67. ALDIZKARIA - 2007ko maiatzaren 30a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

1399/2007 EBAZPENA, maiatzaren 9koa, Industria eta Merkataritza zuzendari nagusiak emana, toki entitateei hiriko mugikortasun iraunkorrerako planak (HMIP) egiteko dirulaguntzak emateko 2007ko deialdia onesten duena.

2007ko apirilaren 17an, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak eta Energiaren Dibertsifikazio eta Aurrezpenerako Institutuak (IDAE) 2007ko ekitaldirako lankidetza hitzarmena sinatu dute, Energia Aurrezteko eta Eraginkortasunez Erabiltzeko Estrategiaren (E4) barneko 2005-2007 urteetako Ekintza Planean aurreikusitako jarduketak definitu eta egiteko.

Nafarroako Gobernuak, 2007ko maiatzaren 2ko Erabakiaren bidez, Industria eta Merkataritza zuzendari nagusiari baimena eman dio urte anitzeko gasturako konpromisoak har ditzan, Energia Aurrezteko eta Eraginkortasunez Erabiltzeko Estrategiaren (E4) barneko 2005-2007 urteetako Ekintza Planean jasotako jarduketak egiteko, aipatu hitzarmenaren esparruan. Konpromiso horiek betetzeko, dirulaguntzen deialdiak eginen dira, ebazpen honetan bezala. Goian aipatu erabakian, ebazpen honetarako, gehienez 65.000,00 euroko urte anitzeko gasturako konpromisoa baimendu zen.

E4 estrategiaren helburua gure energia kontsumoaren eraginkortasuna areagotzea da. Horrela gure energia sistema iraunkorragoa izanen da (eragin txikiagoa izanen du ingurumenean eta klima aldaketan), lehiakorragoa (ondasun eta zerbitzuak ekoizteko energia gutxiago beharko baitugu) eta seguruagoa (gehienbat inportatuak diren baliabideekiko mendekotasuna gutxituko baitugu).

Horiek horrela, energiaren arloko jarduketak sustatu nahi dira, energia kontsumoa neurrira ekartzeko eta intentsitate energetikoa (energia kontsumoaren eta BPGaren arteko erlazioa) txikitzeko. Jarduketa horietako bat izanen da deialdi honek bideratuko duen neurria. Izan ere, deialdi honen bidez dirulaguntza emanen da Nafarroako Foru Komunitateko toki entitateek hiriko mugikortasun iraunkorrerako planak (HMIP) egin ditzaten. HMIP bat mugikortasun iraunkorrari buruzko azterlan osoa da, hiriko mugikortasunaren arloko jarduketak sustatzeko xedez egina. Jarduketa horiek energia gutxiago kontsumitzen duten garraiobideak erabiltzeko aldaketa ahalbidetu behar dute.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1 artikuluak ematen dizkidan eskurantzak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Toki entitateei hiriko mugikortasun iraunkorrerako planak (HMIP) egiteko dirulaguntzak emateko 2007ko deialdia onestea.

2. Dirulaguntzak emateko oinarriak onestea. Ebazpen honen I. eranskinean daude.

3. Baimena ematea 65.000,00 euroko gastua egiteko, 2008ko gastuen aurrekontuko kontusail honen kargura (2007ko gastuen aurrekontuan dagoenaren baliokidea da): 810003-81140-4609-425200, "Auditoria energetikoak eta bideragarritasun azterlanak toki entitateetan". Zenbateko hori azalpen-zatian aipatutako hitzarmenaren indarrez IDAEk jarri dituen funtsei dagokie.

Halaber, 2008ko ekitaldian kontusail horretan izaten ahal den dirua deialdian hasieran aurreikusitakoari gehitzen ahalko zaio.

4. Ebazpen hau eta bere eranskinak Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

Ebazpen honek ez du administrazio bidea agortzen eta haren kontra administrazio publikoek Administrazioarekiko auzi errekurtsoa paratzen ahal dute, hura argitaratu eta biharamunetik bi hilabeteko epean, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua. Aldez aurretik errekerimendua egiten ahal diote Nafarroako Gobernuari, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epeetan.

Iruñean, 2007ko maiatzaren 9an._Industria eta Merkataritza zuzendari nagusia, Enrique Díaz Moreno.

