60. ALDIZKARIA - 2007ko maiatzaren 14a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

ORBARA

Ordenantza. Behin betiko onespena

Orbarako Udalak, 2006ko urriaren 28an egin osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batean onestea Orbarako Udalaren herriko bide eta mendi pisten erabilera arautzen duen ordenantza fiskala.

Iragarkia 2006ko 147. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, abenduaren 8an, eta inork ez duenez alegaziorik aurkeztu, Orbarako Udalak, 2007ko martxoaren 30ean egin osoko bilkuran, erabaki zuen delako aldaketa behin betikoz onestea.

Beraz, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeko 326. artikuluan ezarritakoa aplikatuz, osorik argitaratzen da Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean.

Orbaran, 2007ko apirilaren 2an._Alkate udalburua, Joaquín Gortari Arbona.

ORBARAKO UDALAREN HERRIKO BIDE ETA MENDI PISTEN ERABILERA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA FISKALA

1. artikulua. Ordenantza honen xedea da Orbarako Udalaren herriko bide eta mendi pisten erabilera arautzea, baita tasa bat ezartzea ere, haien erabilera arruntagatik, erabilera hori berezia edo pribatiboa denean.

2. artikulua. Orbarako Udalaren herriko bideak eta mendi pistak nolakoak diren, harexetarako erabiliko dira, eta debeku dira haien erabilera ezohiko eta gehiegizko guztiak, bideetan kalte egiten dutenak edo trafikoaren segurtasunaren kontrakoak.

3. artikulua. Debeku da arras delako bide eta pista horietan eta udalerriko karriketan barna oihangintza eta eraikuntzako produktuak herrestan eramatea, baita kate bidezko ibilgailuen joan-etorria ere.

4. artikulua. Bide edo pista bakoitzerako ezarritako mugak errespetatuko dira pisuaz eta kargaz den bezainbatean. Ibilgailuaren gehi kargaren pisua ez da inoiz 25 t baino gehiago izanen. Bide eta mendi pistetan, gehieneko abiadura hogeita hamar kilometro/ordua da.

Nolanahi ere, debeku dira trailer kamioien joan-etorriak, ingurabar bereziak direla medio eta dagozkion tasa eta fidantza ordainduta Orbarako Udalak erabaki baten bidez baimena eman ezik.

5. artikulua. Debeku da mendian barna ibiltzea, bide eta pistetatik kanpora. Debeku horrek ez du indarrik jabeek beren finketan sartu behar dutenean edo udalerriko nekazaritza eta abeltzaintzako jarduera eta erabileretan aritzen direnean ibilgailu motordunetan, ezta udalerriko herritarren etxerako egurren aprobetxamenduan aritzen direnean ere.

6. artikulua. Euri edo elur egunetan pistetan barna ibiltzea gaiztoa denean, baimena espresuki eman beharko da, egun zehatz horietan zura nahiz eraikuntzako materialak, makina handiak, ondasun eta ekipoak garraiatzeko, herriko bide eta mendi pistetan kalte larriak egitea eragozteko.

7. artikulua. Berariaz debeku dira lehiaketak eta ibilgailu motordunak taldeka ibiltzea, are antolaturik daudenean ere.

Honi dagokionez, taldeka ibiltzea da ibilgailu motordunak hiru edo gehiago direnean, lehiaketa xederik gabe, ibilbide berari segika.

9. artikulua. Eskualdeko mendietako oihanaren ustiapenetik heldu den zuraren joan-etorria, baita eraikuntzako materialen eta makineria handiaren joan-etorria ere, erabilera publikoko ondasunen erabilera arrunta da, izaera berezikoa, eta lizentzia behar du Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 122. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Lizentzia eskaerei erantsiko zaie garraiatu beharreko produktuen tonajea egiaztatzen duen dokumentazioa. Zura garraiatzen denean, erantsiko dira Nafarroako Gobernuko Mendi Zerbitzuaren markaketa- orriak, oihan aprobetxamenduen kontzesioen erabakiak jasotzen dituztenak.

Orbarako Udalak ahalmena izanen du betiere, behar diren egiaztapenak egiteko, ustez bat heldu ez badira eskatutako lizentzian agertzen den tonajea eta egiazki garraiatzen dena.

10. artikulua. Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 100.2 A) artikuluan ezarritakoari jarraituz, tasaren zergapeko egintza da tokiko jabari publikoaren erabilera pribatiboa edo aprobetxamendu berezia.

