67. ALDIZKARIA - 2007ko maiatzaren 30a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

1407/2007 EBAZPENA, maiatzaren 9koa, Industria eta Merkataritza zuzendari nagusiak emana, zerbitzu publikoen sektoreari zuzentzen zaizkion energiaren aurrezkiaren eta eraginkortasunaren arloko jarduketetarako dirulaguntzen 2007ko deialdia onesten duena.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak eta Energiaren Dibertsifikazio eta Aurrezpenerako Institutuak (EDAI) lankidetza hitzarmen bat izenpetu zuten, 2007ko apirilaren 17an, Nafarroan energiaren aurrezki eta eraginkortasunerako Estrategiaren (E4) 2005-2007 Ekintza Planean aurreikusitako jarduketak zehaztu eta abian jartzeko.

E4aren helburu nagusia da gure eraginkortasuna handitzea energiaren kontsumoan, gure energia sistema iraunkorragoa (ingurumenean eragin txikiagoa eta klima aldaketan ondorio gutxiago), lehiakorragoa (ondasunak eta zerbitzuak sortzeko energia gutxiago behar duelako) eta segurua (neurri handian kanpotik ekartzen ditugun baliabideekiko mendekotasuna murrizten duelako) izateko.

Testuinguru horretan, energiaren arloko jarduketak egin nahi dira, energiaren kontsumoa eta, beraz, intentsitate energetikoa gutxitzeko (energiaren kontsumoaren eta BPGaren arteko erlazioa). Jarduketa horiek zenbait neurritan zehazten dira, eta, dirulaguntzen deialdi honi dagokionez, neurriok zerbitzu publikoen sektorera bideratzen dira.

Nafarroako Gobernuak, 2007ko maiatzaren 2ko Erabakiaren bidez, Industria eta Merkataritza zuzendari nagusiari baimena eman dio urte anitzeko gastu konpromisoa hartzeko, deialdi hau onesteko.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1 artikuluak ematen dizkidan eskurantzak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Zerbitzu publikoen sektoreari zuzentzen zaizkion energiaren aurrezkiaren eta eraginkortasunaren arloko jarduketetarako dirulaguntzen 2007ko deialdia onestea. Jarduketok ebazpen honen II. eranskinean zehazten dira.

2. Dirulaguntzak emateko oinarriak onestea. Oinarri horiek ebazpen honen I. eranskinean ageri dira.

3. Ebazpen honen ondoriozko konpromisoei aurre egiteko, 131.000 euroko gastua onestea, 2008ko gastuen aurrekontuetako kontusail hauen kontura (kontusail horiek 2007ko gastuen aurrekontuetako kontusailen baliokideak dira), honela banaturik:

_810003-81140-7609-425200 "Toki entitateentzako transferentziak, energiaren aurrezki eta eraginkortasunean inbertitzeko", 118.000 euro.

_810003-81140-4609-425200 "Energia auditoriak eta bideragarritasun azterlanak, toki entitateetan", 13.000 euro (azalpen zatian aipatu Erabakiak aurrekontuko kontusail honetan baimendutako 78.000 euroetatik).

Zenbateko horretatik, 66.000 euro EDAIk emandako funtsei dagozkie, azalpen zatian aipatu hitzarmenari jarraikiz. Zenbateko horien banaketa, neurrika, taula honen arabera egiten da:

Neurri kodea: 41. Neurria: Kaleetako argietarako instalazioak berritzea. EDAIren ekarpena: 58.000,00. NFKAren ekarpena: 60.000,00. Guztira: 118.000,00.

Neurri kodea: 42. Neurria: Bideragarritasun azterlanak, ikerketak eta auditoriak, kaleetako argiei buruz. EDAIren ekarpena: 8.000,00. NFKAren ekarpena: 5.000,00. Guztira: 13.000,00.

EDAIren ekarpena, guztira: 66.000,00. NFKAren ekarpena, guztira: 65.000,00. Guztira: 131.000,00.