I. ERANSKINA

Toki entitateei hiriko mugikortasun iraunkorrerako planak (HMIP) egiteko 2007ko dirulaguntzak emateko oinarri arautzaileak

1. oinarria._Xedea.

Dirulaguntza honen onura publikoko helburua hauxe da: hiriko mugikortasunari ekitea, garraiobide eraginkorrenak, hala nola oinak, bizikleta eta garraiobide kolektiboak, gehiago erabili eta ibilgailu pribatuak gutxiago erabil daitezen lortzeko.

Xede horrekin, hiriko mugikortasun iraunkorrerako planak (HMIP) egiteko dirulaguntza emanen zaie Nafarroako Foru Komunitateko toki entitateei. HMIP bat mugikortasun iraunkorrari buruzko azterlan osoa da, hiriko mugikortasunaren arloko jarduketak sustatzeko xedez egiten dena. Jarduketa horiek energia gutxiago kontsumitzen duten garraiobideak erabiltzeko aldaketa ahalbidetu behar dute.

2. oinarria._Onuradunek bete beharreko baldintzak.

Ondokoak izan daitezke dirulaguntza hauen onuradun:

_Nafarroako Foru Komunitateko toki entitateak, nahiz bakarka, nahiz beste toki entitate batzuekin batera, baldin eta haiek ere antzeko mugikortasun arazoei aurre egin behar badiete.

Eskaera batera egiten badute, entitate interesdunek alkate bat izendatuko dute denen ordezkari jardun dezan Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren aurrean.

_Entitate eskatzaileek, banaka edo guztira, 12.000 biztanle baino gehiago eduki behar dituzte.

Hori dela eta, erreferentzia gisa hartuko da Ekonomia eta Ogasun kontseilariak otsailaren 22an emandako 59/2007 Foru Aginduan xedaturikoa. Foru agindu horren bidez Nafarroako kontzejuetako populazioaren zifrak, 2006ko urtarrilaren 1ari dagozkionak, ofizialtzat jotzen dira.

_Iruñerriko toki entitateak kanpoan uzten dira, eskualderako HMIP bat egiten ari delako.

3. oinarria._Dirulaguntzaren xede izan daitezkeen kostuak eta laguntzen zenbatekoa.

1. Dirulaguntzaren xede izan daitezkeen kostuak honakoak dira: Nafarroako Foru Komunitateko toki entitateek hiriko mugikortasun iraunkorrerako planak (HMIP) egiteko ordaindu behar dituzten kostuak. Deialdiaren II. eranskinean, HMIP batek izan behar duen gutxieneko edukiaren gida ematen da.

Dirulaguntza jasotzen duten toki entitateek, HMIPa egiteko laguntza kontratatzean, Kontratu publikoei buruzko ekainaren 9ko 6/2006 Foru Legean xedatutakoa bete behar dute.

Horretarako, Garraioen Plangintza eta Araubide Juridikoaren Zerbitzuak baliabide lagungarri hauek emanen dizkie: kontratuko funtsezko baldintzen agiriaren ereduak, HMIPa kontratatzeko zehaztapen teknikoen eredua, eta hiriko mugikortasunari eta mugikortasun iraunkorrerako planei buruzko gida metodologikoa, IDAEk eskainiak.

HMIP bakoitza kontratatzeko lizitazio aurrekontua gehienez 90.000 euro izanen da (BEZa barne).

Laguntza kontratua 2007ko abenduaren 21a baino lehen esleitu behar da, eta HMIPak eginda, aurkeztuta eta esleipena duen aholkulariari ordainduta egon behar du 2008ko urriaren 15erako.

Kostu hautagarritzat jo ahal izanen dira, HMIPa egiteko beharrezko gastuak direlakoan, zenbait kolektiboren (txirrindulari taldeak, udalak, mankomunitateak, ezinduen taldeak, guraso elkarteak, auzo elkarteak etab.) parte-hartzea sustatzeko sentsibilizazio ekintzak. Izan ere, halako taldeek HMIPa egiten parte hartzea ezinbestekoa da neurri honek arrakasta izan dezan. Ekintza horien gastuak kontrataturiko laguntzari erantsi ahal izanen zaizkio, edo toki entitate arduradunen kargura izan ahalko dira, baina ezin izanen dute kostu osoaren %20 gainditu.

