69. ALDIZKARIA - 2007ko ekainaren 4a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Plantilla Organikoa, Lan Publikoaren Eskaintza, oposizioak eta lehiaketak

DEIALDIA, Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiak maiatzaren 14ko 1583/2007 Ebazpenaren bitartez onetsia, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko zaintzaile gerontologiko izateko 44 lanpostu oposizio bidez betetzekoa. Horietarik 10 lan araubideko lanpostuak dira, lanaldi partzialeko kontratuarekin.

Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiak maiatzaren 14an emandako 1583/2007 Ebazpenaren bitartez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko zaintzaile gerontologiko izateko 44 lanpostu oposizio bidez betetzeko deialdia onetsi zen. Horietarik 10 lan araubideko lanpostuak dira, lanaldi partzialeko kontratuarekin.

Hautapen prozesua ondoko hauetan xedatutakoari jarraikiz eginen da: Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina, abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsi zena, aipatu estatutua garatu eta burutzeko Sarrera Erregelamendua, gainerako aplikazio arauak eta deialdi honetako arauak.

1._Deialdiaren xedea.

1.1. Deialdi honen xedea da oposizio bidez zaintzaile gerontologiko izateko 44 lanpostu, D mailakoak, funtzionario araubidekoak, betetzea. Txandak hauek izanen dira:

_20 lanpostu txanda irekian.

_21 lanpostu igoera txandan.

_3 lanpostu txanda murriztuan, %33ko edo hortik gorako ezgaitasuna duten pertsonentzat.

1.2. Hauek dira eskaintzen diren lanpostu hutsak:

_39 lanpostu Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuaren "El Vergel" zahar-etxeari atxikiak, 29 lanpostu funtzionarioen araubidekoak, plantilla organikoko zenbaki hauekin: 3032, 3033, 3034, 3068, 3076, 3092, 3106, 3123, 3131, 3132, 3134, 3135, 3136, 3138, 3139, 3152, 3154, 3155, 3157, 3158, 3166, 3172, 3175, 3176, 3178, 3183, 3186, 6569 eta 6570; eta 10 lanpostu lan araubidekoak, asteburu eta jaiegunetarako lanaldi partzialeko kontratua dutenak, plantillako zenbaki hauekin: 4655, 7233, 7234, 7235, 7236, 7237, 7238, 7239, 7240 eta 7241.

_5 lanpostu Lizarrako "Santo Domingo" zahar-etxeari atxikiak, funtzionarioen araubidekoak, plantilla organikoko zenbaki hauekin: 3028, 3045, 3182, 4595 eta 4651.

1.3. Igoera txandako lanpostuak hutsik geldituz gero, izangaiek hautapen probak gainditzeko behar den gutxieneko puntuazioa atera ez dutelako, txanda irekikoei gehituko zaizkie.

Ezgaitasuna dutenentzako txandako lanpostuak, izangaiek hautapen probak gainditzeko behar den gutxieneko puntuazioa atera ez dutelako bete gabe geldituz gero, beste txandetakoei gehituko zaizkie, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren 15.3 artikuluan ezarritako ordenaren arabera.

Orobat, igoera txandan edota ezgaitasuna dutenentzako txandan eskaintzen diren lanpostuak baino izangai gehiagok gainditzen badute, txanda horretan lanpostua eskuratzen ez dutenek aukera izanen dute txanda irekiko lanpostu hutsak eskuratzeko, txanda horretako izangaiekin lehia garbian eta eskuratutako azken puntuazioaren arabera.

Era berean, txanda irekiko lanpostuak eskuratzeko aukera izanen dute, aurreko lerroaldean adierazitako moduan, deialdiko 7.2 arauan agiriak aurkezteko ezartzen den epea bukatzen denean deialdiko 2.1.2 arauko eskakizun berariazkoak betetzen ez dituzten igoera txandako izangaiek.

1.4. Lanpostuek D mailako lansariak izanen dituzte, uztailaren 4ko 158/1984 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Lansarien Behin-behineko Erregelamenduan eta, kasuan kasu, aplikatu beharreko gainerako xedapenetan ezarritakoari jarraikiz.

1.5. Halaber, deialdi honen bidez hautaprobak gainditu bai baina lanposturik lortzen ez duten izangaiekin aldi baterako kontratatuak izateko izangaien zerrendak osatuko dira, deialdi honetako 10. arauan xedaturikoarekin bat.

2._Izangaiek bete beharreko baldintzak.

