7. ALDIZKARIA - 2007ko urtarrilaren 15a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

ERABAKIA, 2006ko abenduaren 11koa, Nafarroako Gobernuak hartua, Hezkuntza eta Zientzia Ministerioaren eta Nafarroako Foru Komunitateko Hezkuntza Departamentuaren arteko lankidetza hitzarmena onesten duena, eskoletako liburutegiak hobetzeko.

Hezkuntza eta Zientzia Ministerioak eta Hezkuntza Departamentuak lankidetza hitzarmenerako baldintzak ezarri dituzte, eskoletako liburutegiak hobetzeko.

Lankidetzarako baldintza horiek lankidetza hitzarmen batean bildu dira. Bertan esparru orokorra ezartzen da Hezkuntza eta Zientzia Ministerioak eta Hezkuntza Departamentuak aurrera eraman ditzaten eskoletako liburutegiak hobetzeko jarduketak.

2006ko irailaren 26an Nafarroako Eskola Kontseiluaren Batzorde Iraunkorrak onetsitako 5/2006 Irizpenean egokitzat jotzen zen Hezkuntza eta Zientzia Ministerioak eta Nafarroako Foru Komunitateko Hezkuntza Departamentuak lankidetza hitzarmen hori sinatzea, bidea emanen baitu Lehen Hezkuntzako ikastetxeetako liburutegiak hornituago egoteko, altzari, informatika eta multimedia mailako ekipamendua hobetzeko, eremu fisikoak moldatzeko eta irakasleen prestakuntza hobetzeko, hura kudeatzerakoan. Hori guztia lagungarri izanen da lehen hezkuntzako ikasleen artean irakurzaletasuna sustatzeko legezko agindua egi bihur dadin.

Aipatu hitzarmeneko zortzigarren klausulak adierazten duenez, hitzarmenak indarra du 2008ko abenduaren 31 arte. Hitzarmena berritu edo aldatzeko, agiri espresua beharko da. Hurrengo ekitaldietan kreditu berriak xedatzeko jaso beharko da "addenda" motako agiri batean, hitzarmenari erantsiko baitzaio.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuak, Hezkuntza kontseilariak proposaturik,

ERABAKI DU:

1. Lankidetza hitzarmena onestea, Hezkuntza eta Zientzia Ministerioaren eta Hezkuntza Departamentuaren artekoa, eskoletako liburutegiak hobetzeko. Testua erabaki honen eranskinean ageri da.

2. 2007ko ekitaldiari dagokion gastua 67.817 euro izanen da: 29.550 euro "Ikastetxe publikoetako hornidura" izeneko 410001-41120- 6059325100 kontusailaren kargura; 32.550 euro "Argitalpenak, ikerlanak eta hezkuntza arloko esperientziak" izeneko 422000-41510-2400-321200 kontusailaren kargura; 5.717 euro "Irakasleen prestakuntza jarduerak" izeneko 422001-41520-2266-321200 kontusailaren kargura, 2007ko aurrekontuan helburu horietarako izanen baitira.

3. 2008ko ekitaldiari dagokion gastua 67.817 euro izanen da: 29.550 euro "Ikastetxe publikoetako hornidura" izeneko 410001-41120-6059-325100 kontusailaren kargura; 32.550 euro "Argitalpenak, ikerlanak eta hezkuntza arloko esperientziak" izeneko 422000-41510-2400-321200 kontusailaren kargura; 5.717 euro "Irakasleen prestakuntza jarduerak" izeneko 422001-41520-2266-321200 kontusailaren kargura, 2008ko aurrekontuan helburu horietarako izanen baitira.

4. Erabaki hau igortzea Eskola eta Lanbide Irakaskuntzaren Zuzendaritza Nagusiari, Eskola Antolamendu eta Berriztapenerako Zerbitzuari, Ikastetxeen eta Ikasketetarako Laguntzen Zerbitzuari eta Hezkuntza Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiari, behar diren ondorioetarako.

5. Erabaki hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

Iruñean, 2006ko abenduaren 11n._Nafarroako Gobernuko kontseilari eta idazkaria, Javier Caballero Martínez.