Baliabide horiek kontusail batetik bestera pasatzen ahal dira, neurri bakoitzeko eskaeren kopuruak hala eskatzen duenean.

Halaber, 2008ko ekitaldian kontusailetan izaten ahal den dirua deialdiaren hasieran aurreikusitakoari gehitzen ahalko zaio.

4. Ebazpen hau eta bere eranskinak Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

Interesa duten administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epeetan.

Iruñean, 2007ko maiatzaren 9an._Industria eta Merkataritza zuzendari nagusia, Enrique Díaz Moreno.

I. ERANSKINA

Zerbitzu publikoen sektoreari zuzentzen zaizkion energiaren aurrezkiaren eta eraginkortasunaren arloko jarduketetarako 2007ko dirulaguntzak emateko oinarriak

1. oinarria._Xedea.

Dirulaguntza honen onura publikoko xedea da zerbitzu publikoen sektorean, kaleetako argietan, zehazki, energiaren kontsumoa murriztea helburu duten inbertsio eta gastuak bultzatzea, Nafarroako energiaren eraginkortasuna eta intentsitatea murrizteko.

Horretarako, neurri hauek zehaztu dira (neurri horien ezaugarriak deialdiko II. eranskinean ageri dira):

Neurri kodea: 41. Neurria: Kaleetako argietarako instalazioak berritzea.

Neurri kodea: 42. Neurria: Bideragarritasun azterlanak, ikerketak eta auditoriak, kaleetako argiei buruz.

2. oinarria._Onuradunek bete beharreko baldintzak.

Dirulaguntza hauen onuradun izaten ahalko dira kaleetako argietan energiaren kontsumoa murrizteko inbertsioak egiten dituzten Nafarroako Foru Komunitateko toki entitateak.

3. oinarria._Dirulaguntzen kostuak eta laguntzen zenbatekoak.

Dirulaguntzen xede izanen dira II. eranskinean zehaztutako neurrietan adierazi eta aplikatzekoa den araudian ezarritako baldintzak betetzen dituzten inbertsio eta gastuak, Nafarroan egindakoak.

BEZa dirulaguntzaren xede izan daitekeen kostutzat joko da, baldin eta onuradunak ezin badu berreskuratu. Horretarako, BEZa kostu kengarri gisa ez duten toki entitateek hori frogatzen duten agirien kopia aurkeztuko dute. Hainbanaketa araubidean badaude, kostu hori kalkulatzeko oinarria izanen da dirulaguntza eman aurretik amaitu den azken ekitaldiko behin betiko hainbanaketa. Kasu horretan, azken emaitza aurkeztu beharko dute haien betebehar fiskalen likidazioan.

Edozelan ere, ez dira behin ere dirulaguntzen xede izanen:

_Inbertsioaren ondoriozko gastu finantzarioak.

_Oro har, argi eta garbi zehazten ez diren gastuak edo inbersioaren helburu energetikoak lortzeko xede zuzena ez dutenak. Betiere Industria eta Merkataritzako Zuzendaritza Nagusiaren irizpidea nagusituko da dudarik izanez gero.

Dirualguntza jasotzen ahal duen inbertsioa edo gastua egiteko epea 2006ko azaroaren 18tik 2008ko abuztuaren 31 arte izanen da.

Laguntzen zenbatekoa neurri bakoitzerako II. eranskinean zehazten dena izanen da.

4. oinarria._Eskaerak aurkeztea.

1. Eskaerak aurkezteko epea deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hasi eta 2007ko irailaren 30ean (biak barne) bukatuko da.

Eskabidea eta horri gehitu behar zaion dokumentazioa Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan Departamentuko Erregistroan aurkeztuko dira (Tomás Caballero parkea, 1, 31005 Iruña), edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aurreikusitako lekuetako batean.

Eskaera posta bulego batean aurkezten bada, gutun-azal ireki batean egin beharko da, lehenengo orriko goiko aldean bulegoaren izena, eguna, tokia eta ordua (minutu eta guzti) adierazi ahal izateko. Datu horiek guztiak gordekinean ere azaldu beharko dira.