2.1. Oposizio honetan onartuak izateko, izangaiek, eskaerak aurkezteko epea amaitzen den egunean eta agiriak aurkezteko epea amaitzen denetik (deialdiaren 7.2 atalean adierazia) lanpostuaren jabetza hartu arte, baldintza hauek bete beharko dituzte:

2.1.1. Izangai guztiek bete beharreko baldintzak

a) Espainiarra izatea, edo Europar Batasuneko beste estatu batekoa, edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunak direla medio, langileen zirkulazio librea aplikatzen den eremuko estatu batekoa.

Orobat, espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatuetako edo aipatu nazioarteko itunek ukitutako estatuetako herritarren ezkontideek parte hartzen ahal dute, zuzenbidez bereizita ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bereizita ez badaude, 21 urtetik beherakoak badira, edo gorakoak, haien kontura biziz gero.

b) Adin nagusikoa izatea eta erretiroko adina ez izatea.

c) Lanbide Heziketako Erizaintzako zainketa lagungarrietako teknikaria edo horren baliokidea den titulua edukitzea, edo eskaerak aurkezteko epean bukatzen den egunean eskuratzeko maneran egotea.

Atzerrian lorturiko tituluak badira, homologazioaren egiaztagiria eduki beharko da.

d) Bete behar dituen eginkizunetan aritzeko adinako gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.

e) Eginkizun publikoetan aritzeko desgaitu edo gabetua ez egotea eta administrazio publikoren baten zerbitzutik bereizia ez izatea.

Espainiako nazionalitatea ez duten izangaiek frogatu beharko dute beren estatuko funtzio publikoan sartzea eragozten dien diziplina zehapenik edo zigor penalik ez dutela.

2.1.2. Igoera txandako izangaiek bete beharreko baldintza berariazkoak.

Igoera txandako izangaiek, aurreko atalean adierazitako betebeharrez gain, hauek bete beharko dituzte:

a) Nafarroako edozein Administrazio Publikotako langile finkoa izatea, edo Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari transferitutako Justizia Administrazioaren zerbitzuei atxikitako langile finkoa, eta jatorrizko lanpostuan borondatezko edo nahitaezko eszedentzian ez egotea.

b) Deialdiko lanpostu hutsen maila berekoa edo apalagokoa izatea.

c) Administrazio Publikoetan bost urteko antzinatasun onartua izatea.

Nafarroako Administrazio Publikoetan lan egiten duten langileen Estatutuaren zortzigarren xedapen gehigarrian ezarri dena aplikatuz, igoera txandan esku hartzeko baldintzak betetzen dituzten Nafarroako Parlamentuko funtzionarioek ere txanda horretan parte hartzen ahalko dute.

2.1.3. Ezgaitasunak dituzten pertsonentzako txandako izangaiek bete beharreko berariazko baldintza.

Ezgaitasuna duten lagunentzako txandako izangaiek, 2.1.1 atalean aipatzen diren baldintzez gain, ofizialki aitorturik eduki beharko dute %33ko edo hortik goitiko ezgaitasuna.

2.2. Deialdiko 3.3 arauaren bigarren puntuan aipatzen den salbuespena salbuespen, izendatuak izateko proposatzen diren izangaiek deialdiko 7.2 atalean ezarritako epean eta moduan frogatu beharko dituzte betebehar horiek.

3._Eskaerak.

3.1. Deialdian parte hartzeko eskaerak Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuko Erregistro Orokorrean (Karlos III.aren etorbidea, 2, 31002 Iruña) edo erregistro horretako beste edozein bulegotan (zerrenda 2007ko 14. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, maiatzaren 31n) aurkeztu beharko dira, edo, bestela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 20ko 30/1992 Legeko 38.4 artikuluan adierazitako bideren bat erabiliz, deialdia Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hogeita hamar egun naturaleko epean.

Eskaera posta bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal irekian eginen da, postako langileek, ziurtatu aurretik, data eta zigilua jar ditzaten.

Eskabideak deialdi honen eranskinean dagoen ereduari lotu behar zaizkio eta, haietan, izangaiek adierazi beharko dute eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela. Eredu hori Nafarroako Gobernuaren edozein erregistro bulegotan dago eskuragarri. Interneten bidez ere lortzen ahal da, www.navarra.es helbidean, bai argitaratzen deneko Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALetik abiatuta, bai "Zerbitzuak", "Enplegu publikoa" atalean dagoen deialdiaren aiputik abiatuta.

3.2. Ezgaitasun aitortua duten lehiatzaileek, ariketak egin ahal izateko denbora edo baliabideetan egokitzapenik behar badute, zilegi izanen dute eskabidean eskatzea, eta hartarako, aparteko orri batean adierazi beharko dute nolako ezgaitasuna duten eta zer egokitzapen eskatzen duten. Horrekin batera, legeen arabera ezgaitasunen bat dutela frogatzeko agiriaren kopia konpultsatua ere aurkeztu beharko dute, organo eskudunak emana.

