60. ALDIZKARIA - 2007ko maiatzaren 14a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

BEINTZA-LABAIEN

Beintza-Labaiengo mendiko pista eta bideak arautzen dituen ordenantza. Behin betiko onespena

Beintza-Labaiengo Udalak, 2006ko azaroaren 17an egin bilkura arruntean, hasiera batean onetsi zuen Beintza-Labaiengo mendiko pista eta bideak arautzen dituen ordenantza. Espedientea jendaurrean egon da hogeita hamar egunean, iragarkia, abenduaren 18an, 2006ko 151. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean eta Herriko Etxeko ediktuen oholean argitaratu ondotik, herritarrek edo interesatuek espedientea aztertu eta egokiak iruditzen zitzaizkien erreklamazioak egin zitzaten.

Jendaurrean egoteko aldia inork alegaziorik egin gabe iraganik, behin betikoz onetsirik gelditu da ondotik ematen den testua:

BEINTZA-LABAIENGO MENDIKO PISTA ETA BIDEEN ERABILERA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA

Beintza-Labaiengo udal mugapean pista eta bide publikoak gero eta gehiago erabiltzen baitira, beharrezkoa da haien erabilera arautzea. Xedeak hiru dira: Beintza-Labaiengo natur ondarea zaintzea, erabiltzaile guztiek eta bereziki herritarrek modu orekatuan erabiltzea eta erabiltzeko egoera onean mantentzea.

Helburua horixe dela, Beintza-Labaiengo Udalak ordenantza hau onetsi du:

1. artikulua. Ordenantzaren xedea.

Ordenantza honek, indarra duen araudiarekin bat, Beintza-Labaiengo udal mugapeko mendiko bide eta pisten sarearen erabilera arautzen du.

2. artikulua. Mendiko bide eta pisten kategoriak.

Erabilera nagusia zein duten, Beintza-Labaiengo bide eta pistak kategoria hauetan sailkatzen dira:

2.1. 2 metro zabal edo gehiago duten bideak.

a) Auzoetako bideak, gehienbat herritar talde batek batera erabiltzen ditu, beren etxeetara edo beren nekazaritzako, abeltzaintzako eta/edo oihangintzako ustiapenetara joateko.

b) Bordetako sarbideak, gehienetan aitzineko horien adar izaten direnak, herritar batek edo guti batzuek bordetan eta haien inguruko ustiategietan sartzeko erabiltzen dutenak.

c) Pista nagusiak, normalean hermendiaren gainean mugarrien lerrotik kanpora egoten direnak, eta erabiltzen direnak mendi alde handietara ailegatzeko nahiz inguruko herriekin komunikatzeko. Gauza bat baino gehiagotarako erabiltzen dira: oihangintza, abeltzaintza, turismoa, ehiza.

d) Bigarren mailako pistak, hermendian izaten dira eta sare nagusiaren osagarri dira, eta mendi, oihan berri, belai eta bertze zenbait tokitara ailegatzeko aukera ematen dute.

e) Egurra ateratzeko adarrak eta bideak, sareko egitura meheena osatzen dute; gehienetan helburu bakarra dute, gehienetan zura ateratzea edo norbanakoen lurzatietan sartzea. Aunitzetan noizean behin baizik ez dira erabiltzen, eta denbora luzez ez dira ibilgailuak sartzekoak.

2.2. 2 metro zabal baino gutiagoko bide meharrak.

a) Bideak, orgabide zaharrak eta bidexkak, erabilera eta eginkizun bat baino gehiago dutenak, lasterbideak eta turismorako bidexkak barne.

3. artikulua. Kontserbazioa.

Beintza-Labaiengo Udalak zainduko du 2.1.a), b), c) eta d) ataletan zehazten diren mendiko bide publikoak beti egon daitezen erabiltzeko maneran. Horretaz gain, behar diren neurriak hartuko ditu gal ez daitezen interesgarritzat jotzen diren bertzelako bideak (bertzeen adar direnak, bidexkak).

4. artikulua. Ibilgailu motordunetan ibiltzeko debeku orokorra.

Debeku da pistetatik kanpora mendian barna ibilgailu motordunetan ibiltzea, baita 2 metro zabal baino estuago diren pistetan barna ere, non ez diren nekazaritzarekin, abeltzaintzarekin, oihangintzarekin edo behar bezala baimendutako bertzelako jarduerekin ikusteko duten ibilgailuak. Debeku da, baita ere, ibilgailua aparkatzea pistetatik eta behar bezala seinalatutako tokietatik kanpora.

5. artikulua. Auzoetako bideetan eta bordetako sarbideetan ibiltzeko baimen orokorra.

Sailkapeneko lehenbiziko bi pistetan (auzoetako pistak eta bordetako sarbideak), baimentzen da motozikletak eta 10 tonatik beheitiko pisua duten ibilgailu motordunak ibiltzea.