ERANSKINA

Lankidetza hitzarmena, Hezkuntza eta Zientzia Ministerioaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen artekoa, eskoletako liburutegiak hobetzeko

Madrilen, 2006ko ...............aren ......(e)an.

Bildurik:

Alde batetik Mercedes Cabrera Calvo-Sotelo andrea, Hezkuntza eta Zientzia ministroa, apirilaren 10eko 464/2006 Errege Dekretuaren bidez kargu horretarako izendatua (86. "Estatuko Aldizkari Ofiziala", 2006ko apirilaren 11koa), Estatuko Administrazio Orokorraren Antolaketa eta Funtzionamenduari buruzko apirilaren 14ko 6/1997 Legearen 13.3 artikuluak (1997ko apirilaren 15eko "Estatuko Aldizkari Ofiziala") esleitzen dion eskumena erabiliz.

Bestetik, Luis Campoy Zueco jauna, Hezkuntza kontseilaria, Nafarroako Gobernuko lehendakariak uztailaren 2ko 11/2003 Foru Dekretuaren bidez izendatua, Nafarroako Gobernuaren izenean eta hura ordezkatuz, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen .41.artikuluak xedatutakoaren babesean

Adierazten dute:

1. Espainiako Konstituzioaren 27. artikuluak adierazten du hezkuntza denon eskubidea dela eta botere publikoei ezartzen die eskubide hori bermatzeko betebeharra. Gaur egun hezkuntzarako eskubidea soilik uler daiteke haur eta gazteek hartzen duten hezkuntza kalitate handikoa izatearen aldetik, familiaren eta ingurumenaren baldintza sozial, kultural eta ekonomikoei begiratu gabe.

2. Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 47. artikuluan xedatzen denez, Nafarroako Foru Komunitateari dagokio eskumena irakaskuntzaren legegintzako garapenerako eta hura gauzatzeko, irakaskuntza osoa alegia, maila, gradu, modalitate eta espezialitate guztiak, Konstituzioaren 27. artikuluan eta 81. artikuluaren 1. idatz-zatiaren arabera hura garatzen duten legeetan xedatutakoarekin bat, ezertan ukatu gabe 149.1.30 artikuluak Estatuari ematen dizkion ahalmenak eta bete eta garatzeko goi mailako ikuskapena.

3. Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren (LOE) 9. artikuluak ezartzen duenez Estatuak lurralde mailako lankidetza programak sustatuko ditu, hezkuntzako helburu orokorrak lortu eta oinarrizko gaitasunak indartzeko, autonomia erkidegoekiko hitzarmen eta itunen bidez.

4. Lege horretan eskoletako liburutegiei ematen zaien garrantzia ageri da atariko tituluan berean. Bertan, eta hezkuntzaren helburuen artean (2. art.), azaltzen da botere publikoek lehentasuna emanen dietela irakurzaletasunaren sustapenari eta eskoletako liburutegien erabilerari, irakaskuntzaren kalitatea laguntzen duten faktoreak diren heinean. 113. artikuluak espresuki aipatzen du eskoletako liburutegiek lagunduko dutela irakurzaletasuna sustatzen eta ikasleak iristen informaziora eta bestelako baliabideetara, beharrezkoak direnak gainerako arlo eta gaiak ikas ditzaten eta haien erabilera kritikoan trebatu daitezen. Halaber, adierazten du hezkuntzako administrazioek ikastetxe publikoetako liburutegiak osatzen joanen direla eta eskoletako liburutegien antolamenduak ahalbidetu behar duela haien funtzionamendua hezkuntza komunitateari irekitako eremu gisa.

5. Era berean, legearen 112. artikuluak, 1. idatz-zatian, azaltzen du hezkuntzako administrazioei dagokiela ikastetxe publikoak giza baliabideez eta materialez hornitzea, kalitateko hezkuntza eman eta hezkuntzarako aukera berdintasuna bermatzeko behar dituztenak.