3.3. Eskabideari, behar bezala bete ondoren, agiri hauek erantsiko zaizkio:

Bat._Espedientea formalizatzeko eta azterketa eskubideetarako 6 euro ordaindu izanaren ziurtagiria. Azterketa eskubideen tasa ordaintzen ez bada, izangaia baztertu eginen da.

Prozedura hauetako bat erabiliz ordaintzen ahalko da tasa hori:

_Behar bezala betetako ordainketa gutuna erabiliz; Foru Komunitateko Administrazioak Nafarroako finantza entitateetan dituen kontuetan sartuko da dirua. Arestian aipatutako webgunean, deialdiaren iragarkian, ordainketa gutunaren eredua dago.

_Sarrera eskudirutan edo bankuko transferentzia bidez eginez, Banestoko (Banco Español de Crédito) 00308124 87 0870002271 kontuan; horrelakoetan ordainagirian datu hauek jarri beharko dira nahitaez:

_Izangaiaren izen-deiturak.

_NANa/IFZ.

_Ordainketa zein kontutan egiten den, haren zenbakia.

_Kontzeptua: oposizioak.

_Deialdiaren xede den lanpostua.

Honako hauek ez dute tasarik ordaindu beharko:

a) %33ko edo gehiagoko ezgaitasun aitortua dutela frogatzen duten pertsonek, organo eskudunak luzaturiko jatorrizko agiriaren edo behar bezala konpultsaturiko fotokopiaren bidez.

b) Hautaproben deialdia egin aurretik hilabete batez edo luzaroago lan-eskatzaile gisa inskribaturik egon diren pertsonak. Salbuespen hori aplikatzeko baldintza izanen da inskribaturik egon diren bitartean eskainitako inolako lan egokiri uko egin ez izana eta lanbide sustapen, prestakuntza edo aldaketarako ekintzetan parte hartzeari uko egin ez izana, justifikaturiko kasuetan izan ezik, eta, horrez gainera, lanbide arteko gutxieneko soldatatik gorakoa den dirusarrerarik ez izatea hilabetero.

Lan-eskatzailea dela frogatzeko, Enplegu Bulegoak emandako agiria aurkeztu beharko da. Bertan, lan-eskatzaile gisa inskribatu zeneko data agertuko da eta, orobat, adieraziko da inskribaturik egon den bitartean ez diola uko egin handik eskainitako inolako lan egokiri, ez eta lanbide sustapen, prestakuntza edo aldaketarako ekintzetan parte hartzeari ere, justifikaturiko kasuetan izan ezik.

Hilabetero lanbide arteko gutxieneko soldatatik gorako dirusarrerarik ez duela interesdunaren adierazpenaren bidez frogatuko da. Adierazpen eredua Nafarroako Gobernuko Informazio Bulegoan eskuratzen ahalko da, edo bestela Internet bidez, arestian emandako helbidean.

Bi._Deialdian igoera txandan parte hartu nahi duten izangaiek, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa ez den Nafarroako beste Administrazio Publiko bateko langile finkoak badira, edo Nafarroako Foru Komunitateari eskualdatutako Justizia Administrazioko zerbitzuei atxikitako langile finkoak, lehengoaz gainera, deialdi honetako 2.1.2 arauan jasotzen diren eskakizunak betetzen dituztela frogatzen duen agiria gehitu beharko diote eskabideari.

Hiru._%33ko edo hortik goitiko ezgaitasuna dutenentzako txandan parte hartzea eskatzen duten izangaiek ezintasuna frogatzeko emandako agiriaren kopia konpultsatua erantsi beharko diote eskabideari.

3.4. Eskaerak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

3.5. Eskabidean atzematen diren akats materialak edo egitezkoak ofizioz edo interesdunak eskaturik zuzentzen ahalko dira, noiznahi ere.

4._Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskaerak aurkezteko epea bukaturik, Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiak ebazpena emanen du izangai onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadila aginduko du.

4.2. Izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute, behin-behineko zerrenda Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen denetik, erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, zuzentzeko.

4.3. Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta horiek ebatzita, Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiak onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpena emanen du, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadila aginduko.

4.4. Izangaiei egotziriko arrazoiengatik baztertzen direnei ez zaizkie azterketa egiteko eskubideak itzuliko.

5._Epaimahaia.

5.1. Epaimahaiak kide hauek izanen ditu:

_Epaimahaiburua: José Antonio Marañón Oricáin, Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuko Giza Baliabideen eta Araubide Juridikoaren zuzendariordea.

