60. ALDIZKARIA - 2007ko maiatzaren 14a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

ROCAFORTE

Estolderiaren eta hondakin uraren arazketaren tasa arautzen duen ordenantza fiskala. Behin betiko onespena

Rocaforteko Kontzejuak, 2006ko abenduaren 15ean egin bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Estolderiaren eta hondakin uraren arazketaren tasa arautzen duen ordenantza fiskala.

Onesteko erabakia 2007ko 14. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, urtarrilaren 31n, eta jendaurreko epean inork ez du alegaziorik aurkeztu; hortaz, ordenantza horietako aldaketa behin betikoz onetsi da eta osorik ematen argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

ESTOLDERIAREN ETA HONDAKIN URAREN ARAZKETAREN TASA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA FISKALA

1. artikulua. Oinarria. Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 100. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoaren babespean ezarri da ordenantza hau.

2. artikulua. Zergapeko egintza. Honako hau da tasaren zergapeko egintza:

a) Udalak egiten dituen jarduera tekniko eta administratiboak, toki entitatearen estolderiaren sarera lotzeko baimena eman ahal izateko behar diren baldintzak betetzen diren ala ez egiaztatzeko.

b) Toki entitatearen estolderiaren sarearen bitartez gorozkiak, euri-urak, eta ur beltz eta zikinak biltzeko eta, Rocaforteko industrialdean, horiek arazteko tratamendua egiteko zerbitzua egitea.

3. artikulua. Ez daude tasa honi lotuak finka lurrera eroriak, aurri egoeran deklaratuak edo orube edo lurzati direnak.

4. artikulua. Salbuespenak. Salbuespenik ez da, tasa hau ordaintzeko.

5. artikulua. Subjektu pasiboak. Subjektu pasiboak dira, zergadun diren aldetik, Tributuei buruzko Foru Lege Orokorraren 33. artikuluan aipatzen diren pertsona fisiko edo juridikoak nahiz entitateak.

a) Finkaren jabea, usufruktuduna edo erabilpenaren titularra, sarera lotzeko lizentzia denean.

b) Udal mugapeko finketan zerbitzu horietaz baliatzen diren bizilagun edo erabiltzaileak, beren titulua edozein delarik ere (jabeak, usufruktudunak, gela bat hartua dutenak edo maizterrak, baita ordaindu gabe norbaitek utzita bada ere), ordenantza honetako 2.b) artikuluan sartutako zerbitzuen kasuan.

6. artikulua. Betiere, etxebizitzaren edo lokalaren okupatzaile edo erabiltzailearen ordezko subjektu pasibotzat hartuko da higiezinen jabea.

7. artikulua. Zerga-kuota.

1. Estolderiaren sarera lotzeko lizentziari edo baimenari dagokion zerga-kuota behin baizik ez da eskatuko eta 66,39 euroko zenbateko finkoa izanen da enpresa-lokal bakoitzeko.

2. Estolderia eta arazketa zerbitzuagatik eskatzen den tributu-kuota finkan erabilitako ur kopuruaren arabera erabakiko da, metro kubikotan neurturik.

Horretarako, tarifa hau aplikatuko da:

Estolderia eta arazketa: 0,09 euro.

8. artikulua. Ez da inola ere ur kontsumorik kontatuko horniduragatik gutienez ere fakturatzen dena baino gutiago bada. Kontsumo horretatik heldu den kuota eskatzen ahal den gutienekotzat hartuko da.

9. artikulua. Tasa sorrarazten da eta ordaindu beharra dago Kontzejua zergapeko egintzaren jarduera hasten den unean, jarduera honelakoetan hasiko baita:

a) Sarera lotzeko lizentzia lortzeko eskabidea aurkezten den egunean, subjektu pasiboak espresuki egiten duenean.

b) Kozejuaren estolderiaren sarera egiaz lotzen den egunaz geroztik. Kasu honetan tasa ordaindu beharko da, kontuan hartu gabe sarera lotzeko baimena lortua den ala ez, eta kontuan hartu gabe baimena eskuratzeko tramitatu beharreko espediente administratiboa abiarazi den ala ez.

10. artikulua. Gorozkiak, euri-urak eta ur beltz eta zikinak biltzeko eta horiek arazteko tratamendurako zerbitzuak derrigorrezkoak dira toki entitateko finketan estolderia duten karrika, plaza edo bide publikoetara jotzen duten fatxada duten guztientzat, baldin eta finkaren eta sarearen artean 100 metro baino gehiagorik ez bada. Tasa beti kobratuko da, interesdunuak sarera lotu ala ez.

11. artikulua. Deklarazioa, likidazioa eta dirusarrera. Zergadunaren ordezko subjektu pasiboek alta eta baja aitorpenak egin behar dituzte tasaren subjektu pasiboen zentsuan. Finkaren titulartasunaren aldaketa egiten denetik hurrengo hilabete naturaleko azken egunera bitartean egin behar dira aitorpenak.

12. artikulua. Aurreko artikuluak aipatzen dituen aitorpenek eragina izanen dute egiten den lehen likidaziotik aitzina, betiere alta eta baja aitorpenak aurkezteko epea bururatutakoan.

13. artikulua. Zentsuan hasiera batean sartzea ofizioz eginen da, sarera lotzeko baimena emandakoan.

14. artikulua. Tasa honen kuotak uraren hornidura eta kontsumoaren ordainagiriek dituzten epe beretan likidatu eta bilduko dira.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa._Ordenantza honetan aurreikusi ez den orotan, Ordenantza fiskal orokorrean eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean xedatutakoa aplikatuko da.

Bigarrena._Ordenantza honek indarra hartuko du eta ondorio juridiko osoak sortuko, testua osorik Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen denean.

Rocaforten, 2007ko martxoaren 26an._Alkate kontzejuburua, José Miguel Ozcoidi.

Iragarkiaren kodea: L0705410