60. ALDIZKARIA - 2007ko maiatzaren 14a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

BERBINTZANA

Etxeko animaliak edukitzea eta babestea arautzen duen ordenantza

2006ko azaroaren 23ko osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zen Etxeko animaliak edukitzea eta babestea arautzen duen ordenantza. Iragarkia herriko iragarki oholean argitaratu zen, baita 2006ko 155. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean ere, abenduaren 27an, eta hogeita hamar egun baliodunean jendaurrean egon ondoan, inork ez du bitarte horretan erreklamazio, kexa edo oharrik aurkeztu.

Horiek horrela, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz, behin betikoz onetsirik gelditu da eta bidezko da hura osorik argitaratzea.

Berbintzanan, 2007ko otsailaren 28an._Alkate udalburua, José H. Chocarro Martín.

ETXEKO ANIMALIAK EDUKI ETA BABESTEA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

I. KAPITULUA

Ordenantzaren esparrua eta xedea

1. artikulua. Osasungintza eta segurtasun aldetik behar diren baldintzak ezartzea da ordenantza honen xedea, herritarrek, animaliekin batera bizitzean, bizi kalitate egokia izan dezaten. Horrez gain, Berbintzanako udal mugapearen barnean animalien behar bezalako babesa bermatu eta animaliekin ikusteko duten industria, merkataritza edo zerbitzu jarduerak arautu nahi dira, Udalaren eskumen eta beharkizunen esparruaren barnean.

Udal esparruko xedapen orokor honek ondokoak ditu oinarri: Animaliak babesteari buruzko maiatzaren 31ko 7/1994 Foru Legea; Zehapen Prozedura arautzen duen azaroaren 14ko 225/1994 Foru Dekretua; Zakurren idenfitifikazioari buruzko azaroaren 9ko 370/1992 Foru Dekretua; Amorruaren kontrako txertoa arautzen duen 1994ko irailaren 19ko Foru Ordenantza; Arriskugarri gerta daitezkeen animaliak eta bertzelakoak edukitzeko araubide juridikoari buruzko abenduaren 23ko 50/1999 Lgea eta hura garatzen duen martxoaren 22ko 287/2002 Errege Dekretua; eta Abeltegiak baimentzeko teknika, higiene, osasun eta ingurumen arloetako baldintzak ezartzen dituen uztailaren 24ko 188/86 Foru Dekretua; bai eta arlo horren gainean gizartean dauden jarrerak ere. Horiek guztiak kontuan hartuz, komeni da arlo hori udal ordenantza baten bidez arautzea Berbintzanan.

2. artikulua. Aplikazio eremua Berbintzanako udal mugapera mugatuko da.

3. artikulua. Animalien jabe nahiz edukitzaileek bete beharko dute ordenantza honetan xedatutakoa, bai eta ondoko tokien jabe nahiz arduradunek: haztegi nahiz salmeta tokietakoek, lagun egiteko animaliak aldi batean edukitzeko guneetakoek, klinika nahiz albaitarien kontsultategietakoek, animaliak zaindu eta babesteko elkarteetakoek eta abeltegietakoek. Eta ordenantza honek xedatzen ez duen orotan 1. artikuluan aipatu arauak bete beharko dituzte. Horrez gain, udal agintariak lagundu beharko dituzte, nork bere ardurapeko animaliei buruzko datuak eta aurrekariak lortzeko.

Era berean, betekizun berberak izanen dituzte hirilur nahiz landalurreko finketako atezain, etxezain, zaindari edo arduradunek, zerbitzu egiten duten toki horretako animaliei dagokienez, betiere nork bere lan kontratuaren arabera dituen mugetan.

4. artikulua. Arau hauetako edozein bete ezean, zehapena ezarriko da eta, hala behar bada, animaliak kenduko eta/edo jarduera hein batean nahiz erabat itxiko.

5. artikulua. Udal mugapean animaliak izateko beharrezkoa da osasungintza aldetik arriskurik ez eragitea, animaliak berak arriskugarriak ez gertatzea, hirugarrenei trabarik ez egitea, egokiro edukitzea eta egonlekuak dagozkion higiene-baldintzak betetzea.

Alderdi horiek kontrolatu ahal izateko, Udalaren zerbitzu tekniko eskudunek ikuskatuko dituzte aipatu jarduerak, urtean behin gutxienez ere.

6. artikulua. Animalia guztien jabeek uneoro bete beharko dute gaitz zoonosiko eta epizootikoei aurrea hartzeari eta desagertarazteari buruz indarra duen araudia. Epizoosiak deklaratzen badira, aurrea hartzeari dagokionean agintari eskudunek ematen dituzten xedapenak bete beharko dituzte.

Albaitariek eta albaitaritzako klinikek, beren lanean dihardutela, zoonosi gune edo kasuen berri badute, Udalaren zerbitzuei jakinarazi beharko diete berehala, Nafarroako Gobernuan dagokion departamentuarekin bete behar diren osasun beharkizunak deusetan ukatu gabe.

I. KAPITULUA

Definizioak

7. artikulua. 1. Gizakiak lagun egiteko eduki edo baliabideak ateratzeko hazten dituen animaliak dira etxekoak.

2. Lagun egiteko etxeko animalia: gizakiak bereziki etxean zaintzen duen animalia, irabazi asmorik gabe, atsegin eman edo lagun egiteko (zainketa eta gidari lanak egiteko, aisialdirako...)

3. Hazteko animalia: haragia, esnea, arrautzak edo gizakiak hartzeko bertze gairen bat ekoizteko balio dutenak, zamalanetarako animaliak nahiz nekazaritza lanetan dihardutenak, betiere basati bihurtzen ez diren bitartean eta, giza-ingurura egokiturik, gizakiak irabazi azmoz zaintzen baditu. Animaliok ezin dira inola ere arriskugarrriak izan aldameneko edo inguruko gizartearendako.

4. Maskota: belaunaldiz belaunaldi gatibu hazitako espezie basatia, lagun egiteko animalia bezala hezia gizakiekin bizitzeko egokitzearren, eta gizakiak bereziki etxean zaintzen duena, irabazi asmorik gabe, atsegin eman edo lagun egiteko.

5. Animalia abandonatua: jatorriaren edo jabearen identifikagarririk ez duena eta gizakiren batekin ez doana.

Animaliak identifikagarria badarama ere, jabeari deitu eta ez bada 16. artikuluan aipatu epeetan agertzen animalia hura eramateko, abandonatu dela ulertuko da.

III. KAPITULUA

Administrazio lizentziak

8. artikulua. Ondotik aipatzen diren abeltzaintzaiko ustiategiak (baliabideen hazkuntzako jarduerak) baizik ez dira lizentziapekoak izanen; hortaz ez da baimenik eskatu beharko gainerako etxeko animaliak edukitzeko.

Berbintzanako esparruan abeltzaintzako ustiategiek bete beharreko baldintza teknikoak, higieniko-osasunekoak eta ingurumenekoak gordetzeko, bi abeltegi mota bereizi dira:

a) Etxeko ukuiluak: gehienez ere ondoko abelburu kopurua duten aziendategiak:

2 behi edo behor.

2 zerrama ugalketarako.

Gizentzeko 3 zerri.

5 ardi edo ahuntz.

10 untxi eme, ugalketarako.

20 hegazti.

3 zakur.

b) Abeltzaintzako ustiategiak: etxeko ukuiluetan baino abelburu gehiago dituztenak dira.

Etxeko ukuiluak jarduera kaltegabetzat hartuko dira, Jarduera sailkatuei buruzko abenduaren 5eko 16/1989 Foru Legean eta erregelamendua garatzen duen otsailaren 15eko 32/1990 Foru Dekretuan aurreikusitako tramitazioari dagokionez; hortaz, hirilurrean ezartzen ahalko dira, betiere osasun eta higienearen arloan aplikatzekoak zaizkien beharkizunak betez gero.

Abeltzaintzako ustiategiak jarduera sailkatutzat hartuko dira, Jarduera sailkatuei buruzko abenduaren 5eko 16/1989 Foru Legean eta erregelamendua garatzen duen otsailaren 15eko 32/1990 Foru Dekretuan aurreikusitako tramitazioari dagokionez; hortaz, Berbintzanako udal mugapeko hirilurretik edo lur urbanizagarritik hurbilenez ere 1.000 metrotara daudenak baizik ez dira baimenduko.

Lagun egiteko animaliak aldi batean edukitzeko instalazioak baimentzeko, abeltzaintzako ustiategietarako eskatu tramitazio eta distantzia berak eskatuko dira.

9. artikulua. Etxeko ukuiluetako, abeltzaintzako ustiategietako edo lagun egiteko animaliak aldi batean edukitzeko instalazioen titularrek jarduera sailkaturako edo jarduera kaltegaberako lizentziarik ez badute sei hilabeteko epea izanen dute instalazio horiek legeztatzeko. Udalean behar den baimen administratiboa tramitatu beharko dute horretarako.

IV. KAPITULUA

Etxebizitzak

10. artikulua. Debeku da hazteko animaliak etxebizitzaren barnean edukitzea.

Horrelakorik edukitzea onar daiteke jabego pribatuko lurretan, behar bezala hesitu edo itxirik badaude, ordenantza honetako 8. artikuluan ezarritakoa betetzen badute eta animaliarengandik ateratzen diren produktuak bere kontsumorako bakarrik erabiltzen baditu jabeak.