2. Eskaerak horretarako deialdi honen xede diren sektore eta neurri bakoitzarentzat ezarririko ereduaren arabera beteko dira. Ereduak Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan Departamentuko Erregistroan eta www.cfnavarra.es/industria/areas/energia/index.htm webguneko "Energiaren aurrezkiaren eta eraginkortasunaren arloko jarduketetarako laguntzak" izeneko atalean eskuratzen ahalko dira.

Eredu horietan, eskaerarekin batera aurkeztu behar den dokumentazioa zehazten da.

5. oinarria._Dirulaguntzak emateko irizpide objektiboak

Organo instruktoreak eskaerak ebaluatu eta II. eranskinean deialdi honetan zehaztutako neurri bakoitzerako ezarritako balorazio irizpideekin bat esleituko du dirulaguntza.

6. oinarria._Laguntza emateko ebazpena.

Behin ebaluzioa aurreko oinarrian xedatutakoari jarraikiz egin eta gero, Energia Atalak organo eskudunari igorriko dio ebazpen proposamena, non adieraziko baita onuradunek dirulaguntza lortzeko irizpide guztiak betetzen dituztela.

Dirulaguntza emateari buruz ebazteko eskumena Industria eta Merkataritza zuzendari nagusiari dagokio. Ebazpena gehienez ere bost hilabeteko epean eman eta jakinarazi beharko du, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita.

Epe horretan ebazpen espresurik jakinarazten ez bada, eskaera ezetsitzat joko da, administrazioaren isiltasunaren bidez.

Berariazko edo ustezko ezespenaren aurka, interesa duten administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, eskumena duen ordena jurisdikzionalari zuzendua. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legeko 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epeetan.

7. oinarria._Eginiko gastu eta ordainketen justifikazioa.

1. Dirulaguntzaren xedea bete eta gero, onuradunek egin dituzten gastuak eta ordainketak justifikatu beharko dituzte, 2008ko irailaren 7a baino lehen. Horretarako, agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

a) Diruz lagundutako inbertsio edo gastu osoari dagozkion fakturen fotokopiak eta ordaindutakoaren frogagiriak, aukeragarritzat jotzen den aurrekontuaren erdiari dagozkionak, gutxienez.

Aurkeztutako ordainketek diruz lagundutako inbertsio edo gastu osoa estaltzen ez badute, 2008ko abenduaren 31 baino lehen justifikatu beharko dira.

Ordainketa osoa transferentzia bidez edo dirua bankuan sartuta egin beharko da, eta ez da eskudiruz egindako ordainketarik onartuko.

Salbuespenez, ordainketaren behin-behineko frogagiri gisa onartuko dira honako hauek: diruz lagundutako inbertsioa edo gastua jaso izanaren agiria, inbertsio edo gastu hori ordaindu izanari buruzko ebazpena, edo alkate udalburuaren edo udal edo kontzejuko idazkariaren erantzukizuneko aitorpena. Kasu horietan, onuradunak diruz lagundutako inbertsio edo gastu osoaren frogagirien fotokopiak aurkeztu beharko ditu, 2008ko abenduaren 31 baino lehen.

b) Dirulaguntza emateko ebazpenean zehazten den beste edozein agiri.

2. Ezarririko modu eta epean hala justifikatu ezik, dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko da.

8. oinarria._Dirulaguntza ordaintzeko ebazpena.

Egiaztagiriak azterturik, Energia Atalak ordainketa egiteko ebazpenaren proposamena igorriko dio Industria eta Merkataritza zuzendari nagusiari. Horrekin batera, onuradunek dirulaguntza kobratzeko eskubidea sortzen duten eginbeharrak bete dituztela frogatzen duen txostena aurkeztuko da.

Aurretik Nafarroako Gobernuaren dirulaguntzarik jaso ez bada, eskatzaileak transferentzia bidez ordaintzeko eskaera (jatorrizkoa) igorri beharko du Nafarroako Gobernuko Diruzaintzara (Paulino Caballero k., 50, 31004 Iruña). Inprimakia Nafarroako Gobernuaren webgunean (www.navarra.es) eskuratzen ahal da.