_Ordezkoa: Begoña Rodríguez Marcos, Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuko Menpekotasunen arloko Laguntzaren zuzendariordea.

_Mahaikidea: Alberto Sola Mateos, Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuari atxikitako medikua.

_Ordezkoa: Silvia Pilart Medina, Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuko El Vergel zahar-etxeari atxikitako OLT.

_Mahaikidea: Miren Bakarne Rázquin Bozal, Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuko "El Vergel" zahar-etxeko zuzendaria.

_Ordezkoa: María Angeles Egea Beorlegui, Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuaren "El Vergel" zahar-etxearen Erizaintza Koordinatzeko Bulegoko burua.

_Mahaikidea: Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuko Langileen Batzordearen ordezkari bat, batzordeak berak proposatua.

_Ordezkoa: Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuko Langileen Batzordearen ordezkari bat, batzordeak berak proposatua.

_Mahaikide idazkaria: Jesús Angel Sánchez Videgáin, Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuko Langileria Ataleko burua.

_Ordezkoa: Francisco Sanquirce Delgado, Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuko Langileriaren Kudeaketarako Bulegoko burua.

Epaimahaia hautaprobak hasi baino lehen eratuko da.

5.2. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta aritu ere, kideen gehiengo osoa bertan izan gabe.

Organo kolegiatuaren eraketak eta jardunak balio izateko, mahaiburuak eta mahaikide idazkariak edo haien ordezkoek bertan egon beharko dute.

5.3. Epaimahaiko kideek ez dute parte hartuko, eta organo dei egileari horren berri emanen diote, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean parte ez hartzeko aipatzen diren egoeretakoaren batean baldin badaude.

Izangaiek, halaber, zilegi dute mahaikideak errefusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

5.4. Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdiaren oinarriak ulertu eta aplikatzeko moduaren inguruan sortzen diren arazo guztiak.

5.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko eta horietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

6._Oposizioa nola eginen den.

6.1. Oposizioa 2007ko urrian hasiko da. Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean berean finkatuko dira probak hasteko tokia, eguna eta ordua.

Ondoren, epaimahaiak gainerako probak egiteko iragarkiak jakinaraziko ditu, arauz egin behar den moduan.

6.2. Oposizioak ariketa hauek izanen ditu:

Lehena: deialdiko II. eranskineko gai zerrendaren bigarren zatian jasotako gaiei buruzko zenbait galdera erantzun beharko dira. Galderek erantzun batzuk izanen dituzte, baina haietariko bat bakarrik egonen da ongi. Epaimahaiak ariketa hori egiteko izangaiek zenbat denbora duten adieraziko du haren hasieran. Erantzun hutsak zehatu eginen dira.

Bigarrena: gai zerrendaren lehen zatiaz galdera-sorta bat erantzun beharko da. Galderek erantzun batzuk izanen dituzte, baina haietariko bat bakarrik egonen da ongi. Epaimahaiak ariketa hori egiteko izangaiek zenbat denbora duten adieraziko du haren hasieran. Erantzun hutsak zehatu eginen dira.

6.3. Oposizioko balorazioan 30 puntu eman daitezke gehienez ere, honela banatuak:

Lehena: gehienez 20 puntu.

Bigarrena: gehienez 10 puntu.

6.4. Oposizioko ariketak baztergarriak izanen dira. Lehenbizikoan ariketari dagokion puntuazioaren erdia gutxienez lortzen ez duten izangaiak baztertuko dira. Eta, bigarrenean, zero puntu lortzen dutenak.

6.5. Ariketarako dei bakarra eginen da. Izangaiek Nortasun Agiri Nazionala, gidabaimena edo pasaportea eraman beharko dute. Oposiziotik kanpo geldituko dira agertzen ez direnak edo nortasuna aipatutako agirien bidez frogatzen ez dutenak.

6.6. Ariketak zuzendu ondoren, epaimahaiak jendaurrean jarriko du, Nafarroako Gobernuaren iragarki oholean eta ariketa egin den tokian, gainditu duten izangaien zerrenda, lortutako kalifikazioekin eta, halaber, oposizioaren hurrengo proba edo ariketa egiteko tokia, eguna eta ordua, gutxienez 48 ordu lehenago.

6.7. Ariketa bakoitzerako dei bakarra eginen da. Izangaiek nortasun agiri nazionala, pasaportea edo gidatzeko baimena eraman beharko dute. Azterketara agertzen ez direnak edo arestian aipatutako agirietako baten bidez beren nortasuna egiaztatzen ez dutenak oposiziotik baztertuko dira.

