67. ALDIZKARIA - 2007ko maiatzaren 30a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.3. BESTELAKO XEDAPENAK

2.3.5. Beste batzuk

LIZARRA

Zuzenketa, Lizarrako Garapen Sozioekonomikoa nahiz Udal mailakoa Kudeatzeko Entitatea izeneko sozietate anonimo kide bakarrekoaren estatutuetan

Lizarrako Udalak, 2007ko apirilaren 3ko osoko bilkura arruntean, bertzeak bertze, honako erabaki hau hartu zuen:

"Udaleko bihurtzeko espedientea tramitatu da, Udalaren titulartasuneko sozietate publiko bat eratzeko, sozietate anonimo kide bakarrekoaren itxuran, eta Udalak, 2006ko uztailaren 5ean egin osoko bilkuran, erabaki zuen espediente hori behin betikoz onestea, sozietate anonimo horren estatutuekin batera.

Erabaki hori betearazi beharrez, sozietatea eratzeko behar den eskritura publikoa sinatu zen, Lizarrako notario Lorenzo Doval de Mateoren aitzinean; haren protokolo zenbakia 1270/2006 du.

Eratzeko eskritura hori Nafarroako Merkataritza Erregistroan aurkeztu zen, inskripzioa egiteko, eta han ohartarazi zen hainbat zuzenketa egin beharraz, hain zuzen ere onetsitako estatutuen 1, 4.c), 4.g), 4.j), 11, 12, 15 eta 16. artikuluetan. Horiek zuzentzea nahitaezko baldintza da haien inskripzioa egin ahal izateko.

Ikusirik Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 205. artikuluan xedatutakoari jarraikiz izendatu den batzordeak aipatu estatutuetan aldaketa egiteko proposamenaren gainean emandako irizpena, espedientean baitago; Sozietate Anonimoei buruzko Legearen 9. artikuluan eta Merkataritza Erregistroaren Erregelamenduan harekin bat heldu direnetan xedatutakoari jarraikiz, eta orobat uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 197, 204 eta ondoko artikuluetan eta Toki Araubidearen arloan indarra duten xedapenen testu bateginaren 95 eta 96. artikuluetan xedatutakoari jarraikiz, erabaki da:

1. Udal honek eratu duen sozietate honen estatutuen 1, 4.c), 4.g), 4.j), 11, 12, 15 eta 16. artikuluen berridazketa zuzendua onestea: Lizarrako Garapen Sozioekonomikoa nahiz Udal mailakoa Kudeatzeko Entitatea, sozietate anonimo kide bakarrekoa.

2. Onestea, beraz, delako estatutu horien testu berria, aipatu artikuluetako zuzenketak, espedientean agertzen direnak, sartuta.

3. Alkate eta entitate honen buruari ahalmena ematea, sozietate horren estatutuak zuzentzeko eskritura publikoa sinatzeko Lizarrako Udala ordezkatuz, eta behar diren guztiak egiteko, era dadin eta Nafarroako Merkataritza Erregistroan haren inskripzioa egin dadin.

4. Estatutu horiek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea, onetsitako zuzenketak eta guzti, eta sozietatea eratzeko eta estatutuak zuzentzeko eskritura tramitatu eta haren inskripzioa bulkatzea Nafarroako Merkataritza Erregistroan.

5. Erabaki hau Kontu Hartzailetza, Aholkularitza Juridikora igortzea eta espedientean sartzea, behar diren ondorioak izan ditzan".

Argitara ematen da, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 21.1.r) artikuluak emandako eskumenak erabiliz, eta ohartarazten da ezen, ekintza hau irmo izanik bide administratiboan, errekurtso hauetakoren bat para daitekeela, aukeran:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza gauzatu duen organoari berari zuzendua, hilabeteko epean erabaki hau argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari edo Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, ebazpena argitaratu ondoko hilabetean.

Lizarran, 2007ko apirilaren 12an._Alkate udalburua, María José Fernández Aguerri.

ERANSKINA

Lizarrako Garapen Sozioekonomikoa nahiz Udal mailakoa Kudeatzeko Entitatea izeneko sozietate anonimo kide bakarrekoaren estatutuak

Izena, iraunaldia, xedea eta jarduketa eremua

1. artikulua. Izena.