9. oinarria._Onuradunen betebeharrak eta haiek ez betetzearen ondorioak.

Onuradunek Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako baldintza orokorrak bete beharko dituzte.

Dirulaguntza emateko ebazpenean, arau hauetan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharrak bete ezik, onartutako dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko da edo diru hori itzuli egin beharko da, foru lege hartako 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Halaber, aurreko betebeharrak hein batean bete ezik, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa berriro ere zehaztuko da, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz edo, kasua bada, dagokion zenbatekoa itzuliko.

Emandako dirulaguntzak kobratzeko eskubidea galdu eta kopuru horiek askatuz gero, aurrekontuetan behar adina diru ez egoteagatik hasiera batean ezetsi ziren eskaeretarako erabiltzen ahalko dira.

10. oinarria._Laguntzaren bateraezintasuna.

Deialdi honetako dirulaguntzak ez dira bateragarriak ICO-IDAE 2005 finantziazio lerroarekin, energia berriztagarriak aprobetxatzeko instalazioetarako inbertsioetarako dirulaguntzekin eta Nafarroako Gobernuaren energiaren aurrezkiaren eta eraginkortasunaren arloko jarduketetarako 2006ko dirulaguntzekin.

11. oinarria._Oinarrien aurkako errekurtsoa.

Oinarri hauen aurka interesa duten administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epeetan.

12. oinarria._Emandako dirulaguntzen publizitatea.

Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, Energia Atalak Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan Departamentuaren webgunean jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak, ondokoak zehaztuta: deialdia, laguntza zein programari eta aurrekontu-kredituri egotziko zaion, onuradunak, emandako diru-kopurua eta dirulaguntzaren helburua.

II. ERANSKINA

Deialdi honen xede diren neurrien deskribapena

Neurri kodea: 41. Kaleetako argietarako instalazioak berritzea

1. Helburua.

Kaleetako argietarako instalazioen energia kontsumoa murriztea, instalazio horiek berritzearen bidez, energiaren aurrezki eta eraginkortasun irizpideak aplikatuz.

2. Dirulaguntzaren xede izan daitekeen kostua.

Kaleetako argien energia elektrikoaren kontsumoa murriztea lortzen duten jarduketa energetikoak. Jarduketok hauek izan daitezke, besteak beste:

_Merkurio lurrunezko lanparak eta ekipo osagarria kendu, eta presio handiko sodio lurrunezkoak paratzea.

_Etekin handiko argiak eta potentzia txikiagoko lanparak paratzea.

_Argiaren maila erregulatzeko sistemak paratzea, kaleetako jarduera gutxitzen denean bertako argi maila gutxitzen dutenak.

_Piztu eta itzaltzeko sistemak paratzea, erloju astronomikoaren, presentzia-detektagailuaren edo esku-sakagailuen bidez.

_Semaforoetan gaurko teknologia kendu eta LED teknologia paratzea, energiaren eraginkortasuna handituz.

Dirulaguntzaren xede izan daitezkeen kostutzat joko dira ekipoak, linea eta instalazio elektrikoak (beharrezko obra zibila barne) eta ingeniaritza proiektuak egitea.

3. Dirulaguntzaren zenbatekoa.

Toki Azpiegituren 2005-2008 aldirako Planeko jarduketetarako, dirulaguntzaren gehieneko kopurua, EDAIren funtsetatik aterako dena, hauxe izanen da:

250 biztanle bitarte.

%10.

2.500 biztanle bitarte.

%8.

25.000 biztanle bitarte.

%6.

25.000 biztanle edo gehiago.

%4.

Gainerako jarduketetarako, dirulaguntzaren gehieneko kopurua, EDAIren funtsetatik aterako dena, hauxe izanen da:

250 biztanle bitarte.

%40.

%40.

2.500 biztanle bitarte.

%35.

%35.

25.000 biztanle bitarte.