BEZa kostu hautagarritzat joko da, baldin eta onuradunak ezin berreskuratu badu. Horretarako, BEZa kostu kengarri gisa ez duten erakundeek hori frogatzen duten agirien kopia aurkeztuko dute. Hainbanaketaren araua aplikatu behar badute, dirulaguntza eman aurreko azken ekitaldiko behin betiko hainbanaketa hartuko dute oinarri kostu hori kalkulatzeko, eta azken emaitza aurkeztu beharko dute beren zerga betebeharren likidazioan.

2. Esleipen kostuaren %60ko dirulaguntza emanen da gehienez. Zenbateko hori IDAEk Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekiko lankidetza hitzarmenaren indarrez jarri dituen funtsei dagokie. Gainerako kostua dirulaguntza jasotzen duen toki entitateak edo toki entitateen taldeak ordaindu beharko du.

4. oinarria._Eskaerak aurkeztea.

1. Eskaerak aurkezteko epea deialdia Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hasiko da eta 2007ko uztailaren 13ra arte iraunen du, azken egun hori barne.

Eskaera Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan Departamentuko Erregistroan aurkeztuko da (Tomás Caballero parkea, 1, Iruña), edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 30/1992 Legeko 38.4 artikuluan aurreikusiriko tokietako edozeinetan.

Eskaera postetxean aurkezten bada, gutun-azal irekian eraman beharko da, lehen orriaren goiburuan postetxearen izena eta eskaera jaso den eguna, tokia, ordua eta minutua jar daitezen. Igorpenaren egiaztagirian ere datu horiek jaso behar dira.

2. Eskaerak horretarako ezarririko ereduaren arabera beteko dira. Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan Departamentuko Erregistroan eta www.cfnavarra.es/industria/areas/energia/index.htm webgunean, energia aurrezteko eta eragimen energetikoa hobetzeko jarduketetarako laguntzei buruzko atalean eskuratzen ahalko da eredu hura.

Eredu horietan zehazten da zein agiri erantsi behar zaizkion eskaerari.

5. oinarria._Dirulaguntza emateko irizpide objektiboak.

Dirulaguntza hauen eskaerak baloratzeko irizpideak ondokoak izanen dira:

_Entitate eskatzaileak edo entitate talde eskatzaileak duen biztanleria: gehienez 25 puntu.

_Eskaerarekin batera aurkeztutako memoriaren balorazio teknikoa: gehienez 25 puntu.

6. oinarria._Dirulaguntza emateko ebazpena.

Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan Departamentuko Energia Atalak arau hauetan ezarritako irizpideei jarraituz ebaluatuko ditu eskaerak, Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuko Garraioen Plangintza eta Araubide Juridikoaren Zerbitzuak lagundurik eta haren txostena kontuan hartuz, eta organo eskudunari ebazpen proposamena igorriko dio, non adieraziko baita onuradunek dirulaguntza lortzeko betebehar guztiak betetzen dituztela.

Industria eta Merkataritza zuzendari nagusia izanen da dirulaguntzak emateari buruz ebazteko organo eskuduna. Eskaerak aurkezteko epea amaitzen den egunetik bi hilabeteko epea izanen du ebazpena eman eta jakinarazteko.

Epe hori iraganik, berariazko ebazpenik jakinarazi ez bada, Administrazioaren isiltasunaz eskaera ezetsi dela ulertuko da.

Berariazko edo ustezko ezespenaren aurka, interesdunek administrazioarekiko auzi errekurtsoa jartzen ahalko dute, eskumena duen ordena jurisdikzionalari zuzendua. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epean.

7. oinarria._Dirulaguntzaren ordainketa eta justifikazioa.

Entitate onuradunek, behean adierazten diren epeetan, agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

a) 2007ko azaroaren 1a baino lehen: HMIPa egiteko laguntza kontratuko funtsezko baldintzen agiria.

b) 2007ko abenduaren 31 baino lehen: kontratua hautaturiko aholkulariari esleitzeko ebazpena edo agiri baliokidea.

c) 2008ko urriaren 15a baino lehen:

_Egindako HMIParen kopia, paperean eta euskarri informatikoan.