Hala ere, 10 tonatik goitiko pisua duten ibilgailuak ere ibiltzen ahalko dira, Udalak baimena ematen badu, behar bezala seinalatutako lekuetan izan ezik.

6. artikulua. Pistetan ibiltzeko debekua.

Beintza-Labaiengo mendietako pista nagusietan, bigarren mailakoetan, haien adarretan eta egur-bideetan debeku da ibilgailu motordunak ibiltzea baimenik gabe, bai erabilera partikularrekoak bai nekazaritzako, abeltzaintzako, oihangintzako edo bertzelako jarduera baimenduekin ikusteko dutenak.

7. artikulua. Baimena emateko eskumena.

Alkateak emanen du Beintza-Labaiengo pistetan barna ibiltzeko baimena. Beintza-Labaiengo bizilagunek eta beren ibilgailuak erabiltzeko beharra egiaztatzen duten bertze pertsona batzuek eskatzen ahalko dute, betiere Udalak ezartzen dituen irizpideei jarraikiz.

Baimenak izaten ahal dira bide orotarako eta urtebeterako edo denbora tarte baterako eta tarte jakin batzuetan ibiltzeko.

8. artikulua. 10 tona baino gehiagorako ibilgailuetarako baimena.

10 tonatik goitiko ibilgailu guztiek baimena beharko dute Beintza-Labaiengo mendiko bide eta pista publiko guztietan barna ibiltzeko.

Ibilgailu horiei lizentzia emateko, fidantza baten gordailua egin beharko da betiere; kontserbazioak zer arrisku duen, horrenbertzekoa izanen da haren zenbatekoa. Fidantzaren gordailua egiteko hamabortz eguneko epea egonen da onartzen denetik; hala egiten ez bada, bertan behera geldituko da.

Fidantza eratzeak ez du lizentziaren titularra libre utziko bere gain hartzetik bideetan eragin ditzakeen kalteak, konponketaren kostua haren zenbatekoa baino gehiago bada.

Udalburuak emanen du baimen hori.

9. artikulua. Zur aprobetxamenduen ustiapena eta garraioa.

Zur aprobetxamendu publikoen kasuan, erabili beharreko ibilgailu bakoitzari emanen zaio, aitzineko artikuluetan adierazitako baldintzetan, haien tona kopuruaren ariora eta ustiapena egiteko behar den denboran.

En el caso de aprovechamientos de madera de montes privados se concederá autorización según lo descrito para los aprovechamientos públicos.

10. artikulua. Zerbitzu publikoak.

Ordenantza honen debekuetatik salbuesten dira erakunde eta ente publikoen ibilgailuen ibilia beren egitekoan ari direnean, hala nola polizia, suhiltzaile, mendizain eta abarrena.

Inguruabar berezietan, eskaera arrazoitua aitzinetik eginda eta kasu zehatzetarako, aitzineko lerrokadan aipatu ez bezalako egoerak ere hartzen ahalko dira kontuan.

11. artikulua. Ibiltzeko gehieneko abiadura.

Beintza-Labaiengo mendiko pista guztietan gehieneko abiadura 20 kilometro orduko izanen da.

12. artikulua. Pisten egoerari eta inguruabarrei dagokien abiadura.

Istripurako arriskuak apaltzeko, eta oinezko, txirrindulari eta animaliei trabarik ez egiteko, gidariek beren abiadura egokitu beharko dute, maldetan eta toki arriskutsuetan behar adina mantsotuz, baita aziendak hurbil dabiltzanean eta oinezkoak agertzean ere, edo denbora idorra denean, pistetan hautsa pilatzen baita.

13. artikulua. Jarduera debekatuak.

Espresuki debekaturik gelditzen dira lehiaketak eta lasterketak, bai eta paseoan dabiltzanentzat, txirrindularientzat, etxeko animalientzat eta basa-faunarentzat arriskugarri gerta daitezkeen gidatzeko manera muturreko guztiak. Salbuespen gisa, Udalak baimena ematen ahalko du taldean antolatzen diren ibilgailu motordunen lehiaketa ofizialak eta jarduera turistikoak egiteko.

14. artikulua. Erabiltzaileen erantzukizuna.

Erabiltzaileek beren gain izanen dute ordenantza honetan aipatzen diren arauak ez betetzeagatik pistetan egiten dituzten kalteen erantzukizuna.

15. artikulua. Arau-hausteak.

Ordenantza honetan ezarritakoa urratzea arau-haustetzat joko da.

16. artikulua. Zehapenak.

Arau-hausteek isuna izanen dute zehapen; hura 300,51 euro izanen da gehienez ere, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legeko 52. artikuluan ezarritakoaren arabera.

Nork bere borondatez ordaintzen ez badu, premiamendu bidez eginen da isunen dirubilketa.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Argitara ematen da, orok jakin dezan.

Beintza-Labaienen, 2007ko martxoaren 26an._Alkatea, Francisco Javier Otxandorena Juanotena.

Iragarkiaren kodea: L0705329