Lizarrako Garapen Sozioekonomikoa nahiz Udal mailakoa Kudeatzeko Entitatea izeneko sozietate anonimo kide bakarrekoa eratu da; estatutu hauen araupean egonen da, eta bertan aurreikusita ez dagoen orotan eta aginduzko betebeharretan, Sozietate Anonimoen Araubide Juridikoari buruzko Legean eta aplikagarri zaizkion gainerako xedapenetan ezarritakoaren mende egonen da.

2. artikulua. Helbidea.

Sozietateak Lizarran (Nafarroa) izanen du egoitza: Sortzez Garbiaren pasealekua, 1.

Administrazio Kontseiluak hartutako erabakiaren bitartez berte helbide batera eramaten ahal da sozietatea, udalerrian berean.

3. artikulua. Iraupena.

Sozietateak ez du mugaegunik; eratzen den egunean hasiko ditu eragiketak, Sozietate Anonimoei buruzko Legearen 7. artikuluan xedatutakoa ukatu gabe.

4. artikulua. Xedea.

Hauek dira sozietatearen xedeak:

a) Behar diren jarduketa guztiak garatzea, Lizarrako udalerrian arte grafiko eta ikusizko berrien parke teknologikoa ezartzeko.

b) Udalerrian I + G teknologia berriak sustatu eta garatzea, arte grafikoen eta ikus-entzunezkoen alorrean.

c) Udalerrian jarduera ekonomikoak ezarri eta ustiatzeko jarduketak egitea, industrian, merkataritzan, nekazaritzan nahiz bertze arlo batzuetan, Espainiako Konstituzioaren 128.2 artikuluari jarraikiz, eta xede berarekin enplegua sortu eta garatzeko toki mailako ekimenak bulkatzea.

d) Lurra erosi, urbanizatu, kudeatu eta besterentzea, aurreko a), b) eta c) ataletan aipatutako xedea betetzeko beharrezkoak baitira.

e) Lizarrako udalerriko plangintza orokorra eta garapena formulatzea, gero administrazio eskudunek tramitatu eta onets dezaten, aurreko a) - d) ataletan adierazitakoa bete dadin.

f) Lizarrako Udalak onetsi ondotik, berdinbanaketarako tresnak eta urbanizazio proiektuak formulatu eta gauzatzea, beharrezkoak baitira aurreko a) - d) ataletan aipatutako helburua bete dadin.

g) Lizarrako Udalak manaturik, toki mailako zerbitzu publiko hauek _agintearen erabilpenik behar ez dutenak_ kudeatzea:

1._Hirigintza arloko kudeaketa eta betearazpena; parke eta lorategiak egin eta zaintzea, eta hiriko bide publikoak zolatzea.

2._Udalerrian jarduera ekonomikoak ezarri eta ustiatzeko jarduketak egitea, industrian, merkataritzan, nekazaritzan eta bertze arlo batzuetan, eta xede berarekin enplegua sortu eta garatzeko toki mailako ekimenak bulkatzea.

3._Udalerriaren esparruan historia eta arte ondarea sustatu eta zaintzeko jarduketak egitea.

4._Ingurumena zaintzea.

5._Elikagaien hornidura, hiltegiak, azokak, merkatuak eta kontsumitzaile eta erabiltzaileen defentsa.

6._Osasungarritasun publikoaren babesa.

7._Lehen osasun laguntzaren kudeaketan parte hartzea.

8._Gizarte zerbitzuak, gizarte sustapenekoak eta gizarteratzekoak egitea.

9._Urez eta herriko argiez hornitzea, eta orobat eremu publikoa garbitzeko zerbitzuez eta hondakinak bildu eta tratatzekoez, eta estolderiako eta hondakin uren tratamendurako zerbitzuez.

10._Bidaiarien garraio publikoa.

11._Kultur eta kirol jarduera eta instalazioak, aisialdia eta turismoa.

