60. ALDIZKARIA - 2007ko maiatzaren 14a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

UHARTE

Ordenantza. Behin betiko onespena

Uharteko Udalak, 2006ko abenduaren 2an egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen ibilgailuak espaloietan barna pasatzeko lizentziak eta eremu publikoetako erreserbak arautzen dituen ordenantzako aldaketa.

Hasierako onespenari buruzko iragarkia 2007ko 18. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, otsailaren 9an, baita Udaletxeko iragarki oholean ere, eta jendaurreko epean ez da alegaziorik aurkeztu; hortaz, ordenantza hori behin betiko onetsi eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoari jarraituz.

Uharten, 2007ko martxoaren 23an._Alkatea, Amparo Miqueleiz Arrarás.

IBILAGAILUAK ESPALOIETAN BARNA PASATZEKO LIZENTZIAK ETA EREMU PUBLIKOETAKO ERRESERBAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA

16. ORDENANTZA

LEHENBIZIKO KAPITULUA

Arau orokorra

Pasatzeko lizentziak.

1. artikulua. Bi gurpil baino gehiagoko ibilgailuak erabilera pribatuko lokal edo guneetara espaloietan edo oinezkoen erabilera publikoko guneetan barna pasatzeko, beharrezkoa izanen da udalaren lizentzia edukitzea ("pasatzeko lizentzia", laburki).

Tokia erreserbatzeko lizentziak.

2. artikulua. Orobat, Udalaren lizentzia beharko da eremu publikoetan edo erabilera publikoko lurretan denbora mugarik gabe edo gau eta egun tokia gordetzeko, helburua zamalanak egitea bada, edo jendea eta bezeroak hartu edo uztea, edo antzeko helburuak badaude (laburki, tokia erreserbatzeko lizentzia), establezimendu edo jarduera jakin batzuen mesedetan.

Horiek horrela badira ere, Udalak, bidezkotzat jotzen badu, zenbait tokitan aparkatzeko debekua ezar dezake, bai interes publikoko arrazoiengatik, baita hainbat lokal, jarduera edo sektore toki haietaz balia daitezen ere.

3. artikulua. Oro har, Udalaren esku dago tokia erreserbatzeko nahiz pasatzeko lizentzia ematea, eta ordenantza honetan aipatzen da noiz ukatuko den lizentzia eta zein diren hura emateko baldintzak.

Lizentzia eskuratu beharra.

4. artikulua. Jende edo entitate publiko nahiz pribatu guztiek behar dituzte arestiko lizentziak, eta haien tasa eta eskubideen menpe geldituko dira.

Lizentzia emateko eskumena Gobernu Batzordearena da, Alkatetzak edo informazio batzordeek proposatuta.

Debeku orokorrak.

5. artikulua. Espresuki debekaturik dago ondotik zehazten den hau:

A._Edozein motatako ibilgailuei sarbidea edo zintarrietako igoera errazteko asmoz, gailu finko edo mugikorrak jartzea erabilera publikoko bide edo eremuetan. Bidezko kasuetan soilik onartuko da pasabidea edo jandako zintarria jartzea, ordenantzako baldintzen arabera.

B._Pintura, errotulu, seinale edo adierazpen suerte guztiak, grafikoak izan edo bestelakoak izan, baldin eta tokia erreserbatzeko nahiz pasatzeko lizentziarik izan gabe, aipatu lizentziek aparkatzeko ezarri ohi dituzten mugapenen ordezko izan nahi dutenak edo nahasgarri izan daitezkeenak.

C._Erabiltzen ez diren ibilgailuak, gurdiak eta bestelakoak jartzea lokalen sarreraren parean edo inguruan, aurreko atalean adierazitako helburu berarekin.

Izan daitezkeen bestelako egoerez gain, hasiera batean ibilgailu edo gurdi erabiltezintzat hartuko dira egoera fisiko edo mekanikoaren aldetik funtzionatzeko moduan ez daudenak, beren ezaugarriak direla eta hirirako erabilgarriak ez direnak eta zirkulazio baimenik ez dutenak edota Udalaren era guztietako zerga-tasak ordaintzen ez dituztenak.

Aipatu kasu guztietan, udal zerbitzuek eraman, kendu edo ezabatzen ahal dituzte debekaturiko lanabes, seinale eta gainerakoak, aldez aurretik errekerimendurik egin beharrik izan gabe, eta udal biltegian altxatu. Hortik eragindako gastuak, zertarako jarri ziren, jarduera haiexen titularraren bizkar geldituko dira.