Ordenantza honi dagokionez, tasaren zergapeko egintza hau da:

a) Oihangintzako produktuak bide eta pista horietatik ateratzeko egiten diren joan-etorriak, baldin eta ibilgailu motordunen bidez ateratzen badira. Salbuespena da etxerako egurren aprobetxamendua.

b) Eraikuntzako materialak, ondasunak eta ekipoak pista eta bide horietan barna garraiatzea, baldin eta ibilgailu motordunen bidez egiten bada.

c) Makina handiak bide eta pista horietan barna garraiatzea eta/edo ibiltzea: bertzeak bertze, kamioiak, furgoiak edo furgonetak, kamoioi traktoreak, atoiak, ibilgailu artikulatuak, errepideko trena, ibilgailu egokituak, ibilgailu misto egokitzen ahal direnak, ibilgailu bereziak, obretarako traktoreak, obretarako berez dabiltzan makinak nahiz atoian eramanak, zerbitzuetarako traktorea, gurdi traktorea, zerbitzuetarako makina berez ibiltzen dena nahiz atoian eramana, dumperra, garabiak, hormigoi makina, hondeamakinak, atzera-hondeamakinak, pala kargatzaileak, nibelatzeko makina, trinkotzaileak, ibilgailu biltontzidunak, lohi-ateragailuak, estazio eraldatzaile mugigarriak, etab.

Zura garraiatzen denean, Nafarroako Gobernuko Mendi Zerbitzuaren markaketa-orrietan, horren ondoriozko oihan aprobetxamenduen kontzesio erabakietan jasota dauden horietan, zer bolumen agertzen den, halakoxeko tasa ordaindu beharko da.

Eraikuntzako materialak, makina handiak, ondasunak eta ekipoak garraiatzen direnean, tasa ordaindu beharko da haien tonajeagatik.

11. artikulua. Tasa ordaindu behar dute partikularrek, edozein izaera juridikotako sozietateek, elkarteek eta korporazioek, publikoak nahiz pribatuak izan, legean aurreikusitako salbuespenak izan ezik.

Tasa ordaindu behar duen subjektua izanen da:

a) Zura garraiatzen denean, oihangintzako produktuak zer menditatik heldu diren, haren titularra.

b) Eraikuntzako materiala garraiatzen denean, edo makina handiak, ondasunak eta ekipoak, obra batera baldin badoaz, harexen sustatzailea edo betiere ibilgailuaren titularra.

12. artikulua. Hona hemen tasaren zenbatekoa: bi euro eta berrogeita hamahiru zentimo (2,53 euro) tona bakoitzeko, zura nahiz eraikuntzako materialak, makina handiak, ondasunak eta ekipoak garraiatzen direnean.

Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legearen 105.5 artikuluan ezarritakoari jarraituz, garraioa egin aitzin eta dagokion tasaz aparte, hamar euroko fidantza (10,00 euro) eratuko da, garraiatu beharreko tona zur, eraikuntzako material, makineria handi, ondasun eta ekipoko tona bakoitzeko, egiten diren kalte eta galeren konponketa bermatzeko.

13. artikulua. Ordenantza honetako 9. artikuluan aipatzen den lizentzia eskuratzeko, nahitaezko baldintza izanen da fidantzaren zenbatekoa eta kasuan kasuko tasa aldez aitzinetik ordaintzea.

Tasa ez ordaintzea aski arrazoi izanen da Orbarako bide eta pistetan biderik ez izateko, zor diren zenbatekoak kitatzen ez diren bitartean, deusetan ukatu gabe Udalak haren kobrantzari ekitea premiamendu administratiboa erabiliz.

14. artikulua. Ordenantza honi dagokionez, arau-hauste administratiboak dira hauek:

a) Abiadurari, pisuari eta kargari dagokienez ordenantza honetan adierazten diren mugak ez betetzea.

b) Ordenantza honetako 6 eta 7. artikuluetan aipatzen diren kasuetan, ibilgailuak Udal honen baimen espresurik gabe ibiltzea.

c) Mendian barna sartzea, bide eta pistetatik kanpora, lege honetan aurreikusten diren salbuespenak salbu.

d) Ibilgailu motordunak taldeka ibiltzea, are antolaturik daudenean ere.

e) Delako bide eta pista horietan eta udalerriko karriketan barna oihangintzako eta eraikuntzako produktuak herrestan eramatea, baita kate bidezko ibilgailuen joan-etorria ere.

f) Ordenantza honetako aginduetako edozein urratzea.

15. artikulua. Zehapenak.

Aitzineko artikuluan aureikusitako arau-hausteek ondoko isunak jasoko dituzte, eta horiei arau-hausleak eskuratutako irabazi osoaren zenbatekoa gehituko zaie, halako irabazirik eskuratu badu.

a) 14. artikuluko a), b), c), d) eta f) letretan aurreikusten diren arau-hausteek bortzehun euroko zehapena izanen dute (600,00 euro).

b) 14. artikuluko e) letran aurreikusten diren arau-hausteek mila euroko zehapena izanen dute (1.000 ,00euro).

16. artikulua. Zehapenak ezartzea eragindako kalte-galeren ordainetik aparte izanen da, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 117. artikuluan ezarritakoari jarraituz.

17. artikulua. Isunen zenbatekoa eta eragindako kalte-galeren ordaina administrazioaren premiamendu bidean galdatu eta gauzatuko da.

18. artikulua. Ordenantza honetan jasota ez dagoen guztietan aplikatzekoak izanen dira Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea eta indarra duen legeria sektoriala.

Iragarkiaren kodea: L0705814