12._Irakaskuntzaren programazioan parte hartzea eta hezkuntza admninistrazioarekin lankidetzan aritzea, ikastetxe publikoak sortu, eraiki eta mantentzean, haien kudeaketa organoan esku hartzea eta derrigorrezko eskolatzea betetzen ote den zaintzeko lanetan parte hartzea.

h) Aitzineko a) - g) ataletan aipatutako xedea garatu eta gauzatzeko behar diren obra, azterlan eta proiektu guztiak esleitu eta kontratatzea.

i) Hitzarmenak egitea Europar Batasuneko, Estatuaren administrazioko eta Nafarroako Foru Komunitatearen administrazioko entitate publiko eta erakundeekin, baita estatu mailako nahiz estatuz gaindiko entitate pribatuekin ere, aurreko ataletan aipatutako xede soziala hobeki garatu eta gauzatu dadin.

5. artikulua. Kapital soziala-Akzioak.

Kapital soziala hirurogei mila eta bortzehun (60.500,00) eurokoa da, hirurogei mila eta bortzehun akzio arrunt izendunetan banatua serie bakar batean, euro bateko balio izendunekoa haietako bakoitza, 1etik hasi eta 60.500. arte zenbakitua, bi horiek barne, eta guztiz ordainduta.

Lizarrako Udalarena da kapital sozialaren %100, eta berak harpidetua.

6. artikulua. Sozietatearen gobernu organoak.

Sozietatearen administrazioa eta ordezkaritza ondokoen gain egonen da, bakoitzaren eskumenen esparruan:

1._Akziodunen Batzar Orokorra.

2._Administrazio Kontseilua.

7. artikulua. Batzar Orokorra.

Akziodun diren guztiek osatzen dute Batzar Orokorra.

Behar bezala deitu eta eraturik, legez ezarritako salbuespenak izan ezik, gehiengoz erabakitzen ditu bere eskumeneko gaiak; bazkide guztiek bete beharko dituzte erabakiak, baita ados ez daudenek eta bilkuran parte hartzen ez dutenek ere.

8. artikulua. Deialdia eta izaera.

Batzar Orokorak arruntak eta bereziak izaten ahal dira, eta Sozietateko administratzaileek deituta bilduko dira.

Batzar Orokor Arrunta ekitaldi bakoitzaren lehen sei hilabetean bilduko da, nahitaez, kudeaketa soziala zentsuratzeko, aurreko ekitaldiko kontuak eta balantzea onetsi, mozkinen banaketaren gainean ebatzi, kontuen zentsore akziodunak izendatu eta, bidezko denean, kontseilukideak eta Sozietateko gainerako administrazio organoetako kideak izendatu, berretsi eta kentzeko.

Modu baliozkoan eratuko da, 1. deialdian, bazkideen gehiengoa biltzen denean, edo zein den haien kopurua, bildutakoek kapitalaren erdia gutxienez ordezkatzen badute. 2. deialdian, zein den ere bildutako bazkideen kopurua, Batzarraren eraketa balioaduna izanen da. Lehen eta bigarren bileren artean 24 orduko epea utzi beharko da, gutxienez.

Administratzaileek bultzatuta dei eginen da Batzar Orokor Berezirako.

Orobat, administratzaileek egin beharko dute dei, eskatzen duten bazkide titularren kopuruak kapital sozialaren %5a bederen ordezkatzen badu, eta eskaeran Batzarrak landu beharreko gaiak adieraziko dira.

Azken kasu horretan, administratzaileei bilerara deitzeko notario bidez eskatu eta hogeita hamar eguneko epean eginen da Batzarrerako deia.

Aurreko lerroaldean xedatutakoa gorabehera, Batzar Ororkor Arrunta eta Berezia behar bezala eratuta eta deituta egonen dira edozein gai lantzeko kapital sozial guztia bertan dagoenean, nahiz ordezkatuta, eta bildutakoek aho batez onartzen badute Batzarra egitea.

9. artikulua. Batzar Orokorraren ahalmenak.

Indarra duen legeriak aurreikusitako ahalmenak izanen ditu Akziodunen Batzar Orokorrak.

10. artikulua. Administrazio Kontseilua.

Administrazio Kontseiluak administratu eta zuzenduko du sozietatea, hark du sozietatearen ordezkaritza, baita legeriak emandako ahalmen guztiak ere.

11. artikulua. Karguen izendapena eta iraunaldia.

Administrazio Kontseiluak bortz kide izanen ditu gutxienez, eta inoiz ez bederatzi baino gehiago. Batzar Orokorrak izendatu eta kargutik kenduko ditu.