V. KAPITULUA

Bide eta eremu publikoak

11. artikulua. Kontrolik gabeko animaliek eritasun kutsagarririk zabal ez dezaten eta animaliok pertsona eta ondasunei kalterik egin ez diezaieten:

a) Herritarrek ustez abandonatuak diren animaliak ikusiz gero udal zerbitzuei ematen ahal diete horren berri, behar den gisara jokatu ahal izateko.

b) Animalia abandonatuak beren horrela egon ez daitezen, herritarrek ez diete inoiz eta inon jaten emanen, ezta etxebitzen patio, teilatu eta gisakoetan ere.

c) Hirietan askatasunean bizi diren hegaztiei (usoei, etab.) parke publikoetan baizik ez zaie jatera ematen ahal. Debeku da hiriko gainerako lekuetan jatera ematea, eta bereziki higiezinetako terraza, balkoi nahiz leihoetan.

d) Debeku da, salbuespenik ez dela, etxeko animaliak eta etxekoturiko basa-animaliak bide eta eremu libre publikoetan nahiz jendearendako eremu pribatuetan barna ibiltzea, baldin eta arduradunek ezin badituzte animaliok behar bezala kontrolatu.

Udalak egokiak iruditzen zaizkion neurriak hartuko ditu herritarrek edozein salaketa jarritakoan, animaliek eremu publikoan beldurra, estresa, jazarpena eta abar eraginez gero.

e) Animaliaren edukitzaileak neurriak hartu beharko ditu animaliek bide eta eremu publikoak zikin ez dezaten; hortaz, erantzukizuna berea du, jabearen ordezko erantzukizuna ukatu gabe.

f) Beren arduradunek behar bezala kontrolatzen ahal ez badituzte, debeku da leku horietan animaliak edukitzea.

g) Animalia baten edukitzaileak behar bezalako neurriak hartuko ditu hirugarrenei edo hauen ondasunei kalterik ez trabarik egin ez diezaien.

12. artikulua. Udaltzainek animaliak dekomisatzen ahal dituzte, dela aurreneurri moduan dela administrazio arau-hauste baten zehapena betetzeko. Agintaritza eskudunak eman beharko du animalia etxetik ateratzeko eta dekomisatzeko agindua, eta animaliok Udalaren esku geldituko dira.

Zehapenak (bai isunak bai zehapen osagarriak) ezarri eta mailakatzeko, ondoko irizpideak hartuko dira kontuan: arau-hausteak zer nolako eragina izan duen gizartean eta arau-hausteak errepikatu edo horietan berrerori ote den.

VI. KAPITULUA

Animalia abandonatuak

13. artikulua. Berbintzanako Animalien Altxatokian (haren titulartasuna publikoa nahiz pribatua izan) bildu, dekomisatu edo eramaten diren animaliak zaindu eta artatu eginen dira animalia abandonatu horiendako ezarritako epean, ondoren zehazten baita.

Epe hori iragan eta jabeek ez badituzte animaliok berreskuratu edo, haien baimena izanik, ez bazaizkie hirugarrenei ematen, Udalaren esku geldituko dira.

14. artikulua. 1. Debeku da animalia hilak aire zabalean, ur-ibilguetan eta gainerako eremu publiko nahiz pribatuetan uztea, bai eta lurperatzea ere.

2. Animalia hilak, haien tamainak aukera ematen badu, material iragazkaitzezko poltsetan sartuko dira, eta horiek behar bezala itxiko dira, garbiketa zerbitzuek eraman dizaten. Bertzelakoetan, animalia hilaren bila etxera etortzeko eskatuko zaie aipatu zerbitzu horiei. Halakoetan, sortutako gastuak ordaindu beharko dira.

3. Baldintza beretan eta betiere jabeen erantzukizunpean, animaliendako hilerrira eramaten ahalko dira, halakorik bada.

4. Animalia hilen deuseztapenak ez ditu jabeak salbuesten animaliaren heriotzaren eta horren arrazoien berri emateko betebeharretik, ordenantza honek edo bertze ordenantza eta erregelamenduek horrela ezartzen badute.

15. artikulua. Animalien jabeen edo edukitzaileen ardura izanen da neurriak hartzea animaliak etxe nahiz lokaletatik kanpora bakarrik eta inork gidatuak izan gabe ibil ez daitezen.

Bakarrik ibiltzen diren animaliak, hots, inork gidatu gabe jabearen edo edukitzailearen etxebizitzatik edo lurzatitik kanpora dabiltzanak, animalia abandonatutzat hartu ahal izanen dira hasiera batean, eta udal zerbitzu eskudunek harrapatuko dituzte.

Zerbitzuok animaliaz arduratuko dira berreskuratu, laga edo hil arte, hori guztia, hurrengo artikuluko 3. puntuan ezarritakoa deusetan ukatu gabe.

16. artikulua. 1. Animalia abandonatua da jatorriaren edo jabearen identifikagarririk ez duena eta inorekin ez doana. Animaliak abandonaturik suertatzen direnean, udal zerbitzuek hartuko dute haien ardura eta jaso eginen dituzte berreskuratu, laga edo kalitzen diren arte.

2. Zortzi eguneko epea egonen da identifikaziorik gabeko animaliak berreskuratzeko.

3. Animaliak identifikagarririk badu, jabeari gaztigatuko zaio eta horrek, une horretatik goiti, hamar eguneko epea izanen du berreskuratzeko, aldez aurretik ordaintzen baditu haren mantenuaren gastuak.

17. artikulua. Aurreko artikuluan aipatu epeak bukatu eta jabeak ez badu animalia berreskuratzen, abandonatutzat joko da eta, hortaz, animaliaren jabeari erantzukizun ekonomikoak eskazen ahalko zaizkio.

II. TITULUA

Lagun egiteko animalien gaineko arau orokorrak

18. artikulua. Animalia baten jabeak edo edukitzaileak jabetza hori kendu nahi badu, Animaliak babesteko Elkartearen esku utzi beharko du animalia, izan ere debeku da udal mugapeko ezein tokitan abandonatzea, dela aire zabalean dela finka edo etxabe itxi publiko nahiz pribatuetan. Animaliarik abandonatuz gero, behar den zehapen espedientea abiarazten ahalko da.

19. artikulua. 1. Udalak lagun egiteko animaliak dekomisa ditzake tratu txar edo tortura zantzurik bada, unadura edo desnutrizio aztarnarik badute edo muntadura desegokietan badira.

2. Orobat, Udalak lagun egiteko animalien isolamendua edo dekomisoa agintzen ahal du, gizakiarentzat kutsagarri den eritasuna diagnostikatuz gero, bai sendabide egokia emateko, bai hiltzeko, horren beharrik bada.

3. Jendeari edo bertze animalia batzuei lesioak eragin dizkieten animaliak, baita amorrua dutelako susmagarriak direnak ere, albaitariaren kontrolpean egonen dira hamalau egunean. Behaketan egon beharreko denbora hori Udalak erraten duen zentroan eginen da.

4. Jabeak eskatzen badu eta osasun zerbitzuek oniritzia emanez gero, zakur erasotzaile baten behaketa jabearen etxean egin daiteke, betiere animaliak agiri egokiak baditu, eta kasuan kasuko urteko txertoa eta identifikazioa jasota badago.

5. Udalak animaliak hartzeko zentrorik ez badu, behaketa jabearen etxean eginen du behar den administrazio publikoak izendaturiko albaitari batek.

20. artikulua. Jabeek ordainduko dituzte aipatu animaliak atxiki eta kontrolatzeak sorrarazten dituen gastuak.

21. artikulua. Pertsonen garraio kolektiboan diharduten zerbitzu publikoko ibilgailuetan, bidaiariek debeku dute berekin inolako animaliarik eramatea, non eta ibilgailuan ez dagoen horrelakorik garraiatzeko leku berezirik. Debeku honen barrenean ez dira sartzen ikusmen urriko pertsonak laguntzeko gidazakurrak.

22. artikulua. 1. Animaliak ibilgailu pribatuetan garraiatzeko, kontuan hartu beharko da beren mugimenduekin ez dezaten txoferra distraitu, ez eta galaraz ere maniobratu edo ikusteko ahalmena, eta bete beharko dira arlo horri doakionean Zirkulazioari buruzko Erregelamendu Orokorrak ezartzen dituen baldintzak.

2. Animaliek, beren etologia eta espeziearen arabera, behar adina leku izan beharko dute batetik bertzera garraiatzeko. Animaliak garraiatzeko ibilgailuek eta enbalajeek haiek eguralditik eta hozbero aldaketa handietatik babesteko modukoak izan beharko dute, eta enbalaje horietan paratu beharko da barrenean animalia bizidunak eramaten direla. Animalia zutik egoteko eta jarreraz aldatzeko adinako neurriak izan beharko dituzte. Animaliak erasokorrak badira, garraiorako behar diren segurtasun neurriak hartuko dira.

3. Garraioan eta egonaldietan, egoki edatera eta jatera emanen zaie animaliei, behar bezain maiz.

4. Animaliekiko zamalanak behar bezala eginen dira.

23. artikulua. Espresuki debekaturik dago animaliarik sartu eta egotea elikagaiak fabrikatu, erabili eta biltegiratzeko lokaletan, eta horiek garraiatzeko ibilgailuetan.