6. 2005eko azaroaren 11n, Ministroen Kontseiluak onetsi zuen autonomia erkidegoei banatzea hasierako kreditu bat, 25.000.000 eurokoa, eskoletako liburutegiak hobetzeko derrigorrezko bigarren hezkuntzako, batxilergoko eta lanbide heziketako zentroetan. Ekarpen horrek, hezkuntzako administrazioek paraleloan eraman dezaketen finantzaketarekin batera, aukera emanen die zentro horiei datozen bi urteetan hornidurak handitu eta haien beharretara egokitzeko, instalazioak egokitzeko eta, azken finean, zentro guztietan ezinbestekoa den baliabide hori hobetzeko.

7. 2006ko apirilaren 21ean Ministroen Kontseiluak onetsi zuen, Hezkuntza Konferentzia Sektorialaren barnean ezarritako irizpideekin bat, autonomia erkidegoei bigarren kreditu bat banatzea, 9.000.000 eurokoa, eskoletako liburutegiak hobetzeko lehen hezkuntzako zentroetan.

Horren ondorioz, Hezkuntza eta Zientzia Ministerioak eta Nafarroako Gobernuak, aldez aurretik Politika Autonomikorako Gobernu-Batzorde Delegatuak onespena emanda, hitzarmen hau sinatu dute ondoko klausulei jarraikiz

KLAUSULAK

Lehena._Hitzarmenaren xedea.

Hitzarmen honen xedea da Hezkuntza eta Zientzia Ministerioaren eta Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren arteko lankidetza tresnak ezartzea, hitzarmenean diren zehaztapenei jarraikiz, Foru Komunitatearen jarduketak laguntzeko, eskoletako liburutegiak hobetzeari dagokionean.

Bigarrena._Jarduketen azalpena.

Jarduketak ondotik aipatzen diren alderdien ingurukoak izanen dira:

_Eskoletako hornidurak hobetzea; haiek eguneratzea eta ikastetxean irakasten denari eta ikasleen adinari egokitzea: liburuak, aldizkariak, euskarri informatikoan den dokumentazioa eta bideoko zein audioko baliabideak.

_Ikasgelako liburutegien hornidura.

_Altzariak eta informatikako zein multimediako materiala erostea, lan eta irakurketa inguruneak, sailak biltegiratzeko baliabideak eta dokumentazioa bilatu eta eskuratzeko sistemak eskolako liburutegiak bete behar dituen beharretara egokitzeko.

_Instalazioak berritzea liburutegiaren erabilerarekin egokiago moldatzeko. Berritze horretan sartzen dira internetera lotzeko egokitzapenak.

_Instalazioak egokitzea ikastetxeko gainerakoaz landa erabili ahal izateko, eskola ordutegitik at.

_Eskoletako liburutegietako arreta hobetzea.

_Irakasleendako prestakuntza programak, dokumentuen eta liburutegien kudeaketari eta eskolako liburutegia curriculumaren garapenerako erabiltzeari buruzkoak.

Hirugarrena._Ekarpen ekonomikoak 2006. urtean.

Hezkuntza eta Zientzia Ministerioak 135.633,12 euroko ekarpena eginen du, Nafarroako Foru Komunitatearen menpe diren eskoletako liburutegiak hobetzeko jarduketak laguntzeko, Ministerioan indarra duen aurrekontuko 18.11.322B.453 aplikazioaren kontura.

Nafarroako Foru Komunitatearen ekarpena, gutxienez ere, 135.633,12 euro izanen da, lehen hezkuntzako zentroetako eskoletako liburutegiak hobetzeko. Ekarpen hori egiten ahalko da ekitaldi honetan eta hurrengo bi urteetan.

Laugarrena._Funts ekonomikoen banaketa.

Nafarroako Foru Komunitateak funtsen banaketa eginen du eta aplikatuko ditu hitzarmen honen bigarren klausulan biltzen diren jarduketetarako, halako moduan non, gutxienez ere Nafarroako Foru Komunitatearen menpe dauden lehen hezkuntzako zentro publikoetatik erdiek gutxieneko zenbateko bat jasoko duten, haien tamainaren arabera, 500 eurotik 1.500era, eskoletako liburutegien hornidurarako. Zenbateko hori handitzen ahalko da Foru Komunitateak ezartzen dituen irizpidei jarraikiz, eta, betiere, aipatu alderdiak kontuan hartuta.