Administrazio Kontseiluko kideak, duten karguagatik sozietateko kontseilukide izendatuak izan badira, kargua utzi eta, bertzerik gabe, kontseilukide izatetik geldituko dira Batzar Orokorrak hala erabakitzen duenean.

Zilegi da kontseilukide karguari uko egitea, izendapena baliorik gabe uztea eta kargualdia burututakoan berriz hautatzea.

Ez da ordainduko kontseilukide izateagatik.

Kontseiluak berak kontseilukideen artean hautatuko ditu kontseiluburua eta buruordea.

Kontseiluburua kanpoan denean, ezin duenean edo bateraezintasuna duenean, buruordeak hartuko du haren tokia, edo kontseilukide zaharrenak.

Kontseiluari dagokio, orobat, idazkaria hautatzea. Kontseiluko kidea izan daiteke edo ez. Idazkariak Kontseiluko bileraren batera huts egiten badu, bileran dauden kontseilukideetan gazteenak hartuko du haren lekua.

Administrazio Kontseiluak kontseilukide delegatu bat izendatzen ahal du kideen artean, eta nahi dituen ahalmenak emanen dizkio.

12. artikulua. Iraupena.

Kontseilukidearen kargualdia lau urte izanen da, gehienez ere.

13. artikulua. Kontseiluaren bilerak.

Kontseiluburuak edo haren ordezkariak nahi duen aldiro deituta bilduko da Administrazio Kontseilua; baita, kontseilukideen lautik batek eskatuta ere.

Bilerak, arruntean, sozietatearen egoitzan eginen dira, baina kontseiluburuak hautatzen duen bertze toki batean ere egiten ahalko dira, eta hala adieraziko da deialdian.

Administrazio Kontseilua modu baliozkoan eratuko da kontseilukideen erdiak gehi bat bilduz gero, bertara etorrita nahiz ordezkatuta.

Kontseilukide bakoitzak bertze bati ematen ahalko dio bere ordezkaritza, baina bilkurako inork ezin izanen ditu bi kontseilukide baino gehiago ordezkatu.

14. artikulua. Erabakiak.

Kontseilukideen, edo haien ordezkarien, botoen gehiengoz hartuko dira erabakiak, nahiz horrek ez duen galarazten legeak ezartzen duen kasuetan "quorum" berezia behar izatea. Berdinketa izanez gero, kontseiluburuaren edo bere ordezkoaren botoak erabakiko du.

Kontseiluko bileretako aktak horretarako prestatutako liburu berezi batean jasoko dira, bilerara agertzen direnek onartuko dituzte eta kontseiluburuak eta idazkariak sinatuko.

15. artikulua. Sozietatearen ekitaldia, kontabilitateko agiriak eta kontu-ematea.

Urtero, urtarrilaren lehenean hasi eta abenduaren hogeita hamaikan bukatuko da sozietatearen ekitaldia.

Salbuespen gisa, lehenbiziko ekitaldia sozietatea eratzen den egunean hasiko da eta urte horretako abenduaren hogeita hamaikan bukatuko.

Urtero, sozietatearen ekitaldia ixten denetik hiru hilabeteko epean, gehienez ere, Kontseiluak balantzea egin beharko du, atal hauek izanen dituena: galera eta irabazien kontua, emaitzak banatzeko proposamena eta azalpen txostena.

16. artikulua. Mozkinak.

Mozkinik baldin bada, Sozietate Anonimoei buruzko Legearen 214. artikuluan adierazi bezala, legezko erreserba izatea eta handitzea deusetan galarazi gabe, Sozietateari dagozkion eginkizunetan erabiliko dira, Batzar Orokorrak horren aldeko erabakiak hartuta.

17. artikulua. Sozietatearen desegitea eta likidazioa

Sozietate Anonimoen Araubide Juridikoari buruzko Legean aurreikusitako kasuetan deseginen da sozietatea eta, salbuespen gisa, Batzar Orokorrak hala erabakitzen duenean.

Batzorde baten esku utziko da Sozietatearen likidazioa. Batzar Orokorrak izendatuko ditu hura osatzen duten kideak _kopuru bakoitia izanen du_, eta Sozietate Anonimoei buruzko Legearen arauei jarraituko zaie.

Iragarkiaren kodea: L0706219