6.8. Hautaprobak egiteko, ezgaitasun aitorturen bat dutenentzat bidezkoak diren denbora eta baliabide egokitzapenak eginen dira, eskabidean azaldutakoaren arabera.

7._Probak gainditu dituztenen zerrenda, izendapen proposamena eta agirien aurkezpena.

7.1. Hautaprobak amaiturik, epaimahaiak jendaurrean jarriko du probak gainditu dituztenen zerrenda, oposizioan lortutako kalifikazioekin, Nafarroako Gobernuaren iragarki oholean. Gero, zerrenda hori Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiari igorriko dio, deialdiko lanpostuen kopuruaren barruan sartzen diren eta probak puntuazio altuenekin gainditu dituzten izangaiak izendatzeko proposamenarekin eta espediente osoarekin batera. Proposamen hori Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da.

Gertatzen diren berdinketak lehen ariketan puntuazio handiena lortu dutenen alde ebatziko dira.

7.2. Izendapen proposamena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu ondoko 30 egun naturaleko epean, proposatutako izangaiek inprimaki berariazko batzuk jaso eta honako agiri hauek aurkeztu behar dituzte Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusian:

7.2.1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langile finko ez diren izangaiak:

a) Nortasun Agiri Nazionalaren bi fotokopia konpultsatu, edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna frogatzen dituen beste agiri baliokideren batenak.

b) Deialdiko 2. arauan eskatzen den tituluaren fotokopia konpultsatua, lortzeko eskubideak pagatu direla frogatzen duen gordekinarena edo, hala bada, eskaerak aurkezteko epean titulua eskuratzeko moduan dagoela frogatzen duen ziurtagiria.

c) Laneko Arriskuei Aurrea hartzeko Atalak emandako txostena, interesdunak karguan aritzea eragotziko liokeen eritasun edo akats fisiko edo psikikorik ez duela frogatzeko.

Ezgaitasunen bat alegatu duten izangaiek, gainera, ezgaitasuna deialdiko lanpostuarekin bateragarria dela dioen frogagiria aurkeztu beharko dute, balorazio eta orientazio talde eskudunek emana.

d) Eginkizun publikoetarako ezgaitua edo gabetua ez izatearen eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik bereizia ez izanaren zinpeko aitorpena.

Izangaiek Espainiako nazionalitatea ez badute, agiria aurkeztu beharko dute, beren Estatuko Funtzio Publikoan sartzea eragozten dien diziplina zehapenik edo zigor penalik ez dutela adierazteko.

e) Zin egin edo hitz ematea, Nafarroako Foru Eraentza errespetatu, Konstituzioari eta legeei men egin eta karguari dagozkion eginkizunak zuzen beteko dituela.

f) %33ko edo hortik gorako ezgaitasuna aitortzen duen agiriaren fotokopia konpultsatua izatea, baldin eta ezgaitasuna dutenentzako txanda murriztuan parte hartu nahi bada.

g) Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiak eskatzen dizkion gainerako agiriak.

Deialdi hau egin ez duen Nafarroako beste Administrazio Publikoren bateko langile finko, edo Nafarroako Foru Komunitateari eskualdatutako Justizia Administrazioko zerbitzuei atxikitako langile finko diren izangaiek, gainera, aurreko administrazioko espediente pertsonalean ageri diren inguruabar eta aurrekari guztiak frogatzen dituen ziurtagiria aurkeztu beharko dute, hots, sarrerari, antzinatasunari, mailari, egoera administratiboari eta abarrei buruzkoa.

7.2.2. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren edo haren erakunde autonomoen zerbitzuko langile finkoak diren izangaiak:

a) Deialdiko 2. arauan eskatzen den tituluaren fotokopia konpultsatua, lortzeko eskubideak pagatu direla frogatzen duen gordekinarena edo, hala bada, eskaerak aurkezteko epean titulua eskuratzeko moduan dagoela frogatzen duen ziurtagiria.

b) Ezgaitasunen bat alegatu duten izangaiek, gainera, ezgaitasuna deialdiko lanpostuarekin bateragarria dela dioen frogagiria aurkeztu beharko dute, balorazio eta orientazio talde eskudunek emana.

c) Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiak eskatzen dizkion gainerako agiriak.

7.3. Aipatu epearen barrenean, eta aski justifikaturik dauden ezinbesteko kasuak salbuetsiz, arestiko agiriak aurkezten ez dituztenak ezin izanen dira izendatu, eta ordura arteko egintza guztiak baliorik gabe geldituko dira, euren eskabidearen faltsukeria dela eta, legokiekeen erantzunbeharra galarazi gabe.