24. artikulua. Ez dago baimendurik animaliak kultur eta kiroletarako lokal publikoetara sartzea, ez eta erabilera publikoko igerilekuetara ere.

Orobat, debeku da animaliak erietxeetara edo anbulatorioetara eta ikastetxeetara sartzea.

Artikulu honetan ezarritako debekuetatik salbuetsirik daude ikusmen urriko pertsonak laguntzeko gida-zakurrak.

25. artikulua. Mota guztietako establezimendu publiko edo ostatuen jabeek, hala nola hotel, apopilo-etxe, jatetxe, taberna, kafetegi eta antzekoen jabeek bai eta elikadurari lotuak ez daudenen jabeek ere, beren nahierara utziko dute zakurrak beren establezimenduetan sartzen eta egoten, tokiaren maila edo kategoria kontuan hartu gabe, baina kasu horretan egoitzaren sarreran ikusteko moduko seinalea paratu beharko dute.

Baimenduta ere, sartu eta egon ahal izateko, erregelamenduaren ariora identifikaturik eta behar bezalako osasun baldintzetan egon daitezen eskatuko da, baita beren muturrekoa jantzirik eta uhalez edo kateaz loturik egon daitezen ere. Ikusmen urriko pertsonak laguntzeko gidazakurrek betiere izanen dute sarrera baimendua.

26. artikulua. Etxeetako igogailuetan animaliekin batera sartu nahi denean, bertze erabiltzaileak bertan ez daudela erabiliko dira, beroriek horrela eskatuz gero. Dena dela, nor iristen den lehenago, hark izanen du erabiltzeko lehentasuna.

Animalien jabeak edo edukitzaileak beharturik daude haiek eraikinen eremu eta elementu komunetan gorotzik edo zikinkeriarik utzi dezaten galaraztera eta haiek gertatzen badira, garbitzera.

27. artikulua. Lagun egiteko animaliren batek norbaiti hozka eginez gero, Udalaren zerbitzuei emanen die horren berri, sendagilearen azalpena erantsiz. Udalaren zerbitzu eskudunek erabakiko dute zer-nolako kontrola eramanen den animalia ausiki egilearekin.

Osasun zentroek eta sendagileek Udalaren zerbitzuak jakitun egin behar dituzte, baldin eta laguntza medikoa edo kirurgikoa ematen badiete norbaiti lagun egiteko animaliaren batek hozka egin diolako.

III. TITULUA

Zakurrendako arau berariazkoak

I. KAPITULUA

Zakurren zentsua eta identifikazioa

28. artikulua. Berbintzanako mugapean, zakurren zentsua prestatu eta kudeatzea Udalaren eginkizuna da. Udal mugapean bizi diren zakurren jabe edo edukitzaileak beharturik daude haiek identifikatzera lau hilabete betetzen dituztenean, une horretan legeriak ezarria dukeen prozeduraren bidez.

Udal zerbitzuek edo albaitaritza-klinikek edo profesional partikularrek egiten ahalko dute identifikazio lan hori. Azken bi horien kasuan, egindako identifikazioen berri eman beharko diete udal zerbitzuei, gehienez ere zortzi eguneko epearen barrenean, zentsua eguneratu ahal izateko.

Identifikazioa egindakoan, zakurraren eramaileari emanen zaio animaliaren identifikaziorako osasun agiria.

29. artikulua. Xede berarekin _zakurren zentsua eguneratzea_ zakurren jabeak edo edukitzaileak beharturik daude udal zerbitzuei, zortzi eguneko epean, honako hauen berri ematera:

a) Bajak, heriotza edo desagertzea dela medio.

b) Bertze udalerriren batean identifikatutako zakurrak eskuratu direla.

c) Zakurren jabetzari dagokionez gertatutako aldaketak.

d) Jabeen helbide aldaketak.

30. artikulua. Udal mugapean bizi diren zakurren jabe edo edukitzaileak beharturik daude animaliei amorruaren kontrako txertoa ematen hastera lau hilabete betetzen dituztenetik, eta hortik aitzina ezarrita dagoen birtxertaketa egutegiarekin segitzera.

Udal zerbitzuek nahiz albaitaritza-klinikek edo profesional partikularrek egiten ahalko dute txertatze lan hori. Azken bi horien kasuan, egindako txertaketen berri eman beharko diete udal zerbitzuei, gehienez ere zortzi eguneko epearen barrenean.

Txertaketa horiek agertu behar dute animaliaren identifikaziorako osasun agirian, eta horretaz jabea edo edukitzailea bera arduratuko da.

31. artikulua. Zakur jabeek eguneraturik izan beharko dute osasun txartela. Agintaritzako agenteek osasun txartela eskatu ahako diete zakur jabeei, eta 24 ordu emanen zaie txartela aurkezteko.

Zakur ausikigilearen jabe edo edukitzailea beharturik dago inplikatutako animaliaren datuak ematera erasotua gertatu den pertsonari edo haren legezko ordezkariei eta agintari eskudunei, hala eskatuz gero. Horretaz gain, beharturik dago animalia bere ohiko aterpean edukitzera, espresuki debekaturik baitago bertze inora eramatea edo hiltzea.

Udalaren osasun zerbitzuek behar den zentrora eramanen dute animalia, eta bertan osasun aldetik aztertu eta begiratuko dute legeriak ezarrita daukan denboran, eta, bidezkoa bada, nahitaezko txertoa jarriko diote.

Orobat, zakur baten jabe edo edukitzaileak uste badu bere zakurrak badituela amorru zantzuak, edo arrazoi horregatik animalia hiltzen bada, Udalaren zerbitzuei jakinaraziko die, osasun aldetik egin beharrekoak egin daitezen.

32. artikulua. Eremu publikoan nahiz etxeetako sarbide eta leku komunetan zakurrak bakarrik ibiltzen ahal dira (atari, eskailera, igogailu, solairuarte, eta abarretan) baldin eta behar bezala identifikaturik eta txertaturik badaude, eta haietaz arduratzen den pertsonaren batek erabateko kontrola bermatzen duen kate edo uhalaren bidez eramaten baditu. Arriskugarri gerta daitezkeenak, berriz, gehienez ere bi metroko kate edo uhalarekin joanen dira lotuak.

Nolanahi ere, lehenago noizbait erasorik egin duten zakurrek edota aldez aurretik arriskugarritzat jo daitezkeenek nahitaez eraman beharko dute muturrekoa.

Ehiza-zakurrak ere izan daitezke katea edo uhalarekin loturik joateko obligaziotik salbuetsiak, baldin eta ehiza barrutian badaude eta horretarako aritzeko egunetan.

Agintaritzako agenteek zehapena paratuko dute zakurrak aipatu baldintzak bete gabe ibiliz gero, eta arduradunik gabe ibiltzen diren zakurrak harrapatu eta eramateko agindua emanen dute. Era berean, 16. artikuluan zehaztu bezala jokatuko da.

33. artikulua. Aurreko artikuluan ezarritakoa betez harrapatzen diren zakur guztietan egiaztatuko da identifikaturik ote dauden.

Identifikazioa jakindakoan, animaliaren jabeari jakinaraziko zaio

Identifikaziorik ez duten zakurrak eta ezarritako epean jabeak biltzen ez dituenak edo animalia ez dutela berreskuratu nahi adierazten duten jabeenak, behar den establezimenduaren esku geldituko dira.

34. artikulua. Establezimendu horren esku gelditzen diren zakurrak han behar bezala jarduteko legez ezarrita dauden arauen menpean egonen dira.

35. artikulua. Zakurrekin dabiltzan pertsonek galarazi behar dute zakurrek kaka egin dezaten espaloi, galtzada, parterre, berdegune eta eremu publikoko nahiz erabilera publikoa duen eremu pribatuko bertze edozein elementuren gainean.

Zakurraren eramailea beharturik egonen da aurreko lerroaldean zehazten diren lekuetan egindako gorotza jaso eta, behar bezala bildurik, eremu publikoan dauden zakarrontzietan uztera, eta zikindutakoa garbitzeaz ere arduratu beharko du.

Ustekabeko kasuetan, zakurrek kaka egiten ahalko dute bai espaloiko bai hiriko gainerako zuhaitzetan, betiere zakurraren erantzuleak gorozkiak berehalakoan biltzen baditu.

36. artikulua. Espresuki debekatu da animaliek erabilera publiko ur txorrota edo iturrietatik zuzenean edan dezaten.

Hala egiten ez bada, udaltzainek arau-hausleak salatuko dituzte eta dagokien zehapen espedientea irekiko zaie.

I. KAPITULUA

Udalaren jokaera

37. artikulua. Udalak honela jokatuko du bere esku gelditzen diren zakurrekin:

1. Bide eutanasikoak erabiliz hilko dira bai gizakien nahiz animaliendako kutsagarriak diren eritasunak dituztenak bai gaitz kroniko sendaezinak dituztenak, betiere albaitari baten kontrol eta ardurapean.

2. Animalia osasuntsuak 72 ordu gehiagorako aukera izanen du udal zakurtegian edo behar bezalako bertze establezimenduren batean egoteko, norbaitek edo ezein entitate interesatuk haren jabetza eskatzen ote duen. Esleipenean, animalia Udal zerbitzuetan entregatu duen horrek izanen du lehentasunezko eskubidea.

