60. ALDIZKARIA - 2007ko maiatzaren 14a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

OLTZA

EDIKTUA

Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak 289/2006 Foru Agindua eman zuen, abuztuaren 25ekoa, Oltza Zendeako lurzoru urbanizaezinean kiroldegi bat ezartzeko Plan Bereziaren espedientea, Pamplona Kirol Elkarteak sustatua, behin betikoz onesteko.

Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen 81.1 artikuluan xedatuari jarraikiz, bidezko da Udal Plan horretako hirigintza araudia argitaratzea Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean.

Aditzera ematen da, orok jakin dezan.

Oltza Zendean, 2007ko martxoaren 23an._Alkatea, Jose María Cuende Vallejo.

8._HIRIGINTZAKO ARAUDIA

Lurraldearen Antolamendu Zerbitzuaren 2005-12-19ko txostenari jarraikiz, hauek ezarri dira:

8.A) Plan Bereziaren determinazio egiturazkoak:

_Erabilera orokorra: kirol ekipamenduetarako.

_Eraikigarritasuna: gehienez ere baimentzen den eraikigarritasuna 0,1 m²c/m²s da.

_Gehieneko okupazioa: eraikinetarako gehienez ere baimentzen den okupazioa Planaren esparruaren azaleraren %10 izanen da.

Eraikigarritasun eta okupazio kontuetarako bakarrik kontatuko dira eremu estali eta hiru alde edo gehiagotatik hetsiak direnak; ez dira kontatuko ez eremu estali gabeak, aldeetatik hetsirik baude ere, ezta eremu estali baina bakarrik bi alde edo gutxiagotatik hetsiak ere.

_Gehieneko garaiera: eraikuntzan gehienez ere baimentzen den garaiera 7 (zazpi) metro dira, muga egiten duen espaloitik eraikinaren goiko forjatuaren beheko alderaino neurturik.

Eraikinen estalkiaren gainean kirol premien zerbitzuko instalazioak baizik ez daude baimendurik, hala nola ur beroa ekoizteko elementuak, argiztatzekoak, harmailak, etab., eta ahaleginak eginen dira orokorrean paisaiaren kontrako eraginik izan ez dezaten.

_NA-7010 errepiderainoko tartea: Nafarroako Errepideen Babesari buruzko urriaren 10eko 11/1986 Legea betetzeko, eraikinak ez dira kokatzen ahalko NA-7010-aren kanpo ertzetik (lerro zuria) 18 m baino gutiagora. Planoetan adierazten da.

8.B) Plan Bereziaren determinazio egiturazkoak:

_Lerrokadurak eta sestrak: Planaren dokumentazio grafikoan lerrokadura eta sestra batzuk ezartzen dira eraikin eta kirol zelaietan, eta haietara atxiki beharko dira Plan Berezi honek garatzen dituen eraikuntza eta urbanizazio proiektuak.

Xehetasun azterlanen bidez bertzelakotzen ahalko dira lerrokadura edo sestra hauek, gehienez ere baimentzen den eraikigarritasuna gainditu gabe.

_Eraikuntza eta barne urbanizazioa egiteko materialak: Plan Bereziaren araudia betetzeko, eskualdeko eraikuntza eta arkitekturaren ezaugarriekin bat etorriko dira, nahiz eta Plan Berezi honetan mugarik ezartzen ez den, izan ere hagitz eraikin espezializatuak dira, eskualdean erreferentzia arkitektonikorik ez dutenak, ez baitago gisako bertze gunerik hari egokitzeko. Barne urbanizazio eta eraikuntza proiektuek ez bertzek zehaztuko dituzte ezaugarri horiek; Udalak haiexen gainean eginen du kontrola, lizentzia eman baino lehen.

Bertzerik ez bada, proiektua da eraikuntza guztiak garaiera txikiko eraikin batera (beheko solairua gehi bat) biltzea; hura ekipamenduetako eraikinaren erdian egonen da. Handik, zerbitzu eginen zaie kirol zelaiei. Posible da bigarren eraikin bakartu bat baimentzea, aldageletarako, eta haren harmailak, beisbol zelaia nazioarteko kategoriakoa bada.

Eraikinak garaiera urrikoak izanen dira; konposizio etzana zutikakoa baino nabarmenagoa izanen dute; bolumen sotilak izanen dira, eta haietan arkitektura paisaiaren osagarria izanen da, hura izan ez dadin arkitektura hanpatu baterako agertoki.

_Arkitekturako eta hirigintzako oztopoak kentzea: urbanizazio eta eraikuntza proiektuetan, zorrotz eta esplizituki beteko diraOztopo fisikoei eta zentzumenezkoei buruzko 4/1988 Foru Legea, hura erregelamendu bidez garatzen duen 154/1989 Foru Dekretua, eta aitzinekoa aldatzen duen 22/2003 Foru Legea, baita alor honetako bertze arau batzuk, proiektu horiek onetsi aitzin indarra bazuten.

_Lurren titulartasuna: Plan Berezi honek ukitutako lur guztiek titulartasun pribatua dute, eta ez da jabetzarik lagatzen. Bi eremu ezarri dira, erabilera ezberdinak dituztenak: lehen eremu batean aparkalekuak eta erabilera publikoko sarbideak izanen dira, eta bertzean, berriz, erabilera hertsiki pribatiboa Pamplona K.E.rako. Planoetan erabilera publikoko eta erabilera pribatuko azalerak adierazten dira, lurren titulartasuna guztiz pribatua izanik ere. Plan Berezi honetan zehazten den erabilerak irauten duen bitartean iraunen du horrela mugaturiko eremuen erabilera publikoko zortasunak.

1. ERANSKINA

1._Esparruaren perimetroko itxituren garaiera 2 metro baino gutiago izanen da.

2._Eraikigarritasuna kontatzeko tenorean (Planeko 8-A atala), Udal Planeko araudiak arautuko du (34. artikulua); hartara, "alde bat edo bitatik itxitako eremu estaliak kontatuko dira haien azalera eraikiaren %50".

Iragarkiaren kodea: L0705560