7.4. Aurreko atalean aurreikusitakoa gertatuz gero, Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiak probak gainditu dituztenen zerrendan, 7.1 atalean aipatutakoan, hurrengoa den izangaiarekin beteko du baja, eta horrekin ere aurreko ataletan adierazitako moduan jokatuko da.

8._Lanpostu hutsak hautatzea.

8.1. Aurreko arauan xedatu dena betetzen duten lehiatzaileek Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiak hartarako jartzen dien epean aditzera eman beharko dute eskaintzen zaizkien lanpostuetatik zein hautatzen duten. Aukeratu beharreko lanpostuak hasieran deitutakoak izanen dira, edo beste batzuk, zerbitzuaren beharrei jarraikiz horiek aldatzea erabakitzen bada.

8.2. Hautaprobak igoera txandaren bidez gainditzen dituzten izangaiek, 8.3 ataleko bigarren lerroaldean aipatutako kasuan izan ezik, lehentasuna izanen dute deialdiko lanpostu hutsak aukeratzerakoan, txanda horretakoak ez diren izangaien aurretik.

8.3. Lanpostu hutsak aukeratzeko orduan, %33ko ezgaitasun aitortua edo handiagoa duten izangaiek lehentasuna izanen dute txanda irekiko izangaien aurretik.

Ezgaitasuna duen izangairik bada, eta horrek eragina badu lanpostu bat edo bestea hautatzeko, aukeratzen hasi aurretik, ezgaitasunarekin hobekien egokitzen direnak esleituko zaizkie, horren gainean balorazio eta orientazio talde eskudunek egindako txostenaren arabera.

9._Izendapena, lanpostuen esleipena eta jabetza hartzea.

9.1. Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiak, ebazpen baten bitartez, aurreko arauetan ezarritakoa betetzen duten izangaiak Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko funtzionario izendatuko ditu, zaintzaile gerontologiko lanetan aritzeko. Ebazpen horren bidez lanpostuen esleipena ere eginen da.

9.2. Izendapenak eta lanpostuaren jabetza hartzeak nomina eta plantillako funtzionario bilakatuko dituzte izendatuak, indarra duten xedapenek ezartzen dituzten eskubide eta betebehar guztiak dituztela. Gizarte Segurantzako araubide orokorrean inskribatu eta kidetuko dira, araubide horretan aurreikusitakoaren babesean.

Aurrekoa gorabehera, Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutua onetsi zuen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bederatzigarren xedapen gehigarriaren 3. puntuan xedatutakoa aplikatzearen ondorioz, Nafarroako administrazio publikoen edozein mutualitatetako eskubide pasiboen araubidekoak direnen kasuan, bi aukera izanen dituzte: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko mutualitatean segitzea, martxoaren 5eko 10/2003 Foru Legearen bidez arauturiko eskubide pasiboen araubideak babesturik, edo Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean sartzea.

9.3. Izendatzen diren izangaiek destinoko herrian bizi beharra dute eta, horretarako, udalerri horretan finkatuko dute bizilekua. Administrazio organo eskudunek destinoa aldatzen ahalko dute, aplikatzekoa den arautegian ezarritakoarekin bat.

9.4. Lanaldia zerbitzuaren beharretara egokituko da eta noiznahi aldatzen ahalko dute administrazio organo eskudunek, aplikatzekoa den araudian ezarritakoarekin bat.

9.5. Izendapena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da eta izangai izendatuak hilabeteko epean jabetu beharko du bere lanpostuaz, izendapenaren jakinarazpenetik kontatzen hasita.

Aipatu epean eta behar bezain ongi arrazoitutako kasuetan izan ezik, izangairen batek ez baldin badu lanpostua bere egiten, Foru Komunitateko Administrazioaren funtzionario izateko eskubide guztiak galduko ditu. Hala bada, 7.4 atalean ezarritakoari jarraikiko zaio.

9.6. Izangai bat funtzionario bihurtu eta lanpostuan batere aritu gabe zuzenean eta berak eskatuta borondatezko eszedentzia ematen bazaio jabetza hartzearen egunetik bertatik, data horretan beste Administrazio Publiko batean ari delako, kasuko lanpostu hutsa ere beteko da deialdiko 7.4 atalak agintzen duen moduan.

9.7. Aurreko bi ataletan aipatutako kasuetan, izendapena egin aurretik hautaturiko lanpostua ez da aldatuko. Beraz, funtzionario berriei, zuzenean, egoera horien ondoriozko lanpostuak esleituko zaizkie.

10._Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuan aldi baterako kontratatzeko izangaien zerrendak osatzeko prozedura.