3. Bigarren epe horretan inork hartzen ez baditu, zakurrak aipatu baldintzetan hilko dituzte.

38. artikulua. Debeku da etxebizitzetako komunitateko patioetan eta etxeetako jabetza komuneko terraza edo bertzelako lekuetan zakurrak modu iraunkorrean edukitzea.

Halaberean, debeku da balkoiak, terrazak, etab. erabiltzea, etxebizitza pribatukoak direnean ere, baldin eta gorotz eta hondakinen bidez bertatik kutsatu edo zikintzen badira azpiko etxebizitzak edo bide publikoa.

III. KAPITULUA

Gidazakurrak

39. artikulua. Ikusmen urriko pertsonen "gidazakurtzat" hartuko dira, Itsuen Erakunde Nazionalak aitorturiko zentro nazional edo atzerrikoetan, ikusmen urriko pertsonei lagun egin, eta haiek gidatu eta laguntzeko irakatsiak izan direla egiaztatzen direnak.

Gidazakurrek, ikusmen urriko pertsonei lagun egiten joaten direnean, agerian eraman beharko dute zer diren adierazteko ofizialki ezarrita dagoen seinale berezia.

Gidazakurra bere lana egiteko ezgauzatzat hartuko da eri dagoela ikusten bada, oldarkor ageri bada, behar bezain garbi ez badago eta, oro har, pertsonentzat arriskugarri izan daitekeela uste bada.

Ikusmen urriko pertsona bera arduratuko da animalia behar bezala porta dadin, eta berarekin eramanen du gidazakurraren osasun egoera ona dela egiaztatzen duen agiria.

Ordenantza honek ematen dion eskubideaz baliatuz, gidazakurra norabait sartzeagatik, ikusmen urriko pertsonak ez du gastu gehigarririk ordaindu beharko, non eta gastu hori ez den dirutan neur daitekeen zerbitzu bereziren bat emateari dagokiona.

IV. KAPITULUA

Zainketa lanetarako zakurrak

40. artikulua. Edozein motatako finka edo lokaletan, zaindari lanetan zakurrik baldin bada, ikusteko moduko lekuan ongi seinalaturik adierazi beharko da. Betiere, beren jabeak erantzule direla, jendeari edo gauzei kalterik eginen ez dieten lekuetan egonen dira.

Zakur horiek etxola edo aterpe egokia beharko dute, eguraldi txarra denean babeslekua izan dezaten.

Finka eta lokal irekietan katez lotuak egon beharko dira beti. Baina ez dira betiere loturik egonen, eta estekaturik egonez gero, estekagailuak mugitzeko ahala eman behar die.

Esparru itxietan (nabeak, biltegiak edo leku hauetako patioak) aske egoten ahalko dira, betiere itxiturak bermeak ematen baditu barnetik ez dutela erasorik eginen hausdura, irekidura, eta abarretatik. Hala ere, toki horietan sartzeko edozein ate irekitzen den aldiro ezinbertzean lotu beharko da zakurra.

IV. TITULUA

Lagun egiteko animaliekin ikustekoa duten jarduerak

I. KAPITULUA

Jarduera ekonomikoak

41. artikulua. Honako hauek dira ordenantza honi atxiki beharreko industri, merkataritza edo zerbitzu jarduerak:

1. Animalien haztegiak.

2. Animalien zaindegiak.

3. Animaliak salerosteko dendak.

4. Animaliendako apaindegi zerbitzuak oro har.

5. Animaliendako kontsultategiak, klinika eta ospitaleak.

6. Aipatu horietako batzuk batera hartzen dituzten jarduerak edo beren funtzionamenduan animaliak erabiltzen dituztenak.

Instalazio eta funtzionamendurako lizentzia tramitatu beharko da jarduera sailkatuei buruzko arauen eta aplikagarri diren gainerako xedapenen arabera.

42. artikulua. Udalak lizentzia emateko, eta horretarako jarduera sailkatuei buruzko Erregelamenduak eta gainerako xedapen aplikagarrietan ezarritakoa deusetan ukitu gabe, nahitaezko baldintza izanen da eskabideari memoria bat eranstea eta hartan honako hauek zehaztea:

1. Jardueraren izena.

2. Kokalekua.

3. Eskatzailearen izena, helbidea eta telefonoa.

4. Eskaini gogo dituen zerbitzuak.

5. Muntadura eta egoitzen zerrenda eta deskripzioa, eta haien planoak.

6. Aireztapen sistema. Ezaugarriak eta banaketaren planoa.

7. Nola garbitu eta desinfektatzen diren animaliekin erabiltzen diren lokalak, materialak eta tresnak eta, halakorik balitz, animaliak garraiatzeko ibilgailuak.

8. Animaliendako haztegiak eta salerosteko jarduerak direnean, kontratu-agiri bat, jardueraren eskatzaileak eta udalerrian diharduen albaitari batek sinatua. Hartan ezarri beharko da albaitaria arduratuko dela higieneaz eta abere-osasunaz, zoonosiari dagokionean eta jarduera jakin horretan animaliaren babesari buruz indarra duen legerian agindutakoa bete dadin. Gordelekuetan dauden animaliek ere albaitari baten ikuskapena izan beharko dute eta horretarako zaindegiak berak kontratatuko du edo jabeak berak.

Aipatu kontratua deuseztatzen bada, jardueraren titularra beharturik egonen da bertze albaitari bat kontratatzera, hamabortz eguneko epearen barrenean, eta hala egin duela jakinarazi beharko die Udalaren osasun zerbitzuei.

43. artikulua. Ordenantza honetan aipatzen diren jarduera guztiek honako baldintza orokor hauek bete beharko dituzte:

1. Bertze etxeetatik aparteko eraikinetan egon beharko dute eta zehaztu xedea baizik ez dute izanen, salbu eta salerosteko jarduerak, animaliak apaintzeko zerbitzuak eta animalien kontsultategi edo klinikak, halako lokalak beheitegietan paratzen ahal baitira.

2. Gela guztietako zola eta paretek, administraritza lanetarakoak izan ezik, material iragazkaitzekoak izan behar dute, soluzio desinfektanteak erabiliz garbitu eta tratatu ahal izateko.

3. Aitzineko lerroaldean aipatzen diren geletako zola guztiek, behar den drainatzea eta/edo hondakin urak husteko sistema izanen dute.

4. Instalazioak, tresnak eta ibilgailuak garbitu, desinfektatu eta desintsektatzeko lanak sistematikoki, aldizkakotasunez eta jarduerak berak eskatzen duen maiztasunarekin egin beharko dituzte establezimenduko langileek.

Horrez gain, urtean behin bederen, ofizialki baimenduriko enpresak desinfektatu eta desintsektatuko du lokala.

5. Jarduera abian dagoela sortzen diren hondakin solidoak egunero atera beharko dira bertatik, itxitako boltsa iragazkaitzetan.

6. Jardueran egon daitezkeen animalien kopurua lokalaren neurrien arabera izanen da, eta irekitzeari buruz txostena egin edo aldizkako ikuskapenez arduratzen diren Udalaren osasun zerbitzuek ezarriko dute, beren irizpideen arabera.

7. Arriskugarri gerta daitezkeen animaliak dituzten jarduerek animalia horientzat behar diren neurriak hartuko dituzte, behin ere libre utzi gabe, ezbeharrik suerta ez dadin.

8. Establezimenduaren kanpoko aldean animaliarik ez egoteko, behar den tamainako itxaron gela izanen da nahitaez, horrelakorik behar duten jardueretan.

9. Bi jarduera edo gehiago batera egiten dituzten establezimenduek, haietako bakoitzaren muntadurak bereizirik izanen dituzte, eta denetan bete beharko dira ordenantza honetan haiendako ezarri diren baldintza berariazkoak.

10. Jarduera hauetan edozein eritasun zoonosiko agertuz gero, Udalari jakinarazi beharko zaio.

I. KAPITULUA

Animalien haztegiak

44. artikulua. 1. Lagun egiteko animaliak hazteko tokitzat hartuko dira espezie bereko lau eme baino gehiago dauzkatenak, baldin eta haien xede nagusia ugalketa eta, horren ondotik, salmenta bada.

2. Lagun egiteko animaliak hazteko edo salerosteko establezimenduek, aplikatzen ahal zaizkien gainerako xedapenak ukatu gabe, ondoko arauak bete behar dituzte:

a) Administrazio publikoen eskura egonen den erregistroa eraman beharko dute, eta hartan jaso erregelamenduak eskatzen dituen datuak eta aldian-aldian egindako kontrolak.

b) Higiene eta osasun aldetik baldintza onak izanen dituzte, bertan dauzkaten animalien behar fisiologiko eta etologikoetara egokituak.

c) Behar adina janari izanen dute, eta hura osasungarria, baita ura, lo egiteko lekuak eta zaindari gaituak ere.

d) Eritasunik izanez gero, horretarako muntadura egokiak izanen dituzte, bertzeei deus ez kutsatzeko, edo, horren beharrik bada, berrogeialdia bertan pasatzeko.

e) Albaitaritza zerbitzua izanen dute, animalien osasuna zaintzeko arduradun.

f) Animaliak bizkarroiz gabeturik eta eritasun bakarrik ere gabe saldu behar dituzte, eta albaitariaren ziurtagiria erantsi, gauzak hala direla adierazten duena.

