67. ALDIZKARIA - 2007ko maiatzaren 30a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.3. Nahitaezko desjabetzeak

ERABAKIA, 2007ko apirilaren 2koa, Nafarroako Gobernuak hartua, Fontellasko Udalaren "Fontellastik El Bocalerako bidearen trazadura moldatzea" izeneko proiektuaren lanek ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa dela adierazten duena, nahitaez desjabetzeko.

Fontellasko Udalak 2006ko urriaren 10ean egindako osoko bilkuran hartutako Erabakiari jarraikiz, jendaurrean jarri ziren hamabost egunez bai aipatutako proiektua, bai ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda.

Jendaurrean egoteko epea bukaturik, Fontellasko Udalak, 2007ko urtarrilaren 31ko osoko bilkuran harturiko Erabakiaren bidez, proiektua behin betikoz onetsi zuen, ez baitzen alegaziorik aurkeztu.

Fontellastik El Bocalerako bidearen trazadura eta zoladura moldatzeko beharrak garrantzia eta premia handia ditu oso egoera kaskarrean dagoelako eta bidenabar oinezkoentzako pasabidea eta bidegorria jarri nahi direlako, horixe baita El Bocal alderako bide nagusia. Bertatik pasatzen dira autoak, traktoreak, nekazaritzako makineria, motorrak, eta bereziki bizikletak eta oinezkoak. Izan ere, arriskua larria izaten da ez dagoelako espaloirik, ez bazterbiderik ez eta bi erreien arteko bereizketarik ere. Horregatik, komenigarria da lanak udaberria eta uda iritsi baino lehen egitea, urtaro horietan erabiltzen delako gehien bidea.

Nafarroako Gobernuak, Fontellasko Udalak adierazi dituen arrazoiak ikusirik, bidezkotzat jo du desjabetze horrek ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa dela adieraztea.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 57.b) artikuluak onartzen dizkion eskumenak erabiliz, Nafarroako Gobernuak, Toki Administrazio kontseilariak proposaturik,

ERABAKI DU:

1. Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legeko 52. artikuluan xedatutakoari jarraituz, adierazten da presakoa dela "Fontellastik El Bocalerako bidearen trazadura moldatzea" izeneko proiektuaren lanek ukituriko ondasun eta eskubideen okupazioa.

2. Erabaki hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadila agintzea.

Iruñean, 2007ko apirilaren 2an._Nafarroako Gobernuko kontseilari eta idazkaria, Javier Caballero Martínez.

Iragarkiaren kodea: F0706367