Hautapen prozesua bukaturik, Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiak Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutura bidaliko ditu gainditu eta lanposturik gabe gelditu diren izangaien zerrendak, baita hautapen probako ariketa guztiak gainditu ez eta arlo horretako kontratazio zerrendak aukeratu dituzten izangaienak ere. Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuko organo eskudunek beren kudeaketa esparruko aldi baterako kontratazioetarako izangaien zerrendak onetsiko dituzte, erakunde autonomo horretan 2000ko urtarrilaren 17ko Erabakian aldi baterako kontratazioetarako langile zerrenden kudeaketari buruz ezarritakoarekin bat.

Horretarako, Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuak hamar egun balioduneko epea emanen die interesdunei, zentroa edo eskualdea hautatu eta aipatu erakunde autonomoak zehazten dituen gainerako inguruabarrak betetzeko.

Arau horren arabera osatzen diren zerrendak Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuak kudeatuko ditu, aldi baterako langileen zerrendak kudeatzeko 2000ko urtarrilaren 17ko Erabakian ezarritakoari jarraikiz.

11._Errekurtsoak.

Epaimahaiak ematen dituen egintza eta ebazpenen kontra gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahal da Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiari zuzenduta, errekurtsoaren xede den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

Deialdi honen eta bere arauen kontra eta arauak aplikatzeko egintzen kontra, epaimahaiak hartutakoen kontra izan ezik, zilegi izanen da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik kontatuta.

Hori guztia Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 57. artikuluarekin bat, eta urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatutako Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. eta 115. artikuluei jarraikiz.

Iruñean, 2007ko maiatzaren 14an._Funtzio Publikoaren zuzendari nagusia, Alberto Andérez González.

I. ERANSKINA

Eskabidea

Izena: .................................................. jaun/andrea, adin nagusikoa, Nortasun Agiri Nazionala: ........................... (edo baliokidea den nortasun agiria) sorteguna: ........................................................, sorlekua: ..........................., nazionalitatea: ............................, egungo bizilekua: ........................................, karrika: .............................................., posta kodea: ................., telefonoa: .............................., lantokiko telefonoa: .................................

Honako hau azaltzen dut:

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta bere erakunde autonomoen zerbitzuko ................. izateko ........................... lanpostu .................... bidez betetzeko deialdian parte hartzeko onar nazatela eskatzen dudala, behean aipatzen den txandan (deialdia ...... Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, ...............(e)an):

f Txanda irekia

f Sustapen txanda.*

f Ezgaitasunen bat dutenentzako txanda.*

Hautaprobak gainditzen ez baditut, lanpostuak behin-behinekoz betetzeko aukeraz baliatu nahi dudala, honako esparruotako batean:

f Administrazio-Erroa.*

f Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzua.*

f Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutua.*

(Esparruetako bakar bat aukeratu daiteke)

Ez dudala karguan aritzea galarazten didan eritasunik edo akats fisikorik nahiz psikikorik.

Indarra duten xedapenetan ezarritako ezintasunik ez dudala.

Ez naizela diziplinako espediente bidez ezein administrazio publikoren zerbitzutik kanpo utzia izan eta ez nautela eginkizun publikoak betetzeko gaitasunik gabe utzi.

Deialdian eskatzen den titulazioaren jabe naizela.

Azterketa eskubideak ordaindu ditudala deialdian ezarritako moduan eta horren gordekina erantsi dudala, edo erantsitako agirien bidez frogatzen dudala tasa ordaintzetik salbuetsita nagoela.

Eskaerak aurkezteko epearen azken egunean beharkizun guztiak betetzen ditudala.

f Ezgaitasuna dudala eta, beraz, azaltzen den egokitzapena eskatzen dudala, adierazten diren arrazoiengatik. (Beste orri batean azaldu behar dira eskatzen diren egokitzapenak eta haietarako arrazoiak).

f Ezgaitua naizela egiaztatzen duen agiria aurkezten dudala, erakunde eskudun batek emana.

f Euskararen gaitasunaren agiria edo ofizialki baliokidea den beste titulu bat aurkezten dudala.*

f Euskara maila jakiteko proba egitea eskatzen dudala.*

f Frantseseko eta ingeleseko nahikotasun frogak egitea eskatzen dudala.*

Horrenbestez,

Eskabide hau ontzat hartu eta aipatu deialdian onartua izatea eskatzen dut.

Iruñean,........(e)ko .........................aren ............(e)an.

(Sinadura)

(*) Bidezkoa bada.

NAFARROAKO GOBERNUA. LEHENDAKARITZA, JUSTIZIA ETA BARNE DEPARTAMENTUA. FUNTZIO PUBLIKOAREN ZUZENDARITZA NAGUSIA.