3. Inkubazio-aldian egoteagatik saltzeko unean hautematen ez den eritasunik izanez gero, establezimenduaren mende albaitaritza zerbitzu bat izateak eta horrek animalien salmentarako osasun ziurtagiriak emateak ez dute saltzailearen erantzukizuna garbituko, hark hirugarrenei erreklamazioa egin diezaien ukatu gabe.

III. KAPITULUA

Zaindegiak eta bertzelako zentroak

45. artikulua. Lagun egiteko animaliak gordetzeko tokitzat hartuko dira, ordenantza honen ondorioetarako, animaliak hartu, ostatu eman, mantenuaz arduratu eta zaintzeko zerbitzuak, halako denbora aldi batez, ematen dituzten establezimenduak.

Establezimendu hauek erregistro liburua izanen dute, honako hauek zehazteko: animalien espezie eta arraza, sarrera eta irteera datak, jabe edo edukitzailearen izen eta helbidea, eta interesgarritzat jotzen diren gainerako gorabeherak.

Zenbait muntadura izanen dituzte, honako hauetarako: eri dauden animaliak isolatzeko gelak, ariketak egiteko lekua, aterpe aldea eta sukaldea.

Establezimenduan animaliarik onartzeko, haren osasun agiriak aurkeztu beharko dira, eguneraturik.

46. artikulua. Apaintzeko establezimendutzat hartuko dira, animaliak garbitu eta ikuzten eta haiei ilea apaintzen eta estetika zerbitzua ematen dihardutenak.

Lan egiteko behar den tresneria eta ur beroa izanen dituzte.

47. artikulua. Lagun egiteko animaliak salerosteko establezimendutzat hartuko dira beren jarduera nagusia animaliak saldu edo erostea dutenak.

Lokalak erakuslekua izan beharko du eta hotz-beroa erregulatu eta kontrolatzeko modua.

Jarduera hauek erregistro liburu bat izanen dute, bertan zehazteko animaliaren sarrera eta irteera datak, haren espeziea, adina eta sexua, eta nondik datorren jakiteko behar diren datuak, bai eta legezko xedapenetan eskatzen den bertzelako edozein gauza. Haztegietatik zuzenean ez datozen zakurrak hartzeko, animaliaren osasun agiriak erregistratuko dira.

Animaliak saltzen direnean erosleari egiaztagiri bat emanen zaio, eta hartan zehaztuko dira animaliaren arraza, adina, jatorria bai eta, hala behar bada, osasun agiriak ere.

Debeku da ugalketa kontrolaturik egitea halako lokaletan.

48. artikulua. Ordenantza honi dagokionez, albaitaritzako kontsultategi, klinika edo ospitaletzat hartuko dira fakultatibo espezialistek animalien diagnostikoa egiteko eta haiek tratatzeko establezimenduak, haien zuzendaritza teknikoa albaitari profesionalen esku baldin bada.

Jarduera hauetarako lokalek, nahitaez izan beharko dituzte honako gela hauek gutxienez:

_Kontsultategiak: harrera gela, kontsulta gela eta zenbait sendaketa lanetarakoa.

_Klinikak: itxaron gela, kontsulta gela, ebakuntzetarako gela espezifikoa, indarra duen legeriaren araBerbintzanako erradiologi instalazioa, laborategia eta suspertze lanetarakoa.

_Ospitaleak: klinikarako aipatu direnak eta etengabeko zainketarako ospitaleratze gela. Jarduera honetan, arreta zerbitzuak gau eta egunekoa izan beharko du.

V. TITULUA

Animaliekin ikusteko duten bertze jarduera batzuk

I. KAPITULUA

Aldi baterako

49. artikulua. Aldi baterako diren jarduera guztiek, lokal itxietan nahiz aire zabalekoak izan, behar den udal lizentzia beharko dute, indarrean den araudiaren arabera tramitatu beharko dena. Lizentzia eskuratzeko ondoko artikuluetan zehazten diren baldintzak beharko dira bete.

50. artikulua. Aldi baterako jardueretako titularrek, jarduerok lokal itxietan nahiz aire zabalekoak izan, behar den udal lizentzia beharko dute eskatu.

Eskabidearekin batera ondoko agiriak aurkeztuko dira:

1. Jardueraren deskribapena.

2. Eskatzailearen izena, helbidea eta telefonoa.

3. Kokalekua.

4. Jarduera zenbat luzatuko den.

5. Animalien kopuru eta espezieak.

6. Erantzukizun zibileko asegurua, jarduerak irauten duen denborarako.

7. Muntaduren onarpenari eta erregistroari buruzko egiaztagiria, behar den ministerioak luzatua.

8. Instalazio elektrikoen boletina, behin-behineko loturarako.

51. artikulua. Jarduera baimenduen titularrek, jarduera abiarazi baino lehen, ondokoak ekarriko dituzte Herriko Etxera, udal zerbitzuek txostena egin dezaten:

_Teknikari eskudunak emandako ziurtagiria, dagokion lanbide elkargoak ikus-onetsia, instalazioak egoki muntatu direla dioena.

_Kasuan kasuko dokumentazioa (jatorri gida, osasun agiria, animaliaren identifikaziorako txartela, etab.), jardueran dauden animaliei buruzkoa.

Enpresa edo erakunde antolatzaileak urez hornitzeko hartunea eta ura saneamendura husteko bidea izanen ditu, behar bezala jarduteko horren beharra daukaten jardueraren osagai guztietan, eta zuzen beteko ditu asotsei buruzko aginduzko mugak.

Jarduteko baimendutako denboran okupatzen diren muntadura eta/edo guneak garbitzeko zerbitzuak ere ez dira faltako, eta bere jarduna akitutakoan zehatz-mehatz garbitu eta desinfektatu beharko ditu.

I. KAPITULUA

Debekuak

52. artikulua. 1. Debeku da animaliak erabiltzea ikuskizun, borroka, eta bertzelakoetan, horrek sufrimendua edo tratu txarra ekartzen ahal badie.

2. Zezen ikuskizunak espresuki salbuesten dira debeku horretatik.

3. Zakur borrokak, oilar borrokak eta animaliak elkar erasotzea helburu duten bertze guztiak debeku dira.

4. Usakumeei tiro egiteko lehiaketek administrazio baimena beharko dute aurrez, Lurraldearen Antolamendu eta Ingurumen Departamentuak emana.

VI. TITULUA

Etxeko animalien lekualdaketa

53. artikulua. Animaliak lekualdatuko dira bai Epizootien Erregelamenduan bai trafikoari, zirkulazioari eta bide segurtasunari buruzko legeetan ezarritakoari jarraikiz, bai eta alor honetan aplikatzen ahal diren bertze xedapenekin bat ere, nola udal mugapearen barnean hala bertze udalerrietara.

54. artikulua. Lege xedapen baten indarrez edo osasun arrazoi larriengatik, ezin bada baimenik eman animalien garraiorako ibilgailuak Berbintzanako halako toki edo bide jakinetan egoteko edo haietan barna iragateko, udal agintaritzak debekatuko du halako ibilgailuak ibili edo bertan egon daitezen, nola aldi baterako hala modu iraunkorrean.

VII. TITULUA

Arriskugarri gerta daitezkeen animaliak

I. KAPITULUA

Definizioa

55. artikulua. 1. Oro har, arriskugarri gerta daitezkeen animaliak dira, berez basa izanik, etxeko gisa erabiliz, edo lagun egiteko, pertsonei nahiz bertze animalia batzuei lesioak eragin edo heriotza eman diezaieketen espezie edo arrazatakoak, eta ondasunei kalte egiten ahal dietenak, erasokorrak izan ala ez.

2. Etxeko animaliak edo lagun egitekoak ere arriskugarri gerta daitezkeen animaliatzat hartuko dira baldin eta erregelamendu bidez halakotzat hartuak badira (287/2002 ED, martxoaren 22koa), eta bereziki gisa honetako zakurrak: arraza jakin batekoak izanik, beren joera erasokorragatik, tamainagatik edo masailezurren indarragatik, pertsonei nahiz bertze animalia batzuei lesioak eragin edo heriotza emateko eta ondasunei kalte egiteko gai direnak.

3. Arriskugarriak gerta daitezkeen zakurrak dira ondoko arrazetakoak eta beren gurutzatzeak:

_Pit bull terrierra.

_Staffordshire Bull terrierra.

_American staffordshire terrierra.

_Dogo argentinarra.

_Fila brasildarra.

_Tosa inua.

_Akita inua.

_Mallorkako harraparia.

_Kanarietako harraparia.

_Mastin napolitarra.

_Bull mastiffa

_Dobermanna.

_Bordeleko dogoa.

_Ondoko ezaugarrietako guztiak edo gehienak dituztenak: gihar sendoak, itxuraz indartsua, mardula, eite atletikoa, zolitasuna, bizkortasuna eta erresistentzia; aiurri handikoa eta adoretsua; ile motza; 60 eta 80 zentimetroen arteko perimetro torazikoa, 50 eta 70 zentimetroen arteko bizkar-gurutzea eta 20 kilogramotik goitiko pisua; tamaina handiko burua, kuboidea, mardula, garezur zabal eta handia, eta masail gihartsu eta atereak; masailezur handi eta sendoak; aho mardula, zabala eta sakona; lepo zabala, gihartsua eta motza; bular sendoa, zabala, handia eta sakona; saihets makotuak eta bizkar gihartsu eta laburra; aurreko gorputz-adarrak, paraleloak, zuzenak eta mardulak; atzeko gorputz-adarrak, berriz, oso gihartsuak, hanka luze samarrak, angelu txikia marrazten dutenak.