Era berean, zehapen espedientea edo zerga iruzurrekoa tramitatu ahal izanen da, eskubideak behar ez bezala erabiltzeagatik nahitaezko lizentziarik izan gabe.

BIGARREN KAPITULUA

Pasatzeko lizentziak

Betebehar orokorra.

6. artikulua. Pasatzeko lizentzia nahitaezkoa da ordenantza honen 1. artikuluan adierazitako oinarrizko kasuan, nahiz eta hura baliatzeko ez den eskatzen pasagunean edo parean aparkatzeko debekua, bai trafiko arauek sektorean gelditzea edo aparkatzea debekatzen dutelako bai erabiltzen ez delako edo beste arrazoi batzuengatik.

7. artikulua. Eredu ofizialeko eskabidea bete beharko da pasatzeko lizentzia eskatzeko, eta dokumentu hauek erantsiko zaizkio:

Lokala edo eremu pribatua erabiltzeko lizentziaren kopia edo testigantza, edo hura eskuratzeko egindako eskaerarena, tramiteak aldi berean egiten ari badira.

Eraikinaren edo eremuaren kokapenaren planoa, 1/100dik 1/200era bitarteko eskalakoa, zenbat erabiltzen den adierazita.

Jarduera sailkaturako eta irekitzeko lizentzien kopia, halakorik izanez gero.

Lokalaren planoa, banaketa eta guzti, ibilgailuendako eremua, sarbideak, haiek igarotzeko korridorea, ezaugarriak eta azalera bereziki adierazita.

Ibilgailuak utzi edo gordetzeko lokalak direnean, ibilgailuen matrikulen eta jabeen zerrenda erantsi beharko da, edo zein den haren xedea, komunitateko garajea bada.

Beste xederen bat duten negozio-lokalak direnean, txosten labur bat erantsiko da, bertan gauzatzen den jarduerari buruzkoa, zehazturik batez beste zenbat ibilgailu sartu eta ateratzen diren bertatik egunean".

Lizentziaren baldintzak.

8. artikulua. Pasatzeko lizentziak eredu ofizialeko eskabidea baliatuz eskatuko dira, eta honako agiri hauekin batera aurkeztuko dira:

Lokal edo eremu pribatua erabiltzeko lizentziaren kopia edo testigantza, edo hura eskuratzeko egindako eskaerarena, tramiteak aldi berean egiten ari badira.

Eraikinaren edo eremuaren kokapenaren planoa, 1/100dik 1/200era bitarteko eskalan, zenbat erabiltzen den adierazita.

Jarduera sailkaturako eta irekitzeko lizentzien kopia, halakorik izanez gero.

Lokalaren planoa, banaketa eta guzti, bereziki adieraziz ibilgailuendako eremua, sarbideak, haiek igarotzeko korridorea, ezaugarriak eta azalera.

Ibilgailuak utzi edo gordetzeko lokalak direnean, ibilgailuen matrikulen eta jabeen zerrenda erantsi beharko da, edo zein den haren xedea, komunitateko garajea bada.

Beste xederen bat duten negozio-lokalak direnean, txosten labur bat erantsiko da, bertan gauzatzen den jarduerari buruzkoa, zehazturik batez beste zenbat ibilgailu sartu eta ateratzen diren bertatik egunean".

Murrizketak.

9. artikulua. Lizentzia bakar bat eman ahalko da, sei metrokoa gehienez ere, lokal bakoitzeko; hau da, unitate fisiko bat, fabrika-obrako beste tarte batzuetatik guztiz eta betiko isolatua.

Aparteko kasuetan soilik, interes publikoak eta txosten tekniko batek justifikatuta handitzen ahalko da muga hori, hala nola sartu eta ateratzeko iraganbide gehiago behar direnean ibilgailu kopurua handia delako edo kasu berezi batzuetan.

Lizentzia hauek murriztaileak direlako, interes publikoaren onerako, inguruko edo hurbileko lokalek (batez ere titular bera badute) ez dezaten lizentzia horien onurarik hartu begiratuko da, pasatzeko lizentzia baten bidez lotu edo erabil daitekeela uste bada.

Baldintzak aldatzea.