Oharra._Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan xedatutakoa betez, jakinarazten da agiri honetan ageri diren datuak eta Administrazioarekin etorkizunean izan daitekeen zerbitzu harremana kudeatzeko beharrezkoak diren gainerako guztiak datuen fitxategi automatizatu batean sartuko direla. Nafarroako Gobernuko Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusia da fitxategi horren erantzulea, eta datuen konfidentzialtasuna bermatzen du. Datuen titularrari jakinarazten zaio datu pertsonalen tratamendua eskuratu, zuzendu, ezabatu eta haren aurka jotzeko eskubidea erabiltzen ahal duela, datuak babesteko indarra duen araudiarekin bat.

II. ERANSKINA

Gai zerrenda

Lehen zatia

1. gaia._Espainiako 1978ko Konstituzioa: Estatuko aginteak. Koroa. Gorte Nagusiak. Gobernua eta Administrazioa. Botere judiziala Konstituzioan.

2. gaia._Zuzenbide Publikoaren iturburuak: legeak eta lege motak. Lege dekretuak. Legegintzako foru dekretuak. Nazioarteko itunak.

3. gaia._Administrazio Zuzenbidearen iturburuak: erregelamendua eta erregelamendu-ahalmena. Erregelamendu motak. Erregelamendu-ahalmenaren mugak eta haren kontrola.

4. gaia._Administrazio egintza (I): kontzeptua, motak eta osagaiak.

5. gaia._Administrazio egintza (II): administrazio egintzen baldintzak, eraginkortasuna, deuseztasuna eta deuseztagarritasuna.

6. gaia._Nafarroako Parlamentua edo Gorteak: osaera, antolakuntza eta eginkizunak.

7. gaia._Nafarroako Gobernuari eta lehendakariari buruzko Foru Legea.

8. gaia._Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoa. Comptos Ganbera. Nafarroako Kontseilua.

9. gaia._Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutua (I): langile motak. Funtzionario publikoen hautapena. Funtzionario izaera eskuratzea eta galtzea.

10. gaia._Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutua (II): karrera administratiboa. Administrazio egoerak. Lanpostuak betetzea. Ordainsariak.

Bigarren zatia

1. gaia._Zentro soziosanitarioak. Kontzeptuak. Osasun laguntzaren helburuak. Zentroen eta erabiltzaileen sailkapenak.

2. gaia._Egoitzen ingurune-ezaugarriak.

3. gaia._Zaintzaile gerontologikoa egoitzetan. Talde lana egoitzetan

4. gaia._Eritasunaren ezaugarriak zaharrengan. Seinale eta sintoma ohikoenak

5. gaia._Geriatria-balorazioa. Eskalak. Arautegia Nafarroan.

6. gaia._Gaixoa aztertu eta baloratzea larrialdietan. Oinarrizko larrialdietan jarraitu beharreko jokabidea.

7. gaia._Alterazio psikiatrikoak. Alderdi orokorrak. Atzematea. Nola jokatu alterazio psikiatrikoen aurrean.

8. gaia._Erorketak eta istripuak.

9. gaia._Inkontinentzia. Gaixo inkontinentearen zainketak.

10. gaia._Dietetika eta elikadura. Kontzeptu orokorrak. Akats ohikoenak. Elikadura eta hidratazio beharrak. Nutrizio enterala.

11. gaia._Ariketa fisikoa. Onurak. Gomendio orokorrak.

12. gaia._Azalaren eta mukosen zakinketak. Jarrera aldaketak. Etzaneko ultzerak.

13. gaia._Ohean dagoen gaixoaren zainketa orokorrak. Mugiezintasunaren ondorioak.

14. gaia._Zaintzailea erabiltzailearen garraio eta mugiaraztea. Jarrera aldaketak. Prebentzio neurriak.

15. gaia._Ibiltzea. Laguntza teknikoa. Motak eta argibideak .

16. gaia._Gela prestatzea, ohea txukuntzea eta egoiliarraren higienea eta garbitasuna.

17. gaia._Gaixo terminalaren ezaugarriak. Arazo ohikoenak. Zainketak bizitzaren bukaeran.

18. gaia._Profesionalaren eta adinez nagusikoen arteko harremanak. Tratu egokia eta jarrera zuzena. Sekretu profesionala. Azken borondatea.

19. gaia._Tratu txarrak adinez nagusiari. Motak. Atzematea eta prebentzioa.

20. gaia._Lan bidezko terapia. Eguneroko jarduerak.

Oharra.

Gai guztiak deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen denean indarra duen legeriari jarraikiz baloratuko dira, baina egun horren ondoren onetsitako arau aldaketen ekarpenak baloratzen ahalko ditu epaimahaiak.

Iragarkiaren kodea: F0708528