araberakoa, udalaren IFZ eta guzti.

e) Toki entitatearen zinpeko aitorpena, xede bererako jasotzen dituen dirulaguntzak aipatzen dituena.

f) Eskatzaileek eskaera hobeki azaltzeko nahi adina agiri aurkezten ahal dituzte.

Agiriek aipatu baldintzak betetzen ez badituzte, Habitaten Atalak interesdunari eskatuko dio gehienez ere 10 egun balioduneko epean akatsak zuzen ditzala eta jakinaraziko dio, zuzentzen ez baditu, bere eskaera ezetsi eta artxibatu eginen dela.

Bosgarrena._Balorazioa.

Espedienteak osatuta direla, Ingurumen, Lurraldearen Antolamentu eta Etxebizitza Departamentuak badu ahalmena bere iritziz teknikoki bideraezinak diren ekintzak kentzeko.

Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuko Habitaten Atalak lehentasuna emanen die eremu publikora erortzeko arriskua duten zikoina zurien habia horiek egokitzera zuzendutako ekimenak jasotzen dituzten espedienteei; ondoren, zikoinek habia berriz egin dezaten galarazteko egiturak instalatzeko jarduerak jasotzen dituzten espedienteak izanen dira; hirugarrenik, eraikinetan kalte handiak egiten dituzten zikoinen habiak egokitzera bideratutako jarduerak jasotzen dituzten espedienteak hartuko dira kontuan.

Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak egoki iruditzen zaizkion egiaztapenak eginen ditu diruz lagundutako jarduerei buruz, eta jardueraren berri ematen duen agiri guztiak aztertzeko ahalmena izanen du.

Dirulaguntzarekin batean ingurumen arloko baimena ere ematen da, baina Administrazioari eskatu eta hark onartutako ekintzetarako bakarrik, aurkeztu eta onartutako txostenaren arabera. Ekintzaren batean aldaketarik gertatzen bada, Administrazioak baimendu beharko ditu ingurumen arloko ondorioetarako.

Aurkeztu diren eta dirulaguntzen xede izan daitezkeen eskaera guztiak aintzat hartzeko aurrekontuko kreditua gaindituko balitz, hainbanatuko da, aurretik ezarritako hurrenkeraren arabera. Edonola ere, toki erakundeei dirulaguntza emateko, Administrazioak baliabide ekonomikoak izan beharko ditu eta kreditu aski aurrekontuetan eskaeraren ebazpen administratiboa egiten denean.

Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak aurkeztu den informazioa zabaltzeko eska dezake, eta baita eskatzailea aurkezteko agindu ere, horrela bere erabakia hobeki arrazoitzeko.

Seigarrena._Zenbatekoa.

1 edo 2 habiatarako proiektua aurkezten duten toki erakundeek proiektuaren aurrekontuaren %100 jasotzen ahalko dute.

3 habiatarako edo gehiagorako proiektua aurkezten duten toki erakundeek proiektuaren aurrekontuaren %70 jasoko dute.

Bi kasuetan dirulaguntzetan ematen ahal den gehienezko aurrekontua 600 euro da, habia bakoitzeko.

Zazpigarrena._Organo eskudunak.

Eskaerak Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuko Habitaten Atalak baloratuko ditu.

Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak Ingurumen zuzendariaren Ebazpena emanen du, dirulaguntza emanez edo ukatuz, eta horren berri emanen zaio delako toki entitateari.

Aurkeztutako eskaeraren berariazko edo presuntziozko ezespenaren aurka zilegi izanen da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariari zuzendua, administrazio prozedura erkideari buruzko legeriari jarraikiz.

Zortzigarrena._Epea eta publizitatea.

Dirulaguntzak Ingurumen zuzendari nagusiaren ebazpenaren bidez eman edo ukatuko dira. Alabaina, eskaera aurkeztu eta bi hilabetean ebazpen espresurik ematen ez bada, eskaera ezetsi dela ulertuko da.

Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak onuradunen eta emandako dirulaguntzen zerrenda argitaratuko du Nafarroako Gobernuaren webgunean.

Bederatzigarrena._Ordainketa.

Toki entitateak, bere baliabideekin edo baliabide kontratatuekin, baimendutako proiektua gauzatzeari ekinen dio, eraikin publikoan izan, pribatuan edo erlijiosoan, eta sortzen diren gastuak ordainduko ditu.

Toki entitateak azaroaren 15a arteko denbora dauka, gehienez ere, egindako jarduketen azken txostena eta izandako gastuen fakturak aurkezteko.

Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak, Ingurumeneko zuzendari nagusiaren ebazpenaren bidez, behar den bezala azaldutako gastuak ordainduko dizkio toki entitateari.

Ordainketa aldi bakar batean eginen da, jarduketa egin eta gastu guztiak fakturen bidez justifikatu ondotik, lanak azpikontrata baten bitartez egin baditu, edo izandako gastuaz udalak prestatutako ziurtagiria aurkeztu ondotik, Udalak bere baliabideekin egin baditu.