10. artikulua. Pasatzeko lizentziak murrizketarik ez dakarrenean aparkaleku publikoan, Udalak aurreko baldintzak aldatzen ahalko ditu berak nahi bezala eta arrazoituta, egoerak dirauen bitartean.

Seinaleak.

11. artikulua. Pasatzeko lizentzia ezarri nahi den tokian ibilgailuak gelditzea edo egotea baimendurik baldin badago, lizentziarekin batera bertatik pasatzeko debekua etorriko da, eta debekua adierazteko arauzko diskoak jarriko dira, lokal edo gune pribatuko sarbidearen bi aldeetan. Haietan, gelditzeko edo aparkatzeko debekuak zer ordutegi duen, edo gau eta egunekoa ote den agertuko da. Baimendutako pasabidearen zabalera utzita jarriko dira diskoak, %+1-20ko tolerantziarekin eta Zirkulazio Kodeak eskatzen duen altueran (171. art.).

Udalak emanen ditu behar diren diskoak, dagokien tasa ordaindu ondotik, baina titularraren kontura geldituko dira haiek beren tokian jarri, zaindu eta mantentzeko lanak, eta Udalari itzuli beharko zaizkio pasatzeko lizentzia kendu edo baliogabetuz gero.

Zerrenda zuri-gorriz pintatu beharko da zintarria edo horren ordez sarbidean dagoena, Zirkulazio Kodeak agindu bezala. Titularraren kontura izanen da hasieran pintatzea, baita behar bezala mantentzea ere, haren betebeharra baita.

"Gau eta egunekoa" edo dagokion ordutegia idazteko lana ere esleipen hartzailearen esku geldituko da, emandako lizentziaren arabera; marra lodiz eta letra edo zenbakien tamaina orokor txikiena 2 x 2,5 zentimetrokoa izanen da, ongi ikusteko moduko kolore beltzez. Idazpen hori debekuko diskoaren eredu ofizialak azpian erantsia daraman laukian egin beharko da.

Ordutegia.

12. artikulua. Parean aparkatzea debekatzen duten pasatzeko lizentziak ordutegi mugaturako nahiz gau eta egunerako eman daitezke.

1. Ordu jakin batzuetarako lizentziek, ibilgailuak pasatzeko baimena emanen dute gehienez ere 10 orduz egunean, jaiegunetan izan ezik, non eta ez den horietarako ere akordioren bat. Interesatuak eskatu beharko du zer ordutegi nahi duen, gehieneko muga horren barrenean. Ordu jakinetarako lizentzia horiek arau orokorra dira merkataritzako eta industriako establezimenduentzat, egonaldiko aparkalekuak ez badira.

2. Gau eta eguneko lizentziak kasu bakan eta ezinbestekoetan baizik ez dira emanen, konparaziorako, larrialdi zerbitzuentzat eta ibilgailuendako garajeak direnean eta Udalaren iritziz behar hori nahitaezkoa badute.

Sarbideetan aparkatzea.

13. artikulua. Debekuaren menpeko eremuan ibilgailua utzi, gelditu edo aparkatzea debekaturik dago; onartu eginen da, soil soilik, gidaria ibilgailuaren barrenean dagoenean eta eskatzen zaionean berehala kentzen badu bertatik, pasabidea erabili nahi bada eta betiere harentzat ezarrita dagoen ordutegiaren barrenean bada.

Seinaleak behar bezala jarri eta zaindurik ez badaude, aginduta dagoen moduan, Udalak eta udaltzainek ez diete bertan adierazitakoarengatik babesik emanen, ez zehapenak ezartzeari dagokionez, ez ibilgailuak nahitaez handik kenduz; horretaz gain, pasatzeko lizentzia kentzeko arrazoia izan daiteke.

Zoruan eragindako kalteak eta erantzukizuna.

14. artikulua. Pasatzeko lizentziaren titularra bera da, objektiboki, erabilera publikoko zoru edo zintarriak jasan dezakeen kalte ororen erantzule. Horregatik, Udalak edo Alkatetzak eska dezakete hura konpondu, sendotu edo nahi den pasagunerako egokitzeko, bai lizentzia eman aurreko baldintza gisa, bai lizentzia eman ondoko edozein unetan. Jardueraren titular berria edo esleipen-hartzailea edo lokal edo gunearen jabea, horrelakorik bada, harekin batera izanen da erantzule aipatu ondorio horietarako, amankomunean eta solidarioki.