_Dirulaguntzaren xede diren gastu guztien fakturen fotokopiak.

_Hautagarritzat jotzen den aurrekontuaren erdia, gutxienez, ordaindu izanaren egiaztagiriak. Aurkeztutako ordainketek dirulaguntzaren xede den inbertsio edo gastu osoa estaltzen ez badute, horiek 2008ko abenduaren 31 baino lehen justifikatu beharko dira.

Ordainketa guztiak transferentziaz edo bankuan dirua sartuz egin behar dira. Ez da onartuko eskudiruzko ordainketarik.

Salbuespenez, honako hauek ordainketaren behin-behineko egiaztagiritzat onartuko dira: dirulaguntzaren xede den gastua jaso izanaren agiria, gastu hori ordaintzeko ebazpena, edo entitateko idazkariaren edo alkatearen erantzukizunpeko adierazpena. Halakoetan, entitate onuradunak, 2008ko abenduaren 31 baino lehen, dirulaguntzaren xede den inbertsio edo gastu osoa ordaindu izanaren egiaztagirien fotokopiak aurkeztu beharko ditu.

Egiaztagiri horiek aztertu ondoren, Energia Atalak ordaintzeko ebazpenaren proposamena igorriko dio Industria eta Merkataritza zuzendari nagusiari, eta harekin batera txostena aurkeztuko dio, dirulaguntza kobratu ahal izateko onuradunek bete behar dituzten baldintzak bete direla egiaztatze aldera.

8. oinarria._Onuradunen betebeharrak eta haiek ez betetzearen ondorioak.

Aurreko oinarrian ezarririko moduan egin eta justifikatu beharko dute onuradunek dirulaguntzaren xede den jarduera. Jarduera bat egin ezik edo dirulaguntza emateko ebazpenean ezarririko moduan eta epean justifikatu ezik, dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko da.

Dirulaguntzaren onuradunek Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako baldintza orokorrak bete beharko dituzte.

Dirulaguntza emateko ebazpenean, oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharren bat bete ezean, onuradunak dirulaguntza jasotzeko eskubidea galduko du edo, bestela, itzuli egin beharko du, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.

Gainera, aurreko betebehar horietakoren bat zati batean betetzen ez bada, baliteke emandako dirulaguntzaren zenbatekoa proportzionaltasun printzipioa aplikatuta birdoitzea, eta kasu batzuetan baita bidezko kopurua itzuli behar izatea ere.

Onuradunen bati dirulaguntza kobratzeko eskubidea kentzen bazaio, aurrekontuan nahikoa diru ez izateagatik hasieran baztertu diren beste eskatzaile batzuei eman ahal izanen zaie dirulaguntza hori.

10. oinarria._Dirulaguntzaren bateragarritasuna.

Deialdi honetako dirulaguntzak bateragarriak dira Nafarroako Foru Administrazioaren, beste administrazio publiko batzuen eta nazioko zein nazioarteko erakunde publiko edo pribatuen eta norbanakoen dirulaguntzekin.

11. oinarria._Oinarrien aurkako errekurtsoa.

Oinarri arautzaile hauen kontra administrazio publikoek Administrazioarekiko auzi errekurtsoa paratzen ahal dute, haiek argitaratu eta biharamunetik bi hilabeteko epean, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua. Aldez aurretik errekerimendua egiten ahal diote Nafarroako Gobernuari, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epeetan.

12. oinarria._Emandako dirulaguntzen publizitatea.

Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, Energia Atalak ematen diren dirulaguntzen berri emanen du Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan Departamentuaren web orrian. Dirulaguntzen deialdia, aurrekontuko zein egitarau eta kredituren kargura ordainduko diren, onuraduna, emandako zenbatekoa eta dirulaguntzaren xedea adieraziko ditu.

II. ERANSKINA

HMIParen gutxieneko edukiari buruzko gida

1. Kontratatu beharreko lanen norainokoa.

HMIPak mugikortasunarekin zerikusia duten arlo guztietako jarduketak planifikatu eta programatu behar ditu dirulaguntza jasotzen duen udalerrian edo udalerri multzoan. Horretarako behar diren estrategiak eta tresnak bildu behar ditu, garraiobideen erabilera koordinatu eta eraginkorra ahalbidetuko dutenak, honako hauek barne:

_Ibilgailuak hirigunera sartzeko eta bertan aparkatzeko arauak eta kontrola.