4. Nolanahi den, aurreko lerroaldekoak izan gabe ere, arriskugarriak gerta daitezkeen zakurren artean sartuko dira aiurri erasokor handia dutenak edo pertsonak nahiz bertze animaliak eraso dituztenak. Halakoetan ustezko arriskugarritasun hori agintaritza eskudunak ikusi beharko du, ofizioz edo alderdi batek eskaturik, eta horrela deklaratzen ahalko da animaliak pertsonaren bat edo bertze animaliaren bat erasotzen duen unetik beretik.

5. Edozein espezietakoak izanik, eraso eta defentsarako erakutsi edo heziak izan diren animaliak.

I. KAPITULUA

Lizentziak

56. artikulua. Arriskugarri gerta daitekeen animalia edukitzeko administrazio lizentzia.

1. Arriskugarriak gerta daitezkeen animaliak edukitzeko, hau da, ordenantza honen sailkapenaren arabera halakoak direnak edukitzeko, administrazio lizentzia eskuratu beharko da eta hura berritu, hala behar denean.

2. Lizentzia eskatu beharko da animalia eskuratu baino lehen, aurreko artikuluko 1, 2, 3 eta 5. ataletako kasuetan, eta 4. ataleko kasuan, berriz, 5 eguneko epearen barrenean, animaliak pertsonaren bati eraso egin dionetik hasita.

Eskatzailea bizi den udalerriko Udalaren organo eskudunak emanen du lizentzia, ondoko 3. puntu honetan zehaztutakoak betetzen direla egiaztatu ondotik:

3. Lizentzia eskuratzeko, gutxienez honako baldintza hauek beharko dira:

a) Adinez nagusia izatea.

b) Ez izatea inoiz kondenatua honako delitu hauetakoren batengatik: homizidioa, lesioak, torturak, askatasunaren edo osotasun moralaren aurkakoak, sexu-askatasunaren eta osasun publikoaren aurkakoak, lotura talde armatu batekin edo droga salerosketarekin. Ildo beretik, arriskutsu gerta daitezkeen animaliak edukitzeko eskubideaz gabetua ez egotea epaile baten ebazpenagatik.

c) Arriskugarriak gerta daitezkeen animalien araubide juridikoari buruzko abenduaren 23ko 50/1999 Legearen 13. artikuluko 3. idatz-zatian zehaztu arau-hauste larri edo oso larriengatik zehapen osagarririk jaso ez izana inoiz. Hala ere, lizentzia aldi baterako eteteko zehapena jaso dutenek ez dute eragozpenik izanen lizentzia lortu edo berritzeko, betiere eskaera egiten denerako zehapen hori osorik betea badute.

d) Ahalmen fisiko eta gaitasun psikologikoaren agiria, arriskugarri gerta daitezkeen animaliak edukitzeko. Udal agintaritzak onarturiko erakunden ofizial batek emana beharko du izan.

e) Egiaztatzea erantzukizun zibileko aseguru bat egin izana, animaliek hirugarrenei egiten ahal dizkieten kalteengatik, bederen urtebeteko iraupena eta gutxienez ehun eta laurogei mila (180.000) euroko zenbatekoa duena.

f) Kasuan kasuko ordenantza fiskaletan onartzen den udal tasa ordaintzea.

4. Lizentzia eskatzera beharturik daude arriskugarri gerta daitezkeen animalien jabe edo edukitzaileak, baldin eta haiek salerosi nahiz trebatzeko jarduera Berbintzanan egiten bada.

Era berean, lizentzia hau eskatu beharko dute animalia arriskugarrien jabe edo edukitzaileek, animaliak hiru hilabetez bederen Berbintzanan egon behar badu.

Aipatu jabe edo edukitzaileek betebehar hori izatea alde batera utzirik, edozein herritarrek jakinarazten ahalko dio Berbintzanako Udalari mota honetako animaliak dituzten pertsonak badirela, Berbintzanako Udalak legeen arabera bidezkoak diren urratsak eman ditzan.

5. Lizentziak bortz urteko iraupena izanen du, eta indarrik ez galtzeko beharrezkoa izanen da hura eskuratzeko eskatu ziren betebeharrei kontzea denbora horretan guztian.

Aurrekoa ukatu gabe, Berbintzanako Udalak egiaztatzen ahalko du, ofizioz edo alderdi batek eskaturik, arriskugarri gerta daitekeen animaliaren jabe edo edukitzaileak kontzen ote dien lizentzia eskuratzeko betebeharrei lizentzia horrek indarraduen bitartean.

Hala ere, lizentziak indarra galduko du titularrak eskaturiko baldintzetako edozein betetzen ez duen unetik beretik.

Era berean, lizentziako edozein datu aldatzen bada titularrak hamabortz eguneko epea izenen du, aldaketa hori gertatzen denetik, horren berri emateko lizentzia luzatu zuen udal organo eskudunari.

III. KAPITULUA

Betebeharrak

57. artikulua. Arriskutsu gerta daitezkeen animalien jabe, hazle eta edukitzaileen betebeharrak.

Arriskutsu gerta daitezkeen animalien jabe, hazle eta edukitzaileek honako betebehar hauek dituzte:

a) Arriskutsu gerta daitekeen animalia edukitzeko lizentzia eskuratzea, ordenantza honetan zehazten den epean.

b) Ordenantza honetako 58. artikuluko 2. atalean aipatzen diren lizentzia eskuratzeko baldintzei eustea eta haiek galdu direla jakinaraztea.

c) Erregistroan sartzea arriskugarri gerta daitezkeen animalia guztiak, ordenantza honetan ezartzen den epearen barrenean.

d) Udalari jakinaraztea animaliaren lapurreta edo galera, gertatzen denetik 24 orduko epean, bai eta hura bertze inori laga edo saldu zaiola ere, edo hil egin dela, hamabortz eguneko epean, identifikaziorako datuak emanda.

e) Animalia eskuratzeko unean, betze jabe baten izenean zentsaturik baldin badago, jabe berriak, eskuratu aurretik, arriskutsu gerta daitezkeen animaliak edukitzeko lizentziaren jabe izan beharko du, eta Udalari jakinarazi beharko dio, eskuratzen duenetik hasi eta bortz eguneko epean, gehienez ere, animaliaren jabe aldaketa gertatu dela.

f) Erregistroko datuetan gertatzen den bertze edozein aldaketa ere jakinarazi beharko da, gehienez ere hamabortz eguneko epean.

g) Animalia zikiratu edo antzutu dela jakinarazi beharko dute, hala jabeak eskaturik gertatzen denean nola administrazio nahiz epaitegiko agintariaren ebazpen edo aginduaren ondorioz egiten bada.

h) Arriskugarri gerta daitezkeen animalien erregistroan aurkeztu beharko dituzte, urtea amaitu baino lehen, albaitariaren urteroko azterketa egiaztatzen duen agiria eta mota honetako animaliak edukitzeak dakartzan arriskuetatik babesteko formalizatzen den aseguruaren nahiz erantzukizun zibileko sariaren kopia.

i) Arriskugarri gerta daitekeen animalia bat Berbintzanara ekartzen bada, mugarik gabe edo hiru hilabetetik goitiko denbora baterako, jabea beharturik egonen da arriskugarri gerta daitezkeen animalien erregistroan sartzera.

j) Animaliaren egonaldia hiru hilabetetik beheitikoa bada, edukitzaileak egiaztatu beharko du bere ohiko bizilekuan betetzen duela arriskutsu gerta daitezkeen animalien gaineko araudia, eta higiene nahiz osasunerako eta hiritarren segurtasunerako neurriak hartu beharko ditu.

k) Animaliak finka, landetxe, txalet, lurzati, terraza, patio eta edozein toki mugatutan daudenenean, katez edo lotzeko bertze zernahi tramankuluz egonen dira lotuak, kanpora ateratzeko edo kanpokoa eskueran izateko modurik izan ez dezaten.

l) Oro har, animaliak edukitzeari buruz bete behar diren obligazio guztiak kunplitu beharko ditu.

Betebehar horietarako epea kasu bakoitzean zehaztuko da, eta, eperik zehazten ez bada, hamabortz egunekoa izanen da.

IV. KAPITULUA

Identifikazioa eta erregistroa

58. artikulua. Ordenantza honek araututako animalien jabe, hazle eta edukitzaileek ondotik erraten den bezala identifikatu eta erregistratu beharko dituzte animaliak.

Zakurrendako beharrezkoa da identifikazioa. Ez dago salbuespenik eta identifikazioak berme egokia beharko du izan.