Zintarria edo "pasabidea" jatea.

15. artikulua. Espaloiko zintarria edo antzekoa aldatu (pasabidea, laburki) edo jaten denean, ez da fatxadaren eta espaloiaren arteko elkargunean den sestra ofiziala aldatuko, eta ez da eskatuko baldintza gisa ez erabiltzeko ez pasatzeko lizentzia eskuratzeko, ondoko kasuetan izan ezik:

A._Turismo motako 10 ibilgailu edo gehiagoko edukiera duten lokal edo eremuak direnean.

B._Autobusak edo kamioiak hartu eta bertan edukitzeko lokal edo eremuak direnean, zein den ere haien kopurua.

C._Udalak edo Alkatetzak, salbuespenez eta behar bezala arrazoiturik, kasu berezietarako horrela erabakitzen dutenean.

16. artikulua. Udalak erabakitzen duen ereduari lotuko zaio "pasabidea"; betiere, lizentzia berariazkoa beharko du bai pasatzeko lizentziarekin batean bai aparte eskatzen denean.

Lehengoratzeko fidantza.

17. artikulua. Pasabiderako lizentziaren eraginkortasunerako, fidantza edo eskudirua Udalaren Diruzaintzan jartzea eskatuko da, lehengoratzea bermatu dezan. Udal Zerbitzuek zenbatetsi eta eskatuko dute, %50 gehituta.

Tasa ordaintzea eta fidantza jartzea.

18. artikulua. Pasabideko lizentziak emateko, pasatzeko lizentzian dituen ondorioei edo eraginari begiratuko zaio; gainera, tasa ordaindu beharko da eta gordailua egin hura eskuratu dela jakinarazi ondoko hilabete naturalean.

Epe bera aplikatuko da gordailuaren zenbatekoa eguneratzeko eskatzen denean.

Betiere, lizentziaren eraginkortasun falta kaltetu gabe, nahitaezko dirubilketara jotzen ahalko da diru kopuru horiek ordainarazteko.

Pasabideko lizentzien kasuan, ordenantza honen I. eranskineko oinarria kontuan hartuta onetsiko ditu tasak, urtero, Uharteko Udalak.

Tokia gordetzeko lizentzien kasuan, hartzen diren metro linealen kopuruaren arabera finkatuko dira tasak eta osoko bilkuran onetsi beharko dira; erreserba gau eta egunekoa den edo ordutegi mugatukoa, aldatu eginen da.

ERANSKINA

Aparkaleku pribatuak, turismoentzat, metro lineal bakoitzeko, urtean:

_1. motako tarifa: 1 eta 5 ibilgailu bitarte.

_2. motako tarifa: 6 eta 10 ibilgailu bitarte.

_3. motako tarifa: 11 eta 25 ibilgailu bitarte.

_4. motako tarifa: 26 eta 50 ibilgailu bitarte.

_5. motako tarifa: 51 eta 100 ibilgailu bitarte.

_6. motako tarifa: 100 ibilgailutik goiti.

Familia bakarreko etxebizitzek tarifa bat baino ez dute izanen. Uharteko Udalak urtero onetsiko du haren zenbatekoa.

Erantzukizuna.

19. artikulua. Pasabidea egin zein kentzeaz eta lehengoratzeaz, lizentziaren titularra arduratuko da, alegia, bere kargu eta kontura geldituko da; jardueraren titular berria edo lagapen-hartzailea edo lokal edo gunearen jabea, horrelakorik bada, harekin batera izanen da erantzule, amankomunean eta solidarioki.

Udalaren ordezko betearazpena.

20. artikulua. Bai pasabidea kendu eta zintarria lehengoratzeko kasuan, bai nahitaezkoa izateagatik pasabidea bera egitean, Udalak obra egin dezake ordezko betearazpenean errekerimendurik gabe. Halakoetan, zuzenean fidantzaren kargura eginen du eta fidantzarik ez badago edo dirurik aski ez, arduradunari ordainaraziko zaio haren borondatez edo, bestela, premiamendu bidez.

Jartzen diren disko seinaleak eta zintarriko pintura ere ken eta deusezta ditzakete udal zerbitzuek, aurretik gaztigurik egin gabe, pasatzeko lizentzia edozein arrazoirengatik indarrik gabe gelditzen bada edo lizentzia eraginkorra izateko baldintzak betetzen ez badira.

Iragarkiaren kodea: L0705200