%30.

%30.

25.000 biztanle edo gehiago.

%25.

%25.

Hala ere, eskaera kopuruak hala justifikatzen badu, aipatu portzentajeak areagotu litezke, 250 biztanle bitarteko toki entitate guztien kasuan.

Udalerri horiek ebaluatzeko, Ekonomia eta Ogasun kontseilariaren otsailaren 22ko 59/2007 Foru Aginduari jarraituko zaio. Foru agindu horrek Nafarroako kontzejuetako populazioaren zifrak, 2006ko urtarrilaren 1ari dagozkionak, ofizialtzat jotzen ditu.

4. Eskaerak ebaluatzeko irizpideak.

Hona hemen dirulaguntza emateko eskaerak baloratzeko irizpideak:

1._Eskaera egin duen udalerriko edo udalerri multzoko biztanleria (balorazio handiagoa biztanleria txikiagoari): gehienez 15 puntu.

2._Berritu behar diren argi instalazioak abian jartzeko urtea: gehienez 10 puntu.

3._Nafarroako Gobernuaren laguntza publikoen deialdi honetan edo aurrekoetan, kaleetako argietarako instalazioetan auditoriak egiteko laguntzak eskatzea edo eskatu izana: gehienez 5 puntu.

4._Eskaerarekin batera aurkeztutako proiektuaren/memoriaren balorazio teknikoa: gehienez 20 puntu.

Neurri kodea: 42. Bideragarritasun azterlanak, ikerketak eta auditoriak, kaleetako argiei buruz.

1. Helburua.

Kaleetako argietarako instalazioen energia aurrezteko gaitasuna zehaztea, instalazio horietako energiaren eraginkortasunerako inbertsioei buruzko erabakiak hartzea errazteko.

2. Dirulaguntzaren xede izan daitekeen kostua.

Aipatu instalazioetako bideragarritasun azterlanak, ikerketak eta auditoriak, kanpo aholkularien eskutik.

Eskaera egiten duen toki entitateetako langile finkoen eta kontratudunekoen gastuak ez dira dirulaguntzaren xede izan daitezkeen kostutzat joko.

3. Dirulaguntzaren zenbatekoa.

Bideragarritasun azterlanaren, ikerketaren edo auditoriaren %75 arte, gehienez 25.000 euroko dirulaguntza, proiektu bakoitzeko. Portzentaje horretatik, %46,15 arte EDAIk emandako funtsei egokituko zaio eta %28,85 arte Nafarroako Foru Komunitateak emandakoei. Gainerako kostua onuradunak hartuko du bere gain.

4. Eskaerak ebaluatzeko irizpideak.

Hona hemen dirulaguntza emateko eskaerak baloratzeko irizpideak:

1. Eskaera egin duen udalerriko edo udalerri multzoko biztanleria (balorazio handiagoa biztanleria txikiagoari): gehienez 20 puntu.

2. Ikerketaren edo auditoriaren xede diren argi instalazioak abian jartzeko urtea: gehienez 10 puntu.

3. Eskaerarekin batera aurkeztutako memoriaren/eskaintzaren balorazio teknikoa: gehienez 20 puntu.

Udalerri horiek ebaluatzeko, Ekonomia eta Ogasun kontseilariaren otsailaren 22ko 59/2007 Foru Aginduari jarraituko zaio. Foru agindu horrek Nafarroako kontzejuetako populazioaren zifrak, 2006ko urtarrilaren 1ari dagozkionak, ofizialtzat jotzen ditu.

5. Inbertsioaren justifikazioa.

I. eranskineko 7. oinarrian zehaztutakoaz gain, ikerketaren edo auditoriaren kopia aurkeztu beharko da, bai paperean bai euskarri informatikoan. Txosten horrek "Ondorioak eta gomendioak" izeneko atal berariazko bat eta instalazioak aurrezki eta eraginkortasun irizpideei jarraituz mantentzeko planaren edo kontratuaren eredu bat bilduko ditu.

Iragarkiaren kodea: F0707714