Arriskugarri gerta daitezkeen animalien jabeek, Erregistroan sartu nahi badituzte, Udalari jakinarazi beharko dizkiote honako datu hauek:

a) Animaliaren espeziea.

b) Animaliaren identifikaziorako zenbakia, hala behar badu.

c) Arraza. Gurutzatu ondoko lehenbiziko belaunaldikoa bada, jatorriko arrazak aipatuko dira.

d) Sexua.

e) Erreseina edo erreseina erdia.

f) Jaioteguna.

g) Animaliaren ohiko bizilekua, zehazturik gizakiekin batera edo bertzela biziko ote den, alegia, zaintza, babes edo aipatzen den halako bertze xede baterako den.

h) Jabearen izena, helbidea eta NANa.

i) Animaliaren haztegiaren edo sorlekuaren datuak.

j) Albaitari kolegiatu baten urteroko azterketak, zeinetan egiaztatuko baita animalia osasunez nola dagoen, bereziki arriskutsu bihurtuko duen eritasun edo nahasterik ez duela, ez eta borroketan nahiz bertzelako jarduera debekatuetan erabilia izatearen ondoriozko lesio edo orbainik ere.

k) Hezi duten zentroko datuak, halakorik bada.

l) Eraso kasuak.

Datu horiek denak erregistroan sartuko dira eta aldaketarik gertatzen bada, jabeak horren berri eman beharko du, erregistroan sartu behar den aldaketa gertatu ondoko hamabortz eguneko epean, eraso kasuetan izan ezik, halakoetan berehala jakinarazi behar baita.

59. artikulua. Animalia arriskugarriak erregistratzeko liburua.

Albaitaritzako klinika, kontsultategi eta ospitaleek erregistro liburu bat eduki beharko dute, zeinetan paratu beharko baitituzte 60. artikuluko a, b, c, d, e, f, g eta h puntuetan aipatzen diren datuak, arriskugarri gerta daitekeen animaliak udal erregistroan duen zenbakiarekin batera.

V. KAPITULUA

Debekuak

60. artikulua. Abenduaren 24ko 50/1999 Legean aipatzen direnez gainera, honako hauek ere debekaturik daude:

1. Arriskugarritzat hartzen den animalia muturrekorik gabe ibiltzea eremu publikoan edo lizentziarik gabeko lagun batek daramala.

2. Uztea, esku hartuz edo esku ez hartzeagatik, arriskugarri gerta daitekeen animaliak eraso egin diezaien pertsonei edo bertze animalia batzuei, edota kalte, bestela, edozein ondasuni, hala eremu publikoan nola leku pribatuetan, erasoaren unean edo aurretik halakorik ez gertatzeko behar diren neurriak hartu gabe.

3. Arriskugarria gerta daitekeen animalia bi metrotik gorako kate edo uhalarekin lotu gabe eramatea.

4. Lagun bakarrak arriskugarria gerta daitekeen zakur bat baino gehiago eramatea.

VI. KAPITULUA

Datu pertsonalen babesa.

61. artikulua. Datu pertsonalei buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan xedatutakoaren arabera, aditzera ematen da:

Ordenantza honek indarra hartzen duenean, datu pertsonalen fitxategi bat izanen dela, arriskutsu gerta daitezkeen animalien jabeak edo edukitzaileak erregistratzeko.

Fitxategia eginen da Berbintzanako Udalak bete ditzan 50/1999 Legeak Udalei ematen dizkien obligazioak. Fitxategia Berbintzanako Udalak bakarrik erabiltzen ahalko du.

Ordenantza honetan aipatzen diren datu pertsonalak ematea nahitaezko betebeharra da.

Ordenantza honetan aipatzen diren datu pertsonalak ematen dituen pertsonak onartzen du haiek erabil daitezen artikulu honetan zehazten den xedearekin.

Datu pertsonalak emateari uko eginez gero, artxibatu eginen da lizentzia espedientea.

Artxiboan erregistraturik dauden pertsonek aukera izanen dute sartu, zuzendu, deuseztu eta kontra egiteko eskubideak erabiltzeko.

Datuak deuseztatzeko eskabidea aurkeztuz gero, galdu eginen da animalia arriskutsua edukitzeko lizentziari eusteko eskubidea.

Udalak behar den dekretuaren bidez zehaztuko du nor izanen den datu pertsonal horiek tratatzeko arduraduna.

VIII. TITULUA

Animalien babesa

KAPITULU BAKARRA

Debekuak

62. artikulua. 1. Animalia bat daukanak baldintza egokietan eduki behar du higiene eta osasunaren aldetik, eta nahitaezko deklaratzen den edozein tratamendu prebentibo eginen du.

2. Debeku da:

a) Tratu txarrik ematea edo justifikatu gabeko kalte edo oinazerik eragin diezaiekeen edozein gauza egitea.

b) Kontsumorako edo pertsonendako produkturen bat erdiesteko animaliak hiltzen direlarik, ankerkeria erabiltzea edo justifikaziorik gabe oinazea ekartzen dieten metodo orokorrak erabiltzea, Animalien babesari buruzko maiatzaren 31ko 7/1994 Foru Legeak agindutakoen kontra.

c) Abandonatzea.

d) Higiene edo osasun baldintza eskasak dituzten muntaduretan edukitzea, edo desegokiak direnetan bakoitzak bere arraza eta espeziearen ariora dituen premia etologikoek behar dituzten zainketa eta arta izateko.

e) Mutilazioak egitea, salbu beharragatik edo funtzionaltasunagatik albaitarien kontrolpean egiten direnak.

f) Normal hazteko behar duten mantenua ez ematea.

g) Animaliak erabiltzea sari, publizitateko deigarri edo esker-saritako, edo ordaineko opari gisa diru bidez eskuratzearekin ikustekorik ez duten bertzelako erosketen truke.

h) Animaliak saltzea edo ematea laboratorio edo klinikei, indarra duten arauek agindutako bermeak bete gabe.

i) Hamalau urtez beheitikoei eta ezinduei saltzea, guraso-agintea edo zaintza dutenen baimenik gabe.

j) j) Lagun egiteko animaliak edo bertzelakoak kalez kale saltzea, behar bezala baimendutako merkatu eta ferietatik kanpora.

k) Alferrikako sufrimendu edo kaltea eragin diezaieketen gaiak ematea.

l) Zakurrak beti loturik edukitzea.

m) Animalien Babesari buruzko maiatzaren 31ko 7/1984 Foru Legeak arau-hauste administratibotzat dauzkan egin eta ez-eginetan erortzea.

n) Animaliak herri bestetan erabiltzea, salbu eta zezen ikuskizunei buruz indarra duten arauek xedatzen dutena, edo Nafarroan animaliekin egiten diren herri ikuskizunek tradizioz izan dituzten baldintzez bertzela erabiltzea.

3. Animaliak giza kontsumorako hiltzen direnean, istant batez eta oinazerik gabe eginen da, erregelamendu bidez finkatzen den gisan.

IX. TITULUA

Arau-hausteak eta zehapenak

I. KAPITULUA

Motak

63. artikulua. 1. Ordenantza honi dagokionez, lege hausteak arinak, larriak eta oso larriak izan daitezke.

2. Hauek dira arau-hauste arinak:

a) Lagun egiteko animalia bat erroldatu gabe edukitzea 7/1994 Foru Legearen 10. artikuluan agindutakoaren kontra.

b) 7/1994 Foru Legeak agintzen dituen artxibo edo erregistroak ez eramatea, edo osatu gabe eta eguneratu gabe eramatea.

c) Lagun egiteko animaliak 14 urtez beherakoei edo ezinduei eskualdatzea, guraso-agintea, babesa edo zaintza dutenen baimenik gabe.

d) Lagun egiteko animalia bat oparitzea ordenantza honek edo, bertzela, 7/1994 Foru Legeak xedatzen duenaren kontra.

e) Animaliak garraiatzea ordenantza honetako 14. artikuluko arauak bete gabe.

f) Animalien identifikazioari buruzko araudia ez betetzea edo identifikaziorik ez izatea.

g) Albaitariaren kontrolik gabe txertatzea.

h) Zakurrak hiriko eremu publikoetan kate edo uhalik gabe eramatea.

i) Lagun egiteko animalien gorozkiak bildu gabe uztea eremu publikoan.

j) Hiriko kaleetan basa-espezieekin ibiltzea, etxekotuak badira ere.

k) Bidaiarien garraio publikorako zerbitzuetan animaliekin bidaiatzea, horretarako eremu berezirik ez badute.

l) Ikastetxe, igerileku, ospitale eta eraikin publikoetan animaliekin sartzea.

m) Noizbait erasoak eginak dituzten zakurrak muturrekorik gabe eramatea.

n) Ordenantza honetako 35. artikuluan ezarritako eginbeharra ez betetzea.

ñ) Behar bezainbat baliabiderik ez jartzea animalia etxetik edo etxebizitzatik arduradunik gabe atera dadin eragozteko.

o) Ordenantza honetako edozein xedapen ez betetzea, larriak edo oso larriak direnak izan ezik.

p) 50/1999 Legearen 13.4 artikulua ez betetzea, arriskugarri gerta daitezkeen animaliei buruzkoa baita artikulu hori.

q) Animaliaren jabea, administrazio-zehapenaren erantzulea identifikatzeko behar bezala eskatu eta hala egiten ez badu.