_Garraiobide publikoen eskaintza garatu eta hobetzea.

_Ibilgailu pribatuak hiri inguruetako geltokien ondoan uzteko aparkalekuak sustatzea modu koordinatuan.

_Bide sare nagusia garraio mota desberdinetarako antolatu eta ustiatzea.

_Joan-etorriak oinez edo bizikletaz egin daitezen sustatzea, oinezko eta txirrindularientzako eremuak eginez eta/edo erreserbatuz eta oztopo arkitektonikoak kenduz, erabiltzaileentzat seguru eta atseginak diren ingurune egokietan, eta udalerrien arteko mugen eta hiriarteko bidegorri sareen konexioak eta oinezkoentzako bideekiko integrazioa koordinatzea.

_Garraio sistema publikoetako erakundeak, tarifak eta baldintza fisikoak bateratzeko eta intermodalitatea garatzeko neurriak hartzea.

_Mugikortasuna kudeatzea erakarpen gune nagusiei dagozkien alderdietan.

_Garraio publikoaren eta trena bezalako garraiobide mekanizatu gabeen arteko intermodalitatea sustatzea.

_HMIParen eremuko herrietan salgaien banaketa eta zamalanak arautzea.

Hitz gutxitan, HMIPak, lehenik, pertsonak mugitzeko eta salgaiak banatzeko egungo ereduaren iraunkortasuna ebaluatu behar du, hura baloratzeko adierazle egokiak ezarriz. Ondoren erabaki behar du zenbateko pisua eman behar zaion ibilgailu pribatuaren ordezko garraiobide bakoitzari eremuz eremu eta joan-etorri mota bakoitzerako, zein neurri har daitezkeen hori lortzeko eta zein hurrenkeratan hartu behar liratekeen.

2. Kontratatu beharreko lanen deskripzioa.

Dirulaguntzaren onuradunek kontratatu beharreko lanak bi fase izanen ditu: azterketa eta diagnostikoaren fasea eta HMIPa idazteko fasea.

_Azterketa eta diagnostikoa.

Egungo mugikortasuna aztertuko da, gizarte taldeak banaka harturik. Abiapuntuak eta helmugak, erabiltzen diren garraio motak, ibilbideak, joan-etorrien arrazoiak eta, bereziki, trafikoaren fluxuak eta horien ondorioak aztertuko dira. Azterketa horretan kontuan hartu behar dira etxebizitzen sakabanatze maila eta ikastetxeen, osasun etxeen, lantokien, merkataritza, josteta eta garraio guneen eta beste erakarpen gune handi batzuen kokapena.

HMIPak bizilagunen mugikortasun eta irisgarritasun beharren arteko oreka bermatu behar du, ingurumena babestu behar du eta garapen ekonomikoa eta gizarteratzea sustatu behar ditu.

_HMIPa egitea.

Dirulaguntza jasotzen duen udalerriak edo udalerri multzoak jarduteko helburu berariazkoak ezarriko ditu; adibidez, hirian lehentasuna ematea oinezkoei, edo irisgarritasuna bermatzea kolektibo ahulenei.

Helburu orokorra, hau da, mugikortasun iraunkorra, osatzen duten helburu berariazkoak lortzeko neurri koordinatuak diseinatu beharko dira (IDAEren "Hiriko mugikortasun iraunkorrerako planak garatu eta ezartzeko gida" kontsultatzea gomendatzen da).

Neurri zehatzak antolatuko dira epe laburrerako (2 urterako gehienez), ertainerako (2-4 urte) eta epe luzerako (4-8 urte). Exekuzio epea, kronograma eta aurrekontua bildu beharko dituzte, baita lotutako onuren aurreikuspena ere: ingurumen arloko onurak, energia arlokoak, txandaka aparkatzeko lekuak gutxitzea, etab.

Jarraipenerako adierazle batzuk definituko dira, HMIParen ezarpenean aurrera egin ahala mugikortasunaren bilakaera aztertu ahal izateko.

Iragarkiaren kodea: F0707715