60. ALDIZKARIA - 2007ko maiatzaren 14a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

106/2007 EBAZPENA, martxoaren 22koa, Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuko zuzendari nagusiak emana. Honen bidez Ingurumen ukipenetarako baimena ematen da eguzki-parke fotovoltaikoa ezartzeko. 487,5 Mwkoa izanen da, 13 eguzki-jarraitzaileko 5 planta izanen ditu eta Cárcarko 4. poligonoko 777. lurzatian ezarriko da, aurkeztutako Ingurumen ukipenei buruzko azterlanarekin bat. Zabaitsu, S.L.k sustatu du.

2006ko azaroaren 7an Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuan sartu zen goian aipatutako espedienteari dagokion ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera.

Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legean, 28. artikuluan, ezarririk dago Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak ebazpen arrazoitua emango duela ingurumen ukipenetarako baimena eman ala ukatzeko, eskaria aurkezten denetik lau hilabeteko epean.

Aurretik aipatutako martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legeak, Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzkoak, 25.2 artikuluan ezarri du Ingurumen ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jarduerena jasoko duela, hirigintzako legeriarekin bat hala eskatu behar den kasuetan.

Azaroaren 30eko 366/2006 ebazpen bidez espedientea jendaurrean jarri zen. Ebazpen hori 2007ko urtarrilaren 1ean argitaratu zen, 1. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean.

Jendaurreko aldian Gurelur elkarteak aurkeztutako alegazio bat jaso zen. Hartan zioen Ingurumen ukipenei buruzko azterlana eskasa dela. Bestalde, bere esanetan, perimetroa ixteko hesiak 4,5 hektarea erabiltzea eragozten dio faunari. Gainera, proposatutako tokia 150 metrora dago Lámpara-Santa Cruz izeneko estepako hegaztientzako intereseko eremutik, eta seguru aski hegazti horiek uneren batean leku hori erabiliko dute.

Proiektua landan aztertuta eta estepako hegaztiei buruz dagoen informazioa kontuan harturik, departamentu honek uste du Ingurumen ukipenei buruzko azterlanaren ondorioak egokiak direla, eta proiektuak ez dituela espezie horiek esanguratsuki ukituko. Gainera, aipatu behar da faunak perimetroaren itxitura zeharkatu ahal izatea bermatzen dela.

Ikusirik Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuaren eta Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuaren txostenak, eta Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak irailaren 27ko 537/2005 Foru Aginduaren bidez eman dizkidan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea eguzki-parke fotovoltaikoa ezartzeko. 487,5 Mwkoa izanen da, 13 eguzki-jarraitzaileko 5 planta izanen ditu eta Cárcarko 4. poligonoko 777. lurzatian ezarriko da, Zabaitsu, S.L.k sustatuta. Betiere, aurkeztu den Ingurumen ukipenei buruzko azterlanean biltzen diren neurri zuzentzaile guztiak eta ondorengo baldintzak bete beharko dira:

_Panelak kokatu eta antolatzean kontu handiz ibiliko da inguruko paisaiarekin, nola ikusiko den kontuan hartuz, hartara ahalik eta hobekien egokitzeko.

_Hesiak hiru metroko bide-zorra utzi beharko du inguruan dituen bide publiko guztiekin.

_Egin nahi diren jarduerek ukitu ditzaketen edo obren trabagarri izan daitezkeen azpiegitura eta bide-zorrei dagokienez, enpresa sustatzaileak, obrak gauzatzen hasi baino lehen, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik.

_Gainera, bertako landareekin pantaila bat egin beharko da, eguzki sorgailuak izanen diren lurren perimetroan, eguzki plantak eremu horretan ekarriko duen begi-inpaktua ahalik eta gehien murrizteko.

_Gainera, parkea funtzionamenduan den lehenbiziko hiru urteetan txosten bat aurkeztuko da urtero, eta hartan jasoko dira Ingurumen ukipenei buruzko azterlaneko ingurumena zaintzeko programan egindako segimenduaren emaitzak.

2. Proiektuaren Ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko ezinbestekoa da 18.000 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu horiek konpondu edo murriztuko direla bermatzeko, Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko Foru Legearen 69. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

3. Ebazpen honek ez du administrazio bidea agortzen eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, horren kontra gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunean hasiko dira kontatzen.

4. Ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

5. Ebazpen hau igortzea Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuari, Ingurumen Zaintzari, Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, Cárcarko Udalari eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2007ko martxoaren 22an._Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Iragarkiaren kodea: F0705147