Bosgarrena._Pagamenduaren prozedura.

Hitzarmen hau sinatutakoan Hezkuntza eta Zientzia Ministerioak Nafarroako Foru Komunitateari eskualdatuko dio 2006. urteari dagokion ekarpen ekonomikoa.

Ordainketaren justifikaziorako, Nafarroako Foru Komunitateak agiriak bilduko ditu, hitzarmenaren xede diren jarduketen garapenaren eta gastuaren justifikazioaren gainekoak, Aurrekontuei buruzko azaroaren 26ko 47/2003 Lege Orokorraren 86. artikuluak autonomia erkidegoendako ezarritakoari jarraikiz.

Seigarrena._Publizitatea.

Nafarroako Foru Komunitateak aditzera emanen ditu, behar diren bide ofizialen bitartez, eskoletako liburutegiak hobetzeko programa kofinantzatzeko erabiliko den aurrekontuko aplikazioa eta Foru Komunitateak onetsitako kredituaren behin betiko banaketa.

Halaber, azalduko du zein den Estatuaren ekarpena deialdian eta haren ondoriozko laguntzen publizitatean, ebazpenean eta jakinarazpenean. Bereziki, argitalpen inprimatutakoetan edo elektronikoetan eta jakinarazpenetan, edozein bidez egindakoetan, Hezkuntza eta Zientzia Ministerioaren logo instituzionala izanen dute eta honako aipu espresua eginen: "Hezkuntza eta Zientzia Ministerioak kofinantzatutako programa".

Zazpigarrena._Jarraipenerako Batzorde Mistoa.

Estatuak 2005ean eta 2006an egindako ekarpenen ondorioz eskoletako liburutegietan izandako hobekuntzaren jarraipena eta ebaluazioa egiteko eta hitzarmen hau interpretatu eta betearazteko, bi aldeek adostu dute batzorde misto paritario bat eratzea, sei kide izanen dituena: haietariko bi Hezkuntza eta Zientzia ministerioak izendatuko ditu, Gobernuak Nafarroako Foru Komunitatean duen Ordezkaritzak bat izendatuko du eta Nafarroako Foru Komunitateko Hezkuntza Departamentuak hiru.

Jarraipen Batzorde horretan Nafarroako Foru Komunitateak informazioa emanen du, lehen eta bigarren hezkuntzan bere menpe diren zentroetako eskoletako liburutegiak hobetzeko jarduketak abian jartzearen ingurukoa, eta dokumentazioa emanen dio Hezkuntza eta Zientzia Ministerioari, ondokoak justifikatzeko: funtsak zertarako erabil diren, haiek banatzeko irizpideak, hitzarmenaren hirugarren klausulan aipatzen diren ekarpen ekonomikoak jaso dituzten zentroen zerrenda eta hitzarmenaren gainerako klausulak betetzearekin zerikusi duen oro.

Zortzigarrena._Indarraldia eta amaiera.

Hitzarmen honek indarra izanen du sinatzen den egunetik 2008ko abenduaren 31 arte, eta espresuki berritzen edo aldatzen ahalko da, behar den agiriaren bitartez. Geroko ekitaldietako aurrekontuetan kreditu gehiago xedatzeko dagozkien adendak sinatzen ahalko dira, hitzarmenaren zati banaezina izanen direnak. Haietan ekarpen ekonomiko berriak eta behar diren aldaketak jasoko dira.

Hitzarmen hau aplikatu, interpretatu eta aldatzean eta haren ondorioetan eta amaieran sor daitezkeen hauziak ebatziko dira Administrazioarekiko auzien jurisdikzioa arautzen duen Legean xedatutakoari jarraikiz.

Eta adostasunaren frogagarri, Hitzarmen hau sinatzen dute, bi aletan, lehentxeago esandako egunean eta tokian, eta ale bana geldituta alde sinatzaileen eskuetan.

Hezkuntza eta Zientzia Ministerioaren aldetik._Hezkuntza eta Zientzia ministroa, Mercedes Cabrera Calvo-Sotelo.

Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren aldetik._Hezkuntza kontseilaria, Luis Campoy Zueco.

Iragarkiaren kodea: F0619789