3. Hauek dira arau-hauste larriak:

a) Animaliak behar den mantenurik gabe edukitzea.

b) Animaliak behar bezalako higiene eta osasun baldintzarik ez duten instalazioetan edukitzea, edo higiene-osasun baldintza txarretan.

c) Animaliak zikiratzea, mutilatzea eta hiltzea inongo albaitariren kontrolik gabe edo 7/1994 Foru Legean finkatutako baldintza eta betebeharren kontra.

d) Animaliak ez txertatzea edo osasun agintariek nahitaezkotzat deklaratu dituzten tratamenduak ez ematea.

e) Lagun egiteko animaliak denbora batez edukitzeko muntaduren gainean 7/1994 Foru Legearen II. tituluko III. kapituluan finkatu diren baldintza eta eginbeharrak ez betetzea.

f) Indarra duen araudiaren kontra, animaliak saltzea.

g) Usakumeei tiro egiteko saioak antolatzea, edo jarduera hori praktikatzea, aurrez administrazioaren baimenik izan gabe edo haren zehaztapenen kontra.

h) Zinema nahiz telebistarako animaliekin eszenak filmatzea, baldin ankerkeria, tratu txarrak edo sufrimendua ekartzen badiete, administrazioaren aldez aurreko baimenik izan gabe.

i) Animaliak laborategi edo kliniketara eramatea, indarra duen araudiko baldintzak bete gabe.

j) Egoitza pribatuetan 7/1994 Foru Legeak eskatzen dituen albaitari zerbitzuak ez izatea.

k) Animalia bizkarroidunak edo erituak saltzea, edo gaitzik ez dutela ziurtatzeko albaitari agiririk gabe.

l) Osasun zerbitzu ofizialei aditzera ez ematea nahitaez deklaratu beharreko gaitzak.

m) Elikagaiak egin, erabili edo biltegiratzen diren tokietan animaliekin sartzea.

n) Behin eta berriz enbarazu edo gogait egitea.

o) 50/1999 Legearen 13.2 artikuluan ezarritako arau-hausteak, arriskugarri gerta daitezkeen animaliei buruzkoa baita artikulu hori.

4. Hauek dira arau-hauste oso larriak:

a) 7/1994 Foru Legearen 4. artikuluan xedatzen denaren kontrako jarduerak antolatu eta egitea, baita haien publizitatea ere.

b) Animalien kontra ankerkeria, tratu txarra eta eraso fisikoak erabiltzea.

c) Animalia abandonatzea, bizirik nahiz hilik.

d) Alferrikako sufrimendua edo kaltea eragin diezaieketen gaiak ematea.

e) Zakurrak beti loturik edukitzea.

f) Arriskugarritzat hartzen den animalia muturrekorik gabe ibiltzea eremu publikoan edo lizentziarik gabeko lagun batek daramala.

g) Uztea, esku hartuz edo esku ez hartzeagatik, arriskugarri gerta daitekeen animaliak eraso egin diezaien pertsonei edo bertze animalia batzuei, edota kalte, bertzenaz, edozein ondasuni, hala eremu publikoan nola leku pribatuetan, erasoaren unean edo aurretik halakorik ez gertatzeko behar diren neurriak hartu gabe.

h) Arriskugarritzat har daitekeen animaliaren bat eramatea 2 metroko katerik gabe dela eremu publikoan dela ordenantza honetan baimendutako guneetatik at.

i) 50/1999 Legearen 13.1 artikuluan ezarritako arau-hausteak, arriskugarri gerta daitezkeen animaliei buruzkoa baita artikulu hori.

I. KAPITULUA

Zehapenak

64. artikulua. 1. Arau-hauste arinek 60tik 150 eurora bitarteko isunak izanen dituzte zehapen; larriek 151tik 600 eurora bitartekoak, eta oso larriek 601etik 3.000 eurora bitartekoak.

50/1999 Legearen 13.5 artikuluan ezarritakoari lotuko zaio, arriskugarri gerta daitezkeen animaliei buruzko zehapenetarako.

2. Zehapenak ezartzerakoan honako irizpideak hartuko dira kontuan, isunen zenbatekoa graduatzeko eta zehapen osagarriak ezartzeko:

a) Egindako arau-hausteak gizartean zer eragin izan eta zer kalte egin duen.

b) Irabazteko asmo bidegabekorik izan den eta arau-haustean zer etekin atera den.

c) Ankerkeriarik izan den animaliarekin.

d) Arau-hausteak errepikatu edo horietan berrerori ote den.

Berriz ere araua hautsi dela ulertuko da, baldin eta animaliari edo animaliaren edukitzaileari zehapena ezarri bazaio bi aldiz gutxienez, animaliak edukitzeari buruzko araudia hausteagatik.

Zehapena mailarik gorenean ezarriko da urtebete natural berean arau-haustea berriz gertatzen bada.

III. KAPITULUA

Prozedura

65. artikulua. 1. Ordenantza honek aurreikusten dituen arau-hausteei zehapenak ezartzeko, erregelamendu bidez arauturik dagoen zehapen prozedurari segitu beharko zaio.

2. Ordenantza honetan aurreikusitako arau-hausteen gaineko zehapen espedienteak irekitzeko ahalmena Udalbatzako idazkariari dagokio, edo alkateak ebazpen bidez izendatzen duen zinegotzi, udaltzain edo aholkulariari.

Ebazteko ahalmena alkateari dagokio.

IV. KAPITULUA

Bertzelako zehaztapenak eta dekomisatzea

66. artikulua. 1. Animaliaren jabeak, behar bezala hala agintzen zaionean, identifikatu behar du animalia nork zeukan eta beraz nor den arau-hauste administratiboen erantzulea, eta prozedurako tramitean arrazoi justifikaturik gabe hala egiten ez badu, diru isuna ezarriko zaio hutsegite arin batengatik, gero ordaindu behar dituzkeen kalte-ordainak deusetan ukatu gabe.

2. Ordenantza honek aurreikusten dituen zehapenetako edozein ezartzeak ez du erantzukizun zibila galarazten, ez eta zehatuak kalte-galerengatik pagatu behar dituzkeen ordainak ere.

3. Animalia bati tratu txarrak emateagatik arau-haustea egin duten guztiak desgaituak izanen dira aurrerantzean animaliak edukitzeko. Desgaikuntza denbora batekoa izan daiteke, urtebetekoa alegia, nahiz iraunkorra, arau-haustea ere nolakoa den, larria edo oso larria, eta kontuan hartuta animaliari egin zaion kaltean zenbateraino egin den ankerkeriaz edo nahita.

67. artikulua. 1. Isuna ezartzeak arau-hausteko animaliak dekomisatzea ekartzen ahal du, eta betiere arau-haustean erabili diren harrapagailuak edo ehiza tresnak dekomisatzea.

2. Lege hauste oso larriak egiteak ekar dezake, hala behartzen denean, lege haustean erantzule izandako egoitza, lokal edo muntadurak ixtea.

68. artikulua. 1. Bere agenteen bitartez, Udalak zilegi izanen du babestu beharreko animaliak dekomisatzea, baldin arrazoizko zantzurik bada ordenantza honetako xedapenak hautsi direla.

2. Dekomisatzea badaezpada eginen da, dagokion zehapen espedientea ebatzi arte; ebazpena ikusirik, animalia jabeari bihurtuko zaio, edo Udalaren jabetzara pasako, eta hark zilegi izanen du erakunde zoologiko-zientifikoei ematea, animaliak sendatzeko zentroetara eramatea edo bere ingurune naturalean askatzea.

3. Dekomisatutako animaliak luzaz edukitzea arriskutsua bada beren bizirako eta berehala askatu beharra baldin bada, udal zerbitzuek askatu beharko dute haren inguru naturalean eta lekukoen aitzinean.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehena._Ordenantza honetako manuak betetzen ez badira, agintaritzako agenteek salaketa jarriko dute.

Bigarrena._Lakiolariak, ondorio guztietarako, agintaritzako agenteen pareko izanen dira lanean dihardutelarik.

XEDAPEN IRAGANKORRAK

Lehena._Ordenantza honen IV. eta V. tituluak arautzen dituzten jardueren titularrek urtebeteko epea izanen dute, honako hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen den egunetik aitzina, arau honetan ezarritakoari egokitzeko.

Bigarrena._Arriskugarri gerta daitekeen animalia bat lehendik dutenek sei hilabeteko epea izanen dute, ordenantza honen VII. tituluak indarra hartzen duenetik, aipatzen diren baldintzak bete eta dagokien lizentzia eskuratzeko.

AZKEN XEDAPENAK

Lehena._Ordenantza honetan aurreikusten ez den orotan ondoko arauetan xedatutakoari lotuko zaio: Toki Administrazioari buruzko Foru Legea; Ingurumena Babesteko Jarduera Sailkatuen Kontrolari buruzko abenduaren 5eko 4/2005 Foru Legea; Animaliak babesteari buruzko maiatzaren 31ko 7/1994 Foru Legea; Itsuendako gidazakurrak arautzen dituen apirilaren 4ko 7/1995 Foru Legea; Arriskugarri gerta daitezkeen animaliak edukitzeko araubide juridikoari buruzko abenduaren 23ko 50/1999 Legea; martxoaren 22ko 287/2002 Errege Dekretua, 50/1999 Legea garatzen baitu; eta animalien osasunari, ingurumenari eta animalien ekoizpenari buruzko xedapen orokorrak nahiz aplikagarriak diren gainerako guztiak.

Bigarrena._Ordenantza honek ez du atzeraeragineko ondoriorik.

Hirugarrena._Ordenantza honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iragarkiaren kodea: L0705848