Gastuen egiaztagiriak Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuko Erregistroan aurkeztu beharko dira.

Faktura eta gastuen egiaztagiri guztietan honako datu hauek bildu beharko dira gutxienez:

_Laguntza eskatzen duen udalaren gainekoak: izena, IFZ, eguna eta kontzeptua.

_Faktura jaulki duenaren gainekoak: izena, helbidea, IFZ eta fakturan azaltzen den dirua jaso izana egiaztatzeko sinadura.

Hamargarrena._Betebeharrak.

Hona hemen laguntza hauen onuradunen eginbeharrak:

a) Diruz lagundu behar diren lanak egitea, kontzesioan onartutako baldintza teknikoei jarraikiz eta Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuko langileek eman ditzaketen jarraibideekin bat eta organo eskudunak egin dezakeen ikuskapenaren menpe.

b) Organo emaileari erakustea beharkizunak eta baldintzak betetzen direla; orobat, hari frogatzea dirulaguntza emateko edo dirulaguntza jasotzeko arrazoi izan diren jarduera eta helburua egin eta bete direla.

c) Debeku da ekintza baterako ematen den dirulaguntza beste ekintza baterako erabiltzea. Ekintza baten barrenean aldaketa partzialak onar daitezke, bai proiektuan bai lanetan, betiere Habitaten Atalak onetsiak badira. Nolanahi ere, ekintza horretarako eman den dirulaguntza ez da gainditzen ahal.

d) Informazio guztietan adieraztea jarduera edo proiektua Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuaren laguntzarekin egiten ari dela.

e) Jasotako diruaren erabilpenari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanak egin ahal izateko.

f) Foru agindu honetan ezarritako baldintza eta arau guztiak betetzea.

Hamaikagarrena._Baldintzak ez betetzea.

Dirulaguntzaren xedeko jardueraren baldintzak osorik edo partez betetzen ez badira, dirulaguntza oso-osorik itzuli beharko da, baita dirulaguntza ordaindu zenetik dagokion berandutza interesa ordainduko ere, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 11/2005 Foru Legeko 35. artikuluan xedaturikoarekin bat.

Hamabigarrena._Bateragarritasuna beste laguntza batzuekin.

Laguntza hauek bateragarriak dira era guztietako gainerako dirulaguntzekin. Baina, programa edo jarduera baterako bi dirulaguntzaren edo gehiagoren bidez emandakoaren zenbatekoa, guztira, ez da inolaz ere kostu osoa baino handiagoa izanen.

Aurreko lerroaldean aurreikusitako ondorioetarako, onuradunak helburu horrexetarako beste dirulaguntzaren bat jasotzen baldin badu Habitaten Atalari jakinarazi beharko dio, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 11/2005 Foru Legeko 9. artikuluko d) idatz-zatian xedaturikoarekin bat.

Hamahirugarrena._Dirulaguntzen kontrola.

Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak dirulaguntzak emateko ezarritako baldintzak betetzen diren eta aurreikusitako inbertsioak egoki egiten diren begiratuko du. Hori helburu, bidezko ikuskapen eta egiaztapenak egin ditzake, eta laguntzen onuradunei jarduerari buruzko informazio eta egiaztagiriak aurkezteko eska diezaieke, baita haren aurrean agertzeko ere.

Hamalaugarrena._Errekurtsoak.

Legitimatutako toki erakundeek deialdi honen, bertako arauen eta aplikatzeko egintzen aurkako administrazioarekiko auzi-errekurtsoa paratzen ahalko dute, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, argitaratu edo jakinarazi den egunetik hasita, Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua eginez, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritakoarekin bat.

ERANSKINA

Eskabide eredua

(Udalak): Izena: ................., NANa: .........., ...................Udaleko alkateak,

Honako hau azaltzen dut:

Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak zikoin zurien habiak 2007. urtean egokitzeko jarduerak egiteko sustatu duen eta .........................(e)ko .......zenbakiko Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu den deialdiari dagokionez, uste dut eskatzen diren beharkizunak betetzen ditudala eta deialdi horren oinarriak osorik onartzen ditut. Halaber, adierazten dut ez dudala jarduera bera egiteko beste dirulaguntzarik jaso eta hori zortzigarren oinarrian ezarri dena betez justifikatzen dut; eskatzen den dokumentazioa aurkeztu dut eta adierazten inbertsioaren ..................... euroko kostua finantzatzeko laguntza ematea eskatzen dudala.

(dirulaguntzak estali nahi dituen gastuen zenbatekoa azaldu, zifra eta letretan) ................................................................ euro.

Horrenbestez,

Eskatzen dut:

Eskabide hau onartzeko eta erantsi diren agiri guztiak hautapen bidean jartzeko.

....................(e)n, 2007ko ...................aren ......(a)n.

(Eskatzailearen sinadura)

INGURUMEN ZUZENDARI NAGUSIA

Iragarkiaren kodea: F0707757